Nafarroa

Herri boterearen eraikitzaileak

Herri boterearen eraikitzaileak

Edurne Elizondo

Lurra defendatzeagatik hil zuten Berta Caceres, Hondurasen, 2016ko martxoan. Aurtengo martxoan hil dute Marielle Franco LGTBI kolektiboaren aldeko ekintzaile feminista, Brasilen. Ez dira kasu bakanak. Herrialdeotako giza eskubideen defendatzaileak zalantzan jartzen duten boterearen jomugan dira. Nikaraguan, azken egunotan, 25 pertsona hil dira gizarte segurantzaren erreformaren aurkako protestetan. "Lotsagarria da bakeaz eta batasunaz hitz egiten duen gobernu batek erraten duenaren aurkakoa egitea, hain justu. Sandinismoa ez da jada 1980ko hamarkadan izan zena. Nazio Askapenerako Fronte Sandinistaren ingurukoak dira gure herriko oraingo aberatsak".

Evelyn Floresenak dira hitzak. Nikaraguako giza eskubideen defendatzailea da, Giza Eskubideen Defendatzaileen Erdialdeko Amerikako Ekinbideko kidea. Zehazki, emakumeen giza eskubideen alde egiten du lan sorterrian. Iruñean izan da, Mexikoko Sandra Lorea eta Kolonbiako Alexandra Bermudez ekintzaileekin, herrion errealitatearen berri zabaltzen. Chiapasen aritzen da Lorea, indarkeria matxista sufritu duten emakumeekin; Bermudezek, berriz, lurraren eta ingurumenaren aldeko lana egin du Kolonbian. Sorterritik kanpora eraman du konpromiso horrek, hain zuzen ere. "Etxean sartzen hasi ziren; gu jarraitzen, alabaren haur eskolako argazkiak egiten, mehatxatzen. Nik ez nuen alde egin nahi, argi nuelako egiten nuena bidezkoa zela, baina inguruko guztiek eskatu zidaten herritik ateratzeko, geldituz gero hilko nindutelako. Gogorra izan zen. Nik ez nuen joan nahi. Estatua nuen atzetik, ordea".

Kosta egiten zaio egoerak eragin dion amorrua eta tristura bazter uztea Bermudezi. Errioxara (Espainia) joan zen Kolonbiatik lehendabizikoz atera zenean. Herrira itzuli zen 2016ko urrian, urtebete kanpoan egon eta gero. "Egoerak hobera eginen zuela uste nuen, baina ez zen horrelakorik gertatu. Gure kontrako jazarpena ez zen eten". Berriz alde egin behar izan zuten, eta Nafarroan bizi da orain familia.

Hemendik lanean jarraitzeko gogoz da Bermudez, halere. Floresekin eta Lorearekin egindako mahai ingurua baliatu du horretarako. Batetik, hemen bizi direnei argi erran die hegoaldeko herrietan gertatzen denaren ardura zati bat dutela. "Ezin dugu ahaztu iparraldeko herrien bizitzeko moduari eusteko hegoaldeko herriak suntsitzen dituztela, beren baliabideak ateratzeko. Baliabide horiek iparraldeko herrientzako salgai bilakatzen dira, eta miseria, pobrezia eta indarkeria baino ez dute uzten hegoaldean". Bertzetik, hemen bizi direnei eskatu die sala dezatela Kolonbian, Mexikon, Nikaraguan eta bertze hainbat herritan gertatzen dena; sufritzen duten zigorgabetasuna eta egiturazko indarkeria.

Hainbat datu jarri nahi izan ditu Bermudezek mahai gainean bere herriaren egunerokoa azaltzeko: 7,3 milioi pertsona mugitu direla herriko toki batetik bertzera, adibidez, gatazka armatuak iraun duen 50 urteetan. 2016ko azaroan, bake akordioa sinatu zuten Kolonbiako Gobernuak eta FARCek. Erreferenduma egin zuten, herritarrek hitzartutakoa berresteko, baina ezezkoa nagusitu zen. "Geroztik, Habanako akordioan jasotako neurri anitz bazter gelditu dira, bertzeak bertze, nekazariek lurrak berreskuratzeko bidea zabaltzen zutenak".

Akordioa sinatu zenetik, giza eskubideen defentsan ari ziren 317 pertsona hil dituzte Kolonbian. "Nire kideak ziren", erran du Bermudezek, saminez. "Giza eskubideen defendatzaileentzat Honduras da herririk arriskutsuena, eta Kolonbia bigarrena; munduko hilketen %30 nire herrian gertatzen dira". Une honetan 15.000 preso politiko badirela erantsi du giza eskubideen aldeko ekintzaileak.

Lurraren eta ingurumenaren defentsarekin lotutako borrokak daude boterearen jomugan, Bermudezek salatu duenez. Kanpotik baliabideak eramatera ailegatzen diren enpresen jarduera ongi ezagutzen dute Nikaraguan ere. "2014an herriko konstituzioa aldatu zuten, legez ahalbidetzeko Txinako enpresa batek ozeano arteko kanal bat eraikitzea", erran du Evelyn Floresek. "Legez onartu da enpresa horrek zerga bakar bat ere ez ordaintzea ehun urtez", salatu du. Kanalak zeharkatuko lituzkeen lurrak suntsituko lituzkeela nabarmendu du.

Sandinistek 1990ean galdu zuten boterea, Nikaraguan, baina 2007tik gobernuan dira berriz. "2011ko eta 2016ko hauteskundeetan iruzur egin zuten", salatu du Floresek. "Gora egin dute, nabarmen, desoreka ekonomiko eta sozialek, bai eta generoarekin lotutakoek ere. Herritar anitzek ez dute bizitza duin bat izateko baliabide nahikorik".

Baztertuen aldeko jarrera hartu du Floresek, argi eta garbi. Bereziki, emakumeen alde. Herritarrak deitu ditu giza eskubideen defendatzaile bilakatzera. "Nire nortasunaren parte da defendatzailea izatea", azaldu du. Erantsi du ez dela gauza bera giza eskubideen gizon edo emakume defendatzaile bat izatea: "Gizonek sufritzen ez dituzten indarkeria mota batzuk sufritzen ditugu emakumeok".

