Lohizune Amatria
Ekitaldia egiteko hiru egun falta zirenean iritsi zitzaion Mikel Zabalza Gogoan herri ekimenari mezua. Navarra Sumaren parlamentari batek onartu egin zuen ekitaldira joateko gonbidapena. Ekitaldia joan da, eta, Navarra Suma eta PSN salbu, Nafarroako Parlamentuko talde guztiak izan ziren, azaroaren 28an, Auritzen. Beraz, zer gertatu da?
Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi guztiak gonbidatu ditu aurten Mikel Zabalza Gogoan-ek ekitaldira. Urrian bidali zituzten gonbidapenak, eta ekitaldirako hiru egun falta zirela, hiru erantzun falta zituzten: Ezkerrak interesa erakutsi zuen, baina agenda egokitu behar zuen; PSN eta Navarra Suma, aldiz, mutu ziren. Mezua hura iritsi arte.
Egoera berri bat suposatzen zuen eskuineko koalizioaren presentziak. Lehen aldiz, estatuaren indarkeria eta bereziki tortura salatzen den ekitaldiari baiezkoa eman baitzioten UPNk, PPk eta Ciudadanosek. 2015ean UPNko parlametari Iñaki Iriartek idatzitakoak etorri zitzaizkidan gogora. Zabalzaren auzian egia, justizia, memoria eta erreparazioa aldarrikatzea “zentzuzkoa” iritzi zitzaiola esan zuen. Haren ustez, “familiari egindako kaltea aitortzeak ez du demokraziaren kausa ahultzen” eta ez du “ETA borrokatu zutenen izen ona zikintzen”. Tortura auzi horretara mugatu zen, baina; eta Nafarroako Gobernuak eskuin muturreko taldeen eta segurtasun indarren indarkeriaren biktimei egindako omenaldia “desegokia”, “sektarioa” eta “amorragarria” izan zela esan zuen alderdi berdinak, 2017an. Orain, baina, tortura asmakeria bat dela esateko “salatzen bada, baina ez bada zigortzen, ez da torturarik gertatu” bezalako baieztapen gaiztoak egin dituen PP alderdia ere barne hartzen duen koalizioan daude. Beraz, zergatik etorri? Zein interes politikorekin?
Ekitaldirako bi egun falta zirela, PSN zen joanen ez zen bakarra. Herri ekimenak Irati Irratian azaldu zuenez, sozialistena baino lehen iritsi zen eskuineko koalizioaren bigarren mezua: ezezkoa, azkenean. Ohartarazpen bat?
Iritsi zen eguna. Navarra Suma eta PSN ez beste parlamentuko talde guztiak izan ziren ekitaldian eta, azken bost urteetan bezala, baita Nafarroako Gobernua ere. Horien artean, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari Martin Zabalza izan zen. PSNkoa da, baina ez zen duela 35 urte agintean zen alderdiaren ordezkari gisa agertu. Niretzat ez da gauza bera. Berdinak falta izan dira berriz, eskutik lotuta azaldu da erregimena, isiltasunaren zigorgabetasunean lagun.
Pentsatu nahi dut badela zirrikiturik horma horretan. Bizikidetzaren lehen plan estrategikoa garatzen ari da Nafarroako Gobernua; orain ekarpenak jasotzen ari dira. Hainbat dira planaren garapenean 1978tik hona izandako tortura kasuak aintzat hartzeko eta ikertzeko eskatu dutenak. Ikusiko dugu horretarako adorerik duten. Espero dut baietz; giza eskubideen urraketen biktima guztiak aitortuz eraiki beharko genuke bizikidetza.