gaiak

Historiak bazter utzitako kontakizuna

Historiak bazter utzitako kontakizuna

Kattalin Barber

Hatshepsut, Enheduanna, Makeda, Iliria Teutakoa, Teano Krotonakoa, Carmenta eta Aspasia Miletokoa. Antzinateko eta historiaurreko emakumeak dira: irakasleak, piratak, matematikariak, emaginak, filosofoak eta erreginak, besteak beste. Haiei buruz, ordea, gutxi dakigu Monica Revenga diseinatzaile grafikoaren ustez. Egoera irauli nahi du: Siempre estuvimos aquí, siempre fuimos guerreras liburua prestatzen ari da, emakume horien bizitzak "ahanzturatik memoriara" pasa daitezen.

Historiaurrean eta antzinaroan zein izan zen emakumeen zeregina? Zergatik izan dira ezagunak orduko gizonak bakarrik? Galdera horiek izan ditu abiapuntu Revengak, historiako emakume gerlariak ezagutzera emateko.

Ez dago bakarrik, proiektu kolektiboa baita liburua. 26 pertsona aritu dira historiaurreko emakume horien bizitzak idazten eta ilustrazioak egiten. "Mimoz eta eskuz egindako lana da", azaldu du Revengak. Garai bakoitzean jazotako gertaerak abiapuntu hartuta, egile bakoitzak bere "ikuspuntua" eman du. "Hainbat historialarik eta arkeologok ere lagundu digute narrazioetan". 120 orri inguru izanen ditu liburuak. Finantzaketa kolektiboaren alde egin du Revengak. Bihar arte bada laguntzeko aukera.

Aspaldikoa da liburua egiteko ideia. Institutuan zegoenean konturatu zen Revenga emakumeak eskola liburuetan ez zirela agertzen, eta hausnarketa horren fruitua izan da antzinako emakume gerlarien bizitzak biltzea: "Nork idazten ditu liburuak? Nor dago edukien atzean? Beharrezkoa da historia berrikustea eta falta zaigun informazioa berreskuratzea".

Historiaurrea eta antzinatea genero ikuspuntutik "iraultzeko" asmoa izan du Revengak, eta 26 pertsona izan ditu ondoan Siempre estuvimos aquí, siempre fuimos guerreras liburuko istorioak harilkatzeko. "Harremanetan jarri nintzen interesa izan zezaketen pertsonekin, eta ahoz aho osatu dut sarea", azaldu du diseinatzaileak.

Historiaurreko eta antzinateko dokumentazioa eskasa da, eta ikerketa lan handia egin dute idazleek. Carmen Lopezek, esaterako, Carmenta emakumeari buruzko istorioa idatzi du. Irakasle erretiratua da iruindarra, eta bat egin zuen proiektuarekin ezagutu zuen une berean. "Beharrezkoa iruditzen zait, alde batetik, elkarlanean egindako liburua delako, eta, bestetik, oso beharrezkoa delako emakumeen memoria berreskuratzea, gure memoria berreskuratzea".

Kristo aurreko VII. mendekoa da Carmenta. Grezian sortu zen, eta emagina zelako da ezaguna. "Ikertzen hasi nintzenean, konturatu nintzen greziar mitologiako pertsonaia zela, baina balio digu arketipo bat delako: sinbolikoki emakume askoren bizitza irudikatzen du". Lopez gustura aritu da historian arakatzen: "Emakumeok indarra dugu, eta gurea erresistentziaren historia da, bai eta erresilientziaren historia ere. Gerlariak gara".

Aspasia Miletokoa

Mari Jose Perezek Aspasia Miletokoaren bizitza idatzi eta ilustratu du. Lopezi bezala, zaila egin zaio informazioa aurkitzea, eta hari askotatik tira egin behar izan du, emakumeak historiaren sustraietan kateatuta ez dauden seinale. "Liburutegietan zerbait aurkitu dut, baina dena dago gordetegian, ezer ez ikusgai". Gutxika-gutxika osatu du emakumearen historia: Atenasen jaio zen, Kristo aurreko 470. urtean, eta Perikles politikaria izan zuen senar Aspasia Miletokoak. Besteak beste, filosofoa eta ginekologoa izan zen. "Periklesen diskurtsoak idazten zituen, demokraziaren defendatzaile sutsua izan zen, eta Sokratesen irakaslea, besteak beste. Emakume jakintsua, polifazetikoa eta gerlaria izan zen", azaldu du Perezek.

Argia ikusi nahi dute Aspasia Miletokoaren eta Carmentaren istorioek, bai eta historiaurreko eta antzinateko beste bost emakumeren bizitzek ere. Horretan ari dira Monica Revenga eta beste kideak lanean.

Errege izan nahi, baina ezin

Errege izan nahi, baina ezin

Kattalin Barber, Ez da Vianako printzearen «ohiko» biografia bat. Hori nabarmendu du Mikel Zuza idazle, historialari eta liburuzainak, Pamiela argitaletxearekin plazaratu berri duen Principe de Viana: el hombre que pudo reinar liburuari buruz. Azaldu du Karlos IV.a Vianako printzearen (1421-1461) hamaika biografia daudela, baina bereak «ikuspegi berri bat» eskaintzen diola irakurleari

Paueko Artxibategian (Okzitania) aurkitutako hainbat dokumentu hartu ditu oinarri, hain zuzen ere, eta agiri horiek bilakatzen dute berezi Zuzaren lana. "Mikel Ramosek eman zidan dokumentuen berri, eta orduan argi izan nuen ez zela ohiko biografia bat izanen", onartu du Zuzak. Pauen, zehazki, Vianako printzearen aurkako 87 salaketa aurkitu ditu.

Historia ikerketetan garaiko fakturak eta liburu-kontuak izaten ohi dira informazio iturri nagusi, eta "zaila" da bestelako informazioa aurkitzea: "Baina fakturetan ez dago ez sentimendurik ezta emoziorik ere", esan du Mikel Zuzak. Aurkitu dituen agiriak, halere, beste mota batekoak dira: salaketak, beaumondarren aurkako agramondarren 87 salaketa, hain zuzen ere. "Printzearen aurkako 87 kexa dira, bere aita Joan II.aren jarraitzaileek egindakoak", zehaztu du. Nafarroako Erresumako ondorengotza auzian zegoela, agramondarrek Joan II.a Trastamarakoaren alde egin zuten eta beaumondarrek, berriz, Karlos IV.a Vianako printzearen alde.

