Uxue Rey Gorraiz
Bertsoaren azkeneko puntuak oraindik ere kantatu gabe zirela gelditu ziren hutsik agertokiak joan den martxoan. Hain zuzen. urtarrilaren 31n hasi zen Bardoak Nafarroako Taldekako Bertsolari Txapelketa. 96 bertsolari aritu ziren bertsotan, eta martxoaren 28an zen egitekoa txapelketaren final handia, Lizarran. Hori zuten asmoa, baina ez zen izan hura erdiesterik.
Hasi bai, baina bukatu ezinik gelditu zen Nafarroako Txapelketa, hura ere koronabirusaren pandemiaren eraginez. Ia zazpi hilabeteren ondoren, gaur emanen diote segida orduan erdizka gelditutako proiektuari. Batetik, Goizuetako finalaurrekoan lehiatuko dira Lesakako Arranopola eta Malerreka-Baztango Bertsonautak taldeak. Bestetik, Jauntsaratsen izanen da Berako Lamixene eta Barañaingo Hego Haizea taldeen arteko norgehiagoka. Bi saio horietan erabakiko da Lizarrako finalera nor iritsiko den, urriaren 17an. Hain zuzen ere, dagoeneko sailkatua den Leitzako Atekaberts Komeni taldearen aurka ariko dira gaurko saioetako irabazleak.
Pandemiak bete-betean harrapatu zituen Bardoak, martxoan. Hain justu, Goizuetako eta Jauntsarasko finalaurrekoak egitekoak ziren egun berean ezarri zuen Madrilek alarma egoera, eta, beraz, saioak atzeratzea erabaki zuten antolatzaileek. Baita finala ere, ezinbestean. Hala eta guztiz ere, Ander Perez Nafarroako Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak azaldu duenez, antolatzaileek hasieratik izan zuten argi bertan behera utzi ez, atzeratu eginen zutela txapelketa. "Ez genekien noiz arteko etena izanen zen, baina beti egon gara hasia genuen proiektuari amaiera emateko borondatean". Ekainean egin zitekeela pentsatu zuten lehenbizi. Gerora, ordea, ohartu ziren orduan ere ez zela posible izanen, eta orain, udazkenarekin, bertsoei berriz heltzeko aukera ikusi dute. Txapelketa erdibidean uztea "ez litzateke sobera duina", Perezen esanetan.
Segurtasuna etengabe bermatua egon dadin, neurri bereziak hartuko dituzte txapelketako arduradunek datozen saioetan. "Ez dago ukatzerik pandemia batean gaudela, eta, beraz, neurriak hartu behar ditugula" azaldu du Perezek. Hiru saioetan, gaurko bietan eta Lizarrakoan, mugatu eginen dituzte edukierak. Finalean, esaterako, 180 lagun inguru bildu ahalko dira aretoan. Halaber, hiru saioetan derrigorrezkoa izanen da pertsonen arteko distantzia fisikoa mantentzea, eta ezinbestekoa izanen da maskara jantzita edukitzea. Gainera, ez da otordurik izanen bertso saioen ondotik.
Egoerak hala eskatuta, itxura desberdina hartuko du txapelketaren azken txanpak, baina, edonola ere, itzulerarako aukera izanen dira saiook askorentzat. Baldintza berrietara moldatzen jakitea da egin beharreko lehen urratsa, antolatzaileen esanetan.
Bertso gosea asetzeko
Pandemiaren eraginez, bertsolari asko luze izan dira plazara igo gabe, eta, Perezen ustez, horrek "ziurgabetasuna" dakar, nolabait. "Ez dakigu bertsolariak nola iritsiko diren, eta, are gehiago, ez dakigu nola erantzungo duen publikoak". Hala ere, uste du jendea "eroso" izanen dela saioetan, eta erdietsiko dutela Bardoek berezko ezaugarritzat duten "giro beroa" piztea. "Jendea gogotsu dago, eta guk ahal den guztia egingo dugu txapelketari bukaera duina emateko. Badakigu bertsolariek ere beren onena emango dutela, saioak ahalik eta gozagarrienak izan daitezen denontzat", adierazi du.
Koronabirusak gizartea astindu aurretik, bertsolaritza "sasoi onean" zegoen Nafarroan. Hala uste du Perezek. Badaki gaur egungo egoera bestelakoa dela, baina, aldi berean, itxaropentsu dago aurrerantzean gertatu daitekeenarekin, zailtasunak zailtasun. "Hau heldu aurretik sektorea osasuntsu bazegoen, esan daiteke orain zauritua dagoela bertsolaritza. Dena dela, sinetsia nago baduela nahikoa indar sendatu eta aurrera egiteko". Hala eta guztiz ere, elkarteko kideak gaineratu du horretarako ezinbestekoa dela konfiantza ematea, hau da, oztopoak jarri beharrean erraztasunak ematea emanaldiak antolatu ahal izateko.
"Bestelako jarduera asko baimentzen direla ikusita, ulertezina da kulturaren inguruan sortu den mantra". Perezen ustez, bertso saioek zer ezaugarri dituzten kontuan izanik, "aise" bete daitezke neurriak, eta horixe bera erakusteko ere balioko dute saiook: agerian uzteko kultura segurua dela, eta, era berean, erakusteko bertsolaritzak baduela gaitasuna areto, plaza eta txokoak kantuz girotzeko eta alaitzeko, birus batek egunerokoa kutsatua duen honetan ere.