Jon Barberena
Esan itxarotea ere badela bizitzea, kantatu zuen doinu goxoz Bide Ertzean taldeak itxaronaldiez aspertua den herri honen belarrietara. Itxarongela erraldoia da gure herria. Urduri, beti itxoiten ditugu gutxitan asebetetzen gaituzten berriak. Madrildik idazten eta bidaltzen dituzten berriak.
Ostatu batean pasatako liskar arrunt batengatik, hamahiru urtera arteko kondenak ezarri dizkiete Altsasuko zortzi gazteri. Espainiako Auzitegi Nazionalean, bertze behin ere, epaia epaiketa hasi aurretik idatzia zen susmoa dut. Bazekiten ezinen zituztela terrorismoagatik zigortu, baina izuan oinarritutako argudio esajeratu hori behin eta berriz erabili dute zigor neurrigabeak eta gogorrak jartzeko.
José Luis Sampedrok aspaldi errana da izua oinarri hartuta gobernatzea eraginkorra izaten dela: “Buruzagiak ingurukoak lepoa moztearekin izutzen eta mehatxatzen baditu, eta, gero, zintzurra ebaki beharrean, egunerokoan zapaltzen baditu, haiek konforme izanen dira. Burua bere lekuan izanen baitute behinik behin”.
62 urtera arteko kondenak eskatu zituen fiskaltzak hasieran, eta oraingo kondenak ikusi eta gero, norbaitek pentsa dezake konforme egoteko arrazoiak ditugula. Baina epaia suntsitzailea da; justizian baino gehiago, mendekuan oinarritzen dena, hain zuzen.
“Izua deus pasatzen ez denean ematen da. Bi gertaeraren arteko itxaronaldia da”, hitz gordin bezain ederrak bota ditu Lander Garrok Gerra txikia liburuaren inguruan hitz egiterakoan. Bi gertaeraren artean kokatu izan dut azkenaldian herri hau, epaia noiz iritsiko ote zen beldurrez. Desberdintasun handi batekin, haatik. Gurean gauza anitz pasatu dira eta pasatzen ari dira.
Herria kalera atera da, eta bere izuan ezkutatu beharrean, ausardiaz bere amorrua kanporatu egin du. Horren adibide da, hain justu, justizia eske bildutako 50.000 pertsonek babestutako manifestazioa, Iruñean, joan den apirilaren 14an.
Altsasu arrisku maila handiko lekua dela, eta bertako gazteen eguneroko ekintzak eta ospakizunak arriskutsuak direla diote Espainiako komunikabide sonatuek. Gustu txarreko gezur horiekin lotura eginez, Alain filosofo frantziarraren hitzekin oroitu naiz: “Arriskurik gabeko beldurra sufritzen duten pertsonek arriskua asmatu ohi dute beren beldurra justifikatzeko”. Liskar bat baino ez zen izan, kitto! Altsasu bakean bizi nahi duen herri bat da!
Gaur Altsasu izan da. Gaur Iñaki, Oihan, Adur, Jokin, Julen, Jon Ander, Aratz, Ainara eta euren familiak izan dira. Baina bihar, Azpeitia, Erratzu edo Faltzes izan daitezke. Edo zu izan zaitezke… Edo ni izan naiteke… Beraz, onartu eginen dut, auziak eta kondenek eragindako amorrua eta samina sentitzeaz gain, beldurra ere, proportzio txikiago batean bada ere, senti dezaket. Estatuaren beldurren (mamuen) beldur naizela.
Gure mina, ezintasuna eta beldurra kanporatzeko, hilaren 16an hitzordua daukagu Iruñean. Terapia kolektiboak on eginen digu denoi.