Kattalin Barber
Historiaren gordailu da Ibero, eta denboran atzera egiteko aukera ematen du hango burdinolak. Hondatuz joan da, hala ere, urteen poderioz; desagertzeko zorian egon da. Urteak dira Leitza eta Goizueta Nafarroako Gobernuari laguntza eskat...
Aisialdia
Musikaren bidetik
Kattalin Barber
Ez dira Iruñean jada, baina bizkar zorroa esperientziaz beterik eraman dute Haitira. Hamalau egunez, herri horretako 11 eta 16 urte bitarteko bederatzi gazte egon dira Nafarroan. Haitiko Port-au-Prince hiriburuko L'Ecole de Musique Saint Triniteko hari orkestrako kideak dira, eta Karibeko doinuz bete dituzte emanaldiak. Biolina, biola, txeloa eta kontrabaxuarekin han eta hemen izan dira beste errealitate batzuk ezagutzen. Atzo hartu zuten sorterrira itzultzeko bidea.
Alvaro Santiago Iruñeko Joaquin Maia eskolako irakasleak eta L'Ecole de Musique Saint Triniteko irakasle kolaboratzaileak antolatu du bisita, beste pertsona batzuekin batera. Santiagok duela sei urte ezagutu zuen lehen aldiz Haiti, eta, ordutik, urtero joaten da uda garaian. "Port-au-Princeko eskola honek orain dela 50 urte musika programa bat sartu zuen hezkuntza curriculumean. Haitin hau ez da oso ohikoa, baina eskolak musikaren aldeko apustua egin zuen", azaldu du. Arazoak izan zituen arren, aurrera egin du musika eskolak, eta Santiagoren aburuz, musikak balio izan du ikasleek elkar ezagutzeko eta integratzeko: "Gizarte funtzioa egiten du argi eta garbi musikak. Eskola familia bezala hartzen dute ikasleek, eta eguneroko arazoen aterpetxea da". Musikaren bidez, integrazioari bide egiten diote.
L'Ecole de Musique Saint Trinite ez da eskola "ohikoa" Haitin. Han ikasten dute 1.500 haur inguruk, eta ez dago desberdintasunik haien artean. "Herrialde guztiz desorekatua da Haiti, baina eskolan hori desagertzen da: guztiak berdinak dira, ez dago maila sozialik". Adierazi duenez, edonork aukera du bertan ikasteko. Oasi bat da Haitin, eta musika funtsezkoa da eskolan. Eskolak udan antolatzen dituen kanpaldiei esker hasi zen Santiago haiekin harremanetan.
Ia hilabete osoko musika udalekuak izaten dira; irakasle kolaboratzailea da iruindarra. "Gozamena da; normalean, udan gaztetxoek ez dute egitekorik, eta, kanpaldi horri esker, haien egunerokoak zentzua hartzen du", adierazi du. Eskola hiriburukoa izan arren, herrialde osoko haurrek parte har dezaten saiatzen dira. Musikaren bidez, landa eremuko eta hiriko gazteak elkartzea da xedea. "Hirian biolentzia da nagusi; herrietan, aldiz, urritasuna da arazoa".
Joan den urteko udalekuetan sortu zen Iruñera etortzeko asmoa, eta urtarrilaren 27an iritsi ziren Haitiko bederatzi nerabe, lau irakasle eta arduradun bat. Ideia Haitin sortu bazen ere, "ezinbesteko" laguntza jaso dute Iruñean. Iruñeko Sagrado Corazon eskola, Mendillorriko Bideberri haur eta gazteen elkartea eta Kantuz taldea eta Mari Jose Gastearena Mendillorriko bizilaguna, besteak beste, aipatu ditu Santiagok. "Hau guztia posible izan da lagun askori esker".
Hain zuzen, 14 egun hauetan, Haitiko haurrek hiru kontzertu eman dituzte, baina horretaz gain, hamaika ekitaldi eta jardueratan parte hartu dute: "Horixe izan da onena; programa ofizialetik kanpo gauza asko sortu dira. Txalaparta ikastaroa egin zuten Uharten, eta hango zaharren egoitzan kontzertua eman zuten, adibidez". Giro ezin hobean egon direla erran du irakasleak. Asteazkenean, esaterako, San Fermin ikastola ezagutu zuten, eta Burlatako musika eskolan kontzertua eman zuten. Iruñerria afrikar jatorriko "erritmo exotiko eta konplexuz" bete dute.
Eskola solidarioa
Iruñeko Joaquin Maia musika eskolak programa solidarioa du. Horren bidez, beste hezkuntza ildo bat jorratu nahi dute, eta eskolako ikasleak hainbat egoera sozial eta ekonomiko gogorren inguruan sentsibilizatu nahi dituzte. Haitin garatzen ari den proiektua laguntzen dute horrela. "Haitiko gazteak hona etorri dira guri irakastera; guk harrera egin diegu, baina beste guztia haiek jarri dute", gogorarazi du Santiagok. Iruñeko ikasleek musikaren "beste dimentsio hori" ikustea nahi dute. Eskolako ikasleekin kontzertua emateaz gain, Haitiko Orkestrak Iruñeko Orfeoia eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoa ere ezagutu ditu. "Atsedenik hartu gabe egon dira 15 egunak, baina merezi izan du; pozik joan dira". Hortaz, oraingo bidaia elkarlan baten abiapuntua izatea gustatuko litzaioke Santiagori. "Espero dugu aurrerantzean horrelako bisitak errepikatzea".
Izan ere, duela 50 urte baino gehiago sortutako orkestra hau musika hezkuntzaren adibide bat da, gizarteratzeko, lankidetzarako eta aurrera egiteko bide gisa.
Jostailuak, ume eske
Kattalin Barber
Gabonetako ohiko erosketez harago, Iruñean badago aukera bestelako kontsumo eredu baten aldeko apustuan oinarritutako opariak egiteko, egunotan. Emausko Trapuketariek milaka jostailu biziberritzen dituzte, ume bakar bat ere jostailurik gabe gera ez dadin. Atzo zabaldu zuten azoka, eta urtarrilaren 5era arte egonen da zabalik Arrotxapeko Arga ibaia kalean duten Triki Traku dendan.
"Jostailuak berrerabiltzea, aurreztea eta beste aukera bat ematea ez ezik, ingurumena babestea eta arduraz kontsumitzea ere bada gure asmoa", adierazi du Pili Ioldik, erakundeko komunikazio taldeko kideak.
Urtero, Emausko Trapuketarien bilketa zerbitzuek Nafarroa osoko etxeetan eta garbiguneetan milaka tona biltzen dituzte, eta, horien artean, jostailuak dira asko. "Onenak eta deigarrienak" aukeratzen dituzte Eguberrietako azokarako. Bilketa egin ondoren, berrerabil daitezkeen jostailuak sailkatzen dituzte, eta, beharrezkoa bada, garbitu eta konpondu egiten dituzte. "Behin bilduta, bereizita, konponduta eta txukunduta daudelarik, prest ditugu saltzeko", azaldu du.
