Asier Garcia Uribarri
Beharra, borondatea, edo biak batera. Arrazoi batengatik edo besteagatik urtetako borrokaren ostean euren helburuak lortuko dituzte Iruñeko Biurdana institutuan eta Sarrigurengo eskolan (Eguesibar). Lehenengoan urteak daramatzate ikastetxe berria eskatzen, masifikazioa dela eta. "Hiru aldiz handitu dute eraikina, baina jada ezin da gehiago zabaldu", azaldu du Asier Azpilikueta Biurdanako ikasketa buruak. Sarrigurenen antzeko masifikazio arazoak dituzte, eta gainera, eskola bakarrean hizkuntza eredu guztiak nahastuak dituzte. D ereduko gurasoek hamaika mobilizazio egin dituzte eskola euskaldunaren alde. Orain, Nafarroako Gobernuak bi egoerei aurre egiteko hitza eman du: Iruñeko Sanduzelai auzoan institutu berria egin, eta Sarrigurenen bigarren eskola eraiki. Azken horretan, gainera, ikasleak hizkuntza ereduaren arabera banatzea lortu dute gurasoek.
Biurdana institutua Iruñeko Donibane auzoan dago, eta eskola askotako ikasleak jasotzen ditu egun: lehenengo mailan Patxi Larrainzar eta Sanduzelai eskoletatik, eta hirugarrenean Irurtzundik. Era berean, hurrengo ikasturtean Orkoiengo eskolatik jasoko ditu gazteak, eta, bi urte barru, baita Buztintxuritik ere. Datozen urteetan institutuak ikasle berri ugari jasoko baditu ere, egun daudenak ez dira sartzen. Aurreko ikasturtetik, batxilergoko eskolak ondoan dagoen Donibane institutuan ematen dituzte. "UPNk ez du inoiz institutu berri bat egiteko erabakia hartu, adabakiak baino ez dituzte jarri", salatu du Azpilikuetak.
Urtez urte ikasle gehiago jasotzen ari dira Biurdanan, demografikoki asko handitu den inguru bateko D ereduko institutu bakarra delako. Egun erreferentzia edo tutoretza gela bakarra dute "soberan". Hala ere, arazorik larrienak gela bereziekin dituzte: musika, plastika, teknologia eta gimnasioarekin. "Musika gela bat badugu, eta beste gela bati musika gela II deitzen diogu, baina ez dago horretarako prestatua. Teknologiarekin beste horrenbeste, tailer bat badugu, baina beste gela bat jarri behar izan dugu tailer gisa, eta plastika gelekin gauza bera". Gela falta badute ere, horrek ikasle ratioetan eraginik ez duela azaldu du Azpilikuetak. "Ratio ofizialak DBHn 32koak dira, baina erabiltzen ditugu laguntza orduak ratio horiek jaisteko. Buruz ari naiz, baina izan daiteke lehenengo mailan 21-22, bigarrenean 22-23, hirugarrenean 21, laugarrenean 25, eta batxilerrean zerbait handiagoak".
Zentro berria eraikitzea berri ona da Biurdanako ikasle, langile eta irakasleentzat. Hala ere, Azpilikuetak dio ikastetxea berandu helduko dela. "Gure kalkuluen arabera 2017-2018 ikasturterako ikasleak ez dira sartuko, ez gure eraikinean ezta ondoko institutuan dugun solairuan. Zentro berria 2018-2019 ikasturterako egingo dute. Beraz urte batean nahiko larri ibiliko gara".
Sarrigurenen bi urrats
Sarrigurengo eskolako gurasoen borroka luzea izan da. Eguesibarko herri berria da Sarriguren: 16.000 lagun bizi dira eta eskola bakarra dute. "Herria eraiki zutenean, UPNk agindu zuen bi eskola egingo zituela", azaldu du Amaia Zufiaur Sarrigurengo eskolako amak. Baina ez zen hori gertatu. Ikastetxe bakarra egin zuten, eta hizkuntza eredu guztiak nahastu zituzten: A, G eta D. Eredu euskalduneko gurasoek bi borroka izan dituzte beraz: eskola berria lortu, eta hizkuntza ereduaren arabera banatzea.
"Eskola 700 ume hartzeko prestatua dago, eta 1.000 ikasle izan ditu", salatu du Zufiaurrek. Urteetako borrokaren ondorioz, iaz Nafarroako Gobernuak eskola handitu zuen beste eraikin batekin. Hori adabaki hutsa dela uste du Zufiaurrek, eurek eskola berria eskatzen baitzuten. Hala ere, ikasturte honetan gobernuak adierazi die heldu den ikasturterako eskola berria izango dutela. Lehen garaipen horren ostean, ereduen arazoa argitu nahi zuten.
Eskola berriaren aldeko mobilizazioetan guraso elkartea eta Hazi eta Hezi plataforma izan dira protagonistak. Bertan eredu guztietako gurasoek parte hartu dute. Baina, behin eskola lortuta, eredu euskalduneko gurasoek Denok Bat Denok D plataforma sortzea erabaki zuten. Nafarroako Gobernuak eskolen antolaketaren inguruko iritzia eskatu zion eskola kontseiluari, eta guraso euskaldunak lanean jarri ziren.
"A eta G ereduetako gurasoak ereduen banaketaz konbentzitzea zaila izango zela uste genuen, eta mugitzen hasi ginen. Bilerak eskatu genituen nonahi: eskolan, Hezkuntza Departamentuan, Sarrigurengo Udalean, eta alderdi politikoekin", azaldu du Zufiaurrek. Horrez gain, murgiltze ereduaren inguruko hitzaldiak antolatu eta hedabideetara idazkiak bidali dituzte.
Guraso elkarteak eredu banaketaren alde egin zuen. Baina, Zufiaurrek azaldu duenez, zuzendaritzak eta irakasleek ez zuten iritzia eman nahi, hori gobernuak hartu beharreko erabakia zela uste zutelako. Orduan, Denok Bat Denok D plataformak eredu erdalduneko Edusarri taldearekin batera hizkuntza ereduen banaketaren aldeko manifestua idatzi zuen. Azkenean, duela bi aste, gobernuak baieztatu zuen heldu den ikasturtean Sarrigurengo eskolak hizkuntza ereduen arabera banatuko dituztela.
Bi garaipenak lortuta ere, Sarrigurengo gurasoak ez dira geldituko. "Hurrengo helburua, herrian D ereduko institutu bat lortzea da". Egun, Sarrigurengo ikasle guztiak Iruñeko Mendillorri institutura doaz. Gainera, Nafarroan eskola euskaldunaren alde bide luzea egiteko dagoela uste du Zufiaurrek. Hala ere, aurrera jarraitu aurretik, lortu dutena baloratzeko eta ospatzeko aukera izanen dute gurasoek.