Edurne Elizondo
Txerriak hazi eta hiltzen zituzten, garai batean, orain Pepa, Ramon, Marisa eta azken horren hilabete bateko bost kumeen aterpe diren hormen artean. Txerriak dira haiek ere, baina etxaldeko eta hiltegiko paretak bazter uztea lortu dute,...
Gizartea
Dorreak oraindik badu zer kontatu
Kattalin Barber
Historiaren gordailu da Ibero, eta denboran atzera egiteko aukera ematen du hango burdinolak. Hondatuz joan da, hala ere, urteen poderioz; desagertzeko zorian egon da. Urteak dira Leitza eta Goizueta Nafarroako Gobernuari laguntza eskat...
Ebakuntza behar du
Edurne Elizondo
Zauri handi bat nekez senda daiteke tiritekin. Gaitz larriek, anitzetan, ebakuntzak behar dituzte, eta ebakuntzak egiteko, gela eta baliabide egokiak behar dituzte zirujauek. Metafora hori baliatu dute Nafarroako Ospitale Guneko larrial...
Musikaren bidetik
Kattalin Barber
Ez dira Iruñean jada, baina bizkar zorroa esperientziaz beterik eraman dute Haitira. Hamalau egunez, herri horretako 11 eta 16 urte bitarteko bederatzi gazte egon dira Nafarroan. Haitiko Port-au-Prince hiriburuko L'Ecole de Musique Saint Triniteko hari orkestrako kideak dira, eta Karibeko doinuz bete dituzte emanaldiak. Biolina, biola, txeloa eta kontrabaxuarekin han eta hemen izan dira beste errealitate batzuk ezagutzen. Atzo hartu zuten sorterrira itzultzeko bidea.
Alvaro Santiago Iruñeko Joaquin Maia eskolako irakasleak eta L'Ecole de Musique Saint Triniteko irakasle kolaboratzaileak antolatu du bisita, beste pertsona batzuekin batera. Santiagok duela sei urte ezagutu zuen lehen aldiz Haiti, eta, ordutik, urtero joaten da uda garaian. "Port-au-Princeko eskola honek orain dela 50 urte musika programa bat sartu zuen hezkuntza curriculumean. Haitin hau ez da oso ohikoa, baina eskolak musikaren aldeko apustua egin zuen", azaldu du. Arazoak izan zituen arren, aurrera egin du musika eskolak, eta Santiagoren aburuz, musikak balio izan du ikasleek elkar ezagutzeko eta integratzeko: "Gizarte funtzioa egiten du argi eta garbi musikak. Eskola familia bezala hartzen dute ikasleek, eta eguneroko arazoen aterpetxea da". Musikaren bidez, integrazioari bide egiten diote.
L'Ecole de Musique Saint Trinite ez da eskola "ohikoa" Haitin. Han ikasten dute 1.500 haur inguruk, eta ez dago desberdintasunik haien artean. "Herrialde guztiz desorekatua da Haiti, baina eskolan hori desagertzen da: guztiak berdinak dira, ez dago maila sozialik". Adierazi duenez, edonork aukera du bertan ikasteko. Oasi bat da Haitin, eta musika funtsezkoa da eskolan. Eskolak udan antolatzen dituen kanpaldiei esker hasi zen Santiago haiekin harremanetan.
Ia hilabete osoko musika udalekuak izaten dira; irakasle kolaboratzailea da iruindarra. "Gozamena da; normalean, udan gaztetxoek ez dute egitekorik, eta, kanpaldi horri esker, haien egunerokoak zentzua hartzen du", adierazi du. Eskola hiriburukoa izan arren, herrialde osoko haurrek parte har dezaten saiatzen dira. Musikaren bidez, landa eremuko eta hiriko gazteak elkartzea da xedea. "Hirian biolentzia da nagusi; herrietan, aldiz, urritasuna da arazoa".
Joan den urteko udalekuetan sortu zen Iruñera etortzeko asmoa, eta urtarrilaren 27an iritsi ziren Haitiko bederatzi nerabe, lau irakasle eta arduradun bat. Ideia Haitin sortu bazen ere, "ezinbesteko" laguntza jaso dute Iruñean. Iruñeko Sagrado Corazon eskola, Mendillorriko Bideberri haur eta gazteen elkartea eta Kantuz taldea eta Mari Jose Gastearena Mendillorriko bizilaguna, besteak beste, aipatu ditu Santiagok. "Hau guztia posible izan da lagun askori esker".
Hain zuzen, 14 egun hauetan, Haitiko haurrek hiru kontzertu eman dituzte, baina horretaz gain, hamaika ekitaldi eta jardueratan parte hartu dute: "Horixe izan da onena; programa ofizialetik kanpo gauza asko sortu dira. Txalaparta ikastaroa egin zuten Uharten, eta hango zaharren egoitzan kontzertua eman zuten, adibidez". Giro ezin hobean egon direla erran du irakasleak. Asteazkenean, esaterako, San Fermin ikastola ezagutu zuten, eta Burlatako musika eskolan kontzertua eman zuten. Iruñerria afrikar jatorriko "erritmo exotiko eta konplexuz" bete dute.
