“Gai inportanteetan, gutxienez, adostasun bat lortu nahi dugu”

“Gai inportanteetan, gutxienez, adostasun bat lortu nahi dugu”

Ekainaren 17tik Burlatako alkate da Berta Arizkun (EH Bildu). Zurekin Aldatuz eta Geroa Bai taldeekin osatu du gobernua, eta Navarra Sumari kendu dio agintea. Azke lau urteak «gogorrak» izan direla aitortu du.

Edurne Elizondo

Berta Arizkunek (Iruñea, 1975) ongi ezagutzen du Burlatako Udala. Azken zortzi urteotan izan da zinegotzi (EH Bildu), eta ekainaren 17tik, alkate. Navarra Sumari kendu dio agintea, eta erregionalisten lan egiteko moduak ere aldatu nahi ditu: “Herritarrekin bat aritu behar dugu”.

Alkate izan baino lehen, alkateorde izan zinen lau urtez, eta oposizioko zinegotzi bertze lau urtez. Kargurako prestatu zara?

Balio izan dit aurretik egindako lan horrek. 2015ean sartu nintzen udaletxean. Gobernu taldean nintzen orduan, alkateorde. Txema Noval alkatea bajan egon zen hasieran, eta egokitu zitzaidan jarduneko alkate izatea. Udala, beraz, ongi ezagutzen dut.

Ez zenuen zalantzarik izan maiatzaren 28ko hauteskundeetarako alkategaia izateko?

Hasieran, egia esan, izan nituen zalantzak. Aurreko legegintzaldia izan da nahiko gogorra. Pandemia izan dugu, izan ditugu uholdeak, eta gogorra izan da ere Navarra Sumaren urteotako kudeaketa nahiko gogorra eta traketsa izan delako. Horregatik izan nituen zalantzak, hasieran, baina EH Bilduren militantziaren konfiantza jaso nuen, eta baiezkoa eman nuen. Erabakia hartu eta gero, gogoz eta indarrez nago.

Navarra Sumaren kudeaketa “gogorra” aipatu duzu. Nolakoak izan dira azken lau urteok?

Navarra Sumaren kudeaketak ez ditu kontuan hartu herritarrak eta herriko eragileak. Guk defendatzen dugun ereduaren guztiz kontrakoa garatu du talde horrek. Guk uste dugu hainbat gauza herritarrekin batera egin behar ditugula, eta azken lau urteotan horrelakorik ez da izan.

Hori aldatzeko asmoa duzu?

Hasi gara jada herriko kolektiboekin harremanetan. Ikusten ari gara jendea haserre eta minduta dagoela oraindik. Guk garbi dugu harreman hori berriz lantzea ezinbestekoa dela. Burlatan bada herri mugimendu handi bat, eta herriak aurrera egin dezan haiekin egin behar dugu lan, herriko kolektibo guztiekin.

Aurreko udal gobernuak, bertzeak bertze, herriko kultur eta kirol patronatuak desegin zituen, eta horrek zenbait elkarteren protesta eragin zuen. Huts egin zuen udalak?

Huts egin zuen patronatuak bertan behera uzteko moduan. Patronatuak desegiteko aukera mahai gainean zegoen, baina nola egin erabaki gabe. Zer gertatu zen? Navarra Sumak urrats hori egin zuela langileekin eta kolektiboekin hitz egin gabe, haien iritziak eta ekarpenak jaso gabe. Horrek mindu du jendea. Gauzak bertze modu batera egin zitezkeen.

Hori da zuen erronka, datozen lau urteotarako? Gobernatzeko bertze eredu bat ezartzea?

Bai. Zurekin Aldatuz taldearekin eta Geroa Bairekin osatu dugu udal gobernua; gehiengoa badugu. Horrek emanen digu egonkortasuna, baina gure asmoa da beste taldeekin ere lan egitea. Navarra Sumak bakarrik egin du dena azken urteotan, eta guk ez dugu bide bera jarraitu nahi; gai inportanteetan, gutxienez, adostasun bat lortu nahi dugu.

Zer auzitan?

Erripagañari buruzkoan, adibidez. Udalak hartu behar du erabaki bat; jarrera bat hartu behar du, eta hori talde guztiekin landu nahi dugu [Iruñeko, Uharteko, Eguesibarko eta Burlatako lurren gainean dago Erripagaña, eta haiek dute auzo horren egoera administratiboa konpontzeko ardura]. Azpiegituren arloan ere inportantea da denak elkarrekin aritzea; igerileku berriaren proiektua dugu garatzeko arlo horretan. Jasangarritasunarekin eta trantsizio energetikoarekin zerikusirik duten kontuetan ere inportantea da bat egitea, elkarrekin adosteko zer herri izan nahi dugun hemendik hainbat urtera.

Uste duzu erraza izanen dela denen arteko akordio horiek lortzea?

UPNrekin eta PPrekin ez gara oraindik elkartu; PSNrekin hitz egin dugu, bai, eta, oraingoz, jarrera ona agertu dute. Badakite udal gobernutik kanpo daudela, baina ongi hartu zuten elkarrekin lan egiteko gure asmo hori.

Bestelako gehiengoek bide emanda eta PSNren beharrik gabe, hautagai abertzaleek hartu dute aginte makila Iruñerriko udal gehienetan. Zein izan da gakoa?

Nik uste dut ongi egindako lana dela gako nagusia. Hurbildu zaigu jendea esatera Burlatan EH Bildu bozkatuko zutela aurten, ikusi dutelako Atarrabian oso ongi egin dituztela gauzak. Uste dut EH Bilduk Espainiako Kongresuan egindako lan onak ere eragin duela.

Iruñeko Udalean, baina, UPNk lortu du agintea, PSNk EH Bilduri ezarritako betoaren ondorioz.

Aurreko legegintzaldian gauza bera egin zuten Burlatan. PSNri esker agindu du Navarra Sumak azken lau urteotan. Iruñekoa, egia esan, nik garbi ikusi nuen hasiera-hasieratik. Eta are argiago ikusi nuen biharamunean Pedro Sanchezek hauteskundeetara deitu zuenean. Madrilen ez dute ulertzen PSNk EH Bildurekin akordio bat egitea. Pena bat da.

EH Bildu ETArekin lotzeko ahaleginek badute pisu handia?

Nik uste dut herrietan hori gainditu dela. Garbi dut jende askok bozkatu duela EH Bildu inolako konplexurik gabe. Baina Espainian ez dute gainditu, oraindik, eta uste dut kostatuko dela.

UPNren kanpainako protagonista izan da EH Bildu.

Kontua da UPN beldur dela boto gehien jasotzen duen indarra izateari uzteko.

Iruñean 3.000 boto ingurukoa izan da UPNren eta EH Bilduren arteko aldea. Espero zenuen?

Pena bat da. Gauean, halako batean, askok sinetsi zuten EH Bilduk irabaz zezakeela. Orain, ikusten da posible dela. Gero, emaitzak ikusita, nik berehala garbi nuen alkatetza UPNrentzat izanen zela. Horregatik poztu nintzen ikusi nuenean Burlatan PSN ez zela erabakigarria izanen.