Etxarri Aranatzen hartu duten bidea Kataluniako hainbat herrik landu dute azken urteetan. Arenys de Munt herria (Bartzelona) izan zen independentziari buruzko galdeketa egiten lehena. 2009ko irailaren 13an egin zuten galdeketa. Parte hartzea %41 izan ...
Asteko Gaiak
Erabakia hartzen lehenak
Oztopoz betetako bidearen ondotik, azkenean, igandean egingo dute Etxarri Aranatzen herri galdeketa. Euskal Herri independente bateko herritarrak izan nahi duten ala ez erabaki ahal izango dute 16 urte baino gehiago dituzten Etxarri Aranazko herritarrek. Lehen aldia da Euskal Herrian halako galdeketa bat egiten dena. Debeku, zalantza, muga eta arazoez gaindi, duela bi urte herritar talde batek hasitako bidea helmugara iritsiko da igandean. Gainera, antolatzaileen iduriko, beste herrietan ere antzeko ekinbideak abiarazteko eredu izan daiteke Etxarri Aranazko galdeketa.
Atzerako kontua hasia dute Etxarri 2012 plataformako kideek. Buru-belarri dabiltza igandean dena behar bezala atera dadin. Galdeketa egiteko prozesua oso konplexua izan da, Joseba Beltza galdeketako antolatzaileetako batek aitortu duenez. Galdeketaren inguruko prozesua oso ariketa "interesgarria" dela dio. "Herritarrei galdetu nahi diegu nongoak izan nahi duten, eta hori ariketa guztiz demokratikoa da", ohartarazi du. Azken egunetan lanez gainezka ibili dira plataformako kideak; hala ere, guztia ondo aterako dela ziurtatu du Beltzak.
Herrian giro berezia sumatzen da. Kaleargietan Har dezagun hitza eta Parte hartuz eraiki etorkizuna irakur daitekeen banderatxoak dituzte jarriak, datorrenaren iragarle. Hala ere, askori kosta egiten zaie gaiaz hitz egitea. "Igandeko galdeketa...?, nik ez dakit ezer", ohartarazi du kafea hartzera doan 50 urte inguruko gizonezko batek. "Lanik ez dagoela da nik dakidan bakarra", salatu du. Azken hilabeteetan, hedabideetan bolo-bolo ibili den gaietako bat izan da Etxarri Aranazko galdeketa, baina iduri du oraindik kosta egiten dela kalean halako gaien inguruan hitz egitea. "Gai politikoez publikoki hitz egitea ez zait batere gustatzen", aitortu du botikatik atera berria den emakume batek.
Errealitate hori ukaezina dela aitortu du Beltzak: "Hainbat arrazoi tarteko, askori kosta egiten zaie adiera politikoa duten ekinbideetan parte hartzea". Egoera hori horrela dela jakin arren igandekoa oso ariketa garrantzitsua izango dela irizten dio Iñaki Mundiñano Etxarri Aranazko irakasleak. Ekinbidea gertutik jarraitu du, eta hainbat ekitalditara joan da. Baina zerbait nabarmentzekotan, galdeketa gauzatzeko prozesua "garbia" izan dela nabarmendu du. Gainera, antolatzaileek informazioa hedatzeko egin duten ahalegina nabarmendu du.
Jon Etxeberria Sakantzen sareko etxarri aranaztarrak ere galdeketaren aldeko ekinbidea gertutik jarraitu duela adierazi du. "Herrian oso giro baikorra dagoela esango nuke, azken finean zer izan nahi dugun erabaki nahi dugulako", azaldu du, pozik. Zenbait ekitalditara joateko parada izan duen arren, gehiago parte hartu ahal izatea gustatuko litzaiokeela adierazi du. "Etxarri aranaztar moduan galdeketari ezin izan diot nahi adina denbora eskaini". Denbora arazoez gaindi, etziko galdeketan botoa eman ondoren, herrian izango den jaian parte hartuko duela ziurtatu du. Gainera, jaia eta eskubide aldarrikapena uztartzea ideia "paregabea" dela adierazi du.
Etxarri Aranatzen galdeketa gauzatzeko bigarren saioa izango da igandekoa. Iragan urtean, herritar talde batek hala eskatuta, udalak galdeketa bat egiteko prozesua jarri zuen abian. Hala ere, ekinbide hori bertan behera utzi zuen Nafarroako administrazio auzitegiak, Yolanda Barcinaren gobernuak salaketa jarri ostean.
