Nafarroa

Ikusi nahi ez den mendekotasuna

Ikusi nahi ez den mendekotasuna

Edurne Elizondo
Nafarroako Gobernuak joko mendekotasunaren auzia jarri du mahai gainean, nabarmendu baitu orain hiru urte halako bi direla gaur egun mendekotasun hori dutelako Osasunbidean artatu dituztenak. Iaz, zehazki, 69 pertsonak jo zuten osasun e...

Ozeanoaz bestaldeko etxea

Ozeanoaz bestaldeko etxea

Iker Tubia
Ozeano Atlantikoa zeharkatuta ere, han bada euskararik, bada euskal kulturarik. Urteak dira euskaldunek maleta hartu eta Amerikara emigratu zutela; tartean, nafar anitz. Horietako batzuek Argentina izan zuten aterpe, eta han eraiki zuten etx...

Sormenari bidea eman

Sormenari bidea eman

Edurne Elizondo

Artea ez da gauza polit bat egitea; artea transmititzea da, sentitzea", erran du Uxue Lasak. Bat egin du Anne Aramendiak, eta lagunak mahai gainean jarritako ideia sakontzen jarraitu du: "Denok dugu artista bat gure baitan, gure barruan; ateratzea da kontua". "Horixe, barruan dugun artista atera behar dugu, landu, eta garatu", erantsi du Lasak. Iruñerriko Artisten Mugimenduak zeregin horren ardura hartu du bere esku; artea landu eta garatu nahi dute kideek; arteari buruzko gogoeta piztu, eta duen balioa aitortu. Iruñerriko hainbat institututako ikasleek jarri zuten martxan elkartea, aurreko ikasturtean, baina zabaltzen jarraitu nahi du. Horretan ari dira Lasa eta Aramendia, bertze hamaika ikasle artistarekin batera.

Artea bizi dutela sumatzen zaie Aramendiari eta Lasari; Iruñerriko Artisten Mugimenduan lagun dituzte Xabi Gomez eta Naroa Osanbela. 18 urte dituzte laurek, eta agerikoa da artearekiko duten grina. Pasioa. Herritarrekin partekatu nahi dute artea ulertzeko duten modua, eta bide horretan urratsak egiten hasi dira jada. Elkartea, berez, LOMCE legeak batxilergo artistikoan eragin nahi zituen aldaketen aurka sortu zuten, baina harago joateko asmoa agertu du.

"Batxilergo artistikoa duten lau zentrook egin genuen bat: Iturramak, Alaitzek, Gurutzeko plazakoak eta Arte Eskolak; LOMCEk ezarri nahi zituen aldaketen aurka hasi ginen lanean, baina laster konturatu ginen arteak gizarte osoari eragiten diola", azaldu du Lasak; horregatik, arteari buruzko beren hausnarketak zabaltzeko urratsak egiten hasi ziren, arteak aldaketarako duen gaitasuna nabarmentzeko asmoz. Proiektua gelako esparrutik karrikara eraman zuten, finean. Eta bide horretan urratsak egiten jarraitu nahi dute.

"Arteak herritar kritikoak sortzeko duen ahalmena baliatu nahi dugu", erantsi du Aramendiak. Bat egin du Gomezek ere: "Aldaketarako tresna da artea". Mugimenduko kideek argi dute zer-nolako balioak izan beharko lituzkeen gizartean eragin nahi duten aldaketa horrek, eta balio horiek hartu dituzte, aldi berean, beren lanaren ardatz: "Mugimendu askotarikoa gara, baina oinarri hartu ditugu berdintasuna, errespetua, feminismoa...", azaldu dute kideek.

Karrikan eragin

Oinarri horiek abiapuntutzat hartuta, artea karrikara eramateko hainbat jarduera antolatu dituzte Iruñerriko Artisten Mugimenduko kideek, azken hilabeteotan. Arrotxapeko gaztetxeko kideekin elkarlanean aritu dira, adibidez, eta Ikasle Abertzaleekin batera ere, bertze eskola eredu bat garatzeko jardunaldietan aritu dira. "Oso esperientzia polita izan zen", gogoratu du Lasak. Hitz bakarra proposatu zieten parte hartzaileei, nahi zuten moduan azaltzeko. "Errepresioa zen hitza; paper bat eta margoak eman genizkien. Talde batek, adibidez, papera tolestu, eta lurrera bota zuen".

Herritarrak artista bilakatu nahi dituzte beren jardueren bidez; mugimenduko kideek beren artista izaera aldarrikatzen dute, halaber, karrikan. "Atera izan gara abestera, dantzatzera, mugitzera; jendearen erantzuna ezin hobea izan da, oso giro polita sortu dugu kalera atera izan garenean", nabarmendu du Aramendiak.

Halako ekitaldien bidez artea eta askatasuna lotzeko asmoa ere badute Iruñerriko Artisten Mugimenduko kideek. Eskolak, neurri batean, askatasun hori murrizten duela salatu dute, eta artea askatasunaren bidetik garatzeko aukera defendatu dute. Egungo sistemak, oro har, kontrakoa bultzatzen duela uste du Naroa Osanbelak. "Txikia zarenean, klip bat hartu eta gai zara harekin espaziontzi bat egiteko ere; gero, paperak lotzeko baino ez digu balio. Gure artista barrura sartzen dugu, ez diogu ateratzen uzten, eta irudimena galtzen dugu".

Hori da Iruñerriko Artisten Mugimenduko kideek galdu nahi ez dutena: irudimena. Artea askatasunaren bidetik garatzen jarraitu nahi dute, herritarrengan gizartea aldatzeko grina bultzatzeko asmoz. Kritiko izan nahi dute. Artista.

Formakuntzari ez diote uko egin nahi, eta, hasteko, ezkutuan gelditzen ohi diren emakume artisten berri jaso eta zabaldu nahi dute. Feminismoaren bidetik, gainera, bideo bat osatu dute udan eraso matxisten aurka. Artearen bidez eragin nahi dute, errespetuaren, berdintasunaren eta feminismoaren bidean urratsak egiten jarraitu ahal izateko.