Eskola solidarioa
Iruñeko Joaquin Maia musika eskolak programa solidarioa du. Horren bidez, beste hezkuntza ildo bat jorratu nahi dute, eta eskolako ikasleak hainbat egoera sozial eta ekonomiko gogorren inguruan sentsibilizatu nahi dituzte. Haitin garatzen ari den proiektua laguntzen dute horrela. "Haitiko gazteak hona etorri dira guri irakastera; guk harrera egin diegu, baina beste guztia haiek jarri dute", gogorarazi du Santiagok. Iruñeko ikasleek musikaren "beste dimentsio hori" ikustea nahi dute. Eskolako ikasleekin kontzertua emateaz gain, Haitiko Orkestrak Iruñeko Orfeoia eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoa ere ezagutu ditu. "Atsedenik hartu gabe egon dira 15 egunak, baina merezi izan du; pozik joan dira". Hortaz, oraingo bidaia elkarlan baten abiapuntua izatea gustatuko litzaioke Santiagori. "Espero dugu aurrerantzean horrelako bisitak errepikatzea".
Izan ere, duela 50 urte baino gehiago sortutako orkestra hau musika hezkuntzaren adibide bat da, gizarteratzeko, lankidetzarako eta aurrera egiteko bide gisa.
Energiaren krisiak argituz
Kattalin Barber
Energia bera zer den argitzen saiatu da Xabier Zubialde Sustrai Erakuntza fundazioko kidea Hacia la soberanía energética: crisis y soluciones desde Euskal Herria izenburuko liburuan (Txalaparta, 2017). Edonon dago energia, eta herritar guztien parte da; bizitzeko ezinbestekoa da, eta funtsezko eginkizuna du gizartean. Azkenaldian, hain justu ere, guztien ahotan egon da argindarraren prezioaren igoera. Inoizko prezio garestienetakoa hartu du hotz handiagoa egin duen asteetan. Zubialderen ustez, zenbait faktoreren emaitza izan da igoera. Analisi politikoa eta teknikoa egin du.
Orain dela 20 urte pribatizatu zen Espainiako eredu energetikoa eta, egun, ondorioz, esku gutxiren menpe dago energia. "Enpresa pribatuak dira gehienak, eta ezin dugu jakin nola kudeatzen duten energia, publiko egiten ez dutelako". Energiari buruz erabaki gehienak "itzalean" daudela dio Zubialdek. Horregatik, eskaera zehatza egin du adituak: energiaren kudeaketa publikoa izatea, gizarteak erabaki guztien jakitun izateko.
Beste arrazoi batzuk eman ditu Sustrai Erakuntza fundazioko kideak. Urtarrilean kontsumoak asko egin du gora, tenperatura zero graduren inguruan ibili delako, eta argindarra sortzea gehiago kostatu da. Zubialderen ustez, hiru "kasualitatek" bat egin dutelako egin du gora prezioak. "Batetik, neguan gaudelako gas natural gehiago erabili dugu etxea berotzeko. Bestetik, gas naturala garestitu da Frantziako hainbat zentral geldirik daudelako, eta, ondorioz, eskaerari erantzuteko, argindarra bitarteko garestiagoekin ekoitzi behar da". Zubialdek aipatutako hirugarren kasualitatea agintariek onartu dutena izan da: euri gutxi egin du, eta haize gutxi egon da. Hori dela eta, energia berriztagarriak ezin izan dira nahi adina erabili.
Aljeriako krisi energetikoa izan du hizpide Zubialdek, argindarraren ingurukoen testuingurua azaltzeko. Herrialde horretatik ekartzen da gas natural gehiena, hain zuzen ere, eta, azkenaldian, "puntu gorenera" iritsi da. "Zaila egiten zaie gas naturala sortzea. Horregatik garestitu da, eta horrek eragin du argindarra garestitzea ere".
Argindarraren prezioaren igoerak menpekotasun energetikoa utzi du agerian, finean. "Alde batetik, ikusi dugu eredu pribatu bat dela hau guztia kudeatzen duena, eta, beste alde batetik, Frantzia eta Aljeria herrialdeekiko menpekotasun ikaragarria dugula". Gizarteak gero eta energia gehiago kontsumitzen duenez, menpekotasuna gero eta handiagoa da.
Argitaratu berri duen liburuan kontzeptu horiek guztiak argitzen saiatu da Xabier Zubialde, energia bera biluzten, hain zuzen ere. Alde horretatik, burujabetza energetikoa du ardatz: "Askotan, kontzeptuak nahasten ditugu. Burujabetza energetikoari buruz hitz egiten dugunean, ez dugu hitz egiten energia motei buruz. Askok energia berriztagarriei buruz hitz egiten dute, baina sakonago goaz: interesatzen zaigu nork hartzen dituen energiari buruzko erabakiak, nola, zein ondorio eta zein helbururekin. Hori argitzen saiatu naiz". Baliabideen kontrola, eredu energetikoa, eta eredu horrek zer eragin dituen pertsonengan eta ingurumenean, eta kontu horiei guztiei buruz erabakitzeko ahalmena nork izan behar duen biltzen du burujabetza energetikoak, haren hitzetan. Horregatik, plangintza publiko eta demokratikoaren alde egin du.
Zubialderen iritziz, ez dira "beharrezko urratsak egiten ari" burujabetza energetikorantz. Francoren garaian gaur egun baino burujabetza energetiko handiagoa zela dio. "Aurrerapausoak ez, atzerapausoak eman dira urte hauetan guztietan". Gizarte ereduak hartzen dituen erabakiek energia eskaera desberdinak sortzen dituzte, eta horrek ondorioak ditu eredu energetikoan: "Eredu energetikoak gizarteak eskatzen duena ematen du". Izan ere, herri batek duen gizarte eredua eredu energetikoari lotzen zaio, eta alderantziz, Zubialdek nabarmendu duenez.
