Ekainaren 24an eginen dute Arizkun Rock, eta, pixkanaka, antolatzaileak ari dira aurtengo aldiari buruzko xehetasunak argitzen. Asteon kaleratu dute kartela: lau talde ariko dira oholtza gainean.
Uxue Rey Gorraiz
Pandemiak itorik ziren aldietan hutsik egin ez bazuten, nola eginen zuten aurten… Ekainaren 24an eginen dute Arizkun Rock. Apurka, itxaronaldia estutzen ari da, eta, hain zuzen, iragan asteartean argitu dute zein izanen den egitaraua: Drunken Barrels, The Lio, Skakeitan eta Tirri & Tery taldeak ariko dira. Eider Bidegain (Arizkun, 1999) antolatzaile taldeko kideak pozik eman ditu xehetasunak telefonoaren beste aldetik. Elkarrizketak iraun bitartean, txorien kantuak aditu dira haren hondotik, Arizkungo plazatik. Bi hilabeteren buruan, bestelakoa izanen da soinu banda.
Hurbil sentitzen duzue eguna?
Egia esan, bai, eta jadanik urduri gaude, egunari begira, erne, eta azken gauzak lotuta uzteko ahaleginetan; oso gogotsu.
Hiru egun dira egitaraua kaleratu zenutela. Gogoz zineten misterioa argitzeko?
Jakina! Horrelakoetan, asteak ematen ditugu egitaraua isilpean izan nahian, ezkutuan gordetzen, gero nolabaiteko boom bat eragiteko. Jakin-mina piztu nahi izaten dugu, alegia, jendea pixka bat itxaronarazi. Orain erreakzioak aditzen ari gara, eta, horri esker, are gehiago animatzen.
Zertan sumatu da jakin-mina?
Askotara. Askok eskatu digute, hitz erdizka, faborez kontatzeko nork joko duen kontzertuetan. Asmatu nahian ere ibili dira beste batzuk: “Aurten etorriko da ez-dakit-nor?”. Listo, bukatu da itxaron beharra: orain badakite.
Besteak beste, Drunken Barrels taldea ariko da, 17:00etan. Zergatik dira egoki, zuen ustez?
Drunken Barrels taldea aukeratu genuen, batetik, hemengoak direlako, Baztangoak, eta, hain zuzen ere, bertakoen aldeko apustua egin nahi izaten dugulako. Gainera, badakigu jendeari asko gustatzen zaiola taldea. Musika irlandarra jotzen dute, eta adin guztietarako atsegina da. Horri ere erreparatu diogu, lortu nahi baitugu mundu guztiak disfrutatzea, izan heldu edo ume.
Zer irizpideri jarraitzen diozue kartela osatzeko garaian?
Taldeak Euskal Herrikoak izan daitezen saiatzen gara, eta, ahal dela, hemen ingurukoak. Gainera, taldeetan emakumeak izateari ere ematen diogu lehentasuna.
Eta, oro har, lortzen duzue?
Egia esan, agerikoa da ezetz. Saiatzen gara beti izan dadin emakumeren bat oholtza gainean, baina ez da erraza izaten. Musikaren industriaren egoerak asko zailtzen du; gizonak beti dira gehiago. Gainera, beste faktore asko ere izaten dira tartean: agenda, gure aurrekontua…
Ilundutakoan, Skakeitan eta The Lio izanen dira jaialdian; bigarrenak punk-rock doinuak ditu bereizgarri. Hain zuzen, bistakoa da Arizkun Rockek maiz egin duela genero horren alde. Hautu kontzientea da?
Ez dugu kontzienteki egiten, baina egia da, nahi gabe edo, badugula horrelako taldeak ekartzeko joera. Izan daiteke badakigulako jendeak asko gozatzen duela haiekin. Edo, akaso, guri [antolatzaileei] hainbeste gustatzeak ere izan dezake erruaren parte.
Tirri & Tery zortzigarrenez izanen dira jaialdian. Sekula ez dute huts egin zuenean.
Giro zoragarria sortzen dute. Aurtengo aldia, gainera, oso berezia izanen da. Berriki, iragarri dute agertokiak utziko dituztela laster, eta, beraz, agur esateko bira eginen dute orain. Hau izanen da Arizkun Rocken ariko diren azken aldia. Jadanik aurreratu dute zerbait berezia eginen dutela ekaineko emanaldian.
Arizkun Rockek 2015ean izan zuen estreinako aldia. Ordutik, nolakoa izan da eboluzioa?
Ni 2016an hasi nintzen antolaketa taldean, eta, egia esan, argi ikusi dut nola handitu den. Ez naiz lantaldeaz ari, baizik eta jaialdiaren izen onaz, oihartzunaz eta eskaintzen duenaz. Gauzak gero eta hobeki egiten dira.
“Jaialdi txiki” gisa definitu ohi duzue. Gauza handi asko kabitzen da txikitasunean, ezta?
Txiki deitzen diogu herri txiki bat garelako, egun bakarrekoa delako eta, bistan denez, jende kopuruan ere alde handia dagoelako beste jaialdi batzuekin konparatuz gero. Halere, horrekin ez dugu erran nahi garrantzi txikiagokoa denik. Oso berezia da.
Autogestioan oinarritu zarete hasieratik, eta sarrera doakoa da. Inoiz sentitu duzue ereduan aldaketarik egiteko tentazioa?
Ez zait iruditzen. Uste dut beti izan dela argi gure kasuan horrela behar duela izan. Gure lehentasunetako bat da edozein pertsonarentzat izatea posible jaialdira joatea, dirua ez izatea traba. Gainera, jaialdia herriko plazan egiten da; horrek berezi egiten du eguna, eta sarrerak saltzen hasiko bagina ezinbestean itxi beharko genuke ingurua fisikoki. Horrela segituko dugu hemendik aurrera ere: auzolana eta auzolana oinarri, eta doako sarrerarekin.
Jaialdiaren izenean eginiko zenbait argitalpenetan, hiru adjektibo esleitu dizkiozue musikari: handia, zabala eta librea. Zer esan nahi du horrek, zehazki?
Sinetsita gaude musikak denondako behar duela izan, denondako eskuragarri, libre. Horregatik, guk aprobetxatu egin nahi dugu Arizkun Rock jaialdia antolatzeak ematen digun aukera, eta musika zabaldu. Asmoak inoiz ez du izan behar musikari ateak ixtea, zabaltzea baizik.