Iritzia: Aldaketa

Jon Barberena
Urtaro aldaketek aldaketak dakartzate gurera. Natura ez ezik, pertsonok ere aldatzen gara. Arbolak biluztu, gorritu edo hosto berdez janzten diren gisarat, pertsonon umorean eta eguneroko energian ere, eragin zuzena dute aldaketa hauek. B...

Bideak izan dezan denentzako tokia

Bideak izan dezan denentzako tokia

Edurne Elizondo

Bizikletaren gainean gaudenean, gure gorputza da txasisa". Patxi Etxenikerenak dira hitzak. Txirrindularitza du aspaldiko zaletasun. "47 urte ditut, eta 30 daramatzat bizikletaren gainean". Ez du utzi nahi, biziki maite duelako, baina aitortu du saiatzen dela ibilgailu gutxiago dituzten bideak aukeratzen. "Arriskua, halere, edozein tokitan da". Duela urtebete luze, Etxenike eta haren semea harrapatu zituen auto batek, Endarlatsa inguruan. Lesakan bizi da Etxenike, eta Behobiarako bidea hartu zuen semearekin batera. "Bazterbidean ginen gu, bata bertzearen atzean; autoa gainera etorri zitzaigun. Gidariak ikusi gintuen, baina oharkabetu, eta harrapatu gintuen", gogoratu du.

Etxenikek ukondoarekin apurtu zuen autoaren aurreko kristala; kolpeak fisura eragin zion. Lau saihets-hezur apurtu zituen, gainera, bai eta klabikula ere, bi tokitatik. "Semea 30 metro eraman zuen autoak kapotaren gainean, eta alboko langaren bertzaldera bota zuen, azkenean; erradioa eta kubitua apurtu zitzaizkion, hezur bakoitza hiru tokitatik. Bigarrenez egin behar izan zioten ebakuntza, torlojuak apurtu zitzaizkiolako; urte bat baino gehiago pasatu da, eta oraindik zain gaude ea hezurrak ongi batzen diren", azaldu du Etxenikek.

Lesakako Beti Gazte elkarteko kide da Etxenike. Bortzirietako txirrindulariak batzen dituen Urtxintxa elkarteko kideekin ateratzen da errepidera, halere, bizikletaz gozatzera. Eskualde horretan zale anitz ditu txirrindularitzak, eta sumatzen da hango bideetan. "Gipuzkoatik ere txirrindulari anitz etortzen da honat", erran du Etxenikek. Kezkatzen du N-121-A errepidearen egoerak, eta, horregatik, Urtxintxako Mikel Gomezekin batera, Nafarroako Parlamentuan egon da, bide horretan zer hobetu badela aldarrikatzen; neurriak har ditzatela eskatzen.

Nafarroako Gobernuak ere aitortu du txirrindularien segurtasunak kezka eragiten diola, eta Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia Departamentuak hartu du konpromisoa hainbat neurri martxan jartzeko. Hasteko, gobernuaren asmoa da txirrindulariek anitz erabiltzen dituzten hiru ibilbidetan seinaleak jartzea: zehazki, Markalain, Ultzama aldea, Erro eta Eguesibar aldean; Ultzama aldean, Bidasoa Garaian, Artesiagan eta Esteribarren; eta Erroibarren eta Artzibarren.

Nafarroako Txirrindularitza Federazioarekin batera lan egin du gobernuak zaleek gehien erabiltzen dituzten bide horiek identifikatzeko eta egin beharreko lanak zehazteko. Federazio horrek 1.650 lizentzia inguru baditu. Erakunde horrek aitortu du, halere, herrialdeko errepideetan ibiltzen diren txirrindulariak anitzez ere gehiago izanen direla, segur aski, lizentzia dutenen adina edo gehiago izanen direlako lizentziarik gabe ibiltzen direnak.

Iruñerriko eta Erdialdeko bertze hainbat ibilbidetan ere seinaleak jartzeko asmoa du Nafarroako Gobernuak. Bide horiek identifikatu ditu jada, eta gauza bera egin nahi du Maria Jose Beaumonten departamentuak Erriberan ere. "Konpromisoa badago", berretsi du kontseilariaren kabineteburu Paula Iberok. Datak ez dituzte zehaztu, halere, plangintza egiteke dagoelako, oraindik ere, Iberok erran duenez. Eta uda pasatu arte, segur aski, ez diote lan horri ekinen.

Hamalau hildako 2010etik

2010. urtetik, hamalau txirrindulari hil dira Nafarroako errepideetan gertatutako istripuetan. 2016. urtean, txirrindulariak tartean izan zituzten 110 ezbehar gertatu ziren, eta, ondorioz, hemezortzi pertsona larri zauritu ziren, eta bertze 95, berriz, arin. Aurten, lau txirrindulari hil dira herrialdean: haietako bi auto banak harrapatuta zendu ziren, ekainean, eta bertze biak, berriz, berez hil ziren errepidean, hilabete berean. Ekainera bitarte, hain zuzen ere, txirrindulariak tartean ziren 31 istripu gertatu, eta 29 pertsona zauritu dira Nafarroan, gobernuak zabaldutako datuen arabera.

Halako datuen atzean dagoen errealitatea ongi ezagutzen du Patxi Etxenikek. Egoerak hobera egin dezan, hasteko, "errespetua eta pazientzia" eskatu ditu txirrindulariak. Errespetua errepidean bat egiten duten guztien artean; eta pazientzia, berriz, mantsoago ibiltzen direnekin. "Autoek eta kamioiek argi izan behar dute txirrindulariak ere bagaudela errepidean, eta kontuan hartu behar gaituztela".

Nafarroako Parlamentuko kideen aurrean egindako agerraldian, N-121-A errepidean gertatzen denaren berri eman zuten Etxenikek eta Gomezek. Bide hori moldatu zutenetik, gora egin du kamioien kopuruak. Trafikoak, oro har, %4,8 egin du gora. Iruñea eta Behobia arteko tartean, egunean ia 9.500 ibilgailu pasatzen dira, eta haietako 2.500 baino gehiago dira astunak.

"Errepidea moldatu zutenean, ordea, txirrindulariak bazter utzi zituzten", salatu du Etxenikek. Eskualdeko egoera kontuan hartuta, horrek ekarri du 15 kilometro eskaseko tarte batean bospasei gune arriskutsu izatea. Horietan neurriak hartzeko eskatu du Etxenikek. Urtxintxako kideekin batera, "inbertsio txikia" eskatzen duten hainbat proposamen egin ditu: bazterbideak maizago garbitzea; edo Bera eta Lesaka arteko bide berdean brea botatzea, adibidez. Azken neurri horren asmoa da N-121-A errepidea saihestea, bertzeak bertze, Lesakatik Ibardingo mendatera joan ahal izateko. Izan ere, bide berdearen erabiltzaileek errepidearen azpitik badute beren sarbidea. "Seguruagoa da".

Bertze hainbat tokitan, tunelek eragiten dute arriskua txirrindularientzat. Beratik ateratzeko tokian, adibidez. "Tunelaren ahoa gertuegi dago", azaldu du Etxenikek. Bertze hainbat zatitan, errepideak bazterbiderik ez izateak sortzen du arriskua. "Bera eta Lesaka arteko tarte batean hori gertatzen da. Bi ibilgailu gurutzatzen badira, jai du txirrindulariak. Duela egun gutxi, autoan pasatu nintzen hortik. Bertze aldetik txirrindulari bat heldu zen, eta atzetik zuen kamioiak aurreratu egin zuen. Nik autoa gelditu nuen, eta txirrindulariak eskua altxatu zion gidariari, ohartarazteko. Baina kamioia ez zen gelditu: indartsuenaren legea ezarri zuen".

Bertze hainbat txirrindularirekin ateratzen ohi da Etxenike errepidera. "Taldearen babesak ematen dizu segurtasun sentsazio bat. Ematen du eragozpen gehiago eragiten diegula ibilgailuei, eta, ondorioz, gelditu bertze erremediorik ez dute, anitzetan". Txirrindulariek bata bertzearen ondoan ibiltzeko aukera badutela gogoratu du. "Klaxona jotzen digute gidari anitzek hori egiten badugu, baina badugu eskubidea; taldea handia bada, gainera, errazagoa da gu aurreratzea binaka joaten bagara", nabarmendu du.

Txirrindulariek ere onartu behar dute beren ardura. Horixe gaineratu du Etxenikek. Nafarroako Gobernuak ere txirrindulariek segurtasunaren alde egin dezaketena mahai gainean jartzeko kanpaina egin du, eta aipatu du, adibidez, aurrean eta atzean argia eramateko beharra.

Txirrindularien erantzukizunaz, "autokritiko" izateko beharra nabarmendu du Etxenikek, hain zuzen ere. "Egia da gaizki ibiltzen diren txirrindulariak badirela". Urtxintxako kideen artean jorratutako gaia dela erantsi du Etxenikek, eta denen artean adostu zutela "zorrotz" jokatu behar zutela arauekin. Semaforoak jarri ditu adibide. "Badira gelditzen ez diren txirrindulariak; guk erabaki dugu, argi eta garbi, laranja edo gorri dagoenean gelditu egin behar dugula". Etxenikek argi du errepidean txirrindulariak duela galtzeko gehien. "Gure esku dagoena egin behar dugu, gure esku diren neurriak hartu", erantsi du. Jakin badaki, halere, hori ez dela beti nahikoa.

Errepideak ulertzeko modua da arazoaren muina, Etxenikeren ustez. Hau da, txirrindulariak ez onartzea errepideetako erabiltzaile gisa. "Baina bagara". Bide bat egiterakoan edo moldatzerakoan errealitate hori aintzat hartu behar dela berretsi du.

Nafarroako Parlamentuko taldeek txirrindularien eskaerei "harrera ona" egin zietela azaldu du Etxenikek. Gobernuak mahai gainean jarri dituen neurriak ere ontzat jo ditu. Hitzak ekintza noiz bilakatu zain gelditu da.

Herbehereetan gertatu zena ekarri du gogora, errepideetako istripuetan hildako txirrindularien kopuru handiak muturreko neurriak hartzera eraman baitzuen hango gobernua. Ezagutu ditu hango errepideak. Istripuek behera egin dutela nabarmendu du. "Baina hil direnak ez dira itzuliko". Egoerak okerrera egin baino lehen, neurriak eskatu dizkie hemengo agintariei. Bideak, finean, denentzako tokia izan dezan.

“Nafarroako ubidea, edo deus ere ez”

“Nafarroako ubidea, edo deus ere ez”

Edurne Elizondo

Bigarren fasea ez zutela eginen ematen zuen, baina Nafarroako ubidearen proiektua mahai gainean jarri zuen egungo gobernuak, berriz ere, 2015eko abenduan. Geroztik, egin ditu hainbat urrats: bigarren fase hori lurpeko hoditeria baten bidez egiteko proposamena hobestea izan da nagusia. Egitasmoak, ondorioz, aurrera jarraitzen du, eta egungo proiektuak ukitzen ez dituen hainbat herrik ere eskatu dute bat egitea: Erriberako bost udalek eskatu dute Itoizko ura, beren lurrak ureztatzeko.

Zehazki, Fustiñana, Cortes, Buñuel, Cabanillas eta Fontellasko udalek sinatu dute azken egunotan Nafarroako ubidearen aldeko manifestua. UPNk eta PSNk agintzen dute udal horietan. Udalok salatu dute Ebro ibaiaren ur emariaren jaitsierak murrizketak eragin dizkiela. "Hornidura ziurtatzeko" behar den ur emaria berma dezala eskatu diote gobernuari, Nafarroako ubidearen bidez. "Ura nahi dugu txorrotarako, bai eta industria eta nekazaritza jardueretarako ere", erran dute herriotako alkateek.

Nafarroako ubidearen bigarren fasea egiteko proiektua berriz ere martxan jarri zuenean, "eztabaida eta gogoeta prozesu bat" iragarri zuen Nafarroako Gobernuak, 2015eko abendu hartan. Prozesu hori amaitu aurretik lehenetsi zuen, ordea, aurkeztutako proposamenetako bat. Urbizi Uraren Kultura Berria fundazioak hori egin izana salatu izan du, hain zuzen ere. Ez hori bakarrik. Erakunde horrek aztertu eta mahai gainean jarri ditu bertzelako alternatibak.

