Joseba Otondo: “Arraildura ekar dezake Natura2000 sarean Erdizkoa baimentzeak”

Joseba Otondo: “Arraildura ekar dezake Natura2000 sarean Erdizkoa baimentzeak”

E. Elizondo

Magnaren Erdizko proiektua salatu du Baztango alkate Joseba Otondok (Elizondo, 1977); salatu du administrazioak oztopoak jarri dituela galdeketak egiteko.

Baztango Udala ere saiatu zen galdeketa egiten.

Baztango Udala eta Baztango Batzar Nagusia modu adostuan saiatu izan dira galdeketak antolatzen. Herri lurretaz ari gara, eta eskumena batzar nagusiak du. Batzar nagusia eta udala, beraz, saiatu ziren auzia galdeketa baten bidez bideratzen, bertze gauza anitzen artean Erdiz baztandar guztien ondasun bat delako. Natura2000 sarean dago, eta zaintza bereziko eremua da, gainera. Uste dugu, beraz, baztandarrek erabaki behar dutela.

Zergatik ezin izan duzue egin?

Lehen saiakera bat egin genuen, toki esparruko galdeketen herrialdeko legea baliatuz. Espainiako Ministroen Kontseiluari zegokion baimentzea, baina ez zuen egin. Bertze ekinbide bat abiatu genuen, ondorioz, parte hartze eskubidean oinarrituta: berrespenezkoa ez den kontsultaren bidea. Hori Baztanen erabili genuen 2016an Aroztegiari buruz galdetzeko. Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak, baina, galdeketa hori gelditzeko agindua eman zuen.

Zein da debeku horien arrazoia?

Agintekeria eta inposizioa ikusten ditugu debeku horien atzean. Tokiko erakundeen eskumenen gainetik pasatu nahi dute. Uste dugu garbi dutela Erdizkoaren gisako proiektu handiek tokikoen aldeko erantzunik ez dutela, eta horregatik geldiaraz daitezkeela. Guk hasieratik erran dugu auzia bideratu behar dela demokrazian sakonduz, eta herritarrei hitza emanez. Zenbaitentzat, baina, bide hori arriskutsua da, eta herritarren erantzunaren beldur dira.

Ez dute herritarren ezezkoa paper batean jasotzea nahi?

Hori iruditzen zaigu. Proiektua legezkoa izan daiteke, baina herritarren ezezkoa badago mahai gainean, zilegitasunik gabeko proiektu bat izanen litzateke. Ez dakit zilegitasunak zenbateraino baldintzatzen ahal duen gisa honetako proiektu bat, baina orban horrekin geldituko litzateke.

Proiektua udalerriz gaindiko eragina duen plan gisa tramitatu nahi izatearen arrazoia ere hori da?

Lasterbide bat hartu nahi izan dute, tokiko erakundeen eta herritarren gainetik. Hori onartezina dela iruditzen zaigu. Munduko bertze zenbait tokitan ere ikusten ari gara, proiektu handiak agintekeriaz inposatzen dituzte, tokiko komunitateen nahiaren gainetik. Sistema kapitalista horretan oinarritzen da, harrapaketa horretan. Mendebaldeko herritarrak, bistan da, horretaz ez gara oroitzen gure inguruan kontsumitzeko aski ondasun dugularik, baina horrelako gaiak gurera etortzen direnean, bertze toki horietan gertatzen direnak gurean bizi ditugu. Tokiko komunitateek beren geroaz erabaki nahi dute.

Eta enpresak hori eragotzi?

Magna Roullier multinazionalaren adar bat da; Roullierrek Saint-Malon du egoitza, Bretainian. Han erabakitzen dute, eta, erabaki horien ondorioz, hemen gure ondasunak erauzten ahal dizkigute. Mozkinak Sain-Malora ailegatuko dira. Eta guretzat geldituko da zulo handi bat.

Legez, eremu babestu bat da Erdizkoa. Ez du balio babes horrek?

Ez du ematen; eta orain, gainera, ikusten ari gara Europan zer mugimendu gertatzen ari diren: sakrifikatzeko modukotzat jotako urruneko geografiak gurera etortzen ari dira. Uste genuen Natura2000 sarea babes nahikoa zela, baina ez du ematen. Orain, adibidez, Nafarroako Parlamentuak adierazi du Erdizko proiektua Nafarroarentzat intereseko inbertsio izendatu beharko luketela. Landa eremuko tokiak nahi dituzte sakrifikatu orain.

Erdiz baino gehiago dago jokoan?

Bai. Erdizkoa baimentzeak sekulako arraildura eraginen luke Natura2000 sarean.