Edurne Elizondo
Bihotza: erdian dagoelako, eta eraikin bizia delako, Francisco Javier Saenz de Oiza arkitektoak diseinatutakoa. Duela hogeita bost urte hasi zen taupadaka NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Arrosadiko campuseko liburutegia, eta, egunotan, mende laurdena bete duela ospatu dute eraikineko langileek eta erabiltzaileek. 1992. urtean hasi ziren egoitza eraikitzen, eta handik bi urtera amaitu zituzten obrak, 1994. urtean.
NUPeko liburutegiak, halere, lehenago egin zituen bere lehendabiziko urratsak. Nafarroako Parlamentuan sinatu zuten unibertsitate publikoa sortzeko lege proiektua, 1987ko apirilaren 21ean, eta 1989-1990 ikasturtea izan zen erakunde horren lehendabizikoa. Garai hartan, Sario eraikineko areto batean ziren liburuzainak, hori izan baitzen NUPen aurreneko egoitza.
Concha Guijarro orduan hasi zen liburutegian lanean; hasieran, bakarrik aritu zen. “Paper batean jasotzen nituen erositako liburuen izenak. Dena hutsetik hasi behar izan genuen”, gogoratu du. Liburutegiko zerbitzuen saileko buru da orain.
Sariotik NUPeko ikasgelategira mugitu zuten liburutegi zerbitzua, Guillermo Sanchezek sail horren ardura hartu eta gero. Eta handik, azkenean, oraingo egoitzara eraman zuten; azken hogeita bost urteotako egoitzara, alegia. 1994. urtetik, Arrosadiko campuseko eraikinak azalari eutsi dio, baina haren mamia etengabe joan da aldatuz eta garaian garaiko beharretara egokituz.
Behar horiek bereziki baldintzatu ditu azken urteotako digitalizazio prozesuak. Hainbat datuk agerian uzten dute digitalizazioaren eraginak zenbateraino aldatu duen liburutegiko kideen egunerokoa, hain zuzen ere: 1994an, hamasei ordenagailu zeuden eraikinean; egun, berriz, 197; liburutegia zabaldu zutenean, ez zen liburu elektronikorik; denek zuten papera euskarri: 140.079 ziren hasieran; orain, berriz, 443.137 dira, eta liburu horien guztien %21 elektronikoak dira. Aldea nabarmena da, batez ere, aldizkari elektronikoen arloan: 1994. urtean bakar bat ere ez zegoen; orain, berriz, liburutegiak dituen 11.584 aldizkarien %95,7 dira elektronikoak.
“Digitalizazioaren eraginak ekarri du aldaketarik handiena NUPeko liburutegira”. Horixe nabarmendu du Carmen Etxeberria zuzendariak. 2007. urtetik ari da erakunde horretan lanean, eta joan den irailetik liburutegiko buru da. Eskertu du unibertsitateak egunotan liburutegiko kideen lanari egindako aitortza. Liburutegia ikasle eta irakasleen topagune dela erran du, eta espazio horretan liburuzainak bilakatzen direla ikasleon eta irakasleon laguntzaile eta aholkulari; elkarlanerako espazio bat dela, beraz, liburutegia.
NUPeko liburutegian ari diren profesionalen sareak ia 70 kide ditu. Arrosadiko campuseko eraikina da mende laurdena bete berri duena, baina unibertsitate publikoak bertze bi liburutegi ditu: bat Osasun Zientzien Fakultatean, Iruñean, eta, bertzea, berriz, NUPek Tuteran duen campusean.
Angela Berasategik, Carlos del Campok eta Maria Jose Quintanak Arrosadiko eraikina dute lantoki, baina egoitza hori egin aurretik bilakatu ziren NUPeko liburuzain, Concha Guijarro bezala. Berasategi Ruiz 1992. urtetik ari da NUPen lanean. Egun, ikerketarako bildumen zerbitzuko burua da. Urtebete lehenago ailegatu ziren Del Campo eta Quintana NUPera, 1991. urtean. Liburutegiko irakasleak eta ikerlariak laguntzeko zerbitzuko arduraduna da Del Campo, eta erosketen zerbitzukoa, berriz, Quintana. Liburutegiarekin batera egin dituzte azken hogeita bost urteotako urratsak, eta nabarmendu dute etengabe “aldatzen eta moldatzen” ari den tokia eta zerbitzua dela. “Guk ere, ondorioz, etengabe moldatu behar izaten dugu gure lanak eskatzen dizkigun elementu berrietara”, erran du Del Campok.
