Euren borrokaren buruzagiak

Euren borrokaren buruzagiak

SOS Arrazakeriak Iruñean antolatutako mahai inguru batean, Maria Juncay, Lamine Bathilly eta Youssef Ouled ekintzaile antirrazistek hitza hartu dute egiturazko arrazakeriaren aurka. Arrazakeria instituzionala kolonialismoarekin lotu dute, eta subjektu politikotzat aldarrikatu dute euren burua.

Edurne Elizondo

Nafarroako SOS Arrazakeria erakundeak 30 urte bete ditu, eta data hori baliatu du Maria Juncay, Lamine Bathilly eta Youssef Ouled ekintzaile antirrazistekin mahai inguru bat antolatzeko, Iruñean. Autokritikaren bidetik, gogoeta prozesu batean murgilduak dira SOS Arrazakeriako kideak. Europa pribilegiodun bat ondorio duen kolonialismoarekin lotu dute arrazakeriaren aurkako borroka, eta pertsona arrazializatuak, migratzaileak eta ijitoak jo dituzte mugimendu horren subjektu politikotzat eta buruzagitzat. “Orain kontua da denon artean garatu behar ditugun konplizitateak zehaztea, denen artean egungo sistema patriarkal, kapitalista, arrazista eta kolonialari aurre egiteko”, azaldu du Nafarroako SOS Arrazakeriako kide Javier Indurainek.

Emakume Migratu Ferministak kolektiboko Maria Juncay.

Cecilia Themmek gidatutako saioan, Juncay, Bathilly eta Ouled ekintzaileek agerian utzi dute, euren diskurtsoen bidez, arrazakeriaren aurkako borrokaren subjektu politikoa direla, eta dagokien ardura hartzeko prest direla; euren burua antolatu, eta lanean ari dira egiturazkoa den arrazakeria agerian uzteko. Bathilly, adibidez, Bartzelonako kale saltzaileen sindikatuko kidea da; Juncay, berriz, Emakume Migratu Feministak kolektiboan ari da, Bilbon. Juncayk SINA kooperatiba jarri du martxan, gainera, bertze zenbait kiderekin batera; zaintzaren esparruan ari diren berrehun emakume migratzailek osatzen dute.

Kargu hartzeko zilegitasuna

“Ez dezala inork gure izenean hitz egin; gu gara arrazakeriaren aurkako borrokaren jabe; erabateko zilegitasuna dugu zuei kargu hartzeko. Ez dezala hitz egin etxeko lanari buruz kontratu mugagabe bat duen pertsona batek, bere eserlekutik. Egin gogoeta zuen pribilegioei buruz, eta babestu gure borrokak”. Juncayk irmo salatu du etxeko langileen egoera “esklabotzaren parekoa” dela: “Honat etorri, eta hutsaren hurrengotzat hartzen gaituzue. Astean zazpi egunez eta egunean 24 orduz etxe batean itxita egoteko bertzerik ez dugu balio. Zaintzaren arloko krisia konpontzeko erabiltzen gaituzue, gure eskubideak aitortu gabe. Etxeko egoiliarren lana deuseztatu behar da”.

Egiturazko arrazakeriak “ikusezin” bilakatzen ditu zaintzaren arloan ari diren emakume migratzaileak, Juncayren hitzetan. Bat egin dute Bathillyk eta Ouledek. Azken horrek gehiago erran du: “Arrazakeria ez da ausazkoa; Europak behar du, Europak atzerritarren legea behar du, sistema kapitalistak zaintzaileak behar dituelako, frutak eta barazkiak bilduko dituzten migratzaileak behar dituelako. Sistemak egitura arrazista bat behar du migratzaileak betiko tokian kokatzeko”.

Arrazakeria instituzionalak “eskubiderik gabeko herritar” bilakatzen ditu migratzaileak, arrazializatuak eta ijitoak, mahai inguruko hizlarien hitzetan, eta egoera horren ondorio da sufritzen duten jazarpena. Poliziaren indarkeriak hildako kideak oroitu dituzte mahai inguruan, eta salatu dute kasu gehienetan hildakoen lagunek eta senideek ez dutela justiziarik lortu.

