Nafarroa

Arrakalen gainetik, batasuna

Arrakalen gainetik, batasuna

Arrakalak ireki dira, baina osorik dirau oraindik aldaketaren pitxerrak Nafarroan. Jose Luis Mendoza Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak aurkeztutako lan eskaintza publikoak talkak azalarazi ditu aldaketa sostengatzen duten alderdien artean: gogor salatu dute eskaintza Ahal Dugu-k eta Ezkerrak, UPN, PP eta PSNrekin lerratuz. Kasualitateak hala nahi izan du: Espainiako Senaturako hautagaitza bateratua aurkeztu den astean bertan agertu dira, akaso orain arteko indar handienez, aldaketaren indarren arteko desadostasun politikoak.

Senaturako hautagaitzak, edonola, aldaketaren aldeko konpromisoari eta aldaketa hura bermatzeko ezinbestekoa den batasunari eusteko borondatea erakusten du. Arrakalak bai, beraz, baina baita horiek ixteko konpromisoa ere, nolabait.

Joan den ostiralean aurkeztu zuten Aldaketa izena duen hautagaitza, Iruñean, Nafarroako Antzerki Eskolaren egoitzan egindako ekitaldian. Nafarroako Gobernua babesten duten lau alderdiek bultzatua da: Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrak. Aurkeztuak dituzte senatari izateko hautagai izango direnak: Patxi Zamora (EH Bilduk proposatua), Ana Lujan (Geroa Baik) eta Iñaki Bernal (Ezkerra). "Nafarroako aldaketaren ahotsa Madrilen entzun dadila", horixe da beren buruari jarritako xedea, azaldu zutenez.

Berezia da Espainiako Senatua aukeratzeko modua. Nafarroari bost ordezkari dagozkio goi ganberan; horietatik lau hauteskundeetan hautatzen dituzte herritarrek, zerrenda bati ez, baizik eta senatari bakoitzari botoa emanez. Hautesle bakoitzak hiru boto eman ditzake, beste horrenbeste hautagairi. Bosgarren senataria Nafarroako Parlamentuak izendatzen du zuzenean: Ahal Duguko Idoia Villanueva da gaur egun.

Bada beste berezitasun bat, gainera: herritar bakoitzak hiru boto eman ditzakeenez, oro har, gehien bozkatutako zerrendak hiru senatari lortzen ditu, eta bigarrenak, bakar bat. Orain arte, Nafarroan, beti gertatu da horrela. Beraz, aurtengo kasuan, ezohiko egoera suerta daiteke, inkestek aurreikusten duten bezala, Aldaketa lehen indarra bada. Hautagaitza bateratuak hiru senatari lortuko lituzke, eta UPNk, bat. Horri gaur egungo senatari Idoia Villanueva gehituta, Nafarroako bost senatarietatik lau lirateke aldaketaren aldekoak.

Egoera erabat berria litzateke Nafarroan. 1977tik hona, UCDk, PSNk eta PPk zein UPNk —batzuetan elkarrekin, beste batzuetan nor bere aldetik— pilatu dituzte Nafarroak Madrilera bidalitako senatari guztiak. Salbuespen bakarra dago, baina aspaldikoa: 1977an Manuel Irujo EAJko kide historikoa izan zen hautatua, Fronte Autonomikoa zeritzonaren barruan. Ordutik, inor ez.

Senatura bai, Kongresura ez

Senatuan elkarrekin aurkezteko lortutako akordioa, ordea, ezin izango da Kongresurako zerrendetan errepikatu. Herritar talde batek ireki zuen horretarako bidea, aldaketaren aldeko hiritar hautagaitza bat proposatuz, eta alderdiei hura babestu zezatela eskatuz. Aldaketaren blokeko alderdiek proposamena aztertu zuten, eta negoziaziorako hainbat bilera ere egin zituzten, baina, azkenean, bideak ez zuen fruiturik eman. Alderdi bakoitzaren estrategia elektoral propioak, kasu horretan, pisu handiagoa izan zuen joan den maiatzean Nafarroan emandako aldaketa sendotzeko proposamenak baino. EH Bildu izan zen apustuaren alde sendoen jo zuen indarra, baina, azkenean, porrot egin zuen aukerak.

Hautagaitza bateratua bultzatzeko herritar taldeak Kongresurako ez bazen Senaturako behintzat aliantza osatzeko eskaria egin zieten alderdiei. Eta aurrera egin du azkenean bigarren aukera horrek. Iñaki Arzoz da talde horren partaideetako bat. Edozein galderari erantzun aurretik zehaztu nahi izan du bere izenean baino ez dituela egingo adierazpenak, taldeak ez baitu oraindik balorazio ofizialik egin. Berari, edonola, "ongi" iruditu zaio Senaturako adostutako batasuna, baina argi du ez dela zehatz-mehatz haiek eskatutako hautagaitza eredua: "Guk hiritar ereduko hautagaitza eskatzen genuen, herritarrek osatua, eta ez hainbeste lau alderdiren arteko akordio bat". Edonola, uste du "positiboa" dela hartutako erabakia.

Dioenez, "justizia poetikotik ere asko du" Senaturako aurkeztutako zerrenda bateratuak. "Ikusi dugu nola Kongresurako hain zaila eta kasik ezinezkoa zela esaten zitzaiguna bi aste hutsetan lortu den Senaturako. Horrek erakusten du borondate politikoa dagoenean nahiko erraza dela akordioak lortzea". Halere, hauteskundeetara elkarrekin aurkezteaz harago, beste urrats bat eskatu die alderdiei Arzozek, bere plataformak eskatu bezala. Hauteskundeen osteko akordioa galdegin diete, Nafarroako "interes komunak" defenda ditzaten, "Nafarroako aldaketaren aldeko diputatu zein senatarien jarrera irmoa izan dadin".

Ezagunak dira hautagaitzaren izena, irudia eta hautagaiak. Lehen indarra izanez gero, Patxi Zamora kazetari eta Kontuz elkarteko bozeramailea, Ana Lujan Tuterako Argia ikastolako zuzendari ohia eta Iñaki Bernal Berriozarko Ezkerrako zinegotzia izango dira Madrilen senatari. Horretarako, 5.025 sinadura eskuratu beharko dituzte astelehena baino lehen, hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko.

Programa, ordea, ez da oraindik ezaguna. Eta Arzozek dioenez, "pragmatismo" kontu batekin du lotura horrek: "Kasu honetan, helburu batean jarri dira ados, hain zuzen ere, UPN-PP blokeak ez dezan ordezkaritza zabalik atera. Hau da, eduki akordio bat baino, aldaketaren kontrako blokearen aurrean hartutako posizio bateratua izan da".

Hortaz, adosteke dago hautagaitzaren programa. Eta, hasiera batean, orain sortutako pitzadurek ez lukete horretan eraginik izan behar. Programa zehatzik gabe bada ere, hautagaiek aurreratu dituzte plataformaren balio nagusiak. Joan den ostiraleko ekitaldian, Zamorak laburbildu zuen batasunak hautagaitzari eransten dion balioa: "Elkarrekin lan egiten ikasi beharra dugu, elkarrekin ez garelako gehiago bakarrik, hobeak baizik".

Analisia: Erdibidean batzuk, bestea nora ezean

Abenduaren 20ko hauteskundeei begira, aldaketa indartzeko aukera zuten Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak, baina, azkenik, erdibidean geratu dira. Interesgarria da Senaturako hautagaitza bateratuaren alde apustu egin izana, baina pena da ...

Iritzia: Alde Zaharreko liburutegia

Urteak dira jada Iruñeko Alde Zaharreko liburutegiaren aferarekin bueltaka gabiltzala gu, auzokideok; gu, liburuzainok. Eta anitz dira jada gaiaren inguruan idatzitako lerroak. Egia da, baina, orain puntu berri batera iritsi garela: duela egun batzuk Iruñeko Alde Zaharreko liburutegi publiko baten aldeko lantaldeko kide batek, denen izenean pentsatzen dut, eskutitz bat argitaratu zuen, eskatuz, bertzeak bertze, pribatizatua dagoen eta printzipioz aurki kudeaketa publikora bueltatuko den liburutegi honek "berezitasun" bat izatea: liburutegiaren eta bizilagunen arteko partaidetza bermatzea, hau da, "liburutegi komunitarioa" izatea, irekia, parte hartzailea, integratzailea eta berdintasunean oinarritua, eskuragarria, gardena eta kulturalki bizia.

Ez dakit noiz galdu zen lantalde honek zeukan auzokide eta liburuzainen arteko elkarlana, baina argi dago galdua dagoela. Bertzenaz, eskutitz horretan ez zen erranen auzoak nahi duena "liburutegi komunitario bat" denik. Eta ez ezaugarri horiek guztiek izan behar ez dituelako, baizik eta ezaugarri horiek guztiek "liburutegi publikoa" definitzen dutelako. "Berezitasunik" gabe. Hori da liburutegi publiko bat: irekia, parte hartzailea, herri edo auzoaren parte dena. Herriaren zerbitzu publiko bat, beraientzat eta beraiena, gaian adituak diren profesionalek kudeatua: liburuzainek.

Nondik dator, beraz, kontzeptuen nahaste hori? Auzokideek zergatik uste dute liburutegi publiko batekin ez dela nahikoa eta zergatik ari dira eskatzen "berezitasunak" dituen liburutegi bat? Bada, urteetan Nafarroako Gobernuak eta haren bitartez Nafarroako Liburutegien Sareko buruek ez dituztelako liburutegiak beharrezkoak diren baliabide ekonomiko, material eta pertsonalekin hornitu. Beraiek izan dira liburutegietan "sinetsi" ez duten lehendabizikoak, eta liburutegi publikoari lotuta joaten diren ezaugarri horiek guttinaka kentzen joan dira, herriari sinetsaraziz liburutegi publikoak liburuz betetako eraikinak bertzerik ez direla.

Horregatik, pozgarria da ongi hornitutako liburutegi publikoetan sinesten (eta amesten) duen herritar bezala, Alde Zaharreko bizilagunak herri aldarrikapen hori egiten ari direla ikustea. Urteak pasata ere hor jarraitzen dutela, tinko eta eutsiz. Egiazki pozgarria da. Baina liburuzain gisa hemendik ozen erran nahi dut eskatzen ari direna ez dela deus berezirik, baizik eta beraien lantaldearen izenak argi uzten duen bezala, liburutegi publiko baten alde egiten ari direla. Eta hor gaudela gu ere, kolektibo profesional bezala, borroka beraren bidetik pausoak ematen, baliabide ekonomiko, material eta batez ere pertsonalak eskatzen, profesionaltasunetik herriarena den zerbitzu publikoa kalitatez eskaini ahal izateko.

Lortuko dugulakoan nago, gauzak aldatzen ari baitira. Ez da erraza izanen, baina elkarlana eta auzolana alde ditugulako, auzokideek eta liburuzainek lortuko dugu. Eta liburutegi publiko bat zer den —zer beharko lukeen— gehiago jakin nahi duenarendako, irakur dezala Pautas sobre los servicios de las bibliotecas públicas.

Errepresioak badu izenik

Errepresioak badu izenik

Liburu hau kolpe moral, politiko eta etiko handia da Nafarroako gizartearentzat". Horixe nabarmendu du Fernando Mendiola NUPeko irakasle eta historialariak, Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936. Responsables, colaboradores y ejecutores lanari buruz. Fernando Mikelarena Zaragozako Unibertsitateko irakasle eta historialariak idatzi du (Bera, 1962), Pamiela etxearekin. 557 orritan, izen-abizena jarri die 1936ko errepresioaren erantzule, laguntzaile eta gauzatzaileei. Hamaika artxibotan eta iturritan arakatu du, bost urtez, eta herritarren esku jarri du emaitza. Ezagutu beharrekoa delako, haren hitzetan.

Bat egin du iritzi horrekin NUPeko irakasle eta Zuzenbidearen eta Erakundeen Historian katedradun Gregorio Monrealek. Zer gertatu zen jakiteko beharra nabarmendu du. Eta erantsi du horretarako balio duela Sin piedad liburuak. "Jauzi kualitatiboa egin du Mikelarenak lan honekin. Ez die bakarrik basoko zuhatzei erreparatu; zuhaitz bakoitzak basoan duen tokiari ere bai. Liburu hau irakurtzen duzunean, erantzuleen berri jasotzen duzunean, eta biktimen babesgabetasunaz eta haienganako krudeltasunaz jabetzen zarenean, zure sentimenduak azaleratzeko beharra sentitzen duzu; garbiketa politikoa jasan zutenenganako elkartasuna azaltzekoa".

1936ko altxamendu militarraren ondotik, errukirik izan ez zutenei egin die so Mikelarenak bere azken liburuan. Lan mardula da. Gogorra. Bai eta beharrezkoa ere. Gerra fronterik gabe, 3.000 pertsona baino gehiago fusilatu zituzten Nafarroan, eta bertze milaka eraman zituzten preso, gainera. Mikelarenak errepresioaren intentsitatea aztertu du, hain zuzen ere, eta zehaztasunez ikertutako bertze hainbat herrialdetako datuekin alderatu ditu Nafarroakoak. Emaitzak lehena bilakatzen du herrialde hori: "Bertze 37 probintziatan gertatu zenarekin alderatuta, eta errepresioa ezkerreko biztanle kopuruaren arabera neurtuta, hemen inon baino latzagoa izan zen", nabarmendu du egileak; gogoratu du altxamendua gertatu eta egun gutxira Nafarroa frankisten kontrolpean zela jada.

"Nafarroa, bertze behin, laborategi bilakatu zuten". Horixe salatu du historialariak, eta, horregatik, hain zuzen ere, auzia modu integral batean aztertzeko beharra jarri du mahai gainean. "Kontuan hartzen ohi ez diren arduradunei so egiteko garaia da. Biktimak biktima dira biktimarioak badirelako". Eta biktimario horiek diren aldera begiratu du Mikelarenak bere liburuan.

"Laguntzaile anonimoak"

Erantzuleak, laguntzaileak eta gauzatzaileak. Azpititulu hori hautatu du Mikelarenak bere liburuarentzat, hainbat ardura mota bereizten ahal direlako, haren hitzetan, 1936ko garbiketa politikoan: "Lehen mailan dira agintari militarrak", nabarmendu du historialariak. Erreketeen eta falangisten buruzagiak kokatu ditu bigarrenean; eta hirugarren maila batean, berriz, "bertzeak hiltzeko prest" zirenak. "Heriotza eskuadroiak osatu zituzten; Iruñeko Aguila, edo Tuterako Escuadra Negra, adibidez". Baina bada arduradun gehiago, Mikelarenak liburuan jaso duenez: "Laguntzaile anonimo haiek guztiak". Altxamenduaren ondotik, bizilagunaren aurka egiteko prest agertu ziren haiek.

"Zer gertatu zitzaion jende horri? Zer gertatu zen jende hori modu horretan brutalizatzeko?", galdetu dio Mikelarenak bere buruari; liburuan erantzuna ematen ahalegindu da historialaria. "Nik uste dut erantzule nagusien estrategia izan zela ardura banatzea; erregimenarentzat errazagoa izan zen eskuak odolez zikindu zituzten haien babesa jasotzea, eta, horrela, taldea batzea". Gehiago erran du Mikelarenak: "Saiatu ziren ahalik eta jende gehien biltzen, arlo guztietan errugabe joko zituztela ziurtatzeko; arlo juridikoan, memoriaren arloan, bai eta historiarenean ere". Bereziki egin dio so Mikelarenak "pertsona arrunten" kasuari. "Pertsona horiek saiatu ziren, neurri handi batean, haien burua zuritzen, errepikatuz, adibidez, erlijioaren izenean egiten zituztela egiten zituztenak. Erantzule nagusiek jakin zuten gisa horretako laguntzaileak haien ondora biltzen, eta, modu horretan, haien isiltasuna bermatzen".

Herritarren brutalizazio prozesu hori Erriberan hasi zen mamitzen, Mikelarenak agerian utzi duenez. "Boluntario errekete eta falangista anitzek parte hartu zuten herritarrak atxilotzeko miaketetan".

Buruzagi karlisten eta falangisten erantzukizuna jarri du Mikelarenak agerian, eta "Nafarroako eliteko ordezkariek ere" errepresio prozesuan parte hartu zutela nabarmendu du. "Ez da zuzena garbiketa politikoaren ardura guztia karlisten eta falangisten buruzagien esku jartzea; karlisten eta falangisten artean ordezkaritza bazuten eliteko kideak ere baziren gertatzen ari zenaren erantzule. Botereari eutsi nahi zioten".

Han eta hemen bilatu ditu Mikelarenak liburua osatzeko datuak. Hamaika artxibotako agiriak aztertu ditu, tartean hainbat espetxetakoak. Errepresioan parte hartu zutenek idatzita utzitako lekukotasunak ere baliatu ditu historialariak. "Barasoaingo bizilagun baten fitxan, adibidez, 43 urte zituen eta bost seme-alabaren aita zen gizon horrek onartu zuen behin Iruñera joan zela hainbat pertsona fusilatzera".

Jose Maria Jimeno Juriok 1970eko hamarkadan herriz herri jaso eta grabatutako lekukotasunak erabili ditu Mikelarenak, halaber. "Historialariak gaitasun aparta erakutsi du, gainera, han eta hemen jasotako datu hutsekin informazio zati sendoak osatzeko", nabarmendu du Gregorio Monrealek. Iturri horiek eman diote liburua osatzeko aukera Mikelarenari. Historiografian hutsuneak badirela salatu du, hala ere. Nahita isilarazitako testuak eta agiriak. Kontakizunetik at utzi nahi izan dituzten erantzukizunak. Arrastoa utzi dute, ordea, eta Fernando Mikelarenak tira egin dio, sendo, hariari. Memoriari ezarritako giltzarrapoa, behingoz, irekitzeko.

Indarrak batu dituzte UPNk eta PPk, berriro

Indarrak batu dituzte UPNk eta PPk, berriro

Hauteskundeetarako aliantzen mugimenduak bete-betean harrapatu du eskuineko espektro politikoa ere. Urriaren 30ean, Espainiako hauteskunde orokorretara —bai Kongresura eta baita Senatura ere— elkarrekin aurkezteko hitzarmena sinatu zuten UPNk eta PPk Iruñean. Baldintza ezberdinetan bada ere, 1989tik hona legealdiz legealdi aurkeztu dira batera bi alderdiak, eta horietan guztietan lehen indarra izan dira Nafarroan.

Oraingoan, hasiera batean UPNrentzat mesedegarriagoa izan daitekeen akordioa sinatu dute. PPk berak onartu du hitzarmen "eskuzabala" dela. Izan ere, Kongresurako zerrendan UPNrentzat izango dira lehen bi postuak. Horrek diputaturik gabe utziko luke PP Nafarroan, itxura batean asko jota bi ordezkari baino ez baitituzte lortuko bi alderdiek —guztira, bost eserleku banatzen dira herrialdean—.

Trukean, Senatuko zerrendaren lidergoa PPren eskuetan utzi du UPNk, baina horrek ez du zuzenean esan nahi lortuko luketen senataria PPkoa izango denik—Aldaketak beste hirurak eskuratuko lituzkeela aurreikusiz—, senatariak banaka bozkatzen baititu hautesleak. Alegia, gerta liteke, nahiz eta ohikoena ez izan, Senaturako zerrendan UPNren ordezkaria denak —Patxi Yanguas, kasu honetan, hirugarren doana— izatea koalizioaren senatari.

PPk, edonola, balizko inbestidura batean Mariano Rajoyren alde egiteko konpromisoa lortu du UPNren partetik, eta balio handiko keinua da hori, legealdi berrian aurreikus daitekeen egoera estuaren aurrean. Edonola, erregionalisten gain utziko du beste behin protagonismoa PPk, Nafarroako marka propioa gehiago hondoratuz.

UPNk ere epe ertainera paira dezake PPrekin aurkeztea —murrizketekin eta hainbat neurri polemikorekin lotuta dagoelako hura—, eta, gainera, bere estrategiaren noraeza adieraz dezake aliantzak, Nafarroako Itun Ekonomikoa zalantzan jarri duen alderdiarekin batuta.

Edonola, joan den astean alderdiko kontseilu politikoak gehiengoz onartu zuen PPrekin batera aurkeztea. Itunaren alde egin zuten UPNko kideen %75ek. Ostiralean ituna sinatu zuten Mariano Rajoyk eta Jose Javier Esparzak, eta Espainiako Gobernuan kargua errepikatuz gero Espainiako Konstituzioaren laugarren xedapen iragankorra bertan behera uzteko konpromisoa agertu zuen PPko buruak. Esparzak, berriz, akordioa goraipatu du, "Nafarroa blindatzen duelako". Iñigo Alli eta Carlos Salvador (UPN) izango dira Kongresurako hautagaiak, eta Juan Cruz Perez Lapazaran eta Cristina Sanz (PP) Senaturakoak.