Marichuy fenomenoa

Zigorgabetasunaren eta egiturazko indarkeriaren aurrean, herri boterea jo dute helburutzat Floresek eta Bermudezek. Mexikoko ekintzaile Sandra Loreak ere argi du bidea hori dela. "Hauteskundeak izanen ditugu uztailean; ez dio axola nork irabaziko duen, ordea. Hauteskundeek ez dute deus aldatuko; guk aldatu behar dugu gure errealitatea".

Loreak nabarmendu du mezu hori zabaldu duela Marichuy Patriciok. Mexikoko presidentetzarako hauteskundeetan hautagai independentea izaten saiatu da, baina ez du lortu behar zuen gutxieneko sinadura kopurua. "Gobernurako Indigenen Kongresuko hautagaia zen. Ez du aurkeztea lortu, baina herriz herri zabaldu du bere mezua, eta lortu du herritarren artean herri botere hori aktibatzeko mugimendu bat sortzea", nabarmendu du Loreak.

Mexikoko giza eskubideen defendatzaileak erantsi du herriz herri sortu direla, adibidez, udaletako hauteskundeetarako hautagaitza independenteak aurkezteko ekinaldiak. Bi atentaturen biktima izan da Marichuy Patricio, eta hainbat istripu izan ditu, gainera, herriz herri egin duen biran. "Marichuy fenomenoa piztu du emakume horren lanak, eta ekarri digu aldaketarako itxaropena", erran du Loreak, harro.

Aldaketaren beharra nabarmendu du giza eskubideen defendatzaileak, hain zuzen ere. Mexikoko herritarren egunerokoa ez delako batere erraza. "Herri osoko natur baliabideak erdiaren esku daude, eta, aldi berean, Mexikon ditugu pobrezia tasarik handienetakoak. Indarkeria eguneroko kontua da, eta egunero urratzen dira giza eskubiderik oinarrizkoenak".

Kolonbian edo Nikaraguan bezala, enpresa transnazionalen hamaika proiektuk mehatxatzen dute Mexikoko ingurumena ere. "Gure lurra suntsitzea ekarriko lukete proiektu horiek, eta orain pobre direnak are pobreago bilakatzea".

Errealitate horrek bertze hainbat subjekturen agertzea ekarri duela erantsi du Loreak: gobernuaren eta enpresen botereari aurre egin nahi dioten aktoreak, alegia. "Aktore sozialak martxan jarri dira auzo eta herrietan, indigenen komunitateetan. Toki horietan dago, finean, giza eskubideen aldeko borroka".

"Guk aldatu behar dugu gure errealitatea, behetik hasita; bertzela jai dugu. Bertze inork ez du eginen", berretsi du Loreak. Bereziki egin die so Mexikoko emakumeei, eta betetzeko duten rola nabarmendu du. Emakume zapatistek berriki egindako topaketa batean zabaldutako mezua ekarri du gogora Loreak: "Emakume zapatistek ozen erran dute nahi dutela beren alabek, emakume gazteek borrokan jarraitzea; borrokan eta bizirik".

Emakumeen ondoan lanean eman ditu Loreak azken 23 urteak. "Askatasuna eta berdintasuna lortzeko bidean lagundu nahi ditut", erran du. Giza eskubideen defendatzailetzat jo du bere burua. Giza eskubideen defendatzaile dira Evelyn Flores eta Alexandra Bermudez ere. Beren herriak esplotatzen dituzten enpresen eta gobernu ustelen aurka. Herri boterearen alde.

Artea eta euskara, oinez

Artea eta euskara, oinez

Kattalin Barber

Hilabeteak falta dira Altsasuko Iñigo Aritza ikastolak Nafarroa Oinez festa ospatzeko. Bidea hasi du Sakanako ikastolak, halere, eta dagoeneko ireki dute Nafarroa Oinez festaren barruan urtero antolatzen den Artea Oinez erakusketa. Heldu den maiatzaren 5era arte egonen da ikusgai. 74 artistak euskararen alde jarri dituzte beren lanak Iruñeko Kondestablearen jauregian; Nafarroa Oinez ez baita egun bakarreko besta. Aurten, Altsasuko Dora Salazar artista omendu nahi izan dute erakusketaren bidez.

Artea Oinez erakusketan askotariko artista, belaunaldi eta estiloak daudela nabarmendu du Ione Areta Nafarroa Oinez festako koordinatzaileak: "Ibilbide luzeko artisten artelanak bildu ditugu, bai eta hasiberrienak ere". Diziplina ugaritako lanak bildu dituzte, eta, aurten, gainera, Sakanako artisten eta emakumezkoen lanek garrantzia hartu dute erakusketa ibiltarian. Hain zuzen ere, hamasei artista eskualdekoak dira, eta horietatik hamabi, berriz, emakumeak. Horien artean daude, besteak beste, Itxaso Altzelai, Jose Ramon Anda, Koldo Arnanz, Garbiñe Berastegi, Ana Goikoetxea, Asun Goikoetxea, Itziar Nazabal, Mikel Okiñena, Maider Perkal eta Bidatz Razkin artistak.

Hainbat hizkuntza eta teknika biltzen ditu erakusketak, Euskal Herriko artearen ispilu. Arteak ere, gero eta gehiago, euskaraz mintzatu nahi duelako, eta horren adierazle dira Iruñeko Kondestablearen jauregian paratu dituzten artelan guztiak. "Batzuek urtero bat egiten dute Artea Oinez ekinaldiarekin, eta haien obrak ematen dizkigute; urtero berriak ere gehitzen dira", azaldu du Aretak. Horregatik, esan daiteke euskal arte garaikidearen argazki orokor bat dela erakusketa. Bizi da aurtengo Nafarroa Oinez jaiaren leloa, eta erakusketa "are biziagoa" da, Aretaren hitzetan. "Oso ikusgarria da, erakargarria eta askotarikoa". Erakusketa ondoko artelanek osatzen dute, hain zuzen: hemeretzi eskulturak, sei argazkik, 27 pinturak, hainbat teknikaren bidez egindako hamalau grabatuk, eta teknika mistoetan egindako bederatzi lanek.

Urtero, Euskal Herriko artista bat omentzen du erakusketak, eta aurten Dora Salazarri eskaini nahi izan diote beren aitortza ikastolek. Bilbon bizi den arren, altsasuarra da Salazar, eta herrian dauka, oraindik ere, lantegia. Ibilbide luzeko artista da, eta erakusketa ugaritan parte hartu izan du; halaber, sari asko jaso ditu.

"Salazarren eskultura lanek nahiago dituzte espazio publikoak, nahiz eta haren ekoizpenaren puska handi bat askoz ere delikatuagoa eta intimistagoa den, barruko espazio baten babesa eskatzen duten materialez egina", idatzi du Josu Reparaz erakusketaren komisarioak katalogoan. "Haren sorkuntzetan bestelako izaki etereoak, lurtarrak, aireko zein itsasoko izakiak agertzen dira, baita giza gorputzaren interpretazio klasikoagoak ere, mugimenduarekin, dantzarekin, hiriekin eta hiritarra den horrekin lotuta", gaineratu du. Erakusketaren sarreran jarri dituzte haren bi obra: "Artistaren garapena irudikatzen dute". Bere ibilbidean, gai askoren artean, pisu berezia dute emakumearen inguruko gaiek.

Omenaldiaren nondik norakoak argitu ditu Aretak, eta nabarmendu nahi izan du artistak "betidanik" ikastolekin eta Nafarroa Oinez-ekin izan duen "konpromisoa". Horrez gain, bere lan artistikoaren maila goraipatu du. Hark ez ezik, emakume ugarik parte hartu dute erakusketa kolektiboan.

Arte plastikoen bidez Nafarroako euskarazko hezkuntza laguntzea da Artea Oinez egitasmoaren helburua: "Euskal artearen erakusleihoa izan nahi du. Euskal Herrian sortzen den artea aldarrikatu nahi dugu, eta, artistei erakusleiho bat eskaintzen diegun bitartean, euskara eta ikastolak bultzatzen ditugu", esan du Aretak. Azken finean, artea eta euskara bultzatzea da xedea.

Erakusketa ere, oinez

Oinez ibiliko da erakusketa bera ere. Maiatzaren 5era arte egonen da erakusketa Iruñeko Kondestablearen jauregian, eta hortik Altsasura eginen du bidea, gero: herriko Iortia kultur etxean egonen da maiatzaren 11tik ekainaren 1era. Erakusketan ikusgai dauden artelanak erosteko aukera dago. "Artelan batzuk saltzen dira, eta bigarren erakusketara lan gutxiago iristen ohi dira", azaldu du Aretak.

Koordinatzailearen hitzetan, Artea Oinez erakusketa "arrakastatsua" izan ohi da. Bigarren urtea izango du Kondestablearen jauregian: "Aurretik Iruñeko Ziudadelan egin da, eta bisita gehien jasotzen zuen erakusketa zen. Kondestablean ezin dugu zenbatu, baina argi dugu artisten artean eta euskal komunitatean errotutako proiektua dela".

Urteak dira erakusketa antolatzen dutela; 1990eko hamarkadan egin zuten lehendabiziko aldiz, hain zuzen ere. 2000. urtetik, berriz, egungo formatua hartu zuen.

Salbatzeko aukerarik ez

Salbatzeko aukerarik ez

Edurne Elizondo
Zain dira Nafarroako Corazon Verde animalientzako babeslekuan. Ebro ibaiak gainezka egin eta gero, ehunka animalia hil dira itota. Gutxi batzuek lortu dute bizirik ateratzea, animalien aldeko ekintzaileek egindako lanari esker, neurri h...

Iritzia: Bi guardia zibil ezagutu ditut

Saioa Alkaiza

Bi guardia zibil ezagutu ditut, hala esan didatenak bai behintzat. Bat, Blablacar-en egin nuen bidaia batean: Bilbora joateko bere autoan hartu ninduen Iruñean. Garesen bizi zela kontatu zidan, lanarengatik zegoela iparraldean, eta herrira bueltatzea gustatuko litzaiokeela. Ez zuen deus esan bere lanari buruz. Guardia zibila zela pentsatu nuen, dena dela, ordu laurdeneko solasalditxo baten ostean, eta zer egin nezakeen pentsatzen hasi nintzen: gelditzeko eskatu eta lehen herrian jaitsi edo isilik geratu, Bilboraino joan, eta aparkatu bezain azkar martxa egin. Isilik eman nuen bidaia, eta Bilbora sartzen ari ginela galdera egin nion. Guardia zibila zara? Bai. Beldurtu egin nintzen.

Almerian oporretan nintzela ezagutu nuen bigarrena. Ezagun baten etxean geunden Euskal Herritik joandako bi lagun, eta hor zeuden haren lagunak eta lagunen lagunak eta oso ongi ezberdintzeko gai ez nintzen jende amalgama bat. Hamar bat izanen ginen. Lanari buruz solasean hasi zen haietako bat, kexaka, zeregin asko zeuzkala, eta baldintza txarrak, gutxi ordainduta zegoela, gogorra zela, baina, bueno, bazela zerbait. Zertan lan egiten duzu ba? Guardia zibila naiz. Ni eta beste euskalduna harrituta geratu ginen, eta, gero, etxera bueltatzeko gogoa piztu zitzaigun. Pentsatu nuen zer eginen zukeen hor topo egin beharrean errepideko kontrol batean gurekin topo eginez gero, bi euskaldunekin.

Guardia Zibilak torturatu duela frogatu dute epaitegiek; Guardia Zibilak itxi zituen Egin eta Egunkaria; Guardia Zibilak sarekadatan eraman ditu herritarrak, asko epaiketaren ostean aske geratzeko, hori bai, kartzelan denboralditxoa pasa eta gero; Guardia Zibila da herri batzuetan egunean hiru kontrol jartzen dituena eta bertakoak isunez zigortzen dituena; toki askotan izenez deitzen dituena herritarrak, nor diren badakiela argi gera bedi; euskaraz ez hitz egiteko agintzen dizuna; arma eskutan edozein gauza galde diezazukeena...

Delitu dirudi, ordea, indar armatu baten presentzia eta legitimitatea ikusi ez eta alde egin dezaten nahi izatea, ikusi besterik ez dago Altsasuko gazteen kasuan Alde hemendik aldarriari buruz esandakoak: Guardia Zibilaren txostenen batean, zuzenean ETArekin loturiko leloa dela diote, gezur hutsa den baieztapena, 1958an jaio baitzen ideia eta Euskadiko Ezkerra izan zen, 1978an, Alde Hemendik kanpaina bataiatu zuena —Iñaki Egaña historialariak bikainki azaldu du Gara-n—. Zergatik ez da zilegi, orduan, zuzenean galdetzea ea militarizaturiko herri batean bizi nahi dugun?

