Benetako min amaigabea

Benetako min amaigabea

Sei emakumek Asenna Nafarroako Endometriosi Elkartea sortu dute, eritasun horren berri emateko. Salatu dute oraindik ere gaixotasun «ikusezin» bat dela, eta zalantzan jartzen dela sufritzen dutenen hitza.

Edurne Elizondo

Ongi ulertzen dute elkar; batek ezaguna duelako bertzearen mina; ezaguna duelako medikuen, lagunen eta zenbait senideren ulertu ezina. “Hilekoak eragindako oinazea bertzerik ez da; eutsi beharko diozu”. Esaldi hori hamaika aldiz entzun behar izan dute biek, eta, entzun duten bakoitzean, mina sakonago sentitu dute: “Mingarria baita gure hitza behin eta berriz zalantzan jartzea. Behin eta berriz erran behar izan dugu ez gaudela ongi; sentitzen dugun minak erabat baldintzatzen duela gure egunerokoa. Kontua ez dela hilekoak mina eragiten digula. Frustragarria da bertzeek gu aintzat ez hartzea”.

Nerea Barba Ramosek (Iruñea. 1987) eta Espe Ziriza Goñik (Iruñea, 1981) erran dituzte hitz horiek. Nafarroan sortu berri duten Asenna endometriosi elkarteko sei sustatzaileetako bi dira. Laugarren graduko endometriosi sakona dute, eta eritasun horri “bakarrik” egin behar izan diote aurre. Orain arte: bat egin, eta elkartea sortzeko pausoa eman dute, bakardade hori ez baitute nahi bertze inorentzat. “Bada garaia gure mina eta gure hitza kontuan hartzeko”, erran du Barbak, Asennako presidenteak.

“Hamar emakumetik batek du endometriosia; eritasun ikusezin bat da oraindik ere, eta, ondorioz, kasu gehiago izanen direla ziur gara”, azaldu du Barbak. Endometriosia duten emakumeek eta uteroa duten gainerako pertsonek ezgaitzailea izan daitekeen mina pairatzen dute. Eritasun kroniko bat da; uteroa inguratzen duen endometrioa handitu egiten zaie, eta uterotik kanpo ere hazten da; bertze organoetara itsas daiteke endometrioaren ehun hori —burmuinera ere ailegatzen ahal da—, eta, ondorioz, hamaika sintoma eragin.

Ezintasun iraunkorra

“Nik, hilekoa lehendabizikoz izan eta gero, giltzurrunetan sumatzen nuen mina, bereziki. Medikuek erraten zidaten kolikoak zirela, baina ez nuen inoiz harririk izan. Behin, sanferminetan, dantzan salto egin, eta ezin mugitu gelditu nintzen. Medikuarengana joan, eta zortzi zentimetroko kiste bat aurkitu zidaten, azkenean; endometriosiak eragindako kiste hori nerbio ziatikoa zapaltzen ari zitzaidan”.

Espe Zirizarenak dira hitzak. Azken urtean ezin izan du lanik egin. Duela urte bat, hain zuzen, histerektomia oso bat egin zioten. “Mina, baina, ez da desagertu. Gaitzak ez gaitu hiltzen, baina ez digu bizitzen uzten”. Horregatik, lanerako ezintasun iraunkorra eskatu du, eta epaimahaiak zer erantzunen dion zain da.

Nerea Barbari onartu diote; ez endometrosiagatik, halere. “Pelbiseko min kronikoagatik onartu didate ezintasuna. Espainiako Gobernuak, dena den, onartu berri du orain endometriosia desgaitasun gisa jotzeko aukera”. 2018. urtean erran zioten medikuek Barbari endometriosia zuela. Ebakuntza bat egin zioten, obario bat bihurritzen ari zitzaion kiste bat zuela uste zutelako, baina ebakuntza gelan ohartu ziren endometriosia zela Barbaren egunerokoa baldintzatzen ari zen gaitza. “Erran zidaten endometriosiak kolonari, maskuriari eta uretrari eragin ziela, bertzeak bertze”, oroitu du

2019an bertze ebakuntza bat egin zioten Barbari, eta 2020koan, azkenik, obario bat kendu zioten. “Hala eta guztiz ere, mina ez zen desagertu. Egunero nuen mina, eta nire bi urteko haurra besoetan hartzeko ere ez nintzen gai. Mina, oraindik ere, ez da desagertu. “.

