Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluak erabaki du Aurora Beltran musikari eta abeslariak jasoko duela aurtengo Kulturaren Vianako Printzea saria. Beltranek musikaren inguruan eraiki duen ibilbidea saritu nahi izan du hala epaimahaiak: «Musika adierazpen pertsonal eta kolektiborako tresna gisa ulertu du beti, eta benetakotasunari zein publikoarekiko lotura emozionalari eutsi die urte hauetan guztietan».
Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kideek osatzen dute sariaren epaimahaia, eta gaur goizean elkartu dira, sariaren 37. aldiko irabazlea erabakitzeko. Ondotik, Rebeca Esnaola Nafarroako Kultura, Kirol eta Turismo kontseilariak jakinarazi du erabakia. Harekin batera izan dira Ignacio Apeztegia Nafarroako Kultura zuzendari nagusia eta Iñigo Perez kontseiluko kidea.
Esnaolaren hitzetan, Beltran «Espainiako eta Nafarroako rockaren ahots adierazgarrienetako bat da», eta, 1980ko hamarkadan hasi zenetik, haren musikak eta ahotsak «indar handiz» egin dute oihartzun Nafarroan zein Nafarroatik kanpo. Bakarkako ibilbideaz gain, Belladona eta Tahures Zurdos taldeetan egindako lana ere gogora ekarri du kontseilariak.
Beltran 1964an jaio zen, Iruñean, eta Beriaingo Potasas auzoan hazi. Txikitatik izan zuen gaixotasun batek denbora luzez eserita egotera behartzen zuen; egoera hari aurre egiteko, aitak gitarra bat oparitu zion. Keinu hark markatu zuen haren etorkizuna. 13 urte zituela sortu zuen lehen kanta, Muerte ven, urte batzuk geroago bere diskografiaren parte izango zena.
1980ko hamarkadan hasi zuen musika ibilbidea Belladona taldeko gitarra jotzaile gisa. Handik gutxira, 1987an, anaiarekin batera Tahures Zurdos sortu zuen. Taldeak oihartzun handia lortu zuen, eta Oihuka zigiluarekin kaleratutako lehen diskoak —taldearen izen berekoak— arrakasta eman zion. Beltranen hitzek eta ahotsak nortasun berezia eman zioten taldeari, eta hainbat belaunalditako entzuleen artean arrastoa utzi zuen. Taldea desegin ondoren, bakarkako bideari ekin zion.
Beltrani giltzurrun transplantea egin zioten 2018an, eta «oztopoz betetako bidea» egin behar izan du ordutik, gaurko agerraldian Perezek nabarmendu duenez.
Sortzaile gazteei bultzada
Talentu Artistikoaren Sustapenerako sariaren irabazlea nor izango den ere jakinarazi du Vianako Printzea sariaren epaimahaiak: Maria Cristina Moreno ilustratzaileari emango diote aurten. Epaimahaiak nabarmendu du Morenok «ahots grafiko propioa» sortu duela komiki garaikidearen eta ilustrazioaren esparruan, eta gaur egungo belaunaldi baten kezkekin lotzeko gaitasuna duela. Halaber, haren ibilbidearen «koherentzia estetikoa eta narratiboa» goraipatu du.
Moreno Tuteran (Nafarroa) jaio zen, 2000. urtean, eta La Sociedad de las Ratas eta Vida Galleta dira haren lan ezagunenetako batzuk. Epaimahaiaren arabera, Morenoren indarguneetako bat da gaur egungo arazo sozialak «ironiaz eta gertutasunez» lantzeko duen gaitasuna.
Azken urteetan komiki garaikidearen barruan ildo esperimentalago bati heldu dio, kontakizun bisual intimoagoak eta kontzeptualagoak landuz. Sariari esker garatuko duen proiektua Caparazón de Cristal eleberri grafikoa izango da; Apolo eta Marsiasen mitoan oinarrituta, sormen gatazkak, artearen izaera eta identitatearen eraikuntza jorratuko ditu.
Morenori ekainaren 3an emango diote saria, Iruñean, Nafarroako Kultura Departamentuaren egoitzan egingo duten ekitaldian. Beltranek, berriz, ekainaren 13an jasoko du garaikurra, Los Arcoseko (Nafarroa) kultur etxeak hartuko duen ekitaldian.
