Gizartea

Argindarra bermatuko duen merkaturatzailea abian jarri nahi du Iruñeak

Lehen urratsa egin du Iruñeko Udalak, argindar merkaturatzaile publikoa sortzeko. Hiri Ekologiaren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailaren barruan dago Energia Berdearen Zerbitzua, eta, haren eskutik, martxan da argindarra merkaturatzeko balizko udal zerbitzu baten bideragarritasunari buruzko ikerketa. Otsailerako eginen dute txostena. Pobrezia energetikoari aurre egiteko tresna izan nahi du udal merkaturatzaileak, irizpide etikoak, gardentasuna eta parte hartzea bultzatuz.

Badira Nafarroan bertan antzeko adibideak. Urdazubin, adibidez, izen bereko argindar merkaturatzailea du udalak. Iruñeak bere zerbitzu propioa abian jartzea lortzen badu, "jauzi handia" litzateke, hiriaren tamainagatik. "%100ean energia berriztagarria merkaturatuko lukeen udal zerbitzua litzateke", azaldu du Energia Berdearen Zerbitzuko arduradun Joel Dozzik.

Aranzadik egin du proposamena, baina udal gobernua babesten duten bertze taldeek ongi hartu dutela azaldu dute taldeko kideek; Euskal Herritik kanpo ere, Zaragoza, Bartzelona eta Madrilen, bertzeak bertze, antzeko proiektuak aztertzen ari dira.

Ekoizle ere bai

"Ideia da udala argindar merkaturatzaile izatea, eta, ahal den neurrian, energia ekoizle ere bai", azaldu du Dozzik. Onartu du Iruñean herri txiki batean baino zailagoa izan daitekeela ildo horretan urratsak egitea, baina energiaren esparruan burujabe izateak "askatasun handiagoz" jarduteko aukera ematen duela erantsi du. "Bere energia baliabideak kontrolatzen dituen hiriak erabakitzeko eskumen handiagoa du", erran du Energia Berdearen Zerbitzuko arduradunak.

Gizarte zerbitzuekin eta gizarte mugimenduekin elkarlanean ariko litzateke merkaturatzailea, gainera, "pobrezia energetikoari modu eraginkor batean aurre egiteko". Udalak argindarra bermatuko lukeela nabarmendu du Dozzik. Ez hori bakarrik. "Udala izanen litzateke lehen bezeroa, baina nahi duten herritar eta enpresa guztiek izanen lukete zerbitzua jasotzeko aukera. Bai eta merkaturatzaileko parte hartzaile izatekoa ere".

Goiener eta SomEnergiaren gisako kooperatiben adibidea jarri du Dozzik. "Azken horrek 30.000 bezero ditu estatuan, eta 25.000 bazkide. Bazkide bakoitzak boto bat du". Jorratu nahi duten ildoa hori dela azaldu du Dozzik, "gardentasunaren eta etikaren izenean".

Europatik ere "interes handiz" egin diote so Iruñeko Udalak garatu nahi duen proiektuari, Dozzik azaldu duenez. "Energy Cities elkarteak gure egitasmoaren berri jaso nahi duela erran digu".

Txantreako etxe kaleratzea eten dute, ehunka lagun bertan elkartu eta gero

Txantreako etxe kaleratzea eten dute, ehunka lagun bertan elkartu eta gero

Berria Goizeko zortzietan elkartu dira dozenaka lagun Txantreako etxebizitzako atarian, Hipotekak Kaltetutakoen Nafarroako Plataformak deituta, bederatzietarako espero baitzuten etxegabetzea. Joxe Abaurrea Iruñeko zinegotziak jakinarazi duenez, plataformako abokatuek eta BBVA bankuak akordioa lortu dute kaleratzea gaurkoz ez gauzatzeko. Angel Luis Fortun abokatuak azaldu du bertan behera geratu dela etxegabetzea, baina ez du zehaztu aurrerantzean zertan geratuko...

Heteropatriarkatuak ez ditu musu guztiak maite

Heteropatriarkatuak ez ditu musu guztiak maite

Erresuma Batuko Cartoon Network kateak zentsuratu egin du Steven Universe izeneko animaziozko saioko eszena bat: bi emakume ageri ziren, dantzan, elkarri helduta, baina Erresuma Batuan ezin izan dute ikusi. "Ziurtatu behar dugu emititzen dugun guztia haurrentzat egokia dela", erran du kateak, bere erabakia justifikatzeko.