PSN, iraun nahian

Ezker-eskuin izandako aliantzek ataka zailean jarri dute PSN. Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten zazpi alderdietatik, hura izango da Espainiako Hauteskundeetara bakarrik aurkeztuko den bakarra. Ia baztertua du Senaturako ordezkaritzarik lortzea, eta Kongresuan duen diputatuari eustea izango du lehentasun. Jesus Mari Fernandez izango da Kongresurako hautagaia. Senatukoa, Toni Magdaleno.

Ametsak mende erdia bete du

Ametsak mende erdia bete du

Iruñeko Alde Zaharreko etxebizitza estu batean sortu zen, duela 50 urte, Uxue ikastola, Nafarroako lehendabizikoa. Hamabost ikastetxek osatzen dute sarea, gaur egun, 600 profesional eta 6.400 ikaslerekin, eta 4.200 familiaren babesarekin. Haiekin ospatu nahi du Nafarroako Ikastolen Elkarteak orain arteko mende erdiko bidea, eta, horretarako, bertzeak bertze, liburu batean jaso ditu bide horretan egindako urratsak. Fermin Erbiti kazetariak idatzi du Ametsa egia izenburuko lana.

Ederki ezagutzen du Erbitik ikastolen egunerokoa. San Fermin ikastolako lehendakaria izan zen, 2007tik 2011 bitarte. Liburuak, hala ere, bertze hamaika historia eta istorio ezagutzeko aukera eskaini dio. Eta gozatu duela nabarmendu du. Ikastolak martxan jarri zituztenen ahalegina eskertu du, eta hamaika oztopori egin behar izan ziotela aurre gogoratu. "Dena zuten kontra: ez ziren legezkoak, irakasleek titulurik ez zuten, materiala ere ez. Baina aurrera egitea lortu zuten". Euskaraz ikasteko apustuaren alde egin zuten, administrazioak aukera hori ukatzen zuenean, eta ez ziren helburua lortu arte gelditu. Ametsa egia bilakatu arte. Bulegoetan borrokan aritu ziren bultzatzaileak gogora ekarri ditu Erbitik, eta, batez ere, ikastolak abian jarri ahala gelak bete zituzten andereñoak. Ikastoletako gela haiei arnasa eman zieten emakumeak.

"Pili Gartxitorena da argazkian ageri dena. Liburuan jasotako irudi guztien artean bat aukeratu beharko banu, horixe izanen litzateke". Berako Labiaga ikastolako lehendabiziko andereñoa izan zen Gartxitorena berroetarra. Andereño Pili, Beran ezagutu zuten guztientzat. Lehen belaunaldiko ikasleen artean ageri da goiko argazkian, udalak herriko etxean utzitako aretoan. Hamasei urterekin ailegatu zen Labiagara, eta arrasto sakona utzi zuen ikasle eta gurasoengan.

Bertze hainbat emakumek hasitako bideari jarraitu zion Gartxitorenak. Duela 50 urte Iruñeko Alde Zaharrean sortu Uxuen ere, andereño batek hartu zuen ikasleen ardura: Mikele Gastesik. Hamabi neska-mutikorekin ekin zion lanari; 40 izan ziren gero; bai eta 300 ere. Ikastola bitan zatitu, eta enborrak bi ezpal eman zituen: San Fermin eta Paz de Ziganda ikastolak, Iruñerriko zentro nagusietako bi, gaur egun.

Mikele Gastesi andereño izan zuen hura Nafarroako lehendabiziko ikastola izan zen, baina hura ere ez zen hutsetik sortu. Aurretik ereindako uzta jaso zuen, duela mende erdi. Erbitik nabarmendu du halabeharrez aipatu behar dela 1877. urtean Arturo Campionek eta bertze hainbatek sortutako Nafarroako Euskara Elkargoak egindako lana. Elkartean bat egin zutenen kezka zen euskararen galera Nafarroan, eta ahalegin berezia egin zuten Iruñean euskara indartzeko.

Ahalegin horrek eman zuen fruiturik: 1936ko gerra aurretik, egungo ikastolen aurrekoak, euskal eskolak jarri zituzten martxan Iruñean (1931-1936), Lizarran (1933-1936) eta Elizondon (1935-1936). Eskola horietan ere emakumeek hartu zituzten gelak: Maite Saiza aritu zen andereño, Iruñean; Petra Azpiroz, Lizarran; eta Pilare Alba, Elizondon.

1936ko Francoren altxamenduak bertan behera utzi zituen euskal eskolen aldeko asmoak. Frankismoak iraun zuen bitartean, hala ere, Uxue ikastola martxan jarri baino lehen, izan zen euskaraz irakasteko bertzelako saiorik.

"Diputazioak bultzatuta, Euskal Akademia sortu zen 1950. urtean; eta Vianako Printzea erakundean ere sortu zen euskararen aldeko saila, diputazioaren babespean hura ere", gogoratu du Erbitik. Erakunde horiek lagundu zituzten euskararen aldeko urratsak, eta 1963. urtean, Irantzu ikastolaren sorrera ahalbidetu zuten. Jose Antonio Mugerza gipuzkoarra izan zen bultzatzaile nagusia. Tolosatik Itziar Orbea andereñoa ekarri zuen Iruñera, ikastolako arduradun. Baina eskolak bide hagitz motza egin zuen. "Zabaldu behar zuten egun berean itxiarazi zuten".

Hainbat ekitaldi, ospatzeko

Irantzuren lekukoa hartu zuen Uxue ikastolak, 1965. urtean. Eta haren ondotik sortu ziren gainerakoak. Egungo sarea osatu arte. "Euskara berpizten lagundu zuten, eta pedagogia eredu berria ekarri zuten", nabarmendu du Erbitik. Adibide gisa aipatu du ordura arte mutilak eta neskak ez zirela gelan elkarrekin aritzen. "Kooperatiba gisa sortu ziren ikastolak, gainera, eta gurasoen parte hartze zuzena ekarri zuten ikastetxeen egunerokoan", erantsi du.

Erbitiren liburuaz gain, Nafarroako Ikastolen Elkarteak antolatu du bertzerik ikastolen 50. urteurrena ospatzeko. Euskal Herriko ikastolen artean igeriketa txapelketa eginen dute igandean, adibidez, Iruñean. Datorren asteazkenean, berriz, jardunaldi pedagogikoa eginen dute. Iruñeko Kondestablearen jauregian izanen da, 19:00etan.

Mende erdia ospatzeko ekitaldi nagusia, hala ere, hilaren 19an eginen du elkarteak, Iruñeko Zentral aretoan. Ikastolek 50 urteko bidean lagun izan dituzten pertsona guztien lana eskertuko dute. Aurrera begira, betiere. "XXI. mendeko gizartean tokia dugu", erran du ikastolen elkarteko zuzendari Josu Reparazek.

