“Uretan demostratuko dugu demostratu beharreko guztia”

“Uretan demostratuko dugu demostratu beharreko guztia”

Oriok irabazi du Euskotren liga aurten, hirugarrenez. Sasoi ederra egiten ari dira arraunlariak, eta are gogoangarriago bihurtzea dute asteburuan: Kontxako Bandera da jokoan. Uxue Urra gogotsu dago, «amets betean».

Uxue Rey Gorraiz

Itsasoa zakarren den egunetan ere, azkenaldian nekez moteltzen dira Uxue Urraren (Iruñea, 2000) arraunkadak. Orio taldean (Gipuzkoa) dabil urte honetan —denboraldi garaian Donostian bizi da—, eta emaitza bikainak lortzen ari da. Euskotren liga irabazi dute: hirugarrenez Oriok, lehenbiziko aldiz Urrak. Orain, faborito dira Kontxako Banderan. Igandean lehiatuko dira, Donostian.

Sasoi ederra ari zarete egiten Orion: zuek garaile Euskotren Ligan. Nola bizi izan zenuen?

Egia esan, iruditzen zait oraindik ez naizela kontziente. Jende askok zoriontzen nau, baina ez naiz guztiz ohartzen. Amestu ere ez nuen egiten horrelakorik, sekula. Euskotren liga bat irabaztea eta, horrez gainera, orain igual Kontxako Bandera irabazteko aukera izatea amets bat da edozein arraunlarirentzat. Niretzat, hori iritsezina zen erabat.

Hibaikan zinela jaso zenuen Orioren deia, haiekin aritzeko. Zer sentitu zenuen?

Orioko lagun batek esan zidan lehenbizi, zeharka, bazutela interesa nigan, eta pentsa nola jarri nintzen. Gainera, oso urduria naiz. Hasieran, nik oso-oso argi nuen Hibaikan segitu nahi nuela, oso gustura bainengoen han. Nire barruan zerbaitek esaten zidan ezetz, ez joateko Oriora. Baina, gero, hitz egin nuen hurbilekoekin, familiarekin eta arrauneko lagunekin, eta esplikatu zidaten hobe nuela aukera aprobetxatu. Baietz esan nuen azkenean. Beldurrez, baina baietz.

Zeri zenion beldurra?

Gehien beldurtzen ninduena zen ez jakitea iritsiko ote nintzen behar adinako maila izatera. Oso langilea naiz, gogoz saiatuko nintzela banekien, horrek ez ninduen kezkatzen, baina exijentzia maila ez da bera talde batean eta bestean, eta, nolabait, Oriora joateak ezinbestean ateraraziko ninduen nire konfort zonatik.

Euskotren liga amaitu, eta segituan murgildu zineten Kontxako Banderan. Nola ikusten duzu taldea? Eta zeure burua?

Uste dut taldea oso indartsu dagoela. Joan den urtean eskapu egin ziguten bai Kontxak eta bai ligak. Orain, entrenatzaile berriak oso argi azaldu digu zer nahi duen eta zer behar dugun irabazteko.

2,16 segundoren aldea duzue Arraun Lagunak-ekin, zuen alde.

Tartea txikia da berez, eta, gainera, kontuan izanda olatu handiak iragarri dituztela iganderako, bi segundo horiek are gutxiago dira, argi eta garbi.

Halere, mentalki, garaipen hori zer neurritan zaizue lagungarri datorren jardunaldiari aurre egiteko? Irabazi ez bazenute, zer?

Uste dut asko eragiten duela. Kasu honetan, bai Arraun Lagunak eta bai Orio, biak aterako gara lehiara hutsetik hasiko bagina bezala, estropada txikitzera. Halere, egia da aurreko igandekoa irabazi izanak behintzat sentiarazten dizula pixka bat aurreragotik ari zarela. Haiei bestela gertatuko zaie: gogoz aterako dira, tartean ditugun bi segundo horiek ahalik lasterren jateko. Ikusiko da.

Aipatu duzu aski urduria zarela. Baikorra ere bai?