Mota guztietako eta adin guztietarako jostailuak jasotzen dituzte dendan: panpinak, puzzleak, ibilgailuak, peluxeak, haurrentzako liburuak, mozorroak, jostailu bildumak, Lego-ak, Playmobil-ak eta abar. "Lego-ak, adibidez, pisura saltzen ditugu, eta oso ongi saltzen dira". Jostailuak opari katalogoetan dauden bezala aurkezten saiatzen dira, poltsetan sartzen, eta ahalik eta hobekien aurkezten. Jostailuak hezigarriak eta oraingoak direla azpimarratu du Ioldik.
Laugarren urtea da Emausko Trapuketariek azoka antolatzen dutena, eta harrera ona duela dio erakundeko kideak. Izan ere, garai honetan joan den urteko jostailuak alde batera uzten dituzte askok, berriei tokia egiteko asmoz. Hainbat datu aipatu ditu Ioldik: hamar jostailutik bederatzi zabortegira joaten dira, eta hiri hondakin guztien artean %6 jostailuak dira. "Ehunekoa murriztu behar dugu. Jostailuak berriro erabilita lortuko dugu guztion artean hondakinen putzu beltzera ez bidaltzea".
Emausko Trapuketariek ez dute datu zehatzik, baina haien guneetara egunero iristen den jostailu kopurua handia dela argi du Ioldik. Gehienak, gainera, Gabonen atarian jasotzen dituzte, "jostailu berriei tokia egiteko armairuak husten dituztenean etxeetan". Gabonak amaitu eta gero, berriro ere dozenaka jostailu jasotzen dituzte. Espainiako Jostailu Ekoizleen elkarteak adierazi duenez, jostailuen %75 garai honetan erosten dira. "Garestiagoak diren garaian, hain zuzen ere", nabarmendu du Ioldik.
Dena den, jasotzen dituzten jostailu guztiak ezin dituzte berreskuratu ezta berrerabili ere. Egoera txarrean daudelako edota konpondu ezin direlako baztertzen dituzte. Gainerakoak, ongi funtzionatzen dutela ziurtatu, garbitu eta moldatu ondoren, dendako apaletan txukun-txukun ipintzen dituzte.
Horixe da, beraz, azokaren xedea: beste aukera bat eman nahi diete jostailuei, eta, aldi berean, herritarrak animatu bertan bigarren eskuko jostailuak erostera. "Diru gutxiren truke, mundu guztiaren eskura jartzea". Edonola ere, oraindik ere jendeari bigarren eskuko jostailuak erostea kosta egiten zaiola jakinarazi du Ioldik. Aurreiritziek indarrean jarraitzen dute. "Erosi behar dugula, hori da Eguberrietan zabaltzen den mezu nagusia. Etengabeko bonbardaketa da, eta jostailu berriak nahi ditu jendeak", adierazi du Emausko kideak. Hala ere, ilarak izaten dira urtero, irekitzen duten lehen egunean.
Jostailuak hondakin
Dirua aurrezteaz eta jostailuei bigarren bizitza emateaz gain, jostailuak berrerabiltzeko arrazoi asko daude. "Ikaragarria da jostailuak egiteko zenbat baliabide natural behar den: ura, petrolioa, metala, zura... Denboraldi batean erabiltzen dira, eta gero horietako asko hondakin bihurtzen dira. Jostailuak berreskuratzea eta berrerabiltzea beharrezkoa da", dio Ioldik.
Ingurumenari nabarmen kalte egiten diote jostailuek, zabortegira botatzen direnean eta, batez ere, erretzen badira. "Errausketak edota zabortegian pilatzeak eragiten duten kutsadura gutxitu egiten dugu". Adibidez, kadmioa, merkurioa edota beruna duten jostailuak kaltegarriak dira, eta, tratamendu egokia jasotzen ez badute, lurra eta ura kutsatzen ahal dituzte. Hamaika ondorio izan ditzake horrek.
Horregatik, hain zuzen ere, baliabide naturalak ez agortzearen alde lan egiten dute Emausko Trapuketariek, eta birziklatzea da haien helburua.
Aldi berean, gizarte lana egiten dute. Garai batean bazterketa sufritu duten pertsonei duintasunez bizitzeko aukera ematen die erakundeak. "Jostailu hauek erosiz gero, bideragarria egiten dugu gure proiektua; 220 laguni bizimodu bat eskaintzen die proiektu horrek".
Horrez gain, azokaren bidez kontsumo ereduen inguruan hausnarketa eragin nahi du erakundeak. "Bereziki, Eguberrietan ditugun kontsumo ohituren inguruan eta seme-alabei irakasten dizkiegun balioen inguruan".
Jostailu baten bizitzari buruzko gogoeta jarri du adibide Ioldik, behar lukeen baino laburragoa izaten ohi delako; izan ere, umeek asko dituzte, eta aspertu bezain pronto berri bat nahi izaten dute, gainera. Bizitza luzeagoa eman nahi diete Emausko Trapuketariek jostailuei: "Umeek ez lukete garai hau iragarkietako ereduen arabera bizi beharko. Ingurumenarekiko errespetua bultzatu behar dugu, gizarte bidezkoago bat izateko bidean".
Ondarea, klik batean
Asier Garcia Uribarri
Teknologia berrien erabilera, inguruaren ezagutza eta ele aniztasuna. Hiru ezaugarri horiek bildu ditu Nafarroako Ikastolen Elkartearen azken proiektuak: Gure ondarea QR-tuz. Nafarroako ikastoletako ikasleek euren eskualdeetako 75 gune esanguratsu aukeratu eta deskribatu dituzte. Hala nola, elizak, jauregiak edota natur guneak. Deskribapen horiek guztiak, ahoz eta idatzizkoak, datu base batean sartu dituzte. Informazioa jaso daiteke tokian-tokian jarri dituzten QR kodeak erabiliz.
Duela urte eta erdi, ikastolen 50. urtemuga ospatzeko hainbat ekinaldi antolatu zituen ikastolen elkarteak, eta orduan sortu zen proiektu berriaren ideia. "Gaitasunetan oinarritutako hezkuntzaren alde egiten dugu, eta ildo horretan ikastola guztiak batuko zituen proiektu bat garatu nahi genuen", azaldu du Josu Reparaz Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendariak.
Horrelako hainbat proiektu martxan dituzte Nafarroako ikastolek. Lizarran, adibidez, Nondik dator ura? proiektua lantzen ari direla nabarmendu du Reparazek. "Ikasleak ibaien iturburuetara joaten dira, eta gure etxeetara heldu arte urak egiten duen bide guztia aztertzen dute. Horrelako proiektuak ikastola guztietan daude. Baina guztiek parte hartuko zuten bat nahi genuen".
