Nafarroa

EUSKAL LITERATURAREN ‘L’ HANDIAK

"Ni naiz erreka zikinen iturri garbiak aurkitu nahi dituen poeta tristea", zioen Xabier Letek. Haren aburuz, poetak ez dira politikariak, ez moralistak, ez historialariak, ez soziologoak, ezta filosofoak ere. Ez dira ezer, soilik denetarik apur bat. Baina Antton Valverderen eta Angel Lertxundiren ustez, omentzekoak dira. Horregatik, Hiru L: Lauaxeta, Lizardi eta Lete poema musikatu irakurtaldia egingo dute asteartean, 20:00etan, Iruñeko Planetarioan.

“Iruñeko mugimendu feministaren erreferentzia izan daiteke Emagune”

Abokatua eta feminista da Begoña Zabala (Txileko Santiago, 1950). Urteak daramatza mugimendu feministako hainbat talde eta batzordetan, garaian garaiko gatazkei kalean erantzuten. Besteak beste, egun Nafarroako Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Batzordean dago. Txoko Feministaren jaiotza ilusioz eta kontent hartzen du.

Zer emango dio Txoko Feministak Iruñerriko mugimendu feministari?

Iruñerriko mugimendu feministaren erreferentzia izan daiteke Emagune Txoko Feminista. Espazio aldetik, oso baikorra da feminismoarekin lotutako lokal bat hiriko leku jakin batean kokatu ahal izatea.

Zergatik da beharrezkoa halako gune bat sortzea?

Iruñean herri mugimenduak espazioak behar ditu aurrera egiteko, eta lortzen ari da, irmo borrokatzen delako. Udaleko botereek ez dizkigute gauzak errazten, baina elkartzeko gure bilguneak sortzen ditugu, eta Emagune ere horren adibide da. Baina horrez gain, badira beste batzuk: hala nola Zabaldi, Auzoenea eta Kalekalde.

Eta Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Batzordeari zer eskainiko dio?

Biltzeko, eztabaidatzeko eta gozatzeko lokal bat.

Egun puri-purian dago abortuaren gaia; zuek, baina, urteak daramatzazue lanean.

2005ean sortu genuen Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Batzordea, 1985eko legearen 20. urteurrena zela eta. Orduko legea zigortzailea dela salatu, eta sexu eta ugalketa eskubideak errespetatuko zituen lege bat aldarrikatzen genuen.

Gallardonek aurkeztutako lege egitasmoarekin are gehiago zigortuko dute abortua. Batzordearen lan ildoa aldatu da?

Noski, ezinbestean. 1985eko legea txarra zela esaten ari ginen, baina orain aztertzen ari direna are okerragoa da.

Aurtengoa, beraz, borroka urtea izan da batzordearentzat.

Bai, hainbat dinamika egin ditugu jada: PPren egoitzaren aurrean elkarretaratze jendetsua egin genuen, esateko abortua ez dela delitua; eta Bideko Ama ospitalean itxialdi sinbolikoa antolatu genuen.

Prestatu duzuen hurrengo mobilizazioa flashmob ekintza bat da, ezta?

Bai, abortatzeko eskubidearen defentsan koplak idatzi ditu Onintza Enbeita bertsolariak, eta guk koreografia osatu dugu. Ostean tutoriala Interneten zintzilikatu, eta martxoaren 8an dantzatuko dugu.

Eta dantzatu ostean, Txoko Feministara joango zarete?

Bai, egun osoko egitaraua antolatu baitute gunea inauguratzeko.

1.400

Barañainen eskatu dituzten gidari egoiliarren txartelak. Igandean, 20:00etatik aurrera, martxan jarriko dute aparkatzea aldi baterako debekatutako eremua edo eremu berdea. Eremu horretan aparkatu ahal izateko, gidari egoiliarren 1.400 txartel kaleratu dituzte.