Nahiko baikorra izaten naiz, bai, baina ez zait asko gustatzen estropaden aurretik gehiegi hitz egitea gertatuko denari buruz. Beti esan ohi dut: demostratu beharreko guztia uretan demostratuko dugu.

Luzera begira, Orion ikusten duzu zeure burua?

Hala gustatuko litzaidake. Deitu zidatenean, esan zidaten luzerako proiektu bat dela. Hau da, argitu zidaten ez zela izango urtebeteko kontua. Horrela izatea espero dut. Oso gustura nago.

Orion sekulako afizioa da arraunaren bueltan. Ospatu ere, ederki ospatzen dute garaipen oro.

Bai. Eta nik bi errealitate guztiz desberdin bizi ditut. Batetik, Iruñean sumatzen dut jendeak ez dakiela kasik ezer arraunaz. Arrauna egiten duzula esan, eta ez dakit zer imajinatzen duten ere. Orion, kontrakoa. Entzuna nuen ilusio handiz bizi zutela arrauna, baina hainbesterako zenik ez nekien; izugarria da. Jendea kamiseta horiekin dabil asteburuetan, balkoiak apainduta daude, harrera egiten dizute. Lehengoan, kalean nenbilela, bizpahiruk gelditu ninduten, zoriontzeko. Ama nuen ondoan, eta bera harritua, noski!

Iruindarra zara. Nolatan hasi zinen arraunean?

Nire aita txirrindularia zen, eta 30 urte inguru zituela arraunean hasi zen Club Nautico Navarron. Zaletzen hasi nintzen. Garai batean, 18 urte bete arte eskubaloian aritzen nintzen, eta arrauna bigarren kiroltzat neukan. 2018an, baina, nazkatu egin nintzen eskubaloiaz, hasi ginen Donostiara asko joaten, eta… sartu nuen muturra, Donostiarran.

Lehorrekoa izanagatik, itsasoa zeure sentitzen duzu?

Ez dut hemengoek duten harreman hori itsasoarekin; ez nuke esango. Niri, gainera, beste estropada batzuk gustatzen zaizkit gehien. Euskotreneko lehenbizikoa, adibidez, Bilboko itsasadarrean. Estropada hura ez zen ona izan, baina gustatzen zait han lehiatzea. Itsasoa ere gustatzen zait, baina ez dut neure sentitzen.

Arraunerako, zer neurritan da inportante itsasoa ezagutzea?

Itsasoaren egoerak asko baldintzatzen du jarduna; nahasiago dagoenean, arrauna askoz exijenteagoa da. Bare dagoenean, askoz errazagoa. Olatu guztiak ez dira berdinak, estropada eremu guztiak ere ez.

Nola lantzen duzue alderdi hori?

Aurten, entrenamenduetan gure entrenatzailea indar handia jartzen ari da horretan. Pila bat gustatzen zaio gu itsasora ateratzea, sinetsia dagoelako arraunlariak itsasoa menperatu behar duela. Asko tematzen da horrekin. Dio olatuak sentitu egin behar ditugula, sentitu behar dugula itsasoa, eta gogorarazten digu konfiantza izan behar dela itsasoan.

Erdietsi duzu konfiantza hori?

Ikasten ari naiz. Lehorrekoa naiz, kostatzen zait, baina ari naiz konfiantza hartzen, hala ere.

Kiroletik kanpo, arraunak irakatsi dizu bizitzarako leziorik?

Diziplina eman dit; hau diziplina kontua baita. Arraunik ez banu, ez nuke jakingo bizitza nola bete.

Zer esanen zenioke arrauna begiz joa duen baina hasi edo ez zalantzan den neska nafar bati?

Lehenbizi, oso zaila dela. Nafarroako errealitatea zein den kontuan hartuta batez ere. Ez dugu behar bezala entrenatzeko ibairik ere, eta, gainera, Club Nautico Navarrok bizi duen egoera oso larria da orain. Hemengo batek arraunean aritu nahi badu, litekeena da kostara mugitu beharra azkenean. Sakrifizio handia da. Hala ere: helburu bat baduzu, zerbaitekin amesten baduzu, segitu. Etorriko zaizkizu gauzak bueltan noizbait. Kontua saiatzea da.