Ez dute bertze Muga bat nahi

Ez dute bertze Muga bat nahi

Herritarrak kezkatuta daudela agerian gelditu da galderak egiteko tartean. Oteitzako hainbat lagun egon dira Ekologistak Martxan taldeak eta Sustrai Erakuntza fundazioak apirilaren 16an Lizarran antolatu duten saioan, eta eskua altxatu dute, hizlariak isildu bezain pronto: jakin nahi dute zer egin dezaketen, Iberian Copper enpresak Lizarrerrian kobrea ustiatzeko garatu nahi duen proiektua nola geldiarazi. Andaluziako (Espainia) Ekologistak Martxan taldeko Isidoro Albarrealek —online aritu da—, Muga meategiaren aurkako plataformako kide Enrique Mirandak eta Sustrai Erakuntza fundazioko kide eta geologo Antonio Aretxabalak parte hartu dute mahai inguruan, eta garbi erran dute: «Meategi proiektuaren aurka bazaudete, elkartu, elkarrekin lan egin. Bat eginez gero, udalek eta herritarrek anitz egin dezakete».

Mirandak bere herrian egin dutena kontatu du. Undiokoa da, eta han aurkeztu zuen Geoalcalik, 2012an, inguruan potasa ustiatzeko egin nahi zuten Muga meategiaren proiektua. Herritarrak egitasmoaren kontra agertu ziren, eta zundaketak oztopatu. Ez zen gauza bera gertatu proiektuak ukitzen zuen bertze eremu batean, Zangoza inguruan, alegia. 2024ko urritik, halere, proiektua behin-behinean geldirik da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi baitu administrazio bakar baten aurrean tramitatu behar dela, eta ez hirutan —Nafarroako, Aragoiko eta Espainiako gobernuak—, enpresak egin bezala.

Enrique Mirandak Geoalcaliren asmoen kontrako bidean ikasitakoen berri eman nahi izan die Lizarran bildu direnei. Izan ere, hark nabarmendu du Muga proiektuak eta Lizarrerrian eta Zangozerrian Iberian Copper enpresak garatu nahi duenak «antz handia» dutela: «Espekulazio hutsa dira bi proiektuak».

44 udalerri

Lizarrerriko Ekologistak Martxan taldeko kideek martxoan jakin zuten Iberian Copper enpresak ikertzeko lau baimen eskuratu dituela, kobrea ustiatzeko asmoz. Nafarroako Gobernuak emandako lau baimen horietako hiru Lizarrerrian daude, eta laugarrena, berriz, Zangozerrian. Baimenek, denera, zazpi udalerriri eragiten diete Zangoza inguruan, eta bertze 37ri, Lizarrerrian. Ekologistak Martxan-eko Ester Monterok zehaztu du Iberian Copper enpresa ikertzeko baimenak eskatu baino egun gutxi lehenago sortu zutela, Salamancan (Espainia) 3.000 euroren kapitalarekin. «Gauza bera gertatu zen Geoalcalirekin; 3.000 eurorekin abiarazi zuten, Salamancan. Geotrex enpresa dago bi proiektuen atzean», erantsi du Mirandak.

Proiektuak garatzeko ere, Geoalcalik eta Iberian Copper enpresek antzeko urratsak egin dituztela esplikatu du Mirandak: «Garai bateko meategien historia jaso, eta horrekin osatu dute baimenak eskatzeko txostena. Iberian Copperrek, hain zuzen, erromatarren garaiko kobre meategiak aipatu ditu bere txostenetan». Txosten horien sinaduren artean, hain zuzen, izen bera ageri da Geoalcaliren eta Iberian Copperren proiektuetan: Gonzalo Mayoral.

Nafarroako Hitza harekin hitz egiten saiatu da, baina Iberian Copper enpresako komunikazio taldearen erantzuna baino ez du jaso, idatziz: «Iberian Copperrek ez du inolako loturarik Muga proiektuaren gisako bertzelako ezein proiekturekin, ez enpresaren egituran, ezta proiektuak garatzeko bidean ere», erran dute komunikazioko arduradunek. «Enpresa independente bat» direla erantsi dute, eta, zehaztu, halere, «egun» Geoalcalirekin inolako harremanik ez duela.

Megado Mineralsen barruan

«Meategiaren esparruan esperientzia handiko enpresa bat gara», gaineratu dute Iberian Copper enpresako komunikazio arduradunek. 3.000 euroren kapitalarekin abiatu izanari buruz, «sozietateak eratzeko prozesuko ohiko kontu formalak» direla aipatu dute. 2024an sortutako enpresa bat da Iberian Copper, hain zuzen, eta Lizarrerrikoak eta Zangozerrikoak dira bere lehen proiektuak.

Enrique Mirandak ez du uste enpresa horrek meategi bat zabaltzeko bidea burutuko duenik. Mugarekin gertatu zena oroitu du: «Geoalcaliko kideek Australiako Highfiel Resourcesen esku utzi zuten enpresa, eta trukean jasotako akzioen bidez, dirutza irabazi zuten. Espekulazioa da beren negozioa». Gaineratu du Iberian Copperren kasuan ere antzekoa gerta daitekeela, Ameriketako Estatu Batuetako Megado Minerals enpresak bere proiektuen artean baitu egun Iberian Copperrena.

