Ehundik gora txakur badira Etxauriko egoitzan. %50 baino gehiago ehizarako erabiltzen dituzten arrazetakoak dira, garaia amaituta, bertzeak bertze, abandonatzen dituztenak.
Asteko Gaiak
@sarean
Nafarroan babesgabeko animaliak laguntzeko jakin beharreko helbideak:
• www.protectoranavarra.org. Nafarroako Animaliak Babesteko Elkartea.
• www.cpaetxauri.com.Etxauriko egoitzako helbidea.
• www.basati.org.BASATI taldeko kideen webgunea.
“Etxeko mahaiaren gainean egiten ari dira ebakuntzak”
Iruñeko Donibane eta Iturrama auzoetan aritzen da Javier Yabar albaitaria lanean. Iratxe monasterioko Mascompany klinikan hartu gaitu, sukarra zuen txakur bat artatu eta gero. Krisiak albaitarien jardueran izan duen eraginaz mintzatu zaigu, eta, batez ere, gurekin etxean bizi diren animalien osasunean izan dituen ondorio larriez.
Albaitari gisa, nola sumatzen dituzu krisiaren ondorioak?
2010. urtera arte, klinika guztion jarduerak egin zuen gora. Gizartean bazen gaitasuna etxean animaliak izateko, eta modu egoki batean zaintzeko. 2011. urtean gauzak aldatzen hasi ziren, BEZak pixka bat gora egin zuen, eta sumatu genuen horren eragina. 2012an, berriz, igoera nabarmena izan zen, %8tik %21era pasatu baitzen. Krisia gehiago sumatu zen gizartean, eta gure kliniketan ere bai. Gero eta bezero berri gutxiago etortzen zela ohartu ginen. Hau da, gero eta animalia gutxiago zegoela etxeetan. Eta etortzen ziren bezeroek ere gero eta diru gutxiago gastatzen zuten.
Datu ekonomikoak dira horiek, baina zer eragin dute animalien osasunean eta ongizatean?
Eragina nabarmena da. Gero eta animalia gutxiago dago etxeetan, eta gaixotzen direnean, tamalez, eutanasia izaten da, anitzetan, jabeek erabakitzen duten bidea. Lehen baino anitzez ere azkarrago hartzen da animaliei eutanasia egiteko erabakia, bertzelako sendabideak saiatu gabe. Jendeak aurrekontu bat badu, eta ez du hori baino gehiago gastatu nahi. Lehen baziren 11 edo hamabi urteko animaliak, ebakuntza egin eta hamasei urtera arte lasai bizitzen ahal zirenak; orain, gaixotu eta berehala, eutanasia egiten zaie; aurrekontuak agintzen du.
Etxeetan animalia gutxiago dagoela diozu; abandonatu egin direlako?
Animaliak Babesteko Elkartearekin dudan harremanagatik badakit hori, batez ere, azken bi urteotan gertatu izan dela. Baina krisiak eragin du bertze egoera dramatiko anitz.
Nolako egoerak?
Gertatzen ari da guk ditugun baliabideak ez dituzten klinika txikiak jartzen ari direla martxan. Animalien osasuna bermatzeko behar diren baliabide guztiak ere ez dituzte. Gisa horretako lehia dugu orain, baina ez digu bakarrik guri eragiten, animaliei ere bai, eskaintzen duten zaintzaren kalitatea eskasagoa delako.
Animalien osasuna arriskuan jar dezakete?
Gertatzen ari da, adibidez, ebakuntzak ez direla behar diren baldintzetan egiten. Gauza bat da kirofano batean aritzea, dena kontrolatzen duen monitore batekin, albaitari batekin, laguntzaile batekin eta anestesista batekin. Eta bertze gauza bat da katu bati, adibidez, etxeko mahai gainean egitea ebakuntza, anestesia xiringatuz. Hori gertatzen ari da.
Elikaduran ere sumatzen da krisia?
Bai. Animalientzako janaria kliniketan erosi ordez, supermerkatuetako pentsua hartzen hasi da jendea. Pentsua erosterakoan argi izan behar dugu zer osagai dituen. Ulergarria izan daiteke, langabezian dagoen pertsona batentzat gastu handia izan daitekeelako.
Animaliak ikusteko gure moduak ere badu zerikusirik?
Nik uste dut anitzetan animaliekin bizi diren pertsonek ez dakitela, benetan, horrek zer erran nahi duen. Zenbaitentzat, zerbaiterako balio duen zerbait bertzerik ez dira animaliak. Niri, adibidez, harrigarria iruditzen zait norbaitek mailegua eskatzea oporretara joateko baina etxeko animaliari ebakuntza ez egitea eta hiltzen uztea dirurik ez duelako gastatu nahi.
Animalia zama bilakatzen zaie?
Hala da. Eta kontuan izan behar dugu gurekin bizi den animaliak hamaika arazo izaten ahal dituela. Kontua ez da bakarrik gaixotzen ahal direla. Haien osasun psikologikoa ere zaindu behar dugu, haien beharrak ongi ase. Eta horri ez diogu garrantzirik ematen, gaur egun.
Egun-pasa egiteko txokoak
Aniztuna da Nafarroa. Hegoaldean, lehorra, eta iparraldean, hezea. Ekialdean, mendiak. Erdialdean, lautada. Aniztasun hori profitatu du Nafarroako Gobernuko Turismo Departamentuak paisaiagatik edota kultura balioagatik bisitatu beharreko 35 gune zerrendatzerakoan. Arbaiungo arroila, Xorroxingo ur-jauzia eta Iruñeko Zaldi Zuriko begiralekua daude, besteak beste, zerrenda horren barruan.
Nafarroako paisaietan ibilbidea. Hala izena du gobernuak egindako proposamenak. Denera, hogei begiraleku eta hamabost ibilbide zerrendatu dituzte. Atzerritik zein inguruko herrialdeetatik Nafarroara etortzen direnentzat daude pentsatuta proposamenak. Era berean, Turismo Departamentuak jakinarazi duenez, bertakoek ere lurraldea hobeto ezagutzeko parada izatea nahi dute.
35 ibilbideak lau eremutan daude banatuta: iparraldekoa, Iruñerrikoa, erdigunekoa eta Erriberakoa. Guztietan, eremu bakoitzaren berezitasunak aintzat hartu dira. Aukera handia dago. Izan ere, Nafarroan barrena ibilbideak antolatu eta hiru bat eguneko txangoak egin daitezke, baita egun bakarrekoak ere.
Iparraldeko eremuan dago Xorroxingo ur-jauzia, Baztan ibarreko Erratzu herrian. Aparkalekuan autoa utzi eta oinez hiru kilometroko ibilbidea egin ostean iristen da ur-jauzira. Txoko berezi bezain polita da. Naturak sotilki eraldatutako gunea da Xorroxin.
Irunberriko arroila ere eremu horretan bertan dago, iparraldean alegia. Ibaiaren alde batean, pasealekua dago. Ingurunean bizi diren hegaztiak ikus daitezke, tartean saiak eta arranoak. Haizeak, urak eta halako elementuek erliebea eraldatzeko duten gaitasunaz jabetu daiteke bisitaria.
Bestalde, Iruñerrian ere bada zer bisitatu. Ziurrenik, Nafarroan biztanle gehien duen eremua da. Azken urteetan, urbe handi bilakatu da eskualdea, batez ere eraiki diren auzo berriak direla eta. Hain justu, Erreniega mendia da Iruñerriko mendirik ezagunenetakoa. Bertan, begiraleku naturala dago Donejakue bideko erromesen omenez egindako eskulturaren alboan. Bista panoramikoa du. Horri esker, Pirinioetako mendiak ikus daitezke, eta hegoaldean urtaroaren arabera kolorez aldatzen diren soroak. Uda garaian, horiak izaten dira soro horiek, landatutako gariaren eraginez, batez ere. Hirigunea eta natura uztartzen dira hortaz.
Turismo Departamentuak erdigunean zortzi proposamen egin ditu. Aukera horien artean, ezagunena ziurrenik Urederrako iturburua izango da. Sakana eta Lizarra artean dago, Urbasa eta Andiako Natur Parkean. 5,3 kilometroko ibilbidearen ostean iristen da iturburura. Toki fresko zein berezia da. Batez ere, Urederrako urak duen koloreagatik. Natur parke berean dago Ubabako begiralekua. Ziurrenik, ezagunagoa da Pilatosen begiralekua izenarekin. 900 metroko amildegia du azpian, eta Ameskoa ibarra ikus daiteke, baita Urederrako ur-jauzia ere.
Erriberan ere bada zer bisitatu. Nafarroa hegoaldeko paisaia ikusgarria Santa Barbarako gainean ikus daiteke ondoen. Tutera ondoan dago gain hori. Bista panoramikoa dago bertan. Bardea, Ebro ibaia, Monkaio eta Cierzo mendiak ikusi daitezke, besteak beste.
Juan Luis Sanchez de Muniain Nafarroako Turismo kontseilariak azaldu duenez, egun turistak erakartzeko modurik eraginkorrena proposamenak egitea da. Hala ere, argi utzi du proposamen horiek ez direla kanpotarrentzat bakarrik pentsatutakoak, baita bertakoentzat ere: "Sarritan etxean duguna ez delako ezagutzen".
Renfek sanferminetarako eskainiko dituen tokiak.
Bihar hasiko dira sanferminak Iruñean. Jende uholdea espero da Nafarroako hiriburuan. Hala, Renfek jakinarazi duenez, tren zerbitzua indartuko du. Denera, 89.000 lagunentzako tokia izango da konpainiako trenetan.
@sarean
Nafarroako turismo eskaintzarekin lotutako webguneak.
• www.tierrasdeiranzu.com. Irantzuko Lurrak turismo elkartearen webgunea da.
• www.turismonavarra.es. Nafarroako turismo ibilbideak eta eskaintzak aurki daitezke webgune honetan.
Irantzuko lurrak, eskaintzaz blai
Sanferminak ate-joka dauden arren, jai girotik aldendu nahi duenarentzat badira beste aukera batzuk ere Nafarroan zehar. Horietako bat da Irantzuko Lurrak turismo elkarteak proposatu duena. Natura eta inguruko baliabideak aprobetxatuta, 32 eskaintzaz ...
Sanferminetan ingurua bisitatzen dute turistek
Nafarroako Gobernuko Turismo Departamentuak egindako ikerketa baten arabera, lau turistatik batek sanfeminak Nafarroa ezagutzeko aprobetxatzen dituzte. Hala, jaiegunen bat Iruñean igaro ostean, lurraldeko beste txoko batzuk ezagutzera joaten dira. Turista gehienek (%23) Orreaga bisitatzen dute. Azken urteetan, Donejakue bidearen inguruan egin diren filmek interesa piztu dute erromesekin lotura duten tokiekiko. Alde horretatik, turisten etorrera aprobetxatu nahi du Nafarroako Gobernuak Iruñeaz gain beste toki batzuk bisitatu ditzaten Jai girotik lasaitasunera kanpainaren barruan. Izan ere, Nafarroan dauden aukera aniztunak ezagutarazi nahi ditu gobernuak.
Mendekotasuna, argitara
Kokaina, kalamua, ketamina, alkohola, heroina... Horiexek dira Nafarroako Gizakia Helburu fundaziora jotzen dutenek gehien kontsumitzen dituzten drogak. Hala ere, guztiak ez dira neurri berean kontsumitzen. 2012an, 498 lagunek jo zuten fundazio horret...
“Emakumeen kontsumoa ezkutukoa izaten da; gizonena, agerikoagoa”
Drogek eragiten dituzten kalteak inork baino hobeto ezagutzen ditu Itziar Garaioa Gizakia Helburu fundazioko kideak. Lizarrarra da Garaioa, eta, egun, fundazio horrek Lizarran duen terapia komunitateko zuzendaria da. 1994an hasi zen han lanean. Onartu...