Naiara Elola
Astelehenean hasiko da normalatasun berria deiturikoa. Abisu berriren bat eman bitartean, ohiko izaten jarraituko du kalean, lanean zein dendetan musukoa jantzita ibiltzeak. Denbora batez, ezin izango diegu familiakoei eta lagunei muxurik eman. Metro eta erdiko tartea mantentzeko obligazioa dugula mantra bat bezala errepikatzera behartuta egoten jarraituko dugu. Eta pandemiaren arriskuak txikitzeko xedez, etxetik lan egin dugunok, hor, kalean dauden arriskuei aurre egin beharko diegu, hiru hilabetean ihesian egon ondotik.
Hortaz, akabo telelana. Pandemia madarikatu honek ekarri duen hitz berrietako bat hori baita, telelana, etxetik lan egitea, alegia. Ordenagailua izan da aste luzez gertuen sentitu dugun lankidea. Gaixotasunari izkin egiteko aukeraz gain, lana eta kontziliazioa uztartzeko modu gisa saldu dute administrazioek telelana. Baina, zortzi orduko lanaldia etxean bi haur direla osatzea lan nekeza eta zaila da, eta kalteak eragiten ditu, uste dugun baino handiagoak.
Izan ere, langile izateaz gain, haurrak ditugunok irakasle, psikologo, pedagogo eta beste hamaika aditu bihurtu behar izan dugu. Martxoaren 14an dena eten zenean, alarma egoera amaitu artean pasatu den denboran, oreka mantentzea izan da erronkarik handiena. Ibilbidea nekeza izan da, gorabeheratsua, eta kalteak eragin ditu, bai haurrengan eta baita gurasoongan ere. Mezu elektronikoei erantzun, txikienari bularra ematen zaion bitartean, edota nagusienak T letra idazteko lerro puntukariak arkatzarekin egiten duen bitartean, bideo dei bidez egiten den bilera bat jarraitzea ohikoa izan da gurean. Soka gainean oreka mantentzen saiatu garen arren, behin baino gehiagotan erori gara, zartako galantak hartuz. Utopia orain ere kontziliazioaren afera. Hala ere, zauriek gurean behintzat, oso epe laburrean, sendabidea izango dute. Izan ere, badira gu baino gehiago galdu dutenak, eta haienak ez du irtenbiderik.
Ekainaren 22a. Astelehena egun triste xamarra izaten den arren, datorrena berezia izango da gurean. Etxeko leihotik ikusten duten parkera joan ahal izango dute txikiek. Zaharrenak, berriz, oroitu beharko du nola egiten zuen zabuan gora eta behera gorputzarekin indarra eginda. Txikienak, aldiz, deskubrituko du zer den parke bat. Oinez ibiltzeko masterraren diploma etxean jaso ondotik, txirristan gora bere kabuz igotzeko gai izango dela ohartuko da. A ze poza!
Nirea ere astelehenekoa itzulera eguna izango da. Ez dakit zenbat egun beranduago, institutura joango naiz, lanera. Musukoa jantzita agurtuko ditut pantailaren beste aldean lankide izan ditudanak. Goizeko bederatzietan dugu zita. Segurtasun neurriak hartuta ariko gara. Hala ere, elkarrengandik aspaldian baino gertuago egongo gara. Pozarren egotekoa da. Ziurrenik musukoak tapatuko dit irrifarra, baina aldarte ona agerikoa izango da. Izan ere, normaltasun berriak mugak jarriko dizkigu, baina pandemiaren aurreko bizitzara itzultzeko bidea egiten hasiko gara. Luzea izango da, baina halakoetan, hastea da zailena.