Etorkizun "gordina"
Abiapuntu gisa, Euskal Herriaren eredu energetikoari buruzko diagnostikoa egin du Zubialdek. Euskal Herriaren eredu energetikoa aipatzean, energia produzitzen, eraldatzen eta kontsumitzen den modua ulertu behar da. "Gertatzen ari dena mahai gainean jarri dut". Eta ez da oso baikorra izan: krisi ekonomikoaz eta krisi energetikoaz jardun du. Bi krisiak ezin dira bereizita ulertu: "Krisi energetikoaren lehen olatua 2008ko krisi ekonomikoa da. Itzalean dagoen eta mundu mailakoa den krisi energetiko horrek sortuko ditu beste krisi ekonomiko batzuk". Harago joan da Zubialde, eta zehazten saiatu da: datorren urtean baliteke beste krisi ekonomiko bat hastea. "Egoera larria da, eta, zoritxarrez, laster beste krisi bat izanen dugu". Baliabideak agortuz doaz, eta energia mugatua da.
Bi krisiek zergatik dauden "hain lotuta" argitu nahi izan du Xabier Zubialdek: "Sortu dugun gizarte ereduak eskatzen du energia kopuru handia. Energia eta ekonomia erabat loturik daude. BPG barne produktu gordinak gora egiten duen heinean, energia kontsumoak ere gora egiten du. Aldi berean ari dira dantzan gorantz eta beherantz". Hortaz, agintariek BPGak igo behar duela esaten dutenean, horren atzean ere ageri da energiaren kontsumoak gora egin behar duela.
Etorkizun "gordina" aurreikusten du Zubialdek, eta panorama gordin horri alternatibak eta erantzunak eman behar zaizkiola argi du. Horri buruz hitz egiten ariko da datorren asteartean, hilaren 14an, Iruñeko Katakrak liburu dendan antolatukotako mahai inguruan. Zubialderekin batera, Antonio Aretxabala geologoa eta Pablo Lorente Sustrai Erakuntzako kidea egonen dira.
Erabaki bat eta hamaika galdera
Edurne Elizondo
Behera egin du kopuruak: 2004. urtean, nazioarteko 133 haur adoptatu zituzten Nafarroan; 27 izan ziren, berriz, 2014an. "Berri on bat da hori", azaldu du Gizarte Eskubideen Departamentuko Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzako Mik...
“Bat egiteko ordua dugu”
Edurne Elizondo
Inoiz ez nion erran estimatzen nuela". Lagun handia zuen Beau-Dk Elhadji NDiaye, eta arantza hori gelditu zaio. Estimatzen zuela erran ez izana. Egunero bazkaltzen zuten elkarrekin. "Jeneral erraten nion nik; hil baino hiru egun lehenago hitz egin genuen azkeneko aldiz. Beti nire etxera etortzen zela erran zidan, bere etxera joan behar nuela nik, behingoz". Baina ez zuen aukerarik izan. Lehenago zendu zen laguna, Espainiako Poliziaren esku.
Iruñeko Arrotxapea auzoan atxilotu zuten Elhadji NDiaye, joan den urriaren 25ean; lurrean etzanda, gainean hainbat polizia zituela agertzen da hainbat bizilagunek egindako bideoetan. Ezin mugitu. Konorterik gabe eraman zutela nabarmendu zuten hainbat lekukok. "Hilik". Polizien bertsioaren arabera, ordea, ziegan sartzeko zain zela konturatu ziren arnasa ez zuela hartzen. Hiru hilabete luze pasatu dira ordutik, senegaldarra Poliziaren esku zendu zenetik, eta harentzat justizia eske jarraitzen dute haren herrikideek. Africa United elkarteak bertze urrats bat egin du orain, eta akusazio gisa ariko da, SOS Arrazakeria eta Salhaketa elkarteekin batera. "Auzia ez dezatela itxi da gure helburu nagusia", nabarmendu du Africa Unitedeko presidente Beltxak.
Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak isiltasunaren bidetik egin du aurrera Elhadji NDiayeren heriotzaren auzian. Carmen Alba ordezkariak, adibidez, uko egin dio Nafarroako Parlamentuan azalpenak emateari. Harekin hitz egiten saiatu da Nafarroako Hitza, senegaldarra hil eta hiru hilabete geroago, baina ez du lortu. Elhadji NDiayeren heriotza gertatu ondoko prentsa oharrak igorri baino ez dute egin Albaren komunikazio bulegotik. Hau da, duela hiru hilabete errandakoa errepikatu dute Espainiako Gobernuaren ordezkaritzako arduradunek, idatziz igorritako agiri horien bitartez. Bertzerik ez.
Isiltasun horrek ez ditu Africa United elkarteko kideak batere harritu. Ez zuten bertzerik espero. Horrek ez du erran nahi, hala ere, egoera hori onartzeko prest direnik. Elkarteak Iruñeko Sanduzelai auzoan duen egoitzan "bat egiteko" beharra nabarmendu dute Beltxak eta Beau-Dk. Senegaldarrak dira biak, Elhadji NDiaye bezala. Haren heriotzak hunkitu eta ukitu ditu. Ez dute zain gelditu nahi, deus egin gabe. Argi dute, ordea, bidea ez dela erraza izanen. Poliziaren jazarpena "eguneroko kontu" dela erran dute, eta egoera horren ondorio jo dute NDiayeri gertatutakoa. Justizia nahi dute, baina justizia lortzeko esperantza handirik ez dute, aldi berean. Beren esku dagoena egiteko prest dira, betiere. "Gutako baten aurka egiten badute, denon aurka egiten dute; hori da nire konpromiso soziala, bertzeen aurkako bidegabekeriak nire kontrako bidegabekeriatzat sentitzea, hain zuzen ere", erran du, irmo, Beltxak. "Bada bat egiteko ordua, eta baten kontrako erasoak denon kontrako erasotzat hartzekoa".
"Ez da deus pasatzen"
Duela 11 urte ailegatu zen Beltxa Iruñera. Beau-D, berriz, duela sei. Valentzia izan zuen lehen helmuga Senegaldik atera zenean, eta handik etorri zen Nafarroara. Elhadji NDiayeren heriotzak arrasto sakona utzi diola aitortu du. "Senegaldarrak hiltzen dituzte, eta ez da deus pasatzen. Nire laguna hilik da, eta horrek min handia egiten dit. Bere irudia zikindu nahi izan dute, gainera. Hagitz gogorra izan da dena", azaldu du, serio.
"Ezeroso sentiarazten gaituzten hamaika egoera bizi dugu, egunero". Beltxarenak dira hitzak, eta adibide bat jarri du: "Sarasate pasealekuan kasualitatez bost pertsona beltz elkartzen badira, berehala agertzen da Polizia". Poliziaren jazarpena eta soslai etnikoa duten kontrolak ez dira arazo bakarra, hala ere. "Herritarren arrazakeria ere eguneroko kontu da", azaldu du.
Minduta erran ditu hitz horiek senegaldarrak. "Gauez, besta egiten ari den talde batek beltz bat ikusten badu karrikan, hasten dira txantxak egiten. Nire aurrean gertatu dira halakoak. Gertatu izan da beltz horrek erraten ari zirena ez ulertzea, baina nik bai, nik txantxak eta irainak ulertzen nituen; min handia egiten dute halako egoerek".
Beltxak kontatutako egoerak ongi ezagutzen ditu Beau-Dk ere. Baina bertzelako gogoeta bat jarri nahi izan du mahai gainean. "Nik ez dut arrazakeriagatik negarrik egiten", erran du. "Arrazakeria bada, baina egoera horri aurre egiteko lehen urratsa guk egin beharko genuke. Bat egin beharko genuke, komunitate sendo bat osatu. Nik ez diot inori eskatuko maite nazala; maite banaute, ederki, baina nik, batez ere, errespetua nahi dut. Ezin dugu deus egin gabe jarraitu, hiltzen gaituzten bitartean. Bat egiteko ordua da", nabarmendu du.
Elhadji NDiayeren auzian senegaldarraren familiak egindako urrats guztiak ez ditu ontzat jo Beau-Dk. "Elkarteak ari gara justizia eskatzen; guk aurkeztu dugu salaketa, familiak ez duelako egin, oraindik". Lagunarekin bat egin du Beltxak. "Familiari dagokio, batez ere, borroka egitea. Gure helburu bakarra Elhadjik utzitako seme-alabentzat eta gainerako senideentzat kalte-ordaina lortzea da, jakin baitakigu zigorrik ez dugula lortuko haren heriotzaren erantzuleentzat".
Afrikari buruzko ezjakintasunari aurre egin nahi diote Beltxak eta Beau-Dk, gainera. "Herritarrek gu ezagutzea nahi dugu", azaldu du Africa United elkarteko presidenteak. Afrika hamaika herrik osatzen dutela gogoratu du, eta denak direla ezberdinak. "Hemengoentzat, ordea, afrikar guztiak gara berdinak". Herritar bakoitzaren atzean dauden asmoak, errealitateak eta istorioak jarri nahi dituzte mahai gainean. Zabaltzeko, ezagutzeko. Errespetatzeko. "Ezin gara etxean gelditu. Bat egin behar dugu, elkarrekin lan egiteko", berretsi dute senegaldarrek.
Lurraren babeslea
Edurne Elizondo
Eta orain zer? Solidarioekin borrokan eta lanean jarraitu". Horixe erran zuen Iñaki Garcia Koch Itoitzekiko Elkartasuna taldeko kideak, 2004ko abenduan, hirugarren gradua lortu eta gero. Koch izan zen, 1996. urtean, Itoizko urtegia eraikitzeko porlana garraiatzeko kableak moztu zituzten zortzi kideetako bat. Ondorioz, ia lau urte egin zituen espetxe barruan, hagitz baldintza gogorretan: FIES-3ko presotzat jo zuten. Donostian jaio zen, 1963an, eta Agoitzen harrapatu zuen heriotzak, joan den urtarrilaren 4an. Bihar, lagunen eta senideen omenaldi beroa jasoko du.
Artziko zelaian eginen dute bat, lehendabizi, 12:30ean. 14:00etan, berriz, bazkaria eginen dute, eta, arratsaldez, Agoizko Merkatu plazak hartuko du omenaldia, 19:00etan hasita. Garcia Kochek ingurumenaren eta lurraren alde hartutako konpromisoa gogoratzeko, plaka bat jarriko dute plaza horretan. "Gure bazter hauetan bizi izan da Iñaki azken hogei urteotan; harreman estua zuen gurekin. Agur erran nahi diogu, eta azken agur horretan parte hartu nahi duten guztiak gurekin bat egitera deitu", erran du David Ardanazek.
Itoizko urtegiaren aurkako borrokak bilakatu zituen bidelagun Ardanaz eta Koch, eskualdeko bertze jende anitz bezala. Azpiegitura horren aurkako lanaren zurrunbiloan murgildu baino lehen, hala ere, hamaika urrats bazituen Kochek eginak desobedientziaren eta intsumisioaren bidean. Eta espetxetik atera zenean ere, konpromiso hori berretsi baino ez zuen egin solidarioak. "Desobedientziak eta intsumisioak indarrean jarraitzen dute", erran zuen.
Haurtzaroa eta gaztaroa Donostiako karriketan eman zituen Garcia Kochek, baina Iruñeko Euskal Jai gaztetxearen sorrerak Nafarroako hiriburuan harrapatu zuen jada. Proiektuarekin bat egin zuen, eta Iruñeko gaztetxean sortu zen, hain zuzen ere, Arizkuren herri abandonatua okupatzeko asmoa, Artzibarren. 1995. urtean egin zuten, eta egitasmo horren bultzatzaileetako bat izan zen Garcia Koch.
Garai berekoa da Itoitzekiko Elkartasuna taldea. Itoizko urtegia egiteko proiektuaren aurkako oposizioaren zama Itoizko Koordinakundeak hartu zuen hasiera batean, eta epaitegien bidetik eraman zuen borroka, batez ere. Epaitegietan, hain zuzen ere, urtegiaren aurkako sententziak lortu zituzten koordinakundeko abokatuek, baina justizia ez zen gai izan sententzia horiek betearazteko. 1995eko ebazpen batek, adibidez, legez kanpokotzat jo zituen urtegia egiteko lanak, baina 24.000 milioi pezetako bermea eskatu zion Itoizko Koordinakundeari, sententzia hori bete, eta lanak bertan behera utzi ahal izateko.
Epaileen ebazpena alde zuten, baina urtegiko lanek aurrera jarraitzen zuten. Testuinguru horretan sortu zen Itoitzekiko Elkartasuna taldea, eta Iñaki Garcia Koch izan zuen kide. Solidarioek hamaika protesta ekintza egin zuten azpiegituraren aurka, baina porlana garraiatzeko kableak moztu zituena izan zen sonatuena, 1996ko Aste Santuan. Bederatzi hilabetez geldiarazi zituen urtegiko lanak.
Iñaki Garcia Koch izan zen kableak moztu zituztenetako bat. Epaiketa egin, eta lau urte eta hamar hilabeteko espetxe zigorra jaso zuten, bahiketagatik, hainbat minutuz obrak zaintzen zegoen zinpeko guarda lotu zutelako. Epaileen ebazpena jaso eta gero, Europan bira hasi zuten solidarioek, beren egoeraren berri emateko, eta Itoizko urtegiaren auzia nazioartera zabaltzeko.
Espetxearen arrastoa
Garcia Koch izan zen Itoitzekiko Elkartasuna taldeko kideen artean espetxean sartzen lehena, 2001. urtean. Errepideko kontrol batean harrapatu zuten. Ia lau urte egon zen barruan, eta ezarritako baldintza gogorrek utzi zioten arrastoa. "Erakundeek kartzelan gauzatu dute solidarioak kriminalizatzeko saioa", salatu zuen Garcia Kochek, hirugarren gradua lortuta, kartzelatik atera eta gero.
Urtegiko kableak moztu izanaz ez zela damutzen argi utzi zuen espetxetik atera eta gero. "Korrika alde egin ez izanaz, akaso!", erran zuen BERRIA egunkarian argitaratutako elkarrizketa batean, barrez.
Agoitz izan du etxe azken urteotan, eta, herri horretan, Itoizko urtegiko hormatik hagitz gertu harrapatu zuen heriotzak, duela hilabete. Maite zituen hango bazterrak, eta hantxe emanen diote azken agurra Iñaki Garcia Koch lurraren babesleari.
Bakardadea hausteko paretak
Edurne Elizondo
Zuri ere gertatzen ahal zaizu. Horixe irakur daiteke Iruñeko Alde Zaharreko karrika bateko kartel batean. Karrika bera etxe duen gazte batek idatzi du, kartoi baten gainean. Lurrean jarri du; bere aurrean. Toki batetik bertzera mugitzen diren herritarrek irakur dezaten. Marinek nahiago du Merindadeen plaza. Eserita egiten die so aurretik pasatzen direnei. Gutxi batzuek utzi dizkiote hainbat txanpon. Eskuak tapatzen saiatu da, hotzak hartu baitu. Zigarreta ezpainetik kendu gabe mintzatu da. Errumaniatik etorri zen Iruñera, duela sei urte, eta lau seme-alabaren aita da. Baina emaztea falta du orain. "Duela zazpi hilabete zendu zen". Belztu zaio keinua Marini, kontatu duenean. "Ez dut karrikan lo egiten", zehaztu du.