1992. urtean, eskuin muturreko talde batek Lucrecia Perez emakume migratzailea hil zuen, Madrilen. Heriotza hori salatzeko egin zuen Nafarroako SOS Arrazakeria elkarteak lehenengo elkarretaratzeetako bat. Gehiagotan atera behar izan dute herritarrek karrikara, indarkeria arrazista salatzera. 2007an, Maria Angeles Amador emakume ijitoa hil zuten, Iruñean. Udaltzain batek borraz jo zuen; 2010ean, absolbitu egin zuten.

2016an, berriz, Elhadji NDiaye senegaldarra hil zen Espainiako Poliziaren etxean, Iruñeko Arrotxapea auzoan atxilotua izan eta gero. Heriotza horren inguruko azalpenik ez du eman Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak; inork ez du erantzukizunik hartu. Bertze senegaldar bat oroitu du Lamine Bathillyk: Mame Mbaye, 2018an Madrilgo Lavapies auzoan hila. “Poliziaren indarkeriak hil zuen, arrazakeria instituzionalaren babespean”.

Bartzelonako kale saltzaileen sindikatuko kide Lamine Bathilly.

Beldurra onartu du Bathillyk; arrazakeria instituzional horrek eragiten dion beldurra. Hamabi urtez paperik gabeko migratzaile bat izan da Bathilly, eta kaleko saltzaile gisa aurkitu du aurrera egiteko bidea. Garbi erran du, halere, inor ez dela patera batera igotzen kaleko saltzaile izateko “ametsa” duelako. “Gure kideak karrikatik atera nahi ditugulako sortu dugu sindikatua”, nabarmendu du. Formakuntza eta kontratu bat eskainiz, kalean eta paperik gabe diren migratzaileen egoerak hobera egin dezan dute helburu.

Oztopoak ez dira gutxi. Konfinamenduaren garaian gertatutakoa kontatu du Bathillyk erakunde publikoetako agintarien “hipokrisiaren” adibide: “Maskarak eta batak josten aritu ginen, ospitaleetara eramateko. Politikariak gure egoitzara etorri ziren argazkiak egitera; handik bizpahiru hilabetera, berriz, eraikinetik bota gintuzten”.

Subjektu politikoaz

“Sufritu ditugun bidegabekerien zerrenda luzea da”. Youssef Ouledenak dira hitzak. Kazetaria da, eta ekintzaile antirrazista. Madrilgo SOS Arrazakeria elkartean hasi zuen arrazakeriaren aurkako bide hori, baina uztea erabaki zuen, ez zuelako sentitzen erakunde horrek ordezkatzen zuenik. “Elkartean sartu nintzenean, uste nuen arrazakeria zela mairu deitzea”. Madrilgo SOS Arrazakerian zuriz osatutako elkarte bat aurkitu zuen, eta asmo gutxi arrazakeriaren aurkako borrokaren subjektu politikoari buruzko eztabaida egiteko. “Aurkitu nuen elkarteak nire gurasoentzat balio zuen, eta haiek bezala migrazio goiztiar batean iritsi ziren pertsonentzat; ez zituen aintzat hartzen, ordea, migratzaile horien seme-alaben beharrak; anitzek Espainiako herritartasuna dute, eta ohartzen dira ez dituztela berdintzat hartzen. Euren borrokaren gidari izan nahi dute”.

Youssef Ouled kazetari eta ekintzaile antirrazista.

Ouledek garbi du karrikan norbaitek mairu deitzea baino anitzez ere gehiago dela arrazakeria. “Arrazakeria ez da bertze baten buruan sartzen den aurreiritzi huts bat; egiturazkoa da bazterketa; sistemak berezkoa du, kolonialismoaren ondorio baita. Funtsezkoa da hori ulertzea”.

Nafarroako SOS Arrazakeria elkarteko kideek abiatu duten gogoeta prozesuak, hain zuzen, auzi hori jarri nahi izan du erdigunean. Onartu du arrazakeriaren erroa kolonialismoan bilatu behar dela. “Espainiako Estatu deitzen dugun horren eraikuntzan dago arrazakeria”, nabarmendu du Nafarroako SOS Arrazakeria elkarteko kide Cecilia Themmek.