Guardia zibilekin aurrez aurre egotea suertatu izan zaidanean, izuak hartu nau, aski ongi baitakit non bizi garen. Argi baitut inoiz ostaturen batean liskar bat haietako batekin izanez gero Auzitegi Nazionalean buka nezakeela aldez aurretik diseinatutako epaiketa batean. Eta, orduan, galdetuko lidakete ea inoiz arazorik izan ote dudan Guardia Zibilarekin, eta, ezetz erantzunda ere, artikulu hau nahikoa litzateke terroristatzat hartzeko.

Iraultza karrikan zegoen

Iraultza karrikan zegoen

Edurne Elizondo

Gaizkiletzat. Halakotzat hartzen zituen homosexualak Alferren eta Gaizkileen Legeak. Hitzaren erabilera horri buelta eman nahi izan dio Patricia Arangurenek Maleantes. Genealogía de la lucha LGTB en Navarra (Gaizkileak. Nafarroako LGTB borrokaren genealogia) izenburuko proiektuan. Memoria historikoa lantzeko ekinaldi bat da; 1980ko eta 1990eko hamarkadetan LGTB kolektiboak Nafarroako karriketara eraman zituen leloak eta aldarrikapenak gogora ekarri nahi ditu, eta orduko lan egiteko moduak aztertu. Egindako bidean atzera begiratu nahi izan du Arangurenek, orain arteko urratsek protagonista izandakoen ekarpena mahai gainean jartzeko.

"Aspaldi nuen LGTB kolektiboaren borrokaren historian murgiltzeko asmoa, eta, azkenean, ikasketek eman didate aukera". Iruindarra da Aranguren (1994), baina Madrilen da orain, transmedia dokumentaleko masterra egiten. Ikasgai baterako lan gisa web dokumental bat egin behar izan zuen, eta LGTB borrokaren gaia jorratzeko baliatu zuen. "Proiektua handituz joan da, halere; nire kabuz jarraitu dut lanean".

Nafarroako E28 plataformako kide da Patricia Aranguren; LGTB mugimenduko militante, alegia. "Nafarroa osoko jendea bada plataforman, eta belaunaldi ezberdinetakoak". Kolektiboan aspalditik direnen ahotik entzundako kontuek piztu zioten Arangureni bere proiektua mamitzeko gogoa, hain zuzen ere. "Kontatzen zutenak ez zuen zer ikustekorik jende anitzek mugimenduari buruz uste duenarekin, eta horrek harritu ninduen". Arangurenek uste du anitzentzat jai giroko mugimendu bat dela, batez ere, LGTB kolektiboarena. "Postmodernotzat eta berekoitzat hartzen da, neurri handi batean".

Irudi horrek errealitatea urrun duela argi du Arangurenek: "1980ko eta 1990eko hamarkadetako borroka hagitz politikoa zen, hagitz soziala, eta transbertsala; LGTB kolektiboak harreman handia zuen bertze hamaika mugimendurekin, intsumisioaren edo okupazioaren aldekoekin, bai eta feminismoarekin ere. Kolektiboa hagitz subertsiboa zen, iraultzailea", nabarmendu du Arangurenek.

Maleantes proiektuaren egileak erantsi du izaera politiko eta iraultzaile hori ez duela galdu egungo mugimenduak. "Ni kolektiboko militantea naiz, eta nik ezagutzen dudan mugimendua, argi eta garbi, mugimendu autonomo, antikapitalista, feminista eta antifaxista da; karrika dugu lan esparru, eta ez dugu klase ikuspegia galdu".

"1980ko eta 1990eko hamarkadetan karrikan ziren nerabeek kolektiboan jarraitzen dute, finean", gaineratu du. Arangurenek onartu du, halere, existitzen dela erakundeetatik gertuago dagoen bertze mugimendu bat. "LGTB kolektiboko jendea arlo publikora eta politikora ailegatzen hasten den unetik gertatzen da hori". Hedabide nagusiek "politikaz hustutako" erreferenteak zabaltzen dituztela uste du Arangurenek, baina errealitatea bertzelakoa dela berretsi du.

Ordenatu eta digitalizatu

Patricia Arangurenek webgune baten bidez eman dio forma LGTB borrokaren memoria lantzeko proiektuari(https://maleantes. atavist.com/maleantes). Kolektiboan aritu zirenen eta ari direnen laguntzarekin, azken hamarkadetako materiala jaso du, nahi duenaren esku jartzeko. "Material anitz dago; fanzineak, kartelak, prentsa oharrak eta egunkarietan argitaratutako artikuluak, bai eta zintetan gordetako irrati saioak ere. Digitalizatu eta ordenatu gabe dago material hori, ordea". Arangurenen asmoa hori da, hain zuzen ere: materiala digitalizatzea eta gordetzea, landu eta kontsultatu nahi duenak egin ahal izateko.

Arangurenek Elizaren aurka egindako kanpainen inguruan dauden materialak nabarmendu ditu, bertzeak bertze. "Nafarroan Opus Deiren eragina handia da, eta sumatzen da. Ondorioz, kolektiboak egindako kanpaina anitzek izan zuten Eliza jomugan". Performanceak egin zituzten, adibidez, Opus Deiren unibertsitateko campusean. Eta apostasiaren inguruan egindako kanpaina ere gogoratu du Arangurenek. "Sekulakoa izan zen. Nafarroan apostasia egitea lortu zuten, eta estatu osoko jendea erakarri zuten, ondorioz, horretara". Hiesaren prebentziorako egindako lana ere nabarmendu nahi izan du Maleantes proiektuaren egileak. "Kanpaina handiak egin zituzten, erakunde publikoak betetzen ari ez ziren esparruetara ailegatzeko".

Nafarroako LGTB kolektiboaren jarduerak, noski, Iruñean izan zuen indar gehien. Herrietan egindako lanari ere egin dio so Arangurenek, halere. Nafarroako homosexualentzako lehendabiziko taberna, adibidez, Erriberrin zabaldu zutela gogoratu du, eta Tuteran egin zutela, ustez, Euskal Herriko Ekainaren 28ko lehendabiziko manifestazioa. "Estatuan Bartzelonakoa izan zen aurrenekoa, 1978an; hurrengo urtean edo handik bi urtera egin omen zuten Tuterakoa. 1970eko hamarkadaren amaieran talde feminista indartsu bat sortu zuten han; kide gehienak lesbianak ziren".

