Nafarroa

Bonbak bakearen egunerako

Bonbak bakearen egunerako

Edurne Elizondo
Ez dira isildu. Iraganeko eztanden oihartzunak bat egin du egunotan Bardea zulatzen ari diren bonben hotsarekin. 1951. urtetik dago martxan Erriberako tiro eremua, baina lehergailuen burrunba ez da izan Erriberan geroztik entzun den bak...

Dantzan jarri dute Lizarra

Dantzan jarri dute Lizarra

Kattalin Barber
Bost urte ditu Sara Zugastik; 68, berriz, Ander Irisarrik. Larraiza dantza taldeko dantzari gazteena da lehendabizikoa, eta dantzari ohi zaharrenetarikoa, berriz, bigarrena. Bihar, elkarrekin aterako dira biak, eguerdian, Lizarrako entz...

Zortzi mendetako Nafarroari so

Zortzi mendetako Nafarroari so

Kattalin Barber

Martxan da Nafar Estatuaren Historia izenburuko 11. ikastaroa; abendura arte, VIII. mendean Nafarroako Erresumaren egituraketa zein zen azaldu, eta konkistara arteko mugarri historikoak jorratuko ditu. 2012an hasi zen Euskokultur Fundazioa, UEU Udako Euskal Unibertsitatearen laguntzarekin, Nafarroako estatuaren historiari buruzko ikastaroa antolatzen. Euskaraz, asteazkenero ariko dira historiari buruz Arrotxapean dagoen Euskokultur mintegian, 19:00etatik 20:30era. Asteartero, berriz, gaztelerazko saioak izanen dira. Erdarazko ikastaroetan Aitor Pescador izanen da irakasle, eta euskarazkoetan, berriz, Bixente Serrano.

Serrano historialariak azaldu du "maila apalean eta era ulergarrian" antolatutako ikastaroa dela: "Ez da historian aditua izan behar hona etortzeko. Izan ere, ikastaroa ez da Nafarroako historian aditu direnentzat, baizik eta interesa duen edonorentzat". Nafar Estatuaren Historia, VIII.-XVI. mendeak da izenburua, eta abenduaren 14ra bitartean eginen dute.

Orreagako gatazkatik eta 1512ko konkistara arte, Nafarroako historia ardatz hartuko du Euskokultur Fundazioak eta UEUk antolaturiko ikastaroak. Hamabi saiotan antolatu dute, eta Nafarroako Erresumaren sorrera, bilakaera eta konkistaren zioak ezagutzeko modu bat izan nahi du. Mende horietako gertaerak azaltzeko eta sakontzeko aukera eman nahi die parte hartzaileei.

Antolatzaileek espero dute azkeneko saioak piztuko duela eztabaida gehien. Nafarroako konkista eztabaidan izena du, hain zuzen ere. "Historiaren garapen kronologikoa 11 saiokoa da, baina beste bat egin dugu konkistaren gaia eztabaidatzeko. Zeintzuk izan ziren ikusmoldeak, eta konkista baten ustezko onurak eztabaidatuko ditugu", azaldu du Serranok.

Nafarroako Erreinuaren konkistaren 500. urteurrena izan zen 2012an, eta urte horretan erabaki zuten ikastaroa egitea. Hiru antolatu zituzten, zehazki: "Esan dezakegu modan jarri zela konkistaren gaia. Sozialki nolabaiteko boom-a izan zen, jendeari sortu zitzaion jakin-mina, eta bide horretan antolatu genuen hau", jakinarazi du Xabier Lozano ikastaroaren arduradunak. Lau urte geroago, interesa dago, eta gustura prestatzen dute ikastaroa Arrotxapeko egoitzan.

Datuak eman ditu Lozanok: urte hauetan guztietan 350 pertsonak parte hartu dute ikastaroan. "Horrez gain, saio osagarriak eta doako hitzaldiak antolatu izan ditugu, eta 150 pertsona inguruk parte hartu dute horietan", erantsi du. Asteazkenean zortzi lagunek hasi zuten ikastaroa euskaraz, eta gaztelaniaz, berriz, 11 pertsonak. Izena ematen duten gehienak Nafarroakoak direla esan du Lozanok, baina urteren batean Gipuzkoatik etorritakoak ere izan dituztela gaineratu du: "Askok, gainera, materiala eskatzen digute. Bibliografia zabala daukagu, bai eta ikus-entzunezkoak ere".

Gazte gutxi

Heldu den abenduaren 14ra arte iraunen du ikastaroak. Eguberrietatik bueltan, hala ere, Euskal Herria XVI-XX. mendeetan ikastaroa hasiko dute, aurrekoari segida emanez. Azkeneko lau mendeak ditu ardatz horrek: "Interes gutxiago du. Askok pentsatzen dute mende horietan Nafarroa desagertuta zegoela, ez zela ezer gertatu. Baina kontu eta fenomeno oso interesgarriak daude. Adibidez, nola moldatu zuten diskurtsoa Nafarroan erresuma gisa mantentzeko", argitu du Serranok. Haren ustez, Nafarroako gizarteak gero eta ezagutza handiagoa du historiari buruz. "Dena den, nabarristak ez direnen artean gertatzen ari da hori. Ideologiengatik oso baldintzatuta jarraitzen du gaiak".

Ikastaroa ahoz aho zabaldu dela dio Lozanok, eta izena eman dutenek "izugarri kontent" daudela ziurtatu dute. "Gustatuko litzaigukeen baino gazte gutxiago etortzen dira; 30 urte baino gehiagokoak etortzen dira, eta horietako asko, erretiratuak".

Saioz saio, abendura bitarte honako gai hauek jorratuko dituzte: Urte ilunak (778-900), Iruñeko Erreinuaren lehen zabalpena (905-1000), Baskoniako bertze lurraldeak 1000. urtera arte, Antso III.a Nagusia eta haren oinordekoak (1004-1076), Iruñeko Erreinutik Nafarroako Erreinura (1076-1194), 1194-1212: Nafar Estatuaren krisia, Txikiagoturiko Nafarroa (1200-1400), Berreskuratzeke leudekeen lurraldeak (1200-1400), XV. mendeko konbultsioak, Nafarroako Estatua eta Europa (1494-1512), Urte erabakigarriak (1512-1530) eta Nafarroako konkista eztabaidan.

Iritzia: Zaharren egoitza pribatuak

Tania Arriaga Azkarate

Uda joan zaigu, eta, gehienontzat, estresaren eta abentura berrien sinonimo da ikasturte berriaren hasiera. Aldiz, zaharrentzako egoitzetan dauden lagunentzat erronka uda estresik gabe gainditzea dela esanen nuke nik. Izan ere, udako sasoiarekin batera zaintzaileek merezitako oporrak hartzen dituzte, eta lanera behin-behineko ordezkariak heltzen dira; 0tik 100erako abiaduran lan-karga berari aurre egin behar diote.

Zeregin taula ikaragarria dutela jakin dut, minutuz minutu antolatuta, pertsonekin baino gehiago, automozio piezekin lan egiteko pentsatua. Gainera, enpresek sarri uda baliatzen dute egiturazko aldaketak egiteko, hau da, eraikuntza lanak edo berrantolaketak aurrera eramateko. Baldintza prekario horiek zahar etxeetan ditugun lagunek ere pairatzen dituzte. Uda garaian, istripu txikiak eta nahasteak nahi baino gehiagotan gertatzen dira; horregatik, esan daiteke enpresen zuhurkeriak osasuna okerragotzen diela gure senitartekoei.

Nafarroan badira hiru zahar etxe publiko, bi Iruñean eta hirugarren bat Lizarran; itunpeko egoitzak, berriz, 77 dira. Azken horien artean, 38 Lares sare erlijiosoari dagozkio, hortik gero egoitzen izenak ere: San Jose, Aita Barandiaran, San Frantzisko Asiskoa… Bestalde, Setenasa Gestion etxeak erresidentzia bat du, Sanitas Residencial etxeak bi, Seresgesnak beste bi eta Ammak, berriz, bost. Edonola, horiek guztiek gauza komun bat dute: mozkin ekonomikoa; eta azken urteetan bildutakoa, hain zuzen ere, ez da makala izan.

Esate baterako, 2014. urtean, Amma Nafarroak 1.804.000 euro irabazi zituen, eta, 2015. urteko txostenaren arabera, iaz, Amma Españak inoiz baino diru gehiago bildu zuen. Amma, 1997. urtean Nafarroan sortu, eta Estatuan barna Banca Civicarekin zabaldu zen, gure sosa dela medio, hain zuzen ere.

CANeko banpirizazioaren ondoren Amma Caixabankarena izatera pasatu zen, joan den ekainean 220 milioi euroan Decathloneko jabeari saldu zion arte. Dena dela, enpresa pribatuen artean, hau da tokiko bertako, Nafarroako, lan hitzarmena duen bakarra, eta langileen baldintzak gainontzeko enpresa pribatuenak baino pixka bat hobeak dira.

Adinduen zaintza kudeatzeko beste eredu bat ere badugu herrialdean: Nafarroako 29 herritan udalek/fundazioek/patronatuek gidatutako zaharrentzako egoitzak badituzte.

Kasu horretan, arazoa bestelakoa izaten da, hurbiltasuna dela eta beharginek ezin baitute bizitza pribatua lan-bizitzatik bereiztu.

Argi eta garbi, zaharrentzako egoitzetan aritzen diren langileek lan baldintza hobeak behar dituzte, gure senitartekoak behar bezala zaindu ahal izateko. Horretarako, lanordu gutxiago egin behar dute. Gaur egun, gehienek urtean 1.792 ordu sartu behar izaten dute; soldata egokiak eta kontratatu gehiago behar dira, gainera.

Enpresek mozkin aski izan badute horrelako hobekuntzak egin ahal izateko beren egoitzetan; gure senitartekoek errespetua eta maitasuna merezi eta behar dute.

Aldaketarik nabarmenena

Aldaketarik nabarmenena

Edurne Elizondo

Azken egunotako euri zaparradek giroa freskatzeko balio izan dute, baina ez dituzte anitz arindu udako lehortearen ondorioak. Abuztua bereziki idorra izan da herrialdean; ez du euririk egin; ohikoa denaren erdia ere ez du bota Nafarroan, eta %13 baino ez Iruñean. Egoera horrek segida izan du hilaren hasieran, eta hamaika arazo eragin ditu jada. Agerian utzi du klimarena dela aldaketarik nabarmenena.

Ez hemen bakarrik. Mundu osoko datuak kontuan hartuta, azken 136 urteotako abuzturik beroena izan da aurtengoa. "33 urte ditut, eta orain arte ez dut inoiz ezagutu uda honetan izan dugun beroa. Hemen dugu klimaren aldaketa. Ikusi nahi ez duenak ere sentitu eginen du. Begi bistakoak dira lehortearen ondorioak", erran du Nafarroako Basozainen Elkarteko kide Xabier Petrirenak.

Udazkeneko koloreek hartu dituzte baso anitz; erreketan eta urtegietan behera egin du uraren mailak; larreak ahitu dira, eta goiko belazeetatik jaitsi behar izan dute ardiek eta behiek, jatekoa amaitu eta gero. Uda honek, gainera, azken 30 urteotako suterik handiena ekarri du: 4.000 hektarea inguru erre zituen, abuztu bukaeran, Tafalla eta Puiu artean.

Nafarroako Gobernuak berak "kezka" agertu du, asteon, lehorteak eragindako egoeraz. "Kezka badugu", erran du Toki Administrazio, Landa Garapen eta Ingurumen kontseilari Isabel Elizaldek. "Ea iraila nola datorren; egoerak hobera egiten ez badu, gure aurreikuspenak aldatu beharko ditugu". Ur hornidurari buruzkoak nabarmendu ditu kontseilariak. "Bermatuta" dagoela erran du, baina onartu du arazoak eragin dituela lehorteak hainbat herritan. Urdazubin, adibidez, kamioiak erabili behar izan ditu udalak ura Alkerdi auzora eramateko. "Lehorteak eragin du ur eskasia, batetik; bertzetik, Alkerdi auzoko iturburuek ez dute indar handirik, eta horrek ere izan du eragina", azaldu du udalak.

Beran ere martxan dira ur eskasiari aurre egiteko neurriak. Abuztuan onartu zituzten. Baratzeak eta lorategiak ureztatzea eta autoak garbitzea debekatu du udalak, bertzeak bertze. Mozketak ere egin dituzte gauez, ura aurrezteko.

Bera inguruko paisaia ederki ezagutzen du Petrirenak. Bortzirietan, Baztanen, Malerrekan, Bertizaranan eta Leitza aldean aritzen da lanean. Azken asteotan ikusi duena "larritzat" jo du. "Mila metrotik gora, pagoak eta haritzak hasi dira hostoak botatzen; bai eta fruituak ere. Ez dira ongi heldu, ordea; udazkena aurreratu da, eta horrek ondorioak izanen ditu fruitu horiek jaten dituzten animaliengan", azaldu du basozainak.

Udazkenak ekarriko duenari buruz kezka agertu du Petrirenak, hain zuzen ere; klimaren aldaketak euria egiteko moduan ere eragina izan duela nabarmendu du basozainak. "Izokinek, adibidez, udazken-neguko uholdeak behar dituzte ibaian eta erreketan gora egiteko, erruteko".

Udazken-neguan, ordea, gero eta euri gutxiago egiten omen du. Hori da azken urteotako joera. Juan Pablo Rebole nekazaritzako ingeniariak ikerketa egin zuen euri prozesuei buruz, duela hainbat urte, eta agerian utzi zuen epe laburreko eta intentsitate txikiko euri prozesuak behera egiten ari zirela. Halakoak dira udazken-neguan gertatzen ohi zirenak. Azken urteotako joera da sasoi horretan egin beharrean udaberrian egitea euria, batez ere.

"Galera ekonomikoa"

Nafarroako urtegietan ez da alarma gorria piztu orain arte, baina, oro har, azken zortzi urteotako mailarik baxuenean zen ura herrialdeko azpiegituretan, hilaren hasieran: %35ean, batez beste. Nekazari eta abeltzainentzat ere kontuan hartzeko kontua da urarena, Nafarroako EHNE sindikatuko kide Felipe Etxetxikiak nabarmendu duenez. "Larreetan dauden iturri gehienetan ura ez da agortu, baina hainbat tokitara zisternak eraman behar izan dituzte". Larre anitz ahitu direla gaineratu du Etxetxikiak, eta, ondorioz, negurako gordetako belarra erabiltzen hasi behar izan dutela abeltzainek. Behiak, ardiak edo zaldiak hazi eta saltzen dituzten abeltzainentzat "galera ekonomikoa" ekarri du lehorteak, ondorioz. "Beren poltsikotik ordaindu behar dute janaria".

UAGN sindikatuko kideen hitzetan, galera ekonomiko hori "handia" da. "500 ardi dituenak 600-1.000 euro gastatu behar izan ditu hilean jatekoa erosteko", erran du sindikatuko buru Felix Bariainek. UAGNk emandako datuen arabera, Nafarroan haragitarako saltzeko behien 760 haztegi daude; bertze 2.146 haztegitan ardiak esplotatzen dituzte.

Belazeetan uda hasieran egiten da lehen belar mozketa; baina bertze behin edo bitan ere mozten ohi dute belarra, siloratzeko. "Aurten, bigarren mozketa hori egiteko aukera gabe gelditu dira hainbat tokitan", azaldu du Etxetxikiak. Artoa biltzean ere sumatu dute nekazariek lehortearen eragina. "Ohikoaren erdia baino ez dute jaso".

Bertze hainbat sektoretan aurtengo uda bereziki idorraren ondorioak ez dituzte anitz sumatu. "Mahatsa biltzen aritzen direnek ez dute arazo handirik. Aurreratu da mahatsa biltzeko sasoia, azken urteotan bezala; aleak ere ohi baino txikiagoak dira, baina egoerak ez dio produktuari anitzik eragin", erran du. Iaz baino mahats gutxiago biltzea espero dute nekazariek aurten, baina kalitateak gora eginen duela uste dute, ordea.

Iruñerrian, garia eta garagarra ereiten hasiak dira. "Egia da lurra bereziki gogorra aurkitu dutela aurten, lehortearen ondorioz, baina egungo makinekin ez dago lana egiteko arazo handirik. Hemendik aurrera, hori bai, ura beharko dute nekazariek", erantsi du EHNEko kideak.

Lurrak behar du ura, oro har. Mendi eta basoetan lehorteak eragindakoa zuzenean ikusi du, egunero, Xabier Petrirenak. Kezka eta tristura igartzen zaio hitz egiten duenean. Tafallako sua ezin du burutik kendu. "Ematen du jendeak ez duela egoerari buruzko kontzientzia hartzen; lehorte izugarria dugu, eta sua egiten jarraitzen du, edo zigarro puntak botatzen". Ura behar dela berretsi du. Eta ikusteko dagoela aurtengo uda idorrak zein ondorio izanen dituen.

Planaren bi aurpegiak

Planaren bi aurpegiak

Kattalin Barber
Bi energia plan izan ditu, orain arte, Nafarroak, eta hirugarrena bidean da. Nafarroako Gobernuak 1990eko hamarkadan egin zuen lehenbizikoa. Xabier Zubialde Sustrai Erakuntzako kidearen aburuz, "ausarta" izan zen lehen plan hura, egungo...

Goruntz begira

Goruntz begira

Edurne Elizondo

Zoaz mendira, lurrean etzan, eta egin iezaiozu so zeruari. Hori da astronomia". Luis Martorellek erran ditu hitzok. Astronomo amateurra da, Girgillaoko behatokia martxan jarri zutenetako bat. Igandean, Espainiako Astronomia Kongresuko parte hartzaileek bisitatuko dute eraikin hori. Iruñean egin dute bat; 200 inguru dira, eta atzotik ari dira astronomiaz eztabaida egiten, planetarioan. Bi urtean behin egiten dute topaketa hori, eta astronomo amateurren artean garrantzitsuenetako bat da.

Girgillaoko behatokiko kideek planetarioko bertako eta Astronavarra Sarea elkarteko kideak izan dituzte lagun kongresua antolatzeko bidean. Bi urtean behin egiten dute. Astronavarra Sarea, hain zuzen, 2014. urtean jarri zuten martxan, eta, geroztik, abian den topaketa prestatzen aritu dira. 150 bazkide inguru ditu elkarteak gaur egun, eta astronomiari buruzkoak zabaltzea hartu dute helburu nagusi. "Zaletasunak gora egin du Nafarroan", nabarmendu du Astronavarra Sareko Javier Pratek.

Iruñeko Planetarioak badu horretan ikustekorik. 1993an inauguratu zuten, eta astronomo amateurrentzako bilgune izan da. Ez bakarra, ordea. Girgillaoko behatokia astronomia zaletasun duten hainbat pertsonak jarri zuten martxan, duela lau urte inguru. "Hainbat lagunek egin genuen bat; karrikan egon beharrean, babesteko toki bat nahi genuen, eta Girgillaon utzi ziguten. Kontzejuak anitz lagundu digu. Hiru teleskopio ditugu, eta kontzejuak berak bertze bat jarri du. Bisitak egiteko hamaika eskaera jasotzen ditugu; gainezka egin digu egoerak!", azaldu du Martorellek.

Astronomo amateurren artean era askotakoak daudela azaldu du Pratek. Zeruari so egitea nahikoa da zenbaitentzat. "Abuztuan, adibidez, Pertseidak ikus ditzakegu". Bertze zenbaitek nahiago dute diru bat inbertitu. "Bertze edozein zaletasun duenaren kasuan gertatzen dena gertatzen da astronomoen artean ere: muga norberak jartzen duela",erantsi du Martorellek. Astronomoek zehaztu dute, hala ere, teknologia berriei esker, astronomo amateurren eta profesionalen arteko muga gero eta lausoagoa dela. "Profesionalek, anitzetan, amateurren laguntza eskatzen dute; amateurrek lortutako datuak baliatzen dituzte".

Profesionalen eta amateurren arteko elkarlana jorratuko dute, bertzeak bertze, Iruñeko Planetarioan abian den kongresuan. Bertze hainbat gai jarri nahi izan dituzte antolatzaileek mahai gainean, halere, eta nagusietako bat da argi kutsadurarena. Zeru iluna maite dute astronomoek, herri eta hirietan dauden kale-argiek behatu nahi dituzten izarrak eta gainerakoak ezkutatzen dituztelako.

"Arazoa ez da bakarrik gurea; kontua da energia xahutzen ari garela; kaleko argiek, anitzetan, ez dute beren helburua betetzen, zerua argitzen baitute, lurrean dagoena argitu beharrean", salatu du Pratek.

Martorellek azaldu du Garesen, Girgillaoko behatokiko kideen laguntzarekin, hain zuzen ere, araudi berria egin dutela, argi kutsadurari aurre egin ahal izateko. "Arazoaz jabetu dira, eta neurriak hartu nahi dituzte". Nafarroa osoan indarrean dagoen legeak ere argi kutsadura bazter uzteko neurriak agintzen ditu. "Aurretik dauden kale-argiek, ordea, ez dute araudi hori betetzen". Aldatu ez dituztenez, arazoa bere hartan dago oraindik, neurri handi batean.

Astronomoak ez dira zeru iluna bilatzen duten bakarrak. Nafarroako Gobernuak ere izarrak behatzeko zaletasuna turismoa sustatzeko bide bilakatu nahi du. NICDO izenekoa da Iruñeko Planetarioa kudeatzen duen enpresa publikoa, eta "astroturismoa egiteko guneak" zehaztu nahi dituzte herrialdean. "Babestutako eremuak izanen lirateke, nolabait, argi kutsadurarik gabekoak". Donejakue bidea izanen litzateke toki horietako bat. Erronkarin ere sustatu nahi dituzte astronomia eta turismoa. "Zehazki, Larrako eski estazioa nahi dugu astronomoentzako gune bilakatu", azaldu du NICDO enpresako kide Javier Lakunzak.

Sekretu gutxiago

Donejakue bidean, Larran, edonon. "Zeruari so egitea da kontua", berretsi du Javier Pratek. Zeruari so egitean, hain zuzen, unibertsoa uste duen baino handiagoa dela ohartzen da gora begiratzen duena, Astronavarra Sareko kideak erran duenez. "Unibertso horrek sekretu anitz ditu, oraindik ere, baina lehen baino gutxiago; gero eta gehiago dakigu".

Aspalditik da Prat astronomo amateurra; bitan ikusi ahal izan du eguzki eklipse oso bat, eta nabarmendu du gisa horretako bertze bat ikusi ahal izanen dela datorren urtean Ameriketako Estatu Batuetan. "Ikuskizun benetan ederra da hori; gauak hartzen du eguna. Hemen, 2026an izanen da".

Eklipseak, izar iheskorrak, asteroideak... zeruan ez da falta zer behatu. "Ez dago aspertzeko aukerarik". Iruñeko Planetarioa hartu duten astronomoek badakite. Zeruari so egiten diotelako etorri dira kongresura, hain zuzen ere. Eta hori egiten jarraitu nahi dute. Goruntz begira.

