Ahanzturaren kontrako bidaiak

ANAS Sahararen Lagunen Nafarroako Elkarteak Aljeriako kanpalekuak bisitatu ditu abenduan eta apirilean, pandemiagatik bi urtez bidaiak bertan behera gelditu eta gero. Egoerak okerrera egin du nabarmen iheslari sahararrentzat. ANAS lanean ari da udan 55 haur ekartzeko.

Edurne Elizondo

Hagitz gaizki daude; egoera hagitz txarra da”. ANAS Sahararen Lagunen Nafarroako Elkarteko arduradun Carol Garciak erran ditu hitzok, apirilean Tindufeko (Aljeria) iheslari sahararren kanpalekuak bisitatu eta gero. Pandemiak eten handia eragin du iheslariontzat, bi urtez egon baitira laguntzarik jaso gabe. “Osasun krisiaren aurretik egindako urratsak hutsean gelditu dira; kanpalekuek hamabost urte inguru egin dute atzera”, erran du Garciak, argi eta garbi.

Handia eta aspaldikoa da nafarren eta sahararren arteko harremana. ANAS elkarteak egiten duen lana da horren adibide bat; apirilean, Carol Garciarekin batera, Espainiako Estatuko 146 pertsona joan ziren Aljeriako kanpalekuetara, hamar eguneko bidaia batean. “Gehienak ziren nafarrak”, zehaztu du Garciak. Abenduan ere iheslari sahararrekin egon zen ANASeko kidea. “Abendukoa izan zen pandemiaren ondoko lehen bidaia. Bi urteok izugarri gogorrak izan dira”. Osasun krisiak ekarri du, bertzeak bertze, Oporrak Bakean programa ere bertan behera utzi behar izatea, eta, ondorioz, bi urtez, ez da haurrik atera udan, sasoi hori basamortutik at pasatzeko.

55 haur udan

Datorren udan martxan jarriko dute programa, berriz ere. Nafarroara ehun haur inguru etortzen ohi ziren, urtero, uda herrialdean pasatzera, baina aurten 55 baino ezinen dituzte ekarri. Etsipena sumatzen zaio Garciari ahotsean, baina “aurrera” egiteko beharra nabarmendu du; espero du egoerak hobera egitea. Orain, 55 haur horiek hartuko dituzten familiak aurkitzea du lehentasun. “Lehen, ehun haur ekartzeko arazorik ez genuen; orain, 55 izanda ere, arazoak ditugu”.

Udan kanpalekuetatik ateratzen diren haurrak dira sahararren eta nafarren arteko harreman estuaren oinarri. Haien bidez sortzen dira bi herrien arteko elkartasuna ardatz duten zubiak. Ederki daki hori Ainhoa Unzuek. Garciarekin batera kanpalekuetan egon zen apirilean, bere familia sahararra bisitatzen. “Hemengoan anai-arrebarik ez dut, baina hangoan, hamaika!”.

Lagun batek etxean hartutako haur sahararraren bidez izan zuen Unzuek iheslarien errealitatearen berri. 2013an egin zuen lehen bidaia errealitate hori bertatik bertara ezagutzeko. 2016an, berriz, haur bat ekarri zuen udan etxera, eta, geroztik, kanpalekuetara begira bizi da Unzue.

Duela lau urte egon zen iheslari sahararrak bisitatzen azkenekoz. Horregatik, apirileko bidaia egin baino lehen, saiatu zen bere burua aurkituko zuenerako prestatzen. Izan ere, pandemiak hutsean utzi ditu sahararrek laguntza jaso ahal izateko bideak, eta ondorioak nabarmenak dira familietan. “Gosez egon dira; sumatzen zaie sufritu dutela”, kontatu du Unzuek. Saharako bere familiarekin egondako egunetan, halere, etsipena sumatu du inguruan, batez ere. “Oso nazkatuta daude. Beste bisita batzuetan aipatzen zuten beren herrira itzultzeko unea; aurten, kanpalekuetatik ateratzeko gogoa besterik ez dut sumatu. Berdin du nora joateko, baina handik atera besterik ez dute nahi”.

Gerra eta “traizioa”

ANAS elkarteko kideek eta sahararren kanpalekuetan familia bat duten herritar guztiek helburu dute iheslarien egoera erdigunean jartzea. “Abandonatu egin dituztela sentitzen dute, eta hori ikaragarria da”, erran du ANASeko Carol Garciak.

