Nafarroa

“Taula gainera igotzeak ez du izaerarekin zerikusirik”

"Antzerkia publikorik gabe ez da deus". Hitz horiekin laburtu du Oier Zuñiga aktoreak (Iruñea, 1986) antzerkia. Txikitan, pailazo izatearekin amesten zuen, eta gazte-gaztetan hasi zen antzerkia egiten, eskolako gorputz adierazpen ikastaroan. Geroztik, ez da taula gainetik jaitsi. Aktorearen bizimodua ez da erraza, ez baita hilero soldata finkoa ematen duen ofizioa. "Konpainia handi batean ez bazaude, han-hemenka ibili behar da beti". Zuñigak Labanaroa konpainia sortu zuen Laura Villanueva eta Maialen Diazekin batera. Baina, horrez gain, beste hamaika lan egiten ditu, hala nola beste talde batzuetako ikuskizunetan parte hartu, konpainia eta taldeentzako kartelak eta logoak egin, iragarkiak egin, aktore hautaketetan parte hartu eta eskolak eman. Gauza asko egiten ditu, eta ez beti gustuko dituenak. "Iragarkiak egin izan ditut, baina hori ez da sorkuntza. Batzuek diote horregatik neure burua saltzen dudala. Baina egunero bizi eta jan behar dut. Nik ez dut neure burua egunero Volkswagenen lan egiten duenak baino gehiago saltzen".

Eskolan hasi zen antzerkia egiten Zuñiga. Geroztik, ez dio formatzeari utzi. "Aktoreak bizi osoa eman behar du formatzen, ikasten eta birziklatzen". Ikasketa formalei dagokienez, Bilbon Arte Ederrak eta Nafarroako Antzerki Eskolan interpretazioa ikasi ditu. Antzerki Eskolan ez dute irakaskuntza ofiziala eskaintzen, baina hori oso ohikoa da sorkuntza munduan. "Espainiako Estatuan Madrilen eta Bartzelonan baino ez dute irakaskuntza ofiziala eskaintzen. Hala ere, sorkuntzako edozein arlo zehatz lantzeko dauden eskola gehienak ez daude homologatuak". Garrantzitsua den arren, eskoletan ikasten dena ez da formatzeko bide bakarra. "Aktoreek antzerkia ikusi behar dute. Nik ikusten dut gustatzen zaidalako, baina beharrezko dut. Horrez gain, ezinbestekoa da ikastaroak hartzea, lan egitea eta beste aktore batzuekin egotea. Horrela asko ikasten da".

Taula gainera igo eta publikoaren aurrean jartzea ariketa zaila da. Lotsagabe xamarra izan behar dela pentsa daiteke. Baina Zuñigak ez du hori uste. "Taula gainera igotzeak ez du izaerarekin zerikusirik". Zuñigak aitortu du oso lotsatia dela. Baina agertokira ateratzen da, ofizioa maite duelako eta antzerkiak bere bizitzan ekarpen handia egiten duelako. "Taula gainera igotzen naizenean ez dut nire lotsetan pentsatzen. Egia da agertoki gainean pertsona agerian geratzen dela. Baina horrek nire bizian eta osasunean egiten duen ekarpena oso garrantzitsua da". Agertokian egon eta publikoarekin sortzen den sinergia "bizitzarako gasolina" da, Zuñigaren ustez. "Pertsona triste bat ezin da osasuntsu egon. Pozik dagoena eta gustuko duena egiten duena, ordea, bai".

Egun, Labanaroa konpainiarekin bi obra egiten ari da Zuñiga. Haro modernoak lana da bata. "Joseba Sarrionandiak euskaratutako Bobby Sandsen poema batean oinarrituta dago, eta, antzezlanaz gain, eskoletan irakasteko unitate didaktiko bat egin genuen". Iruñeko Iturrama institutuan batxilergo artistikoa egiten duten ikasleekin landu dute. Dena da gezurra lana da bestea. Iruñeko Udalaren umeentzako antzerki testuen 2012ko lehiaketa irabazi zuen Xabier Lopez Askasibarrek testu horrekin, eta eurek jaso dute taula gainera eramateko aukera. Beste lan batzuk prestatzen ari dira, baina Zuñigak oraindik ezin du ezer esan.

