Asteko Gaiak

@sarean

Elizondoko Lur aretoan biharko antolatutako kontzertuan bildutako dirua bideratuko den euskarazko hedabideen webguneak.

www.ttipi.net

www.xaloatelebista.com

www.xorroxinirratia.info

www.berria.info

Elkartasunaren kontzertua

Azken urteetako ibilbidea malkartsua izan da euskarazko hedabideentzat. Krisi ekonomikoak eragindako publizitate jaitsieraz gain, Nafarroako Gobernuaren diru laguntzak ezerezean gelditu dira. Hala, askoren etorkizuna kolokan dago. Hedabide bakoitzak b...

Bizitza berreskuratzea posible delako

"Ez dugu pena eman nahi". Ion Molinuevoren hitzak dira, Iruñeko aterpearen erabiltzaile ohiarenak. 17 hilabete eman zituen han. Orain, bizitza berreskuratu du. Umezurtz geratu zen, eta haurtzaro gogorra izan zuen. Hurrengo urteak ez ziren errazak izan. Alkoholikoa zen, eta urteak eman zituen hiriz hiri, leku finkorik gabe. 50 urte bete arte. "Ezin nuen horrela jarraitu; laguntza behar nuen". 2011ko urtarrilean atera zen aterpetxetik. Orain, logela bat alokatu du, eta familia batekin bizi da Iruñean. "Familiaren parte sentitzen naiz; oso ongi hartu naute". Gainera, ez du harremana eten aterpearekin: bisitan joaten da, eta haien laguntza jasotzen du oraindik ere. "Haiei esker naiz orain naizena, izugarri lagundu didate". Ez dela erreza, baina ahaleginarekin egoera horretatik edonor atera daitekeela uste du. Berak egin zuen bezala.

Emakumeen ehunekoa Iruñeko aterpetxean.

Iaz Iruñeko aterpera jo zutenen artean, %10 baino ez ziren izan emakumeak. Datua baxua bada ere, "pobreziaren feminizazioa" gertatzen ari dela diote adituek: gero eta emakume gehiagok zerbitzua behar dute.

Oinarrizkoena falta denekoa

Lo egiteko leku finkorik gabe bizi dira. Edozein kutxa automatiko edo kalea izaten da askotan haien etxea, kartoipean biziz. Hiriz hiri eta aterpez aterpe ematen dituzte egunak. Poltsikoan ezer ez, eta ahora eramateko ezer gutxi. Etxebizitza eskubidea eskuraezina izaten da askorentzat, eta horientzat izan ohi dira etxerik ez duten eta kalean lo egiten duten pertsonentzako aterpeak. Aldi baterako ohea, janaria eta laguntza eskaintzen dizkiete behar larriak dituztenei. Nafarroan lau daude: Iruñean, Tuteran, Arguedasen eta Altsasun. Eskaera, hala ere, eskaintza baino handiagoa da. Zenbat jende bizi den kalean, datu zehatzik ez dago, baina Espainiako Estatistika Institutuaren jakinarazi berri dituen datuen arabera, Nafarroan 100.000 biztanleko 129,5k ez dute etxerik.

Hala bizi dira Mikel eta Maño —izen asmatuak dira biak, pribatutasun gorde nahi dutelako—. Joan den asteartean utzi behar izan zuten etxerik gabeko pertsonentzako Iruñeko aterpetxea, eta seguruenik beste hiri bateko aterpetxean egonen dira orain. "Inoiz ez dakizu zer eginen duzun hurrengo egunean", dio Mañok. Huescakoa (Espainia) da, eta han bizi dira haren seme-alabak. Haiekin harreman ona duela aitortu du, baina ez du haien laguntzarik jasotzen.

Bere egoera onartzen du Mañok, eta hiriz hiri egotea ez zaiola inporta aitortu du. "Orain hemen, bihar han; egun bat edan gabe, beste egun bat edanda". Urteak dira kalean bizi dela. Emaztearekin harremana eten, lana galdu, eta bat-batean ezer gabe gelditu zen, bakarrik. Ohartzerako "zeharo" aldatu zitzaion bizitza. Aterpetxeetan eskainitako arreta eskertzen du, baina badaki ez dela irtenbidea. "Hiriz hiri eta aterpez aterpe bizi naiz; nola edo hala beti aurrera atera naiz, ez naiz kexatzen", dio Mañok.

Zorrotzago aritu da Mikel. Iruñekoa da, eta 25 urte baino gutxiago ditu. Bi urtez egon zen kartzelan, eta ateratzean lur jota geratu zen:"Familiarekin ez dut harremanik, emaztea beste gizon batekin bizi da, eta bakarrik nago". Zazpi hilabete daramatza norabide finkorik gabe. "Erroldarekin arazoak izan ditut, eta, horregatik, ezin naiz geratu Iruñeko aterpean", aitortu du. Kaleko bizimodua ongi ezagutzen du Mikelek, eta behin baino gehiagotan pentsatu du presondegiko bizimodua "eramangarriagoa" dela. "Gogorra da; baina, han behintzat, ohea dut, janaria, patioa... Ezer ez badut, hobe da kalean bizitzea? Zalantzak ditut". Egoera latza izan arren, biek aitortu dute, oztopoz oztopo, kalean laguntasuna aurkitu dutela. "Nork lagunduko digu, bestela?".

Dagoeneko negua igaro da; urtaro beltzena izaten da etxegabeentzat. Haien baldintzek okerrera egiten dute. Iruñeko aterpetxean, negu oro, hotzari aurre egiteko protokoloa martxan jartzen dute, eta ohea eskaintzen diete behar duten guztiei. Negu honetan, 145 pertsona artatu dituzte.

Iruñeko etxerik gabeko pertsonentzako aterpetxeko zuzendaria da Ruben Unanua. Jangela, aterpea eta beste hainbat zerbitzu eskaintzen dizkiete behar gorrian direnenei. Bi programa dituzte: Nafarroan erroldatuak daudenentzat eta erroldatu gabe daudenentzat. Erroldatu gabe daudenek gehienez ere hiru egun igaro ditzakete, eta ondoren beste hiri batera aldatu behar izaten dute. "Hemen egindako lanagatik egunero bi euro ematen dizkiegu, eta diru horrekin gehienek autobus txartela erosten dute. Badakigu ez dela irtenbidea, baina ezer gutxi egin dezakegu ditugun baliabideekin, berehalako laguntza da". 25 leku dituzte aterpean ibiltarientzat. Nafarroako beste aterpeek —Arguedaskoa, Tuterakoa eta Altsasukoa— ibiltarientzat eskaintzen dute zerbitzua. Iruñekoak, gainera, Nafarroan erroldatuentzat 25 leku ditu.

Batez beste, Iruñean erroldatutakoek sei hilabete igaro ditzakete aterpean. "Lan sakonagoa egiten dugu haiekin hasieratik, bakoitzaren beharretara egokituta". Inoiz ez dute erabiltzaile bat kaleratzen aukeraren bat ez baldin badu. Alternatibak desberdinak izan daitezke: logela bat lortzea edo baliabide ekonomikoak izatea. Aterpea uzten dutenean, gainera, lanean jarraitzeko aukera ematen diete. "Gehienek buruko osasun arazoak eta drogekiko mendekotasuna dute. Hasierako egoerara ez itzultzea nahi dugu".

"Korapilatsua" da jakitea nola iritsi diren dauden egoerara. Unanuak arrazoi askoren batuketa izaten dela uste du: "Bata bestearen atzetik gertatzen dira: drogekiko mendekotasuna, gertuko pertsona baten heriotza, lana galtzea, familia zatitzea...". Laguntza eske ailegatzen dira aterpera. Gehienek harremana galdu dute familia eta lagunekin. Baliabide ekonomikoak lortzea izaten da haien lehentasuna, logela bat alokatzeko eta haien bizitza berreskuratzeko. "Gehienak bakarrik daude, eta haiekin hitz egitea eta entzutea oso garrantzitsua da, askotan barruan dutena askatu behar dutelako; bakardadea da haien arazo nagusia".

Psikologoak, hezitzaileak eta gizarte langileak aritzen dira haiekin lanean. Urtetan kalean bizi izan dira, araurik gabe, eta batzuei ez zaie erraza egiten aterpeko bizimodua. Egunero dinamikak izaten dituzte, nora jo eta nondik hasi erabakitzen laguntzeko. Horretaz gain, lanbide tailerrak egiten dituzte. "Orain dela gutxi baratz txiki bat egin zuten, eta boluntarioen laguntzekin zineforumak antolatzen ditugu". Erabiltzaileek, gainera, bajouncieloabierto.wordpress.com bloga dute eta beren esperientziak idazten dituzte. "Haien txokoa da".

“Salda beroa ematea etxegabeekin hitz egiteko eta egoteko aitzakia izan da”

Gogorra izan da aurtengo negua, bereziki kale gorrian bizi direnentzat. Aurten, baina, berotasun apur bat jaso dute. Iruñeko Paris 365 elkarteak salda beroa banatu du, negu osoan, Iruñeko etxegabeen artean. Egitasmoa "arrakastatsua" izan dela dio Eliana Alemanek (Kolonbia,1973), eta, denera, 60 etxegabek hartu dute salda. Aleman arduratu da kanpaina koordinatzeaz, eta jakinarazi du parte hartu duten boluntario guztiek, salda banatzeaz gain, solasaldi "atseginak" izan dituztela etxegabeekin.

Neguan aritu zarete Iruñean etxegabeei salda banatzen. Zer-nolako balorazioa egiten duzue?

Abenduaren 21etik martxoaren 31ra arte aritu ginen Iruñeko kaleetan salda beroa banatzen. Astero hiru aldiz, —astelehen, asteazken eta ostiralez— 19:00etatik 22:00etara aritu ginen hiriko txokoetan. Oso esperientzia ona izan da, arrakastatsua. Azken finean, salda banatzea haiekin egoteko eta hitz egiteko aitzakia baino ez da izan.

Eta haiek eskertzen dute solasaldi bat izatea?

Askok bai. Izan ere, denek ez zuten salda hartzen. Batzuek, bakarrik hitz egin nahi zuten, tarte batez haiekin hizketan aritzea. Nik uste dut hori izan dela egitasmoaren alderik garrantzitsuena: alde gizatiarra. Elkar ezagutzea, hitz egitea eta laguntzea. Biziki eskertzen zuten, adibidez, bakoitzari bere izenez deitzea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle eta irakasle talde bat aritu da zuekin ikerketa bat egiten.

Kanpaina hau aurrera atera dugu, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin eta Iruñeko Hezitzaile Eskolarekin batera. Unibertsitateko Soziologia departamentuko langile eta ikasle talde batek ikerketa abiatu du etxegabeekin. Gurekin aritu dira egun batzuetan, eta beste batzuetan haien kabuz egon dira etxegabeekin. Zerbitzu bidezko ikasketa metodologia erabili dute ikerketan, eta haien emaitzen esperoan gaude. Maiatzerako egonen direla esan digute. Besteak beste, Iruñean zenbat etxegabe dauden eta zein den haien egoera jakinen dugu. Ikertzaile taldearen helburua da etxegabeen arazoa gehiago ezagutzea eta etorkizunari begira nola aurre egin jakitea.

Zenbat pertsonari eman zenieten salda beroa eta hitz egiteko aukera?

Denera, 60 pertsonari banatu genien salda. Gehienak alde zaharrean bizi dira, eta han egiten dute bizitza. Kutxa automatikoetan eta aurkitzen dituzten beste txokoetan lo egiten dute. Guztira, 49 boluntariok hartu dute parte kanpainan. Saldaz gain, kalea jasangarriago izateko kit bat eman genien denei: lo-zakua, bizkar zorroa eta termoa.

Haiekin lanean jarraituko duzue?

Iruñean etxerik gabe dauden pertsona guztiak gure laguntza izatea nahi genuen. Batzuk lehenagotik ezagutzen genituen, eta beste batzuk ezagutu berri ditugu. Haiekin egoten ginenean gure zerbitzuen berri ematen genien: jantokia eta txokoa, adibidez. Informazioa eman eta haien egoerari aurre egiteko ditugun baliabideak eskura jarri genizkien. Orain, behintzat, aukerak dituzte. Esperientzia berria izan da guretzat salda banatzearen kanpaina, baina argi dugu datorren neguan eutsi egingo diogula. Guretzat, egitasmoa oso aberasgarria izan da, eta nik uste dut haientzat ere hala izan dela. Gau hotzetan berotasun apur bat eman diegu.

Ataka estuan, baina baikor

E rakunde publiko eta pribatuen diru laguntza zeharo gutxitu zaie aurten, baina Tuterako Gizakia Helburu fundazioak aurrera jarraitu nahi du. Horregatik, diru baliabide berrien bila hasi dira. "Berrasmatzeko" garaia heldu da. Erriberan drogekiko mendekotasuna duten pertsonak artatzeko egitasmoa da Tuterako Gizakia Helburu.

Joan den hilabetean batzar ireki bat egin zuen fundazioak, eta bertan eman zuten haien egoera zailaren berri. 110.000 euroko aurrekontua zuen fundazioak joan den urtera arte, eta Tuterako Gizakia Helburu sortu zenetik, 2005etik, diru sarreretan hiru bide nagusi izan dituzte: Erriberako udalen, finantza erakundeen eta erabiltzaile zein anonimoen ekarpenak. Krisiak, hala ere, diru iturri hauek guztiak murriztea eragin du, eta ataka estuan dago fundazioa —20.000 euroko defizita du—. Dena den, baikor agertu dira langileak, baita Alfonso Arana Nafarroako Gizakia Helburu fundazioko zuzendaria ere: "Etenaldia baino ez izatea espero dugu".

Alberto Cornago, Ubalda Alvarez-Caborno eta Carmen Abian dira bertako langileak. Psikologoak dira hirurak, eta otsailaren 20an lana erregulatzeko espedientea aurkeztu zuen fundazioak. Sei hilabete iraunen du lan erregulazioak, abuztuaren 19ra arte, eta denbora tarte horretan aurrera atera nahi dute fundazioa. "Gure esku dagoen guztia egin nahi dugu hau ez ixteko", azaldu dute hiru langileek. %30 murriztu dute lanaldia, eta astelehenetik ostiralera eguneko 5 ordu eta 20 minutu lan egiten dute.

Egoera larria izan arren, zerbitzu guztiak mantendu dituzte, eta erabiltzaileek aldaketa ahalik eta gutxien nabaritzea nahi dute. "Haiei, haien familiei eta guri eragiten digu zuzenean", esan du Cornagok. Orain, finantzabide berriak bilatzen ari dira, eta fundazioa sostengatuko duen "masa soziala" eratu nahi dute. Horretarako, kanpaina batzuk martxan jarriko dituzte: dirua biltzeko jaialdiak egin, sinadurak bildu eta "beharrezkoa" den guztia. "Sormenari ateak ireki dizkiogu", gaineratu du Alvarez-Cornagok. Argi dute hirurek behin fundazioa itxita askoz zailagoa izanen dela berriro irekitzea.

Gizakia Helburuko zuzendariak aitortu duenez, orain arte fundazioak ez du oihartzun handirik izan hedabideetan, baina horren beharra dute orain: "Gure proiektua ezagutaraztea nahi dugu, jendearengana iristea. Sei hilabeteko epean finantzaketa lortu ezean, erabaki serioa hartu beharko dugu".

Arriskua, beraz, badago, eta horri aurre egin beharko diote. Badakite haien egoera ez dela bakarra, hamaika elkarte eta fundazio egoera berean daudela, baina badakite fundazioa desagertzen bada Erriberako pertsona asko zerbitzurik gabe geratuko direla. Iaz, 274 pertsona artatu zituzten, adibidez. "Horretaz gain, erabiltzaileen familiekin egiten dugun lana oso garrantzitsua da", esan du Aranak. Beraz, zentroa itxiz gero, ondorio garbia ekarriko luke: "Hutsunea". Erriberako klima sozialak "okerrera" eginen luke, ez dagoelako droga mendekotasuna lantzen duen beste elkarterik, eta bezeroek Iruñeko zentrora joan beharko lukete, edo Tuterako ospitaleko buruko osasuneko sailera. "Askorentzat ezinezkoa da egunero Iruñera joan-etorria egitea, eta Tuterako erietxeko buruko osasuneko sailak lan karga handia du", azaldu du Abianek. Horretaz gain, ikastetxeetan egiten dituzten sentsibilizazio kanpainak bertan behera geldituko lirateke.

Gizakia Helburuko erabiltzaileak egoeraren jakitun dira, eta kezka azaldu dute. "Askorentzat fundazioa ezinbestekoa da; aurrera atera dira Gizakia Helbururi esker, eta orain kezkati daude", esan du Abianek. Horregatik, nola edo hala, laguntzen dute. "Sinadurak ekartzen dizkigute, informazioa zabaltzen dute... Erabiltzaileen eta haien familien babes osoa jaso dugu".

Iruñean du Gizakia Helburuk beste egoitza, baina Tuterakoa baino egoera ekonomiko hobean dago. Nafarroako Gobernuaren diru laguntza —aurrekontuaren %60— jasotzen du Iruñeko Gizakia Helburuk; ez ordea, Tuterako zentroak. "Tuterakoak bakarrik 2.000 euro jasotzen ditu gazte programa aurrera atera ahal izateko. Egoera guztiz desberdina litzateke gobernuaren diru laguntza jasoko bagenu", azaldu du Aranak.

1984. urtean eman zituzten lehenengo pausoak droga mendekotasunari aurre egiteko Tuteran. Egoeraz larrituta, guraso talde batek elkarte bat sortu zuen. Drogekin arazoak zituzten pertsonei laguntzen zieten, baina ez zieten tratamendurik eskaintzen. 1991. urtean sortu zen Iruñeko Gizakia Helburu, eta Tuterako elkartearekin harreman zuzena izan zuen. 2005. urtean erabaki zuten Tuteran Gizakia Helburu fundazio propioa sortzea.

Hasitako bidea oraindik ez da amaitu, eta gogotik lan eginez gero jendeak behar bezala erantzunen lukeela uste dute. "Hemendik irtengo gara, eta, seguruenik, indartuta", esan du Abianek.