“Mahai gainean dago lanuzteak edo greba egiteko aukera”

Glovo etxeak Glovo Express sortu zuen, ‘rider’-en legea onartu eta gero. Nafarroan, David Moreno da (CCOO) etxe horretako langileen ordezkaria. Hitzarmen duin bat eskatu du.

E. Elizondo

Glovo Express etxeko langileen ordezkaria da CCOO sindikatuko David Moreno (Iruñea, 1985). Salatu du rider-en legeak ez duela prekaritatea bazter utzi.

Enpresaren bi etapak ezagutu dituzu: rider-en lege aurrekoa eta gerokoa. Nolakoa da zure esperientzia?

Hiru urte inguru egin nituen autonomo gisa. Gero, rider-en legea onartu zutenean, enpresak Glovo Express sortu zuen, bertze aplikazio batekin, eta hor nago orain. Autonomo gisa aritutako etapaz eta oraingoaz hitz egiteko, prekaritatea aipatu behar dut, ezinbertzean. Autonomo gisa aritutako garaiaz, adibidez, erabiltzaileen iritziek gure egunerokoan zuten eragina nabarmenduko nuke.

Nola eragiten zizueten iritzi horiek?

Erabiltzaileen Atsegin dut gehien zutenek aukera gehiago zuten ordutegirik onenak lortzeko, adibidez.

Langileen arteko lehia sustatzeko modu bat zen?

Bai, zalantzarik gabe. Orain ere erabiltzaileen iritziak badu bere pisua. Enpresaren filosofia hori da. Haien ereduak sustatzen du langileen arteko lehia hori.

Legea onartu aurreko egoeran, zer zen txarrena?

Egonkortasunik eza eta ordutegia. Ordu anitz egin behar zenituen lanean soldata duin bat lortzeko. Eguneroko helburua ez betetzeak sekulako estresa eragiten zigun; horrek erran nahi zuen atseden egunak ere bazter uzten genituela, anitzetan, geure buruari jarritako helburu horiek bete ahal izateko.

Rider-en legea onartu zuten 2021ean. Nola eragin zion zuen egoerari?

Egoera aldatu zen, batez ere, autonomo izateari utzi eta soldatapeko langile bilakatu ginelako. Horretarako sortu zuen enpresak Glovo Express. Soldatapeko langile izateak, halere, ez du dena konpondu.

Prekaritatea ez da desagertu?

Ez. Haien politika ez da aldatu. Hitzarmen kolektiborik okerrenak sinatzen ari dira erkidegoz erkidego.

Zein duzue Nafarroan?

Komenentziako dendek duten bera. Gure denda, baina, ez da berez denda bat, biltegi bat baizik. Halere, hitzarmen hori dugu. Lantaldean, denera, hamabost gara. Hitzarmena ez da ona, eta hori aldatzeko ari gara lanean.

Zu zara langileen ordezkari bakarra. Zergatik egin duzu urrats hori?

Lan egin nahi nuelako gauzak aldatzen saiatzeko. CCOOko ordezkariekin harremanetan jarri ginen hasieran, eta gure kontratuak gaizki eginda zeudela ohartu ginen. Beraz, hasieratik egin dituzte gauzak gaizki, eta hori da aldatu nahi duguna.

Hutsetik hasi behar duzuen sentsazioa duzu?

Bai, zalantzarik gabe, dena borrokatu behar dugulako. Arazo nagusia delako langileon egoera aldatzeko batere borondaterik ez dutela.

Zein da zuen aldarrikapen nagusia orain?

Lan hitzarmen duin bat lortzea, gure soldatak hobetu ahal izateko. Azken hilabeteko nire nomina ez da 900 eurora ailegatu; 30 ordu dira, bai, baina lehen baino 200 euro gutxiago irabazten ari gara. Bizikletak, arropa, dena ordaindu behar dugu guk, gainera.

Zer jarrera du enpresak?

Hurrengo astean batzarra eginen dugu langileok, baina mahai gainean dago lanuzteak edo greba egiteko aukera. Estatu mailako erantzun bat eman nahi dugu, presioa egiteko. Ez dugu bertze biderik ikusten. Lan baldintza duinak nahi ditugu, bertze edozein langilek bezala.