Aske jaialdia Atarrabian egingo dute abenduaren 26an. Euskal Herri aske baten «soinu banda» moduan deskribatzen dute festibala antolatzaileek: «Euskalduna, feminista, antikapitalista, solidarioa… ». Soinu banda horretan, aurten Arkada Social eta Des-kontrol taldeek parte hartuko dutela iragarrita zegoen dagoeneko, besteak beste, eta beste sei talderen berri eman dute gaur: Ketekalles, Latzen, Maruxak, Belako, Bull Brigade eta La Txama batu dira kartelera.
Iazko moduan, oholtza gainean askotariko estiloak plazaratzea dute helburu antolatzaileek. Hori horrela, esaterako, La Txamaren doinu dantzagarriak izanen dira, batetik: hip-hopa, folk-rocka eta corrido tumbado-a batzen ditu taldeak bere kantuetan, eta antolatzaileen esanetan, gorputza mugitzeko giro «paregabea» sortuko dute. Era berean, Maruxak Iruñerriko taldearen folklorea egongo da presente Askeren eszenatokian. Uda honetan, Euskal Herrian txokoz txoko ibili da trabesti talde hori, dantza eta aldarriak zabalduz.
Oñatitik (Gipuzkoa) iritsiko dira doinu gogorrenak: Latzen taldearen eskutik. 2025eko uztailean, preseski Hatortxu Rockeko azken edizioan, igo zen taldea berriro oholtzetara eta ordutik metal doinuekin josi du eszena musikala atzera ere. Eta, hala ere, ez dira Aske jaialdira soinu gogorrak eramateko ardura izango duten bakarra: Belakoko kideak ere egongo dira eszenatokian, post-punk estiloa oinarri. Alemanian hainbat kontzertu eskaini eta gero helduko dira Atarrabiara.
Katakalles eta Bull Brigade taldeak dira, oraingoz, Euskal Herritik kanpokoak diren eta festibalean aritzekoak diren musikari bakarrak. Ketekallesek Bartzelonan du jatorria, baina sustraiak Txilen, Venezuelan eta Argentinan ere baditu. Taldea osatzen duten bost emakumeek rapa, rocka, runba, hip-hopa eta soinu urbanoak nahasten dituzte. Bestalde, Bull Brigadek Turinen (Italia) du sorterria, eta punk doinuak joko dituzte oholtza gainean.
Jadanik iragarrita zeudenak
Abenduaren 26an «momentu gogoangarriak» biziko direla adierazi dute antolatzaileek, eta, ziurrenik horrelakoak izango direla Arkada Socialen edo Des-kontrol taldeen kontzertuak. Ez zoriz. Eszenatokiei agur esango dietela iragarri zuten ekainean bi taldeek. Agurra bi emanalditan emango dute: Aske jaialdian eta 40 Minutu Rocken, Durangon, 2027ko otsailaren 20an.
Arrasateko talde horiez gain, antolatzaileek uztailean kartelaren parte diren beste hiru talderen izenak argitaratu zituzten: Tremenda Jauria, Añube eta Sukena. Lehenak, cumbia eta reggaeton estiloak uztartzen ditu, konpromiso sozial eta politikoz beteriko letrekin. Añubeko kideek, bestetik, doinu rockeroago baten alde egiten dute; eta Sukena taldeak, pop estiloaren alde.
Aske jaialdiko sarrerak jadanik eskuragarri daude online festibaleko webgunean, 40 euroren truke.