"Alternatiba horiek, ordea, ez dituzte kontuan hartu. Egungo eta aurreko gobernuek nekazariei eskaintzen dieten gauza bakarra da ubidea. Ez nau harritzen udalek Itoizko ura eskatu izana, bertzerik ez dietelako ematen. Hori, edo deus ere ez", azaldu du Urbiziko kide eta aditu Charo Brinquisek.

Nafarroako Gobernuak bazter utzi du aire zabaleko ubide bat sustatzeko aukera, baina aurrera jarraitzen du bigarren fasea egiteko egitasmoarekin; zehazki, lurpeko hoditeria baten bidez egiteko proposamena hobetsi du gobernuak.

Brinquisek ez du ontzat jo. Adituak sakon aztertu du Itoizko urtegia-Nafarroako ubidea binomioa, eta agerian utzi du, behin eta berriz, bi azpiegitura horien errentagarritasunik eza. "Ez da nik erraten dudan zerbait; datuek uzten dute errealitate hori agerian", azaldu du.

Nafarroako ubidea "zapalgailu" bat dela erantsi du Charo Brinquisek: "Gizartea ez da konturatzen proiektu honek ekarriko digun zorraz. Denbora luzez egin beharko diogu aurre, eta erabat baldintzatuko du nekazaritzaren arloa. Nekazari gutxi batzuri mesede eginen die ubideak, baina gehienak bazter utziko ditu proiektuak", salatu du Urbiziko kideak.

Brinquisek argi du orain arte gertatu dena gerta daitekeela ubideak uki ditzakeen gainerako eskualdeetan ere: "Nekazari txikiek beren lurrak uztea; azkenean, jabe handien esku gelditzen ari dira lurrak", azaldu du.

Ubidearen aldeko hautuak ekarriko lituzkeen ondorioak nabarmendu ditu Brinquisek, azken urteotan jada gertatu dena adibide hartuta: Ingurumen, Landa Garapen eta Toki Administrazio Departamentuko nekazaritzarako aurrekontu ia guztia azpiegitura horrek eramanen duela. Bertzelako bideak zabaltzeko beharra jarri du mahai gainean adituak: "Bertzelako laguntzak susta ditzatela, nekazari gazteen alde egiteko; duela bi urte ubideari emateko kendu zituzten nekazaritza ekologikoaren aldeko laguntzak martxan jar ditzatela, berriz ere; hainbat nekazariren artean makinak erosteko laguntzak bana ditzatela, berriz ere, horiek ere ubideari emateko kendu baitzituzten, duela bi urte".

Lerinen, ubideari ezezkoa

Politikarien ardura nabarmendu nahi izan du Brinquisek: "Proiektua martxan jarri, domina jantzi eta gero denon artean ordaindu behar dugu; ez guk bakarrik, hurrengo belaunaldiek jasoko dute guk utzitako zorra. UPN eta PSN sekulakoak botatzen aritu dira, gobernuari egozten Erribera egarriak jota uzten ari zela eta antzekoak. Tragedia bat da gertatzen ari dena. Uraren diskurtsoa zabaldu dute, baina kontuak ez dira ateratzen. Eta ura arto transgenikoa landatzeko bertzerik ez dute nahi".

Lerinen, hain zuzen ere, ezezkoa eman diote Nafarroako ubideari, eta Nafarroako Gobernuak, ondorioz, proiektuaren bidea egokitzeko plana onartu du, berriki. Galdeketa 2014. urtean egin zuten Lerinen, eta herriko ureztatzaileek ezezkoa eman zioten ubideari. Sistema tradizionalaren alde egin zuten, beren lurrak Ega ibaiko urarekin ureztatzen jarraitu ahal izateko.

Carcarren ez dute galdeketarik egin; ureztatzaileek, beraz, ez dute iritzia eman ubideari buruz. Isiltasun hori ezezko gisa interpretatu, eta lehen fasea zabaltzeko hasierako bidetik at utzi dute, ondorioz. Bidea moldatu eta gero, lehen fasea zabaltzeko proiektua ia 26,5 kilometro luze izanen da, azkenean. Moldatuta, baina aurrera jarraitzen du Nafarroako ubideak, azkenean. Ekar dezakeenarekin bere kezka berretsi du Brinquisek.

Noaindik Frankfurtera

Noaindik Frankfurtera

Kattalin Barber

Nafarroa munduarekin konektatu dugu, eta, era berean, mundua Nafarroarekin", esan du Carsten Hoffmann Espainiarako eta Portugalerako Lufthansa Taldearen zuzendari nagusiak. Lufthansak Iruñea sartu du bere munduko ibilbide sarean, eta, azaroaren 6tik aurrera, Iruñea Alemaniako Frankfurt hiriarekin zuzenean lotuta egonen da, astean zortzi aldiz eskainiko duten hegaldiari esker. Hoffmannek adierazi duenez, konexio horrekin, nabarmen hobetuko da Nafarroaren konexioa mundu osoarekin, Frankfurteko aireportuak herrialde askotara hegaldi andana baitu.

LH118 izeneko hegaldia astelehen, asteazken, ostiral eta igandeetan irtengo da Frankfurtetik, "bidaiatzeko egun onenetan"; 09:30ean atera, eta 11:30ean iritsiko da Noaingo aireportura. Bueltako hegaldia, LH119 izenekoa, egun beretan irtengo da Iruñetik, 12:20ean, eta 14:30ean lurreratuko da Frankfurten. Alemaniako aireportu zibil handiena da Frankfurtekoa, eta airebide berria munduko beste hiri eta herrialdeekin lotzeko zubi modukoa da. Modu horretan, Iruñetik hegan egiten dutenek aukera izanen dute beren hegaldiak mundu osoko hiriekin konektatzeko: Tokio, New York, Bangkok, Hong Kong eta Johannesburgorekin, adibidez. Halaber, Europa osoko hegaldiak ere irteten dira handik: esate baterako, Hanburgo, Budapest, Viena, Varsovia eta Mosku hirietara joateko hegaldiak.

Hoffmannek aitortu duenez, "aukera ezin hobea" da Alemaniako konpainiarentzat Noaingo aireportuan jarduten hastea. "Orain arte ez da egon nazioarteko airelinearik Nafarroan, eta bidea hastea ohorea da guretzat. Nafarroako herritarrak gainerako munduarekin lotzea nahi dugu, betiere kalitate handieneko produktu eta zerbitzuekin".

Enpresen lehiakortasunaz ere mintzatu da Hoffmann. Izan ere, nazioarteko lotura berriak "garrantzi estrategiko handia" izanen du eskualderako. Lufthansaren hegaldiek "Nafarroako enpresen lehiakortasuna hobetuko dute, eta turismo sektorearen garapenean ere lagunduko dute, Europako turismoaren irisgarritasuna erraztuz". Donejakue bidea eta sanferminak aipatu ditu zuzendariak, eta uste du airebide berriak turista gehiago erakarriko dituela.

Lehen hegazkina Iruñean lurreratzeko oraindik hilabete batzuk falta diren arren, jada bidaia txartelak salgai daude agentzietan eta LH.com webgunean. Adibidez, azaroaren 6ko hegaldia, Iruñetik Frankfurtera, 143,32 euroren truke saltzen da. Kontrako hegaldiak, berriz, 138, 64 euroren kostua du konpainiako webgunean. Hoffmannek adierazi duenez, Lufthansak Airbus A319 hegazkin "modernoak" erabiliko ditu ibilbide berrian, 138 bidaiarirentzako lekuarekin, eta bi motatako zerbitzuetan banatuta: Business eta Economy Class.

Nafarroako Gobernua ere pozik agertu da Lufthansaren erabakiarekin, eta eskerrak eman dizkio konpainiari Nafarroako merkatuan egindako apustuarengatik. Lurraldeari begirako apustu garrantzitsutzat jo du gobernuak: "Nazioarteko konektibitatea nafarren eskaera bat da, eta abian jarriko dugu Lufthansaren bidez", adierazi zuen Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak, aurkezpen egunean. Hoffmannek, berriz, Sodena sozietate publikoaren lana goraipatu du, funtsezkoa izan delako ibilbide berria ezartzeko.

Orain dela hilabete inguru etorri ziren Lufthansa konpainiako ordezkariak Iruñera, eta Nafarroako Gobernuko arduradunekin eta hainbat enpresa publiko eta pribatutako ordezkariekin bilerak egin zituzten. "Herrialdea sustatzeko, tokiko enpresak sustatzeko eta turismoa erakartzeko aukera ezin hobeak daudela ikusi genuen, eta uste dugu apustu hau oso onuragarria izanen dela guztiontzat", adierazi du Hoffmannek.

Bidaiariek, gora

Ez da albiste on bakarra Noaingo aireportuarentzat. Iruñerriaren garapen geografiko, sozial eta ekonomikoarekin batera inauguratu zen 1972an aireportua. 2011n, berriz, terminal berria eraiki zuten. Inbertsio horrek urtean milioi bat bidaiari izateko ahalmena eman zion Noaingo aireportuari, baina krisi ekonomikoak gogor jo du azpiegitura hori, eta ez dira espero ziren kopuruak lortu. Nolanahi ere, egoera aldatu, eta garai latzak gainditzen ari da. 2017ko lehen seihilekoan, Noaingo aireportuan %9,1 hazi da bidaiarien kopurua. Denera, 80.728 bidaiarik erabili dute aireportua. Hegazkinen joan-etorriek ere % 8,9 egin dute gora, guztira 2.781 operazio izan baitira. Hegaldi berrieekin, gainera, nabarmen haziko da zirkulazioa.

Iritzia: Alde hemendik

Lohizune Amatria

Senegalen egon beharko zinateke. Alde hemendik! Nazkagarriak zarete!". Iruñeko Sarasate pasealekua jendez gainezka zegoen. Arratsaldeko bostak eta erdi, sanferminetako azken eguna. Postuak noiz jartzeko zain, saltzaile asko zeuden itzalean gordeta. Haien tartean ehunka pertsona geunden, Gazteluko plazara bidean. Kontrako norabidetik zetorren oihuak atzera begirarazi zidan, ordea. Semea eskutik helduta zeukala, gogor oldartzen ari zitzaion gizon bat han ziren saltzaileetako bati. Eta benetan lotsagarria zela pentsatu nuen.

Orduan entzun nuen eguneko lehen alde hemendik-a. Eta ez zitzaidan batere gustatu. Hitz horiek entzun behar izan zituenari ere imajinatzen dut ez zitzaizkiola gustatuko. Ezer ez esatea eta jaramonik ez egitea erabaki zuen hark. Ez da estrategia txarra. Okerrena da oraindik ere askotan entzungo dituztela hitz itsusiak, XXI. mendean horrelakorik gertatzen ez dela diogun bitartean.

Hala, Gazteluko plazara iritsi nintzen. Jendez gainezka zegoen plaza hori ere. Eta antzeko oihuak entzun nituen han ere: "Alde hemendik, utzi bakean!". Hitz horien helburua, baina, oso bestelakoa zen. Baita jende kopurua ere. Aurrekoan pertsona bakar bat ikusi nuen hitz horiekin saltzaileari oihu egiten; plazan, berriz, milaka pertsonak kantatu zuten. "Altsasukoak, askatu!". Injustizia baten aurrean, berriz ere; eta gure herriari egin dioten beste eraso bat salatzen, beste behin.

Esaldi berdinak, beraz, erabat ezberdinak diren bi egoeratarako balio izan zuen egun hartan. Guztiz arbuiagarria den jarrera bat irudikatu zuen lehendabizikoan; bigarrenean, berriz, lotsagarria den egoera, atxiloketa eta eskaera bat arbuiatzeko balio izan zuen.

Hitz hunkigarriekin amaitu zen Gazteluko plazako elkarretaratzea. Altsasuko gazteen gurasoek hitza hartu zuten momentuan, zirrara handia eragin zidan hotsak. Txalo zaparrada ere halakoa izan zen, eta berriro hitz berdinak aditu ziren plazan. "Alde hemendik, utzi bakean". Peñen pankartak, gainera, Que se vayan abestiaren doinuak lagunduta urrundu ziren plazako protestatik.

Horrela, salaketa hotsek musika dantzagarriari utzi zioten tokia. Festa ez da eteten sanferminetan. Baina aldarrikapenak ez ziren amaitu. Bat-batean, kolore askotako mazedonia kalejiraren ondoan nengoen, aniztasunak dakarkigun aberastasunaren alde dantzatzen ni ere.

Ehunka pertsona geunden momentu hartan plazan, Amerika, Asia eta Afrikako jantzi, abesti eta mugimenduekin erabat liluratuta. Hamaika kolorekoa iruditu zitzaidan orduan Iruñea, eta irekiagoa, gainera. Denbora gutxi pasa da lehendabiziko gertakaria jazo denetik, baina esperantzarik badagoela pentsatu nahi dut orain.

Arazoz beteta dago gure mundua, eta sanferminetan, bereziki, ia denak azaleratzen dira hirian. Krudeltasuna ageriagoa izaten ohi da, baita bizitzeko gogoa ere. Horien aurrean zer egin dezakedan erabakitzea egokitzen zait orain.

Emakumeenak oholtza eta hitza

Emakumeenak oholtza eta hitza

Edurne Elizondo

Aretoa hutsik dela ematen du, baina, bat-batean, ahots batek eman du agertokian gertatzen ari denaren berri. "Etorri baitzen mendebala, glorioso movimiento nazionala, nazi totala, eta Elizaren gurutzea, Elizaren nabala, gure aurrerapena suntsitu zuen hala, atzera berriz emakumea, deuseztatua, herbala". Oholtza gainean da aktoreetako bat, eta bi musikari haren atzean. Gitarrak eta perkusio kaxak ezarri dute Nagore Orbeltzu Lakostek errandako hitzen erritmoa, eta txaloekin ospatu dituzte ikus-entzuleentzako eserlekuetan tokia hartu duten gainerako aktoreek. Giro lasaia sumatzen da; intimoa; lagun artekoa. Atzean bada lana; taldea gaurko estreinaldira eraman duen bidea egiteko lana, hain zuzen ere: Harritik hazia izenburuko herri antzezlana aurkeztuko dute gaur, bihar eta etzi, 20:00etan, Berako kultur etxean. Emakumeenak dira han oholtza eta hitza. Orain arte isildutakoa loratu egin baita herrian.

Proiektua 2015eko udazkenean hasi zen mamitzen. Berako Euskara Batzordeak zerbait egin nahi zuen hizkuntzaren erabilera bultzatzeko, eta mahai gainean jarritako proposamenen artean zegoen antzerki lan bat prestatzea. Haren alde egin, eta batzordeak Ramon Albistur Marinen eta Esther Carrizo Carreteroren esku jarri zuen lana. Lehen urratsa izan zen antzezlanaren nondik norakoak adostea eta zehaztea: memoria historikoa lantzeko obra bat eginen zutela erabaki zuten, eta emakumeak izanen zirela protagonista; historia liburuetatik kanpo utzitako emakumeek hartuko zutela hitza, alegia.

Oinarriak finkatuta, hasierako ideiak garatzeko lana jarri zuten martxan. Batetik, antzerkia eta memoria historikoa ardatz izan zituzten hainbat tailer egin zituzten; bertzetik, Albistur Marin eta Carrizo Carretero hainbat historialarirekin bat egiten hasi ziren, baita artxiboak miatzen eta testigantzak jasotzen ere. Lan horrek guztiak gaur oholtzara igoko den taldea osatzea ekarri zuen: Bortzirietako, Irungo (Gipuzkoa) eta Iruñeko adin ezberdinetako jendeak egin du bat proiektuarekin; emakumeak gehienak.

Taldean diren gizonetako bat da Mikel Taberna Irazoki idazlea. Harena da testua, hain zuzen ere. Argi utzi du, halere, "talde lana" dagoela testu horren atzean. Esperientzia berria izan da Harritik hazia antzezlana prestatzeko egindakoa Taberna Irazokirentzat. Aktoreen eta taldeko gainerako kideen hartu-emanek osatu dituzte hark paperean jarritako hitzak. "Eta bizia hartu dute", nabarmendu du idazleak. "Testu hila" zena "bizi" ikusteko sentsazioa "ia magikotzat" jo du Taberna Irazokik. "Nik, bakarrik, ez nuke testu hau idatzi izanen".

Etorkizunerako asmoz

1936ko uztailaren 21ean sartu ziren erreketeak Beran. Gaurko egunez, alegia, duela 81 urte. 11 urteko neskatoa zen, urte hartan, Mikel Taberna Irazokiren ama. "Baserritik herrira jaitsi zen. Amarentzat sekulako kolpea izan zen kanpoko hainbertze jende ikustea herrian". Amak kontatutako pasadizoek Taberna Irazokiren interesa piztu izan dute beti. Eta isildutakoekin, kanporatutakoekin, errepresioa jasan zutenekin gizarteak duen zorra kitatzeko baliatu nahi izan du antzerkiak orain emandako aukera. "Bada garaia zer gertatu zen jakiteko, aitortzeko: hemen ere fusilatu zituztelako errepublikazaleak, eta hemendik ere kanporatu zituztelako familiak".

Harria bezain gogorra den iragan horri egin nahi dio so Beran prestatu duten antzezlanak, hain zuzen ere; harri artean etorkizun hobe baterako haziak erein ahal izateko, ordea. Horregatik, 1936ko gerra giroan hasten den obra horrek gaur egunera arteko bidaia egiten du, asmo jakin batekin: "Gogoeta piztu nahi dugu ikus-entzuleengan; jakin-mina piztu gertatu zenari buruz, ezagutzeko, zabaltzeko, ez ahazteko, eta, noski, ez errepikatzeko", azaldu du Taberna Irazokik.

Asmoa hori zelako erabaki zuen Araitz Bizkai Villanuevak proiektuarekin bat egitea. Obran protagonista nagusien artean bertze bat da musika, eta Bizkai Villanueva da sortzailea. Musikariak zuzenean ariko dira oholtza gainean, eta aktoreak, berriz, kantuan. Musikak ezartzen du kontakizunaren erritmoa. Obraren berri izan zuenean, halere, "zalantzak" izan zituen Bizkai Villanuevak, aitortu duenez. "Ez nuen sufrimendua adierazi nahi bakarrik, baina ohartu nintzen zauriak sendatzeko asmoz egindako lana zela, eta bat egin nuen". Kontent da hartutako erabakiarekin eta musikak hartu duen tokiarekin: "Taldeko kide guztiek dute musika barruan, eta txoko guztietatik ateratzen da obran".

