“Ez da bidezkoa tratu bera ematea euskarari eta alemanari”

“Ez da bidezkoa tratu bera ematea euskarari eta alemanari”

Tuterako Hizkuntza Eskolako Ofizialeko euskara taldeen kopurua seitik hirura murriztu nahi du Nafarroako Gobernuak, ikasle gutxiegi daudela iritzita. Neurria gaitzetsi du Alberto Santamaria irakasleak.

Uxue Rey Gorraiz

Zokoratuago, zapalduago; itoago, finean. Euskarari are zailagoa izanen zaio Erriberan arnasten. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak berriki iragarri du kendu eginen dituela Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialeko euskara taldeen erdiak. Sei dira gaur egun, maila bakoitzeko bat; irailetik aurrera hiru baizik ez dira izanen. Alberto Santamaria Arraras (Iruñea, 1994) bitarteko irakaslea da han, euskarakoa. Berriak biziki sumindu dio barrena.

Zer sentitu duzue Nafarroako Gobernuaren murrizketaren berri izandakoan?

Haserrea, batez ere. Erriberako askoren euskalduntzea jarri dute kolokan. Batzuek ezingo dute eskolan ikasten jarraitu

Espero zenuten halakorik?

Beti pentsatu izan dut ez zirela ausartuko horrelakorik egitera. Kontuan izanda maila bakoitzeko talde bakarra dagoela eta, beraz, talde bat kentzeak maila bera desagerraraztea dakarrela, uste nuen eutsi egingo zietela taldeei. Ustekabe galanta izan da, kolpea ere bai, eta, hala ere, gobernua eskuak garbitzen saiatzen ari da.

Nola?

Hezkuntza Departamentukoek diote taldeak bermatuko dituztela, baldin eta talde bakoitzeko hamar ikaslek edo gehiagok izena ematen badute iraileko matrikulazioan. Praktikan, hori lortzea oso zaila da, ia ezinezkoa.

Zenbat ikasle dira gaur egun?

Ikasturte honetan, taldeko bost ikasle ditugu, batez beste. Azken urteotan matrikulazioa eskasa da. Ikasle kopuruari buruzko datuak kontrastatu ditugu berriki, eta ikusi dugu beheranzkoa dela. Pandemiaren aurretik, 38 ikasle zeuden euskarazko taldeetan; orain, 33 dira.

Kezka duzue beherakadagatik?

Bai, eta uste dut hausnartu beharreko kontu bat dela, zalantzarik gabe. Pentsatu beharko genuke nola den posible Tuteraren gisako hiri batean ikasle gehiago ez izatea, nolatan ez den lortzen ikasle gehiago erakartzea. Are gehiago, nola da posible alemaneko lehenbiziko mailan euskarakoan baino ikasle gehiago izatea? Hamazazpi daude alemanean izena emanda; euskarakoan, zortzi. Euskarak jende gehiago erakarri beharko luke, eta argi dago zerbait dagoela atzean. Gauza asko egin dira gaizki; horregatik gaude horrela.

Gaizki eginiko zerrenda horretan, zer nabarmenduko zenuke?

Urteetan euskararen kontra zabaldu diren mezuek zerikusi handia dute gaur egungo egoera soziolinguistikoan, testuinguruan. Euskara gutxietsia dago. Jendeak esaten du: “Zertarako ikasi euskara? Hobe dut ingelesa aukeratu”. Argia ikastolari buruz, antzeko: “Zertarako eraman etxeko txikia ikastolara? Euskara ikasiz gero, ikasi gabe utziko ditu beste gauza asko”. Sekulakoak esaten dira. Horrez gain, ezin ahaztu zonifikazioaren arazoa. Administrazioan ez da inolako pizgarririk ematen jendeak euskara ikas dezan.

Jendeari premia sentiaraztea da euskalduntzea sustatzeko era?

Bai. Izan ere, batzuek identitatearekin lotutako arrazoiengatik erabakitzen dute euskara ikastea, nolabaiteko sentimenduak dituztelako, baina jakin-min hutsez ikastea ere ederra da. Badago jendea inolako loturatik sentitu gabe ere animatzen dena ikastera, eta saiatu beharko genuke hori ere sustatzen. Gehiago izan daitezen, edonork ikasi nahi izan dezan.

Administrazioaz harago, Erriberan aski lan egiten da euskalduntzea bultzatzeko?

Jende asko gogor ari da horretarako lanean. AEK adibidez, dudarik gabe. Haien lana izugarri inportantea da. Eskerrak haiek daudela, bestela ez legoke ezer egiterik. Dena den, hori ere bada kezkagarria hein batean. AEK ezinbestekoa da administrazio publikoak ez duelako inolako ahaleginik egin nahi. Instituzioen babesa bestelakoa balitz, zenbakiak orekatuagoak lirateke.

Bidezkoa da irizpide nagusia eskariaren eta eskaintzaren arteko oreka izatea?

Kasu batzuetan uler dezaket datu horiei erreparatzea; zilegi izan daiteke, baina hori ezin duzu arau modura erabili. Unean uneko egoerari begiratu behar zaio, eta kontuan hartu zeri buruz ari garen. Ez da bidezkoa tratu bera ematea euskarari eta alemanari. Erriberan, are gutxiago. Euskarak babes handiagoa izan beharko luke, berez.

Gobernua Euskararen Bigarren Plan Estrategikoa ontzen ari da. Dokumentuak euskararen aldeko hainbat asmo biltzen ditu.

Erakusleihoan oso ongi gelditzen zaizkie, baina gero, ezer ez. Tristea da, benetan, eta nahiko argi dago zer gertatu den: gobernua osatzeko garaian, alderdiek adostasun batzuetara iritsi behar izan zuten; lortu zuten akordioa, baina gero agerian gelditzen da euskara bezalako auzietan denak ez daudela prest pauso berberak emateko. Ez dute hitzemandakoa betetzen.

Haizearen kontra ari zaretela sentitzen duzue?

Bai. Egia esan, oso bakarrik sentitzen gara. Irudipena dut basamortu batean ibiltzea bezala dela. Euskararen kontrako zerbait egiten denean, Euskal Herrian beti atera ohi da jendea protesta egitera, baina honekin, oraingoz, ia ez dut sumatu erreakziorik. Gainera, ingurua nahiko ezkor sumatzen dut.

Langileei zer neurritan eginen dizue kalte Hezkuntza Departamentuaren erabakiak?

Batez ere, bitarteko irakasleei eraginen digu. Ezinbestean, aukera gutxiago izango ditugu lanerako.

Eta zer diote ikasleek?

Aitortuko dut erreakzionatzea kostatu zitzaigula, baina erabakiaren berri izan eta bi astera sentitu nuen argi eta garbi azaldu behar geniela zer gerta daitekeen. Haiek dira kaltetuenak. Gu ere bai, baina haiek daude orain euskara ikasten segitzeko aukerarik izango duten edo ez ez dakitela. Dena da ziurgabea, dena dago airean, ez baitago argi zer talde kenduko diren: lehenbizikoak, azkenetakoak… Hori bai, ikasle batzuek esan digute nahiago dutela errepikatu, deus gabe gelditu baino.

Euskarak enegarren kolpea hartu du Erriberan. Ordea, azken urteotan hainbat ekinbide abiatu dira Nafarroa horian hizkuntzaren alde. Bada itxaropenik?

Uste dut euskaltzaletasunak potentzialtasun handia duela Erriberan, baina, aldi berean, iruditzen zait lozorroan dagoela nolabait, jasan dituen erasoengatik. Min handia egin zaio euskarari, eta asko kikildu egin dira. Gero, ordea, pasatzen da Korrika, antolatzen dira kontzertuak, jaialdiak, beste hainbat egitasmo, eta orduan bai, sekulakoa sumatzen da karriketan. Eta Agerraldia dugu, eta begira Union Tutera ere. Pentsa, bada, haizeak euskararen alde joko balu…; izugarria litzateke.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku.