Saioa Alkaiza
Aurrekari penalik gabeko beste bikote heterosexual bat baino ez zen. Jende normala. Orain bat hilda dago, asfixiatuta hil baitzuen besteak, gero, besotan hartu eta ibaira botatzeko, manta batean bilduta. Beste emakume bat, gizon batek eraila. Beste bat, emakumezko preso baten bikotekideak bien haurra labankadaz larri zauritu duela jakin ostean; beste bat, haren alaba bortxatu eta haurdun utzi duen kasuaren aste berean; beste bat, kontaketa ofizialetan sartu ezin diren ezkutuko biolentzia horien guztien artean; beste bat, salaketarik jarri ezin duen migratzailearen kasua ahantzita; beste bat, heteropatriarkatuaren justizia sistemak errugabetzat hartu dituenen testuinguruan; beste bat. Oso normala, dena.
Eta egunkariek ohiko normaltasunez titulatu dute notizia, bien argazki eta guzti: selfie bat, irribarretsu gainera. Bien bikote argazki eta guzti. Gutxi balitz, ingurukoekin hitz egin dute, “gertukoak eta lagunak” deitu diete, eta gustatuko litzaidake jakitea iturri ezin fidagarriago hori nortzuk diren; izan ere, ongi baitakigu denok 4. solairuko bizilaguna aditua dela indarkeria matxistaren trataeran eta etxepeko okina engaiatu dela borroka feministarekin. Zalantzarik ez da iturri hoberik ez zela.
Zeren eta, zergatik ez jorratu berri bat horrela? Akaso, hildakoa errespetuz eta indarkeria matxistaren inguruko berriak ganoraz lantzea da bisita kopurua baino garrantzitsuagoa? Egia batek ez diezazula lerroburu on bat izorra, eta sentsazionalismo merkeak ez diezazkizula klik batzuk galaraz.
Jakin ditut jakin nahi ez nituen gauza gehiegi: badakit turismoa gustatzen zitzaiela eta “normaltasunez eta zuzentasunez” bizi zirela, auskalozeinen iritziz. Interesatzen ez bazait ere, enteratu naiz nongoa den bakoitzaren familia —horrek zerbait aldatuko balu bezala—, eta badakit baten senide batek non egiten duen lan, baita gurasoak zertan aritzen diren ere. Ez hori bakarrik: bitako bakoitzak zein ofizio zuen behin baino gehiagotan irakurri dut.
“Gertuko pertsonak” dira artikuluetako baten mami emaileak, eta “alaia, bidaiaria eta independentea” zela diote, horrek dena aldatzen duelako, bai noski, heteropatriarkatuaren egiturak desegin egiten direlako alaia izanda. Indarkeria sexistaren kontrako perspektiba garatzeko ezin beharrezkoagoa baita bidaiari zela jakitea. Ez dakit nola ez garen konturatu orain arte.
“Ongi ikusten genituen”, esan du erudituren batek, artikuluan. “Ostegunean ikusi nituen azkenik, pintxo bat jaten. Pozik zeuden, bikote zuzena ziren, normala”, adierazi du genero ikuspegi zorrotzez beste batek. Eta gustatuko litzaidake ordenagailu aurrean eseri den pertsona horrekin parez pare egotea eta galdetzea ea zer sentitzen den, ea zer barrundatzen den odol usainaren atzean grabagailua eskuetan joaterakoan, zein morbo klasek zeharkatzen dizkizun zainak eraildako emakume baten portal paretik pasa eta inguruko tabernan barran dauden txikiteroei “nolakoa zen?” galdetzerakoan. Batez ere, jakin nahi nuke lo lasai egin daitekeen zauria gatzez ongarrituta.