Nafarroa

Iritzia: Egun bakarrean

Lur Albizu Etxetxipia

Joan den astean, egun bakarrean, Euskal Herrian bortxazko bi hildako gehiago genituela jakin genuen: prekaritatearen 2017ko bigarren biktima zen bata, janari azkarreko enpresa bateko langile gaztea. Semeak hildako emakumea bestea. Egun bakarrean. Gorlizen eta Portugaleten. Euskal Herrian, 2017an. Bi hildako.

Iritzi-artikuluak han-hemen —nik ere ezin izan diot tentaldiari eutsi—, mota guztietako eragileen adierazpenak. Protokoloak martxan, mobilizazioak abian, protestak. Sumindura eta samina. Sareak sutan.

Askotan, beldurtu egiten nau horrelakoak gertatzen direnean —gertatzen esan dut, kasualitatea balira bezala, erantzulerik ez balego bezala— dugun jokatzeko moduak. Sumindura, tristezia, amorrua... egun bateko kontuak izaten direla iruditzen zait, Twitterreko eguneko trending topic-ak. Biharamunean, ezer gutxi. Batzuetan, ezer ez. Eta aurrera jarraituko dugu —eta jarraitzen dugu— bizitzarekin. Ezer gertatu ez balitz bezala.

Baina gertatzen da. Askotan gertatzen da, gehiegitan. Ahaztu egiten zaigu eguneroko kontua dela hau; testu hau idatzi eta publikatzeko tartean agian beste langile (gazte)ren bat, beharbada beste emakume bat gehiago faltako direla gure artean. Ahaztu egiten zaigu hau idazten ari naizen bitartean hemendik ez hain urrun itotzen ari direla beste batzuk itsasoan, beste batzuk hotzak akabatuko dituela eta etxetik gertu, agian, imajinatzen ez dugun arren, bizilagunen bat berogailua piztu ezinik ibiliko dela.

Eta ez ditu hotzak hiltzen. Ez ditu ez hotzak, ez laneko motorrak, ez labanak hiltzen. Ezta itsasoak ere. Osotasunean ulertu beharko genituzke heriotza hauek, heriotza hitza erabiltzeari utzi eta hilketez hitz egiten hasteko. Beharbada ez da egun bakarreko amorrua, tristezia eta haserrea izanen, hilketez mintzatzen hasten garenean. Agian ulertuko dugu sistema oso baten, sistema oso batzuen ondorio direla hilketa hauek.

Prekaritateak, presak, lan baldintza kaskarrek hil dutela gazte langilea; janari azkarreko enpresa azkar eta prekarioak. Emakume izateagatik hil dutela emakumea; horregatik bakarrik. Itsasoan ez direla ito: ihes egin behar izateak, mugen ixteak, gobernuen konplizitateak eta politika oso batek hiltzen dituela; milaka direla eta ez dela kasualitatea egunero gertatzen ari dena.

Agian planteatu beharko genuke zein den honen guztiaren norabidea eta zeintzuk diren kausak eta ondorioak. Planteatu beharko genuke zer egin sistema kapitalista honek hiltzen gaituelako, patriarkatuak hiltzen gaituelako. Heriotza-hilketa asko, gehiegi eragiten dituztelako. Planteatu beharko genuke, beharbada beste zerbait nahi dugulako. Agian imajinatzen dugun jendartea beste bat delako. Eta horren alde lan egiteko prest daudenak, gaudenok, agian uste dugun baino gehiago garelako. Agian ezin dugulako gehiago itxaron —zeren zain gaude?—. Ez genukeelako itxaron behar. Egun bateko haserrea eguneroko lana bilakatuko bagenu, gauza txiki eta handi asko aldatuko liratekeelako. Beharbada.

Menditik mendira

Menditik mendira

Edurne Elizondo

Doluak hartu zituen Bortziriak 2007ko hasieran. Urte hartako urtarrilaren 6an, Unai Etxepare 29 urteko mendizale lesakarra hil zen Anayet mendian (Huesca, Espainia), erorita. Handik astebetera, Etxeparek lagun zituen bertze hiru mendizale eraman zituen mendiak: Xabier Zubieta eta Luis Mari Pikabea Loro, 33 urteko lehengusu beratarrak, eta Xabier Saralegi, 32 urteko lesakarra. Zubieta, Pikabea eta Saralegi Etxepareren erreskate lanetan aritu ziren; zazpi egun geroago, gaur hamar urte, haien gorpuen bila abiatu behar izan zuten Jendarmeriako larrialdietarako taldeek: 3.144 metroko Taillon mendian izan zuten mendizaleek istripua, Frantziako Pirinioetan (Pirinio Garaiak), iparraldeko horma eskalatzen ari zirenean. Mendia biziki maite zuten, eta mendian gogoratuko dituzte, asteburuan, haiek maite zituztenek: X. Mendi Eguna ospatuko dute, Beran.

Mendiak eman, eta hartu ere egiten du. "Baina hori maite zuten, mendian ibiltzea", nabarmendu du Luis Mari Pikabearen anaietako batek, Iñaki Pikabeak. Horregatik, hain zuzen, mendiari ez diote bizkarra eman nahi izan. Alderantziz. Anaia hil zen tokira hainbat aldiz itzuli da Pikabea, familiako bertze hainbat kide eta lagunekin batera. "Asmoa badut, noizbait, ipar pareta hori igotzeko ere. Ez dakit nola erran, baina denborak, azkenean, ekartzen du dolua bertze modu batera bizitzea. Eta haiek hori maite zuten, mendian ibiltzea, gailurretara igotzea, eskalatzea. Istripuak, finean, nonahi gerta daitezke".

Manttale mendi lasterketa taldeko kide da Iñaki Pikabea. Agerra mendi taldearen barnean sortutako proiektua da, baina bide propioa egin du. Berako mendi lasterketa eta Berako bestetako gaueko krosa antolatzen ditu, bertzeak bertze. Saralegi, Zubieta eta Pikabea ere taldeko kide ziren. Berako mendi lasterketaren hirugarren edizioa prestatzen ari ziren heriotzak mendian harrapatu zituenean. Sona handiko talde bilakatu da Berakoa mendi lasterketen esparruan. Emakume talde bat ere badu, eta, harrobia lantzeko, haurrena ere bai. "Afizio handia bada; bertzela harremanik izanen ez zuen jendeak bat egin du, gainera, eta hori hagitz polita da".

Aurtengo Mendi Egunaren bidez, halere, duela hamar urte hildako mendizaleen hasierako urratsak gogoratu nahi ditu Manttalek, batez ere; hasierako txangoak eta mendi irteerak. "Hasierako giro hori berreskuratu nahi izan dugu; mendia, lehen bizi genuen bezala", erran du Pikabeak.

Asteburuan, hain zuzen, Berako bazterrak ezagutzeko aukera izanen dute parte hartzaileek, eta Mendi Egunerako prestatutako egitarautik kanpo ere, inguruko mendietan gozatzeko txangoak antolatzen hasi dira Manttalekoak, berriz ere. Lasterketek, erlojupeko igoerek eta eskaladak ere, halere, izanen dute tokia biharko eta etziko prestatutako ekitaldien artean. Denek parte hartzeko aukera izatea helburutzat hartu dute Manttaleko kideek, gainera, eta, iaz bezala, aurten ere, dibertsitate funtzionala duten haurrek izanen dute eskalada ikastaroan aritzeko aukera. "Iaz, 6-8 ume aritu ziren, eta hagitz gustura".

Edurne Pasabanekin

Eskarmentu handiko mendizaleak ziren Zubieta, Pikabea eta Saralegi; mendizale zailduak alpinismoan, eskaladan, bai eta mendiko eskian ere. Pirinioetan eta Alpeetan trebatu ziren. Kilimanjaro mendia 18 urterekin igo zuen Pikabeak. Andeetako mendiak ere ezagunak zituen. 1997. urtean, Peruko Mendikate Zurian izan zen, Zubieta lehengusuarekin batera. "Ni ere hasi naiz eskalatzen, eta maiatzean izan nintzen Perun, haiek ezagutu zuten Mendikate Zurian", azaldu du Iñaki Pikabeak.

Himalaiarako jauzia izan zuten hurrengo urratsa, eta, 1999an, Gasherbrum II-a (8.035 metro) igo zuten bi lehengusuek. Sisha Pangma igotzen saiatu zen Pikabea, 2006an. Edurne Pasaban mendizalearekin aritu zen urte hartan. Bortzirietako hiru gazteak zendu zirenean ere, haiekin zen tolosarra. Pasabanek Asier Izagirre izan zuen soka lagun egun hartan. "Nire bizitzako momenturik txarrenetako bat aukeratu beharko banu, horixe izango zen. Himalaian hainbeste ibili, eta etxe ondoan gertatu zait istripurik larriena, Pirinioetan", nabarmendu du mendizaleak.

Aitortu du halako istripuak gertatzen direnean "gauza asko" pasatzen direla burutik. "Baina aurrera egin behar da. Jendeak, askotan, ez du ulertzen nola garen gai mendira itzultzeko. Baina hau da gure bizitza; hau da gure pasioa. Aurrera egiteko behar duzun indarra, finean, joan direnek ematen dizute. Ziur naiz Xabik, Lorok eta Zubik ere gauza bera egin izango zutela".

Bortzirietako mendizaleak hil zirenean, hamalau 8.000koak amaitzeko proiektua hasten ari zen Edurne Pasaban. "Nire taldean ziren; istripua gertatu izan ez balitz, nirekin izango ziren. Proiektu horretan, momentu txarrenetan, haiek izan ditut gogoan beti; haiei eskatu diet laguntza. Nire egunerokoan oso presente ditut hirurak", erran du, emozioz.

Mendia gozatzeko egunak izanen dira hurrengoak Beran, baina baita Taillonen hildako mendizaleak gogoratzekoak ere. Bortzirietako mendiak izan ziren Zubietak, Pikabeak eta Saralegik zapaldutako lehendabizikoak, eta haien hasierako urratsak omenduko dituzte lagun eta senideek. Mendian. Mendiaz gozatuz.

Kartak ahanzturaren kontra

Kartak ahanzturaren kontra

Kattalin Barber

Adinean aurrera joanda ohikoa da memoria galtzea; gaixotasun neurodegeneratiboak maiz agertzen dira 65 urte baino gehiagoko pertsonen artean. Ezagunena alzheimerra den arren, beste hainbat daude, dementzia baskularra kasurako. NavarraBiomed ikerketa zentroko neurologoa da Javier Sanchez, eta behar bati erantzunez sortu du, Laura Moreno neuropsikologoarekin batera, Encartados proiektua.

Karta jokoen bidez, narriadura kognitiboari aurre egin nahi diote: "Kontsultan askotan galdetzen digute etxean zer egiten ahal duten gaixoak laguntzeko, eta nik beti gomendatzen diet kartetara jokatzea", azaldu du Javier Sanchezek.

Altsasuko Josefina Arregi klinikan elkar ezagutu zuten bi ekintzaile horiek, eta urteetan Sanchezek buruan zuen ideiari forma eman diote, azkenean. Proiektuaren muina gida da, eta bertan azaltzen dira urratsez urrats prestatu dituzten hogei karta jokoak. Gehienak joko ezagunak dira: Eskoba, Xurrupatu bi edota Astoa. Dena den, jokoak "sinplifikatu" eta "beharretara egokitu" dituzte dementzia arina zein larria dutenek jokatu ahal izateko. Joko beraren maila desberdinak bildu dituzte liburuan. "Errezeta liburu bat bezalakoa da; pausoz pauso azaltzen dugu guztia", adierazi du Sanchezek.

Gaixoa jokoan okertzen bada ez zuzentzearen alde egin du Morenok. "Ezin dugu behin eta berriro zuzendu edo behartu; ongi pasatzeko materiala izatea nahi dugu". Izan ere, funtzio kognitiboak estimulatzeaz gain, asmo nagusia gaixo eta zaintzailearen arteko harremana estutzea da. Ez dira karta joko soilak, harago doaz. Memoria, hizkuntza, atentzioa, kontzentrazioa, arrazoibidea, abstrakzioa, aritmetika eta praxia eragiketak landu daitezke horien bidez modu "jostagarri" batean.

Sanchezek izan zuen ideia, orain dela urte batzuk. Gertu izan ditu beti kartak, eta amonarekin aritzen zen. Gaixotu zen amona, eta alzheimerra diagnostikatu zioten. "Baina kartekin jokatzen jarraitzen genuen. Gida bat egitea nuen buruan, eta hau izan da emaitza", azaldu du Sanchezek. Sanchezek eta Morenok badakite haien proiektua ez dela berria. Estimulazio programetan aspaldidanik erabiltzen dituzte kartak. "Edonork ditu etxean kartak, edo erraz eskura ditzake. Zerbait tradizionala eta etxe guztietan dagoena behar honetara egokitu dugu", argitu du Morenok. Kartekin batera, hamaika jarduera egin daitezke etxean narriadura kognitiboa duten pertsonekin: aldizkaria edo egunkaria irakurri, argazkiak berrikusi, landareak zaindu... Garrantzitsuena, haien ustez, tarte atsegin bat pasatzea da. Sanchezen irudiko, gaixoen senitartekoek edo zaintzaileek askotan ez dakite nola bete denbora eriekin. "Ohikoa da hori gertatzea, ordu asko baitira". Besteak beste, kartek hutsune hori bete nahi dute. "Guretzat garrantzitsuena adinduekin denbora pasatzea da, eta orduak modu baliagarri batean aprobetxatzea".

Zaintzaileetan arreta jarri nahi izan du Sanchezek. Izan ere, askotan "ahazten" den taldea dela dio, eta haientzat oso baliagarria izan daiteke Encartados gida. "Gero eta material gehiago badute gaixoekin aritzeko, hobe", esan du neurologoak.

Pozik agertu dira Moreno eta Sanchez gidak orain arte erabili dutenen artean izan duen harrerarekin. Azaroan aurkeztu ostean, hainbat zahar etxe eta egoitzatan egon dira azken hilabeteotan. Iruñeko Misericordia etxean, adibidez, aurkeztua dute gida, eta hango hainbat boluntariok interesa agertu dute. "Zaintzaileak eta senideak dira gure jomuga, baina profesionalentzako eskura izan dezaketen baliabide bat izatea ere nahi dugu".

Alzheimerra duten Nafarroako pertsonen senideen elkartearen eta NavarraBiomed ikerketa zentroaren laguntza izan dute proiektua zabaltzeko. "Seguruenik egoitza askotan kartetara jokatuko dute, baina beste batzuentzat erabilgarria eginen zaie", azaldu du Sanchezek.

Gero eta aukera gehiago

Altsasuko Josefina Arregi klinikan lan egiten du Laura Moreno neuropsikologoak. Estimulazio kognitiboko taldea gidatzen du bertan, eta Encartados gidako jokoak sortu heinean erabiltzaileekin probatzen zituen. "Horrela ikusten genuen zerk funtzionatzen zuen eta zerk ez; jokoen zailtasun maila eta nola egokitu haien beharretara", adierazi du Morenok.

Karta jokoez gain, beste hainbat material erabiltzen ditu klinikan eriekin, baloiak eta margoak, esaterako, eta ariketak eta paseoak ere egiten dituzte. "Gero eta aukera gehiago ditugu haiekin erabiltzeko, eta hori oso positiboa da; materiala aldatzea ona da".

Proiektuaren ardatza gida da, baina, horrez gain, jokoen bideoak eta inkesta bat jarri dituzte www.encartados.com webgunean. Erabileraren feedbacka jakin nahi dute galdetegiarekin: "Oso baliagarria izanen da guretzat nola erabili den jakitea, egokia iruditu zaien ala ez, eta horrekin guztiarekin txosten bat argitaratzea gustatuko litzaiguke aurrerantzean". Lehendabiziko inkesten erantzunak dagoeneko jaso dituzte proiektuaren bultzatzaileek.

Nahiz eta dementzia sendabiderik ez duen gaixotasun progresiboa izan, urrats asko egin dira gainbehera kognitiboa arintzeko edo moteltzeko. Funtzio kognitiboak entrenatu nahi ditu Encartados gidak, kartak zenbatzen, ordenatzen, nahasten... "Zailtasun mailak pertsona bakoitzari egokitua egon behar du; horrela, erabiltzailearentzat erronka txiki bat izanen da".

Horrelako tresnak balio handikoak izan daitezke dementziaren bat duten pertsona nagusien arretaren esparruan. Laguntzea da Sanchezen eta Morenoren asmoa; urratsak egitea gaixotasuna dutenen eta haien senitartekoen alde.

Itzultzen ari da bere onera

Itzultzen ari da bere onera

Kattalin Barber

Ongi zaindutako ibai bat bakarrik garbitzen ohi da, sobera dagoen landaretza kentzeko ahalmena badutelako uhaldiek. Hiri izaera duen eta "hein batean artifiziala" den tarte batean, hala ere, beharrezkoa izaten da esku-hartzea: hondakinak nonahi daudelako, adibidez. Elortz ibaiaren ibilgua eta ertzak garbitzeko lanekin hasi zen joan den astean Iruñeko Udala, Etxabakoitz auzoko hirigunetik igarotzen den zatian.

"Ikuspuntu guztietatik begiratuta, tarte horretan Elortz ibaiaren itxura negargarria da". Iruñeko Udaleko Hiri Ekologia eta Mugikortasun saileko zuzendaria da Camino Jaso, eta asteon dabiltza garbiketa lanekin. Udalak antolatutako auzo eztabaidagunetan behin baino gehiagotan atera izan da Elortz ibaiaren auzia. "Etxabakoizko tartea ez da batere naturala; auzoa eraiki heinean hor gelditu da ibaia, eta nahiko ahaztua eta utzia dago. Beharbada, horregatik bota dituzte hondakinak", adierazi du Jasok. Zainduta ez egoteak "are gutxiago zaintzea" ekartzen duela uste du, gainera.

Joan den astetik, gehienbat obra hondakinak bildu dituzte, 300 metro inguruko tarte horretan, lanean ari diren beharginek. "Ekintza honen helburua izan da sasiak kentzea eta haien azpian zer dagoen ikustea; izan ere, sasiek dena estaltzen zuten, eta ez genuen ezer ikusten". Sasia balio ekologiko handia duen eta hainbat animalia babesteko balio duen zuhaixka bat bada ere, gehiegi zabaldu da Etxabakoitz inguruan, eta horrek arazoak eragiten ditu, isuriak tokian bertan trabatuta geratzen baitira. Horrez gain, ibilgua ahokatuta dago, eta ibaiertzetako ezpondek malda garaiak dituzte zenbait tokitan.

Gizakiak botatako zikinkeriak eta landare inbaditzaileak kentzen ari dira, baina berez sortzen den tokiko landaretza mantendu nahi dute: "Hori kentzen badugu, ez gara garbitzen ariko, bizitza kentzen baizik". Garrantzitsua da, funtzio ekologikoak betetzen dituelako. Lehen urratsa, hortaz, sasiak kentzea izan da. Hondakin guztiak atera dituzte, eta ibaiaren ibilgua nola dagoen aztertu: "Ibaia handitzen denean arriskutsuak izan daitezkeen elementuak kendu ditugu, hilak dauden adarrak eta enborrak, adibidez". Landaredi inbaditzailea kendu dute, sarritan kalteak eragiten dituztelako uhaldietan, urak erraz asko eramaten baititu arrastaka.

Aurretiazko esku hartze bat egitea da xedea, garbiketako oinarrizko helburuak betetzeaz gain, ibilguaren benetako egoeraren eta inguruen balorazioa egiteko. Aurrerago esku hartze osoago bat egin nahi du Iruñeko Udalak, uhaldiei aurre egiteko ibaiaren ibilgua hobetu ahal izateko. "Orain, tarte batean ari gara lanean, baina kontuan izan behar dugu garrantzitsua dela zer dagoen uretan gora eta uretan behera; ibaia elementu lineala da, eta bere osotasunean hartu behar dugu kontuan". Beraz, testuinguruan jartzeko eta aurrerago ekintza orokorrago bat egiteko balioko dute orain martxan jarritako lanek.

Hala, esku hartzearekin helburu komuna bete nahi da: automantentzea. Ibaien uhaldiek egin ohi dituzte garbiketa lanak, horiek baitira haien erremintak. Hondakinak daudenean, hala ere, ez da nahikoa ibaiak egiten duena. "Ibai osasuntsu batek, bere ohiko uhaldiekin, askoz hobeto funtzionatzen du isurbide edukiera ona duelako". Jasok adierazi du horri "tunel efektua" deitzen zaiola: landaretzak tunel modukoa eraikitzen du, itzalpean, eta, modu horretan, bertan ez da ezer hazten uraren emariari oztopatzen diona. Uhaldi "normalei" aurre egiteko gaitasuna du Elortz ibaiak, Iruñeko Udaleko adituaren ustez, bere tamaina eta morfologia dela eta, hain zuzen ere.

"Salatari lana"

Arazoaren muinera joan behar dela uste du Jasok: "Saiatu behar dugu ibaiaren ibilgura hainbeste hondakin ez dadin iritsi". Ibilgura iristen diren hondakin gehienak kalean bertan daudenak izaten dira, eta, euria dela eta, haraino iristen dira.

Horrez gain, ur bazterren erabilera erregulatzearen alde egin du adituak, arazoak ez sortzeko, adibidez, txabolekin. Eta prebentzio, sentsibilizazio eta kontzientziazio lanak egitea ere ezinbestekotzat jo du Camino Jasok. "Ibaiak ekosistemaren behe zatiak dira; haiek biltzen dute eta jasotzen dute arroan, ur gorenetan eta ondoko ibai adarretan gertatzen dena, eta salatari lanak egiten dituzte. Garrantzitsuak dira, ondorioz".

Iritzia: Ateak nola ireki

Tania Arriaga Azkarate
Bazen behin hurbileko erreinu bat non erregeak, bere kortesano tripazorro, bihozgabe eta krudelekin, herritar txiroen uztak lapurtu, eta bizitzak ankerkeriaz gobernatzen zituen. Gortesauen arbasoen asabek, jendearen artean izua z...

Ez dute zirkulua lerro zuzen bilakatzea nahi

Ez dute zirkulua lerro zuzen bilakatzea nahi

Edurne Elizondo

Datozen hamar urteetarako plana onartu berri du Nafarroako Gobernuak hondakinak kudeatzeko, eta testu horretan, hain justu, eredu aldaketaren beharra eta ekonomia zirkularraren aldeko apustua nabarmendu ditu administrazioak. Erriberan, ordea, egitasmo horien aurka egiten duen erabakia hartu dutela salatu dute plataforma osatu berri duten herritarrek eta eragileek: akordiorako oinarria onetsi dute Erriberako Hondakinen Mankomunitateak eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, azken herrialde horretako errefusaren zati bat Tuterako El Culebrete tratamendu zentroan hartzeko.

"Erabaki horrek kolokan jartzen du gobernuak onartutako hondakinen plan osoa", salatu du Sustrai Erakuntza fundazioko Martin Zelaiak. Zehazkiago, erran du beldur dela plan hori mamirik gabeko azala ote den. "Kontseilariak berak esan du hondakinen kudeaketan eredu aldaketa bat behar dugula, baina Tuteran egin nahi dutenak ez du asmo horrekin bat egiten. Ez da urrats bat aurrera, atzera baizik. Larria da".

Azaroan zabaldu zen Erriberako Hondakinen Mankomunitateak eta GHK-k onetsitako akordiorako oinarriaren berri. Zehazki, Erriberako mankomunitateko batzorde iraunkorrak hartu du erabakia. PSNren esku dago mankomunitatearen lehendakaritza, eta batzorde iraunkor horretan ere ordezkari gehienak alderdi sozialistako kideak dira. "11 kide dira, eta PSNren ordezkari dira zazpi. Ezkerrak hiru ditu, eta UPNk bakarra", azaldu du Erriberako Hondakinen Mankomunitateko presidenteorde Olga Risueñok. Ekologistak Martxan taldeko kide izan da Erriberan, eta Ezkerrako zinegotzia da, orain, Tuterako Udalean.

Erriberako eta Gipuzkoako erakundeen artean adostutakoaren arabera, Gipuzkoako errefusaren zati bat ekarriko dute Nafarroara: urtean, gehienez, 70.000 tona hondakin, hain zuzen ere. Akordioa hiru urterako litzateke, laugarren urtez luzatzeko aukerarekin. Erriberako Hondakinen Mankomunitateak, trukean, bost milioi euro inguru jasoko lituzke. Asmoa da Gipuzkoako errefusa tratatzea El Culebrete zentroan, baina horko zabortegian lurperatu gabe. Erriberatik, beraz, bertze zabortegi batera eramanen lituzkete hondakinak, El Culebreten bereizi eta tratatu ondoren.

Adostutakoaren inguruan dituen zalantzak jarri ditu mahai gainean Sustrai Erakuntza fundazioak. Batetik, ekonomia zirkularraren aurka egiten duelako, eta birziklatzea ez duelako lehenesten; bertzetik, Gipuzkoatik Erriberara eramateko 200 kilometro baino gehiagoko bidea egin beharko dutelako hondakinek. "Horrek Erriberan egun dauden kutsadura arazoak areagotu besterik ez ditu eginen", erran du Zelaiak. Hirugarrenik, fundazioko kideek ez dute argi hondakinen azken helmuga zein izanen den. "El Culebreten lurperatzeko arriskua bada, beste nonbaitera eramateko dauden zailtasunak kontuan hartuta", erantsi du fundazioko kideak.

Kezka horiekin bat egin dute Erriberako herritar eta eragile anitzek, eta, ondorioz, Gipuzkoako hondakinak Tuteran hartzeko egitasmoaren aurkako plataforma osatu dute. Hainbat herritako hautetsiek, eta zenbait sindikatuk eta talde ekologistak bat egin dute, bertzeak bertze. Elkarretaratzea egin zuten plataformako kideek joan den abenduaren 17an, eta lanean jarraitzeko asmo sendoa agertu dute. Gustavo Gil Perez Nievas da plataformako kideetako bat. Tuterako Udaleko zinegotzia ere bada, Candidatura de Unidad Popular (CUP) taldearekin.

Talde horrek aurkeztutako mozioa onartu zuen Tuterako Udalak, hain zuzen ere, joan den abenduaren 4ko osoko bileran. Onartutako testuaren bidez, GHKren eta Erriberako Hondakinen Mankomunitatearen arteko akordiorako oinarriaren aurka egin du Tuterako Udalak. PSNk ez zuen mozioa babestu, baina UPNren aldeko boza jaso zuen. Ezkerra, berriz, abstenitu egin zen.

Zinegotzi eta plataformako kide gisa, Gil Perez Nievasek argi du Erriberako mankomunitateak bertan behera utzi beharko lukeela Gipuzkoako hondakinak Nafarroara ekartzeko egitasmoa. Hainbat auzi jarri ditu mahai gainean. Batetik, akordiorako oinarria batzorde iraunkorrak onartu izana salatu du. "Mankomunitateak berak erraten du erakunde horren organo nagusia batzar nagusia dela". Bertzetik, zinegotziak gogoratu du mankomunitateak ez dituela zuzenean kudeatzen Erriberako hondakinak; FCC enpresak du ardura hori bere gain. "Jasotako zaborraren arabera kobratzen du; ondorioz, gero eta hondakin gehiago hartzea interesatzen zaio". Kezka horrekin bat egin dute Sustrai Erakuntza fundazioko kideek, eta hondakinen kudeaketa enpresa pribatuen esku dagoenean negozioa gailentzen dela nabarmendu du Zelaiak.

Egoera horri aurre egiteko beharra aipatu du Gil Perez Nievasek, hain zuzen ere, eta Erriberan sortu berri duten plataformak aukera bat proposatu du: "Birziklatutako tona bakoitzeko ordaintzea".

Gobernuaren jarrera

Hondakinen kudeaketan Gipuzkoak atzera egin duela argi du Zelaiak. "Ekonomia zirkularraren eta birziklatzearen aldeko apustua bazter utzi dute, eta hondakinak errausteko urratsa babestu dute". Erriberan egin nahi dutenaren atzean "eredu bera" dagoela argi du Sustrai Erakuntza fundazioko kideak. "Teknika da ezberdina; han errausten dutena hemen lurperatu nahi dute, baina eredu bera da. Eta eredu hori da aldatu behar dena".

Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Landa Garapen eta Toki Administrazio kontseilari Isabel Elizaldek berak bat egin zuen asmo horrekin, hondakinak kudeatzeko plana aurkeztu zuenean. Alegia, eredua aldatzeko beharra nabarmendu zuen. Aldi berean, ordea, Gipuzkoako hondakinak El Culebreten hartzeko proiektuari oniritzia eman dio departamentu horrek. Behin betiko baimenaren zain da Erriberako mankomunitatea oraindik ere, halere, baimen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean agertzeko zain.

Gobernuak gogoratu du Nafarroatik kanpoko hondakinak tratatzeko akordioen inguruko ardura ez dela berea, mankomunitateena baizik. "Nik uste dut gobernuak ez zuela Erriberan egin dutenaren gisako akordiorik nahi, baina ez du ezetz esan. Pentsatzekoa da harremanen bat izanen zela Gipuzkoako EAJren eta Geroa Bairen artean", erran du Zelaiak. Erriberako plataformako kideek ere "susmopean" jarri dute Nafarroako Gobernuaren jarrera, eta Geroa Bairen eta Gipuzkoako EAJren arteko harremana ikusten dute egindako urratsen atzean. "Gobernua hagitz azkar ari da dena egiten", azaldu du Gil Perez Nievasek.

Plataformako kideek, halere, Erriberako Hondakinen Mankomunitateak duen ardura jarri dute erdigunean. "Mankomunitatea Erriberako hemeretzi herrik osatzen dute; herritarron erakunde bat da, finean".

Ezkerrako zinegotzi eta mankomunitateko presidenteorde Olga Risueñok, hain zuzen, erakunde horren barrutik bizi izan du akordiorako oinarria onesteko prozesua. CUP taldeak mozioa aurkeztu zuenean, abstenitu egin ziren Ezkerrako zinegotziak Tuterako Udalean, abenduaren 4ko bileran. Hil horren 7an, ordea, batzarra egin zuten Ezkerrako kideek, eta Gipuzkoako hondakinak Tuterara eramateko asmoaren aurka agertu zen koalizioa. "Ezetzaren oinarria ez da hainbertze adostutako testua, hondakinak kudeatzeko eredua baizik", zehaztu du Risueñok.

Zinegotziak azaldu du Erriberako Hondakinen Mankomunitateko presidente Tomas Aguadok maiatzean eman ziela auziaren berri. "GHKrekin harremanetan zela azaldu zigun ekaineko batzorde iraunkorraren bileran. Irailean, berriz, akordiorako oinarria prest zela erran zigun; adostu zutela mankomunitateak bost milioi euro inguru jasoko zituela, eta 10-14 lanpostu sortuko zirela, txandak bikoiztuko zituztelako Gipuzkoako hondakinak tratatzeko", zehaztu du. Ezkerrako kideek azaroaren 21ean jaso zuten akordiorako oinarriak jasotzen zituen testua. "Ongi aztertu eta gero, uste dugu egin nahi dena ez dela hondakinak kudeatzeko modurik egokiena; horregatik eman diogu ezezkoa", erantsi du Risueñok.

Mankomunitateko presidenteordeak bertze gai bat jarri du mahai gainean: erabakiak batzorde iraunkorrak hartu izana. "Guk argi dugu auziak eskatzen duela batzar nagusiak erabakitzea; mankomunitateko teknikariek erran dute, halere, batzorde iraunkorrak akordiorako oinarria onesteko eskumena duela".

Akordiorako oinarria da egun Gipuzkoak eta Erriberak sinatutakoa. Akordio hori berretsi behar da, ordea, aurrera egiteko. Urratsak egiten jarraitzeko, hain zuzen ere, zailtasunak ditu Erriberako Hondakinen Mankomunitateak: Gipuzkoako errefusa El Culebreten hartu eta gero nora eraman argitzeke dago, oraindik ere.

Arnedon (Espainia) zabortegi bat kudeatzen du FCCk, eta harat eramatea izan zen lehen aukera; baina Arnedokoa industriaren hondakinentzako zabortegia da. "Ez du balio", erran du Sustrai Erakuntzako Zelaiak. Aukera hori baztertu eta gero, Aragoiko (Espainia) Ejea de Los Caballerosko zabortegia zen FCCren bigarren aukera. "Hori, ordea, ez dago enpresa horren esku. Publikoa da. Ez da erraza izanen baimena lortzea", erantsi du Zelaiak.

Zailtasun horien ondorioz Gipuzkoako hondakinak Tuteran geldituko ote diren beldur dira Sustrai Erakuntzako kideak, bai eta Erriberan plataforma sortu dutenak ere. Egun, jada, Erriberatik kanpoko hondakinak hartzen dituzte El Culebreten. "Nafarroa osoko hondakinen %41, hain zuzen; Iruñerrikoak eta Lizarraldekoak dira honat etortzen ez diren bakarrak", azaldu du Gil Perez Nievasek. Gogoratu du Gongorako zabortegia 2022an itxiko dutela. Iruñerriko hondakinak hartzen ditu horrek egun.

El Culebreteko datuek, halere, zalantzan jartzen dute horko kudeaketa. "Mankomunitateak berak emandako datuen arabera, jasotako hondakinen %1,12 baino ez dute birziklatzen; %47 konpost bilakatzen dute, baina ez du saldu ahal izateko kalitaterik", erran du Gil Perez Nievasek. Argi du zentro hori ez dela hondakin gehiago hartzeko toki egokia.

Zailtasunak nabarmendu ditu Zelaiak, eta pentsatu nahi du onetsitako akordiorako oinarriak bazter uzteko gai izanen direla zailtasun horiek. Herritarren erantzuna txalotu du, halaber, Sustrai Erakuntzako kideak, eta auziak haien artean birziklatzeko kontzientzia piztuko duela espero du. Akordioa berresteko bilerara ez du deitu, oraingoz, Erriberako Hondakinen Mankomunitateak.

Aldarri are ozenagoa urtegiaren aurka

Aldarri are ozenagoa urtegiaren aurka

Kattalin Barber
Urteak dira Aragoiko (Espainia) Rio Aragon eta Nafarroako Esa+Ez Lanak Gelditu elkarteak lanean ari direla Esako urtegia handitzeko lanak bertan behera uzteko. Tinko aritu dira hasieratik, eta, orain, haien oihartzuna are gehiago zabald...

Teoria hutsa izan ez dadin

Teoria hutsa izan ez dadin

Asier Garcia Uribarri

Hiztegia, gramatika eta, orain, literatura. Euskarazko autore klasikoen ordena berari jarraitu die Aitor Aranak Izarbeibarko euskararekin. Hamar urtez ikertu du Aranak XX. mendearen hasieran galdutako euskalkia. Hainbat lan teoriko publikatu eta gero, literaturarako saltoa ematea erabaki du Izarbeibarko ipuñak lanarekin. Ibarreko toponimo, atsotitz eta kondairetan oinarrituta, hamar ipuin idatzi ditu. "Koldo Colomo Garesko euskara teknikariak material ugari pasatu zidan ibarreko kontuen inguruan. Irakurri ahala ipuin bat idazteko moduko trama bururatzen zitzaidanean aukeratzen nuen gaia", azaldu du Aranak.

Izarbeibarko euskaraz hainbat ikastaro eman ditu Aranak. Horietako batean, euskal mitologiako ipuin batzuk ibarreko euskalkira itzultzeko agindu zien ikasleei. Itzulitako lan horiek Garesko Udalak publikatu zituen 2011n, ibarreko euskaraz idatzitako beste testu klasiko batzuekin batera, Irakurgaiak Izarbeibarko euskaraz: Uterga, Ukar eta Garesko testu zaharrak eta berriak izenburupean.

Esperientzia hartatik, Colomo euskara teknikariari eskualdeko euskaraz literatur lan bat argitaratzeko ideia otu, eta Aranari proposatu zion. "Hasieran, Printze txikia lan klasikoa itzultzea pentsatu genuen, orain urte batzuk zubererara itzuli baitzuten. Baina ez zen bideragarria, egile eskubideak oso garestiak direlako", azaldu du idazleak. Orduan, Colomok beste aukera bat eskaini zion: eskualdeko kondaira eta sineskerietan oinarritutako ipuinak sortzea.

"Ipuin guztiak asmatu ditut bertako kondaira, sineskeria, mitologia eta toponimian oinarrituta. Izarbeibarrek aukera asko ematen ditu alde horretatik", aitortu du Aranak. Adibidez, Izaki misteriotsua ipuina Obanosko esaera zahar batean oinarritua dago. Horren arabera, urteak egun adina sudur dituen gizon bat ageri da Gabon zahar gauetan. "Mami handia atera ahal zaio esaera horri. Berehala bururatu zitzaidan horrekin istorio bat egin zitekeela, beldurrezkoa, gainera". Harrisko lamia ipuina, berriz, toponimian oinarrituta dago. "Obanosen, Lamiategi deitutako leku bat dago. Gainera, eskualdeko eliza bateko kapitel batean lamina baten irudia badago. Hortik, mitologia ipuin bat otu zitzaidan". Eunateko Andre Mariren eliza ere izan da hainbat ipuinen iturburua. Eliza berezia baita, arte erromanikoan oinarri oktogonala duen bakarra.

Ipuin guztiak Aranak asmatutakoak badira ere, batzuk aurretik ezagunak diren kondairetatik sortuak dira. "Izarbeibarren, mundu guztiak ezagutzen du Txoria eta Ama Birjinaren kondaira. Nola txori bat joaten zen urtero Garesko zubian zegoen Ama Birjinaren irudiari aurpegia garbitzera. Nik istorio hori txorien ikuspuntutik kontatzea pentsatu dut". Gertakari historikoak ere kontuan izan ditu. Badago, adibidez, Erreniegako segada deitzen den kontakizuna; bertan, Aranak kontatzen du nola iruindar eta izarbeibartarrek aurre egin zieten Gaztelako tropei.

Izarbeibarreko herritarrek ipuinetan aipatutako kontu eta leku batzuk ezagutuko dituzte. Hori da liburuak dituen alde erakargarrietako bat, bertakoek kontuak hurbil sentituko dituztela. Hala ere, kanpokoak direnentzat, Izarbeibar sakonago ezagutzeko modua ematen du.

Era berean, ipuinak bertako artisten marrazkiekin ilustratuta daude. Garesko Udalak liburua koloreetan publikatzea erabaki du, eta horrek bizitasun handia ematen die marrazkiei. "Margolariek ipuinak irakurri gabe egin dituzte euren lanak. Gaia baino ez zuten ezagutzen. Izarbeibarko egoera soziolinguistikoa ez da euskararen oso aldekoa. Artistetako asko erdaldunak dira; beraz, ezin genuen itxaron liburua idatzi, itzuli eta ondoren marrazkiak egin zitzaten, prozesua asko luzatuko baitzen".