Salaketa horiekin guztiekin osatu du Vianako printzearen biografia Zuzak, eta haren bizitzako "pasarte garrantzitsuenak" kontatu ditu: bere ama Nafarroako Blanka I.a 1441. urtean hil zenekoa, bere aita Joan II.ak koroa ukatu zionekoa, eta 1456. urtean erbesteratu zen artekoa. "Nafarroan egon zen guda zibila baino lehen hasten da liburua, eta Vianako printzeak Nafarroarekin zuen lotura islatzen da". Izan ere, ia bizitza osoa eman zuen printzeak Nafarroan: 40 urte bizi izan zen, eta, horietatik 34, hain justu, Nafarroako Erresuman eman zituen.

Hain zuzen ere, Nafarroako erregea izan behar zuen printzeak, baina aitarekin izan zituen liskarren ondorioz, ez zuen inoiz lortu errege koroa. Aita-semearen arteko harremanak erabat gaizkitu ziren. "Bere aitak inoiz ez zuen koroa askatu, eta horren eraginez amaitu zen Nafarroako Erresuma".

Joan II.a oso gogorra eta autoritarioa izan zela esan du historialariak: "82 urte bizi izan zen, orain norbaitek 210 urte izatearen parekoa da adin hori". Printzea Nafarroako erregea izateko hezi zuten, baina ez zuen inoiz koroa jasotzeko aukera izan. "Aitak ez zion inoiz utzi; amak, berriz beti semearen alde egin zuen", erantsi du idazleak.

Haatik, Nafarroako Blanka I.a hil zenean, Joan II.a Juana Enrikezekin ezkondu zen, eta haien arteko seme Fernando Katolikoak jantzi zuen aginte koroa. "Argi dago beste familiari eman nahi ziola koroa. Finean, Nafarroa ez zitzaion batere inporta erregeari".

Hala ere, Zuzak nabarmendu nahi izan du Vianako printzeak "azken momenturaino" egin zuela borroka "bere eskubideen alde". "Esan ohi dute Vianako printzeak inoiz ez ziola bere aitari aurre egin, baina liburuan ikus dezakegu bide guztiak erabili zituela Nafarroako tronua defendatzeko", gaineratu du.

Txikitatik maite izan du Zuzak Vianako printzea pertsonaia gisa. "Ez dakit zergatik, baina beti izan da niretzat kutunena", esan du. Nafarroako historiako "sinboloa" izan da printzea: "Galdu besterik ez zuen egin, aberastasunik ere ez zuen izan, eta, hala eta guztiz ere, jarraitzaileek zintzo segitu zuten beti haren ondoan, pertsona ona izan zen seinale".

Aitari buruzko antzezlana

Aita-semeen arteko harreman txarra islatzen da dokumentuetan, eta horien artean Vianako printzeak bere aitari buruz egin zuen antzezlana gogoan du Zuzak: "Bere aita iraintzeko antzez lana izan zen". Jakina denez, kultura maite zuen; literatura gustukoa zuen, eta irakurri ez ezik, printzeak poesiak idatzi ere egin zituen. Haren lan aipagarriena Crónica de los reyes de Navarra historia-liburua izan zen. 1843. urtean argitaratu zuten, Yanguas y Miranda historialariak zuzenduta eta osatuta, hain zuzen ere. Aristotelesen Etika ere gaztelaniaz eman zuen. "1449. urtekoa da antzezlana, eta Tafallan egin zuten emanaldia; estatuko lehen antzezlana izan daiteke, ez direlako aurrekaririk ezagutzen", azaldu du.

Beste ondorio batera iritsi da Zuza, liburua osatzeko egin duen ikerketaren bidez: Nafarroako gortea ez zela batere "aspergarria" izan, alegia. "Esan ohi dute Nafarroako gortean ez zela ezer gertatzen, baina liburuan guztiz kontrakoa islatzen da: hamaika abentura zeuden gortean garai hartan".

Horrez gain, uste du liburua garrantzitsua dela Vianako printzearen "beste ikuspuntu bat" agertzen delako: "Nafarroaren alde egin zuen beti printzeak, historia ofiziala baztertuz". Ustez, tuberkulosiak jota hil zen Vianako printzea, 1461. urtean, baina pozoitu zutela ere esan izan da. "Ez pentsatu horren ideia zentzugabea denik; Joan II.aren aurka egin zuten guztiak hil ziren". Vianako printzea berriro ezagutzeko aukera gordetzen du Zuzaren liburuak. Errege izan nahi eta ezin izan zuenari buruz.

Ahaztutako andreengatik

Ahaztutako andreengatik

Kattalin Barber

Maravillas Lambertok hil aurretik egin zuen bide bera eginen dute bihar Larragan. Frankistek tiroa jo eta bortxatu baino lehen egin zuen Lambertok bide hori, 14 urte zituela. Aitarekin egin zuen. Itzulerarik gabeko bidea izan zen bientzat. 1936ko abuztuaren 15ean, aita eta alaba guardia zibilekin atera ziren Larragako etxetik, eta ez ziren inoiz itzuli. "Maravillas bortxatu zuten, eta gero biak hil zituzten", azaldu du Jesus Nietok, Maravillas Lamberto elkarteko kideak.

Elkarte horrek ekitaldi berezia prestatu du biharko, Larragan, herriko 47 fusilatuak gogoratzeko, tartean Maravillas Lamberto eta haren aita, Vicente Lamberto. Era berean, frankistek kaskamoztu eta umiliatu zituzten herriko emakume guztiak izanen dituzte gogoan, aurreneko aldiz.