Lehen saioa ezerezean gelditu ondotik, Beltza eta beste dozena erdi bat lagun biltzen hasi ziren. 2013ko azaroa zen lehen bilerak egiten hasi zirenean. Azaldu duenez, ekinbidea ideologikoki plurala den jendearen artean gauzatu dute. Aniztasun hori jomuga izan dute. Izan ere, galdeketaren sustatzaileek ez dute baiezko edo ezezko botorik eskatu. Aldarria bat eta bakarra dute, "erabakitzeko eskubidea".
Aldarri hori ekinbidearen muina bilakatuta, apurka-apurka pausoak ematen hasi ziren. Besteak beste, galdeketarekin lotutako ekitaldiak antolatu dituzte. Esaterako, Herrialde Katalanetan egin ziren hainbat herri galdeketatako esperientzien inguruko hitzaldiak izan dira herrian.
Katalunian, 2009ko irailean egin zuten independentziaren inguruko lehenengo galdeketa. Eredu hori baliatu dutela adierazi du Beltzak, eta gainera "oso lagungarria" izan dela nabarmendu du; oztopoak gainditzeko, esaterako. Galdeketa egin ahal izateko, ez dute udal azpiegiturarik. Hala, galdeketa norbanako batek utzitako lokalean egingo dute.
Horrez gain, ez dute errolda erabiltzeko aukerarik. "Erroldarik erabili ezin dugunez, galdeketan parte hartuko dutenen herritartasuna frogatzeko modua mugatua da", ohartarazi du Beltzak. Hala ere, ofizialki Espainiako herritartasuna duten hautesleen kasuan, Espainiako nortasun agiria, pasaportea, gidabaimena edo EHNA erakutsi beharko dute botoa eman ahal izateko.
Jai giroan egitearen garrantzia
Fran Balda musikariak azken egunetan lanez gainezka dagoela jakinarazi du. Igandean izango diren kontzertuen antolakuntzan dabil. Pozik dago igandeko galdeketaren harira. "Etxarri Aranatz herri gatazkatsu gisa ezagun egin da, eta orain halako gauza batengatik hedabideetan agertzea garrantzitsua dela iruditzen zait".
Iritzi berekoa da Lur Larraza herrikidea ere. "Nik uste jendea igandea iristeko gogotsu dagoela; egun hauetan nabari da halako giro ezberdina herrian". Batez ere lagun artean gaiaren inguruan dezente hitz egin dutela adierazi du. Baina, bereziki, galdeketa jai giroan egitea nabarmendu du, Baldak egin bezala. Izan ere, galdeketa antolatu dutenek egun osoko jai programa oparoa prestatu dute.
Behin galdeketa eginda zer gertatuko den ez dakiela erantzun du Beltzak. Euren zeregina galdeketa egitea izan dela. Ez daki igandetik aurrera zer gertatuko den. Hala ere, ziur da beste herri batzuek Etxarri Aranazko esperientzia baliatuko dutela antzeko prozesuak abiarazteko. Eta, nabarmendu duenez, ahalegina handia izan arren Etxarri Aranatz mugarri izango da erabakitzeko eskubidearen eremuan.
“Nahi duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?”
Igandean Etxarri Aranazko herritarrek galdera bakarrari erantzun ahal izango diote. Euskal Herri independente bateko kide izan nahi duten ala ez erabaki beharko dute. Bost galdera posibleren artean babes gehien jaso duena da galdera hori.
“Gauza txikietatik hasten dira gero gauza handiagoak”
Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea defendatzen du Joxi Bakaikoa Etxarri Aranazko alkateak. Etzi herrian egingo duten galdeketa gauzatzeko prozesuan ez du zuzenean parte hartu, iragan urtean udalak abiatutako galdeketa proiektua...
Zortzi lagun ariko dira behatzaile lanetan
Igandean Etxarri Aranatzen egingo den independentziaren inguruko herri galdeketan gauzak "behar bezala" egiten direla ziurtatzeko, zortzi lagun ariko dira behatzaile gisa lanean. Behatzaileetako bi herrikoak bertakoak izango dira, Araceli Markotegi erretiroa hartutako abokatua eta herriko alkate izandako Maider Goñi. Horiez gain, beste sei lagun ariko dira: EHUko soziologo Mario Zubilaga, Josep Manel Ximenis Arenys de Munteko herri galdeketako koordinatzailea, Anna Arque Kataluniako kontsultaren aldeko koordinakundeko kidea, Tatjana Zdanoka Letoniako eurodiputatua, Jan Van Esbroeck Belgikako Parlamentu Federaleko diputatua eta Inaki Irazabalbeitia europarlamentaria.
Etxarri Aranatzen bizi den biztanle kopurua.
Azken erroldako datuen arabera, Etxarri Aranatzen 2.500 lagun bizi dira. Hala ere, horiek guztiek ez dute galdeketan parte hartzeko aukerarik. Izan ere, 16 urte baino gehiago dituztenek eman ahalko dute botoa galdeketan.
“Ura pribatizatzeko saio garbi bat egin nahi dute”
Urarekin negozioa egin nahi izana egotzi dio Nafarroako Gobernuari Ignacio Gil EHNE sindikatuko kideak (Fustiñana, 1966). Dioenez, Nafarroako ubideak ez du "ez hanka ez buru". Duela egun gutxi, Yolanda Barcinak, Nafarroako presidenteak berak, aitortu zuen ubidearen lehenengo fasea ez dela errentagarria izan. Hori dela eta, haren hitzak aintzat hartu eta ubidearen lehenengo fasea hedatzeko proiektua bertan behera uzteko eskatu du Gilek.
Nafarroako ubidearen aurka azaldu da tinko EHNE sindikatua. Zer dela eta?
Lehen fasearen proiektua egin zutenetik, ubidearen gaia oso gertutik aztertu dugu. Sindikatuko kideok asko kezkatzen gaituen gaia da. Proiektuaren aurka azaldu gara hainbat irizpide tarteko: ekonomikoak eta agronomikoak. Gure ustez, ureztatze sistema berria ezarri ahal izateko gehiegizko gastua egin behar da. Ez genuen argi ikusten gastuaren eta irabazien ekuazioa.
Nafarroako Gobernuak dio ubideari esker nekazariek era askotako produktuak erein ahal izango dituztela. Ados zaudete?
Inola ere ez. Ubidea erabiltzen hastean lantzeko produktuei dagokienez, alternatiba asko izango zirela zioten, baina hori ez da horrela, inondik inora. Lehen fasean ikusi dugu uste hori ez dela bete. Pare bat urte igaro dira ubidearen lehenengo fasea martxan jarri zenetik, eta denborak arrazoi eman digu. Ikusi ahal izan dugu alternatiba horiek guztiak ia ez direla martxan jarri. Nekazari gehienek laboreen monolaborantzaren alde egin dute. Gainera, ubidetik ura hartzeko sistema jarri duten nekazarien ehuneko handi batek ez du ura erabiltzen, eta beste askok ez dute sistema ezartzeko behar den inbertsioa egin, oso garestia delako, batez ere.
Joan den astean, Yolanda Barcinak aitortu zuen ubideko lehenengo fasea ez zela errentagarria.
Lehen aldia da halako gauza bat aitortzen dena. Argi dagoena da lehenengo faseak ez dituela inoren aurreikuspenak bete, ezta administrazioarenak ere. Baina kuriosoa da. Proiektuaren hastapenetan errentagarritasuna zalantzan jartzen genuenean, askok erotzat hartzen gintuen. Dena den, proiektuaren lehen fasea errentagarria izan ez den arren, urtetik urtera, ubidearekin lotutako diru sailak geroz eta handiagoak dira. Guretzat estrategikoak diren gainontzeko diru sailak, aldiz, murrizten ari dira. Are gehiago, Nafarroako Gobernuak ematen zituen hainbat laguntza desagertu ere egin dira.
Lehen fasearen hedapenarekin zer lortu nahi du Barcinaren gobernuak?
Iruditzen zaigu Itoizko urtegiak duen edukiera osoa ustiatu nahi dutela. Urtegiak duen azken tanta ere erabiltzeko edo saltzeko aginduko dutela uste dugu. Uraren erabilera publikoaren pribatizazio saio garbi bat egin nahi dute. Azken finean, enpresa baten esku utzi dute ubidearen kudeaketa. Enpresa guztiek dute interes ekonomikoa. Beraz, ubideko ura kudeatzen duenak irabazi ekonomikoak ditu helburu nagusi.
Hainbat nekazarik salatu dute ubideko ura garestia dela. Ados zaude?
Ur hori baliatu ahal izateko, izugarrizko inbertsioa egin behar izaten dute. Gainera, kontuan hartu behar da uzta guztiek ez dutela halako inbertsioei aurre egiteko behar besteko irabazirik eragiten. Adibidez, lehen faseko ureztatze eremuko lursail askotan artoa erein dute nekazariek. Baina kontuan izan behar da azken bi urteetan artoak izan duen prezioa historikoa izan dela. Puztu egin da prezioa. Egoera hori ameskeria zelakoan nago. Aurreko kanpainan kiloko 24 zentimo ordaintzen zituzten, eta aurten, berriz, 18 zentimo. Beraz, prezio jaitsiera ia %30ekoa izan da. Egoera horretan oso zaila da inbertsio horiei aurre egin ahal izatea.
Eraikita dauden Nafarroako ubidearen kilometroak.
Oraingoz, Itoizko urtegia Pitillasekin lotzen duen Nafarroako ubidearen lehenengo fasea soilik dago eraikita. Orotara, 98 kilometro ditu. Ureztatzeko lur eremuetan ubideko urarekin ureztatzen dira 22.363 hektarea.
Ureztatze sistema jartzeko lurrak batzea onartu dute
Azaroan hasiko da Nafarroako ubidearen lehen fasearen hedapena. Itoizko ura baliatu ahal izateko, Lerin eta Oteitzako lursailak elkartzea adostu du Nafarroako Gobernuak dekretu bidez. Hala, lursailak elkartu ostean, ubideko ura hartu ahal izateko beha...
“Artistak bakarrik ez gaudela ikusteko balio du Jazar Sormen Fabrikak”
Kazetaria da ikasketaz Iñigo Ziganda (Astrain, 1983), eta kazetaria zen ofizioz ere, krisi ekonomikoaren ondorioz lanpostua galdu zuen arte. Orduan, beste zer edo zer egin behar zuela bururatu, eta ipuin pertsonalizatuak sortzen hasi zen. Caracolmirikol deitu dio proiektuari. Ume bakoitzaren ezaugarrietan oinarritutako istorioak dira, hark idatzi eta marraztutakoak. Hala, sorkuntzaren bidean murgildu zen. Orain, Jazar Sormen Fabrika ezagutu, eta buru-belarri sartu da proiektuan. Artea norbanakotik ez ezik taldean ere landu behar dela deritzo.
Nola sartu zara Jazar egitasmoan?
Oso mugitua naiz. Ikaragarri polita iruditu zitzaidan artea zabaltzearen ideia, eta segituan batu nintzen.
Sormen fabrika irekitzea da ideia. Zuk zer egingo zenuke bertan?
Estudio bat izan nezake, edo ur margoko klaseak eman nitzake. Baina, horrez gain, asko ikas nezake.
Zer ikas zenezake, bada?
Diziplina anitzeko artistak ezagutzeko aukera izango nuke, baita bestelako arte adierazpenak gertutik bizitzeko aukera ere. Hazten jarraituko nuke.
Oraindik ez dituzue obrak egin. Dena den, nola imajinatzen duzu lokala?
Atsegina eta beroa. Leku handia, espazio zabalekin, gela mota askorekin, txokoekin; haren barnean egitasmo mordoa bildu ahalko duen inguruekin. Denentzat irekitako lokala imajinatzen dut.
Profil zabaleko artistak zarete: artista grafikoak, musikariak, antzerkigileak... Zer ezaugarri komun duzue?
Lanerako gogoa. Diziplina mota askotako sortzaileak gara. Jazarrek bakarrik ez gaudela ikusteko balio du.
Elkarlanean proiektuak aurrera eramateko aukera ere emango dizue guneak.
Bai, geroz eta gehiago izan, orduan eta ekinaldi gehiago egin ahalko ditugu. Artea sustatu ahalko dugu, diziplina berriak asmatu, kritikak jaso, iritziak partekatu, hobetu...
Zuk zehazki Caracolmirikol proiektuan lan egiten duzu, ipuinak egiten. Zertan datza?
Ama margolaria da, Asun San Martin; bion artean sortu genuen Caracolmirikol. Haurrentzako pertsonalizatutako istorioak dira. Umea bera da protagonista. Enkarguz egiten ditugu, eta obra bakoitza ezberdina da, haurraren berezkotasunetan oinarrituz.
Barraskiloak dira istorioetako protagonistak. Zergatik?
Hasieran, barraskiloak hazi nahi nituen, gero ipuinak egiteko ideia sortu zen, eta biak nahastu nituen! Natura ardatz duten obrak sortu nahi ditut. Orain, tximeletak ere sartzen hasi gara.
Zer istorio mota egiten dituzue?
Balioetan zentratutako lanak egiten ditugu. Elkartasuna, naturarekiko errespetua, maitasuna... horiek dira, besteak beste, gehien azaltzen diren printzipioak. Liburua eskatzen duenak esaten du zer islatu nahi duen, eta guk hori sartzen dugu. Hogei bat orrialdeko lanak izaten dira.
Sormen fabrikan ere izango duzu Caracolmirikol egitasmoan sakontzeko aukera.
Gainontzeko diziplinetatik beti ikas daiteke zerbait ipuinak aberasteko, noski!