Hiria bera etxe dutenak ongi ezagutzen dituzte Patxi Martinez eta Esther Villar Iruñeko Udaleko hezitzaileek. Hiria lantoki dute haiek, eta etxerik ez dutenei babesa eta laguntza ematea da haien egitekoa. Errateko dutena entzutea; medikuarengana laguntzea. Karrikan inor ez bizitzea da beren azken helburua. Asmo hori ez da oraindik errealitate bilakatu, ordea. "Karrikan lo egiten dutenak hogei pertsona inguru badira egun Iruñean", azaldu du Martinezek. Zubien azpian eta banketxeetako kutxa automatikoentzako espazioetan bilatzen ohi dute aterpe, hotzak gogorren jotzen duenean. Joan den azarotik, Hotzaldi izeneko programa martxan du udalak. Aurtengo negua bereziki gorria izaten ari da, tenperaturak nabarmen egin baitu behera azken asteotan. "Karrikan diren guztiek badute aukera lo egitera udalaren aterpera joateko", erran du Villarrek.
Hotzari ez ezik, bakardadeari aurre egiteko paretak ere badira egoitza horretakoak. "Hondoa jo duten pertsonak etortzen dira gurera", nabarmendu du udalaren etxerik ez dutenentzako zerbitzuko koordinatzaile Ruben Unanuak. Xilema fundazioko kide da, erakunde horrek kudeatzen baitu zerbitzua, 2010etik. Gora egin du aterpeko erabiltzaileen kopuruak, azken egunotan, hotzaren ondorioz.
Etxerik ez dutenentzako egoitzan bi programa daude martxan. Erabiltzaile ibiltariena da bat; hau da, Iruñean erroldatuta ez daudenena. Horiek aterpean hiru gau pasatzeko eskubidea dute, urtean. Gisa horretako 25 toki ditu aterpeak. Erabiltzaileek gosaria, bazkaria eta afaria hartzen dute; garbiketa zorroa ematen diete, gainera, bai eta arropa garbia ere, behar badute.
Urtean, 1.300 baino gehiago
Unanuak argi du urtean hiru gau ematea ez dela irtenbiderik onena karrikan bizi direnentzat. Aterpe gehienetan horrela jokatzen dute, ordea. Horrek ekartzen du etxerik ez duen jende anitz hiri batetik bertzera mugitzen ibiltzea. "Sistema horrek karrikan bizi direnen deserrotze prozesua areagotu bertzerik ez du egiten", aitortu du Unanuak. Horregatik, erabiltzaileak nor bere hiriko zerbitzuetara bideratzen saiatzen dira aterpeko langileak, eskura dituzten zerbitzu guztiak balia ditzaten.
Zehaztu du, hala ere, hiru gau horiek luzatzeko aukera ere badela. Azken egunotako hotzagatik, adibidez, edo erabiltzaileren bat gaixo dagoenean. "Gizarte langileak baloratzen ditu kasu guztiak, eta, egun gehiago behar badira, hartzen dira".
Urtean, 1.300 pertsona inguru hartzen dituzte Iruñeko aterpean erabiltzaile ibiltarientzat duten programan. Baldintza bakarra bete behar dute egoitzan sartzeko: "Egun horietan ezin dute alkoholik edo bertzelako substantziarik kontsumitu". Aterpearen babesa bilatzen duten erabiltzaile gehienek badituzte kontsumo arazoak, edo buruko gaitzek eragindakoak. "Bi egoera horiek nahasi egiten dira, gainera, kasu anitzetan".
Aterpeko bertze programa hirian erroldatuta daudenentzakoa da. Horretan ere 25 toki daude. Sei hilabetez egon daitezke erabiltzaileak, gehienez. Epea, halere, malgua da, kasu honetan ere. "Esku-hartze programa bat dugu erabiltzaile horiekin. Asmoa da kontsumo arazoak badituzte horiei aurre egitea, bazter utzi ahal izateko. Horretarako prest badira, programaren bigarren fasean etxebizitza, enplegua edo osasuna lantzen ditugu erabiltzaileekin". Helburua, betiere, aterpera joaten direnak sartu baino hobeki ateratzea da.
Iñakik argi du bere kasuan hala izanen dela. Sartu baino anitzez hobeki aterako dela. Oraindik ez daki noiz utziko duen aterpea, halere. Urrats anitz egin ditu, baina argi du oraindik ez dela ateratzeko prest. Duela bi hilabete luze ailegatu zen aterpera. "Inoiz ez zitzaidan burutik pasatu karrikan bizitzen egoten ahal nintzela. Banuen lana, banuen etxea, banuen dirua. Baina, kontsumitzen hasi, eta dena pikutara joan zen". Prozesu horretan familia eta lagunak galdu zituen Iñakik. Bakarrik gelditu zen. Iazko irailean jo zuen hondoa. Karrika bilakatu zen haren etxe. Urrian, kutxa automatiko baten ondoan aurkitu zuten udaltzainek. "Aterpera ekarri ninduten. Existitzen zenik ere ez nekien", azaldu du Iñakik.
Anitz ikasi duela nabarmendu du. Eta orain ongi dagoela. "Hondoa jo, eta gora egin dut, berriz ere". Aterpeko errealitatea zaplazteko baten gisakoa izan zela aitortu du, halere: "Ni gaizki nengoela uste nuen, baina ni baino okerrago dago jende anitz".
Duena baloratzen ikasi duela gaineratu du Iñakik. Aterpeko hainbat lan egiten ditu, soldata txiki baten truke. "Aterpe barruko garbiketa lanak eta gisakoak egiteko aukera eskaintzen diegu erabiltzaileei", azaldu du Unanuak. Helburua da autonomia eta autoestimua lantzea, bertzeak bertze.