NUPeko liburutegiaren jardueran, ikerketaren esparruak toki gero eta nabarmenagoa hartu du. Horrek eragin du, batetik, espazioa aldatu behar izatea. Lehen, liburutegia “Isiltasun eremu bat zen, baina hori aldatu egin da: taldean aritzeko toki bilakatu da; elkarrekin hitz egitekoa eta lan egitekoa, alegia”, azaldu du Ana Amigotek, liburutegiko zuzendariordeak. “Hainbat aretotan, mahaiak kendu, eta besaulkiak jarri ditugu”. 2002tik ari da Amigot NUPen, eta irailetik liburutegiko zuzendariordea da.
Bertzetik, ikasleek eta irakasleek talde lanak eta ikerketak egiteko duten behar gero eta handiagoak eragin du liburutegiak eskaintzen dituen zerbitzuak egokituz joatea. Erabiltzaileek lanerako eta ikerketarako materiala bilatzen dute, eta behar duten informazio digital hori aurkitzeko eta eskuratzeko prestakuntza eskaintzen dute liburutegiko profesionalek, gero eta gehiago.
Liburutegia gero eta “birtualagoa” da, nolabait erranda, langileek nabarmendu dutenez. Errealitate hori ederki islatzen dute maileguen inguruko datuek, hain zuzen ere: liburutegiaren hastapenetan, NUPen urtean 62.480 liburu inguru ematen zituzten maileguan; gaur egun, mende laurdena joan eta gero, behera egin du kopuru horrek, eta 58.265 inguru dira urtean maileguan ematen diren liburuak. Liburutegiko materiala begiratzeko eta jasotzeko bertzelako moduak daude orain, ordea: urtean 676.750 dokumentu elektroniko jaisten dituzte NUPeko liburutegiko erabiltzaileek, hain zuzen ere.
Zerbitzuak egokitu
“Puntakoa izan da liburutegia, hasieratik”. Hori argi du Guijarrok. Ontzat jo du NUPek liburutegi nagusi eta zentralizatu baten aldeko apustua egin izana. “Bertze unibertsitate askotan ohikoena zen fakultate bakoitzak bere liburutegia izatea; hemen bertze bide bat egin zuten, eta liburutegi sendo bat sortu zuten. Erabiltzaileek zerbitzu guztiak dituzte toki berean eskura”, azaldu du liburuzainak.
Hasieran, halere, Saenz de Oizaren eraikina zutik izan arte, espazio falta izan zen arazo nagusietako bat, eta departamentuka banatu zituzten liburutegia eskuratuz joan zen liburu bildumak. “Aurten, oraindik ere, bilduma horietako hainbat berreskuratzen aritu gara”, erran du Ana Rosa Casimiro liburuzainak.
Ikerketa bildumen artean egin ditu Casimirok urte gehienak, 1996an NUPeko liburutegira ailegatu zenetik. Orain kontrol bibliografikoko arduraduna da. Ilusioz gogoratu ditu hasierako lan haiek. “Liburutegi bat sortzea proiektu biziki aberasgarria izan da”.
Lankideek gogo eta ilusio bera dutela berretsi dute. “Liburutegia espazio berezi bat da: eraikin bizi bat. Mugimendu handia dago. Hemendik pasatzen dira unibertsitateko kide guztiak”, erran du Quintanak.
Del Campok, zehazki, NUPeko lehen mailako ikasle guztiekin du harremana, guztiei eskaintzen dielako unibertsitateak informazioaren esparruan gaitasunak garatu ahal izateko formakuntza saioa. “Gure zerbitzuak du formakuntza horren ardura. Dauden baliabideen berri zabaltzea eta baliabide horiek erabiltzen ikastea da kontua. Ez hori bakarrik, ikerketa lanetan ere babesa eta laguntza ematen baitiegu irakasleei”, gaineratu du.
Del Campok argi du aldaketa nagusia liburutegiko erabiltzaileek eskura dituzten tresnetan gertatu dela: “Bibliografia bilatzeko tresnen esparrua izugarri aldatu da azken urteotan; klik bakar baten bidez, munduko hamaika txokotan argitaratu denaren berri jaso dezakete ikasleek eta irakasleek”. Hasieran, paperezko euskarritan ziren argitalpen horien zerrendak, eta liburutegian kontsultatu behar zituzten ikerlariek. Disko konpaktuen gisako euskarriak izan ziren hurrengo urratsa, baina horiek ere liburutegian egoten ziren. “Orain, ikerlariak etxetik egin ditzake kontsultak”.
08:00etan zabaltzen ditu ateak Arrosadiko campuseko liburutegiak, eta 21:30ean ixten ditu. Ikasleak taldeka elkartu ahal izateko 24 areto ditu, gaur egun. Ikasleen eta irakasleen joan-etorria etengabekoa da Saenz de Oizak diseinatutako eraikinaren inguruan. NUPeko bihotza da liburutegia, eta indar handiz ari da taupadaka.