Garai horretako errepresioa aipatu nahi izan du Arangurenek, hain zuzen ere: 1970eko hamarkadaren amaieran eta ondorengo urteetan LGTB kolektiboko kideek sufritu zuten errepresioa. "Guri bertzelako kontakizun bat ailegatu zaigu; trantsizioaren kultura kontatu digute, baina errealitatea da, 1978tik aurrera, aurretik Alferren eta Gaizkileen Legea erabiltzen zuten polizia beren jazarpena jasan zuela mugimenduak".

LGTB kolektiboak urrats anitz egin ditu Nafarroan. Harrotu eta Kattalingune zerbitzuak martxan daude, adibidez, eta indarrean lege berri bat. Karrika, hala ere, borroka esparru da oraindik ere. Borrokarako eta iraultzarako toki.

Ahaztutako andreengatik

Ahaztutako andreengatik

Kattalin Barber

Maravillas Lambertok hil aurretik egin zuen bide bera eginen dute bihar Larragan. Frankistek tiroa jo eta bortxatu baino lehen egin zuen Lambertok bide hori, 14 urte zituela. Aitarekin egin zuen. Itzulerarik gabeko bidea izan zen bientzat. 1936ko abuztuaren 15ean, aita eta alaba guardia zibilekin atera ziren Larragako etxetik, eta ez ziren inoiz itzuli. "Maravillas bortxatu zuten, eta gero biak hil zituzten", azaldu du Jesus Nietok, Maravillas Lamberto elkarteko kideak.

Elkarte horrek ekitaldi berezia prestatu du biharko, Larragan, herriko 47 fusilatuak gogoratzeko, tartean Maravillas Lamberto eta haren aita, Vicente Lamberto. Era berean, frankistek kaskamoztu eta umiliatu zituzten herriko emakume guztiak izanen dituzte gogoan, aurreneko aldiz.

Larragan bizi da Jesus Nieto. "Emakume askori, ilea moztu, eta errizino olioa ematen zieten, ondoren herriko kaleetan zehar publikoki iraintzeko asmoarekin", gogorarazi du. Frankismoak orbain sakona utzi die Larragako bizilagunei, eta emakumeen istorio anitz isilpean gorde dituzte urtez urte. "Maravillas gogoratuko dugu, baina, harekin batera, herriko emakume guztiak izan nahi ditugu gogoan, Maravillasena ez zelako kasu bakarra izan".

Memoriaren ikur

Oroimen historikoaren eta frankismoaren aurkako ikur bilakatu da Lamberto: "Istorio oso lazgarria da harena, baina sistematikoa izan zen: gizonak fusilatu eta emakumeak umiliatu, bortxatu... egiten zituzten". Zama handiarekin bizi ziren emakumeak, gerrarekin ez zelako errepresioa amaitu. "Berandu dator omenaldia, baina herriko emakume guztiak babestu nahi ditugu, haien ahalegina eta urte latzenetan egindako lana aitortu".

Bihar egingo den ekitaldian parte hartuko dute, besteak beste, Paz de Ziganda helduen abesbatzak, Fermin Balentziak eta Gorka Urbizuk, Maravillas abestia kantatzeko. Larragan 2012an Memoriaren parkea egin zuten, 36ko gerran egindako sarraskiak eta ondorengo zapalkuntza oroitzeko. Urtero, bertan egin ohi dute omenaldia, baina aurten herriko plazan izanen da ekitaldi nagusia. "Eragile askok egin dute bat omenaldiarekin, eta leku handiagoa behar dugu: Lizarrako bertsolariak etorriko dira, Iruñeko Maravillas gaztetxeko kideak, Larragako dantza taldea... Espero gabe, handia egin da ekitaldia".

Bihar 11:00etan da lehendabiziko hitzordua, Memoriaren parkean. Bertatik kalejira eginen dute Maravillas Lambertoren etxeraino. Hortik, udaletxerako bidea hartuko dute, eta Foruen plazan izanen da ekitaldi nagusia, 12:00etan.

Urtero egiten diete omenaldia 36ko fusilatuei; ez, ordea, bizirik iraun zuten emakumeei. Nietok esan du badela garaia: "Memorian izan ditugu beti, baina inoiz ez dugu ezer publiko egin. Maravillasen kasua ezaguna da, baina beste hamaika sexu eraso egon ziren herrian". Herriko emakumeak kaskamotz utzi zituzten, egunero umiliatu, eta kolpeka ikasi behar izan zuten bizirik irauten. "Isilik egon dira emakumeak urte askoz, beldurra zutelako".

Orain dela urte asko hasi zen Nieto memoria historikoaren arloan lanean, eta erasoak salatu zituzten bi emakume baino ez ditu ezagutu. "Allon eta Fiteron gertatutako bi kasu baino ez ditut ezagutzen; bi emakumek publikoki salatu zuten faxistek bortxatu zituztela". Nietori osaba hil zioten 1936ko gerran: "Egun batetik bestera dena aldatu zen: fusilatu aurreko egunean lagunekin zebilen osaba, eta hurrengo egunean haietako batek eman zion tiroa. Horrela izan zen sarraskia".

Ezkutuko istorioak

Ezkutuan gelditutako istorioak agerian utzi nahi dituzte Larragan. Nietok autokritika egin du: "Beti izan ditugu buruan fusilatuak, eta gutxi oroitu gara herrian geratu ziren emakumeekin. Jada ez daude gurekin, baina memorian egotea garrantzitsua da". Ahaztutako eta ezabatutako emakumeak dira: "Zer gertatu zen herrian gelditu zirenekin? Lanik gabe gelditu ziren emakume asko, seme-alabak eta familia aurrera eramaten, eta egunero umiliatzen zituzten". Bortxaketak, erasoak, ilea moztea edota arropa urratzea bezalako jazarpenak jasan zituzten emakumeek. "Jendaurrean lotsarazi nahi zituzten, eta lortu zuten". Nietok badaki, andrazkoen presentziari dagokionez, hutsune handia dagoela historian, baina uste du gauzak aldatzen hasi direla, eta horren adibide da ere bihar Larragan eginen dieten omenaldia. "Emakumeak, 1936ko gerran eta ondorengo urteetan, ama, alaba eta emazte baino gehiago izan zirelako".

