Edurne Elizondo
Sumatzen da haien aurpegietan etsipen apur bat. Nekea ere bai. Aurrera jarraitzeko asmoa, hala ere, sendoa da haiengan. Horixe nabarmendu dute. “Ez dugu amore emanen”. Duela hiru urte hasi zen lan gatazkaren erdian dira urritasunen bat dutenentzako zentroetako langileak Nafarroan. 800, denera. Haietako gehienak, %91, emakumeak dira.
2012ko azaroan osatu zuten sindikatuek lan hitzarmen berria negoziatzeko mahaia, eta oraindik ez dute urrats bat ere egitea lortu. “Mila egun baino gehiago egin ditugu jada borrokan”, erran du Andres Cenicerok, Lizarrako Oncineda zentroko langile eta CCOO sindikatuko ordezkariak. Iazko ekainetik, greba mugagabean dira.
“Lan baldintza duinak nahi ditugu”. Halaxe laburbildu du egoera Anabel Diazek, sindikatu bereko kide eta Iruñeko Valle del Roncal zentroko langileak. Azken bost urteotan soldata izoztua izan dute urritasunen bat dutenak artatzen dituzten zentroetako beharginek; hitzarmenean jasotako hainbat neurri bertan behera utzi ditu enpresak, gainera. “Antzinatasunagatik sari bat jaso behar genuen 2013an, adibidez, baina ez pagatzea erabaki zuten”. Auzitara jo zuten langileek, ondorioz, eta enpresak ordaindu behar izan zuen. Datorren urtarrilean gauza bera egin beharko duten beldur dira. Izan ere, antzinatasunagatik jaso beharreko hurrengo saria ere ez duela ordainduko iragarri du enpresak.
Nafarroan dauden zentro gehienak publikoak dira, baina kudeaketa esku pribatuetan da. Adacen Fundazioa da Mutiloako burmuinean kalte hartutakoentzako zentroko arduraduna. Itundua du zerbitzua gobernuarekin. Aspace Fundazioak bi zentro kudeatzen ditu. Eta gainerakoak, berriz, SarQuavitae enpresaren esku dira. “Ia sektore guztia kontrolatzen du enpresa horrek; %80 baino gehiago”, erran du Diazek.
Langileak, erdian
Kudeaketa pribatua da, baina SarQuavitaek jasotzen duen dirua publikoa da. “Nafarroako aurreko gobernuak, ordea, ez zuen diru hori gastatzeko moduari buruz inolako kontrolik egin”, salatu du ELAko Josetxo Mandadok. Sindikatu horretako arlo soziosanitarioaren arduraduna da Nafarroan. ELA eta CCOO sindikatuekin batera, UGT eta LAB ere badaude negoziaziorako mahaian.
Enpresaren jardueraren gaineko kontrolik eza da, Mandadoren hitzetan, langileak erdian harrapatu dituen gatazkaren gako nagusia. Horixe sentitzen dute langileek, hain zuzen. Erdian direla. “Enpresaren eta administrazioaren artean gaude; hitzak bertzerik ez dugu jaso, ordea, gero betetzen ez diren aginduak”, erran du Infanta Elena zentroko langile Rosa Leonek. Lankide du han Blanca Hermoso de Mendoza. Biek argi utzi dute gatazkak izan duela eragina haien egunerokoan. “Iaztik gaude greban, eta ez dakigu hau noiz amaituko den. Tentsioa sortzen da lantokian; langileen arteko giroan sumatzen da egoeraren eragina”, azaldu du Hermoso de Mendozak.
Ez da harritzekoa. Mila egun baino gehiago iraun du lan gatazkak jada, eta, iazko ekainetik, greban dira langileak. Haien eskaerak kontuan hartu arte ez dutela etsiko argi utzi dute sindikatuek. Gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuak “neurriz kanpokoak” direla salatu dute. “Ia %100ekoak; hainbat zentrotan protesta hasi aurretik zegoen langile kopuruak gora egin du grebarekin”, erran du Mandadok.
“Gure esku dagoen guztia egiten dugu zentroetako erabiltzaileek lan gatazkaren ondorioak suma ez ditzaten”. Horixe nabarmendu du Anabel Diazek. “Lan baldintzek guregan dute eragina; baina dena ematen dugu zentroetan diren pertsonen alde”. Mandadok onartu du zenbaitetan grebak sortu duela familien artean kexaren bat. “Ulergarria da haserretzea; ulertzen dugu, eta haiek ere gure egoera ulertzea espero dugu. Badakigu hala dela. Familia anitzek eman digute babesa”, erantsi du ELA sindikatuko kideak.
Grebak ukitzen dituen zentroetan 670 pertsona inguru artatzen dituzte. “Era askotako urritasunak dituzten pertsonak dira. Gehienek menpekotasun handia dute”, azaldu du Andres Cenicerok. Horregatik, hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuari ahalegin berezia eskatu dio egoerari konponbidea eman ahal izateko, ahalik eta azkarren.
Oraingoz, hala ere, ez dute Nafarroako Gobernuko agintarien eskutik espero zuten babesa jaso. “Oposizioan zirenean gurekin bat egin zuten; arrazoia gure alde zela erran zuten, behin eta berriz; orain, ordea, agintea haien esku dagoenean, ez dute deus egiten”. Horixe salatu du Anabel Diazek, eta agerian utzi du, oraindik ere, ez dutela lortu gizarte gaietarako lehendakariorde Miguel Laparrarekin bilera egitea. “Hainbat aldiz eskatu, baina ez dugu lortu”, azaldu du Mandadok. Erantsi du gobernua babesten duten taldeek akordio programatikoan jaso zutela langileon gatazkari konponbidea emateko konpromisoa.
“Etsita gaude jaso dugun erantzunarekin”, aitortu du Diazek. Bilerak egin dituzte Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako buru Ines Francesekin, baina bilera horiek ez direla konpromiso eta urrats zehatzetan gauzatu gaineratu du. “Hitzak baino gehiago, ekintzak behar ditugu guk”.
Ekintzak, babesa eta kontrola. Horixe eskatu du CCOO sindikatuko kideak. Bat egin du ELAko Josetxo Mandadok. “Ezin dugu onartu enpresak orain arte izan duen botereari eustea. Egun, nahi duenean erabaki dezake kontratuko neurriren bat ez betetzea. Eta gobernuak ez dio konturik eskatu, orain arte”.
Egoera hori aldatu nahi dute sindikatuek, eta negoziazioa martxan jarri hori lortzelo. “Gobernuak har dezala diru publikoaren ardura, eta kontrola dezala nola gastatzen den. Egun, langileoi kentzen digun zatitik lortzen du enpresak bere etekina. Guri lana bertzerik ez zaigu gelditzen. Lan karga ikaragarria”. Hori nabarmendu du Diazek. Nekatuta dago. Atseden hartu nahi du. Mila egun baino gehiagoko gatazkari amaiera eman. Lanean “duintasunez” jarraitzeko.