Iritzia: Udako magia

Jon Barberena

Uda magikoa dela erraten diet ikasle nerabeei ekaineko azterketen aitzinetik hortzak estutu eta hondar esprintean den-dena eman dezaten. Eleberri baten orrietan tartekatutako hondartzako hare pikorrak, jarleku gaineko pipa-azalen klis-klas soinuak desorduetan edo kontzertu batean gurutzatutako begirada lotsatiek askatasunaren eta zorionaren forma hartzen dute. Maiz, formarik erranguratsuena eta agerikoena inguruko bestetan hartzen dute; hango algarak, dantzak edo solasak honen adierazle direlarik.

Txarangen musika tresnen soinua ordulariaren eguneroko tik-tak monotonoa baino gozagarriagoa zaigu goizeko ordu ttipietan. Gosariko kafesnearen aparrak baino bibote ederragoak marrazten dizkigu garagardoarenak, eta egunerokoan altxapean daramagun ausardia ernatu eta kanporatzen dugu gerria eta mingaina astindu orduko.

Baina askatasunak bere arauak ditu. Behar ditu. Denak ez du balio hitz potolo hori ahoskatzerakoan. Ezinbertzekoak izanen dira errespetua eta berdintasuna bezalako balioak. Nire zorionak ez dezala ondokoarena mugatu. Nire erabakiak ez dezala ondokoa hondoratu. Ezta pentsatu ere!

Alta, nire iduriko, XXI. mende honetan, gizonok zorionerako eta ongi pasatzeko eskubide gehiago dugu emaztekiek baino. Guk idatzitako joko arauetan emaztekiak bidesari garestia ordaintzen du, eta mehatxuak, burlak, debekuak eta umiliazioak, maiz, bizkarreratzen ditu. Indarkeria eta eraso matxistak ezin dira noizbehinka gertatzen diren ekintza bakan gisa konprenitu. Indarkeria matxista sistema patriarkalaren ondorio nabarmena da.

Sistema honen adierazle dugu bortz basapiztiak uztailaren 7an egindako basakeria ere. Bortz solas baino aise gehiago partekatu gabe, Paulino Caballero kaletik zihoazenean, borzgarren atarian sartu zuten neska indarka istant batean, eta bort(i)zki bortxatu zuten gazte madrildarra.

Bat militarra, bertzea guardia zibila eta bortzak futbolaren "fanatikoak" izateak ez nau harritu. Norgehiagoka, indarra eta boterea bezalako balio maskulinoez elikatutako burmuin matxitoak ditugu horiek.

Erabakiorra suertatu da neskak bidegabekeria hori salatzeko erakutsitako ausardia, eta eredugarria Iruñeko Udalak eta Iruñeko Bilgune Feministak emandako erantzuna. Aldaketarekin ezkor dabiltzanek argi izan dezatela iraultza handiena ere eguneroko gauza ttipietan gauzatzen dela eta gizonezkook diseinatutako mundu hau aldatu nahi bada ezinbertzekoak izanen direla udal horrek eman dituen pausoen gisako gehiago. Altxapean mantendu izan dena, tapatu izan dena, azaleratu du Iruñeko Udal berriak, eta alimaleko jendeketa bildu zen Udaletxe plazan gerora protesta gisara. Batzuek salaketa horren hedapena hiriaren irudia zikintzearekin erlazionatu dute, baina isiltzeak sarraskiaren konplize bihurtuko gintuen. Arazo kolektiboa da, eta gure ardura da indarkeria matxistari kontra egitea. Kritikoak izan gaitezen eguneroko ekintzekin, eta alda ditzagun gainetik beheiti pixkanaka inposatu dizkiguten molde eta patroiak.

Uda magikoa dela erranen diet berriz ere ikasleei ekaineko nekea ailegatzean, baina onartuko diet iazko udak dirdira galdu zuela. Hala ere, ez dadila itzalpean gelditu, eta bortz basapiztia horiek egindakoa ordain dezatela eta ez dezatela askatasuna merke eskuratu bortz sos ordaindu eta barnean bortz egun pasatu eta gero.