Larragan bizi da Jesus Nieto. "Emakume askori, ilea moztu, eta errizino olioa ematen zieten, ondoren herriko kaleetan zehar publikoki iraintzeko asmoarekin", gogorarazi du. Frankismoak orbain sakona utzi die Larragako bizilagunei, eta emakumeen istorio anitz isilpean gorde dituzte urtez urte. "Maravillas gogoratuko dugu, baina, harekin batera, herriko emakume guztiak izan nahi ditugu gogoan, Maravillasena ez zelako kasu bakarra izan".

Memoriaren ikur

Oroimen historikoaren eta frankismoaren aurkako ikur bilakatu da Lamberto: "Istorio oso lazgarria da harena, baina sistematikoa izan zen: gizonak fusilatu eta emakumeak umiliatu, bortxatu... egiten zituzten". Zama handiarekin bizi ziren emakumeak, gerrarekin ez zelako errepresioa amaitu. "Berandu dator omenaldia, baina herriko emakume guztiak babestu nahi ditugu, haien ahalegina eta urte latzenetan egindako lana aitortu".

Bihar egingo den ekitaldian parte hartuko dute, besteak beste, Paz de Ziganda helduen abesbatzak, Fermin Balentziak eta Gorka Urbizuk, Maravillas abestia kantatzeko. Larragan 2012an Memoriaren parkea egin zuten, 36ko gerran egindako sarraskiak eta ondorengo zapalkuntza oroitzeko. Urtero, bertan egin ohi dute omenaldia, baina aurten herriko plazan izanen da ekitaldi nagusia. "Eragile askok egin dute bat omenaldiarekin, eta leku handiagoa behar dugu: Lizarrako bertsolariak etorriko dira, Iruñeko Maravillas gaztetxeko kideak, Larragako dantza taldea... Espero gabe, handia egin da ekitaldia".

Bihar 11:00etan da lehendabiziko hitzordua, Memoriaren parkean. Bertatik kalejira eginen dute Maravillas Lambertoren etxeraino. Hortik, udaletxerako bidea hartuko dute, eta Foruen plazan izanen da ekitaldi nagusia, 12:00etan.

Urtero egiten diete omenaldia 36ko fusilatuei; ez, ordea, bizirik iraun zuten emakumeei. Nietok esan du badela garaia: "Memorian izan ditugu beti, baina inoiz ez dugu ezer publiko egin. Maravillasen kasua ezaguna da, baina beste hamaika sexu eraso egon ziren herrian". Herriko emakumeak kaskamotz utzi zituzten, egunero umiliatu, eta kolpeka ikasi behar izan zuten bizirik irauten. "Isilik egon dira emakumeak urte askoz, beldurra zutelako".

Orain dela urte asko hasi zen Nieto memoria historikoaren arloan lanean, eta erasoak salatu zituzten bi emakume baino ez ditu ezagutu. "Allon eta Fiteron gertatutako bi kasu baino ez ditut ezagutzen; bi emakumek publikoki salatu zuten faxistek bortxatu zituztela". Nietori osaba hil zioten 1936ko gerran: "Egun batetik bestera dena aldatu zen: fusilatu aurreko egunean lagunekin zebilen osaba, eta hurrengo egunean haietako batek eman zion tiroa. Horrela izan zen sarraskia".

Ezkutuko istorioak

Ezkutuan gelditutako istorioak agerian utzi nahi dituzte Larragan. Nietok autokritika egin du: "Beti izan ditugu buruan fusilatuak, eta gutxi oroitu gara herrian geratu ziren emakumeekin. Jada ez daude gurekin, baina memorian egotea garrantzitsua da". Ahaztutako eta ezabatutako emakumeak dira: "Zer gertatu zen herrian gelditu zirenekin? Lanik gabe gelditu ziren emakume asko, seme-alabak eta familia aurrera eramaten, eta egunero umiliatzen zituzten". Bortxaketak, erasoak, ilea moztea edota arropa urratzea bezalako jazarpenak jasan zituzten emakumeek. "Jendaurrean lotsarazi nahi zituzten, eta lortu zuten". Nietok badaki, andrazkoen presentziari dagokionez, hutsune handia dagoela historian, baina uste du gauzak aldatzen hasi direla, eta horren adibide da ere bihar Larragan eginen dieten omenaldia. "Emakumeak, 1936ko gerran eta ondorengo urteetan, ama, alaba eta emazte baino gehiago izan zirelako".

"Maravillas bezalako beste hamaika emakume daude, baina bizirik jarraitu zutenek ez zuten haien istorioa kontatu, beldurragatik batik bat". Memoria lantzeko beharra aipatu du Nietok, eta belaunaldi berriek lekukoa hartu behar dutela esan du.

Badaki biharko eguna berezia izanen dela, eta argi du gogoratu egin behar dela urte beltz horietan herrian jazotakoa. Larragako oroimen historikoa berreskuratzen ari dira, Nietoren esanetan, oroimen historikoak zor handia baitu emakumeekin.

Falta zen begirada

Falta zen begirada

Edurne Elizondo
Auguste Rodinen ikaslea; haren bikotekidea; buruko gaitza zuen emakumea. Anitz idatzi da Camille Claudeli buruz, baina gutxitan nabarmendu da lehen mailako eskultorea izan zela; gutxitan erran da sen bizi eta bereziko artista izan zela;...

Artxiboetatik argitaletxera

Artxiboetatik argitaletxera

Edurne Elizondo

Agiririk inportanteena da Iruñeko historian". Horixe erran du Sancho el Fuerte argitaletxeko arduradun Isabel Perez Radak faksimile bilakatu berri duten hiriko Batasunaren Pribilegioaren testuari buruz. 1423. urteko irailaren 8koa da agiria, Karlos III.a Prestuak hiriari emana. Agiri horren bidez bat egin zuten egungo Iruñea osatzen zuten burguek.

"Iruindarren esku jarri nahi dugu hiriarentzat funtsezkoa den agiri hau", erantsi du Perez Radak. Ehun ale kaleratu dituzte. Agiriaren faksimilea argitaratu dute, batetik: ia bi metro eta erdi luze da. Bertzetik, Concepcion Martinez Pasamar filologoak Batasunaren Pribilegioari buruz egindako lana plazaratu du Sancho el Fuerte etxeak. Agiria aztertu eta transkribatu egin du; jatorrizkoa Nafarroako erromantzez idatzita dago. Bertsio "modernoagoa" egin du Nafarroako Unibertsitateko irakasleak, "ulergarriagoa" izan dadin.

Iruñeko Batasunaren Pribilegioaren jatorrizko lau agiri existitzen dira; hain zuzen, Nafarroako Artxibo Nagusian gordetzen dutena erabili du Sancho el Fuerte argitaletxeak faksimilea egiteko. Bertze bi badira Iruñeko Udal Artxiboan, eta laugarrena, berriz, Iruñeko Katedraleko Artxiboan dago.

"Agiri hagitz ezaguna da", nabarmendu du Nafarroako Artxibo Nagusiko zuzendari Felix Segurak. Iruindarrek urtero ospatzen dute irailaren 8a, hain zuzen ere. Egun horretan, Iruñeko udalbatzak desfilea egiten ohi du garai batean hiria osatzen zuten burguetan barrena, eta katedralean, berriz, lore eskaintza egiten du, Karlos III.a Prestuaren hilobiaren aurrean.

Agiriaren xehetasunak, hala ere, iruindar gehienentzat "ezezagunak" dira, Felix Seguraren ustez. "Horregatik, garrantzitsua da orain gure esku dugun testu berri hau; agiri horrek hiriari ekarri ziona hobeki ulertu ahal izateko baliagarria izanen zaigu", erran du.

Agiriaren izenak ongi azaltzen du zer eman zion hiriari batez ere: batasuna. Izan ere, ordura arte egungo Iruñea osatzen zuten burguek udaletxe, alkate eta justizia propioak zituzten. Nabarreriakoa zen bat, eta San Nikolas eta San Zernin bertze biak. Erakunde propioak ez ezik, bereizten zituzten harresiak ere bazituzten burguek.

"XII. mende amaieran hasi zen hiri batuaren ideia sendotzen; halere, Iruñea ez zen bat izan Karlos III.ak Batasunaren Pribilegioa eman arte; Iruñea hiru izan ziren", azaldu du Nafar Ateneoko kide Ricardo Pitak. 1423ko Batasunaren Pribilegioa sinatu aurretik ere izan ziren burguak batzeko bertze hainbat saio, baina hutsean gelditu, eta ez zuten aurrera egin.

Transkripzioa eta mapak

"Batasunaren Pribilegioarekin, ordura arteko tirabirak bazter gelditu ziren; agiri horrek ekarri zuen hiri bakarra, udal bakarra", berretsi du Perez Radak.

Argitaletxeak testuaren inguruko informazioa eman nahi izan dio irakurleari plazaratu berri duen argitalpenaren bitartez. Horretarako, Concepcion Martinez Pasamarrek egindako ikerketarekin eta transkripzioarekin batera, Juan Jose Martinena historialariak egindako mapak jaso ditu faksimilea laguntzen duen liburuan. Burguen inguruko bere lanak oinarri hartuta, "ekarpen grafikoa" egin du Martinenak, hain zuzen ere.

Halere, Martinez Pasamarrek egindako ikerketa da informazio iturri nagusia Iruñeko Batasunaren Pribilegioari buruzko lan berrian, argitaletxeko arduradunek nabarmendu dutenez. Irakasleak aspalditik ezagutzen du agiria. Filologian doktorea da, eta tesia egiteko hartu zuen Karlos III.a Prestuak emandako agiria bere lanaren ardatz.

Filologiaren arlotik ekin zion lanari orduan; orain, "ekarpen zabalagoa" egin du. "Niretzat plazera izan da berriz ere agiri hau lantzeko aukera izatea", nabarmendu du. Iruñeko Udal Artxiboan gordetako bi agirietako bat hartu du bere oraingo lanaren oinarri, bertzeak baino modu "solemneago" batean idatzita dagoelako. "Bertzeetan baino laburdura gutxiago daude", doktoreak zehaztu duenez.

Irakaslearen zeregina izan da XV. mendeko agiri bat XXI. mendera hurbiltzea, orduko testua egungo irakurleentzat "ulergarriago" bilakatzeko. "Biziki interesgarria izan da orduko hizkera egungo gizartera ekartzea; 1995ean bukatu nuen nire tesia, eta orduan egindako lanaren zati bat baliatu dut orain ere", azaldu du irakasleak. Gaineratu du testuaren bertsio "modernoago" bat egin duela, baina agiriaren garaiko moldeak bazter utzi gabe. "Orduko espirituari eutsi nahi izan diot", erran du Martinez Pasamarrek.

Irakaslearen lana "biziki" eskertu du Perez Rada argitaletxeko arduradunak; parte hartu duten gainerako adituena ere bai. Argi utzi du "aspaldiko ametsa" bete dutela Batasunaren Pribilegioaren agiria faksimile bilakatuta. "Urtero ospatzen dute iruindarrek Batasunaren Pribilegioa; orain, testua hobeki ezagutzeko aukera izanen dute; duen balioa eman nahi diogu", berretsi du Sancho el Fuerte argitaletxeko arduradunak.

Batasunari buruzko agiria zabaltzeko ahalegin hori eskertu du Nafarroako Artxibo Nagusiko zuzendariak, hain zuzen ere. Hark ere parte hartu du oraingo argitalpenean, eta hitzaurrea idatzi dio Martinez Pasamarrek egindako lanari.

Heriotzako orduan ere bada zer erabaki

Heriotzako orduan ere bada zer erabaki

Edurne Elizondo
Etxean. Herritar gehienek hor hil nahi dute. Errealitatea, ordea, bertzelakoa da, datuek erakusten dutenez: erdiek baino gehiagok ospitalean ematen dute azken hatsa. Datu horien atzean dauden egoerak aztertu nahi ditu Nafarroako Gobernu...

Presoak boteretu zirenekoa

Presoak boteretu zirenekoa

Edurne Elizondo

Erabat aldatu ninduen". Horixe erran du Daniel Pontek (Madril, 1959) kartzelari buruz. 17 urte zituenean sartu zuten lehenengoz preso; Francoren garaiko Alferren eta Gaizkileen Legeak eraman zuen espetxera. Carabanchelgo, Teruelgo eta Zamorako kartzeletan izan zuten Espainian, bai eta Arabako Langraiz Okan ere. 22 urterekin atera, eta handik urtebetera berriz espetxeratu zuten, hainbat banketxetan lapurreta egin eta gero. "Bertze sei urte egon nintzen barruan. Kartzelak erabat aldatu ninduen. Jarrera otzana nuen sartu nintzenean, bai eta beldurra ere. Baina espetxean boteretu nintzen, lortu nuen presoon eskubideen alde borrokatzeko indarra, bai eta gure aldarrikapenak zabaltzekoa ere".

Espetxean, Copel koordinakundeko kide izan zen Pont. Sufritzen zuten errepresioari eta kartzelako baldintza gogor eta bidegabeei aurre egiteko altxatzea eta borroka egitea erabaki zuten preso sozialek osatzen zuten Copel. Milaka izan ziren, Espainiako Gobernuaren administrazioaren pean ziren espetxeetan, eta haien historia jaso dute koordinakundeko hainbat preso ohik, orain, Copel: una historia de rebeldía y dignidad (Copel: errebeldia eta duintasun istorio bat) izenburuko dokumentalean. Iruñean aurkeztu du Pontek, Copeleko kide Fernando Alcatrazekin batera.

1976ko abenduan sortu zen Copel, eta hiru urtez egon zen indarrean, 1979an desegin zuten arte. Denbora horretan, dozenaka mutin, gose greba, protesta eta ihesaldi egin zituzten hamaika espetxetan. Trantsizioa hasi zen garaian, duintasuna eta beren giza eskubideak errespetatzea exijitu zuten, bai eta amnistia ere, preso sozial guztientzat. Estutasunean jarri zuten estatua, eta garai hartako politikarien agendetan kokatu zuten presoen auzia. Espetxeetako teilatuetara igo ziren, beren burua zauritu zuten, su eman zieten ziegetako koltxoiei. Antolatzeko gai izan ziren, koordinatzeko gai, inolako buruzagirik gabe.

Antolatzeko eta lan egiteko modu hori da Fernando Alcatrazek (Valentzia, 1959) Copeli buruz nabarmendu nahi izan duena. Copeleko presoen alde hiriz hiri sortu ziren babes taldeetako batean aritu zen lehendabizi; gero, 18 urterekin kartzelan sartu zutenean, banketxeen kontra molotov koktelak botatzeagatik, koordinakundeko kide bilakatu zen. "Zortzi urte egon nintzen barruan. 26 urterekin atera nintzen. Oraindik ere beharrezkoak ditugun esperientziak eta ikasketak mahai gainean jartzea da Copelen historia kontatzea. Copel sortzeko izan ziren arrazoiak indarrean dira, oraindik ere", erran du.

Alcatrazen hitzekin bat egin du Salhaketako kide Libertad Francesek. Argi du Copeleko presoek salatzen zituzten giza eskubideen urratzeak gertatzen direla egun ere. Horregatik antolatu du Salhaketak dokumentalaren Iruñeko aurkezpena, hain zuzen ere. Lana egiteko prozesuan ere parte hartu du elkarteak, proiektua diruz lagunduta. Izan ere, hamabi urteko bidea dago Copeli buruzko dokumentalaren atzean. Baliabideak urriak izan dira, eta, azken txanpan, finantzaketa kolektiboaren alde egin zuten bultzatzaileek. Laguntza horri esker amaitu zuten lana, eta iazko azaroan estreinatu zuten.

14.000 preso

"Gizarteak ez dio espetxeari so egiten. Hirietatik atera dituzte kartzelak horretarako. Guztiz beharrezkoa da espetxeetan gertatzen dena agerian uztea, eta presoen eskubideak aldarrikatzea", nabarmendu du Francesek. Copeleko kideen xedea ere horixe zen. Hirietako erdiguneetatik hurbilago baziren ere, espetxeetako errealitatea ikusezina zen herritar gehienentzat, orduan ere. Hori aldatu nahi izan zuten Copelekoek beren protesten bidez.

Frankismoaren amaieran, 14.000 preso zeuden Espainiako administrazioaren peko kartzeletan, preso politikoak eta sozialak kontuan hartuta. Haietako 8.000 inguru Alferren eta Gaizkileen Legeak eraman zituen espetxera. Diktadorea hil eta gero, hainbat amnistia prozesuk kartzelatik atera zituzten preso anitz, baina milaka preso sozial barruan gelditu ziren. Horren aurka altxatu zen Copel. "Argi genuen une horretan kartzelan ginen preso guztiak ginela preso politikoak, eta irmo defendatu genuen preso guztien amnistia, espetxea errepresio gune bat zelako", gogoratu du Pontek.

Espetxeak ahaldundu zuela nabarmendu du solasaldiaren hasieran, eta mezu hori berretsi nahi izan du. "Copelek denoi ekarri zigun boteretzeko aukera. Ikasi genuen gure biktima izaera ez onartzen, ez behintzat jarrera kritiko eta erresistentziazkoa erakutsi gabe".

Boterea beren esku izan zutela erantsi du. "Arazo larria eragin genion estatuari kartzeletako teilatuetara igota eta ziegei su emanez". Estatuak ikasi zuen, ordea, pultsuari erantzuten. "Preso nor zegoen orduan? Pobreak, gizarteak baztertuak, orain bezala. Benetan sinetsi zuten demokraziaren aldeko beren aldarrian, baina estatuak errepresioa baino ez zien eman", erran du Alcatrazek.

Errepresio horrek, gainera, hainbat aurpegi ezberdin erakutsi zituen. Batetik, estatuak sakabanatu egin zituen Copeleko kide nagusi gisa identifikatu zituenak. "1.000 preso inguru mugitu zituzten espetxe batetik bertzera", azaldu dute Copeleko kideek. Bertzetik, tratu txarrak eta torturak areagotu ziren. "Indarkeriak goia jo zuen Herrera de la Manchako espetxea inauguratu zutenean. Istiluetarako poliziak sartu zituzten espetxeetan". 1978ko ekainean zabaldu zuten Herrera de la Manchako kartzela.

Urte horretako otsailean errepresiorik gordinena sufritu zuen Agustin Rueda Copeleko presoak. Koordinakundeko kide izateagatik Carabanchelera mugitu zuten urtarrilean. Ihesaldi batean parte hartu eta gero, jipoia eman zioten Ruedari, eta, kolpeen ondorioz, hil egin zen.

Hirugarren elementua jarri du mahai gainean Pontek estatuak presoen borroka indargabetzeko erabilitako tresnen adierazgarri: droga. "Espetxeetan heroina sartzen hasi ziren". Laugarren auzia aipatu nahi izan du Alcatrazek: Carlos Garcia Valdes Espainiako Espetxe Erakundeetako zuzendari nagusiaren jokabidea eta haren jarduerak izan zuen eragina, alegia. "Izendatu zutenean, Copeleko kide anitzek konfiantza zuten harengan, baina errepresioarekin baino ez zuen erantzun". Garcia Valdes bertzelako irudi bat ematen saiatu zela erantsi du Alcatrazek. "Partekatutako kudeaketaren auzia jarri zuen mahai gainean, presoen protestak baretzeko. Baina garrantzirik gabeko kontuetan baino ez zuen ezarri". Gogoratu du oraindik indarrean dagoen Espetxeen Lege Organiko Orokorraren atzean Garcia Valdesen lana dagoela, eta, haren bidez, "Copelen protestak indargabetu eta errepresioa legitimatzea" bertzerik ez zutela helburu. "Lege horren arabera, edozer gauza har dezake estatuak mutin gisa", erantsi du Francesek, araudiaren eragina egungo errealitatera ekartzeko.

Alcatrazek ikuspuntu kritikoa du Copel koordinakundearen azken garaiari buruz, uste baitu Garcia Valdesek zabaldutako bidetik beren aldarrikapenak lausotu, eta, neurri batean, amore eman zutela preso anitzek. Ez da iritzi berekoa Pont: "Copelek inoiz ez zuen erran mutinen bidetik jarraitu behar ez genuenik, eta preso sozial guztientzat indultua lortzeko borrokan segitu genuen; partekatutako kudeaketaren bidetik negoziazioak gertatzen ziren bitartean, ihesaldiak egiten jarraitu zuten presoek, gainera".

Emakumeak, ikusezin

Copeleko kideek ez zuten preso sozialen amnistia lortu. Baina orduko irakaspenen garrantzia nabarmendu nahi izan dute Pontek eta Alcatrazek. "Geure burua batzarren bidez antolatzeko gaitasuna erakutsi genuen; antolatzeko eta koordinatzeko gai izan ginen". Francesek txalotu egin du Copeleko presoen esperientzia, eta nabarmendu du lortu zutela trantsizioaren garaiko ardatzeko bat bilakatzea presoen auzia.

Gizonen espetxe barruko borroka islatzen du Copeli buruzko dokumentalak, baina aipamen berezia egin die lanak preso ziren emakumeei. "Matxistak ginen", onartu du Pontek. Orain, bereziki nabarmendu eta eskertu nahi izan du babes taldeetan aritu ziren emakume guztien lana. "Anitz egin zuten". Senideek osatutako babes taldeetan emakumeak izan ziren nagusi. Copeleko kideak laguntzen aritu ziren abokatuen artean ere anitz ziren emakumeak.

Espetxeetan gutxiago ziren. "300 inguru, 1970eko hamarkada hartan", azaldu du Pontek. "Madrilgo eta Bartzelonako espetxeetan ziren, eta Talavera de la Reinako zentro batean. Mojek zuten preso ziren emakumeen ardura; emakume pobreak ziren, ikasketarik gabeak, gehienak. Mojen zaintzapean, politizatzeko aukera gutxiago izan zuten", erran du Copeleko kideak.

Hala eta guztiz ere, antolatzeko eta protesta egiteko gai izan ziren preso ziren emakumeak ere. "Madrilgo espetxeko teilatura igo ziren, eta gose grebak ere egin zituzten. Kontua da emakumeen borroka ezkutuan gelditzen zela; are ikusezinagoa zen", gaineratu du Alcatrazek. Copeleko kideak nabarmendu nahi izan du preso anitzen ihesaldietan ere laguntzaile izan zirela emakumeak.

Gaur egun preso direnak laguntzeko eta babesteko sareetan ere emakumeak dira nagusi. Orain, halere, 1970eko hamarkadan baino zailagoa da Copelen gisako esperientzia bat martxan jartzea, preso sozialen eskubideen alde. Saiakerak badirela erran du Fernando Alcatrazek. "Dozenaka presok osatutako talde bat bada, gure bidetik aurrera egiteko urratsak egiten saiatzen ari dena". Ezkor agertu da, halere, valentziarra. Daniel Pontek ere beltz ikusten du egungo egoera. "Gure garaian baino okerrago daude espetxeak". Kartzelei so egiteko eskatu diote gizarteari.

Salaketa saritua

Salaketa saritua

Edurne Elizondo

Saria jaso du bere lanak; eta saria jaso du lan horien bidez egin nahi duen salaketak ere. Horixe nabarmendu du Tras Los Muros ekintzaile antiespezistak, Picture of The Year International nazioarteko sari ospetsua irabazi eta gero. 2014. urtean sinatu zuen Tras Los Murosek bertze animalien zapalkuntza eta erabilera agerian uzten zuen bere lehendabiziko argazki erreportajea: Iruñeko sanferminetan egin zuen. Orain, lau urte joan eta gero, Hiltegi izenburuko irudi sortaren bidez jaso du kazetaritza grafikoaren arloko sari garrantzitsuenetako bat. "Lana saritu dute, bai eta lan horrek egin nahi duen salaketa ere", berretsi du argazki kazetariak.

Animalien askapenaren aldeko ekintzailea da Tras Los Muros proiektua mamitu duen pertsona. Iruñeko sanferminetan ez ezik, Euskal Herriko bertze hamaika txokotan ere atera du kamera, bertze animalien zapalkuntza eta erabilera salatzeko. Picture Of The Year International sariak nabarmendu duen irudi sorta, berriz, Mexikon egin du Tras Los Murosek. Saritutako argazkiekin batera, Hiltegi izenburuko dokumentala ere osatu du ekintzaileak, bai eta hiltegien inguruko ikerketa lan zabala ere. 50 hiltegi ingurutan sartu da.

Hiltegietan egindako ikerketa horrek, hain zuzen ere, munduko edozein txokotan gertatzen den errealitate bat islatzen duela erran du, argi eta garbi, Tras Los Murosek: "Hainbat kontu zehatz bazter utzita, ikerketak erakusten du edozein hiltegitan gertatzen dena. Animaliak hiltzen dituzte espazio horietan. Denok dakigu hori, baina gizarte gisa ez dugu egin, oraindik ere, horri buruzko gogoeta sakon bat".

Gogoeta hori abiatzea da Tras Los Murosek egindako argazkien helburua, hain zuzen ere: "Heriotzaren fabrikak dira hiltegiak, eta fabrika horietan sartzeko atea ireki nahi dut, irudien bidez. Heriotzaren fabrika horiek zilegizko espaziotzat hartu ditugu, bai eta beharrezkotzat ere", erantsi du.

Berri gutxi, tarte txikia

Duela lau urte martxan jarri zenetik, behin baino gehiagotan erran du Tras Los Murosek kazetariek egin beharreko lana egiten dutela bera bezalako ekintzaileek; oro har, bertze animaliek sufritzen duten zapalkuntzak tokirik ez duela hedabideetan. Horregatik, hiltegien egunerokoa islatzen duen argazki sorta saritu izana "pizgarritzat" hartu du. "Etsigarria da, anitzetan, bertze animalien zapalkuntza hedabideetara ailegatzeko zenbat lan behar den konturatzea; ederki dakite esparru horretan lanean ari diren erakundeek".

Oraindik ere hedabideetara bertze animalien zapalkuntzari buruz ailegatzen diren berriak "gutxi" direla eta eskaintzen zaien tartea "txikia" dela erran du Tras Los Murosek. Onartu du, halere, azken lau urteotan berak egin duen lanak izan duela oihartzuna, bertzeak bertze, sare sozialetan, eta jende anitzek jo duela beregana ahalegina eskertzeko. "Sortu den eztabaida eta bertze animaliengan dagoen kezka, halere, ahalegin kolektibo baten emaitza da, argi eta garbi. Kezka hori, gainera, gero eta handiagoa da. Ezin dugu ahaztu milaka pertsona aritu direla eta ari direla, hamarkadaz hamarkada, animalien askapenaren alde lanean", nabarmendu nahi izan du.

Euskal Herrian ere, sortzen ari dira bertze animalien erabilera salatzeko taldeak. Nafarroan, bertzeak bertze, LiberAbere ari da. Tras Los Murosek, halaber, Donostiako Askekintza taldeko kideekin lan egin du, zenbaitetan. Talde horrek Gurean izenburuko dokumentala aurkeztuko du datorren astean, Euskal Herriko bestetan gertatzen den animalien zapalkuntza eta erabilera agerian uzteko; Iruñeko sanferminetan gertatzen dena ere bai. Dokumentalarekin batera, Tras Los Murosek egindako argazki sorta zabaldu du taldeak.

Lanean jarraituko du ekintzaileak. Kide batek animatu zuen Picture of The Year sarira aurkezten. Sariaren bultzada jaso du orain. Lanean, salatzen segitzeko.

Jasotako uzta zabaltzeko

Jasotako uzta zabaltzeko

Kattalin Barber

Iraultzak kalean jaio baina liburutegietan eraikitzen dira". Premisa hori hartu du abiapuntu Zuriñe de la Cuevak egiten ari den lana azaltzeko. Justo de la Cueva idazle, soziologo eta pentsalari marxistaren alaba, beste hainbat kiderekin batera, intelektualaren legatua ordenatzen eta sailkatzen ari da, gizartearen esku jartzeko asmoarekin. 10.000 liburu baino gehiago dituzte Euskal Herriari, frankismoari, marxismoari, antropologiari eta soziologiari buruz. Hirukoitza da egitasmoaren helburua: ordenatzea, sailkatzea eta funtsaren kultur-ondarea zabaltzea.

Joan den urteko apirilean zendu zen Justo de la Cueva idazlea. Jaiotzez madrildarra zen, baina aspaldi kokatu zen Nafarroan. Euskal Herriko auzi politikoei buruz hainbat publikazio argitaratu zituen pentsalariak; tartean, La escisión del PNV (1988), La negación radical vasca del capitalismo mundial (1994) eta Esos asesinos que impunemente matan cada día a miles de personas (1996) liburuak. "Gure helburua bere ondarea ordenatzea, sailkatzea, katalogatzea, digitalizatzea, hedatzea eta sozializatzea da", azaldu du De la Cuevak.

Politika eta gizarte zientzien inguruko milaka liburu dauzkate gordeta familiaren Etxarri Aranazko etxeko etxabean. "Bertan, teoria eta historia marxistak leku nabarmena du; halaber, frankismoari eta Euskal Herriaren hurbileko historiari buruzko lan kopuru itzela dago". Hain zuzen ere, 1980ko, 1990eko eta 2000ko hamarkadetako Euskal Herrian sortutako milaka dokumentu eta libururen isla da Justo de la Cuevaren artxibo gunea. "Liburuez gain, garai bateko kartelak, aldizkariak eskuorriak, bideoak eta beste ditugu. Oraindik badaude kutxak hainbat dokumentazioz beteak, katalogatzeko daudenak", esan du. Izan ere, 70 metro koadroko etxabea da, eta 50 dokumentazio kaxa eta 10.000 liburu daude.

Egoera ez dela batere ona badaki De la Cuevak, eta, horregatik, ahalik eta lasterren ordenatzea da helburua. Behin ordenatu eta katalogatu ondoren, pentsalariaren irizpideei jarraikiz, leku bat bilatuko diote legatu guztiari. Egun, artxibo gunea ez dago jendearentzat irekita, eta liburuak eman eta saltzea aurreikusten dute.