Bi emakume dantzan ikustea, antza, ez da egokia umeentzat, kate horren arabera. Bi emakume elkarri musu ematen ikustea ere ez, Iruñeko billabesa batean hilaren 7an gertatu zenaren arabera: bertze bidaiari baten oharra jaso zuten bi neskak, idatziz, elkarri musu emateagatik.

Halako erasoek, bai eta hori baino larriagoek ere, gora egin dute azken hilabeteotan, Lugatibe Nafarroako Transmarikabibollera eta Queer Gazte Asanbladak salatu duenez. Batzar horretako bi kidek, hain zuzen ere, irainak, bultzadak eta mehatxuak sufritu zituzten, joan den azaroan. "Sistema armaberritzen ari da", nabarmendu dute taldeko kide Joseba Verdugo Goikoetxeak eta Maider Lazkano Zuñigak. Heteropatriarkatuak ez baititu musu guztiak maite.

"Berriozarrerako bidean ginen. Gurearen aurreko geltokian emakume batek paper bat eman zigun, eta korrika jaitsi zen autobusetik", azaldu du billabesan hil hasieran oharra jaso zuten bi emakume gazteetako batek. Gertaerak sortutako zalapartarekin gainezka egin duela aitortu du, eta nahiago duela izenik ez eman.

"Zur eta lur" gelditu zen jasotako oharra irakurri zuenean. Halaxe zioen: "Norbera libre da bere sentimenduak adierazteko, baina inguruan dauden pertsona guztiak errespetatu behar ditu beti. Errespetua izan ezazue, neskak, zuen musukeriarekin egiten duzuen bakarra autobusean egoera deseroso bat sortzea baita. Nahiago nuke noizbait gehiengoarenganako begirunez jokatuko bagenu, umeak, helduak...".

40 urte inguruko emakume bat zen oharra eman ziena. Ustez, bertze emakume baten partez helarazi zien papera, baina bikoteak uste du hark berak idatzi zuela. Gertatutakoa sare sozialen bidez salatu zuten gazteek, eta jasotako elkartasuna eskertu dute. Ez da halako egoera bat bizi izan duten lehen aldia, tamalez. "Musu emateagatik behin baino gehiagotan erran izan digute zerbait. Emakume batek Poliziari deituko ziola ere bota zigun behin. Gizon eta emakume bat izan bagina elkarri musu ematen, ez genuke halako erasorik jasan izanen".

Ez lehena, ezta azkena ere

Hori da kontua. Sexu bereko pertsonen arteko harremanak daudela jomugan espazio publikoan. "Maritxu izan gaitezke, baina gure etxean. Azarokoa ez da jasan dudan lehendabizikoa, eta ziur naiz ez dela azkena izanen". Horixe erran du Iruñeko Alde Zaharrean erasoa pairatu zuten bi gizonetako batek, Arkaitzek. Ez da hori haren benetako izena; nahiago du ez erran.

Caldereria karrikan gertatu zen. Bikotekidearekin eta Lugatibeko bertze hainbat lagunekin zegoen Arkaitz. Mutilari musu eman zion, eta, berehala, karrikan ziren hainbat mutil gaztek iraindu egin zituzten. "Txistua bota zuten lurrera, eta marikoi erran ziguten". Egoerak min egin zion Arkaitzi. Nabarmendu du bereziki mingarria izan zela Alde Zaharrean gertatu izana. "Inguru hori, guretzat, beti izan da eroso eta lasai egoteko toki bat. Hiriko txoko guztiek izan beharko lukete halakoak, baina ez da hori errealitatea. Eroso egoteko espazio berririk ez dugu lortu, eta lehendik genituenak galtzen ari gara".

Arkaitzek, haren bikotekideak eta Lugatibeko gainerako kideek erasoari aurre egitea erabaki zuten. Denak hasi ziren elkarri musu ematen. "Ahalduntzeko modu bat izan zen guretzat. Beti erraten dugu eraso guztiek jaso behar dutela erantzuna, eta hori egin genuen. Musu emanez erantzun genuen".

