Edurne Elizondo
Ezkabako memoriak badu bere mapa: Nafarroako Gobernuak mendiko ibilbide bilakatu du gotorlekuko presoek egindako ihesaldia. Ezkabatik Urepeleraino (Nafarroa Beherea), 53 kilometroko bidea egin zuten iheslariok, duela 80 urte. 795 preso atera ziren Ezkabatik, 1938ko maiatzaren 22an, baina hiruzpalauk bertzerik ez zuten muga zeharkatzea lortu. Lau etapatan zatitu du gobernuak GR-225 izena hartu duen ibilbidea; aukera ematen du presoek egin zuten bidea ezagutzeko, bai eta bide horri lotutako memorian sakontzeko ere.
Igandea zen 1938ko maiatzaren 22 hura. Igande arratsalde hartan, 795 presok ihes egin zuten Ezkabako gotorlekutik. Haietako 206 tiroz hil zituzten mendian, eta 586 atxilotu egin zituzten, berriz ere. Haietako hamalau fusilatu egin zituzten, ihesaldia prestatzea egotzita. Hiruk lortu zuten muga zeharkatzea: Jovino Fernandezek, Jose Marinerok eta Valentin Lorenzok. Laugarrena izan zela defendatu zuen Fermin Ezkietak Pamielarekin idatzitako Los fugados del Fuerte de Ezkaba 1938 (Ezkabako Gotorlekuko iheslariak. 1938) liburuan, 2013. urtean.
Duela bost urte, hain zuzen ere, Fernandezen, Marineroren eta Lorenzoren alabak Iruñean izan ziren, ihesaldiaren 75. urteurrenean. Ana Fernandezek, Pilar Marinerok eta Cristina Plazak beren aiten memoria berreskuratu zuten. “Miseria eta zoritxarrak bizi izan zituen han”, esan zuen Fernandezek; aitarentzat gaia “tabua” zela aitortu zuen Marinerok, ez ziela sekula deus kontatu.
Astunegia izan daiteke memoriaren pisua. Baina ezagutzeko beharra nabarmendu du, halere, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok. Horregatik egin du administrazioak Ezkabatik ihes egin zutenen bidea berreskuratzeko urratsa. “Ezkabako gotorlekuak tresna bat izan behar du memoria bizi, aktibo eta kritiko bat eraikitzeko, han gertatu zena berriz errepika ez dadin; gure begirada etorkizuneko belaunaldietan jarri behar dugu”, erran du kontseilariak.
Egungo gobernuak egin dituen urratsez harago, memoria historikoaren esparruan aritzen diren elkarteen eta eragileen bultzada ezinbertzekoa izan da, urteotan guztietan, ahanzturaren aurka lan egiteko, eta Ezkabako presoen memoriari eusteko. Ezkaba eta Urepele arteko ibilbidea prestatzeko, halaber, boluntarioek egin duten lana agerian utzi nahi izan du Ana Ollo kontseilariak. Ibilbideak dituen lau etapetako bidezidorrak egokitzen eta markatzen aritu dira, bertzeak bertze. Nafarroako Mendi Federazioak ere parte hartu du proiektuan.
Ezkaba eta Urepele arteko 53 kilometroko ibilbidea lau etapatan banatu dute. Ezkaba eta Olabe artekoa da lehendabizikoa, ia 14 kilometrokoa. Olaben, hain zuzen ere, Ezkabatik ihes egindako hamasei presoren gorpuak aurkitu zituzten, 2016an. Bigarren etapa Olabe eta Saigots artekoa da, hori ere 14 kilometrokoa. Bide tarte horretan, Burutainen eta Usetxin, bederatzi presoren arrastoak aurkitu dituzte, azken urteotan egindako lanei esker; sei Burutainen, eta hiru Usetxin.
Hirugarren etapa Saigots eta Sorogain artekoa da, eta hor ere eman dute emaitzarik egindako indusketa lanek: sei presoren gorpuzkiak atera dituzte hobitik, Urtasunen eta Agorretan, eta bertze birenak, Lintzoainen. 15 kilometro luze da hirugarren etapa hori; laugarren eta azkena, Sorogain eta Urepele artekoa, berriz, ia 10.
Batzarra Iruñean
“Ezkabako ihesaldia ikusezina izan da nafar anitzentzat; han gertatu zen tragedia ezagutu gabe hazi gara”. Horixe nabarmendu du Ollok. Egoera horri buelta eman nahi dio, eta horregatik egin du gobernuak ihesaldiaren berri emateko ibilbidea.
Ez da ekinaldi bakarra, halere. Ollok ezagutarazi du martxoaren 15ean eta 16an Memoria Historikoaren Erkidegoen Arteko Sareak Iruñean eginen duela lehendabiziko batzarra. Herrialde Katalanetako eta Espainiako hainbat erkidegok parte hartuko dute, bertzeak bertze, Aragoik, Kataluniak, Andaluziak, Valentziak eta Asturiasek. Erkidego horietako agintariekin batera, unibertsitateetako ikerlariak ere izanen dira Iruñeko batzarrean.
Udaberrirako, bertzalde, Ezkabako ihesaldiari buruzko erakusketa prestatzen ari da Nafarroako Gobernua. Ihesarekin lotutako hiru arlo jorratu nahi dituzte, zehazki: kartzelaren historia eta hango baldintzak; presoen inguruan sortutako elkartasun sarea; eta ihesaldia bera.
Gobernuaren aitortzaz gain, memoriaren esparruko elkarteena ere jaso dute Ezkabako presoek, urtez urte. Aurtengo omenaldiak ihesaldiaren 80. urteurrena ekarriko du gogora.