Ekinaldia Nafarroako ikastoletako Lehen Hezkuntzako 6. mailako eta Bigarren Hezkuntzako 1. mailako ikasleek egin dute. Ikastalde bakoitzak bere eskualdeko sei elementu aukeratu ditu, besteak beste, Arbizuko dorrea, Arbaiungo arroila, Tuterako Uharte markesen jauregi barrokoa eta Iruñeko Frantziako ataria. Gero talde bakoitzari buruzko informazioa bildu eta deskribapenak osatu dituzte. Euskara da prozesuaren oinarria, baina testuak beste hainbat hizkuntzatara ere itzuli dituzte. "Testuak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez jaso ditugu. Halere, ikastetxe batzuetan aukera bazegoen, eta beste hizkuntzatan ere jarri ditugu: frantsesez eta alemanez".
Dagoeneko QR kodeak jarrita daude behar duten guneetan, eta edonor hurbildu daiteke informazioa jasotzera. Erabiltzeko modua oso erraza da. Sakelako telefonora QR kodeak irakurtzeko aplikazioa jaitsi egin behar da aurretik. "Oso erraz eskuratzen da, eta doakoa da". Behin aplikazioarekin, sakelakoa QR kodera hurbildu, eta informazioa ahoz edo idatziz jaso nahi duen galdetuko diote erabiltzaileari. Hautua egin eta gero, erabiltzaileak informazioa jasoko du telefonoan.
Elkarlana oinarri
Ikasleek egindako lana hiru edo lau astean bukatu dutela azaldu du Reparazek. Informazioa bilatu eta deskribapenak egiteko nahiko ongi moldatu dira ikasleak. Prozesuko parterik zailena ahozko testuak grabatzea izan da. "Ezin da edonola irakurri: astiro, beharrezko geldialdiekin... edozein entzulek ulertzeko moduan. Horrek nahiko lan ekarri du".
Testuak osatzeko eta grabatzeko hainbat astez lan egin behar izan badute ere, zeregin burokratikoak izan dira proiektua gehien luzatu dutenak. Izan ere, erregistratutako eraikin asko pribatuak dira, eta horien jabeen baimena behar izan dute QR kodeak bertan jartzeko. "Elizetan kodeak jartzeko Artzapezpikutzaren baimena behar izan dugu, eta beste zenbait kasutan, eraikinetako jabeena. Baina denen jarrera oso positiboa izan da. Gogo onez hartu dute gure ekinaldia".
Proiektuak Vianako Printzipea erakundearen babesa ere izan du hasieratik. "Erabateko prestasuna izan dute gurekin bat egiteko. Testu guztiak gainbegiratu dituzte. Azken finean, toki publikoetan egongo den informazioa da. Onartu egin digute proiektu honekin instituzio publikoek zuten hutsune bat bete dugula".
Reparazek adierazi du horrelako proiektuek ikasleengan motibazio berezia sortzen dutela. "Ikasleek ikusten dutenean ikasten duten edozer gauza baliagarria dela eta ikastolatik kanpo oihartzuna duela motibatu egiten dira. Are gehiago, euren lanaren hartzaileak helduak badira".
Behin lanak bukatuta, orain proiektua gizarteratzea baino ez zaie geratzen. Horregatik, ikastoletako eta hezkuntzako aldizkari espezializatuetan berria zabalduko dute. Gainera, tokian tokiko turismo bulegoetan eskuragai jarriko dituzte triptikoak informazio guztiarekin.
Lehen pausoa 75 gune erregistratzea izan da. Baina Reparazek ez du baztertzen datozen urteetan proiektua garatzen jarraitzea. "Nafarroan gune asko geratzen dira erregistratzeko; beraz, lana badugu aurretik". Ikasleek hainbat gaitasun landu dituzte proiektu bakar batean, eta gizarteak, gainera, Nafarroako ondarea eskuragai du, orain, klik bakar batean.
Kontuak eskatu dizkiote gobernuari
Edurne Elizondo
Informazioa nahi dute Pedro Zigaren oinordekoek (Iruñea, 1867-1949); informazioa, zehazki, Zigak 1949. urtean, bere testamentuaren bidez, orduko Nafarroako Diputazioaren esku utzi zuen ondarearen egoerari buruz. Zigak 1898an erosi zuen Bertizko jaurerria; nafarrei eman nahi izan zien, eta, haien izenean, diputazioak jaso zuen, hil eta gero. Hainbat baldintza zehaztu zituen ondarea ematerakoan, halere, eta baldintza horiek zein neurritan betetzen ari diren jakin nahi dute Zigaren ondorengoek. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren erregistroan instantzia aurkeztu dute, administrazioak jaurerria hartu zuenetik egin diren urrats guztien inguruko zehaztasunak jasotzeko asmoz.
Ehizaren ingurukoek sortu dute azken urteotan zalaparta, batez ere. 1984. urtetik, natur parkea da Bertizko jaurerriko lursaila, eta Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentuaren esku dago kudeaketa. Isabel Elizalde kontseilaria, da, ondorioz, Bertizko parkeko patronatuko egungo presidentea.
Bere testamentuan Zigak zehaztu zuen ehiza debekatuta egonen zela espazio horretan. Nafarroako Gobernuak, halere, arkuak eta geziak baliatuz basurdeak, orkatzak eta oreinak ehizatzeko baimena eman zuen, 2010. urtean. Orduko gobernuko hainbat kidek ere parte hartu zuten baimen horrek ekarri zituen ehizaldietan. Gurelur talde ekologistak auzitara jo zuen. Fiskalak 2013ko bere idatzian onartu zuen ehizaldiek Nafarroako hainbat lege urratu zituztela; zehazki, faunaren eta haren habitatari buruzkoa, eta arrantza eta ehizari buruzkoa. Hala eta guztiz ere, salaketak ez zuen aurrera egin.
Elizaren esku
Zigak ez zuen seme-alabarik, eta haren ilobak bilakatu ziren haren oinordeko. Zigaren iloben ondorengoetako hainbat dira, orain, gobernura jo dutenak zehaztapen bila. Ehizaren auziak kezka eragin zien, eta ez zuten berri ontzat jo kontua hutsean gelditu izana. Bertze hainbat arlotan ere Zigaren borondatea bazter gelditu dela uste dute, gainera. Bertizen zegoen Zigaren liburutegiarekin, hainbat altzarirekin edo Elizaren esku ziren hainbat lursailarekin gertatu dena argitu nahi dute haren oinordekoek, bertzeak bertze.
Zigak bere testamentuan zehaztu zuen Bertizko jauregiaren erabilera Elizaren esku geldituko zela, baina, betiere, baliabiderik ez zuten apaizentzako egoitza gisa baliatzeko, erretiroa hartzeko orduan. Izan zitezkeen toki arazoei aurre egin nahi izan zien Zigak, gainera, eta apaizen esku utzi zituen Oronozko bertze 29 lursail ere. Bertizko eraikina erabiltzeko zuen eskubidea Nafarroako Gobernuaren esku utzi zuen Artzapezpikutzak, 1982. urtean. Saldu egin zion, zehazki.
Pedro Zigaren oinordekoek informazioa nahi dute 1982ko akordio horrek izan dituen ondorioei buruz, bertzeak bertze. Oro har, 1949. urtetik Zigaren ondarearen inguruan hartutako erabakien berri jaso nahi dute. Instantzia jaso eta gero, hiru hilabeteko epea du Nafarroako Gobernuak, orain, erantzuteko.
Auzoa berritzeko norabidean
Kattalin Barber
Hiri eredua aldatzea du xede Alde Zaharra Arian-arian proiektuak. Horretarako, herritarrek 45 proposamen adostu dituzte, besteak beste, auzoa bizileku egokiagoa izateko, ibilgailuen presentzia mugatzeko, zarata bolumena eta kutsadura tasak murrizteko, garraio publikoaren erabilera sustatzeko eta txirrindulari eta oinezkoen arteko bizikidetza errazteko.
Prozesu parte hartzailea jarri zuen martxan Iruñeko Udalak joan den irailean, eta bertan jasotako 782 proposamenak abiapuntutzat hartuta, eragile inplikatuen eztabaida lanaren ostean, adostutako 45 proposamen dira emaitza. "Hezkuntza Departamentuaren ondoan bizilagunentzat aparkaleku bat egitea, billabesak auzora gerturatzea eta Alde Zaharrerako ibilgailuen sarrera kontrolatzea adostu da, tartean", adierazi du Ioar Cabodevilla arkitekto eta prozesuko kideak.
Prozesuaren lehenengo hiru faseak amaitu direla azaldu du Cabodevillak, eta, orain, Iruñeko Udalari dagokio Alde Zaharreko mugikortasun plana diseinatzea. Udaleko lantalde teknikoak proposamenak aztertuko ditu, eta kontuan izanen ditu auzoko mugikortasun proiektua diseinatzerakoan. Horren ondotik, proposamen berriak modu esperimental eta itzulgarrian abiaraziko dira. "Egiten duenaren arabera, ikusiko da prozesu parte hartzaileak garrantzia duen ala ez".
Lau ardatzen inguruan lan egin dute prozesuan: zirkulazioa murriztu eta oinezkoei lehentasuna ematea, oinezkoen eta txirrindularien elkarbizitza, Alde Zaharrerako sarbide eta loturak, eta zamalanak.
Bertan parte hartu dute inplikatutako eragileek, ehun ekonomikoko eta elkarteetako ordezkariek, teknikariek eta herritarrek. Horrez gain, parte-hartze prozesua garatu eta dinamizatu du hirigintza arkitekto, soziologo eta komunikazio talde batek. "Lantaldeetan nahi genukeen baino pertsona gutxiagok parte hartu duten arren, haien inplikazioa eta parte hartzea oso positiboa izan da, elkarrizketak, elkar entzuteak eta kontrako ideiekiko begiruneak bideratu baitzuten lana", dio Cabodevillak. Xedea izan da adostasunak eta desadostasunak bilatzea mugikortasunaren inguruan.
Irailean, 11.000 triptiko banatu zituzten Alde Zaharrean, eta 42 postontzi paratu zituzten proposamenak jasotzeko. Gainera, webguneko plataforman eta parte hartzeko egon diren lau kale dinamiketan auzoa hobetzeko ideiak jaso dira. Kale dinamiketan, guztira 200 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute; eta 192 proposamen egin dituzte.
"Prozesua guztiz positiboa izan da, eta parte hartu nahi izan duenak aukera izan du horretarako; hala ere, Iruñeko bizilagunok eta erakundeak ez gaude prozesu parte hartzaileetara ohituta, eta bide horretan zaila izan da", dio Cabodevillak. Gutxika-gutxika herritarrak parte hartzera "ahaldunduko" direla uste du. "Orain, udalari dagokio arduratsu jokatzea. Parte hartu duten guztiek ikusi behar dute bere proposamenak balio izan duela".
Cabodevillak aipatutako proposamenez gain, beste neurri batzuen artean, herritarrek adostu dute kale estuetan aparkatzea debekatzea, San Frantzisko kaleko espaloiak kentzea eta kalea oinezkoendako bihurtzea, tabernetako barrika eta mahai altuak kentzea, bizikletentzat udal aparkaleku seguruak, estaliak eta merkeak gaitzea eta bizikleten abiadura kontrolatzea, eta bizikleta modu egokian erabiltzeko kontzientziazio eta sentsibilizazio kanpainak abian jartzea.
Auzo hobe baten alde
Prozesu parte hartzailea irailean abiatu bazen ere, joan den urteko azaroan du jatorria. Mugikortasunaren gaiak aspalditik kezkatzen ditu auzoko bizilagunak, kolektiboak eta ehun ekonomikoa. Orduan sortu zuten Alde Zaharreko hainbat bizilagunek AZ Ekimena, auzoko mugikortasuna hobetzeko asmoz. "Zer-nolako auzo eredua nahi dugu? galderaren harira hasi ginen antolatzen", adierazi du Txetxu Alonso taldeko kideak. Eragile guztien interesa pizten duen gaia da, auzoan elkarbizitza hobetzeko gakoa baita. Alde Zaharreko "benetako erradiografia bat" egitea eskatu zioten Iruñeko Udalari, eta Arian-arian prozesu parte hartzailea izan da emaitza.
"Positiboa izan da eragile anitzek parte hartu dugulako bertan: banatzaileen ordezkariek, ostalaritzako ordezkariek eta Alde Zaharreko hainbat elkarte eta bizilagunek", dio Alonsok. Cabodevillak bezala, udalarengan jarri du erantzukizuna: "Prozesua ez da bete beharrekoa. Beraz, zer eginen dute orain adostutako 45 proposamenekin?". Ahal bezain pronto udalak 45 proposamenak aztertzea eta zein epetan zer eginen duen adieraztea exijitu du Alonsok. Iruñeko Udalak adierazi du proposamenak abiapuntu izanen direla lanean hasteko, baina horrek ez duela esan nahi nahitaez beteko dituztela.
"Alde Zaharreko trafikoa antolatzea eta murriztea beharrezkoa da". Alde Zaharreko bizilagunak argi du udalak hartuko dituen erabakiak ez direla inplikatutako eragile guztien gustukoak izanen, baina amore eman beharko dutela. Halaber, udalari eskatu dio, neurriak hartzeko garaian, informazioa zabaltzeko kanpaina egin dezala: "Aldaketak beti dira zailak, kostatzen da joerak aldatzea, eta bizilagunok informazioa behar dugu". Lehen urratsa egin dute; eta Alde Zaharra norabide berri bati begira dago.
Bost minutu Pirinioentzat
Edurne Elizondo
Bost minutu eskatu dizkiete Nafarroako Ekialdeko Pirinioetako biztanleek Nafarroako Parlamentuko kideei. Bost minutu, lege bat onartzen duten bakoitzean arau horrek eskualde horretako herritarrengan izanen duen eraginari buruz pentsa dezaten. 1.400 pertsonak baino gehiagok egin dute bat jada eskaera horrekin, Pirinioan Lan eta Bizi herri ekinaldiak eta Bizirik Gaude elkarteak sarean martxan jarri duten sinadura bilketaren bidez. "Mugimendua eragin nahi dugu; kontzientzia hartu, eta bat egin dezatela herritarrek, gure gabeziak eta arazoak mahai gainean jartzeko".
