Bortzirietako osasun langileek mediku falta salatu dute eskualdean

Sinadurak bildu dituzte, Nafarroako Osasun Zuzendaritza Nagusira bidaltzeko. Igantziko eta Arantzako medikuak erretiroa hartu du, eta ez da ordezkorik. Arazoa ┬źegiturazkoa┬╗ da oinarrizko arretan.

Edurne Elizondo

“Egoera hagitz larria da. Ezin izanen dugu horrela luze segitu. Konponbide bat behar dugu”. Horixe erran dute Bortzirietako osasun langileek, argitara eman duten ohar baten bidez. Salatu dute Arantzan eta Igantzin medikurik gabe daudela, herriotako biztanleak artatzen zituen sendagileak erretiroa hartu eta gero. Izan ere, Nafarroako Gobernuak ez du ordezkorik jarri, eta, ondorioz, eskualdeko gainerako medikuak ari dira sortu den hutsune hori ahal duten moduan betetzen. Beran, gainera, pediatrarik ez dago, eta Lesakakoak artatu behar ditu herri horretako haurrak ere.

Egoera hori salatzeko, sinadurak biltzen aritu dira Bortzirietako osasun etxeetan, azken asteotan. “Nafarroako Gobernuko Osasun Zuzendaritza Nagusira bidaliko ditugu, konponbide bat eskatzeko”, erran du Lesakako osasun etxeko erizainen buru Elixabet Elizaldek.

Bortzirietan osasun etxe bat du herri bakoitzak; Lesakakoa da eskualdeko zentro nagusia, eta gainerako herrietako biztanleek ere herri horretara jo behar dute larrialdiren bat dutenean. Hau da, herrietako osasun etxeetan 08:00etatik 15:20ra artatzen dituzte herritarrak, eta, ordutegi horretatik kanpo, Lesakako zentroa da erreferentziazkoa.

“Herrietan sortzen diren hutsuneak denon artean betetzen ari gara orain; adabakiak dira, eta egoerak, azkenean, eskualde osoari egiten dio kalte. Arantzako eta Igantziko herritarrak artatzeko ahalegin bat egiten ari dira bertze herrietako medikuak eta erizainak, eta horrek ekartzen du arretaren kalitateak behera egitea”, kontatu du Elizaldek.

Lan kargak gora egin du osasun profesionalentzat. Medikurik ez izan arren, zabalik segitzen dute Arantzako eta Igantziko osasun etxeek, ordezkorik jarri gabe zerbitzu horiek galtzeko beldur baitira herritarrak. “Medikurik ez izan arren, kontsultak zabalik dira. Bertze herrietako medikuak ari dira zerbitzua eskaintzen, ahal duten neurrian. Gure apustua da osasun etxerik ez ixtea”, azaldu du Elizaldek.

Onartu du, baina, “nekeak jota” direla osasun profesionalak. Pandemiak eragindako lan zamaren ondorioak sufritzen ari dira oraindik ere. “Ez dugu suspertzeko astirik izan”.

Desoreka, 2027ra arte

Elixabet Elizaldek “premiazkotzat” jo du konponbide bat bilatzea, baina aitortu du badakitela 2027. urtera arte “zaila” izanen dela egungo egoerari buelta ematea. Izan ere, mediku falta “egiturazko” arazo bat da herrialdean, eta, zenbait neurri martxan jarri badituzte ere, denbora beharko da neurri horien emaitzak sumatzen hasteko.

“Administrazioa berandu dabil; duela bost urte eta duela hiru ere ohartarazi genuen orain izanen genuen arazoaz. Laster, Lesakako pediatrak ere hartuko du erretiroa, eta horri ere egin beharko diogu aurre”, erran du Lesakako erizainak.

Familia medikuen falta horri aurre egiten hasteko, barruko mediku egoiliarren arteko arlo horretarako plaza kopurua bikoiztu dute herrialderako azken urteotan: hogei ziren, eta orain berrogei dira. Oreka lortzeko, baina, denbora beharko da, Elizaldek berretsi duenez.

Bitartean, Bortzirietako osasun langileen eta herritarren kezka bera dute Nafarroako bertze eskualde anitzetan. Maiatzean, hain zuzen, Nafarroako Medikuen Sindikatuak datu bat jarri zuen erdigunean: herrialdean, gutxienez, hamabost pediatra eta hirurogei familia mediku falta direla. Bortzirietan bezala, Sakanan eta Carcarren ere, bertzeak bertze, protesten bidearen alde egin dute herritarrek, konponbide bat eskatzeko eta kalitatezko osasun publikoa aldarrikatzeko. Helburu hori du Nafarroako Osasun Plataformak ere martxan jarri zenetik, eta bat egin du herriotako guztietako herritarren kexarekin.

Nafarroako Osasun Publikoaren Defentsarako Elkarteak ere kritikatu du osasungintzaren egoera, eta salatu berri du Nafarroako Gobernuak 2023rako aurrekontu aurreproiektuan Osasun Departamenturako zehaztu duen saila ez dela nahikoa, “inondik inora ere ez”. 1.332 milioi ingurukoa da saila, “hau da, barne produktu gordinaren %6,5etik urrun”. Elkarteak gogorarazi du ehuneko horren aldeko konpromisoa hartu zuela Nafarroako Gobernuak, baina ez dela betetzen ari.

Elkarteak kritikatu egin du, gainera, saila banatzeko modua: “Oinarrizko arretarako kopuruak behera egin du”. Elkarteak uste du oinarrizko arretak “gutxienez” hirurehun milioi euroren saila beharko lukeela egungo egoerari buelta eman ahal izateko.

Lesakako erizain Elixabet Elizaldek ere baliabideak eskatu ditu oinarrizko arretarako, eta salatu du egungo sistemak ospitaleetako arretari ematen diola lehentasuna. “Ospitalera begira dago departamentua”. Oinarrizko arretari so egiteko eskatu du erizainak. Konponbideak nahi dituzte, berandu baino lehen.

Datua

415

ZENBAT MEDIKUK HARTUKO DUTEN ERRETIROA. Nafarroan 415 medikuk hartuko dute erretiroa 2027ra bitarte, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko datuen arabera. Haietako 189 (%45,5), oinarrizko arretan ari dira lanean. 2022an, 59 medikuk hartuko dute erretiroa.

Argazkia: Herritarren elkarretaratzea, Lesakako osasun etxearen aurrean. Ttipi-Ttapa.