Interesik eza

Min handia da endometriosiaren marka, kasu anitzetan. Diagnostiko bat lortzea, halere, ez da erraza izaten. Hainbat arrazoik azaltzen dute zailtasun hori; batetik, endometriosia oraindik ere gaitz nahiko ezezaguna izatea; eta, bertzetik, formakuntzarik eza medikuen artean.

Barbak eta Zirizak garbi dute “emakumeen gaixotasun bat” izateak azaltzen duela egoera hori. “Ez dago interesik. Eta asmatu ezinik aritzen dira medikuak. Tratamendu eraginkorrik ez dago; bertzeak bertze, ikerketarik ere ez delako egiten”, nabarmendu du Barbak.

Jakina da eritasun genetiko bat dela, eta estrogeno gehiegi izateak eragiten duela endometrio ehuna ohi baino gehiago handitzea eta haztea. “Estrogeno kopurua mugatzeko, progesterona erabiltzen dute, adibidez; zenbaitetan, denbora tarte batez hobera egiten duzu, baina, denbora tarte hori pasatuta, mina itzultzen da”.

Nerabeak zirenetik, larrialdietara hamaika aldiz joan dira Barba eta Ziriza; hamaika medikurengana jo dute, eta, kasu gehienetan, hilekoarekin lotu dute profesionalek sufritu duten oinaze hori. “Erotzat hartu gaituzte; histerikotzat. Normaltzat jo dute genuen mina, eta etxera bidali gaituzte bueltan”.

Egoera horiek utzitako arrastoa sakona da endometriosia dutenengan. “Bazter utzita sentitu naiz anitzetan; funtsezkoa da errateko duguna entzunen duen norbait izatea”. Barbak zorionekotzat jo du bere burua, obario bat kentzeko azken ebakuntza egin eta gero psikologoarengana bideratu zuelako ospitaleko medikuak. “Psikologoak salbatu nau”.

Asenna Nafarroako Endometriosi Elkartea sortzeko urratsa egin izanak ere “indarra” eman diola azaldu du Barbak. Espe Zirizak ere “lagungarritzat” jo du elkartea sortu izana. Euren esperientziak kontatu nahi dituzte, eta elkarri lagundu, bertzeen mina, ahal den neurrian, arintzeko asmoz. “Zure egoera berean denak ulertzen zaitu hobekien”, zehaztu dute bi emakumeek.

Gaizki direnean ere, elkarri eusteko helduleku bat izan nahi dute. Osasunbideko Minaren Unitatean gertatu zaiona kontatu du Zirizak, adibidez. “Sendagiria eman didate, nire oinazea kronikoa izan arren; mina desagertu ez den arren. Ikusezin bilakatzen gara, eta bazter uzten gaituzte”. Egunean hiru morfina pilula hartzen aritu da; larrialdietara joan behar izan zuen egun batean, oinazeak gora egin ziolako. Bi egun egon zen ospitalean, baina mina ez zen desagertu. “Ginekologoarengana joan nintzenean, ezin zuen ulertu Minaren Unitatean sendagiria eman izana. Familia medikuarengana joan behar izan nuen berriz, medikuak Minaren Unitatera joateko eskaera egin dezan, berriro”.

Nerabeak erdigunean

Eskoletan eta institutuetan egon nahi dute Asennako kideek, endometriosiaren berri emateko eta herritarrak kontzientziatzeko. “Aitor dezatela, behingoz, gure mina”. Endometriosiaren Nazioarteko Eguna izan zen martxoaren 14a, eta karrikara atera ziren, informazioa zabaltzeko. Elkartea aurkezteko agerraldia ere egin zuten, bezperan, martxoaren 13an, Eguesibarren.

“Jende anitz etorri da guregana egunotan. Ohartu gara badela gurearen gisako elkarte baten beharra”, kontatu dute Zirizak eta Barbak. Nerabeak erdigunean jarri nahi dituzte, eta nabarmendu dute “funtsezkoa” dela gaitza ahalik eta azkarren antzematea. “Ez da erraza, ekografietan ez baita ikusten”. Horregatik berretsi dute formakuntzaren beharra: “Familia mediku batek edo ginekologo batek ikusten badute nerabe bat behin eta berriz joaten dela kontsultara, minak jota, saia daitezela ikertzen, eta kontuan izan dezatela endometriosiaren aukera”, erran du Nerea Barbak.