Orduan hasi ziren mehatxuak. "Gorrotoa sumatzen zitzaien gazte haiei aurpegian. Beldurgarria izan zen", gogoratu du Maider Lazkano Zuñigak. Han zegoen. "Eskerrak talde bat ginela. Bakarrik egon izanez gero auskalo zer gerta zitekeen". Bat egin du Arkaitzek. "Labana sartuko zigutela mehatxu egin ziguten, eta haietako batek arma poltsikotik ateratzeko keinua ere egin zuen".

Ihes egitea erabaki zuten. Nabarrerian, karrikan zegoen jendearen babesa jaso zuten, baina gazteak haien atzetik joan ziren. "18 urte ere ez zituzten izanen. Gure ondotik pasatzen hasi ziren, eta bultza ere egin zidaten". Alde egitea erabaki zuten arte.

Bikoteak Poliziaren aurrean salatu zuen gertatutakoa. "Nire bikotekideak nahi zuen, eta salaketa jartzea erabaki genuen". Esperientzia ez da batere ona izan, Arkaitzek nabarmendu duenez, eta agerian utzi du formakuntzarik eza. Foruzainen etxera joan ziren erasoa salatzera. "Tratua egokia izan zen, baina ez zekiten zer egin ere. Erasoa gorroto delitua zela errepikatzen nion nik, behin eta berriz, foruzainari, eta hark erantzuten zidan ezin zuela hori jarri. Azkenean, txostenean jaso zuen mehatxuak izan zirela talde erlijioso edo etniko bateko kide izateagatik. Ezin nuen sinetsi".

Lazkano Zuñigak eta Verdugo Goikoetxeak ere ez. "Agerikoa da protokolo baten beharra", nabarmendu dute. Lugatibek ere auzi hori landu nahi du, eta urratsak zehaztu, eraso homofobo, lesbofobo edo transfobo bat gertatzen den bakoitzean jardun ahal izateko. Erasoen berri jasotzeko bulego bat sortzeko aukera ere aztertzen ari dira.

Azaroan gertatu zena salatu bezain pronto, bertze hainbat erasoren berri jaso zuten Lugatibeko kideek, hain zuzen ere. "Jendeak, gehienetan, ez ditu salatzen. Kontzientzia politikorik ez duen jendeak nahiago du gertatu dena ahaztu". Gertatzen diren erasoen %17 baino ez dituzte salatzen, Espainiako LGTB taldeen federazioak emandako datuen arabera. "Gorroto delituen artean gehiengoa dira LGTB komunitateko kideen kontrakoak", erantsi du Lazkano Zuñigak.

Delitu horietako anitz, ordea, ikusezin bilakatzen ohi dira. Eta guztiak, gainera, ez dira modu berean tratatzen, Lugatibeko kideak salatu duenez."Klase ertaineko emakume zuria eta emakume transexuala ez ditu berdin aintzat hartzen gizarteak. Transexuala prostituta eta etorkina bada, ez du deus balio", salatu du Verdugo Goikoetxeak. Valentzian gertatutakoa ekarri du gogora, horren harira. "Etorkina eta transexuala zen emakume bat hil zuten, baina ez da deus gertatu. Berriak ez du oihartzunik ere izan. Inori ez zaio inporta". Bartzelonan, Eguberrietan, 17 urteko mutil transexual bat hil zen: bere buruaz bertze egin zuen, ikastetxean denbora luzez jasandako jazarpenaren ondorioz.

Matxismoak, gora

Azkenaldian gora egin dute erasoek. Horren arrazoia zein den argi dute Lugatibeko kideek. "Matxismoak gora egin du. Haren indarkeria jasaten duten emakumeen egoeraren antzekoa da gurea: ahalduntzen ari gara, eta, horren aurrean, sistemak bere burua defendatzen du. Emakumeen aurkako indarkeriak bezala, gure jarrera zuzentzea bilatzen du homofobiak. Heteropatriarkatuak atsedenaldi bat eman digu; baina ez digu gehiago hazten jarraitzeko aukera eman nahi. Sistema armaberritzen ari da, eta atzera egiten ari da gizartea", erran du Verdugo Goikoetxeak.

