Asteko Gaiak

BERRIAren 10. urteurreneko ospakizun bira iritsi da Nafarroara

"Estatuko fiskalak kereila jarri du Atutxaren aurka". Titulu hori ageri zen BERRIAren lehen zenbakian, 2003ko ekainaren 21ean, duela ia hamar urte. Hainbat herrialdetako hedabideen zuzendariak agertzen ziren lehen orrialdeko argazkian; BERRIAri babesa ematera etorri ziren. Martxelo Otamendi zuzendariaren idatzia zegoen ondoan. Euskaldunon Egunkaria itxi ondoren, euskarazko prentsan geratutako hutsunea betetzera etorri zen BERRIA. Hamar urte pasatu dira, eta urteurren hau ez da oharkabean pasatuko. Urte horietan guztietan bidelagun izan dituztenekin batera ospatu nahi dute; harpidedun, irakurle eta BERRIAlagun guztiekin batera.

Herriz herri eginen dituzte urteurreneko ekitaldiak, ekainaren 22ra arte. Apirilaren 12an hasi zuten ospakizun bira, eta bihar iritsiko da Nafarroara, Tafallara, hain zuzen ere. Anje Duhalderen kontzertua izanen da Kube dantzalekuan. Emanaldi guztietan BERRIA osatzen duen komunitatearen balioa aintzat hartzen duen bideo bat erakutsiko dute. Beran eta Atarrabian, bestalde, Metrokoadroka sormen laborategiaren Zertarako hegoak antzezlana taularatuko dute. Musikari dagokionez, estilo eta musika mota askotako taldeek eta bakarlariek parte hartuko dute Nafarroako ekitaldietan: Anari, Ruper Ordorika, Gari, Eñaut Elorrieta... Ekainaren 22an, egun osoko jai batekin amaituko dira BERRIAren urteurreneko ospakizunak. Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean izanen da.

Ospakizunez gain, BERRIA Taldean argi dute hedabideak eraldaketa garaian daudela. Garai berrietara egokitzeko, etengabeko berrikuntza prozesuan sartuta dabiltza. Izan ere, hamargarren urteurrena "berrikuntzen urtea" izatea nahi dutela azaldu du Ainara Lasa marketin arduradunak. "Paperezko egunkari bat baino askoz gehiago da BERRIA: paperean eta sarean argitaratzen dugu; sareko eskaintza ordenagailura, telefonora eta tabletara egokitzen ari gara orain". BERRIA sakelako telefonoetan irakurtzeko aplikazioa prestatu dute; Ibilkari ere sortu dute, mendiari buruzko ataria. Laster, egunkariaren estilo liburua sarean izanen da. Gainera, webgunea berrituko dute. "Gaur egun, euskarazko edukiak behar ditugu, euskarri guztietan".

14.000 BERRIAlagun

Gaur egun, 62.000 irakurle ditu BERRIAk paperean, eta 5.300.000 bisita izan zituen iaz Berria.info-k. Baina, aurrera egiteko, guztien ekarpena behar du egunerokoak. "BERRIAk milaka lagunen sarea behar du ondoan: BERRIAlagunen sarea", gaineratu du Lasak. 2011ko azaroan ekin zioten BERRIAlagunak lortzeko bideari, Zure ziztada behar dugu lelopean, eta, dagoeneko, 14.000 lagunen sarea osatu dute, harpidedun eta BERRIAlagunen artean. "BERRIAk etorkizuna izateko, ezinbestekoa da papereko zein sareko irakurleen sostengua eta ekarpen ekonomiko iraunkorra". Dagoeneko, 4.000 BERRIAlagun eta 500.000 euro lortu dituzte bide horretatik.

Nafarroan bizi diren ijitoak.

Nafarroako biztanleen %1,16 ijitoak dira. 7.000 inguru daude, eta %52,2 hirietan bizi dira. Horietatik, Iruñean %30, Lizarran %22, Tuteran %22 eta Tafallan %19. Nafarroako ijitoen komunitatea ijitoen kulturaren hilabetea ospatzen ari da.

Erromintxela, Euskal Herriko ijitoen hizkera

Ez da hizkuntza, ezta dialektoa ere: pagodolektoa da, euskara eta erromantxera hizkuntzak nahasiz sortutako hizkera. Ijito ez direnek ez ulertzeko moduko hizkera sortu zuten ijito euskaldunek. Egun, Lapurdiko kostaldean, Zuberoako mendi inguruetan, Nafarroan, Gipuzkoan eta Bizkaian bizirik dirauen hizkera da erromintxela. Hala ere, Nafarroako ijitoen elkarteek ez dute ezagutzen Nafarroan erromintxela hitz egiten duen ijitorik. Gutxi aztertutako hizkera izan da. Azkeneko ikerketa Josune Muñozek egin zuen, 1990eko hamarkadan, eta, horren arabera, 500 ijitok hitz egiten zuten erromintxela Euskal Herrian. Egun, seguruenik gutxiago izanen dira, hiztun gehienek 80 urte inguru zituztelako eta belaunaldiz belaunaldi galdu delako. Erromintxelak morfologia eta gramatika euskararenak ditu. Lexikoa, berriz, erromantxelarena da. Hauek dira esaldi batzuk: "Masak eta barkitxuak panguan daoz" (ardiak eta arkumeak larrean daude); "Xaua, goli keau zak, mol buterrago ajinen duk" (mutila, kanta ezak, ardo gehiago izanen duk); "Txipa nola duzu?" (nola duzu izena?).

Bizikidetza xede duen herria

Ez dirudizu ijitoa", esan dio tabernariak Ricardo Hernandezi. Nafarroako Ijitoen Gaz Kalo Elkarteen Federazioko koordinatzailea da Hernandez. Ijitoa. Antza, ez du bat egiten gizartean gailentzen den ijitoaren irudiarekin, estereotipoak hausten ditu. B...

“Hedabideek ijitoen gutxiengo batek egiten duena erakusten dute askotan”

Ijito batzuentzat ikastea eginbeharra da, eta ez eskubidea. Toño Jimenezek (Lizarra, 1993) ikasketak jarraitu nahi zituen, eta ez zuen atseden hartu lortu arte. Egun, Nafarroako Unibertsitateko Kazetaritza ikaslea da. Lehenengo mailan dago, eta pozik dago ikasturtean egindako lanarekin. Ez da oso ohikoa ijitoak unibertsitatera joatea, baina Jimenezek bere familia eta lagunen babes osoa jaso du. Egunero egiten du Lizarrara joan-etorria.

Betidanik argi izan duzu ikasten jarraitu nahi zenuela?

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailan hasi nintzen etorkizunean pentsatzen. Kazetaritza ikasi nahi nuen, baina arazo ekonomikoak direla eta, Lanbide Heziketan izena ematea pentsatu nuen. Hala ere, azkenean finantzaketa lortu dut, eta, egun, egin nahi nuena egiten ari naiz: kazetaritza ikasi.

Zure familiak babes osoa eman dizu ikasten jarraitzeko?

Bai, hala da. Babes osoa jaso dut, eta animatu naute nik nahi dudana egiteko.

Ez da oso ohikoa zure kasua. Ijito gehienek ez dituzte ikasketak amaitzen. Zergatik?

Egia esan, ez dakit, baina ikasten jarraitzeko eragin handia du familiak. Baita klaseko lagunek eta irakasleek ere. Nik, adibidez, ez dut inolako arazorik izan unibertsitatean, ez irakasleekin ezta ikasleekin ere. Oso ongi hartu naute.

Lagunak animatzen dituzu ikasten jarraitzeko?

Bai, beti esaten diet, baina ez didate kasurik egiten. Hala ere, orain Lizarrako gazte asko ari dira ikasten. Ikasketak utzi zituzten, baina krisiarekin konturatu dira ez dutela lan egiteko aukerarik eta tituluren bat behar dutela lana bilatzeko.

Kazetaria izanen zara. Nola tratatzen dituzte gaur egungo hedabideek ijitoen inguruko berriak?

Nire ustez, gaia ez da oso ongi lantzen. Aurrekoan eskolarako diskurtso bat prestatu nuen gai honen inguruan. Hedabideek indar handia dute estereotipoak finkatzeko, eta horrela agertzen dira askotan ijitoen inguruko albisteak. Hedabideek ijitoen gutxiengo batek egiten duena erakusten dute askotan. Hala ere, zaila da horri aurre egitea.

Adibidez, Nafarroako Ijitoen Idazkaritza Fundazioak kazetarientzako liburuki bat atera zuen, gaia egoki jorratzeko.

Bai, horrelakoak behar ditugu gaiak ongi lantzeko eta estereotipoak hausteko. Bestetik, aurreiritziak ere alde batera utzi behar ditugu.

Aldatzear dena, argazkietan

Argazki xume eta sinpleak. Egilea, eguna eta irudiaren azalpen txikia. Aldude koordinakundearekin elkarlanean aritu diren artista batzuek 41 iruditan bildu dituzte Aldude eremuaren barruan dauden Antzeri eta Mendiaundi mendiak zer diren. Udazkenean et...

@sarean

Antzeri eta Mendiaundiko harrobiekin lotura duten Interneteko helbideak.

www.montealduide.org. Proiektuaren aurkako taldeen webgunea.

www.magnesitasnavarra.org. Antzerin harrobia egin nahi duen enpresa.

www.silicesserral.com. Mendiaundin harrobia egin nahi duen enpresa.