“Azaldu nahi dugu zergatik ez den pieza sorkuntzaren helburu”

“Azaldu nahi dugu zergatik ez den pieza sorkuntzaren helburu”

Oskia Ugartek etapa berri bat hasi du Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan: 2016tik, bertze hiru emakumerekin partekatu du erakunde horretako zuzendaritza, baina abuztutik bakarrik da karguan.

Edurne Elizondo

Oskia Ugartek (Iruñea, 1978) Elisa Arteta, Nerea de Diego eta Betisa Ojanguren izan ditu bidaide Uharteko Arte Garaikidearen Zentroko zuzendaritzan, 2016tik. Orain bakarrik da karguan. Aurkeztu berri du zentroko programazioa. Lankideen falta sumatzen du, baina proiektua garatzen segitzeko ilusioz da.

Orain, bakarrik. Zer moduz zaude?

Ardura handia da. Aldi berean, emozionantea ere bada. Lauren artean eraiki dugunaren ardura nire gain dut orain, eta lankideen falta sumatzen dut. Dolu txiki bat pasatu dut, baina prest naiz. Aurkezpenak lagundu dit.

Etapa bat itxi duzun irudipena duzu?

Etapa bat amaitu da, baina erabakia ez dugu guk hartu. Lehiaketak ez zuen hautagaitza kolektibo bat aurkezteko aukera ematen. Pena handia hartu genuen, guretzat oso formula ona izan delako. Egia da gure kolektiboak erabakita zuela ere ez zuela hautagaitza berriz aurkeztuko.

Zergatik ez?

Laukotean bi artista zeuden, Nerea de Diego eta Elisa Arteta, eta haiek nahi zuten euren bidea jarraitu. Finean, Uhartekoaren gisako zentro batek asko eskatzen dizu. Ezin zuten uztartu euren lan artistikoarekin, eta horretan aritu nahi zuten orain.

Bertze hautagaitza kolektibo bat sortzea zen asmoa, beraz?

Hori da. Baina ez dugu aukera izan.

2016tik aritu zarete elkarrekin. Nolakoak izan dira urteok?

Oso onak. Uste dut gauza negatibo bakarra izan dela epeak luzatu direla lauren artean erabaki behar izan dugunean. Aldi berean, erabakitzeko prozesua aberatsa izan da beti, eta merezi izan du.

Nork bere tokia zuen?

Bai. Laurok ordezkatu ditugu komunitate artistikoko arlo ezberdinak, eta erabakitzeko orduan nork berea egiten zuen. Kontu estrategikoagoetan sortzen ziren eztabaidak lauren artean erabakitzean, baina, lauron lan egiteko berezko modua hori denez, erraza izan da, naturala. Gainera, uste dut eskuzabaltasunez ere aritu garela, eta argi izan dugula denok ari ginela eraikitzen etorkizunerako zerbait oso indartsua.

Ez duzu uste orain ere bazaretela erreferentziazko espazio bat?

Bai, baina gehiago kanpora begira; Nafarroan zailagoa izan da.

Zergatik?

Uhartekoa izan delako lehendabiziko ekoizpen zentroa, eta jendeak ez zuen ongi ulertzen.

Ez baita museo bat.

Museo batek bilduma propio bat du, eta Uharteko Zentroak inoiz ez du izan. Inoiz ez da izan museo bat, baina, hasieran, erakusketak egiteko espazio bat izan zen. Ekoizpen zentro bilakatzeko jauzia egiteak esan nahi du utzi diogula bakarrik begiratzeari artisten lanaren bukaerako prozesuari, eta aurreko guztia jarri dugula erdigunean, sortzeko prozesu guztia.

Artistei eman diezue gela bat norberarena?