Ez hori bakarrik. "Heteropatriarkatua gure borrokak erabiltzen ari da, bere interesen alde", gaineratu du Lugatibeko kideak. Alemaniako Kolonia hirian gertatu diren bortxaketen auzia jarri du horren adibide: "Emakumeon borroka erabiltzen dute errefuxiatuen aurka arrazista izateko. Gure nortasunak erabiltzen dituzte; horiek dira inboluzioa gertatzen den une honetan sortzen ari diren dinamikak; eta ezin dugu horrelakorik onartu, inondik inora".

Egoera horretan, Lugatibeko kideek argi dute hezkuntza dela armarik indartsuena. Eta erabiltzera deitu dituzte erakundeak. "Eskola guztietan hasieratik landu beharreko gaia da sexu aniztasuna". Gaur egun gaia irakasleen borondatearen esku dagoela erantsi dute. "Baina hori ez da nahikoa". Curriculumean nahi dute.

Karrikan ere bai. Erasoen aurkako erantzunak kalean ere egon behar duela argi dute Lugatibeko kideek. "Gizarteak ezin dio bizkarra eman gertatzen ari denari. Giza eskubideak daude jokoan. Gutaz ahazten ohi dira erakundeak, baina hemen gaudela errepikatzen jarraituko dugu".

Berokia Castildetierrarentzat

Berokia Castildetierrarentzat

Bardea izan zenaren lekuko da hango Castildetierra muinoa. Haizeak eta urak zizelkatutako paisaiaren irudi eta ikur. Garai batean, lautada izan zen inguru hori; hareharriak zeuden goiko aldean, eta, azpian, berriz, tuparriak. Urak eta haizeak eragindako higadurak sortu du egungo paisaia, eta Castildetierraren gisako muinoak iraganaren lekuko bilakatu dira. Ez betiko, ordea, higaduraren eraginak ez baitu etenik. Adituek ere ezin dute gelditu. Mantsotu egin nahi dute, ordea, Castildetierran, eta hori egiteko moduak aztertzen ari dira. Berokia jarri nahi diote, nolabait, higaduratik babesteko.

Castildetierraren oinarrian tuparriak badira; goiko aldean, berriz, hareharriak. Azken horiek tuparriak baino gogorragoak dira, eta ez dira hain erraz higatzen. Oinarrian diren tuparriek eusten diete goiko hareharriei, ordea, eta oinarriak huts egiten duen unean, muino osoak eginen du behera.

Momentu hori atzeratu nahi du Bardeako Batzarrak, eta erakunde horrek eskatuta ari dira zer egin daitekeen aztertzen. Zaragozako (Espainia) Metopa enpresak hartu du ardura hori. Asteon egon dira Bardean azkenekoz, iazko udaberrian martxan jarritako saioak gainbegiratzen.

Castildetierraren gisako ondoko muino bat aukeratu zuten saio horiek egiteko. Lan horretan Nafarroako Gobernuko geologo Esteban Faci dute laguntzaile. "Castildetierraren ezaugarri bertsuak dituen eremu bat hautatu dute, erabili nahi den produktuak zer eragin duen aztertzeko". Urtebeteko epea ezarri zuten iazko udaberrian; ondorioz, datorren udaberrian emaitzak aztertu, eta erabakiko dute zer egin.

Metopa enpresako geologo Cristina Marinek argi eta garbi erran du: "Ez da erraza izanen". Ezta merkea ere, segur aski. Zaragozako enpresak harrizko monumentuetan gertatzen den higadurari aurre egiteko moduak jorratzen ditu, batez ere. Lehenbiziko aldiz ari dira Bardeakoaren gisako monumentu natural batean lanean. "Esperientzia aitzindaria da hau", nabarmendu du Marinek.

Horregatik erabaki zuten urtebeteko saioa egitea, inolako erabakirik hartu baino lehen. Higadura mantsotzeko produktu batekin inpregnatu dute tuparria. Produktu horrek inpermeabilizazioa ematen du, baina transpirazioa egiten uzten du, aldi berean. "Harriari gore-tex geruza bat jartzearen gisakoa litzateke, nolabait erranda", azaldu du Esteban Facik.