Esther Carrizo Carreterorentzat, "benetako oparia" izan da aukera izatea Beran sortu den taldearekin lan egiteko. Adierazpen lana zuzendu du Carrizo Carreterok. Gorputzaren espresioa anitz landu dute prozesu osoan, eta balio izan du, urratsez urrats, Taberna Irazokik paperean jasotakoa modu batera edo bertzera moldatzeko. Bat-batekotasunak ere izan du bere pisua, taldeko kideek nabarmendu dutenez. "Egindako lan guztiak anitz irakatsi dit; Beran gertatutakoaz ikasi dut, bai eta hori baino anitzez gehiago ere. Esperientzia zoragarria izan da", erantsi du antzerkigileak.

Ikasi duten hori nabarmendu dute aktoreek ere. Denek. "Elkar elikatu dugu; denon artean bete dugu espazio bat, baina nork bere txokoa izan du espazio horretan ere. Hagitz aberasgarria izan da", erran du Maddi Irazoki Bertizek. Oholtzara igotzen diren aktoreetako bat da, bai eta lan plastikoaren egilea ere. Lehen esperientzia izan du Harritik hazia antzerkiaren esparruan, eta kontent da: "Esperientzia indartsua izan da; sekulako energia sortu da gure artean".

Emakumeen energia nabarmendu du Aitziber Almandoz Larraldek. Andreek obran duten presentziak erakarri zuen, hasieratik; emozioen bidez lan egiteko aukerak ere bai. "Emozioen eta gorputzaren hizkuntza erabili dugu, eta haren bidez egin dugu bidaia 1936ko gerratik egungo errealitatera ailegatu arte. Eta konturatu naiz gauzak ez direla hainbertze aldatu, bihotzak berdin sentitzen duela". Orain arteko lanak, gainera, "barruko emea" deskubritzeko eta azaleratzeko aukera eman diola erantsi du.

Amonari omenaldia

Nagore Orbeltzu Lakosterentzat, berriz, amona omentzeko aukera izan da Harritik hazia. Antzerkiaren mundua ez da berria irundarrarentzat, baina Beran sortutako obrak "barruan" zuen horri forma emateko parada eman dio: "Gerrari buruzkoa zela ikusita, emakumeek zuten indarra ikusita, amona etorri zitzaidan berehala burura, hark kontatutakoak. Ez ziren asko, baina beti hunkitu naute, eta beti sentitu dut egin behar niola omenaldi bat. Barruan zerbait nuela sentitzen nuen, nire eta amonaren arteko istorioak astintzen zidala barrua, eta lan honek eman dit aukera hori ateratzeko".

Irungoa da Ainara Maia Urroz ere; gustura da orain arte egindako bidearekin. Gerardo Ros Etxague ere bai. Iruñekoa da, eta lagun baten eskutik ailegatu zen taldera. "Lagunak utzi, eta nik hemen jarraitzen dut". Ez da damutu. Manex Zapiain Abuini, berriz, amak eman zion prestatzen ari ziren obraren berri. "Antzerkia ikasten ari naiz, eta bat egin nuen". Ez da familiako kide bakarra. Eneritz arreba eta hainbat lehengusu eta lehengusina ditu taldeko kide: Kemen Ruiz Zapiain eta Ekhiñe eta Axuri Zapiain Arlegi ahizpak, hain zuzen ere.

Azken hori da taldeko kiderik gazteena. Bederatzi urte baino ez ditu. Oroitzen da hasieran sentitu zuen lotsarekin, baina haren arrastorik ez da jada. Eta kontent da aktorea. Ekhiñe ahizpa ere bai. Ikasitakoen artean, bi gauza nabarmendu ditu: "Batetik, herrian gertatu zirenen berri izan dut; ez nituen ezagutzen, eta uste dut jakin behar dugula gure herrian zer gertatu zen. Bertzetik, ikasi dut antzerkia ez dela bakarrik paper batean idatzitakoa ikastea eta erratea".

Oihane Zelaieta Lazkano eta Eugenia Arriola Altzugarai ere kontent dira esperientziarekin. Arriola Altzugaraik euskara ere ikasten ari dela nabarmendu du. Berako Euskara Batzordeko kide da Arantza Zubieta Otxoteko, hain zuzen ere, bai eta taldeko kide ere. "Batzordekoa izanda, parte hartu behar nuela uste nuen. Hasieran kosta egin zitzaidan anitz, eta uztekotan egon nintzen, baina gai izan naiz, azkenean. Lehen aldiz paperari begiratu gabe aritu nintzenean, sekulakoa izan zen sentsazioa!".

Emakumeen indarra aipatu du Zubieta Otxotekok, bertze behin. Eta agerikoa da indar horren eragina; oholtza gainean bertze elementu bat bilakatzen da, ia. Ukitu arte, ia. Indar hori lagun izan dute Lizar Elexpuru Mitxelenak eta Eneritz Zapiain Abuinek. Horixe nabarmendu dute: hasierako lotsak bazter utzi dituztela taldeko giroa lagun.

Denen artean osatutako proiektua dela berretsi du Ramon Albistur Marin zuzendariak, eta denen lana eskertu du. Entsegua ez da amaitu. Aktoreek eta musikariek beren tokia hartu dute, berriz ere, oholtza gainean. "Adi, emakumea, orain da tenorea, jaiki!", oihukatu dute. Ozen. Indarrez.

Erein dute hazia. "Lur azpiko hazi iraunkor zabala, sekula inoiz galduko ez den sumendi naturala". Harriak ere lore bilakatu nahi dituzte Berako herri antzezlana prestatu duten kideek. Gaur dute lehen saioa, 20:00etan, kultur etxean. Harritik hazia.