Gabeziak, arazoak eta desorekak. "Bazter" direla sentitzen dute Ekialdeko Pirinioetako biztanleek. "Bigarren mailako herritarrak" direla nabarmendu du Pirinioan Lan eta Bizi herri ekinaldiko kide Joseba Martinezek. Aurizberrin bizi da, eta argi du herria ez duela utzi nahi. Eskualdean etxebizitzaren, enpleguaren eta hezkuntzaren arloan dauden arazoek, ordea, jende anitz bultzatzen dute herriotatik herri handiagoetara edo Iruñera. Herriak hustuz joan dira, eta kinka larrian gelditu dira zerbitzu anitz. Egoera hori irauli nahi dute hango herritarrek, eta horregatik jarri dute martxan sinadura bilketa. Merezi duten arreta jaso nahi dute. Horretarako eskubidea badutelako. "Zergak ordaintzen baititugu, bertze edozein herri edo hiritako herritarrek bezala".
Ekialdeko Pirinioetako ibarretako hiru dira Aezkoa, Erronkari eta Zaraitzukoa. Herriotako populazioaren mugimenduak erakusten du Martinezek azaldu duen errealitatea. Erronkarin, populazioak goia jo zuen 1910. urte aldera, 4.704 biztanlerekin. 2.344 ziren 1975. urtean; 1.644 2005ean; eta 1.423, berriz, 2015ean. Aezkoan, 3.679 pertsona bizi ziren 1857. urtean; 1.546 ziren 1975ean; 1.046 biztanle zituen ibarrak 2005. urtean; eta 903 baino ez iazko datuen arabera. Populazioak behera egin du, halaber, Zaraitzun: 4.073 ziren 1857. urtean; 2.448 1975ean; 1.704 2005. urtean; eta 1.478, azkenik, iaz.
Populazioaren beherakada ez da arazo bakarra. "Orografiak eta klimak ere eragiten digute. Gutxi gara, eta sakabanatuta gaude, gainera. Eskoletan ahaleginak egin behar ditugu ratioak betetzeko eta eutsi ahal izateko". Osasunaren arloan, anbulantzia herrietara ailegatzeko "zailtasun handiak" daudela erantsi du Martinezek, eta etxebizitzaren eta enpleguaren esparruan dauden "eredu zaharkituek", berriz, ez dutela aukera ematen herrien husteari aurre egiteko.
Legeak eta justizia
Martinezek argi eta garbi erran du: "Nafarroako Gobernuari dagokio zerbitzu publikoak bermatzea". Eta, horretarako, ustez denentzat egindako legeek sor ditzaketen "desorekei" so egiteko eskatu diete Pirinioan Lan eta Bizi herri ekinaldiko kideek herrialdeko agintariei. Eskolako ratioen adibidea aipatu du, berriz ere. "Lege bat denentzat izateak ez du erran nahi lege horren oinarrian justizia dagoenik". Ekialdeko Pirinioetako herrientzat bertze hainbat txokotako herrietan baino anitzez ere zailagoa izan baitaiteke legeak ezarritakoak betetzea.
Pirinioko herrien errealitatea "desitxuratzen" duen bertze elementu bat aipatu du Martinezek. Pirinioak erraten denean zer herri eta ibar aipatzen diren, hain zuzen ere. "Agoitz, Zangoza eta Baztanen gisako udalerrietako errealitatea eta gurea ezberdinak dira". Ondorioz, Martinezek uste du Pirinioetaz hitz egiteko herriotako datuak sartzen dituztenean benetako errealitatea ezkutatu bertzerik ez dutela egiten. "Agoitzen, adibidez, industria dute, baina guk ez". Sinadura bilketa martxan jarri dutenek zehaztu dute Ekialdeko Pirinioek zer eremu hartzen duten: Erronkari, Zaraitzu, Aezkoa, Artzibar, Erroibar, Orreaga, Auritz, Luzaide, Orotz-Betelu eta Nabaskoze almiradioa.
"Gure eskualdean lehen sektorea inportantea da, baina egoera, egun, ez da ona", azaldu du Martinezek. Turismoak azken hamarkadan izandako gorakada nabarmendu du, halaber. "Jende anitzek egin du horren aldeko apustua; herriko etxea moldatu, eta landetxe bilakatu dute".
Hiriko jendearentzat, hain zuzen ere, asteburua edo oporrak pasatzeko tokia dira, neurri handi batean, Pirinioak. "Guri ongi iruditzen zaigu jendea honat etortzea asteburua pasatzera; baina kontuan hartu behar da gu hemen gelditzen garela haiek joaten direnean".
Turismoaren esparrua bakarrik bultzatzeak ere ondorioak izan ditzakeela uste du Martinezek. "Turismotik bizi bagara, kontuan izan behar dugu gure herrietan kulturaren arloko eta bertze hainbat alorretako aldaketak gertatzen ahal direla". Egungo testuinguruan "etorkizuna bermatzea" zaila dela erran du Martinezek, eta horrek eragiten dio tristura. "Izan beharko genuke aukera hemen bizitzeko, nahi dugulako, orekari eutsiz". Parlamentariak Pirinioetara begira jarri nahi dituzte. Aurrera egiteko.
Errepide zati bat nahi du bizikletak
Edurne Elizondo
Atzerapauso bat da hau. Iruñea oraindik ere 1990eko hamarkadako hiri bat da. Autoz betetako hiria, alegia". Aitor Txarterinak erran ditu hitzok. Iruñeko bertze hamaika txirrindularirekin batera egin du bat 8-80 Iruñea izeneko plataforman. Sortu berri dute, Iruñeko Udalaren jarrera salatzeko, eta hartutako azken erabakietan atzera egin dezala eskatzeko. Azken hilabeteak mugikortasun plan berria jorratzen eman ditu hiriburuko udal gobernuak; irailaren amaieran osatu eta aurkeztu zituen Hiri Ekologiaren eta Mugikortasun Jasangarriaren Sailak adostutako proposamenak, datorren urtean proiektuak gauzatzen hasteko asmoz. Plana behin-behinean gelditzea erabaki zuen udalak, ordea, hilaren hasieran, UPNk aurkeztutako mozio baten bidez. Txirrindularien haserrea eragin du egoera horrek, eta karrikan egin dute protesta, asteon. Errepidean dagokien zatia nahi dute, segurtasunez mugitu ahal izateko. 8 eta 80 urte bitarteko txirrindularientzat segurua den hiria nahi dute.
"Txirrindulariok plataforma bat osatzea erabaki dugu sentitzen dugulako baztertu gaituztela; hutsaren hurrengotzat hartu, eta engainatu gaituztela", nabarmendu du Jesus Sukunzak. Udalak engainatu dituela uste dute txirrindulariek, zehazki. "Legegintzaldiaren hasieran, udala babesten duten taldeek sinatutako akordioan jaso zuten helduko ziotela arazoari; urte eta erdi joan da, eta ez dute deus egin. Egoerak okerrera baino ez du egin".