Komunikazioa da gakoa

"Antzerkia eta edozein ofizio ez dago egungo egoera soziopolitikotik at". Horregatik, gizarteak pairatzen duen balio krisiak antzerkian eragina duela uste du Zuñigak. "Jendartea oso likidoa da, ezegonkorra. Ez dago balio solidorik". Horrek arteari ere eragiten dio. XX. mendea abangoardien mendea izan da, eta horren ondorioak pairatzen ari garela azaldu du Zuñigak. "Berrikuntza askoren mendea igaro dugu. Etiketak eta estiloak sailkatzeko beharra dugu. Baina likidotasunak estiloak nahastu eta gauza anbiguoak sortzeko aukerak eman ditu". Anbiguotasun horrek gaizki-ulertuak eragin ditzakeela aitortu du Zuñigak. "Badago jendea antzokira doana antzerkia ikusteko, eta beste gauza bat aurkitzen badu, esaten du: 'Zer da hau?, ze arraroa'". Hori ez da arazoa Zuñigarentzat; ez zaio axola. Sorkuntzaren eremuan horrelako gauzak zilegi direlako. "Niri inporta zaidana da sorkuntzaren xedea. Sortzaileek hori planteatzen dutenean duten helburua, ez horrenbeste ondorioa. Niretzat, errealitatea eta mundua ulertzeko tresna sortzeak izan behar du helburua". Baina publikoak ez badu mezua ulertzen, ez dago tresnarik. Horregatik, berebizikoa da komunikazioa bermatzea.

Sormen prozesuak atal asko ditu, eta oso luzea da; besteak beste, pertsonaiak ikertu eta jantziak aukeratu behar dira. Gustuko du lan hori, baina, Zuñigaren ustez, ez dago antzeztea bezalakorik. "Agertokira atera eta bertan pasatzen duzun ordu hori da niretzat bizitza ulertzea. Horren ostean, sentimendu asko sor daitezke". Badaude gustuko ez dituen lanak ere, hala nola produkzio eta banaketa lanak. Baina horiek ere bete behar dira.

Batasuna erasoen aurka

Alarma piztu zen iragan urteko sanferminetan. Txupinazoan emakumeak nola erasotzen zituzten ikusten ziren irudiak azkar batean hedatu ziren mundu osoan zehar. Azken urteetan, behin eta berriz errepikatu dira irudi horiek. Hala ere, iazkoek eragin dute erreakzioa. Sanferminak legerik gabeko jaiak direnaren ideia dute askok. Arrazoi horregatik jakinarazi du Ana Lezkano Iruñeko Udaleko Gizarte Ongizate eta Berdintasun zinegotziak festa eredu "onartezin" horretatik aldendu beharra dagoela. Hala, Eraso sexistarik gabeko jaien alde kanpaina jarri du abian Iruñeko Udalak, hainbat talde feministaren eta gizarte eragileren elkarlanaren bitartez.

Ez da lehen aldia Iruñeko udalak sanferminen harira berdintasunarekin lotutako kanpaina abian jartzen duena. Iaz esaterako, bi ekinbide jarri zituzten abian, bat gizon eta emakumeen arteko parekidetasunarekin lotutakoa eta bestea emakumeen erabakia errespetatzeko aldarrikatzeko. Hala ere, Pilar Mayo Iruñeko Berdintasun teknikariak jakinarazi duenez, aurten "pauso bat haratago" joan nahi izan dute. "Ezinbestekoa da indarkeria sexista jai eremuetan ere gaitzestea. Gainera, gizon eta emakumeen arteko errespetua beharrezkoa da", azaldu du Mayok.

2013ko erasoen harira urtarrilean Sanferminak Berdintasunez taldea sortu zuen Iruñeko Emakumearen Udal Kontseiluak. Lehen aldia da halako talde bat eratzen dena Iruñean. Besteak beste, bilera horietan Bilgune Feministak, Gora Iruñeak, Kattalingorrik eta beste hainbat eragilek hartu ahal izan dute parte.

Dena den, Tere Saez Andrea plataformako kexu agertu da. Jakinarazi duenez, Sanferminak Berdintasunez taldeko bileretan parte hartzeko gonbita jaso arren, ez dute bileretara joaterik izan. "Udal teknikariak azaldu zigun bilerak eguerdi partean izango zirela, eta plataformako kide guztiak ordu horretan lanean izaten gara. Beraz ez dugu bilera batera ere joateko aukerarik izan", adierazi du atsekabetuta.

Miren Aristu, Gora Iruñea taldeko kidea, aldiz, izan da Sanferminak Berdintasunez taldeak egindako bileretan. Udalaren gonbita jaso zutenean, hasieran batean "errezeloa" sortu zitzaiela onartu du. "Sexu erasoen aurka jarrera epela izan du sarritan udalak, eta harritu egin ginen", onartu du Aristuk. Lehen bileran Gora Iruñeak berdintasunean oinarritutako jaien alde hartu beharreko neurrien proposamena egin zuen. "Gauza bera egin zuten gainontzeko taldeekin", argitu du Aristuk.

Pilar Mayok jakinarazi duenez, Iruñeko Udaleko berdintasun teknikarientzat "ezinbestekoa" zen lehenik eragile guztiei entzutea. "Argi geneukan kanpainaren diseinuan politikariek zuzenean parte hartzerik ez genuela nahi, litekeena zelako horrek ekinbideari sinesgarritasuna kentzea".

Eraso sexistarik gabeko jaien alde leloa duen kanpainak bost helburu nagusi ditu: eragile ezberdinen arteko adostasuna lortzea, larrialdi zerbitzuetako telefonoen berri ematea, sexu erasoa jasan duten emakumeak artatzen dituzten udaltzainen formakuntza hobetzea, babes zibileko langileei informazioa helaraztea eta hedabideetako langileen formatzea eta sentsibilizatzea

Bost helburu horiek ontza jo ditu Aristuk. Hala ere, euren eskakizun guztiak ez dituztela aintzat hartu salatu du. Ohartarazi duenez, hiriaren antolakuntza erabat aldatzen da sanferminetan eta horrek eremu arriskutsuen eraldaketa eragiten du. "Puntu ilunen mapa egitea garrantzitsua da, emakumeek hiriko toki arriskutsuak ezagutu ditzaten".

Dena den, sanferminekin zerikusia duen gai oro Sanferminetako Mahaian eztabaidatzen da. Besteak beste, entzierroa eta jai eredua izaten dituzte mintzagai. Tere Saez oso kritiko agertu da Sanferminak Berdintasunez taldeko kideak ez direlako Sanferminetako Mahaian izan: "Sexu erasoak jai giroan gertatzen dira, eta guretzat ezinbestekoa da gaia Sanferminetako Mahaian lantzea".

Mayok onartu du gaia Sanferminetako Mahaiak lantzea egokia dela. "Dena oso azkar egin dugu, eta beti egiten dira akatsak. Logikoena hori izan daiteke eta heldu den urterako kontuan izango dugu", onartu du. Kanpaina, berez, urtarriletik aurrera hasi ziren lantzen. Lanketa hori lehenago hasi behar zela defendatu du Saezek.

Jai ereduaren inguruan ere bada eztabaida. Ana Lezkano Gizarte Ongizate eta Berdintasun zinegotziak onartu bezala, jai ereduak ere hausnarketa sakona behar duela irizten diote Miren Aristu eta Tere Saezek. "Sanferminetan edozer gauza egitea libre dela dirudi. Turismo kanpainetan hori saltzen dute eta hori onartezina da" azaldu du Aristuk. Saez ere bat dator Gora Iruñeako kidearekin. "Urte luzez helarazi den mezuaren aurka egin nahi dute, eta hori oso zaila da".