"Maravillas bezalako beste hamaika emakume daude, baina bizirik jarraitu zutenek ez zuten haien istorioa kontatu, beldurragatik batik bat". Memoria lantzeko beharra aipatu du Nietok, eta belaunaldi berriek lekukoa hartu behar dutela esan du.

Badaki biharko eguna berezia izanen dela, eta argi du gogoratu egin behar dela urte beltz horietan herrian jazotakoa. Larragako oroimen historikoa berreskuratzen ari dira, Nietoren esanetan, oroimen historikoak zor handia baitu emakumeekin.

Falta zen begirada

Falta zen begirada

Edurne Elizondo
Auguste Rodinen ikaslea; haren bikotekidea; buruko gaitza zuen emakumea. Anitz idatzi da Camille Claudeli buruz, baina gutxitan nabarmendu da lehen mailako eskultorea izan zela; gutxitan erran da sen bizi eta bereziko artista izan zela;...

Iritzia: Duintasun eredu

Lur Albizu Etxetxipia

Ez dakit zenbat aldiz idatziko nuen hemen dagoeneko Altsasuren inguruan. Ez da gutxiagorako ere. Oroitzen naiz nola izan zen dena hain surrealista 2016ko urriaren 15 hartaz geroztik. Gogoratzen naiz lehen aste haietako urduritasunaz, zer gertatuko zen ez jakiteak eragiten zigunaz. Baina uste dut oso jende gutxik imajinatzen zuela zer gerta zitekeen, eta inork ez zuela pentsatuko gertatu den guztia gertatuko zenik. Batzuetan errealitateak fikzioa gainditzen duen bezala, oraingoan ere espainiar estatuak beste jauzi bat eman du.

Hainbat astez zer gertatuko zen jakin gabe geundela atxilotu zintuzteten eta amesgaiztoa handitu besterik ez zen egin handik aurrera: Audientzia Nazionalean epaitzeko erabakia; defentsa proben ukazioa; Jokin, Oihan eta Adur kartzelan mantentzea; zer gertatuko ote den egunez egun ez jakitea; dispertsioa eta urruntzea; Lamela epailea; Espejel epailea, guardia zibilak saritua eta guardia zibil baten emaztea; hilabeteetan zehar egon den epaiketa mediatikoa; muntaia polizial eta politiko guztia; beldurra erraietaraino. Gogoratzen ez ditudan beste hamaika kontu.

Baina ez dakizue nola mugitu den herri hau. Aste eta hilabete luze hauetan Altsasuk lezio bat eman dio Euskal Herriko herri bakoitzari. Jarraitu dute Altsasun ekimenak egiten; bertako eragileek haien lana eskaini eta eman dute; eman diote itzulia Nafarroari, eta nola eman ere; egin dituzte elkarrizketak, komunikatu dituzte mila kontu; erakusketa egin eta toki batetik bestera garraiatu dute; hitz egin dute lagun eta ez hain lagunekin; saldu dituzte kamiseta, poltsa, bandera tonak; egin diote aurre beldurrari, lanaren bidez; sortu dituzte abestiak; barre egin dute, negar, desesperatu dira, jarraitu dute aurrera, erori dira eta behin eta berriz altxatu egin dira berriz ere. Egia esan, infinituraino luza zitekeen zerrenda amaigabea. Zuengatik eta Altsasurengatik. Tinko eta zorrotz, duin.

Epaiketa Auzitegi Nazionalean izanen zela jakin genuenean edo konfirmatu zenean, bagenekien aurreko manifestazioa, egotekotan, izanen zela. Ez zegoen beste aukerarik. Baina pasa den larunbateko manifestazioak lezio asko eman ditu. Aurten, Iruñera udaberria apirilaren 14an heldu zen, eta ez bakarrik eguzkia atera zelako. Aurreko egunetik bertatik ikusten zen egun handi baten bezperan geundela. Ez da gutxiagorako, 50.000 pertsona batzea orain arte ez du beste inork lortu. Garrasia Navalcarnero, Aranjuez eta Estremeran entzuteko modukoa izan zen. Ez dira bederatzi pertsona epaitzen ari; herri oso bat eta gazteria epaitzen ari dira.

Jende uholdeak ez zuen besterik adierazten: bihotz eta buru asko (imajina dezakeguna baino gehiago, beharbada) mugitu dituela Altsasuk. Astindu dituela kontzientziak eta ozen oihukatu duela hemen herri duin bat dagoela, eta ez dagoela prest txikitua izateko, gazteak defendatuko dituela. Zutik jarraituko duela, duintasuna ezin dela lapurtu eta askatasuna lortu arte ez duela etsiko.

Gertu sentitzen dute artista

Gertu sentitzen dute artista

Edurne Elizondo

Irrintzi bat. Haur baten irrintzi alaia entzun da Jorge Oteiza Fundazio Museoko giro isilean. Erakusketa iraunkorreko piezei so jarraitu dute bisitariek, halere; lanean, berriz, Asier Mendizabal artistarekin Suediatik etorri diren Arte Ederretako 26 ikasleek. Orain bulego bilakatutako artistaren etxeko sukaldean, berriz, Gregorio Diaz de Ereño museoko zuzendaria ari da beharrean. Altzuzan ohiko gauza da tailerretan parte hartzen duten haurren, artisten eta obren artean sortzen den giroa, baina egunotakoak badu zerbait berezia, halere: asteon bete baita Jorge Oteizaren heriotzaren hamabosgarren urteurrena.

Data gogoratzeko, museoak doan zabaldu ditu asteburuan ateak, eta herritarrek baliatu dute bisita egiteko aukera. 2003. urteko maiatzean inauguratu zuten. Oteiza hilabete lehenago hil zen, urte hartako apirilaren 9an, hain zuzen. Haren azken proiektua izan zen Francisco Javier Saenz de Oiza arkitekto eta lagun minarekin pentsatutako eta sortutako eraikina. "Bien testamentua da museoa", erran du Diaz de Ere-ñok. Inauguratu baino hiru urte lehenago zendu zen Saenz de Oiza, 2000. urteko udan. Haren semeek burutu zuten Altzuzako proiektua.

Herriko elizaren ondoko hilerrian dago lurperatua Jorge Oteiza, Itziar Carreño emaztearen ondoan. Besoak elkarri lotuak dituzten gurutzeek markatzen dute bi hobien tokia. Buenos Airesen (Argentina) ezagutu zuten elkar, eta han ezkondu ziren, 1938. urtean. Duela 80 urte, alegia.