Proiektuak aurrera egiteko aukerak, halere, Lizarrerriko herritar anitz kezkatu ditu. Ekologistak Martxan taldeak Lizarran egindako saioan egon zirenek «informaziorik eza» salatu dute. Ikertzeko baimenak lortuta, kobrea bilatzeko zundaketak egitea da hurrengo urratsa. Iberian Copper enpresako kideek erran dute zundaketak egiteko lan horiek «aurten» hasi nahi dituztela.

«Baimenak behar dituzte. Proiektuaren kontra egin nahi baduzue, zuen esku dago baimen horiek ukatzea. Udalek baimenak uka ditzakete, eta herritarrek ere, enpresak beren lurretan sartu nahi badu, bidea uka dezakete. Gutxienez, denbora irabaziko duzue». Horixe erran die Enrique Mirandak Lizarrako saioan parte hartu duten herritarrei.

Riotintoko kobre meategiak, Huelvan (Andaluzia, Espainia). ANTONIO RAMOS-EKOLOGISTAK MARTXAN

Andaluziako Ekologistak Martxan taldeko Isidoro Albarrealek ere udalek bete dezaketen rola azpimarratu nahi izan du, eta zehaztu haien esku dagoela toki jakinak babesteko ordenantzak osatzea. «Udal batek meategiekin lotutako jarduera oro debekatzen badu, epaileek bertan behera utziko dute erabaki hori; ordenantzaren bidez, baina, eremu jakin bateko paisaiarekin, kulturarekin edo ondarearekin lotutako balioen alde egiten badu, lor daiteke toki horretan meategien gisako jarduerak debekatzea».

Andaluzian, aski ezaguna da Huelvako Riotinton dagoen kobrea ustiatzeko meategia. Lizarrerriko Ekologistak Martxan taldeko kideak han egon dira, gisa horretako azpiegitura batek eragin dezakeen kaltea bertatik bertara ikusteko asmoz. Albarreal lagun izan dute bisitan. Lizarrerriko talde ekologistako Ester Monterok garbi du Nafarroan garatu nahi dituzten proiektuen aurka egin behar dela. Iritzi berekoa da Antonio Aretxabala geologoa, eta erantsi du mineralen industria armagintzarekin lotuta dagoela. «Enpresek saldu nahi digute mineralak behar ditugula trantsizio digitalerako, baina ezein teknologiak ez gaitu salbatuko. Desazkundea da aukera bakarra; aberastasuna banatzeko beharra dago, ezin dugu orain arte bezala jarraitu».

Mineralak ustiatzeko egun «energia anitz» behar dela erantsi du Aretxabalak, eta egungo klima aldaketako jokalekuan ez dela bideragarria. Zehaztu du, dena den, gizakia klima aldaketara moldatzeko gai izan daitekeela, baina bioaniztasuna suntsitzen bada, gizakiarenak egin duela.

biometanizazio planten kontrako manifestaziora deitu dute gaurko

Nafarroako hamaika herritan eraiki nahi dituzten biometanizazio planten kontrako plataformek manifestaziora deitu dute: Iruñean eginen dute gaur, 12:00etan, Baluarte plazatik abiatuta. Vianan, Los Arcosen, Sesman eta Arroitzen, bertzeak bertze, herritarrak biogas planten aurka antolatu dira. Sesman eta Arroitzen, hain zuzen, proiektuak behin-behinean bertan behera uztea lortu dute, Nafarroako Gobernuak ingurumenean eraginen luketen kalteari buruzko adierazpenak bazter utzi eta gero. Herritarrek sortutako plataformek, baina, gehiago nahi dute, eta iazko urrian onartutako biometanizazio planten urtebeteko etenaldia bertze bi urtez luza dezala eskatu diote Nafarroako Parlamentuari. 

Landa eremuaren defentsaren alde ari direla nabarmendu dute plataformetako arduradunek, eta egun garatzeko bidean diren biogas plantak «arrisku handi bat» direla herrialdeko labore lurrentzat eta lur azpiko ur putzuentzat. Sustrai Erakuntza fundazioko kideek ere plantek ingurumenean «kalte larriak» eragin ditzaketela salatu dute, eta gaurko manifestazioarekin bat egin dute. 

Sustrai Erakuntza fundazioak biometanizazio planta handien aurka antolatu diren plataformen bidea lagundu du, azken hilabeteotan. Fundazioko arduradunek zehaztu dute biogas planten eredua dela zalantzan jartzen dutena, hamaika herritan eraiki nahi dituzten azpiegitura handiak ez baitira jasangarriak, ekologistek salatu dutenez. «Halako plantek zentzua dute hondakinak sortzen diren tokitik hurbil badaude, leku jakin horretako hondakinak kudeatzeko balio baitute». Nafarroan egun sustatu nahi duten eredua, baina, bertzelakoa da: «Hondakin tona anitz hartzeko plantak egin nahi dituzte», azaldu dute Sustrai Erakuntzako kideek. 

Nafarroako Parlamentuak biometanizazio plantek bete beharreko baldintzak arau ditzakeela azpimarratu du Sustrai Erakuntza fundazioak, eta arduraz joka dezatela eskatu die parlamentuko taldeei. Herritarrei ere galdegin die zerbait: karrikara atera daitezela gaur, biogas planten kontrako plataformek antolatutako manifestazioan parte hartzera.