Oraingoz, erabilitako produktuak ez du aldaketarik eragin tuparrian. Hiru hilabetetik behin egiten dituzte kontrolak, produktuak harriaren kolorea aldatu ote duen edo arrakalak eragin ote dituen ikusteko. "Oraingoz ez da halakorik gertatu; orain arte, hala ere, eguraldi epela izan dugu, eta hori ere kontuan hartu behar dugu. Ikusteko dago, adibidez, izotzak zer eragin izanen duen".

Nafarroaren irudi

Bisitari anitzek lotzen dute Nafarroa Castildetierra muinoaren irudiarekin. Hori dela eta, hari eusteko ahalegintzea garrantzitsua dela uste du Cristina Marinek. Geologoak nabarmendu du, halaber, muinoan esku hartzeko moduak ezin duela muinoa bera desitxuratu. "Badira epe motzera eraginkorragoak izan daitezkeen alternatibak; sareak jar daitezke, adibidez, baina horrek erabat aldatuko luke muinoaren itxura". Horregatik bazter utzi dituzte halako aukerak.

Marinek eta Facik argi dute, azkenean, muinoak behera eginen duela. Noiz gertatuko den erratea, hala ere, zaila dela azaldu du Facik. Nafarroako Gobernuko geologoak, edonola ere, ez du uste muinoak bertze ehun urte eginen dituenik zutik. "Hemendik bost edo hamar urtera ere eror daiteke. Gainetik egindako kalkuluak baino ez dira, hala ere".

Higaduraren ondorioak mantsotzea du helburu Metopa enpresa egiten ari den lanak. Aurretik egin izan dituzte Castildetierra betikotzeko bertze hainbat urrats. 2011. urtean, adibidez, muinoa eskaneatu egin zuten, hiru dimentsioko irudia lortu ahal izateko. "Hareharrizko tontorrean ere badira arazoak, pitzadurak baitaude. Ez da erraza, baina har daitezke neurriak hori konpontzeko. Hiru dimentsioko kopia ere erabiltzen ahal da", erran du Marinek.

Castildetierrari eutsi nahi diote. Ahalegin horrek ez du justifikaziorik, ordea, geologiaren ikuspuntutik. Hori uste du Jose Luis Piedrafita geologo eta Iruñeko UNEDeko irakasleak. Are gehiago, ez du ontzat jo horretan diru publikoa gastatzea. "Erabakiak ez du geologiarekin zerikusirik; merkatu kontu bat da. Castildetierrak turismoa erakartzen duelako nahi dute behera egin ez dezan", azaldu du. "Gertatzen diren prozesu geomorfologikoak, ordea, direnak dira. Naturak bere lana egiten du".

Enpresak produktua probatzeko hartutako urtebeteko epea motz gelditzen dela uste du Piedrafitak. "Herri lanetan ere ikusten dugu lehendabiziko urtean dena dagoela ongi: gero hasten direla arazoak". Kontua Bardearen ikur bilakatu den muinoaren irudiari eustea bada, hiru dimentsiokoa baliatzen ahal da, geologoaren ustez. "Egin daiteke kopia oso bat. Baina erori behar badu, eror dadila".

Lurrari hozka egiten diotenak

Lurrari hozka egiten diotenak

Leherketak, kamioien joan-etorri etengabea, hautsa, paisaiaren nahiz ondarearen suntsitzea, kalteak etxebizitzetan, faunaren desagertzea... Ustezko garapen ekonomikoaren izenean, anitz dira meategi eta harrobi handiek inguruko lurretan eragiten dituzten kalteak. Erdiz, Alkerdi eta Zilbetiko kasuak hedabideetako lerroburuetan agertu dira azken hilabeteetan, ustiatze proiektu horiek piztutako oposizio irmoari esker, batez ere. Baina ez dira bakarrak, inondik ere.

Minerala ustiatzeko proiektu handienei buruzko txostena argitaratu zuen iaz Sustrai Erakuntza fundazioak, 2014an eginiko topaketa batean oinarrituta. Iragan abenduan eguneratu zuten azkenekoz, Zangoza eta Urdazubiko kasuak ere aipatzeko. Honako hauek dira Nafarroako lurrak zuloz eta orbainez bete dituzten proiektu handienak edo polemika mikatzena eragin dutenak.