Nafarroako hiriburuan 19.000 txirrindulari daude, 8-80 Iruñea plataformak emandako datuen arabera. Hiriko bidegorri sarea eskasa da, eta, anitzetan, oinezkoekin partekatu behar dute txirrindulariek espaloia. Horrek arazoak sortu ditu. "Eta okerrera egin dute, gero eta txirrindulari gehiago dagoelako", azaldu du Txarterinak.
Errepidean seguru sentitzeko zailtasunak dituzte bizikletaz mugitzen diren herritarrek, gainera, trafiko handiko hiria baita Iruñea. Udalak berak esku artean dituen datuen arabera, egunean 16.000 auto pasatzen dira, adibidez, Gipuzkoako etorbidetik, eta 14.000, berriz, Baluarte aurretik. Trafiko horrek baditu bertzelako ondorioak: kutsadura akustikoaren iturri nagusia da autoek eragindako zarata, hain zuzen ere. Hiria inguratzen duten bideetan jotzen du goia trafikoak eragindako kutsadura akustikoak. Autoen keak eragindako kutsadura ere ezin da bazter utzi. Arlo horretan, nabarmenak dira bizikletak ekartzen dituen abantailak, ez baitu CO2 isurtzen. Betetako autobus publiko batek, berriz, 23 auto ordezkatzen ditu, eta %66 murrizten ditu, ondorioz, CO2 isuriak.
2017rako lehentasunak
"Oinezkoek izan behar dute mugikortasunaren errege-erreginak". Horixe nabarmendu zuen Iruñeko Udaleko Hiri Ekologiaren eta Mugikortasun Jasangarriaren Saileko zinegotzi Armando Cuencak, joan den maiatzean, mugikortasun planari buruz herritarrekin egindako jardunaldietan. Oinezkoekin batera, planak garraio publikoa eta txirrindulariak ere protagonista bilakatu nahi zituela erantsi zuen Cuencak. 8-80 Iruñea plataformak zehaztu du, hain zuzen, oinezkoak, txirrindulariak eta garraio publikoa direla %60 mugikortasunaren arloan, eta, horregatik, bazter batetik atera, eta erdigunean jartzeko urratsa eskatu dute.
Udalak bere planaren bidez mahai gainean jarritako asmoak hainbat proposamenetan zehaztu zituen, irailaren amaieran, Cuencak zuzentzen duen sailak. Lau milioi euroko aurrekontuarekin, planaren asmoa da, legegintzaldia amaitu bitarte, beste 30 kilometro egitea, bizikleta bide eta autobus bide gisa erabiltzekoak. Bi lehentasun zehaztu ditu udalak, gainera, 2017rako: Burlata-Barañain ardatza, batetik, eta Pio XII.aren etorbidekoa, bertzetik.
"Plana, egon, badago. Aurrera eginen duela uste dut", erran du Armando Cuencak, udalak gaiari buruzko azken mozioa onartu eta gero. UPNk aurkeztutako testuak eskatu zuen plan hori bertan behera gelditzea, 2019. urtera arte. Geroa Bairekin aldaketa adostu zuten, azkenean, UPNko kideek, eta onartutako mozioak dio "ezagutu arte" geldituko dela bertan behera plana. UPNrekin eta Geroa Bairekin batera, PSNk eman zion aldeko botoa mozio horri; Aranzadik eta Ezkerrak mozioaren kontra egin zuten; eta EH Bilduko zinegotziak, berriz, abstenitu egin ziren. "Uste dut udal gobernuan zenbaitek nahiko argi ikusten ditugula gauzak, eta bertze hainbatek, berriz, ez dituzte hain argi ikusten", erran du Cuencak, EH Bilduko zinegotzien abstentzioari buruz. Koalizio horretako zinegotzi Joxe Abaurreak "akordioen beharra" nabarmendu zuen, mozioa onartzeko osoko bileran.
Informazio gehiago jaso nahi zutela azaldu zuten taldeek, azkenean, mozio horren bidez. Udal gobernuko kideek, behintzat, informazio hori beren esku zutela argi utzi du Cuencak. "Baina gehiago behar badute, emateko prest naiz". Asteazkenean, hain zuzen ere, GEA21 etxeko kideak izan ziren Iruñeko herriko etxean, Cuencak zuzentzen duen sailaren batzordean, planaren ardatz nagusiei buruzko azalpenak ematen, etxe horrek egin baititu plana osatzeko azterketak.
"Asmoak gauzatzen hasteko garaia iritsi da, eta horrek halako beldurra sortu du", erran du Cuencak, plana behin-behinean gelditzeko urratsa egin izanari buruz. Zinegotziak argi du mugikortasunaren esparruko edozein neurrik eraginen duela batzuen edo bertzeen haserrea edo ezinegona, eta hori "onartu" egin behar dutela udal arduradunek.
Oraingoz, txirrindularien haserrea eragin du mugikortasun planaren inguruan gertatu denak. "Herritarron interesen gainetik jarri dituzte alderdiek beren interesak", salatu du Jesus Sukunzak. Astearteko protesta ez da eginen duten bakarra. Pio XII.aren etorbidean bidegorria eskatzeko matrikulak jarriko dituzte Iruñeko txirrindulariek beren bizikletetan ere, adibidez.
Iruñeko Udaleko talde guztiei eskaera zehatzak egin dizkiete 8-80 Iruñea plataformako kideek; bakar batean laburbiltzen dira guztiak: "Mugikortasun planaren alde egin dezatela, zalantzarik gabe", erran du Aitor Txarterinak. Plan hori Iruñearentzat "estrategikoa" dela nabarmendu du: "Argi dago batzuek eta bertzeek hau eta bertzea erantsiko lioketela planari, baina, oro har, plan on bat dela uste dut nik". Udalak ez duela ausardia erakutsi erantsi du Txarterinak, eta hori behar dela, hain zuzen ere, mugikortasunaren auzian "behingoz" urratsak egiten hasi ahal izateko.
8-80 Iruñea plataformak "beharrezkotzat" jo ditu autobusentzako eta bizikletentzako bideak. Halako neurriek "trafiko osoari mesede" egiten diotela nabarmendu du Sukunzak. "Autoei ere egiten diete mesede bizikleten eta garraio publikoaren aldeko neurriek". Espaloiek oinezkoentzat izan behar dutela argi utzi du Sukunzak, batetik; bizikletentzako bideekin txirrindulariek segurtasuna irabaziko dutela erantsi du, bertzetik. Autobusek haiek bakarrik erabiltzeko bideak badituzte autoek "trafiko lasaiagoa" izanen dutela gaineratu du plataformako kideak, azkenik. Mugikortasun planak asmo horiekin bat egiten du, hain zuzen ere.
