Urteurren borobila du Iruña Hiria nazioarteko poesia sariak. Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak antolatzen dute literatur sariketa hori, hogeigarren aldia du aurtengoa, eta, hori bakarrik ez, preseski aurten bete da hamarkada bat euskarazko adarra abiarazi zutenez geroztik. Ordutik, epaimahaiak bi idazleren lanak saritzen ditu aldiro, eta gaur jakinarazi dituzte aurtengoak: Ane Zuazubiskar Iñarrak irabazi du euskarazko modalitateko saria, eta Sergio Manuel Moreno Dominguez gailendu da gaztelaniazko lanen artean.
Tigre bat azalean izeneko poema bildumagatik jaso du garaikurra Zuazubiskarrek. Euskarazko modalitaterako aurkeztutako hemeretzi lanen artean nabarmenduta gailendu da, zehazki, eta 3.000 euroko saria jasoko du horri esker. Gainera, idatzitako olerki sorta argitaratzeko bidea ere bermatua du arrasatearrak.
Antzera, 3.000 euroko ordainsaria eta liburua plazaratzeko bermea jasoko ditu Morenok ere. Gaztelaniazko modalitatera aurkeztutako 365 lanen artetik harena hautatu du sariketaren epaimahaiak: Septiembre y lunes.
Udazkenean eginen dute sari banaketa: urriaren 30ean, Iruñeko Kondestablearen jauregian. Gainera, hain justu ere, lehiaketaren hogeigarren urteurrena ospatzeko, ikuskizun bat ere programatu dute arratsalde horretarako bererako, gaztelaniaz. Lamentos de la Gran Manzana ikuskizuna taularatuko dute Civivox Pompelo aretoan. Federico Garcia Lorcaren Poeta en Nueva York lanean inspiratutako musikal bat da hori, poesia errezital bat eta jazz musika uztartzen dituena. Javier Asiain Navarro poeta iruindarrak jokatuko du protagonistaren rola.