Pandemia ez da egungo etsipen giroa eragin duen elementu bakarra: 2020ko azaroaren 13an, gerra piztu zen berriz ere, Marokoko armadak 1991tik indarrean zen su etena hautsi eta gero. Espainiako Gobernuak azken asteotan egindako urratsek ere ez dute iheslarien haserrea eta nekea apaltzen lagundu.

Izan ere, Espainiako Gobernuak bat egin du Marokok Sahara Mendebalderako 2007an proposatu zuen planarekin. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Mohamed VI.a Marokoko erregeari bidali dion eskutitzean adierazi duenez, Madrilen iritziz Mendebaldeko Sahara Marokoko eremu autonomo bihurtzea da gatazka gainditzeko aukerarik “serioena, errealistena eta sinesgarriena”. Sanchezek gaineratu du Espainiak “lagun eta aliatu batek merezi bezala” tratatuko duela Maroko.

“Traizio ikaragarria egin die Pedro Sanchezek sahararrei. Gertatutakoaren berri jaso nuenean, negar bertzerik ezin nuen egin. Espainiak ardura handia du sahararren egungo egoeran, eta ezin die bizkarra eman”, salatu du ANAS elkarteko Carol Garciak.

Sanchezek nazioarteko legedia bazter utzi duela erantsi du ANASeko arduradunak, eta “muzin” egin diela sahararren giza eskubideei. “Sahararrak egunero ari dira marokoarren bortxa sufritzen; Sanchezen erabakiaren ondorioz, biktimaren etxean sartu da orain bortxatzailea; ezin dugu horrelakorik onartu”, berretsi du.

Egunerokoaren zama

Etsipena, ahanztura, abandonatu dituzten sentipena. Eta, horren guztiaren gainetik, kanpalekuen errealitateak ezarritako eguneroko gogorra. Are gogorragoa azken urteotan. Gazteen artean ere gora egin du etsipenak, etorkizunera begirako bizitza proiektu bat garatzeko aukerak urriak baitira. “Ahal dutenean, Tindufera ateratzen dira. Kanpalekuetan ikasteko aukerarik ez dute. Ez dute deus”, kontatu du Ainhoa Unzuek.

Apirileko bidaia orain arte egindakoak baino “errealagoa” izan dela aitortu du Unzuek. “Ramadan garaia zen joan ginenean, eta egunez, ondorioz, ez zegoen deus egitekorik. Beste bidaietako txangoak, eskolak eta gisakoak ezagutzeko, bertan behera gelditu ziren. Egonean ematen genuen eguna, eta hori da iheslarien egunerokoa, hain zuzen”.

Markel Ganuzak eguneroko hori ezagutzeko lehen bidaia izan du apirilekoa. Bikotekideak etxean hartzen zuen haur sahararraren bidez bazuen harremana kanpalekuekin, baina garbi erran du “kolpea” hartu duela iheslarien errealitatea ezagutu duenean. “Duten apur hori ematen dizute; zu eroso sentitzea besterik ez dute nahi. Egun politak pasatu ditugu hango familiarekin, baina gogorra ere izan da”.

Nafarroara itzultzeko unea ere gogorra izan dela erantsi du Ganuzak; batetik, hango familia eguneroko zail batean utzi zuelako, eta, bertzetik, hagitz handia delako hango eta hemengo errealitateen arteko aldea. Sentsazio hori ederki ezagutzen du Unzuek: “Kanpalekuak lehenengoz bisitatu nituenean ohartu nintzen hemen ditugun eskubideez eta pribilegioez”, erran du.

ANAS elkarteko Carol Garciak ere aitortu du barrua astintzen diola toki bateko eta bertzeko egunerokoetan dagoen aldeak. Nazioarteko erakundeek eta hedabideek toki bateko edo bertzeko iheslariei eskaintzen dieten tratuan dagoen aldeak ere amorrua eragin dio Garciari. “Hagitz ongi dago ukrainarrek arreta jasotzea, baina jaso dezatela sahararrek eta gainerako iheslariek ere merezi duten arreta. Sahararrak, baina, ikusezin bilakatu dira. Inork ez die kasurik egiten; munduari bost axola”.