"Txirrindulariok ere bagara zirkulazioaren parte; zergak ordaintzen ditugu, gainera. Bada gu kontuan hartzeko garaia", erran du Sukunzak. Plataformako kideek argi dute txirrindulariek errateko dutena kontuan hartzeko momentua orain dela. "Ezin dugu bertze hamarkada bat galdu". Txirrindulariek gogoratu dute aurten hiru pertsona hil direla Iruñean, autoek harrapatuta. "Trafikoa moteldu beharra dago, ezinbestean".
Aurrekontuak
Mugikortasun plana izan da Iruñeko Udaleko Ekologiaren eta Mugikortasun Jasangarriaren Saileko proiektu nagusietako bat, legegintzaldia hasi zenetik. Gauzatzen hasteko prozesua behin-behinean gelditu izana ez du bere kontrako erabakitzat hartu, hala ere, Cuencak. Ez du uste EH Bilduren abstentzioak, auziari buruzko mozioaren bozketan, bere indarra zalantzan jartzeko asmoa izan duenik. "Ez dut uste hemen gakoa hori denik; hemen kontua da nork bere jarrera argitu beharko duela mugikortasunaren auzian".
Eta jarrerak argitzeko eta zehazteko modurik onena aurrekontuek emanen dutela nabarmendu du Cuencak. "Datorren urterako aurrekontuek itxiko dute orain mugikortasunari buruz zabaldu duten eztabaida".
Bertze elementu bat jarri du mahai gainean Iruñeko Udaleko zinegotziak, hala ere: Nafarroako Gobernuak, Iruñerriko Mankomunitateak eta Eskualdeko Hiri Garraioak ukitzen dituen hemezortzi udalek sinatutako akordioa, Iruñerriko mugikortasun jasangarrirako plana osatzeko.
Plan hori osatzeko azterketa eginen dute datozen urteotan, hain zuzen ere, proiektua 2019. urtean gauzatzen hasteko asmoz. Data horrek badu lotura estua UPNko zinegotziek hasieran aurkeztutako mozioarekin, alderdi horretako kideen asmoa baitzen Iruñeko plana Iruñerriko azterketa amaitu arte gelditzea.
Cuencak ohartarazi du, hain zuzen ere, Iruñerriko plana "aitzakia gisa" baliatzeko arriskuaz: "Ezin dugu hori onartu". Argi utzi du Iruñerriko plana osatzeko azterketak ez duela zertan bertan behera utzi Iruñekoa. 8-80 Iruñea plataformako kideek ere nabarmendu dute Iruñean neurriak hartzeko garaia dela, eta egin daitezkeela urratsak hiriburuan, Iruñerriko azterketa prestatzen duten bitartean.
Protesta egiten jarraitzeko prest dira Iruñeko txirrindulariak. Argi dutelako mugikortasunaren arloan neurriak hartzeko ordua dela. Autoen hirian, segurtasunez mugitzeko eskubidea aldarrikatu dute, bizikleta gainean.
Miren Asiain Lora: “Nire izaera erakusten dut ilustrazioak egiterakoan”
Kattalin Barber
Arte Ederretan lizentziaduna da Miren Asiain Lora (Iruñea, 1988), eta egunerokotasuna eta fantasia uztartzen ditu ilustrazioetan. Bere azken lana kaleratu berri du Javier Ruiz de Taobada idazlearekin: Versos de la tierra. Euskal Herriko ilustratzaileen artean maila altua dagoela uste du Asiainek, eta "sentsibilitate berezia" dutela nabarmendu du.
Javier Ruiz de Taboadaren poemak ilustratu dituzu Versos de la tierra liburuan. Zer-nolako esperientzia izan da?
Esperientzia oso interesgarria izan da. SM editoriala nirekin harremanetan jarri zen poemak ilustratzeko, eta prozesua erabat librea izan da; nire kabuz sortu dut dena, testuak iradokitzen zidanaren arabera. Politak dira poemak, umore kutsua dute, eta haurrentzat egokiak dira.
2002an jaso zenuen Etxepare ilustrazio saria, Hara! liburuarengatik. Orduan zuk sortu zenuen liburua, eta oraingoan beste baten testuaren gainean ilustratu duzu. Zer nahiago duzu?
Prozesua guztiz desberdina da. Egia esan, azkenaldian enkargu asko jaso ditut, eta oso gustura nabil lanean. Modu honetan beste modu batean eginen ez nituzkeenak egiten ditut. Niretzat etxeko lanak dira; ikasten jarraitzen dut, eta gauza berriak egiten ditut. Erronka txiki gisa hartzen ditut. Baina, era berean, proiektu pertsonalek indar handia dute, zurea delako eta dena zeuk sortzen duzulako.
Proiektu pertsonalen bat lantzen ari zara?
Badut ideia bat buruan, baina orain ez dut astirik egiteko. Egunen batean aurrera eramatea gustatuko litzaidake. Gogoa dut helduentzako zerbait egiteko. Egia da orain album ilustratuak objektu fetitxe bihurtzen ari direla. Umeentzat da Versos de la tierra liburua, baina jende helduari ere gustatzen zaio. Hortaz, esan dezakegu publikoa 0 urtetik 100 urtera artekoa dela. Baina gaiaren aldetik, bai, gustatuko litzaidake zerbait helduagoa lantzea.
Liburuko 30 poemek munduko geografiari buruz hitz egiten dute. Nola ilustratu duzu?
Liburu bat ilustratzea ez da kartel bat egitea. Intentsitate handiko prozesua da, eta denbora eskatzen du. Testua kliskagailu gisa aritzen da, baina irudiak gehiago konta dezake. Horregatik, ilustrazioekin historia gehiago kontatzen ditut. Ilustrazioetan agertzen diren pertsonaia batzuk hainbat iruditan errepikatzen dira. Badago ume bat, adibidez, ia guztietan ateratzen dena. Gainera, ez dakigu haurra mutikoa edo neskatoa den; ez dut bereizi generoa. Haurrentzako liburua da, eta nik uste dut gauza horiez konturatzen direla, helduak baino askoz analitikoagoak direlako. Horrez gain, hamaika pertsonaia marraztu ditut liburuan, baina inor ez da bestea baino gehiago. Edonor izan liteke liburuko protagonista.
Zergatik marrazten dituzu generorik gabeko pertsonak?
Uste dut ongi dagoela bereizketarik ez egitea. Agian txorakeria irudituko zaie batzuei, baina gustatzen zait horrela egitea. Egun, esaten dute eskoletan lehen baino matxismo gehiago dagoela. Feministatzat jotzen dut neure burua, eta horrelako xehetasunekin nire militantzia txikia egiten dut. Haurrak horretaz ohartzen dira, eta mezu hori bidali nahi dut nire marrazkien bidez.
Argentinan bizi zara, Buenos Airesen. Badago alderik hemengo eta hango ilustratzaileen artean?
Ofizioa zaila da han eta hemen. Baina ez du hainbeste inporta non zauden. Adibidez, nik Txinatik jasotzen ditut mezuak lanak egiteko. Euskal Herriko ilustratzaileak asko gustatzen zaizkit, eta oso maila altua dago hemen. Ez dakit, baina euskaldunok sentsibilitate berezia dugula uste dut. Izan daiteke inguratzen gaituen pasaia edo arnasten dugun airearengatik. Benetan berezia da. Espainian ere maila altua dago, eta azkenaldian Mexikon ilustratzaile eta editorial asko sortu dira. Frantzia beti egon da urrats bat aurrerago.
Zerk du eragina zure lanean?
Atzerrian bizi naiz, baina betidanik inguratu nauenak eragina du nire lanean. Norberak baditu sentipen eta bizipen batzuk, eta, proiektu desberdinak egin arren, marrazteko orduan azaleratzen dira. Nire esperientziatik eta ingurutik marrazten dut. Nire izaera erakusten dut ilustrazioak egitean.
Joan den urtean irabazi zenuen Ilustrazioaren VI. Katalogo Iberoamerikarra saria. Ateak ireki dizkizu?
Bai, enkargu asko jaso ditut saria irabazi ondoren. Jende gehiagok ezagutu nau, eta sariak lagundu nau bidea egiten. Urteak daramatzat lanean, eta oso pozgarria da egindako lana aitortzea. Orduak ematen ditut bakarrik lanean, eta batzuetan zaila da. Horrelakoak jasotzeak aurrera egitera animatzen nau. Dena den, maite dudalako margotzen dut, eta niretzat saihetsezina da.
Txikitatik margotu duzu, eta Arte Ederrak ikasi zenituen Euskal Herriko Unibertsitatean. Baina noiz hasi zinen ilustrazioak egiten?
Unibertsitateko azken urteetan hasi nintzen gehiago interesatzen. Sakondu nuen, eta mundu horretan zerbait egin ahal nuela pentsatu nuen. Hasieran, ilustrazio digitalak egiten nituen, baina, orain, guztia eskuz egitea gustatzen zait. Izan ere, zerbait digitala egiten duzunean non geratzen da? Emaitza ikustea eta ukitzea gustatzen zait. Digitalean errazagoa da, ezabatzeko eta berregiteko aukera duzulako. Eskuz, teknika menperatzea beharrezkoa da. Perfekzionista naiz, eta gauzak ongi egitea gustatzen zait.
Fantikorena etxea, iraganaren gordailu
Kattalin Barber
Hainbat hilarri dira Artetako Fantikorena etxeak gordetzen dituen pieza zaharrenak. Erdi Arokoak dira gehienak. Etxe nabarra da Fantikorena, beheko solairutik azkeneraino. Nafarroako Erresuma izan zenaren gordailu da: 10.000 pieza baino gehiago daude gordeta, antzinako bizimoduaren erakusle. Joxe Ulibarrena eskultore eta etnografoak bildu ditu urte hauetan guztietan arbasoen piezak, eta museo bihurtu du bere tailerra izan zena. Aurten, 30 urte bete ditu Artetako Iruñeko Erresumaren Museo Etnografikoak, eta ospakizunak dituzte asteon.
"Nire aitak beti esaten du piezak biltzen hasi zela gure arbasoak tontoak ez zirela frogatzeko". Elur Ulibarrenaren hitzak dira, eskultorearen alaba eta, egun, museoaz arduratzen dena. 40 urte baino gehiago daramatza eskultoreak pieza etnografikoak biltzen, eta horren emaitza XII. eta XX. mende arteko 10.000 objektu baino gehiago dira. "Herriko bizitza desbalorizatu zen, eta garai horretan hirian bizitzea zen onena. Aurrerapena hori zen", azaldu du alabak.
Testuinguru horretan hasi zen Ulibarrena materiala biltzen: "Berak zeharo baloratzen du hain desprestigiatuta zegoen bizimodua". Elur Ulibarrenak argi du, gainera, horrelako piezak egiteko azkarra izateaz gain teknika ere oso ongi menperatu behar zela. Hamaika gremiok dute txokoa Artetan, lurrari lotutako lanbideak guztiak: artzaintza, abeltzaintza, hargintza, burdinola, aroztegia, ferratzaileak...
Beheko solairuan pieza zaharrenak daude, eta lastategian, berriz, XX. mende hasierako piezak, berrienak. "Betirako piezak egiten zituzten, iraunkorrak". 1972. urtean erosi zuen Fantikorena etxea Ulibarrenak, eta 1986. urtean museo bihurtu arte, bere tailerra izan zen. Bitxikeria bat kontatu du haren alabak: "Erosi baino lehen hiru jabe zituen etxeak, jarauntsi zuenak jokoan galdu zuelako".
Artetakoa ireki baino lehen, Berriobeitin beste museo bat izan zuen Ulibarrenak. Nafarroako Erresuma zenaren piezak bildu ditu sortzaileak. "Eta mugak gainditu zituen. Bordeleko piezak ditugu hemen, adibidez. Batik bat, Pirinioetako kulturako piezak interesatzen zitzaizkion".
Besteak beste, Joxe Ulibarrenak harria, zura, buztina eta burdina erabiltzen zituen eskulturak egiteko. Beti pertsonak edota pertsonaiak zizelkatu izan ditu bere obran. "Urtez urte bildu dituen piezak, ordea, objektuak dira. Pertsona horiek erabili behar zituzten erremintak", azaldu du Ulibarrenak. Museoak pertsona horiei falta edo kendu zizkieten objektuak gordetzen ditu. "Nik uste dut museoa bera bere obra bat dela, instalazio artistikoa".
Nafarroako Pedro Mariskala maite zuen eskultoreak. Eta izen hori jarri zion museoa kudeatzen duen familia fundazioari. "Hein batean, aita mariskala sentitzen da". Museoak eskultorearen obra konpentsatzen du, edota alderantziz: "Balantza orekatua osatzen dute".
Diru laguntzarik gabe
1987. urtean, Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena sinatu zuen fundazioak, eta lortu zuen Nafarroako museoen sarean sartzea. Ordutegi finko bat, bisita gidatuak eta erakusketak antolatzen zituen Artetako museo etnografikoak. 2009an, berriz, krisia dela eta, murrizketek erabat jo zuten Arteta. "Sarea osatzen genuen 33 museoetatik, 11 museo geratu ziren. Bitxiki, Nafarroako museo etnografiko guztiak kanpoan gelditu ginen", azaldu du Ulibarrenak. Ordutik ez dute aurrekonturik, eta egiten dutena museoa maite dutelako egiten dute. Uda garaian, asteartetik igandera irekita edukitzen dute museoa, eta neguan, berriz, asteburuetan. Norbaitek beste egun batean bisitatu nahi badu, ematen dituzte hitzorduak deituz gero. 3.000 pertsona inguruk bisitatzen dute Arteta urtean, eta eskola asko joaten dira ikustera.
Orain dela bi urte arte eskultorea Fantikorena etxean bizi zen, baina adinak orain ez dio uzten. "Dena den, aitak egunero eskatzen du Artetara joatea".