Hiri baten nortasuna aztarnen artean

Hiri baten nortasuna aztarnen artean

«Nire aitaren etxea defendituko dut». Metalezko punta duten geziek Irulegiko etxeko lastozko teilatua zeharkatzen dute. Sua zabaltzen da egurrezko egituran zehar: barruan oihuak, beldurra, defentsa. Horrela amaitu zen, duela 2.000 urte baino gehiago, Irulegiko (Nafarroa) Burdin Aroko herrixka, eta horrela irudikatu dute Irulegitik Pompelora: hiri baten jatorriak erakusketan. Iruñeko Civivox Pompelon dagoen erakusketak historiako une erabakigarri bat irudikatzen du: baskoiak Erromatar Errepublikan sartu zirenekoa. Horretarako, testigantza arkeologikoak, epigrafikoak eta literarioak bildu dituzte, baskoiak beren nortasuna mantenduz erromatar egituran sartu zirenekoaren lekuko gisa.

Iruñeko Udalak, Pompelo sortu zeneko 2.100. urteurrenaren ospakizuna dela eta, Aranzadi zientzia elkarteari komisariatu zion erakusketa antolatzeko ardura. Bestalde, unibertsitate hauetako ikerlariek ere parte hartu dute antolaketan: NUP, EHU, Burgosko Unibertsitatea, Bartzelonako Unibertsitatea, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea, eta Bordeleko Unibertsitatea. Irailaren 27ra arte bisitatzen ahalko da erakusketa, astelehenetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era. «Pompeloz asko hitz egiten da, baina sortu zen garaiko informazio gutxi dago», hasi du azalpena Mattin Aiestaran Aranzadi zientzia elkarteko arkeologo eta Irulegiko aztarnategiko zuzendariak. «Irulegik leiho pribilegiatu bat irekitzen du garai hori ikertzeko, herrixkari eraso egin ziotelako eta bere horretan iritsi zaizkigulako 2.100 urtez izoztuta geratu diren materialak».

Aztarnategiei begira

Oraingo aroaren aurreko II. mendearen erdialdetik aurrera Erromak Pirinioetako herriekin zituen harremanak gero eta sendoagoak izan zirela azaldu du Oihane Mendizabal Aranzadi zientzia elkarteko eta EHUko arkeologoak. Erromatartze prozesuaren bi aretoak antolatzeaz arduratu da Mendizabal, eta, prozesu «nahasia eta luzea» azaltzeko, zuzentasun akademikoari eman dio lehentasuna: «Erromatarrak iritsi aurretik zegoen egoera txertatu nahi genuen, hurbilarazteko zein izango litzatekeen Iruñerriko errealitatea».

«Pompeloz asko hitz egiten da, baina sortu zen garaiko informazio gutxi dago. Irulegik leiho pribilegiatu bat irekitzen du garai hori ikertzeko» 

MATTIN AIESTARAN Irulegiko aztarnategiko zuzendaria

Erromatar Inperioko beste lurraldeetan dauden elementuak ere baskoien lurraldean aurki daitezke: lurraldearen antolaketa, galtzada edo bide sarea, eta erakusketan ikusgai dauden erromatar txanponak, adibidez. Baina oraingo aroaren aurreko (o.a.a.) I. mendearen 70eko hamarkadan baskoien lurraldea lehen gerra zibil erromatarraren ondoriozko gatazkaren jokaleku nagusietako bat bihurtu zen. Gatazka horretako bi gertakari nagusi dira Irulegiko herrixka suntsitu izana eta Pompelo jeneralak gaur egungo Iruñea fundatzea. 

50 gezi punta baino gehiago aurkitu zituzten lrulegin, baita etxean gordeak zituzten armak ere. IÑIGO URIZ / FOKU

Irulegin jendea o.a.a. XV. mendetik I. mendera arte bizi izan zen, hamabi hektarea hartzen dituen gune batean, mendiaren gailurrean. Azken fasean, etxebizitza angeluzuzenek okupatzen zuten eremua, eta, Burdin Aroko herrixka bereziki ongi kontserbatu denez, leiho bat ireki da garai horretako gizartea nola bizi zen ikusteko. «Suntsitze testuinguru hori oso lazgarria izan bazen ere, arkeologoentzat izugarrizko aukera izan da, fosilduta dauden eguneroko objektu asko utzi dituelako», azaldu du Mendizabalek. Induskatutako etxebizitzek antzeko tamaina dute, 70 metro koadro inguru, baina elementu bereziak dituzte, hala nola eskailerak sarreran, sutondoa inguratzen duten harrizko zolak, eta aterpea. Indusketetan aurkitutako aztarnetan oinarrituta, Leire Malkorra arkitektoak garai hartako etxe bat berreraiki du erakusketarako.