OSKIAKO HARROBIA

Arakil ibarrari eta Itza zendeari eragiten die Bizkaia mendian dagoen harrobi honek. 1987an hasi ziren Oskiatik kareharria ateratzen, eta harrobia, ofizialki, 2004an itxi zuten arren, "errestaurazio" plan bat aurkeztu zuen Canteras Oskia enpresak. Atondoko kontzejuak bertan behera utzi zuen egitasmoa, enpresak ez zuelako ingurumenaren gaineko eraginari buruzko planik aurkeztu. 2010ean, berriz, proiektu berria aurkeztu zuten. Hiru milioi metro koadro lur erauzteko asmoa aipatzen dute bertan, eta "itzalpeko ustiaketa plan bat" dela uste du Sustraik.

Proiektuaren kontra dauden erakundeek —Atondoko kontzejuak, Arakilgo Udalak eta Itza Zendeako Udalak— erabili dituzte jada bide judizial guztiak. Nafarroako Gobernuak, gainera, lur komunal guztiak desjabetu ditu. Beste aukerarik ezean, jarraipen batzorde bat osatu dute inplikatutako eragile guztiek, planaren garapenean irregulartasunik ez dagoela zaintzeko.

ALDAZKO HARROBIA

Aspaldi erabili gabeko marmol harrobi zahar bat da Aldazkoa. Horgobisa enpresak hamabost urterako kontratua sinatu zuen 2006an herriko kontzejuarekin, han gelditzen ziren hondakinak erretiratu eta erabiltzeko. Hondarrak, ordea, berehala bukatu ziren, eta ustiatzeko era berriak aztertu zituen Horgobisak.

Larraungo Kalaxka taldeak salatu zuenez, irregulartasun ugari gertatu dira prozesu osoan, eta Sustrai Erakuntza fundazioak ere "kontrolik eza" nabarmentzen du bere txostenean: "Ez zen neurririk hartu harrobitik ateratako material kopurua mugatzeko, ezta ingurumenaren egoera neurtzeko ere". Lehergailuak erabiltzen hasteko nahia agertu zuen enpresak, gainera, eta Larraungo Udalak baimentzen ez zuenez, araudia aldatzeko presioa egin zuen. Azkenean, azpilan horrek guztiak fruitua eman zuen, eta, iaz, udal plana moldatu zuten. Gaur egun, legezkoa da harrobian lehergailuak erabiltzea, eta, enpresak oraingoz urratsik egin ez duen arren, kezka agertu dute bizilagunen elkarteek eta talde ekologistek.

ALKERDIKO HARROBIA

Urdazubikoa da, seguruenik, Nafarroan kalapita handiena sortu duen ustiatze proiektua, harrobiko lanek ez baitiote paisaiari soilik eragin. Handik 500 metrora dauden Alkerdi, Zelaieta, Ikaburu eta Berroberriko haitzuloek gordetzen duten ondare historikoak pairatu ditu ustiatze lanek eragindako kalterik handienak.

2014ko uztailaren 15ean, Zelaieta III leizezuloko sabaia erori egin zen, Alkerdin baimenik gabe eginiko leherketa baten ondorioz. Leherketaren hedatze uhinak, gainera, kalteak eragin zituen inguruko baserrietan, auzoetan eta Ikaburuko haitzuloetan. SOS Alkerdi plataformak gertatutakoaren ardura egotzi zien Marmoles del Baztan enpresari eta Nafarroako Gobernuari. Izan ere, 2013an, harrobiaren ustiatze ituna luzatu zuen Yolanda Barcinaren gobernuak, eta urtean 24.000 kilo lehergailu erabiltzeko baimena eman zion enpresari —ordura arte 150 kilo erabiltzeko baimena zuen—.

Urdazubiko udal planak eta Kultura Departamentuko Zuzendaritza Nagusiak, baina, espresuki debekatzen dute inguruan lehergailuak erabiltzea, balio kultural eta arkeologiko itzeleko leizea baita Alkerdikoa. Izan ere, hango paretetan daude Nafarroako irarlan paleolitiko bakarrak. Hortaz, harrobiko lanak geldirik daude oraingoz, baina enpresa Nafarroako Gobernuarekin negoziatzen ari da, debekua ken dezan.