Artistaren presentzia "garrantzitsua eta nabarmena" dela erantsi du zuzendariak. "Gertu sentitzen dugu; Oteizak nahiko lukeen museoa egitea dugu helburu. Gure lanarekin kontent izanen zela pentsatu nahi dut. Maitasunez eta profesionaltasunez egiten dugu".

Bisitan ikusi eta ezagutu duenarekin "kontent" gelditu da Susana Ilundain, behintzat; lehendabiziko aldiz egon da Altzuzan. "Eraikina ikusgarria da, benetan. Ez nuen ezagutzen, eta izugarri gustatu zait. Amarekin etorri naiz, Oteiza hobeki ezagutzera". Ilundain Uhartekoa da, eta Esperanza Erize amarekin ibili da museoan gora eta behera, aurrenekoz. Jakin-mina piztu dio ikusi duen guztiak. Amak lehendik ezagunak zituen museoko txokoak, behin baino gehiagotan egona baita. Itzultzeko gogoa ez du galdu. "Maite dut artea, oro har". 94 urte ditu.

"Proiektu sendoa"

"Oteizak Nafarroako herriari utzi zion bere ondarea; herriari, alegia. Museoaren betebeharra da haren obraren eta pentsamenduaren berri zabaltzea", gogoratu du Diaz de Ereñok. Museoak duen hirugarren zuzendaria da. Alberto Rosales izan zen lehendabizikoa. Bide motza egin zuen, halere, eta haren lekukoa Pedro Manterolak hartu zuen, berehala. "Manterola zuzendari bikaina izan zen", nabarmendu du Diaz de Ereñok.

Egungo zuzendariak 2008an hartu zuen karguaren ardura. Hamarkada bat egin du jada Altzuzan. "Museoa errotua dago; hagitz proiektu sendoa da, eta erreferentziazkoa, gainera, nafarrentzat". Iaz, ia 24.500 bisitari izan zituen.

Jorge Oteiza Fundazio Museoa hartzen duen eraikina ere ikur bilakatu da, neurri handi batean. Nabarmena da haren presentzia Altzuzako mendi magalean. Inauguratu zutenetik jada hamabost urte joan direla ederki islatzen dute haren paretek, halere, garai bateko kolore gorria galdu baitute.

Arkitektoak intentzio zehatz batekin aukeratu zuen kolore hori: Corten altzairua ekarri nahi zuen gogora, batetik; bertzetik, Oteizarekin Arantzazuko proiektuan lanean emandako denbora. Museoko paretetara eraman nahi izan zuen galdategiko suaren gorri bizia. "Pena da eraikinak kolorea galdu izana, baina zaila da klimaren eraginari ihes egitea; ari gara zer egin dezakegun aztertzen, halere", erran du zuzendariak. Gogoratu du datorren urtean beteko direla 50 urte Arantzazuko proiektua amaitu zutenetik. "1969an bukatu zuen Oteizak bere Pietatea".

Oteizaren espiritualtasuna

Altzuzan denak badu Oteizaren obrarekin eta pentsamenduarekin lotutako esanahia. Diaz de Ereñok artistaren espiritualtasuna nabarmendu du, eta ezaugarri hori ederki islatzen duela Saenz de Oizak egindako museoak. "Espiritualtasuna sumatzen da Oteizaren obra guztian; bere kutxen bidez, adibidez, nolabaiteko babes guneak sortu zituen; eraikinak ere horixe islatzen du, bere argi zuloen bidez, bertzeak bertze. Kanpotik sartzen den argiaren arabera aldatuz doa museo barruko giroa. Elizetako beirateak ekartzen dituzte gogora". Museoaren barruko espazioak ere babes gune bat izan nahi du.

"Denak sortzen zion jakin-mina; dena aztertu nahi zuen, dena ezagutu. Artista bikaina izan zen, XX. mendeko onenetakoa. Jenioa". Oteizari buruz hitz egiten duenean erraz sumatzen zaio Diaz de Ereñori artistaren lanak eta pentsamenduak eragiten dioten zirrara. Eta zirrara hori bera eragin nahi dute museoko langileek bisitariengan, hain zuzen.

Oteizaren heriotzaren urteurrena gogoratzeko egunak aprobetxatu dituzte Iñaki Mujikak eta Elena Belokik museoa ezagutzeko. Usurbilgoak (Gipuzkoa) dira biak. Oriokoa zuen aita Mujikak. "Oteiza ere hangoa zen, eta banuen gogoa etortzeko". Lehenengoz etorri dira, eta hunkitu ditu ikusi eta ezagutu dutenak.

Gema Tiraplegi Aurizkoa da, eta aurrenekoz egin du bisita hark ere. Harritu du Oteizaren lanak hartzen dituen eraikinak. "Ez naiz aditua arkitekturan, baina ez dakit museoak herriarekin zer ikustekorik duen". Are harrituago gelditu da, halere, museoan dauden obren kopuruarekin. "1.800 dituztela irakurri dut". Gogoz hasi du museo barruko ibilbidea.

"Denentzako museoa izan nahi dugu", erran du zuzendariak. Museo ireki eta bizia egin nahi dutela, alegia. Eta, batez ere, Oteizaren bidearekin bat eginen duena. Artistarekin bat egiteko asmo horrek sortutakoa da, hain zuzen ere, Jorge Oteiza Fundazio Museoak haurrekin egiten duen lana. "Oteizaren asmoa zen haurrek artearen bidez ikastea, gizartea eraldatuko zuten pertsonak izan zitezen".

Espetxean direnekin, migratzaileekin, ezintasunen bat dutenekin ere egiten dituzte programa bereziak. "Gizarte osoarekin partekatu nahi dugu Oteizak utzitako ondarea". Asmo horrekin lotuta, hain zuzen ere, museoko biltegiak eta dokumentazio zentroa ezagutzeko bisitak ere antolatzen dituzte Altzuzan, tarteka.

Museoan ikusgai diren piezei so jarraitu dute bisitariek. Tailerra egiten, berriz, Altzuzan diren haurrek. Beheko solairuan, Asier Mendizabalek jarri du behin-behineko erakusketa, eta Stockholmeko Unibertsitatean ikasle dituen gazteekin ari da lanean. Oteizaren eta bertze hainbat euskal artistaren obra lantzera etorri dira. Altzuzan badute zer ikasi.