Gainera, Enrique Maia Iruñeko alkateak afera honetan izan duen jarrera kritikatu dute bi ekintzaileek. Izan ere, iragan urtean hedabideetan ikusi ahal izan ziren irudien harira "kezka" agertu zuen alkateak. Honakoa adierazi zuen 2013ko sanferminen balorazioa egiterako orduan: "Txupinazoari buruz ematen ari den irudia negargarria da. Elastikorik gabeko eta ardoz blai egindako emakumeen irudiek gehiago saltzen dutelako. Baina hori ez da sanferminetako benetako irudia". Eraso hitza erabiltzea ekidin zuen.

Oraingoz Maiak ez du sexu erasoen aurkako kanpaina babestu, eta hori "onartezina" dela uste du Aristuk. Jakinarazi duenez, ezinbestekoa da eragile sozial zein politikoek babesa adieraztea, gizartea ohartu dadin sexu erasoak ez direla "zilegi".

Biktimei aitortza

Sexu erasoak eta gainontzeko bortizkeriak ez direla iragan urteko gauza ohartarazi du Saezek. "Dagoeneko sei urte beteko dira Nagore Laffage erail zutela. Udalak biktimak benetako aitortu behar ditu", aldarrikatu du Andreako kideak. Gaineratu duenez, onartezina da auzi horretan udalak izan duen jarrera. "Sarritan ematen du Nagore [Laffage] ez zutela sanferminetan hil, eta bai, hala hil zuten". Udala "behin eta berriz" hilketa hori ezkutatzen saiatzen dela gaineratu du. "Ikusi besterik ez dago iragan urtean Nagoreren [Laffage] omenez egin nahi izan genuen antzerkian zer nolako jarrera izan zuen". Udalak ofizialki sostengatu ez duen arren, urtero legez, uztailaren 5ean, Gazteluko plazan 13:00etan Jose Diego Yllanes gazte iruindarrak Nagore Laffage hil zuela gogoraraziko dute. "Beste behin gizonezko bati ezetz esaten zaionean errespetatu egin behar dela aldarrikatuko dugu".

Aingeru Zudaireren auzia “ikertzeko eta argitzeko” eskatu du haren familiak

"Justizia nahi dugu". Mezu hori zabaldu du Aingeru Zudaireren familiak, asteon. Atarrabiako gazteak begi bateko ikusmena galdu zuen 2012. urtean, irailaren 26ko greba orokorraren harira Iruñean izan ziren istiluetan. Espainiako polizia batek pilotakada bat eman zion, hurbil-hurbiletik. Epaileak polizien aurkako salaketa artxibatzea erabaki zuen, hil honen 2an. Erabaki horren aurka agertu da Zudaireren familia.

Auzia "ikertzeko eta argitzeko" eskatu du pilotakada jaso zuen gaztearen anaiak, Raul Zudairek, "erantzuleek haien ardura onar dezaten". Elkarretaratzera deitu dute Zudaireren senideek eta hainbat herritarrek, gainera, hilaren 26rako, Atarrabiako udaletxearen aurrean. 19:00etan eginen dute.

Atarrabiako Gazte Sozialistek ere bat egin dute deialdiarekin, eta babesa eta elkartasuna agertu diote Aingeru Zudaireri, prentsa ohar baten bidez. Gazte Sozialistek "polizien zigorgabetasunaren aurka" egin dute, eta gomazko pilotak debeka ditzatela eskatu dute. "Bidezko sententzia behar du Zudaireren auziak, jasotako erasoaren arduradunak zigortuko dituena. Eraso hori ezin da zigorrik gabe gelditu", erantsi dute.

Aingeru Zudaireren familiak helegitea aurkeztu du epailearen erabakiaren aurka. Poliziak "erabateko zigorgabetasunez" jokatzen duela salatu du Raul Zudairek, 2012an zauritutako gaztearen anaiak. "Epaileak berak zauria pilotakada batek eragin zuela iradoki du; poliziaren oldarraldia neurrikoa izan zela erantsi du; erantzulerik ez du zehazten, ardura inork ez balu bezala", nabarmendu du.

Familiak argi du gertatu denaren erantzule nor den: "Murrizketak bultzatzen dituzten politiken atzean dauden agintariena da ardura; haiek bidali zituzten poliziak protesta egiten ari ziren herritarren aurka".

"Begia ere gal dezake"

Gaztearen ama Martina Borge ere jendaurrean agertu da asteon. "Ez da bakarrik begi bateko ikusmena galdu duela. Kolpe psikologikoa ere hagitz gogorra izan da", azaldu du. 2012an jasotako pilotakadaren ondorioak, gainera, ez dira oraindik amaitu. "Begia galtzeko arriskua ere badu. Kolpeak hautsi zizkion begiari eusten dioten hezurrak ere", erran du Borgek. Ondorioz, Zudaireren osasunak okerrera egin dezakeela nabarmendu du haren amak.

Aingeru Zudaireren polizien aurkako salaketa ez da egunotan mahai gainean egon den bakarra. 2012ko irailaren 26ko greba orokorreko istiluetan bertze hainbat pertsonak jaso zituzten kolpeak polizien oldarraldian. Haietako hiruk jarritako salaketen harira, hain zuzen ere, bi epaiketa izan dira asteon.

Sabino Cuadra Amaiur koalizioko diputatuarena da salaketa horietako bat. "Nafarroan defizit demokratikoa dugu", salatu du. Hori erakusten du 2012ko iraileko greba orokorrean gertatu zenak, Cuadraren ustez. "15.000 pertsonak manifestazio baketsua egin zuten, eta bukaeran poliziak oldartu ziren". "Justizia defizita" ere badela erantsi du Amaiurreko kideak, eta denak ez direla berdinak epaileen aurrean. Protesta egiten duten herritarren aurkako errepresioa salatu du Amaiurreko diputatuak.

Baztanen bizitza eta lana gogoan

Garapenak, sintesi antzekoak dira Kepak [Arizmendi] egin zituen azken lanak. Margolan serieak dira, eta lan bakoitzean elementuak kentzen zituen, funtsarekin geratzeko". Horrela azaldu ditu Tomas Sobrino margolariak Kepa Arizmendi Baztan-en azken lanetako batzuk. Ekainaren 8an bost urte bete ziren Arizmendi hil zela; Baionan hil zen. Urteurrenarekin, Arizmendiren sei lagunek haren bizia eta obra biltzen dituen liburu bat argitaratu dute. Horretaz gain, azken urteetan egindako lanen erakusketa prestatu dute. Hilabete bukaerara arte Elizondon ikusi ahalko da, Arizkunenean. Uztailean, berriz, Senpereko Larralde etxera eramango dute, Lapurdira. Elizondon, heriotzaren bosgarren urteurrenarekin, Mikel Arizmendi Bereau 'Baztan' liburua aurkeztu zuten. Bertan, Arizmendiren ia ibilbide osoa bildu dute. Horregatik, margolariaren familiak haren azken urteetako lanak bildu nahi izan ditu erakusketan, haren kezkak ageri baitira horietan.

"Kepak egundoko karisma zuen. Haren izena aipatuta, mundu guztia prest dago laguntzeko", azaldu du Sobrinok. Pertsona ezaguna zen Baztanen, sorterrian. 1989an sorterritik ihes egin behar izan zuen. Elizondon oso ezaguna zen Arizmendi: Forteneko tabernaria, euskaltzalea eta margolaria. Elizondoko ikastolaren aldeko mugimenduan buru- belarri aritu zen. Fortenea taberna abertzalea ere ezaguna zen. Baina inor gutxik zekien noraino heltzen zen ihes egitera behartu zuen konpromiso politikoa.

Bizitzako azken hogei urteak etxetik kanpo eta egoera zailean eman bazituen ere, Baztango herritarrek beti izan dute gogoan. Baita bertako margolariek ere. "Baztango margolariak beti oso ondo portatu dira Keparekin. Urterik gogorrenetan ere, haren margolanak lortzen zituzten erakusketak egiteko", azaldu du Peio Hachek, Arizmendiren lagunak eta liburuaren sustatzaileetako batek. Sostengu horrekin guztiarekin erraza izan da antolatzaileentzat Elizondoko erakusketarako margolanak lortzea, lanetako asko jabe pribatuen esku zeuden arren. "Kanpoan erakusteko baldin bada, zailagoa da jendeak lanak uztea. Baina Elizondon bertan denez, ez dugu arazorik izan. Nik uste dut, jendeak harrotasun puntu bat duela euren margolanak erakusten direnean", esan du Sobrinok. Lana finantzatzeko ere, uste baino arazo gutxiago izan dituzte. "Mutildantza izena duen margo handi baten zatiak 20 euroan saldu genituen. Erosten zuenak, liburua jasotzeaz gain, margolanaren erreprodukzio baten zozketan parte hartzen zuen. Liburua inprentara bidali genuenean ia ordaindua genuen", azaldu du Hachek.

Margolari estimatua

"Jean François Larralde arte kritikariak esan zuen Keparen lana oso ona zela", dio Hachek. Larraldek aukeratu ditu liburuan agertzen diren obra gehienak, baina ez guztiak. "Liburuan haren ibilbide osoko lanak jarri nahi izan ditugu. Hasierakoak eta ihesaldiko urterik gogorrenetakoak ere. Larraldek zioen horiek ez zirela haren lanik onenak, baina guk sartu nahi izan ditugu. Haren bizipenak eta sentimenduak agertzen direlako", azaldu du Hachek. Horrez gain, Arizmendi ezagutu duten hainbat pertsonaren testigantzak bildu dituzte biografia txiki bat aurkezteko. "Keparen bizia azaldu nahi genuen, pertsona eta artista gisa. Militante gisa ez, hori askoz zailagoa delako. Bukaeran, oroigarri txiki bat egin nahi izan dugu", adierazi du Hachek.

Biografia txikiaz gain, pertsona jakin batzuei eskatu zieten Arizmendiri buruzko testu bana idazteko, besteak beste, Jean François Larralderi, Elixabete Garmendiari eta Floren Aoizi. Elixabete Garmendia ETBko kazetaria da, eta Arizmendiri elkarrizketa bat egin zion 2008an, Baionan. Haren testuaz gain, Garmendiarenak dira margolanak laguntzen dituzten testuak. Aoizen ekarpena, ordea, politikoagoa da. Liburuan ez dute alderdi hori asko sakondu, baina Arizmendiren lagunek ezinbesteko iritzi diote erreferentziaren bat egitea. "Floren Aoizek eta Kepak elkar ezagutzen zuten. Gainera, Keparen urterik zailenetan Floren ezker abertzaleko bozeramailea izan zen, eta oso ondo idazten duenez, Kepari buruz zerbait idazteko eskatu genion".

Lan handia egin dute Arizmendiren sei lagunek liburua argitaratu ahal izateko. Erakusketa ere martxan dago. Helburua bete dute margolariaren lagunek, haren lana eta izena ez baita galduko. Oihaletik liburura egin du salto Arizmendik.

“Ez dut inspirazioan sinesten; lanarekin lortzen da hori”

Irakaskuntzak ez zuen asetzen Aiora Ganuza (Iruñea, 1980), oso mugatua ikusten baitzuen bere sormen prozesua. Horregatik, Patricia Lizarragarekin batera Harian Ari proiektua martxan jartzea erabaki zuen. Iruñeko Curia kaleko 25. zenbakian dute lokala, eta eurek egiten dute arropa. Horrekin batera, joskintza eta patroigintza ikastaroak ematen dituzte. "Tailerraren zentzua berpiztu nahi dugu. Jendeak ikus dezan arropa egitea ez dela erraza. Ez dela saltoki handi batera joatea, arropa erosi, egun batean jarri eta bota", dio Ganuzak.

"Forma sinpleak eta kolore lauak", horiek erabiltzen ditu Ganuzak arropak egiteko. Oraingoz, emakumeentzat baino ez dute arropa egin, baina laster hasiko dira gizonezkoentzat lantzen. Egun, eskaintza zabala dute; besteak beste, soinekoak, galtzak, kamisetak, osagarriak, turbanteak eta txanoak egiten dituzte. Abenduan ireki zuten denda, eta garapena nabaritu dute lehen sei hilabeteetan. "Ahoz aho zabaldu da, eta jendeak gauza berriak ikusi nahi ditu. Nazkatuta daude beti berdin janztearekin". Oraingoz ez dute irabazirik arropa salmentarekin. Baina jendeak euren arropa janztearekin konformatzen dira. "Guk nahi dugu gure arropa kalean ikustea. Horrek emango digu izena". Gainera, Facebook orrialdea ere badute. Baina eskaintza bereziena bezeroei ematen dieten tratua dela dio. "Nahiko normalak gara, apalak. Nik uste dut hori dela gure berezitasun nagusia".

Arroparekin bakarrik ez dute proiektua aurrera ateratzen Ganuzak eta Lizarragak. Beraz, joskintza ikastaroak ere eskaintzen dituzte. "Adin guztietako jendea etortzen da, eta bakoitzak bere interesak ditu", azaldu du Ganuzak. Astean sei orduko eskolak ematen dituzte, eta saio bakoitzean hiru ikasle daude, goiz eta arratsaldez. "Abenduan hasi ginen eskolekin. Ikasleek hilabeteko konpromisoa dute, hilero ordaintzen baitute, eta abenduan hasi ziren hainbat ikaslek jarraitzen dute".

Estresa hitzarekin definitu du bere egunerokoa Ganuzak. "Ireki berri dugu, eta sekula ez dugu negozio bat izan". Egunean hamabi ordu lan egiten dituztela dio diseinatzaileak. Hala ere, gustuko du lana. Eurek egiten dute dena, eta sasoi bakoitzeko 400 bat jantzi egiten dituzte. Lan gogorra da, baina diseinatzaileak langilea izan behar duela uste du. "Ni nahiko burugogorra naiz, baina lanarekin gauzak aurrera ateratzen dira. Hori bai, lan handia egin behar da". Ganuzaren aburuz, diseinatzaile lana ez dago behar bezala estimatua. "Jendeak uste du diseinatzailearen lana marrazkiak egitea baino ez dela. Baina hori ez da horrela. Diseinatzaile batek gauza asko jakin behar ditu, hala nola josi, patroiak egin eta bezeroekin harremanak sustatu". Diseinatzaileak sortzaileak dira, baina Ganuzak ez du inspirazioan sinesten, lanean baizik. "Ez dut inspirazioan sinesten; lanarekin lortzen da hori. Langilea den pertsona batek gauzak ateratzen ditu aurrera". Hala ere, filmei eta "antzinako garaiei" erreparatzen die. "Badut zerbait iraganarekin".

Diseinatzaileak gauza asko egin behar ditu. Baina Ganuzak patroiak egitea maite du. "Sormen prozesua oso luzea da. Gauza asko izan behar dira kontuan. Gustuko dut diseinua egitea eta marraztea". Hala ere, badira gustuko ez dituen gauzak ere. "Gorroto ditut diru kontuak". Lizarraga eta bera dira enpresa txikia aurrera daramatenak, eta hori ere euren esku dago.

Sei hilabete daramatzate proiektu berriarekin, baina aurretik bide luzea egin du Ganuzak modaren munduan. Arte Ederrak ikasi zituen, Bilbon, baina txikitatik gustatu zaio ehunekin aritzea. "Amak txikitatik ezberdin jantzi nau, berezi. Aitaren alkandora hartu, maukak moztu eta berogarri bezala jartzen nituen. Beti izan naiz pixka bat trapuketaria". Unibertsitatean lan gehienak ehunekin egiten zituen. Hala ere, gauza asko egiteko mugak zituela dio. Unibertsitatea bukatu, eta Iruñean moda ikasi zuen, Yolanda Gabiriaren eskolan. "Titulua ofiziala ez zenez, Bilbora itzuli nintzen graduondokoa egitera".

Graduondokoa bukatu, eta Iruñeko Texartu dendan hasi zen lanean. Bertan euskal jantziak egiten dituzte, eta asko ikasi zuen. Pare bat urteren ondoren, zineman lan egiteko aukera izan zuen. "Jantziterian lan egitea gustatzen zitzaidala ikusi nuen, eta mundu horretan murgildu nintzen". Laguntzaile gisa bi filmetan lan egin du: Baztan eta Zinegi Na Milegi Dobara (Behin bakarrik bizitzen da). Bigarren hori Bollywoodeko film bat da, Iruñean grabatu zutena. Blue Lips (Ezpain urdinak) filmean ere lan egin du. Kasu horretan, bera izan zen jantzien arduraduna. Zineman ez ezik, antzerkian ere aritu da, El Bardo antzerki taldearekin. Azken urteetan Crea Navarra Goi Mailako Diseinu Eskolan irakasle gisa ibili da, baina utzi egin zuen.

Moda mundua zaila da. Ganuza hainbat tokitan ibili da. Egun, ordu asko ematen ditu lanean, baina gustura dago bere lanarekin. Bere arropa propioa sortzen baitu. "Moda gai subjektiboa da. Baina egiten dudan guztia bihotzez egiten dut, eta askotan badakit nork eramango duen egiten dudana".

Liburuen ‘hozkailuak’ arrakasta handia du Yamaguchiko liburutegian

IRUÑEA. Hozkailu berezia dute Yamaguchiko liburutegian. Ez du hotzik ematen, eta 200 liburu baino gehiago gordetzeko tokia du. Liburutegiko erabiltzaileek hozkailuko edozein liburu har dezakete, trukean beste bat utzi ondoren. Behin-behineko kanpaina zen, baina hamazortzi hilabete egin ditu martxan, eta udan ere jarraituko du. Egunean, batez beste hamar lagunek erabiltzen dute hozkailua.

Iturrama institutuko ikasleek IKA euskaltegien aldeko argia piztu dute

IRUÑEA. Nafarroan milaka argi kanpaina martxan jarri zuen IKAk ikasturte honetan. Herritarrek Nafarroako herrietan argazkiak atera eta euskaltegia diruz laguntzea du helburu kanpainak. Iturrama institutuko ikasleek kanpainako argazkietan oinarritutako margolanak egin dituzte, eta lanak ikusgai egongo dira ekaina bukatu arte Iruñeko Arturo Campion euskaltegian.

Udalak Gora Iruñeari baimena eman dio Runa parkean jai gunea jartzeko

IRUÑEA. Gora Iruñea plataformak maiatzaren 29an aurkeztu zuen Runa parkeko jai gunerako egitaraua. Hala ere, udalak Runa parkea erabiltzeko lehiaketa martxan jarri zuen. Baina, aurreko urtean bezala, ez da inor aurkeztu. Udalbatzak plataformaren alde egin zuen. Asteazkenean, Gora Iruñeak jakinarazi zuen jai gunea jartzeko baimena eman diola udalak.

9

SUSTRAI ERAKUNTZAK JASO DITUEN PROIEKTUAKHarrobi eta meategiak: gutxi batzuen aberastasuna, gehienon arazoa izenburua duen txostena publikatu berri du Sustrai Erakuntza fundazioak. Helburua proiektu berriak txostenean jasotzea da.

200

MANIFESTAZIOA EGIN DUTEN AZKOYENGO LANGILEAKAzkoyen enpresako 200 langilek manifestazioa egin zuten asteartean, Azkoienen. Euren lan hitzarmena abenduaren 31n iraungi zen. Langileek salatu zuten enpresako jabeek soldata jaitsierak eta deskokatzeak aur...