Han hondarra eta hemen kazkabarra

Han hondarra eta hemen kazkabarra

Edurne Elizondo

Muztioa nahi duela erran du. Ez daki zer den, inoiz ez baitu hartu, orain arte. Baina gustura edan du. Igerilekua maite du gehien, nabarmendu duenez. Kontent dela erantsi du, eta karrikara joan da, bizikleta hartuta, lagunekin jolastera. Said Mohamed Salek sahararra da, 10 urte ditu, eta lehendabiziko aldiz etorri da Nafarroara, uda pasatzera. 12 urteko Walda anaia ere herrialdean da, eta, haiekin batera, 11 urteko Brahim Alisalem. Denera, 115 gaztetxo saharar etorri dira aurten Nafarroara, udan, ANAS elkartearen bidez.

Harrera familia dira Itxaso eta Amaia Antoñana ahizpak. Roberto del Cura bikotekide du azken horrek, eta beren etxean hartu dute Brahim Alisalem, Berriozarren. 2013. urtetik badute haren familiarekin harremana. Etxe dituzten kanpalekuak ere ezagutzen dituzte, hainbat aldiz joan baitira. Itxaso Antoñana izan zen bidaia egiten lehena, 2010. urtean. 16 urte bertzerik ez zuen, orduan. Ahizparekin egin zuen bide bera, gero, bertze hainbat aldiz. "Lehendabizikoz abenduan egon ginen; orduan, gogorra izan zen honat itzuli eta Eguberriak bizitzea, besta horiek duten kontsumo guztiarekin", gogoratu du Itxaso Antoñanak.

Aste Santuan ere joan izan dira Antoñana ahizpak kanpalekuetara, eta orduan ezagutu zuten, biek nabarmendu dutenez, basamortuko egunerokoa bere gordinean. "Beroa ikaragarria da; ez dago deus egiterik; ez dute deus, eta kanpoko laguntzaren menpe dira; gure egunerokoarekin alderatuta, kolpea latza da", aitortu du Amaia Antoñanak. Haurren aurtengo bidaian gertatutakoak balio du kanpalekuen eta Nafarroaren artean dagoen aldea irudikatzeko: hondar ekaitz batek agurtu zituen haurrak; eta kazkabarrak egin zien, hemen, ongi-etorria.

Ez dute deus, baina dena partekatzeko prest dira. "Guk ere familia dugu han", nabarmendu dute Antoñana ahizpek. Udan haurrak hartzea familia harreman hori lantzen jarraitzeko aukera bat da haientzat. Izaskun Villanuevak ere horixe sentitzen du. Familia osatzen ari direla. "Aita egon izan da kanpalekuetan; aurten itzultzeko asmoa du, eta neba harekin joanen da; ni ere bai, aukera badut", azaldu du. Said Mohamed Salek etxean du Villanuevak.

Haur sahararrak abuztu bukaera bitarte egonen dira Nafarroan; denera, bi hilabete. Kanpalekuetako errealitatea gertutik ezagutu eta gero, Antoñana ahizpek argi dute udan handik ateratzeko aukera izatea "gauza handia" dela haurrontzat. "Familiek ere eskertzen dute". Nafarroako Parlamentuak laguntza eman dio ANAS elkarteari, azken urteotan. Ekainaren 30ean, erakunde horren egoitzan egin zieten harrera, hain zuzen, haurrei eta beren harrera familiei. Berriozarren, udalak ere laguntzen duela nabarmendu dute Antoñana ahizpek eta Villanuevak. Harrera familia gabe gelditu diren hainbat haur udalak utzitako etxebizitza batean dira, adibidez, hainbat begiralek lagunduta.

Said eta Walda Mohamed Salek anaien ama ere begirale lanetan ari da egunotan, Jakan (Aragoi, Espainia). "Harekin asko hitz egiteko aukera izan dugu; familientzat ez da erraza beren seme-alabak ezagutzen ez dituzten pertsonen esku uztea; lasaitua hartzen dute gurekin hitz egiteko eta gu ezagutzeko aukera dutenean", azaldu du Villanuevak.

Uda, gainera, oinarrizko mediku azterketa egiteko baliatzen dute haur sahararrek. "Pediatrarengana joateko aukera dute, gizarte segurantzaren bidez; bestalde, hainbat dentistak eta optikok ere parte hartzen dute proiektuan, eta doan egiten dituzte azterketak", azaldu du Itxaso Antoñanak.

Oztopoen gainetik

Helburu nagusia, halere, haurrek disfrutatzea dela argi dute harrera familiek. Basamortuko eta kanpalekuetako errealitatea, tarte batez, behintzat, atzean uzteko aukera izan dezatela. Eguneroko martxa ez da beti erraza, baina merezi duela zalantzarik ez du Amaia Antoñanak: "Lehen egunak zailak dira, baina pixkanaka-pixkanaka ohitzen dira, eta kontent dira".

Hizkuntza, hasieran, oztopo bilakatzen dela aitortu dute harrera familiek. Kanpalekuetan gaztelaniaz egiten ikasten dute haurrek, baina denak ez dira berdin moldatzen. "Waldak, adibidez, Saidek baino hobeki egiten du; kontua da Said ez dela ikasten ahalegintzen, eta anaia erabiltzen du itzultzaile gisa", erran du Villanuevak. Horregatik, nork bere harrera familia du. "Egun osoa ematen dute elkarrekin, baina nork bere etxean egiten du lo". Hizkuntzaren mugak erraz gainditzen dituzte haurrek, dena den. "Badakite nahi dutena nola azaldu", nabarmendu du Villanuevak.

Ez dute hitz egiteko gogo handirik, baina pozik direla berretsi dute haur sahararrek. Nahiago dute elkarrekin jolastu. Aurrean ez direnean, Amaia Antoñanak aitortu du harrituta dagoela Brahim Alisalemek jaten duen fruta kopuruarekin. "Izugarri gustatzen zaio!". Villanuevak erantsi du Said Mohamed Salekek ere biziki gustuko duela fruta. "Beti dago jateko prest!". "Kanpalekuetan ez dutena gustura jaten dute", erantsi du Itxaso Antoñanak. Kanpalekuetan gogorra da egunerokoa; uda amaitzen denean, halere, haur sahararrak kontent itzultzen dira. "Haurrok ez daude bakarrik; kontent itzultzen dira familiarengana", nabarmendu du Itxaso Antoñanak. Oraindik badute igerilekuaz gozatzeko denbora. Hilabete, hondarrera itzuli arte.