Artxiboetatik argitaletxera

Artxiboetatik argitaletxera

Edurne Elizondo

Agiririk inportanteena da Iruñeko historian". Horixe erran du Sancho el Fuerte argitaletxeko arduradun Isabel Perez Radak faksimile bilakatu berri duten hiriko Batasunaren Pribilegioaren testuari buruz. 1423. urteko irailaren 8koa da agiria, Karlos III.a Prestuak hiriari emana. Agiri horren bidez bat egin zuten egungo Iruñea osatzen zuten burguek.

"Iruindarren esku jarri nahi dugu hiriarentzat funtsezkoa den agiri hau", erantsi du Perez Radak. Ehun ale kaleratu dituzte. Agiriaren faksimilea argitaratu dute, batetik: ia bi metro eta erdi luze da. Bertzetik, Concepcion Martinez Pasamar filologoak Batasunaren Pribilegioari buruz egindako lana plazaratu du Sancho el Fuerte etxeak. Agiria aztertu eta transkribatu egin du; jatorrizkoa Nafarroako erromantzez idatzita dago. Bertsio "modernoagoa" egin du Nafarroako Unibertsitateko irakasleak, "ulergarriagoa" izan dadin.

Iruñeko Batasunaren Pribilegioaren jatorrizko lau agiri existitzen dira; hain zuzen, Nafarroako Artxibo Nagusian gordetzen dutena erabili du Sancho el Fuerte argitaletxeak faksimilea egiteko. Bertze bi badira Iruñeko Udal Artxiboan, eta laugarrena, berriz, Iruñeko Katedraleko Artxiboan dago.

"Agiri hagitz ezaguna da", nabarmendu du Nafarroako Artxibo Nagusiko zuzendari Felix Segurak. Iruindarrek urtero ospatzen dute irailaren 8a, hain zuzen ere. Egun horretan, Iruñeko udalbatzak desfilea egiten ohi du garai batean hiria osatzen zuten burguetan barrena, eta katedralean, berriz, lore eskaintza egiten du, Karlos III.a Prestuaren hilobiaren aurrean.

Agiriaren xehetasunak, hala ere, iruindar gehienentzat "ezezagunak" dira, Felix Seguraren ustez. "Horregatik, garrantzitsua da orain gure esku dugun testu berri hau; agiri horrek hiriari ekarri ziona hobeki ulertu ahal izateko baliagarria izanen zaigu", erran du.

Agiriaren izenak ongi azaltzen du zer eman zion hiriari batez ere: batasuna. Izan ere, ordura arte egungo Iruñea osatzen zuten burguek udaletxe, alkate eta justizia propioak zituzten. Nabarreriakoa zen bat, eta San Nikolas eta San Zernin bertze biak. Erakunde propioak ez ezik, bereizten zituzten harresiak ere bazituzten burguek.

"XII. mende amaieran hasi zen hiri batuaren ideia sendotzen; halere, Iruñea ez zen bat izan Karlos III.ak Batasunaren Pribilegioa eman arte; Iruñea hiru izan ziren", azaldu du Nafar Ateneoko kide Ricardo Pitak. 1423ko Batasunaren Pribilegioa sinatu aurretik ere izan ziren burguak batzeko bertze hainbat saio, baina hutsean gelditu, eta ez zuten aurrera egin.

Transkripzioa eta mapak

"Batasunaren Pribilegioarekin, ordura arteko tirabirak bazter gelditu ziren; agiri horrek ekarri zuen hiri bakarra, udal bakarra", berretsi du Perez Radak.

Argitaletxeak testuaren inguruko informazioa eman nahi izan dio irakurleari plazaratu berri duen argitalpenaren bitartez. Horretarako, Concepcion Martinez Pasamarrek egindako ikerketarekin eta transkripzioarekin batera, Juan Jose Martinena historialariak egindako mapak jaso ditu faksimilea laguntzen duen liburuan. Burguen inguruko bere lanak oinarri hartuta, "ekarpen grafikoa" egin du Martinenak, hain zuzen ere.

Halere, Martinez Pasamarrek egindako ikerketa da informazio iturri nagusia Iruñeko Batasunaren Pribilegioari buruzko lan berrian, argitaletxeko arduradunek nabarmendu dutenez. Irakasleak aspalditik ezagutzen du agiria. Filologian doktorea da, eta tesia egiteko hartu zuen Karlos III.a Prestuak emandako agiria bere lanaren ardatz.

Filologiaren arlotik ekin zion lanari orduan; orain, "ekarpen zabalagoa" egin du. "Niretzat plazera izan da berriz ere agiri hau lantzeko aukera izatea", nabarmendu du. Iruñeko Udal Artxiboan gordetako bi agirietako bat hartu du bere oraingo lanaren oinarri, bertzeak baino modu "solemneago" batean idatzita dagoelako. "Bertzeetan baino laburdura gutxiago daude", doktoreak zehaztu duenez.

Irakaslearen zeregina izan da XV. mendeko agiri bat XXI. mendera hurbiltzea, orduko testua egungo irakurleentzat "ulergarriago" bilakatzeko. "Biziki interesgarria izan da orduko hizkera egungo gizartera ekartzea; 1995ean bukatu nuen nire tesia, eta orduan egindako lanaren zati bat baliatu dut orain ere", azaldu du irakasleak. Gaineratu du testuaren bertsio "modernoago" bat egin duela, baina agiriaren garaiko moldeak bazter utzi gabe. "Orduko espirituari eutsi nahi izan diot", erran du Martinez Pasamarrek.

Irakaslearen lana "biziki" eskertu du Perez Rada argitaletxeko arduradunak; parte hartu duten gainerako adituena ere bai. Argi utzi du "aspaldiko ametsa" bete dutela Batasunaren Pribilegioaren agiria faksimile bilakatuta. "Urtero ospatzen dute iruindarrek Batasunaren Pribilegioa; orain, testua hobeki ezagutzeko aukera izanen dute; duen balioa eman nahi diogu", berretsi du Sancho el Fuerte argitaletxeko arduradunak.

Batasunari buruzko agiria zabaltzeko ahalegin hori eskertu du Nafarroako Artxibo Nagusiko zuzendariak, hain zuzen ere. Hark ere parte hartu du oraingo argitalpenean, eta hitzaurrea idatzi dio Martinez Pasamarrek egindako lanari.