Euskalkia berrerabiltzen

Luis Luziano Bonaparte printzeak Izarbeibarko euskararen berri eman zuen haren euskalkiei buruzko lanetan. Haren arabera, XIX. mendearen erdialdean oraindik euskaldunak bazeuden eskualdean, baina 40 urtetik gorakoak ziren gehienak. Garesko Udalak borondate handia jarri du azken urteetan euskalkiari buruzko lanak argitaratzeko, eta lan horretarako bide lagun ezin hobea aurkitu du Aranarengan. Baina zentzurik ba al du orain ehun urte desagertutako hizkera bat berreskuratzeak? Aranak badu erantzuna: "Helburua ez da euskalkia berreskuratzea, ezta euskara batuari konpetentzia egitea ere. Lan hauek euskara batua elikatzeko asmoa dute, horretarako ere balio baitute euskalkiek, euskarari aniztasun handiagoa emateko".

Gainera, Aranak gogoratu du testuen ulermena errazten duela ibarreko euskara euskara batutik oso gertu egoteak. "Euskara batua ondo egindako estandarra da, erdialdeko hizkerak hartu zituelako oinarri. Askotan esaten da gipuzkeran dagoela oinarritua. Egia da bertatik asko jaso zuela, baina aditz sistema nafarreraren askoz antzekoagoa da. Beraz, Izarbeibarko euskaldunak ez du arrotza ikusiko haren arbasoen hizkera".

Liburuaren aurkezpenean, Oihan Mendo Garesko alkateak aipatu zuen liburu honekin ziklo bat ixten dela, lan teorikoak, testu zaharrak eta literatura berria publikatu ostean. Nolanahi ere, Aranak aitortu du zikloa ez dela erabat itxi. "Otsailean, euskalkiaren beste ikastaro bat egitea proposatu zidan alkateak. Niri ilusio handia egiten dit lan hau egiteak, eta baiezkoa eman nion".

Liburu andana saldu zen aurkezpenean bertan, tokiko hizkerek erakartzeko duten gaitasunaren seinale. Aranarena lehen saioa da. Hemendik aurrera, beste batzuen txanda izango da, aurretik egindako lana teoria hutsa izan ez dadin.

Iritzia: Urte berri berri

Jon Barberena

Hamabigarren mahats pikorra irentsi, eta urte berriak urte zaharra irentsi du. Sukaldeko dekorazioaren parte zen egutegia zakarrontzira bota, eta irudi berri batek eta zenbaki beltz eta gorri andanak estaliko dute pareta. Hainbertze bizipen utzi dizkigun urtea zokoratu, eta urte berrian iltzatuko ditugu begiak eta nahiak. Ez da helburu berririk faltako 2017an. Arimak pisurik ez duenez, haragiaren gramoetan eta kiloetan paratuko dugu arreta. Arimak ez du lekurik gurean. Elizak hustu eta gimnasioak bete zaizkigu azken urte hauetan; gorputza egurtuz eta gurtuz. Gerri-bueltan soberan dagoen haragiak konfesiorako aproposak ez diren bekatuek baino buruhauste gehiago sorrarazten digute. Gimnasioetako tramankuluak objektu sakratu ditugu, korrika egiteko zintaren soinu errepikakorra mantra belarriendako eta fedea argaltzeko botika miragarrietan edo ahoskatzeko hain zailak diren jarduera berrietan harrapatuko dugu. Stretching eta crossfit bezalako hitzak ez dira faltako erosi berria dugun agenda ñabarrean. Agenda betez eta potolotuz; gorputza hustuz eta argalduz.

Urte berriarekin batera, mingainak jatekoan ez dauden bertze zapore batzuk milikatu nahi ditu. Turroiaren gozotasunaz edo gintonic-aren garraztasunaz aspertu eta hizkuntza berrietan aurkitu nahi du plazera. Urtarrilak aniztasunera garamatza. Bidaiatu gabe, mugak hautsi eta hizkuntza berriak korapilatuko ditugu mingainean gure curriculumaren hobe beharrez. Comment allez-vous? I'm fine, thanks.

Hilabete hotz honetan, erronkak ez dira faltako euskaldunon artean. Norbere muga helmuga bihurtuz. Gero eta gehiago dira buruko argia paratuta arratsez entrenatzen dabiltzanak mendian ehun kilometrotik goiti egiteko, eta Quebrantahuesos proba bortz orduz egiteko asfalto beltzean bizi direnak.

Helburuak eta helmuga urrunak. Urtero paratuagatik, maiz bide erdian galtzen direnak. Ahoa promesez bete arren, gerora betetzeko ahulegiak gara nonbait. Jainkotutako gorputz eredu perfektua lortzeko kirola egitea edo curriculumaren hobekuntza, maiz, bete gabeko helburu bihurtzen zaizkigu. Gizarteak zoriontsu izateko paratu dizkigun langak dira horiek. Gizarteak errezetatutako eginbeharrak ditxosozko zoriona eskuratzeko. Erdietsi beharreko helburu indibidualak, bakar-bakarrik zapaldu beharreko helmugak. Gizaki sozialondako bakarkako kirol neketsu bihurtu da bizitza.

Horren narzisistak izan gabe, urte berriari taldean eskuratu beharreko desioren bat eska diezaiokegu. Gutitan aditzen ditut konpromiso sozialak dauzkaten nahiak jendearen solasetan. Adibidez, mintzalagun izan gaitezke gure herri edo auzoan; kooperante edo misiolari hegazkinik hartu gabe inguru hurbilean; edo euskaraz mintzo den egunkari bakarra, BERRIA, eros eta lagun dezakegu.

PD: Helmuga sozialak norbanakoaren helmugak direla idatzi dudalarik, mutiko gazte bat billabesatik jaitsi da, sakelakoa piztu, aurikularrak belarrietan paratu eta inguruko errealitateari eta estimuluei bizkarra eman die.

Urte berri on.