Ijito familia batek denda batean jazotako eraso arrazista salatu du

Ijito familia batek denda batean jazotako eraso arrazista salatu du

Abuztuan gertatu zen, Iruñeko Karlos III.aren etorbideko Primor dendan. Parte hartu zuten udaltzainen jarrera kritikatu dute Gaz Kalok eta SOS Arrazakeriak. Elkarretaratzea egin dute.

Edurne Elizondo

Abuztuaren 17an gertatu zen, baina erasoa jasan zuten familiako kideek orain eman dute jazo zenaren berri: “Iruñeko Karlos III.aren etorbideko Primor dendako segurtasun arduraduna jazarri zitzaigun, eta, dendatik kanpo, Iruñeko Udaltzaingoko kideen ijitoen aurkako jarrera jasan behar izan genuen”.

Sonia eta Ana Hernandez ahizpak elkarrekin agertu dira jendaurrean sufritu duten erasoa salatzera, eta haiekin bat egin dute bertze herritar anitzek: Nafarroako ijito elkarteen Gaz Kalo federazioak eta SOS Arrazakeriak elkarretaratzea egin zuten irailaren 1ean, dendaren aurrean, eta ijitoen aurkako “arrazakeria instituzionala” salatu zuten.

“Dendan sartu ginen une beretik segika izan genuen segurtasun arduraduna; dendan egon ginen denbora guztian izan genuen atzean. Eta, atera bezain pronto, udaltzain batzuk hurbildu, eta atari batera eraman gintuzten miatzera”, kontatu du Ana Hernandezek. Alaba batekin, koinata batekin eta iloba batekin sartu zen dendan. Azken hori, adingabekoa. “Hala eta guztiz ere, udaltzainek miatu egin zuten”, salatu du adingabekoaren ama Sonia Hernandezek. Nabarmendu du emakumeak dendatik atera zirenean inolako alarmarik ez zuela jo, eta erositakoaren faktura erakutsi zietela udaltzainei. “Ez zuten kasurik egin, ordea. Dendako kideen deia jaso zutela erran zieten”.

Erreklamazioa dendan

Hernandez familiako kideek gertatu zenaren berri zabaltzea erabaki dute, “ijitoen aurkako jarrerak bazter uzteko garaia” dela uste dutelako. Iruñeko Udaleko Hiritarren Segurtasunerako Sailean salatu dute gertatutakoa, eta Primor dendaren aurrean egindako elkarretaratzea baliatu dute, gainera, dendan berriz sartzeko eta erreklamazio ofiziala egiteko. “Erasoa jasan genuen egunean saiatu ginen dendara itzultzen kexatzeko, baina udaltzainek ez ziguten utzi. Salatuko gintuztela erran ziguten”, kontatu du Sonia Hernandezek.

Dendan sartu bezain pronto, “ongi etorriak” direla erran die Ana eta Sonia Hernandezi artatu dituen dendariak. Abuztuan gertatutakoari buruz, baina, hitzik ez diete erran dendan, eta barkamena ere ez diete eskatu. “Lapurtzat hartu gaituzte, jendaurrean; ijito izateagatik baztertu gaituzte. Ez dugu deus lapurtu, eta, hori agerian gelditu arren, inork ez digu barkamenik eskatu; inor ez da saiatu sufritu dugun kaltea konpontzen”, adierazi dute ahizpek. “Lotsatuta sentiarazi gintuzten. Hau egin digute ijitoak garelako”.

Gaz Kalo federazioko ordezkari Ricardo Hernandezek “tristura eta haserrea” agertu ditu abuztuko erasoa salatzeko protestan. “Oraindik ere horrelako jarrerak jasan behar izatea izugarri tristea da, etsigarria”, erran du. Gogoratu du Espainiako Kongresuak onartu berri duela ijitoen aurkako jarrera gorrotozko delitutzat hartzen duen legea. Horrelako urratsak “garrantzitsuak” direla nabarmendu du, baina ez direla “nahikoa”. “Egiturazko arazo bat da hau; lege batek ez ditu ijitoen aurkako jarrerak desagerrarazten bat-batean”.

Arrazakeria instituzionala

SOS Arrazakeria erakundeko kideek ere egiturazko auzitzat jo dute ijitoen aurkako jarrera eta, oro har, arrazakeria. “Arrazakeria egiturazkoa da, eta instituzionala. Hori onartzeko garaia da”, azaldu du SOS Arrazakeria taldeko Beatriz Villahizanek.

SOS Arrazakeriak udaltzainek abuztuko erasoan bete zuten rola jarri nahi izan du erdigunean, hain zuzen ere. Batetik, emakume ijitoen identifikazioa “legez kanpokotzat” jo dute erakundeko kideek: “Irizpide baztertzaileak oinarri hartuta egindako identifikazio bat da”, salatu du SOS Arrazakeria elkarteko kide Flavia Navarretek. Bertzetik, udaltzainek lau emakumeak atari batean miatu izana kritikatu du. “Ez da toki egokia, eta ez ditu segurtasun baldintzak bermatzen”.

SOS Arrazakeriako kideek erantsi dute emakume ijitoek Udaltzaingora jo zutela gertatutakoa salatzera, baina udaltzainek egindako txostenean ez dela aipatzen talde horretako polizien jarrerari buruzko deus, emakumeek jazotako guztiaren berri eman arren. “Berriz ere joan beharko dute”, azaldu du Navarretek.

SOS Arrazakeriak eta Gaz Kalok eskatu dute Iruñeko Udalak iker dezala udaltzainen jarrera, eta barkamena eska diezaiela erasoa jasan zuten emakumeei. Protokoloak eskatu dituzte, gainera, berriz ere horrelakorik gerta ez dadin.

Hernandez ahizpek eskertu dute erakundeen eta herritarren babesa. “Ez dadila berriz ere gertatu; bertzerik ez dugu nahi”, nabarmendu dute. Gaz Kaloko kide Ricardo Hernandezek gauza bera eskatu du: “Garaia da ijitoon kontrako jarrerak bazter uzteko; ez dadila berriz gertatu horrelakorik”.