ZILBETIKO PROIEKTUA

Aldude mendia zaintza bereziko eremu izendatu zuen Nafarroako Gobernuak 2005ean, eta Natura 2000 sarean ere sartu zuten eskualde osoa. Handik bi urtera, baina, Magna Magnesitas de Navarra enpresak iragarri zuen harrobi bat irekitzeko asmoa zuela Zilbetin. Nafarroako Gobernuak, UPNren esku, ez zuen kontrako iritzirik eman, eta berehala onetsi zuen egitasmoa, Natura 2000 sarearen helburuekin bateraezina izan arren.

2011n, hitzetatik ekintzetara pasatu zen Magna: Eguberri garaian, oporrak profitatuta, Antzeriko hainbat pago botatzen hasi zen baimenik gabe. Alduide Mendia koordinakundeak eta SEO/BirdLife elkarteak auzitara jo zuten, eta proiektua geldiaraztea lortu zuten. Iazko urrian, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zien talde ekologistei, eta bertan behera utzi zuen egitasmoa.

ZANGOZAKO PROIEKTUA

Orain mahai gainean dagoen meatze proiektu handiena da Geoalcali enpresak Zangoza eta Zaragoza (Espainia) artean eraiki nahi duena. Talde ekologisten aburuz, gainera, kutsagarriena ere izanen da, inoiz gauzatzen bada: urtean 6.300 milioi tona potasa aterako lirateke, 512 kamioi ibiliko lirateke joan-etorri etengabean egunero, eta 800.000 metro koadro ur erabiliko lirateke urtean —17.000 biztanleko hiri batek kontsumitzen duen kopuru bertsua—. Handik metro gutxira, gainera, Esako urtegia dago, eta horrek arazo ugari eraginen dituela uste dute Zangozako oposizioko taldeek; besteak beste, sismikotasunaren handitzea edota uraren kutsatzea.

Sergio Labaien: «Geure burua zentsuratzera behartu nahi izan gaituzte»

Sergio Labaien: «Geure burua zentsuratzera behartu nahi izan gaituzte»

Konpromisoa eta kazetaritza uztartzeko tenorean, eskarmentu handia du Sergio Labaienek (Iruñea, 1975). Nabarreria, Ateak Ireki eta Ahotsa.info hedabideetan lan egin du, besteak beste.

Noiz jaso zenuten Espainiako Gobernuko ordezkariaren ohartarazpena?

Irailean izan zen. Carmen Albaren gutun bat zen, eta bertan, azaltzen zigun Espainiako Poliziak salaketa jarria zuela Ahotsa.info-ren kontra, sanferminetan argitaratutako albiste batean Mozal legea urratu genuelakoan.

Eta hala zen?

Legea, berez, oso zehazgabea da. Artikulu batean aipatzen denez, polizien irudiak baimenik gabe grabatzen badituzu, eta irudi horiek polizia edo haren familia arriskuan jartzen ahal badute, isun bat jasoko duzu. Baina Poliziak kalean egiten duena grabatzeak edo argazkiak ateratzeak arriskuan jar dezake polizien segurtasuna? Eta nork erabaki behar du hori? Kasu honetan, Carmen Alba bera izan da epailearen lana egin duena, berak ebatzi baitu legea urratzen ari ginela. Isunik ez jartzea erabaki zuen, baina mehatxu egin zigun, etorkizunean polizien irudiak argitaratuz gero, 30.000 euro arteko isuna jaso genezakeela ohartarazita.

Nolakoa da salaketaren oinarrian dagoen argazki hori?

Ez da aparteko ezer. Bi polizia ikus daitezke, kaskoa jantzita. Ez da deigarria, inondik inora, eta egunero ikus ditzakegu halakoak Espainiako telebista kate guztietan nahiz berripaperetan. Halakoak edo agerikoagoak!

Abisua jaso zenutenean, zein izan zen zuen lehen erreakzioa?

Logikoa den bezala, gure lehen erreakzioa kezkak eta beldurrak baldintzatuta egon zen. Elkartean eztabaida anitz izan genituen, argitaratu genezakeenari buruz, geure buruari ezarri beharreko mugei buruz. Proiektuaren iraupena bermatzea zen gure helburu nagusia, argi baitago 30.000 euroko isuna jasoko bagenu, Ahotsa.info pikutara joanen litzatekeela. Zenbait abokaturekin ere hitz egin genuen, aukera guztiak aztertzeko.

Eta zer esan zizueten?