Arrazakeriaren egitura

Poliziaren jazarpenaren ondorioz hildakoak oroitu dituzte Iruñeko mahai inguruan; Europara bidean itsasoan hondoratu direnak ere bai. “Europak indarrean duen nekropolitikak migratzaileak hiltzen ditu, eta, haiekin batera, sorterrian gelditu diren senide guztiak”, salatu du Ouledek. Bathillyk migratzaile guztiek gainean duten “zama” nabarmendu du: “Hemen lan egiten dugu herrian gelditu diren familiak mantentzeko”.

Europako estatuen ikuspuntutik, ordea, mugen kontrola “migrazioa erregulatzeko” tresna bat bertzerik ez da, Ouleden hitzetan. Europak erabakitzen baitu, finean, nor sartzen den eta nor ez. Migratzaileen gaineko kontrol horretan toki entitateek ere rol bat dute. 2000. urtean El Ejidon (Espainia) gertatu zena gogora ekarri du Cecilia Themmek: “Herriko bizilagunak, herriko agintariek bultzatuta, migratzaileei jazartzen aritu ziren zenbait egunez”.

El Ejidoko gertakarien “logikarekin” lotu ditu Youssef Ouledek Iruñeko alkate Enrique Maiak migratzaileak eta kriminalitatea lotuz egindako adierazpenak ere. “Migratzailea, arrazializatua eta ijitoa seinalatu eta gaizkile bilakatzen duen logika”, alegia. Mahai inguruko kide guztiek garbi dute egiturari egin behar zaiola so logika hori apurtzeko; batzuen pribilegioak bertzeen zapalkuntza ekartzen baitu.

 

Bazterketa erakundeetan

E.E.

Arrazakeriaren aurkako manifestazioa, Iruñean, joan den larunbatean. Iñigo Uriz / Foku

Nafarroako SOS Arrazakeriak eta Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiken Zuzendaritza Nagusiak egun berean egin dute agerraldia: hedabideen aurrean agertu dira Arrazakeriaren Kontrako Nazioarteko Egunean. Gobernuko arduradunek Aurreiritzia ari badu, Nafarroa koloretan lelopeko kanpaina antolatu dute, aterki baten irudia baliatuz. SOS Arrazakeriak, berriz, 2021eko txostena aurkeztu, eta nabarmendu du arrazakeria salatu duten 282 lagunetatik %70ek adierazi dutela administrazioak diskriminatu dituela.

“Gobernuak egin berri duenaren gisako kanpainek balio sinboliko bat izan dezakete, baina bada garaia onartzeko pertsona migratzaile eta arrazializatuak direla beren borrokaren protagonista. Nahi duten tokian bizitzeko eskubide osoa dute, eskubide guztiekin. Gaur-gaurkoz, hori ez dago bermatua”. SOS Arrazakeriako kide Beatriz Villahizanenak dira hitzak. Arrazakeria instituzionala jarri du erdigunean, eta garbi erran du erakunde publikoen esku dagoela urratsak egitea. “Gakoa ez dira eskumenak; gakoa ez da Atzerritarren Legea; ez da baliabiderik eza. Gakoa borondatea da”.

Adibide bat jarri du Villahizanek mahai gainean: Ukrainakoa. “Handik ihes egindako herritarren egoera erregularizatzen ari dira orain, baina gerra piztu baino lehen etorri direnei Atzerritarren Legea ezarri eta babes eskubidea ukatu diete, behin eta berriz”.

“Egoera arriskutsua”

“Egoera hagitz arriskutsua da, normaltzat hartzen ari garelako egiturazkoak diren bazterketak”, ohartarazi du Villahizanek. Erantsi du egiturazko diskriminazio horren ondorioz gizartea onartzen ari dela herritar batzuek badutela migratzeko eskubidea eta bertze batzuek ez. “Iruditeria kolektiboan, migratzeko eskubidea kriminalizatzen ari gara”. SOS Arrazakeriako kideengana jo duten herritarren %42 egoera irregularrean dira.