Iñakik, gainera, soldatzaile gisa aritutako urteek emandako esperientzia baliatu ahal izan du aterpean. "Hainbat ikastaro eta azterketa eginez, titulu bat lortzeko aukera izan dut". Enplegu bat lortzeko zain da orain.
Aterpetik berriz ere etxe batera ateratzea hartu du helburu Iñakik. Prozesu horretan dago. Bertze hainbat arlo ere ari da lantzen. "Guregana etortzen diren pertsonek harremana galdu izan ohi dute familiarekin edo lagunekin. Aukera badugu, harreman horiek berreskuratzen saiatzen gara; erabiltzaileek lehen zuten sare hori berriz ere osatzen", azaldu du Unanuak. Iñaki ari da horretan. Aitortu du ez dela batere erraza. "Lehendabizikoz bat egin genuenean, hotza izan zen harrera". Ez du amore eman, halere. "Eguberrietan eman nuen gau bat gurasoekin", azaldu du, hasieratik erakutsi duen irribarrea galdu gabe.
Gero eta gazte gehiago
Bertze erabiltzaile batekin partekatzen du Iñakik gela. Goizez, garbiketa lanen erritmoak markatzen du aterpeko giroa. Atarian bat egiten dute anitzek, zigarreta erretzera ateratzen direnean. Bertze zenbaitek eraikineko kanpoko aldean erabiltzaileen lagun diren animalientzat dagoen esparrura egiten dute eguneko lehen bisita. "Badugu toki bat animalientzat; kasu anitzetan, animalia horiek dira erabiltzaileek duten familia bakarra", nabarmendu du koordinatzaileak.
Erabiltzaile horien artean, %90 gizonezkoak dira, eta gehienak, 35-45 adin tartekoak. Gazteen kopuruak, halere, gora egin du azkenaldian. Horixe nabarmendu du Unanuak, kezkaz. "18-24 adin tartekoak erabiltzaileen %3 ziren 2012. urtean; 2016an, berriz, %9,5". Gorakada hori zerk bultzatu duen ez dute argi aterpeko arduradunek. "Aztertu beharra dago zer gertatzen ari den, erantzun ahal izateko". Unanuak errandakoa berretsi dute Martinezek eta Villarrek. Karrikan ere gero eta jende gazte gehiago ikusten dutela nabarmendu dute, kezkaz, haiek ere.
Ez da hezitzaileen kezka bakarra. "Egunotako hotza handia da, baina, halere, zenbaitek nahiago dute karrikan gelditu", azaldu du Martinezek. Aterpera joan eta gero, handik karrikara itzultzea erabaki dute zenbait erabiltzailek ere, Unanuak erantsi duenez. "Hemen egitura bat eskaintzen diegu; gutxieneko zenbait arau. Horrek on egiten die anitzi; bertze zenbait, berriz, erosoago daude karrikan eta bakarrik, nahi dutena egiten".
Karrikako egunerokoa, halere, ez da erraza. Unanuak nabarmendu du kalea etxe duten gehienek sufritu izan dituztela erasoak eta irainak. "Gizartearentzat ikusezin izaten dira; eta, ikusgarri bilakatzen direnean, ez da onerako izaten".
Estigmak eta aurreiritziek duten indarra ongi ezagutzen dute Martinezek eta Villarrek. Osasun arloko errealitatea jarri dute horren adibide. "Karrikan bizi den norbaitek hagitz gaizki egon behar du ospitalera bere kabuz joatea erabakitzeko", azaldu du Villarrek. Egiten dutenean, ez dute beti arretarik egokiena jasotzen. "Lehenbailehen eman nahi izaten diete senda-agiria", erantsi du Martinezek. Karrikan bizi direnak bakarrik egoten ohi direla berretsi du, eta ospitalean nork lagundu ez izateak anitz zailtzen duela gaixo horien egonaldia. "Gauzak bertze modu batera egin beharko lituzkete, pertsona horiek behar bezala artatzeko".
Bada sendatu nahi ez duenik ere. "Halaxe erraten digute. Hil arte zain egon bertzerik ez dutela nahi". Hori gogorra dela aitortu dute hezitzaileek. Baina errespetua zor diotela nork erabakitakoari. "Eskura dituzten baliabideak eskaini bertzerik ezin dugu egin". Lagundu, entzun, babestu. Karrika beti baita hotz.
Emakumeen genealogia
Kattalin Barber
Festa, Rustica, Stratia eta Antonia II. mendeko Pompaelo hiri baskoi eta erromatarraren hasierako une gorenak ezagutu zituzten lau emakume iruindar izan ziren. Izen horiek ez ditu ahanzturak hartu, eta hilarri batean zizelkatuta gelditu dira, betiko. Hilarria aurkitu, eta haren kopia bat jarri du Iruñeko Udalak Andre Maria Erreginaren plazan. Hiriko historiaren barnean ezagutzen diren lehen emakumeak dira, eta historia hori ezagutzera eman nahi du hiriak, orain, berriz ere kalean den hilarriaren bitartez.
Historialaria eta GITE elkarteko kidea da Ana Diez de Ure. Hiriko historian emakumeek izan duten presentzia ikertu du hainbat lanen bidez. Horietako bat da 1998. urtean argitaratutako Ellas, las mujeres en la historia de Pamplona (Haiek, emakumeak Iruñeko historian) liburua, Sonia Pinillos, Silvia Fernandez eta Paco Rodarekin elkarlanean ondua.
