Edurne Elizondo
Kulturaren esparruan nagusietako bat. Halakoa da Nafarroako Gobernuak urtero banatzen duen Vianako Printzea saria. Aurtengoa nori dagokion apirilaren 5ean ezagutaraziko dute, eta maiatzaren 4an eginen dute saria emateko ekitaldia, Vianan.
Epaimahaiak sei hautagairen artean erabaki beharko du norentzat izanen den 2019ko Vianako Printzea saria: Sagrario Aleman, Atena fundazioa, Fernando Hualde, Tomas Yerro, Pamplonesa musika banda eta Amaia Remirez eta Raul de la Fuente dira proposatutako eragileak. Hautagai horiek jorratutako lan esparruak askotarikoak dira: euskalgintzak, zinemak, antzerkiak, literaturak, musikak, etnografiak eta bertze hamaika diziplinak isla dute haien ibilbideetan.
Amaia Remirez eta Raul de la Fuente zinemagileak dira, eta azken Goya sarietan nagusitu egin ziren Another Day of Life filmarekin, animaziozko lanen kategorian. Nafarroako Ikus-Entzunezko Klusterrak aurkeztu du haien hautagaitza. Nabarmendu dute Remirezen eta De la Fuenteren obrak agerian uzten duela zinemak errealitatea dokumentatzeko duen gaitasuna.
De la Fuente argazki zuzendaria da, bai eta gidoilaria, zuzendaria eta editorea ere, bertzeak bertze. 2006an estreinatu zuen bere lehen lana: Nomadak TX. 2014an, Goya saria irabazi zuen Minerita filmarekin. Remirez, berriz, gidoilaria eta ekoizlea da, eta De la Fuenteren hainbat film ekoitzi ditu. Harekin batera sortu zuen Kanaki Films etxea, 2009an.
Gutxi dira Fernando Hualdek ukitu ez dituen arloak. 1961. urtean jaio zen, Izaban, eta bere herriko eta eskualdeko kultura eta etnografia zabaltzeko egin du lan, etenik gabe. Nafar Ateneoak proposatu du aurtengo Vianako Printzea saria jasotzeko.
Hogeita hiru liburu idatzi ditu, eta sei dokumental prestatu. Bi mila artikulu baino gehiago argitaratu ditu prentsan, eta hamaika hitzaldi eman ditu. Izabako museo etnografikoaren bultzatzaile izan da, bai eta Burgiko almadiari buruzkoaren sustatzaile ere. Erronkaritik kanpo ere egin du lan, eta herriz herriko zaharren aspaldiko garaiei buruzko ahozko testigantzak jaso ditu, bertzeak bertze.
Nafar Idazleen Elkarteak proposatu du Tomas Yerro Vianako Printzea saria irabazteko. Nafarroako Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle izan da, bertzeak bertze. Río Arga poesia aldizkaria zuzendu zuen, eta hamaika testu argitaratu ditu Cuadernos de etnografía y etnología de Navarra aldizkarian. Poesia lanak ondu ditu, eta Nafarroako literatura jorratu du, hamaika hedabidetan.
Nafar Ateneoa sortzeko prozesuan parte hartu zuen Tomas Yerrok. Administrazioan ere izan ditu ardurak: Nafarroako Gobernuko Kultur Ekinaldien zerbitzuko buru izan zen 1991tik 1995era; eta Kultura zuzendari nagusi, berriz, 1995etik 1999ra.
Euskalgintzaren esparruan eragile nabarmena da Sagrario Aleman, eta Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko hainbat kidek proposatu dute Etxalekukoa Vianako Printzea saria jasotzeko.
1972. urtean hasi zen helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko lanean. Farmazia ikasketek Valentziara eta Madrilera eraman zuten, eta azken hiri horretan ere eman zituen euskara eskolak. Nafarroara itzuli, eta Erriberan aritu zen lehendabizi. Arturo Campion euskaltegitik deia jaso zuen arte. Hain zuzen, 1982. urtetik erretiroa hartu arte IKAren Iruñeko Arturo Campion euskaltegiko arduraduna izan da.
Lan akademikoagoa ere egin du eta egiten du, Euskaltzaindiko kide baita 2007. urtetik. Gainera, Principe de Viana, Jakin, Bat, Argia eta Pulunpe aldizkarietan idatzi izan du Alemanek. Euskararen alde egindako lanagatik hainbat sari jaso ditu: Zaldiko Maldikoren Urrezko Lamia, 1987an; Euskalerria Irratiaren Larreko saria, 1996an; eta Noticias Taldearen Ortzadar saria, 2016. urtean, bertzeak bertze.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza eta Gizarte Zientzietako Fakultateak proposatu du Atena fundazioaren hautagaitza. Desgaitasunen bat duten pertsonen alde egiten du lan, artearen bidez, eta autonomia eta bizi kalitatea helburu hartuta. Fundazioa hainbat familiak sortu zuten, 2001. urtean, eta, geroztik, musika eta dantza eskola bultzatu, eta konpainia bat osatu du, bertzeak bertze.
Atenak pertsonen garapen osorako tresna bilakatu du artea. Egindako lana jendaurrean erakusten dute fundazioko kideek, urtero oholtza gainera igotzen baitira prestatutako lanak aurkeztera. Lan horrek Nafarroako Gobernuaren Gazteriaren saria jaso zuen 2013. urtean.
Atena fundazioak aurkeztutako azken ikuskizuna 2018. urtekoa da, eta Mi propio universo du izenburu.
Pamplonesa Iruñeko udal musika-banda garai berezi batean bilakatu da Vianako Printzea saria jasotzeko hautagai: mendeurrena ospatzen duen urtean, alegia. Iruñeko Udalak, Pamplonesaren Lagunen Elkarteak eta Iruñeko Olentzeroren Lagunen Elkarteak proposatu dute.
1919. urteko urriaren 11n jo zuen lehendabiziko aldiz Pamplonesak, eta, geroztik, hiriko ikur bilakatzea lortu du. Sanferminetan karrikak girotzen dituelako ezagutzen dute anitzek, baina besten esparrutik kanpo ere lortu du publiko fidela. Urtean 50 kontzertu baino gehiago ematen ditu. Hezkuntzaren arloan ere egiten du lan, eta, azken urteotan, haurrak musikara hurbiltzeko programa bat garatu du herrialdeko ikastetxeetan. Vicente Egeak zuzentzen du Pamplonesa, 1996. urtetik. Nabarmendu du bandak tradizioa eta bide berriak uztartu dituela.