«Suntsitze testuingurua oso lazgarria izan bazen ere, arkeologoentzat izugarrizko aukera izan da, fosilduta dauden eguneroko objektu asko utzi dituelako» 

OIHANE MENDIZABAL Aranzadi zientzia elkarteko eta EHUko arkeologoa

«Indusketa arkeologikoetan atera zaizkigun aztarnen arabera, etxebizitza horren sorberritze posible bat egin genuen, hipotesi bat», komentatu du Malkorrak. Harrizko lerro zuzenek gelak banatzen zituzten, eta aurkitutako egurrezko elementuak zutabeak zirela ondorioztatu zuten ikerlariek. «Irulegik eman digu aukera zehaztasunez horrelako eraikuntza bat egiteko. Paretak non dauden badakigu, eta sutondoa non dagoen eta gela bakoitza zertarako erabiltzen den ere bai, objektuak barnean agertu zaizkigulako. Materialek erakusten digute biztanle horien eguneroko bizitza nolakoa zen», gehitu du Aiestaranek.

2.000 urte baino gehiago dituen etxe horren egitura marraztu zuen Malkorrak, eta, eraikuntzaren esentziari eusteko asmoz, material naturalak erabiltzea erabaki zuen: «Talde bat sortu genuen material naturaletan, bioeraikuntzan eta sistema tradizionaletan adituak zirenekin, eta horrela lortu genuen eraikina sortzea». Erakusketaren erdialdean dago etxea, sala nagusian, eta haren lastozko teilatua sabairaino iristen da; eraikina sortzeko prozesuan boluntarioek emandako laguntza eskertu nahi izan du Malkorrak. Egurrezko sarreran Irulegiko eskuaren kopia bat dago, eta teilatuan geziak pilatuta daude. Interpretazioaren rola azpimarratu du Aiestaranek: «Irulegiko eskuaren etxean 50 gezi punta baino gehiago aurkitu ditugu. Gogoan izan behar dugu erromatarren arteko gerra zibil bat zegoela, baskoiek parte hartu zutela, eta armatuak zeudela».

«Indusketa arkeologikoetan atera zaizkigun aztarnen arabera, etxebizitza horren sorberritze posible bat egin genuen, hipotesi bat» 

LEIRE MALKORRA Aranzadi zientzia elkarteko kidea eta arkitektoa

Normalean, erromatar garaia lantzean, arreta jarri izan da inperioan erromatarrek amankomunean jarri zituzten elementuetan, baina, Iruñeko erakusketan, baskoien kasua desberdin bihurtzen duten elementuetan jarri dute arreta; suntsipenean eta gerra zibilen artean mantendu ziren oinarrietan, hain zuzen ere. Sustrai kultural horien artean erlijioa eta hizkuntza daude; garai hartako idatzietan mantendu dira bi ezaugarri horiek.

Erakusketan Irulegiko eskuaren erreplika bat dago, bisitariek ukitu ahal izateko. JESUS DIGES / EFE

Javier Velaza filologia klasikoko doktorea da, baita hizkuntza eta idazkera paleohispanikoetan aditua ere, eta baskoiek aspalditik idazten zuten susmoa zuen: «Idazketak iraultza teknologiko bat ekarri zuen, eta, horri esker, baskoiek signario propio bat garatu ahal izan zuten, zeinu bakarrak erabiltzen zituena beren hizkuntza irudikatzeko». Horren adierazle nagusia Irulegiko eskua dela kontatu du filologoak: «Irulegiko eskuaren aurkikuntza ikusgarria da. Batez ere, idazketaren testuinguruan, baskoiek idazkera sistema propioa erabiltzen zutela berresten duelako». Eskuaren kopia bat ikusgai dago erakusketan, bisitariek aurkikuntza gertutik ikusi eta ukitu ahal izateko.

«Irulegiko eskuaren aurkikuntza ikusgarria da. Batez ere, idazketaren testuinguruan, baskoiek idazkera sistema propioa erabiltzen zutela berresten duelako» 

JAVIER VELAZA Filologia klasikoan doktorea

Erromatarren eta baskoien artean nortasun partekatu bat sortu zela aipatzen da erakusketan, tokiko sustraiak erromatar inperioaren antolaketarekin lotu zituena. «Oso interesgarria da ikustea Pompeloren hasieratik mestizaje leku moduko bat eratu zutela, mistoa, baskoiak eta erromatarrak elkartu ziren tokia. Baina elementu identitarioei eutsi zieten baskoiek, hala nola hizkuntzari eta erlijioari», azaldu du Velazak.

Erakusketa memoria ariketa bat dela adierazi du Aiestaranek: «Amnesiak gizarte batean izan dezakeen ondorioa latza da, eta historia eta arkeologia dira horren antidotoak». Atzera begiratzeko beharra ere azpimarratu du arkeologoak: «Erakusketak garai historiko oso interesgarri batera eramaten gaitu. Historialariek eta arkeologoek atzera begiratzen dugu ikasteko, eta iruditzen zaigu garai horretan badaudela irakaspen handiak gaur egungo egoerari aplikatu dakizkiekeenak». Erakusketaren amaieran, esaldi hau dago: «Hiri batek bere etorkizuna ikusten du bere iragana argitzen duenean».