Iruñeko historiako emakumeen berri jasotzen du argitalpen horrek, eta bertan agertzen da aipatua II. mendeko hilarria. Nafarroako Monumentuen Batzordeko buletin batean jakin izan zuten hilarriaren berri liburuaren egileek: "Festa, Rustica eta Stratonice izenak agertzen ziren bertan, eta horrela argitaratu genuen liburuan. Datu gutxi zeuden, orduan".
Buletinean jarraian adierazten zenez, hilarria 1895. urteko urriaren 17an aurkitu zuten Iruñeko Nabarreria kalean, baina baliteke hasiera batean erromatar hiriaren hegoaldeko nekropolian egon izana, Merced, Telleria eta Labrit kaleen artean, hain zuzen ere. "Ibiltaria izan da hilarria. Iruñeko hainbat lekutan egon ostean, hasierako tokira itzuli da, azkenean", azaldu du Diez de Ure historialariak.
Aurrerago bisitatu zuten Iruñeko Artxiboak Cordovillan duen biltegia, eta han aurkitu zuten Iruñean ezagutu diren lehen emakume izenak jasotzen dituen II. mendeko hilarria, hain justu. "Sorpresa ikaragarria izan zen guretzat, eta pentsatu genuen ideia ezin hobea zela hilarria jendaurrean erakustea, eta zegoen tokira itzultzea".
Diez de Urerekin batera, Jesus Sesma arkeologoa, Javier Velaza epigrafista, Paco Roda historialaria, Jose Ignacio Alfonso arkitektoa eta Pilar Mayo Iruñeko Udaleko Berdintasunerako teknikaria aritu dira lanean. "Elkarren eskutik aritu gara proiektu hau garatzeko lanean, eta emaitza oso polita izan da".
Horrez gain, ikerketak beste urrats bat egin zuen: ordura arte pentsatzen zuten hiru emakumeren izenak agertzen zirela harrian, baina Javier Velaza adituak egindako ikerketaren bidez jakin izan zuten lau emakumeren izenak zizelkaturik zeudela: Festa, Rustica, Stratia eta Antonia.
Alde guztietatik begiratuta, historia "bitxia" iruditzen zaio Diez de Ureri: "Bitxia da bigarren mendeko hilarri batean emakumeen izenak agertzea, ez da ohikoena izaten. Gainera, Iruñean bakarrik hiru hilarri agertu dira, eta hau da handiena". Joan den urteko abenduan, ikerketa taldearen ametsa egia bihurtu zen. Abenduaren 15ean inaugurazio eta gorazarre ekitaldia egin zuten Andre Maria Erreginaren plazan. Biola musika eta bertsoak egon ziren antzinako lau emakumeen omenez. "Ekitaldi polita izan zen, eta emakume gazteek parte hartu zuten. Ekintza hauen bidez, emakumeen genealogia osatzen ari gara: gu gara oraingoak; etorkizunean izanen gara, baina lehen ere izanak gara. Hilarri honekin gure genealogia publiko egin nahi dugu".
Ia bi mila urte dituzte izen horiek, eta ezer gutxi jakin daiteke haiei buruz. "Argi dago beste emakume batzuk egon zirela aurretik, baina lau hauek beren izenak utzi zituzten harrian zizelkaturik". Familia dirudun bateko emakumeak zirela uste du historialariak: "Badirudi Festa eta Rustica ahizpak zirela; Stratia ere izan daiteke, eta Antonia neba baten emaztea edo ama izan daiteke". Zalantza da nagusi, baina Diez de Urek dio horrek ez diola interesik kentzen hilarriari. Izenen jatorriei dagokienez, "erromatarrak baina ez-ortodoxoak" direla jakinarazi du.
Festak eta Rusticak ordaindu zuten hilarria, beste bi emakumeak omendu nahian. "Ez dugu oso garbi zergatik, eta, hilarriak mundu oso bat argitu gabe uzten badu ere, kontu oso polita da". II. mendeko emakume gutxik zuten dirua hilarri bat ordaintzeko.
Izenak, kalera
"Iruñea Erromatar garaiko hiria da, baina ezer gutxi dakigu haren sorrerari buruz". Nolako hiria zen irudikatu du Diez de Urek. Azoka txikia zuen Iruñeak, eta Mañuetan eta Gaztelu plazan bainu etxeak zeuden. Giro horretan imajinatu ditu Festa, Rustica, Stratia eta Antonia. Inperioko hiri txiki haren eguneroko bizimoduan egiten ziren ekitaldietan parte hartzen.
Iruñeko Alde Zaharrean jarritako hilarriaren bidez, emakumeon presentzia eta haien ekarpena berreskuratu nahi izan dute. Iruñeko Udalak konpromisoa hartu du hiriaren memoria historikoari eusteko, eta asmo horri erantzuten dio hilarriaren kopia jarri izanak. Historiaren parte diren baina ezkutuan dauden emakumeen izen eta abizenak aurkitzeko lanean ari da udala, gainera. "Emakumeen kale izenak jarri nahi dituzte, emakumeen historia ez baita islatzen kaleetan".
Diez de Urek uste du garrantzia duela kale izenetan emakumeak agertzeak, horrek eragina duelako hiriko memoria sozialean eta heziketan. II. mendeko garai horietan, emakumeek Iruñean presentzia izanen zutela uste du, oraindik ere horietako askok ezkutuan jarraitu arren. "Hilarria abiapuntu izan da. Izanen dira omenaldi gehiago Iruñeko emakumeentzat".