Angel Berrueta arrazoi politikoengatik hil zutela aitortzeko eskatu dute

"Angel Berruetaren hilketak arrazoi politikoak izan zituela aitortzea nahi dugu", adierazi du Edur Perezek, Angel Gogoan plataformako kideak. Heldu den martxoaren 13an, hamar urte beteko dira Valeriano Peña Espainiako poliziak eta haren semeak Angel Berrueta Iruñeko Donibane auzoko bizilaguna hil zutenetik. Donibaneko hainbat auzokidek Berruetaren oroimenari eutsi nahi diote. Horregatik, Iruñeko Udalak Berrueta indarkeria politikoaren biktima gisa aitortzeko, 2.136 sinadura bildu dituzte.

Berrueta hil zutenean, hainbat auzokide eta lagunek Angel Gogoan egitasmoa sortu zuten, haren oroimena bizirik mantentzeko. Geroztik, plataformak hainbat ekinbide eraman ditu aurrera, instituzioek, botere publikoek eta ordezkari politikoek urratsak egin ditzaten "egiaren, aitormenaren eta ordainaren alde".

Hilketaren hamargarren urteurrena dela eta, sinadurak bildu dituzte Donibanen bi helburu nagusirekin: alde batetik, Iruñeko Udalak Berrueta indarkeria politikoaren biktima gisa aitortzeko; beste alde batetik, auzokideek Berruetaren oroimena mantentzeko duten eskubidea aldarrikatzeko.

Plataformako kideek esan dute auzoko hainbat talderen, dendaren, erakunderen eta elkarteren laguntza izan dutela. "Ildo anitzetako auzokideek bat egin dute ekinbide honekin, instituzioek Berruetak behar duen aitorpena eman dezaten", esan du Perezek.

Martxoaren 6an, Iruñeko udalbatzak Berrueta indarkeria politikoaren biktima gisa aitortzeko mozioa eztabaidatu zuen. Plataformak mozioa aurkeztu zuen, udaleko hainbat talde politikorekin harreman bira egin ostean. Horrekin batera, martxoaren 13an, 19:00etan, Berruetari omenaldia egingo diote haren okindegia zenaren parean, Iruñeko Donibane auzoan.

22.363

Azken sei urteetan industrian galdu diren lanpostuak. Azken sei urteetan metal, eraikuntza eta beste azpisektore batzuetan 22.363 lanpostu galdu dira Nafarroan. Industriako langileen %34,6 geratu dira kalean.

Naturaren kontra murrizten

Ingurumen hezkuntzaren alde. Ez itxi Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabide Zentroa (NIABZ), dio pankartak. Atzean, zentroko langileak daude, Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiaren aurka protestan; izan ere, zerbitzua bertan behera utziko duela ira...

578

Esklerosi anizkoitza duen nafar kopurua. Nafarroako esklerosi anizkoitzaren elkarteak beste eguneko zentro bat lortu du. Antsoaingo Udalak lokal bat utzi dio elkarteari. Egun, Nafarroan 578 pertsonak pairatzen dute esklerosi anizkoitza. Horietatik 422 emakumeak dira, eta 156, berriz, gizonak.

“Txakurrak heztea ez da erraza; lan handia dakar, umeek bezala”

"Txakurrekin momentua bizitzen ikasi dut", dio, harro, Sergi Pardasek (Bartzelona, 1971). Krisiak gogor jo zuen lan egiten zuen enpresa. Lanik gabe gelditu, eta bizimodua aldatzeko erabakia hartu zuen. "Nahi nuena egiteko hautua egin nuen. Txakurrak maite ditut, eta horrekin hastea erabaki nuen". Hori duela bost urte izan zen. Urte eta erdi ikertzen eta ikasten pasatu zuen. "Hainbat ikastaro eta Etologia masterra egin ditut lanean hasi baino lehen. Hala ere, ofizio honek, beste guztiek bezala, etengabeko ikasketa eskatzen du". Formazioa garrantzitsua da txakurrekin lan egiteko, ardura handiko lana baita. Etologia klinikoa, botikak eta jokaerak zuzentzeko tratamenduak ezagutu behar dituzte hezitzaileek. Era berean, txakurrak dituzten pertsonek jakin beharrekoak ez dira egun batetik bestera ikasten. "Txakurrak heztea ez da erraza; lan handia dakar, umeek bezala".

Txakur hezitzailearen ofizioa arautua ez dagoelako kexatzen da Pardas. "Eskaintza badago, baina baita intrusismo handia ere. Orain pixka bat arautzen hasi dira, Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean zerbait agertzen da. Baina ikastaro askotan titulaziorik ez duen jende asko ibiltzen da". Arautze falta horrek egoera bereziak sortzen ditu, eta txakur hezitzaileen profesionaltasuna auzitan geldi daiteke. "Behin, txakur bat izan nuen, eta jabeak esan zidan aurretik beste hezitzaile batengana jo zuela. Hezitzaile horren formazio bakarra telebistan ematen duten txakur hezitzailearen programa ikustea zen. Bestela, badago jendea hamabost eguneko ikastaro bat egin eta hezitzailea dela uste duena".

Horregatik, Pardasek garrantzi handia ematen dio formazioari eta seriotasunari. Urte eta erdi txakurrei buruz ikasten ibili ostean, lanean hasi zen Caldersko Hotel Cani El Vila txakurrentzako egoitzan (Bages, Herrialde Katalanak). Bertan, hainbat gauza lantzen zituzten, adibidez, sozializazioa eta agility-a azken hori txakurrek gida baten laguntzarekin hainbat oztopo gainditzeko kirola da—. "Lau urte egin nituen El Vilan lan egiten. Lau urte txakurrekin bizitzen eta bertatik bertara ezagutzen. Baina, era berean, ez diot inoiz ikasteari utzi. Etengabe birziklatu behar du norberak bere burua".

Arrazoi pertsonalengatik iaz Iruñera etorri zen bizitzera, eta bere enpresa propioa sortzea erabaki zuen: Seylucan. Inoiz ez da erraza negozio bat martxan jartzea, bereziki krisi garaietan. Pardas handik eta hemendik ibiltzen da bere lana ezagutzera emateko. "Webgunea eta Facebook martxan jarri nituen. Horrez gain, albaitariak bisitatzen ditut, eta nire zerbitzuak eskaintzen dizkiet. Horrela, apurka-apurka enpresaren lana ezagutzera ematen dut".

Hainbat zerbitzu eskaintzen ditu: besteak beste, obedientzian trebatzea, jarrera oldarkorrak zuzentzea eta banaketak sortutako antsietatea eta hiperaktibitatea bideratzea. "Jarrera arazo handiak daude; oldarkortasun mota asko dago. Hori tratatzea oso garrantzitsua da, jendeak bere txakurrarekin bizi ahal izateko, eta animalia abandona ez dezaten", esan du Pardasek. Heziketa formalaz gain, txakurraren trebetasunak garatzeko ikastaroak egiten ditu. "Txakurren trebetasunak denak modu positiboan planteatzen dira. Txakurrek asko gozatzen dute".

Pardasek sozializazio ikastaroak egiten ditu txakurkumeekin. Haren aburuz, etorkizunean sor daitezkeen arazoak saihesteko behar-beharrezkoa da kumearen bizitzaren lehen hilabeteetan ondo heztea. "Txakurkumeek lehen bi hilabeteetan ama eta anai-arrebekin egon behar dute. Baina, hortik aurrera, eta bost hilabete bete baino lehen, komeni da inguru berria ezagutzea: autoak, zarata, beste pertsona batzuk... Bestela asko kostatuko zaie bizileku berrira ohitzea". Lehen bi hiletan txakurrak txakurra izaten ikasten duela azaldu du Pardasek. Horregatik dio komeni dela ama eta anai-arrebekin egotea. Bizitzako lehen sei hilabeteei inpronta garaia deritze. Hasierako hilabete horietan ikasten dute nola jokatu.

Jende askok jotzen du Pardasengana, baina antzeko zalantzak izaten dituzte gehienek. "Jabe gehienek nahi dute euren txakurrek pisa eta kaka behar den lekuan egitea; paseoan doazenean uhaletik tiraka ez ibiltzea; euren gainera ez igotzea; eta hozkarik ez egitea". Hori guztia egitea ez da erraza. Lehen urtea da garrantzitsuena. Pardasek umeak heztearekin konparatzen du. "Txakurra kontrolpean izan behar da, gustatzen ez zaizkizun gauzak zuzentzeko. Libre uzten baduzu, txakurrek egiten dituzten gauzak egingo ditu. Nik erakusten diet euren sena beste bide batzuetatik garatzen, adibidez, jolasarekin".

Pardasek lana maite du, baina oraingoz larri ibiltzen da bizimodua aurrera ateratzeko. Lan gehien pilatu zaion garaia urte hasiera izan da: "Gabonetan txakur asko oparitzen da. Baina kontuan izan behar da animaliak direla, ez jostailuak".

Okaturik bukatu ahal dugu

Euskadi Irratiak otsailaren 15ean eman zuen Amarauna saioko iritzi atalean, Fermin Erbiti kazetari iruindarrak Nafarroako gaur egungo panorama politikoa aztertu zuen. Xabier Leteren Nafarroa, arragoa kanta lagun, Barcinaren honainoko agintaldia deskribatu zuen (itxura guztien arabera). Azpimarratu zuen Burgoskoak karguari eusteko erakutsi duen ahalmen handia, gertatu direnak gertatuta ere, bizirik atera dela, karguari eutsi diola etsi gabe. Egoera larriagotu ahala beti mamuak haizatuz hartu duela arnasa azkeneko boladan ere (euskarazko irakaskuntzaren aurkako erasoa jarri zuen horren lekuko). Erresistentzia erakutsi duela gotortu den lekutik… Nievesek salaketa egin arte.

Jimenezek har dezala nahi duen protagonismoa, hala zoriontsua bada —segitu zuen Erbitik— eta amesgaiztotik libratzeko aukerarik badugu.

Ordea, "hoberena irudikatu eta txarrenerako prestatu beharra dago" Sarrionandiari egokituriko esaldia aipatuz, aldaketa amets dugunok har dezagun gomendioa; izan ere, Barcina etxera bidaltzea ez baita aski —bukatu zuen Erbitik—.

"Amets bat baino gehiago, ez oparotasun osoa, nahiaren eta ezinaren borroka tokia ekaitzez betea" ozenago entzuten zen orduan Leteren abestia.

BERRIAk otsailaren 19an argitaratu zuen Bi kale, hirugarrenean bale? Joxerra Senarren erreportajea. Bertan, Senarrek "Nafarroan hamar urtean behin sortzen diren abagune historiko horietako bat ate-joka dago berriz ere" zioen. Nabarmendu zuen aukera egoteak ez duela esan nahi erraza izango denik.

Hondarreko egunetan etxeko zein estatuko hedabideetan Nafarroako azkeneko krisi politikoa pil-pilean dago. Ni ez naiz analisi politikorik egiteko gauza (aitor dezadan inbidiaz irakurtzen ditudala, besteak beste, arestian aipatutako kazetariak). Ni kaletar, nafar, abertzale, euskaldun, langile xumea naiz, egoeraz ohartu eta, jakinarazpenak jakinarazpen, aldaketarekin amets egiten duen horietakoa. Ni, kaletar, nafar, abertzale, euskaldun, langile xume asko bezala, okaturik nago pil-pilean dagoen eta Madrilen borbor egosten ari den Nafarroako egoera politikoarekin eta horrek tirriki-tarraka daraman guztiarekin.

Kolaborazio hau idazten ari naizen unean hiru egun falta dira Kontuz elkarteak, atzera ere, ustelkeriaren kontra deitu duen manifestaziorako; ezin jakin, beraz, idazten ari naizen une honetan amets egiten dugunok nolako indarra erakutsiko dugun Iruñeko karriketan.

Kolaborazio hau irakurriko duzuenerako, agian, ajeak jota egongo zarete txatxo eta Miel Otxin, Ziripot eta Juantranposo, mamuxarro eta momotxorro, hartz edo zakuzarrekin ibilita. Apika, ihoteetan jaten diren ogi-torradekin okaturik egongo zarete.

Okaturik bukatu ahal dugu, soilik, jaten eta edaten heldu diren egunetan! Dena den, Sarrik eta Erbitik gomendatu bezala, presta gaitezen txarrenerako, Senarrek idatzi bezala ez baita erraza izango.