Hori da. Eta sortzeko prozesu horien berri eman dugu, erakutsi ditugu. Batetik, lan handia egin dugu ekoizpen zentro bat osatzeko; bestetik, gu lauron arteko kultur kudeaketarako laborategi txiki hori osatu dugu. Artea ulertzeko dugun moduagatik, beti saiatu gara zentroan gertatzen zenaren eta gizartearen arteko lotura sortzen, baina zaila da, lantalde trebatua eskatzen duelako. Horretan sakonduko dugu hemendik aurrera. Azaldu nahi dugu artelanaren atzean dagoen prozesu osoa, eta azaldu zergatik ez den artelan edo pieza hori arte sorkuntzaren helburu.

Artelana ez bada, zer da?

Arteak, artistek eta arte ikerketak egin dezaketen ekarpenik garrantzitsuena da gure bizitzak hobetzea. Artista ez da teknikaren aldetik lan bat ongi bukatzen duen pertsona bat; artista bat da gaurkotasuna hartu eta modu kontzeptual batean eta tresna plastikoekin proposamen berri bat egiten dizuna. Hori ulertzea zaila da, neurri batean. Prozesu artistikoak mantsoak dira, eta lan intelektuala eskatzen dute; ez bakarrik artistari, baita ikusleari edo harremana duen edozeini ere. Eta ez gaude ohituta prozesu horietan murgiltzeko.

Zuen zentroaren kanpoko aldean Jorge Oteizaren esaldi bat dago margotua: Artea ez da museoetan sartzeko. Bat zatoz?

Hori esaten zuen Oteizak, eta Josu Zapatak margotu nahi zuela esan zigunean, berehala esan genion baietz. Orain arteko ezagutzak zilegitasuna eman die museoei. Baina, gaur egun, bestelako alternatibak daude. Uharten ere ikusten ahal dugu sorkuntzan aktore askok parte hartzen dutela.

Gertu duzue Oteiza museoa; harreman ona duzue?

Hagitz ona. Oteizak, hain zuzen, ikerketari garrantzi handia eman zion. Berriki Altzuzan egon gara zenbait artistarekin, eta Oteizaren klarionen laborategiaren aurretik pasatu ginen. Ikusten ditudan bakoitzean hobeki ulertzen ditut; helburua ez da betirako pieza bat sortzea, baizik eta ikertzea. Prozesuan sortzen diren ezagutza guztiak dira gizarteari zabaldu behar dizkiogunak. Bukaerako piezak ez du zentzu handirik testuingurua ezagutzen ez baduzu.

Saretzea izan duzue helburu.

Bai, eta ez bakarrik Oteiza museoarekin, edo Nafarroako Museoarekin. Elkarlana dugu zenbait erakunderekin, eta sarea handitzen jarraitu nahi dugu. Bitartekaritza lanari garrantzia eman nahi diogu, eta lan hori egin dezakegu bertze hamaika espaziotan; hau da, bilatu nahi ditugu gurean sortzen duten artisten ikerketak eta prozesuak zabaltzeko espazioak. Nafarroan, bai eta kanpoan ere. Gu periferiaren periferian gaude. Baina hori ere polita da.

Gauza interesgarrik sortzen dira bazterretan?

Bai horixe! Ikerketari eta esperimentazioari buruz ari bagara, Uharten gertatzen diren gauzak ezin dira gertatu Madrilgo Mataderon, edo Bilboko Bilbo Arten.

Zure proiektu berrian eboluziorako beharra nabarmendu duzu. Zer erran nahi duzu?

Orain arte indarra izan dugu ekoizpen zentro bat sortzeko, eta orain badugu sendotasun nahikoa hori guztia erakusteko, hori gizarteratzeko. Bitartekari talde bat sortu nahi dugu: hezkuntzan eta bitartekaritzan adituak diren pertsonak lortu, proiektu horiek laguntzeko gizarteratzeko bide horretan. Lagundu eta zaindu nahi ditugu proiektuak. Babestu, eta zabaldu, gure zentroan sortzen diren prozesuen bidea luzatzeko. Landarea kimatzeko ordua dugu; adar batzuk moztu, beste batzuk indartzeko. Komunitate artistiko heldu eta sendo bat nahi dugu, gizarteratzeko.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku