Carolina Clemente sexu langilea Iruñean izan da, eta nabarmendu du prostituzioan ari diren emakumeei eman behar zaiela hitza, auzi horren inguruko legeak garatzeko.
Edurne Elizondo
Iruñeko Arrotxapeko Talde Feministak antolatu du saioa; Isabel Saezen Chicas prepago film laburra eman eta gero hartu du hitza Carolina Clementek. Hiriburuko Errotaberri elkartean bat egindako guztiek arreta handiz entzun dituzte haren hitzak, eta txalo zaparrada bat eskaini diote isildu denean. Sexu langilea da Clemente, Putak Borrokan kolektiboko kidea, eta erdigunean jarri du borroka horren helburua: “Babesa eta eskubideak, salerosketaren biktima direnentzat; lan alternatiba errealistak, prostituzioa utzi nahi duten emakumeentzat; eta lan eskubideak, berriz, jarraitu nahi dugunontzat”.
Bartzelonakoa da Clemente, baina Donostia du orain bizitoki. Isabel Saezekin zenbait saiotan parte hartu du, prostituzioan ari diren emakumeen hitza zabaltzeko asmoz. “Informaziorik eza da nagusi”, nabarmendu du. Salatu du, gainera, prostituzioaren abolizionisten diskurtsoa “demagogiaz eta gezurrez” beteta dagoela. Datuak eta esperientziak jarri ditu erdigunean, eta eskatu du “entzun” dezatela errateko dutena; “subjektu gisa dagozkigun eskubideak onar diezazkigutela”.
“Isilarazi nahi gaituzte”
“Chicas prepago prestatzen hasi nintzenean, ez zegoen oraingo polarizazioa prostituzioari buruz. Film horretan bi sexu langileren bizitzaren berri ematen dut. Ez da diskurtso erradikal bat duen lan bat, eta horregatik harritu nau batzuek, ikusi gabe ere, zuzenean mutur batean kokatu izana”, kontatu du Isabel Saezek, bere dokumentalari buruz.
Antsoainen, hain zuzen, zentsuratu nahi izan zuten emanaldia, iazko maiatzean. “Ezin nuen sinetsi gaia udaleko osoko bilkurara ailegatu izana”, oroitu du zuzendariak. “Nire lanak bi sexu langileri eman die hitza, baina haien bizipenak ez du bertze inorena ukatzen”.
“Gu isilarazi nahi gaituzte”, erran du Clementek. Emakumeen salerosketarena da diskurtso abolizionistak prostituzioaren aurka egiteko erabiltzen duen hari nagusietako bat —salerosketaren biktimatzat jotzen dute prostituzioan ari diren emakumeen %99—, eta auzi horri argi eta garbi erantzun nahi izan dio Clementek. OIT Lanaren Nazioarteko Erakundearen datuak jarri ditu erdigunean: salerosketaren biktima izan diren 40 milioi pertsona daude munduan. “40 milioi horietatik 4,8 ari dira behartuta prostituzioan; hamabost milioi emakume eta neska dira, berriz, ezkontzera behartutakoak. Nazio Batuen Erakundeak 2000ko hamarkada hasieran egindako ikerketa baten arabera, prostituzioan behartuta ari direnak %14-15 dira”.
Clementek salatu du Europan dauden lege abolizionistek ez dituztela prostituzioan behartuta ari diren emakumeak babesten. Berretsi du sexu langileen eskaera nagusietako bat dela behartuta dauden emakume horien eskubideak kontuan hartzea eta errespetatzea, eta haiek eta euren hurbilekoek behar duten babesa jaso dezatela. “Hori, baina, ez da gertatzen”.
Espainiako Estatuko egungo legediak ere salerosketaren biktimak “babesgabe” uzten dituela erantsi du Clementek. Izan ere, ustez babes hori jaso ahal izateko, sorterritik atera dituztenak salatu behar dituzte emakumeok. “90 eguneko epea dute salatuko duten edo ez erabakitzeko. Ez badute salatzen, CIEra [atzerritarrentzako zentro itxia], eta sorterrira berriro. Emakumeok pobrezia atzean uzteko ateratzen dira sorterritik. Ekartzen dituztenekin zorpetzen dira, eta sorterrira itzultzen dituztenean, gainera, zor hori ordaintzen segitu behar dute. Salatzen dutenean ere, babesa jasotzeko bermerik ez dute”, kontatu du Clementek.
Atzerritarren Legea
Pobrezia eta migrazioa. Clementek uste du bi auzi horiek prostituzioaren inguruko eztabaidaren erdigunean egon behar dutela, pobreziak eragiten duelako emakume migratzaile anitzek prostituziora jotzea. “Ondorioz, ezinbertzean hitz egin behar dugu Atzerritarren Legeaz; lege hori moldatu edo bertan behera utzi gabe ez dago emakumeon eskubideak bermatzerik”. Paperik gabekoen eta trans emakumeen “zaurgarritasuna” jarri du Clementek agerian.
Hark salatu du Norvegiako, Suediako, Alemaniako eta Herbehereetako lege abolizionistek ez dutela pertsonen salerosketa bazter uztea lortu; Espainiako Gobernuak prostituzioa utzi nahi dutenentzat zehaztutako bideak ere kritikatu ditu: “Dirutza jasotzen ari dira gobernuz kanpoko zenbait erakunde putak salbatzeagatik; lana lortzeko alternatibarik ez diete eskaintzen, ordea”.
Zeelanda Berriko legea jarri du adibide, “gabezia guztiekin”, sexu langileen iritzia jasota garatu dutelako, eta eskubideak hartu dituelako abiapuntu. Kriminalizazioa eta estigma bazter uzteko garaia dela aldarrikatu du Carolina Clementek: “Inoiz ez dugu erran prostituzioa zoragarria denik, edo emakumeak ahalduntzen dituenik, baina gure eskubideak aintzat hartzea nahi dugu, eta eskubide horiek kontuan hartuta garatu ditzatela legeak, gu gehiago ez zigortzeko”.