Ikuspegi interesgarria eman ziguten. Argi utzi zuten ez direla onargarriak ez Poliziaren salaketa ezta Albaren mehatxuak ere, kolokan jartzen baitute informazioa emateko daukagun eskubidea. Eta horren guztiaren helburua ere jakina da: guk geure burua zentsuratzea. Horretara behartu nahi gaituzte.

Zergatik?

Bada, gure hedabideak askotan islatu dituelako Poliziaren gehiegikeriak. Guk grabatutako irudi batzuk auzitegietan erabili izan dituzte; besteak beste, Aingeru Zudaireren auzian. Eskuineko begiko ikusmena galdu zuen Zudairek pilotakada baten ondorioz, baina Espainiako Poliziak argudiatu zuen haiek ez zutela pilotarik jaurti. Kasu horretan, Ahotsa.info-ren irudiek balio izan zuten bertsio ofizial hori eraisteko eta Poliziaren erantzukizuna agerian uzteko. Eta ez da kasu bakarra. Oro har, irudi horiek deserosoak dira Carmen Albarentzat, eta argitara atera ez daitezen, Mozal legea era arbitrarioan erabili du gure kontra.

Zuek, baina, ez zarete isilik gelditu, eta Espainiako Gobernuaren kontrako salaketa aurkeztu duzue Estrasburgon...

Bai, geure burua zentsuratu beharrean, ofentsibara jotzea erabaki genuen. Gure zereginetako bat Poliziaren gehiegikeriak salatzea dela uste dugu. Poliziaren aurka gaudelako? Ez, jendearen alde gaudelako baizik. Poliziak bortizkeria erabili du behin baino gehiagotan, eta jokabide horrek zaurituak eragin ditu, baita hildakoak ere. Hortaz, uste dugu gizartearentzat onuragarria dela hedabideek funtzionario publikoen egitekoa zaintzea eta, lana gaizki egiten dutenean, salatzea. Ezin diogu funtzio horri uko egin. Horregatik uste dugu aurre egin behar diogula mehatxuari; oraingoan Ahotsa.info izan delako, aurretik Egunkaria, Egin edo Apurtu.org izan ziren bezala. Baina etorkizunean BERRIA ere izan liteke, edo Diagonal, edo beste hamaika hedabide deseroso.

Nolakoa izan zen prozesua?

Hainbat abokatu eta aditurekin hitz egin genuen salaketa aurkeztu aurretik, eta horren ostean, Defendatzen duena defendatu plataformako kideak gurekin harremanetan jarri ziren. Estatu osoko kazetariek eta juristek osatzen dute talde hori, eta aspaldidanik ari ziren Mozal legearen kontrako estrategia orokor bat koordinatzen. Poliziaren jazarpena pairatu zuten fotokazetari batzuekin harremanetan jarriak ziren ordurako, eta lehen urratsak emanak zituzten salaketa bat aurkezteko. Hori izan zen gure oinarria. Plataformako kideek esan ziguten aukera zegoela auzia Estrasburgora eramateko, eta hala egin genuen.

Zergatik Estrasburgora?

Espainiako justiziak ez duelako beste biderik uzten. Guk jasotako mehatxua, berez, abisu administratibo bat da. Eta horren aurka, ezin dugu helegiterik aurkeztu Espainiako inongo auzitegitan. Ez dugu heldulekurik. Beraz, bide bakarra Estrasburgora jotzea da.

Zenbait hedabidek auzia isildu izanak harritu zaitu?

Ez gehiegi, errepresioa oso barneratua dugulako. Zer gertatuko litzateke, adibidez, Nafarroako Gobernuak Diario de Navarra-ko bi kazetariri isuna jarri izan balie? Eta kazetari horiek Estrasburgora babes eske joan izan balira? Aurrekaririk gabeko eskandalua izanen litzateke hori Nafarroan. Baina biktima errepresioa pairatzera ohituta dagoen sektorekoa bada, normaltzat jotzen dugu. Behar duen garrantzia ez diogu ematen, eta hori erronka bat da: agenda propioa ezarri behar dugu, arerio politikoaren dialektikatik urrundu, eta askatasunari auziari konplexurik gabe heldu. Salbuespen egoera bizi dugu Nafarroan, eta hori aldaketaren agendan sartu beharra dago nola edo hala.