Iritzia: Hiltzea zilegi denean

Iritzia: Hiltzea zilegi denean

Bidatz Villanueva Etxague

Askotan oroitzen naiz Kazuo Ishiguroren Never let me go eleberriarekin. Ingalaterran, Bigarren Mundu Gerraren amaieran kokatzen da. Haurrak hezten dituzte organo emaile izateko, hil arte. Eurek badakite hori dela beren patua, gizarte horretako sistema etikoan onarturik dago, eta ez dute zalantzan jartzen euren funtzioa hori denik. Kontakizun distopiko honetan, gainera, garrantzia ematen diote arteari eta kulturari, munduak argi izan dezan pertsona horiek arima dutela. Gizakiak direnez, barrabaskeria irudituko litzaiguke halako zerbait existitzea.

Batzuetan ez da komeni fikzioa errealitatearekin nahastea, fikzioak izan nahi ez zuen esanahi bat bilatzen baitzaio, entretenimendurako soilik sortu denean. Alabaina, esplotazioaz ari garenean, eleberriak planteatzen duen egoera pentsatu gabe gaitzetsiko genuke, ez hain erraz, ostera, beste jazarpen mota batzuk, gizakiaz besteko animaliekikoena, kasu.

Irantzu Varelak bideo bat egin zuen duela egun gutxi antiespezismoa zer den azaltzen, eta horri egin zitzaion erantzunetako batean tokiko abeltzaintza aldarrikatzen zen, egungo produkzio kapitalistarekin kontrajarriz eta mendetako tradizioari segida emanez. Gizakiaren historian gainerako espezieak beti jazarriak izan dira, eta gure probetxurako erabiliak. Ezin da ukatu horiei esker bizi garela gizarte garatu batean. Baina hori jakinda, animaliak esplotatzea ez dela zilegia ere onar dezakegu. Beste diskriminazioak eta esplotazioak bezala, ausazko ezaugarrietan oinarritzen da animalien aurkakoa. Beste espezie batekoak izateagatik eskubidea dugu eurengan sufrimendua eragiteko?

Askotan esplotazio intentsiboa eta estentsiboa dira eztabaidagai Nafarroan, behiak eta ardiak ikus baititzakegu, lasai, larreetan. Ishiguroren eleberrian bezala, ongi tratatzen baditugu, justifikatuago dago hiltzea? Nire irudiz ez, areago, jakinda hiltegietan jasaten duten sufrimendu itzela. Ez bakarrik animaliek: langileek animaliak etengabe hiltzearen albo kalteak pairatzen dituzte, ondorio psikologikoak dituzte. Nola ez, etorkinak izan ohi dira, inork ez baitu lan horretan aritu nahi. Finean, esplotazio sistema guztiak loturik daude.

Nire familian ere matatxerria egiten zuten; aitak dio jasanezina zela, baina duela gutxi artio jan du urdaiazpikoa. Hori anestesia emozionala da, Melany Joy psikologo eta aktibistak sortutako kontzeptua, animalien esplotazioaren eta sufrimenduaren aurrean dugun sentsibilitaterik eta emoziorik eza azaltzeko.

Ez nator tokiko abeltzainak kriminalizatzera eta seinalatzera, baizik eta “gu onak gara” diskurtso horren atzean dagoen arriskua azaleratzera. Animaliak neurri txikiagoan esplotatzea esplotazioa da, berdin-berdin. Norbanokook, gizarte mugimenduek, antolakundeek eta talde politikoek ikuspegi antiespezistaren gainean eztabaidatu beharko genuke, ikuspuntu etiko batetik abiatuta, pribilegioak zalantzan jarriz, hobe sentiarazteko justifikazio faltsuetatik ihes eginez, sentitzeko, sufritzeko eta gozatzeko gaitasuna duen izaki bat hiltzea ez delako inoiz zilegi.

Argazkia: Aitor Garmendia (Tras Los Muros)-Nor.