Pandemiak laguntzak moztu izanak pixoihalik gabe utzi ditu Aljeriako kanpalekuetako zaharrak; gerrara joan diren gizonen dendek ateak itxi dituzte; ikastera ateratzeko aukerarik gabe gelditu dira gazteak; eta haurrek hilabeteak eman dituzte hiru egunean behin jaten. Kanpalekuen egunerokoak harrapatu ditu denak. Udan, basamortuko errutina atzean utziko dute 55 umek. Elkartasunaren zubia eraikitzen segituko dute bi herriek; Nafarroatik Aljeriara, eta Aljeriatik Nafarroara.

 

Abdulah Arabi: «Sanchez Marokorekin lerratu da; okupatzailearekin, alegia»

Fronte Polisarioko Espainiako Estatuaren ordezkaria Nafarroan izan da asteon, lehen aldiz. Bilerak egin ditu herrialdeko zenbait elkarterekin.

E. Elizondo

Fronte Polisarioko Nafarroako eta Espainiako Estatuko ordezkari Mohamed Gailani eta Abdulah Arabi, ANAS elkarteko Carol Garcia eta ANARASD elkarteko Txaro Pardo. Iñigo Uriz / Foku.

Fronte Polisarioko Espainiako Estatuaren ordezkari Abdulah Arabi Nafarroan izan da asteon, lehenengo aldiz. Asteartean ailegatu zen, eta astezkenean alde egin, herrialdean saharar herria laguntzeko lan egiten duten elkarteetako ordezkariekin Berriozarren bilera egin eta gero. Parlamentuan ere izan da, udan Aljeriako kanpalekuetako haurrak ekartzeko Oporrak Bakean programari buruzko lan saio batean.

ANAS eta ANARASD elkarteetako ordezkariek eskertu dute Arabiren bisita, “bultzada” eman dielako lanean jarraitzeko. ANARASD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Lagunen Nafarroako Elkartea da, eta Txaro Pardo du koordinatzaile. “Hagitz inportantea da Fronte Polisarioko ordezkaria Nafarroara etortzea”, berretsi du Pardok.

Arabik ez du ukatu egungo egoerak eragiten dion kezka , eta hagitz kritiko agertu da Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezekin, honek Mendebaldeko Sahara Marokoko eremu autonomo bilakatzea babestu eta gero: “Bere kabuz hartutako erabaki bat izan da. Hutsean utzi du Espainiako kanpoko politikan beti egon den kontsentsua, eta ez du bat egiten nazioarteko zuzenbidearekin. Marokorekin lerratu da; okupatzailearekin, alegia”.

“Atzera egin” dezala

Arabik erantsi du Sanchezen erabakiak bazter uzten duela saharar herriaren autodeterminaziorako eskubidea. “Huts nabarmen bat da. Marokorekin harremana hobetzeko aukera eman dio Sanchezi, baina, aldi berean, kalte egin dio Aljeriarekin eta gurekin zuen harremanari. Atzera egin dezala bertzerik ezin diogu eskatu”.

Arabik aipatu du Sanchezek Marokoko errege Mohamed VI.ari bidalitako gutuna, eta eskatu dio argitu dezala testu horretan “bi herrien lurralde osotasuna” aipatzen duenean Marokoren barruan sartzen ote duen Mendebaldeko Sahara. “Garbi dugu Marokok bere lurraldearen barruan sartzen duela Mendebaldeko Sahara; argitu dezala Sanchezek berak ere sartzen ote duen”.

Fronte Polisarioko Espainiako Estatuaren ordezkariak uste du Espainiako presidenteak ez dituela “ongi neurtu” hartutako erabakiak izan ditzakeen ondorioak: “Afrikako iparraldean tentsioak gora egin dezake; zaildu egiten du saharar herriarentzako konponbide bat lortzeko bidea, eta zaildu egiten du, aldi berean, Marokoren eta Aljeriaren arteko harremana”, nabarmendu du. Abdulah Arabik, gainera, erdigunean jarri du 2020ko azarotik piztuta dagoen sahararren eta marokoarren arteko gerra. Salatu du Marokok droneak erabiltzen dituela, eta herri horretako armadak su etena hautsi zuenetik anitz direla drone horien bidez hildako zibilak.

Gerrak eta pandemiak kanpalekuetan izandako eragina ere nabarmena izan dela erran du Fronte Polisarioko ordezkariak, eta oraindik ere “zailtasun handiak” daudela laguntza iheslarien eskuetara ailegatzeko.

Udan haur batzuek handik ateratzeko aukera izanen dutelako “kontent” da Abdulah Arabi. “Haiek dira saharar herriaren enbaxadorerik onenak, herri bateko eta bertzeko familiak lotzen dituztenak”.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku.