“Zerbait alde batera uzteko idazten dut beti”

“Zerbait alde batera uzteko idazten dut beti”

Iruñea Hiria poesia saria irabazi berri du Iban Garro Alzuri lesakarrak, euskaraz, ‘Larrosa bat Groenlandian’ izenburuko olerki bildumarekin. Errutinaren indarraz eta hura apurtzeko beharraz idatzi du, bertzeak bertze.

Edurne Elizondo

Iruñea Hiria Nazioarteko XVII. Poesia Saria irabazi du Iban Garro Alzuri idazle lesakarrak (1974), euskaraz —gaztelaniaz, Imanol Ulazia nagusitu da—, Larrosa bat Groenlandian izenburuko lanarekin. “Hunkituta” hartu du Garrok saria, eta, batez ere, sariak liburua argitaratzeko eman dion aukera.

Iruñea Hiria nazioarteko poesia saria irabazi berri duzu. Kontent?

Espero ez dituzun gauza horietako bat izan da sari hau. Amets bat? Ez dakit nola erran… Uste duzu inoiz ez duzula horrelako sari bat irabazi behar, eta, bat-batean, tokatzen zaizu. Sekulako oparia da.

Ez da saritzen zaituzten lehen aldia; Iruñeko egile berriena ere jaso izan duzu. Zergatik da berezia oraingoa?

Bertze pauso bat eman dudalako sari honekin, nolabait erranda. Edonongo jendeak parte har dezake, eta saria, gainera, liburu bat argitaratzea da; zurea, ez bertze egile batzuekin egina. Liburu bat argitaratzea hagitz zaila da, eta aukera hori izatea gauza handia da niretzat.

Horrelako sariketa batek ematen dizu epaimahai baten bermea. Hori estimatzen duzu?

Bai. Epaimahai batek ematen dizu berme bat, epaitzeko begiekin irakurtzen baitute zure lana, irizpide jakin batzuekin, eta hori niretzat aitortza bat da. Zuk lan bat aurkezten duzunean, uste duzu merezi duela, baina zure iritzia bertzerik ez da, eta, akaso, oker zaude, bertze hamaika gauzatan bezala!

Ez diozu zure lana aurretik bertze inori erakusten?

Bikotekideari erakusten dizkiot nire lanak. Zuzentzaile aritu da urte luzez, eta hari erakusten dizkiot. Iritzi praktiko bat ematen dit beti. Ni idazlea naiz, eta idazle gisa irakurtzen ditut nire lanak; ona da hartzailearen iritzia ezagutzea. Badut kritikari on bat!

Kritikak jasotzen nolakoa zara zu?

Testuinguru hurbil batean, hau da, etxekoen artean, ona! Behar dut kritika hori. Balio dit.

Saritu zaituen epaimahaiak erran du, bertzeak bertze, literatura baliabide askotariko eta aberatsak erabiltzen dituzula.

Epaimahaiko kideen hitzak hagitz politak izan dira. Hunkituta gelditu naiz. Baliabideak aipatu dituzte, eta lan honen kasuan erran behar dut hitz joko anitz erabili ditudala, nahita. Jolasteko gogoa nuen. Errimekin eta fonetikarekin ere jolastu naiz, neurri batean. Hori bertsolaritzatik heldu zait. Hitz joko horietatik abiatzen dira egin nahi ditudan gogoetak.

Zer-nolako gogoetak?

Hori azaltzeko aipatu behar dut, lehenik eta behin, duela lau urte hasi nintzela olerkiok idazten. Orduko nire egoerak badu lotura estua idatzi dudanarekin. Urtebeteko eszedentzia hartu nuen, hamaika urtez toki berean lanean aritu eta gero. Gelditu behar nuen. Beraz, nire errutina eteteko beharra nuen une horretan sortzen dira olerkiak. Poemetan hori agertzen da: errutinaren preso sentitzea, errutinan zirrikitu bat aurkitzea zeinen zaila den…

Askatzeko gogoz idatzi dituzu poemak, beraz?

Hori beti; zerbait alde batera uzteko idazten dut beti. Utzi, bertze zerbait hartzeko.

Larrosa bat Groenlandian. Zergatik izenburu hori?

Bidaia bat irudikatu nahi nuelako, batetik; bertzetik, Groenlandia irudikatzen nuen dena zuria, eta dena berdina. Errutinaren isla zen niretzat, eta, larrosa, berriz, azpitik sortzen den larrosa hori, errutina apurtzen duena. Izenburua, gainera, hasieratik nuen buruan. Norabidea markatu zidan.

Larrosa izan daiteke sormenaren irudi?

Errutina sistemaren arma bat da, nolabait erranda; arma bat larrosak edo azpian dagoen hori ez daitezen azaleratu. Hori gertatzen denean, norbanakoak bilakatzen gara arma. Barruko edertasun hori kanpora ateratzen du larrosak. Lotura badu egin nuen clown ikastaro batekin ere. Clown baten aurpegi zuriak sudur gorria du erdian; larrosa, Groenlandian bezala. Clownak barruko emozioekin egiten du bat, eta kanpora ateratzen ditu.

Lesakako antzerki taldean zaude, eta bertsotan ere aritua zara. Bertsolaritzak eraman zaitu poesiara?

Bertsolaritza gustatu izan zait beti, eta poesiaren aitzineko pausoa izan da niretzat. Bortzirietako Bertso Eskolan aritu nintzen, eta Nafarroako Bertsolari Txapelketan ere parte hartu nuen. Baina beldurra eta lotsa ematen zidan jende aitzinean kantatzeak. Orain, lagunartean aritzen naiz bertsotan; bertzela, ez.

Eta zerk eraman zaitu antzerkiaren esparrura?

Herriko taldean ari naiz, 2019tik. Hasi berria naiz, beraz, baina gustatzen zait. Gorputzaren mugimenduak, ahotsaren adierazpena, pertsonaia batean sartzea… hori guztia behar dut nire garapen pertsonalean; oreka bilatzen laguntzen didate.

Larrosaren eta Groenlandiaren arteko oreka?

Groenlandiak badu lotura nire lan esparruko errutinarekin; larrosak, berriz, sormenarekin.

Herri bateko antzerki talde bat da zurea; horrek zer ematen dio egiten duzuen lanari?

Bi obratan parte hartu dut nik, eta orain bertze bat prestatzen ari gara. Taldeak baditu hogei urte baino gehiago; obrak taldeko Gaizka Sarasolak idazten ditu, eta denon artean osatzen ditugu jantziak, atrezoa… Lan kolektiboa da, gure artean eta lagunekin egina.

Bertsolaritzan zenituen beldurra eta lotsa galdu dituzu antzerkiarekin?

Baietz uste dut. Bada tentsio bat, eta gustatzen zait hori sentitzea. Lehen, beldur handia nion jendaurrean agertzeari, baina orain erakartzen nau prestatutakoa jendaurrean erakusteak. Antzerkian erosoago sentitzen naiz jende aitzinekoan, bertsolaritzan baino.

Nolakoa da zure idazteko prozesua?

Bilatzen ditut nire momentuak; momentu berezi horiek behar ditut idazteko. Bertzela, ez dut idazten. Baina beti nago sortzen diren ideiak jasotzeko prest. Sakelakoa anitz erabiltzen dut horretarako, ideiak edo hitzak jasotzeko, gero garatzeko.

Idaztea lanbide bilakatzeko aukeraz egin duzu gogoeta?

Idaztea beharra bilakatzen denean… Ez dakit. Baina probatzeko prest naiz. Halere, ez dut helburu gisa. Bizitzak zer ekarriko didan ikusi nahi dut, horretan dut konfiantza. Orain hau ekarri dit, sari hau. Idazteko gogoa izatea nahikoa da niretzat. Antzerkia lantzeko aukerarekin kontent naiz, eta lagunartean bertsotan aritzeko aukerarekin ere bai.

Argazkia: Gorka Rubio / Foku.