Lantokia, arrisku eremu

Lantokia, arrisku eremu

Gidari bati sudurra hautsi diote. Eraso larria da hori". Horixe nabarmendu du Jesus Cerdanek, Teletaxi konpainiako presidenteak. Iruñeko taxilari gehienak hartzen ditu etxe horrek —313tik 309 —, eta hiru eraso jasan dituzte azken hilabeteotan. Cerdanek berak salatu zuen eraso horietako bat. "Hiru pertsona sartu ziren autoan; atzetik bertze hiru heldu ziren, eta autora hurbildu zirenean, ostikoa eman zion haietako batek. Kontuak eskatu nizkion, eta atorra apurtu zidan, erantzun gisa. Epaiketaren zain gara".

Cerdanek argi utzi du halako erasoak ez direla eguneroko kontua Iruñean, baina tarteka gertatzen direla erantsi du, eta kezka sortzen dutela. "Ez da samurra. Jendea edanda sartzen da autoan, eta edozein aitzakia baliatzen dute liskarra sortzeko". Sudurra apurtu zioten taxilariaren kasua aipatu du Teletaxiko arduradunak, larriena izan delako. "Mozkor zegoen bidaiaria; autoan ezin zela jan erran zion gidariak, eta horregatik egin zion eraso". 250 euro ere lapurtu omen zizkion. "Lapurretak gutxitan gertatzen dira, hala ere; ni duela hiru urte naiz konpainiako presidente, eta denbora horretan bakar bat ere ez dugu izan". Gehiagotan gertatzen da bidaiariak autotik ordaindu gabe alde egin nahi izatea. "Halako egoeretan taxilariak seguru sentitu behar duela bertzerik ez dugu aldarrikatzen".

Segurtasun hori bermatzeko baliabideak eskatu dizkiote taxilariek Iruñerriko Mankomunitateari. Gaur egun, autoan duten botoi baten bidez, zuzenean jar daitezke harremanetan Teletaxi etxeko egoitza nagusiarekin. Konpainian alarma piztu egiten dute gidariek botoi horren bidez, eta, ondorioz, Teletaxiko egoitza nagusitik larrialdi zerbitzuei ematen diete abisua. "Dei hori zuzenean egiteko aukera eskatzen dugu. Hau da, autoko botoia sakatuz, abisua zuzenean larrialdi zerbitzuetan jasotzea", azaldu du Cerdanek. Autoetan kamerak jartzea ere egoki jo dute.

Neurri horiek martxan jartzea "diru kontua" da, batez ere, Cerdanek aitortu duenez, eta horregatik eskatu dute mankomunitatearen laguntza, "taxilariek egin beharreko gastuari aurre egin ahal izateko" diru laguntzak bidera ditzan. Mankomunitateko arduradunekin bilera egiteko zain dira taxilariak.

Irakasleen proposamenak

Mankomunitateari eskatu diote taxilariek esku hartzeko. Irakasleek, berriz, Nafarroako Gobernuari helaraziko dizkiote ikastetxeetan gertatzen diren erasoei aurre egiteko proposamenak. Irakasleen lan esparruan ere kezka sortzen du haien kontrako indarkeriaren auziak. Iaz, sindikatu guztiek bat egin zuten, eta halako egoeren aurrean jarduteko protokoloa adostu zuten. Nafarroako aurreko Hezkuntza kontseilari Jose Iribasi helarazi zioten agiria. "Baina ez zion kasurik egin", azaldu du Steilas sindikatuko lan osasuneko arduradun Kepa Yecorak.

Nafarroako Gobernuko egungo hezkuntza agintariekin jorratu nahi dute gaia sindikatuek. Mahai gainean jarri nahi dute, berriz ere, erasoen auzia. Gobernuak berak protokolo bat baduela azaldu du Yecorak, baina argi utzi du agiria onartzea ez dela nahikoa: "Baliabideak behar dira, eta protokoloa martxan jartzeko jarrera ere bai; erantzun irmoa behar da".

Gobernuko datuei so, irakasleen kontrako eraso zuzenak urriak dira, Yecorak azaldu duenez. "Kasu bakanak". Steilas sindikatuko kideak nabarmendu du, hala ere, eraso zuzen horiez gain "bestelako jazarpenak ere" hartu behar direla kontuan. "Gelan gaizki esaka aritzea; etengabe kexatzea; jarrera ezkorra erakustea; horiek ere erasoak dira". Mehatxuak, irainak, difamazioak eta gisako bertzelako jarrerak ere aipatzen ditu sindikatuek adostutako agiriak.

Yecorak azaldu du eskolako testuingurua aldatu dela, eta horrek eragin dio ikastetxe barruko ikasleen eta irakasleen arteko harremanari; bai eta gurasoen eta irakasleen artekoari ere. "Ikasleek orain lehen ez zituzten baliabideak dituzte; gurasoen irakasleenganako jarrera ere aldatu egin da; ezin ditugu bazter utzi, halaber, irakasleen lan baldintzak; geletako ratioek gora egin dute, adibidez". Egoera horrek guztiak eskola barruko giroan eragiten duela argi utzi du sindikatuko arduradunak.

Yecorak "funtsezkotzat" jo du ikastetxeak erasoen aurrean izan beharreko jarrera. "Eskolak argi utzi behar du zerbait gertatuz gero protokoloa martxan jarriko duela; erasoen aurrean zero tolerantzia izan behar dugu". Ez da hori gertatzen ohi, ordea. "Zenbaitetan, ikastetxeak berak nahiago du protokoloa martxan jartzeko urratsik ez egitea, zentroak ospe txarra har ez dezan", azaldu du Yecorak.

Sindikatuek adostutako protokoloak bilatzen du irakasleari babesa ematea, eta bere lana duintasunez egin ahal izateko baldintzak bermatzea. Horixe bera dute helburu osasunaren arloko profesionalek. Haien lana behar bezala egin ahal izatea. Ez dute beti lortzen, SATSE erizainen sindikatuko Nafarroako idazkari nagusi Joaquin Fernandezen hitzetan. "Eraso fisikoak eta hitzezkoak gertatzen dira". Erizainen %80k jasan dute halako erasoren bat, SATSE sindikatuak iaz ezagutarazi zuenez. Datu horiek ez dute estatistika ofizialetan islarik, ordea. "Langile anitzek ez dituztelako salatzen. Oraindik ere, hitzezko erasoak lanaren zati direla uste dute". Uste horri aurre egin behar zaiola nabarmendu du Fernandezek, eta, ildo horretan, formakuntza eta heziketa funtsezko lan tresnatzat jo ditu.

Nafarroan bi protokolo daude osasunaren arloko profesionalek jasandako erasoei aurre egiteko. "Gobernuak du bat, eta Osasunbideak berak bertzea. Egin dugu aurrera", erran du Fernandezek. Gehiago egin daitekeela erantsi du, hala ere. "Oraindik ere, langile anitzek ez dakite eraso bat jasanez gero haren berri emateko partea bete dezaketela". Horrek aukera ematen die aholkularitza psikologikoa eta juridikoa jasotzeko.

Erasoak, batez ere, larrialdi zerbitzuetan gertatzen direla azaldu du erizainen sindikatuko kideak. Ildo horretan, zerbitzuak gainezka egiteak ez duela laguntzen azaldu du. "Larrialdietara joan eta pasabidean zain egon behar duen gaixoa urduri jartzen da". Argi utzi du testuingurua aztertu eta eragina izan dezaketen elementu guztiak kontuan hartu behar direla. "Errespetuzko lan giroa behar dugu".

Kartzelarik ez Riau-riauaren harira epaitutako bost lagunentzat

Kartzelarik ez Riau-riauaren harira epaitutako bost lagunentzat

2012ko uztailaren 6an izan zen, arratsaldeko laurak aldera, Iruñeko Udaletxe plazan. Orduko alkateak, UPNko Enrique Maiak, sanferminetako lehen eguneko Riau-riaua ospatzeko asmoa iragarria zuen lehendik. Korporazioa udaletxetik irtetekoa zenean, ordea, istiluak piztu ziren plazan bildutako hainbat pertsonaren artean, eta bertan behera gelditu zen ekitaldia. Hurrengo egunetan, hainbat pertsona atxilotu zituen Poliziak, eta, orotara, bederatzi lagun auzipetu zituzten, gertakarien harira.

Azkenean, horietako bostek epaiketa izan zuten joan den astean, Iruñean. Akordioa erdietsi zuten han auzipetuen defentsak eta fiskalak. Horren arabera, zigortuak izan dira bost auzipetuetatik lau, baina batek ere ez du kartzelan sartu beharko. Orotara, hamabost hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote epaitutako bati, eta hamabi hilekoa beste biri. Laugarrenari zigor ekonomikoa ezarri diote, eta absolbitu egin dute auzipetutako azkena.

Kartzelarako zigorrak, beraz, ez dituzte bete behar izango epaitutakoek. Azken arrazoi hori dela-eta bat egin du defentsak akordioarekin, nahiz eta Mikel Auza auzipetuak dioenez ez dauden ados hitzarmenak jasotako edukiarekin. "Riau-riaua boikoteatzeko talde antolatua ginela dio akordioak, eta hori ez da egia". Dioenez, "lagun batzuekin" egon zen bera Udaletxe plazan, eta lagun horiek ez dituzte epaitu. Gainera, berarekin batera plazako istiluetan egon izana leporatuta zigortu dituzten bi pertsonak ez zituen aurretik ezagutzen. "Beraz, ez da egia talde antolatua ginenik".

Kronologikoki zerrendatu ditu Auzak 2012ko uztail hartako gertakariak. Azaldu duenez, "tentsiozko giroa" zen Iruñean urte hartako sanferminen hasieran. Bi egun lehenago Gora Iruñea plataformaren jai gunea debekatu zuen udalak, eta, Auzak dioenez, "ordurako ere martxan ziren gobernuan zein udalean funtzionarioen gaineko murrizketak". Giro horretan zen ospatzekoa Riau-riaua. "Hainbat jende elkartu ginen plazan, politikoki oso ezberdinak, eta bazen zerbait gertatuko zen sentsazioa. Udaltzainen sindikatu batek ere txosten bat egin zuen, eta eskatua zuen ekitaldia bertan behera uzteko, baina alkateak ez zuen kasurik egin. Horri lotu behar zaio egun horretan jendea goizetik hasten dela edaten. Dena elkartu zen: alde batetik, alkohola, eta, bestetik, hainbat aldarrikapen eta ideologia ezberdin".

Testuinguru horretan piztu ziren istiluak, eta kolpeak izan ziren plazan zeuden hainbat lagunen artean. Ados dago horrekin Auza, baina ez du uste "hainbesterako" izan zenik. Are gehiago, "beste urte batzuetan, 1991n eta 1996an, istiluak askoz handiagoak" izan zirela uste du. Horregatik, gertakariak "handitu" izana leporatu dio Auzak UPNri. Kasua puztu izana, nolabait.

UPN, "etekin politiko" bila

Hain zuzen ere, UPNk gertakari horietatik "etekin politikoa" atera nahi izan duela uste du Auzak. Larrutik pairatu zuen hark, hezkuntza publikoko irakasle gisara, aurreko Nafarroako Gobernuaren kanpaina. "Batetik, mediatikoki ikaragarrizko kanpaina bizi izan nuen nire kontra. Bestetik, Jose Iribasek ere bere kanpaina propioa jarri zuen martxan, ni hezkuntzatik kanporatzeko. Ikuskatzaileekin elkartu zen lehenbizi, eta Nafarroako Administrazio Auzitegira jo zuen gero. Jo eta ke ibili zen, baina azkenean erran zioten ez zuela zer eginik. Eta orduan, geroxeago, lista beltzen kanpainari ekin zion; hezkuntzan genbiltzan ezker abertzaleko hainbaten kontra jo zuten".

Orain, sanferminetan izandako gertakari horietatik hiru urtera iritsi da epaiketa, baina Auza ez dago ados prozeduraren planteamenduarekin berarekin. Dioenez, Udaletxe plazako liskar horretan parte hartu zuten "guztiak" epaitu beharko lituzke auzitegiak, "bai eskuinekoak eta baita gu ere". Alde horretatik ere ikusten du auzia interes politikoetara lotzeko ahalegina.

Akordioarekin bukatu da prozedura, baina oraindik ere UPN "etekin politiko bila" ari dela uste du Auzak. "Orain arte bilatu izan du, eta egun hauetan ere hori ikusten ari gara". Zerrendatu ditu, besteak beste, Joseba Asiron alkatea Iruñea Askatasunez taldearekin biltzeagatik UPNk egindako kritikak, baita Mari Jose Beaumont Nafarroako Gobernuko Justizia kontseilariaren kontra egindako salaketak ere, Auzaren beraren kontra aurreko gobernuak abiatutako akusazio partikularra bertan behera uzteagatik. Auzipetuak dioenez, "gobernu berriak txosten bat egin zuen, eta ikusi zuen Riau-riauan nik izandako jarrerak ez zuela zerikusirik nire hezkuntzako lanarekin". Horren haritik, Nafarroako Gobernuari eta Iruñeko Udalari "eskerrak" eman zizkion Auzak joan den astean, auzitegitik ateratakoan hedabideentzat egindako adierazpenetan.

“Hezkuntzak tortura tresna bilakatu du irakurketa”

“Hezkuntzak tortura tresna bilakatu du irakurketa”

Ezaguna da nerabe eta gazteen irakurketaren gaineko interes falta. Baina jakina izateak ez dio kezka kentzen Victor Moreno idazle eta kazetariari (Alesbes, 1951). Preferiría no leer (Pamiela) liburu berrian arakatu du arazoaren arrazoietan. Identifikatu ditu jatorri asko, baina, dioenez, ez du oraindik errezeta magikorik. "Kabinete bat" muntatuko luke bestela, "irakurleak ekoizteko".

"Irakurle izateko ez da nahikoa irakurtzen jakitea". Zer gehiago behar da, hortaz?

Jakinen banu, aspaldi muntatu izanen nuke kabinete bat, irakurleak seriean ekoizteko. Ez, benetan: inork ez daki. Pertsona bakoitza kasu ezberdina da. Ez dago irakurle bihurtzeko formula edo bide bakarra. Izan ere, irakurketaren esperientzia kontu indibidual eta zehatza da. Ondorio orokorrak ateratzea falazia litzateke, eta kaltegarria izango litzateke fenomenoa ulertzeko. Anitz dira irakurketarako bideak. Baldintza objektiboek badute eragina, noski, baina subjektiboak dira nagusi. Besteak beste, izaera, emozioa eta hizkuntza DNA; oso gutxi dakigu horri buruz.

Argi dago irakurketaren ontasunei buruzko diskurtsoak ez duela nerabeengan eraginik izan. Zergatik?

Diskurtso hori ez dagoelako enpirikoki baieztatzerik. Ba al da heldurik nerabeen aurrean aurkeztu eta "ikusten ari zaretena nik irakurritakoaren emaitza da" esango lukeenik? Itzela litzateke barre algara, norbaitek hori eginen balu. Inor ez da irakurritakoaren emaitza. Gainera, ontasun horiek ez dute nerabea erakarriko. Nerabe bati esatea irakurriz gero kritikoagoa, sortzaileagoa, pertsona hobea, demokratagoa, kosmopolitagoa, etikoago edota, are, solidarioagoa eta sexyagoa izango dela, gezur sorta bat osatzea baino ez da. Ez dira kontu frogagarriak.

Diozunez, irakurketaren efektu sendagarriei buruzko diskurtsoa zabaldu da azkenaldian.

Bai, irakurketaren efektuei buruzko diskurtsoak kategoria hori eskuratu du azken urteetan. Nolabaiteko farmakopea bilakatu da irakurketa, edozein gaixotasun edo gabezia existentzial zein intelektual sendatzeko gai dena. Edozein min arintzeko balio du irakurketak, osasunaren berme da. Bada Stevenson efektuaz, Agatha Christie efektuaz edo Cervantes efektuaz mintzo denik. Lehenengoa irakurtzen duena ez da sekula ustela izango, adrenalina etikoa jaso izango duelako; bigarrena irakurtzen duena pertsona enpatiko eta solidarioa izango da, nahiz eta nobela bakoitzeko hilketa gehien egin duen autorea irakurri; eta hirugarrena irakurtzen duena kosmopolita eta unibertsala izango da, nazionalismo eta independentismo erradikalen etsai —agian horregatik ez du inork irakurtzen Kixote—. Efektu horiek guztiak egiazkoak balira, tentelena litzateke ez irakurtzea.

Erlatibizatu beharko genituzke irakurketaren efektuak?

Nik ez dut ukatzen irakurtzeak efekturik sortzen ez duela. Diodana da ongi legokeela esaten duenak irakurtzen aldatu egiten dela pauso bat ematea eta esatea zer libururekin esperimentatu duen halakorik. Irakurketaren diskurtsoa subjektibizatzea da kontua, gizabanakoaren eraldaketarako balizko mekanismoak deskribatuz. Nik gaur-gaurkoz ez diot pederasta bati inoiz entzun pederasta denik Sadeko markesa irakurri duelako, eta ez diot entzun GKE batean sartu denari Teresa de Avila irakurri ostean sartu dela.

Irakurketaren irudi aspergarria zabaldu ohi da. Erreala al da?

Badira liburu astun eta aspergarriak, baina aspergarritasunaren kontzeptuak lotura du norberak irakurtzen duenean jartzen dituen helburuekin. Helburua dibertitzea bada, logikoa da ez irakurtzea Sanchez Ferlosioren artikulu bat edo Benjamin Jamesen nobela bat. Irakurketa tortura mota bat izan daiteke. Berdin idazterakoan. Literaturaz geroz eta gutxiago jakin, geroz eta aukera handiagoak irakurtzen aspertzeko. Baina norbera irakurlea denean, dakienean zer irakurle mota den, arraroa izango da aspertzea, ongi baitaki zer irakurri. Irakurtzea ekintza bakartia, autista, intimoa eta hausnarkaria da. Astuna? Aspergarria? Esan beharko da norbera zer liburu eta autorerekin aspertzen den. Liburu eta irakurle batek talka egiten dutenean, norena da errua?

Zer ardura du hezkuntza sistemak nerabeen irakurketarekiko interes faltan?

Hezkuntza sistemak ikasleen ulermen eta interpretatze gaitasuna ebaluatzeko bitarteko gisa landu du irakurketa, ez ongi pasatzeko helburu gisa. Ez da hitz egiten modu askean irakurritako liburuez. Hezkuntza sistemak tortura tresna bihurtu du irakurketa nerabe askorentzat. Eta egin lezakeen onena klasikoetaz ahaztea da. Hezkuntza sistemak ukitzen duen klasikoa gorrotatzen dute nerabeek.

Irakurketak gaur egungo gizarte azkarrarekin bat ez datozen balio eta uneak eskatzen ditu. Posiblea da hori?

Posiblea da, eta, gainera, hala beharko luke. Hezkuntza sistemak ez luke bakarrik ikaslearen irakurtze gaitasuna garatu beharko; irakurketa pertsonal eta partekaturako espazioak atondu beharko lituzke, ohiko parametroetatik urrun, non pertsona bakoitzak nahi duena irakurri ahal izango duen, galdetegi baten eraginik gabe. Irakurketa egin egiten da, ez da esaten. Hezkuntza sistemak irakurketa pertsonalerako praktikak eskaini beharko lituzke, isiltasunean, presarik gabe, trukean ezer eskatu gabe, presiorik gabe, azterketarik gabe. Era berean, besteekin partekatutako irakurketak ere bultzatu beharko lituzke, norberak irakurtzerakoan izandako emozioak adiera ditzan. Hau guztia posible ez den bitartean, ikaslea irakurketarekiko jarrera ezkorrarekin aterako da hezkuntza sistematik. Eta, gero, gizarteak egingo du gainontzekoa.

Esan ohi da irakurketak kontzientzia soziala eragiten duela, eta ezkerrera hurbildu. Egia al da hori?

Kontzientzia sozial bikaina izan daiteke sekula libururik irakurri gabe. Tradizioz, ezkerra beti izan da eskuina baino ezjakinagoa, kultura gutxiagokoa, eta askoz gutxiago irakurritakoa. Irakurtze hutsagatik inork ez du irakurtzen ez duenak baino kontzientzia sozial eta politiko handiagoa hartzen. Irakurtzeak ez du inor ezkerrekoa egiten. Are gehiago, gotzain asko irakurle sutsuak dira, eta jainkoari baino ez diote botorik ematen, eta jainkoa eskuinekoa da betidanik. Eta ez dezagun ahatz Federico Trillo fatxa Shakespeareren itzultzailea izandakoa dela. Halako jarrera konduktistekin egin dezakegun hoberena da pikutara bidaltzea, kakatara. Hori da haien leku naturala. Edozein gizarte klasetan edozein indibiduo izan daiteke sortzaile eta kritikoa.

“Ikusi nahi ez dugun hori erakusteko beharra daukagu”

“Ikusi nahi ez dugun hori erakusteko beharra daukagu”

Esperientzia pertsonal batetik abiatuta, sormenera eraman du Consuelo Otxoak (Lerin, 1957) heriotza batek sortutako mina. Prozesuan sortutako lanak erakusgai daude gaurtik Iruñeko Ziudadelako Bolborategian. Abenduaren 13ra arte zabalik egonen da Duelo erakusketa, eta bisita gidatuak izanen dira igandeetan, musikaz eta antzerkiaz lagunduta, doluan aditua den baten parte hartzearekin.

Zein da egitasmoaren jatorria?

Izenburuak dioen bezala, minetik sortutako lana da hau. Orain dela hiru urte anaia hil zitzaidan, bat-batean. Espero gabeko heriotza izan zen, sekula pentsatu gabea. Hamar minutu lehenago hitz egin nuen berarekin, eta hamar minutu geroago hila zen, eta nik ez nekien. Inpotentzia egoera bat sortzen da halakoetan, amorrua, eta konturatzen gara ezinezkoa zaigula ustez kontrolatzen genuena kontrolatzea.

Eta sormenera bideratu zenituen orduko sentimenduak.

Bai, lan honekin hasi nintzen egun gutxitara. Ez neukan ezer planifikatua, baina barrukoa botatzeko beharra nuen, pintura bota. Euskarri lau batekin hasi nintzen lanean, margo akrilikoarekin, eta konturatzen hasi nintzen dentsitate ezberdinekin eta zuriarekin eta beltzarekin bakarrik jardun arren margoa deskonposatzen hasten zela, eta gauza asko gertatzen zirela. Orduan, prozesuari argazkiak ateratzen hasi nintzen nire iPhonearekin, eta hasi nintzen ikusten unibertso paraleloak sortzen zirela, eta gauza bitxiak gertatzen zirela, eta kolorea desegin eta arrosak, urdinak edo okreak agertzen zirela. Eta batik bat konturatu nintzen heriotzarekiko eta haren ondorioekiko neukan obsesioa hor zegoela. Amorru horretan bazegoen halako indar bat, nire obsesioak azaleratu zituena. Hau da, heriotzaren ondoren geratzen dena, memoria, hezurrak. Eta, bat-batean, hezurrak agertzen zaizkit leku guztietan. Beraz, bada lehen fase bat, min oso handiarena, baina, gero, bira egiten du, eta beste aukera batzuk zabaltzen dira. Mina, bat-batean, askoz atseginagoak diren irudietara pasatzen da.

Sorkuntzak, beraz, eboluzioa izan du aurrera egin ahala.

Bai, hori da, dolu prozesuarekin batera eboluzionatu du. Minaren fase hori gainditzen ikasi dut, baita jadanik ez dagoen pertsona hori prozesuan integratzen ere, beste perspektiba batean kokatzen. Batez ere, zauriak sendatzen lagundu dit honek. Prozesu gogorra izan da, malko askokoa, eta bakardade handikoa. Eta, hala ere, prozesu honen bitartez, neure burua askatzen ikasi dut.

Arteak, beraz, terapia modura funtziona dezake?

Bai, noski. Nik zorte handia dut baliabide hau izan dudalako. Bizitza bera izan da lan hau. Aurretik beste bat egin nuen, nire bizitzako betetasun garai batean. Ezinezkoa zait sortzea ez bada bihotzetik ateratzen; ez dut bitartekorik aurkitzen. Zerbait indartsu gertatzen ari denean aurkitzen ditut bitarteko horiek. Oraingoan, zortea izan dut, lan honetan badirelako aurrez espero ez nituen gauzak. Uste nuena baino askoz gehiago eman dit obra honek. Ez zegoen aurrez zehaztutako ezer, baina jardunak berak eraman nau aurrera, margoa botatze hutsak. Gero, 3.000 edo 4.000 argazki atera nituen, eta horietako asko txundigarriak dira.

Margolanei ateratako argazkiek osatzen dute, hain justu, zure erakusketa.

Bai. Tira, ekarri ditut akrilikoak ere, egiten dudanaren lagin gisara, baina azken emaitzan dut interes handiena. Lanean nagoelarik, margoketan murgiltzen naiz; bueltak ematen dizkiot nire obsesioari. Gero, argazkiak ateratzen ditut, eta eskala aldatzen diet, eta zetazko mihiseetan inprimatzen ditut. Beraz, berez gogorra den zerbait zeta bihurtzen da, eta zeta gauza atseginekin, goxoekin eta hurbilekoekin lotzen dugu.

Heriotzari buruz hausnartzeko balioko zizun prozesu honek, ezta?

Heriotza hain da gauza erreala! Denok pasatu beharra dugu hortik, nahitaez bete beharreko fasea da heriotzarena. Hausnarketa egin beharra dago heriotzaren eta bizitzaren inguruan, eta daukagunari balioa eman, ezinbestekoak ez diren gauzei horrenbesteko garrantzirik ez emateko.

Garrantzitsua da, beraz, heriotzarekin bizitzen ikastea?

Bai, nik uste dut beharrezkoa dela. Bizitzaren barruan dago heriotza, guk nahi eta nahi ez. Lan hau ilusioa da niretzat, ibiltzen jarraitu ahal izateko eta bizitzen jarraitu ahal izateko ilusioa. Nire anaiak hainbesteko antza zuen nirekin, hila ikusi nuenean nire heriotza ikusi bainuen. Hori bada barruan geratzen den zerbait.

Domu Santu egunaren testuinguruan zabaldu da erakusketa. Testuinguru egokiena da?

Erakusketa hau maiatzean zen aurkeztekoa. Ez naiz kristau praktikantea, baina esaten dut jainkoa agertu zaidala, erakusketa berez maiatzean zelako aurkeztekoa, eta orain egingo delako. Testuinguru perfektua da hau, bai datagatik, baina baita espazioagatik ere. Ziudadelako Bolborategi honek badu ermitatik zerbait, norbere barnera biltzetik zerbait.

Prozesu pertsonal baten emaitza da hau. Hortik harago, gizartean eragin nahiko zenuke, heriotza ulertzeko moduari dagokionez?

Ez naiz inor horretarako. Besterik gabe, gustatuko litzaidake nire esperientzia kontatu eta partekatzea. Mundu guztia pasatu da hemendik; norberak badu bere esperientzia eta min propioa. Ez diot inori leziorik eman nahi; ez nuke luxu hori hartuko, baina uste dut garrantzitsua dela partekatzea. Izan ere, ikusi nahi ez dugun hori erakusteko beharra daukagu, argia eta itxaropena dagoela erakusteko. Eta George Braquek dioen bezala, bi gauzak dira beharrezkoak, argia eta itzala, argirik gabe ez baitago itzalik.