Diziplina anitzeko unitatea

Amatasunaren auzia ere erdigunean jarri nahi izan dute Asennako kideek. Izan ere, endometriosia duten emakume anitzek entzun dute haurdunaldiak sendatuko diela gaitza; eta, aldi berean, medikuek erran diete ezin izanen dutela umerik izan. Barba eta Ziriza ama dira; Zirizak bi seme-alaba ditu, eta seme bakarra, berriz, Barbak. Haurdunaldiek ez dute haien oinazea arindu. “Gaixotasun kroniko bat da gurea; ez da sendatzen”, berretsi du Zirizak.

Diagnostikoa 28 urte zituenean jaso zuen hark. “Zer zen ere ez nekien, eta medikuak erran zidan ezin izanen nuela haurrik eduki”. Handik hilabete batera, haurdun gelditu zen, lehen aldiz. Nabarmendu du bere egoerak ez duela hobera egin. “Ez du zentzurik mediku batek errateak endometriosia haurdun gelditzen zarenean sendatuko zaizula; seme-alabarik ez baduzu izan nahi, zer? Eta, gainera, ez da egia”.

Gisa horretako egoerek endometriosia ikertzeko eta profesionalak trebatzeko beharra uzten dute agerian, Asennako kideen ustez. Hori eskatu diete Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko agintariei, hain zuzen. Nafarroako Unibertsitate Ospitalean endometriosia dutenak artatzeko unitate bat galdegin dute, gainera, gaixoak ikusi behar dituzten espezialista guztiek —ginekologo organikoek, urologoek, digestio aparatuko medikuek, minaren unitatekoek— batera aritzeko aukera izan dezaten. Ez dute bidea bakarrik egiten segitu nahi.

GAKOAK

Endometriosia eritasun ezezagun bat da oraindik ere, neurri handi batean. Hamar emakumetik batek pairatzen du. Ezgaitzailea izan daitekeen mina eragiten du. Hauek dira gako nagusietako zenbait.

1 Genetikoa. Endometriosia patologia genetiko bat da; hileko mingarriekin nahasi izan da denbora luzez, eta, horren ondorioz, diagnostikoak berantiarrak izaten dira anitzetan. Uteroa inguratzen duen ehuna da endometrioa, eta, gaitza dutenen artean, handitu eta hazi egiten da ehun hori, uterotik kanpo; bertze organoetara ere itsas daiteke endometrioaren ehuna. Estrogeno gehiegi izateak eragiten du endometrio ehuna ohi baino gehiago handitzea eta haztea. Estrogeno kopurua mugatzeko, progesterona erabiltzen ohi dute medikuek, hain zuzen ere.

2 Graduak. Endometriosiak eragindako kalteen arabera, lau gradutan sailkatzen da eritasuna, batetik laura; azkena da larrie-na. Gaitza dutenen %15ek dute laugarren graduko endo-metriosia.

3 Sintomak. Endometriosiak eragin ditzakeen sintomak anitz dira: hileko mingarriak, eta odol jario handikoak; sexu harreman mingarriak; pelbiseko min kronikoa; oinazea sabelaldean; hesteetako nahasmenduak; mina pixa egiterakoan, eta odola agertzea gernuan; nekea eta bizkarreko mina. Azken sintoma hori ohikoa da laugarren graduko endometriosia dutenen artean.

4 Tratamenduak. En-dometriosiak ez du sendabiderik; tratamenduen helburua da, ondorioz, gaitz horrek eragiten dituen sintomak arintzea, ahal den neurrian. Eritasunaren graduaren araberakoak dira sintoma horiek. Gorputz guztiak, gainera, ez dira berdinak, eta gaitzak, gradu bera izan arren, ezberdin eragiten ahal die batzuei eta bertzeei. Tratamenduen helburua izaten da mina arintzea, oinazearen aur- kako botiken bidez. Hormonen bidezko tratamenduak ere badira, estrogeno kopurua mugatzeko. Kirurgia behar izaten dute gaixo anitzek ere, endometriosiaren kalteak arintzeko.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku.