Horma berberen artean atzo esandakoek ezinbestean egin dute oihartzun biharamunean ere, eta, atzera, agerian gelditu da diagnostikoaren beltza. Zinema eta ikus-entzunezkoen industrian lan egiten duten emakumeek osatutako Espainiako Cima elkarteak sektore horretako indarkeria matxistari buruzko txosten bat argitaratu zuen 2025ean —Isiltasunaren ondoren—, eta, astelehen honetan, Iruñeko Kondestablearen jauregian aurkeztu dituzte hartan bildutako ondorioetako batzuk. Ez dira datu samurrak. Elkarteko kide Nerea Barjolak eta Barbara Tardonek aletu zutenez, ikerketarako galdekatu zituzten hamar andretatik sei sexu indarkeriaren biktima izan dira esparru horretan, eta, ikerlariek diotenez, erasotzaileek daukaten inpunitatearen erakusle da azaleratu duten datu hau ere: erasoren bat sufritu duten emakumeen %92k ez dute salaketarik jarri. «Datuak beldurgarriak dira. Oro har dira izugarriak», aitortu du Ipes fundazioko Begoña Arrondok, bezperan azaldutakoak gogoan. Ordurako, hori bai, prest zeukan errematea. Eta doinu esperantzatsuagoan heldu da hori. «Honek guztiak agerian uzten dituen gauzetako bat da erakustaldi hau premiazkoa dugula oraindik, behar ditugula kameren aurrean eta atzean dabiltzan agentziadun emakumeei buruz mintzo diren ekinaldiak». Iruñeko Nazioarteko Zinema eta Emakumeak erakustaldiaz ari da. Non eta, preseski, hura aurkezteko prentsaurrekoan. Ekainaren 12an abiatuko dute erakustaldia, eta, nabarmendu dutenez, urteurren borobila ere bada azpimarratzekoa: berrogeigarren aldia du aurten.
Iruñeko Ipes fundazioak 1987an antolatu zuen aurrenekoz Nazioarteko Zinema eta Emakumeak erakustaldia, eta harrezkero ibilitako bidea nabarmendu du Arrondok, pozik. «Emakumeek ekoitzi edo zuzendutako filmei ikusgaitasuna eman nahian jarri zen hau martxan, emakumezko zuzendariak, ekoizleak, gidoilariak, teknikoak eta aktoreak babesteko asmoz. Urteotan, lortu dugu generoak zeharkatzen dituen askotariko narratibak ekartzea, besteak beste sinesten dugulako horiek ekartzea ere badela bestelako begiradak zabaltzeko eta eraldaketa soziala sustatzeko erreminta bat». Eta datuetan ere erakuts daiteke egitasmoak lorturikoa: 590 filmetik gora eman dituzte, 250 profesionaletik gora hartu dute parte antolatutako jardueretan, eta 70.000 ikuslek gozatu dute programazioaz.
«Urteotan, lortu dugu generoak zeharkatzen dituen askotariko narratibak ekartzea, besteak beste sinesten dugulako horiek ekartzea ere badela bestelako begiradak zabaltzeko eta eraldaketa soziala sustatzeko erreminta bat»
BEGOÑA ARRONDO Ipes fundazioko kidea
Besteak beste, aurtengo aldirako ondutako programazioa aurkeztu dute Kondestablearen jauregian eginiko prentsaurrekoan. Ekainaren 12tik 19ra bitarte, hamabost saio izanen dira orotara, eta bederatzi film luze eta zazpi film labur emanen dituzte guztira. Ohi denez, Golem zinema aretoetan eginen dituzte emanaldi guztiak. Areto horretako leihatiletan eta webgunean eskura daitezke sarrerak.
Atzerriko eta bertako narratibak
Nomad Shadow film luzeak irekiko du egitaraua, ekainaren 12an, 19:30ean. Eimi Imanishi zuzendari japoniar-estatubatuarraren lan bat da, eta Mendebaldeko Saharako neskato baten istorioa du ardatz, Espainiara emigratu eta zenbait urtez han izan ondoan sorterrira deportatu duten neskato batena. «Askotan itzalpean gelditzen den immigrazioaren alde bati erreparatzen laguntzen du lan honek, nahita edo bortxaz sorterrira bueltatzen diren migrante horiena guztiena», zehaztu du Ipes fundazioko kide Magdalena Piñeyrok. Izan ere, hark eman ditu programazioari buruzko xehetasunak.
Asteburuan ez da emanaldirik izanen, baina astelehenean, ekainaren 15ean berrekinen diote berriz egitarauari. Honako film hauek emanen dituzte astelehenetik ostiralera bitarte: Hiedra (Ana Cristina Barragan, 2025), Miss Jobson (Amanda Sans Pantling, 2025), Bye Bye Paraiso (Kim Elizondo Navarro, 2026), Corren las liebres (Lorena Ros, 2025), Viva (Aina Clotet, 2026), Fantasy (Kukia, 2025), Queer Me (Irene Ballo, 2025) eta Sucia (Barbara Mestanza eta Marc Pujolar, 2025).
Ohi denez, film laburren sail bat ere izanen da erakustaldian. Ekainaren 17an emanen dute hori, osoki, 17:00etatik aurrera. Lehenbizi, Film Laburrak Femeninoan lehiaketan gailendutako bost lanak emanen dituzte: Cara de bicicleta, Los chicos con las chicas, Tenemos que hablar, Tú no eta Un día perfecto. Segidan, bi zinemagile nafarren lan bana emanen dute. Biak ala biak emakume pilotari eta erraketistei buruz mintzo dira biak: Eva Beunzaren Por ti eta Gema Iriarteren Ellas también juegan.
Kondestablearen jauregiaren jarri dute ikusgai erakustaldiaren 40. urteurrenagatik osatutako erakusketa. J. M. / FOKU
kartelez kartel, 40 urtez
Urtero-urtero, behin ere hutsik egin gabe ibili du berrogei urteko bidea Nazioarteko Zinema eta Emakumea erakustaldiak Iruñean, eta kartelak ere badira horren erakusle. Andrea Ganuza artistak ondu du aurtengo aldia iragartzekoa. Harago ere jo du aurten Ipes fundazioak, baina. Atzera egin, 1987tik gaur arte argitaratutako kartel guztiak bildu, eta erakusketa bat jarri dute ikusgai Kondestablearen jauregian. Zehazki, Ainhoa Ruiz Corretgek diseinatu du erakusketa, eta ekainaren 28ra arte izanen da zabalik.