Lan guztia aurrera eramateko, Justo de la Cuevaren irizpideei jarraituko diete, hala idatzita utzi zuelako hil baino lehenago. Alabak azaldu duen moduan, bi urte beharko dituzte, "gutxi gorabehera", egitasmoa osatzeko. Hamalau pertsonako taldea osatu dute auzolanean liburu eta artxibo guztiak katalogatu eta digitalizatzeko. Hala ere, proiektuaren logistikarako finantzaketa behar dute, eta finantzaketa kolektibo bidez lortu nahi dute beharreko diru kopurua. Asteotan, gainera, aurkezpenak egiten ari dira Euskal Herrian, Bartzelonan eta Madrilen.

Katalogo birtuala

"Liburuak katalogatzeko merkatuan dauden erremintak oso garestiak dira, eta ez dira gure beharretara egokitzen; hori dela eta, artxibo modulu bat programatzen ari gara lana aurrera eramateko". Drupal software librea erabiliko dute, haiek berek sortuko duten artxibo moduluarekin batera. Gutxienez, 7.000 euroko finantzaketa lortu nahi dute, programazioa, ordenagailuak eta diseinua ordaintzeko. "Harrera ona du proiektuak; gertatzen zaiguna da gehienetan jende heldua dela interesa duena, eta ez dute oso ongi ulertzen nola funtzionatzen duen finantzaketa kolektiboak", azaldu du De la Cuevak.

Nolanahi ere, argi du lanean jarraituko dutela eta finantzaketa lortzeko bideak aurkituko dituztela. Halaber, gazteengana heltzea nahiko lukete: "Batzuetan zaila da memoriaren kontakizuna transmititzea, baina lan hau beharrezkoa dela uste dugu, jendearen esku jartzeko. Horixe da gure lehentasuna".

Marxistaren ondarea ikertzaileentzat edota interesa izan dezakeen edonorentzat jarri nahi dute eskura. Balio handiko liburutegi eta artxibo gunea dela dio De la Cuevak. "Justo komunista zen, eta materialismo historiko eta dialektikoaren erremintak erabiltzen zituen errealitatea ikertzeko. 1980tik 2000ra arteko Euskal Herriko klase borrokaren isla da artxibategia". Ezker abertzaleko militantea izan zen De la Cueva, eta liburu eta dokumentu asko utzi zituen idatzita. Horrez gain, Basque Red Net webgunearen sortzailea izan zen, eta ia hamar urtez astero idazten zuen bertan Euskal Herriko errealitate politikoari buruzko erradiografia bat. 2004. urtean itxi zuen Poliziak webgunea. Torturaren aurka egindako jardueretan ere ezaguna izan zen De la Cueva. "Gizartearentzat egindako lan guztia itzultzen saiatzen ari gara". Idatzitako eta pilatutako liburu guztiak gizartearen esku jartzeko asmoarekin.

Jaiotzak dolua dakarrenean

Jaiotzak dolua dakarrenean

Kattalin Barber

Haurdunaldiaren 31. astean erditu zen Raquel Besora. Adrian hilda jaio zen, eta Julen, berriz, bizirik. "Pozik nintzen Julen bizirik zegoelako, baina, era berean, hautsita, Adrian hilik zegoelako". 2011n galdu zuen Besorak Adrian. Harentzat, urte gogorrak izan dira azkenak. Duela hiru urte, haurdun gelditu zen berriro. Beldurrak hartu zuen, baina dena ongi atera da.

Marta Martinezek irailean jakin zuen ume bat galtzea zer den. Haurrak taupadarik ez zuela esan zioten 36. asteko ohiko ekografia egin ziotenean. "Aurreko egunetan mugimendu handia sentitu nuen sabelean. Diotenez, zilbor-hestea hiru buelta emanda zuen lepoan, eta ito egin zen".

Besoraren eta Martinezen kasuak ez dira bakarrak. Nafarroan, bizpahiru ume hiltzen dira hilean, erditzean edo handik egun gutxira. Beste hainbat amarekin batera, Besorak eta Martinezek babes talde bat sortu dute orain, erditzerakoan edo jaio ondoren umea galdu duten gurasoei eta familiei laguntzeko. "Antzeko egoerak bizi izan dituzten familientzako espazioa da gurea. Haurra galdu dute, eta konfiantzazko toki bat eskaini nahi diegu, sentitzen dutena esateko, entzuteko, partekatzeko...", esan du Besorak. Dolua egitea oso "mingarria" dela jakinarazi dute, baina dolu hori eginda bakarrik egin dezaketela aurrera. El hueco de mi vientre sarearen bidez jarri dute martxan ekinaldia, Iruñean.

Joan den larunbatean egin zuten aurkezpena, eta pozik daude, guraso eta familia askok interesa agertu zutelako. "Gehienek esan digute beharrezkoa zela, horrelako zerbaiten beharra zutela", azaldu du Martinezek. Orain arte Iruñean ez zegoen horrelako laguntza eskaintzen zuen talderik. Asmoa da bilerak hilabetean behin egitea. Hurrengoa, hain zuzen ere, martxoaren 13an izanen da, 19:00etan.

Iruñeko taldeko bultzatzaileek esan dute dolu mota hori ez dagoela batere onartua gizartean. "Askotan esan digute lasai egoteko, gazteak garela, edo beste seme-alaba bat izanen dugula aurrerago. Baina guk hil berri den seme-alabaz hitz egin nahi dugu, eta askotan ez dugu espazio hori aurkitzen gizartean". Ez bakarrik gizartean. Haurra hilik jaiotzen baldin bada, ezin da familia liburuan erregistratu. "Ez da existitzen". Besorak eta Martinezek salatu dute gizartean eta erakundeetan, egoera hori arlo guztietan ukatzen dela. "Galera horrek ez du izenik. Nola esaten zaio ume bat galtzeari?".

Emakumeek lagun eta ezagunen bitartez egin dute bat. Laguntza eske, babes eske. Horrela osatu dute taldea, eta erabaki dute laguntza zabaltzea eta horrelako esperientziak izan dituztenekin partekatzea, guztien artean laguntza sare bat osatzeko asmoz. "Sentitzen duzuna esateko leku bat, bakarra ez zarela ikusteko leku bat, orainari aurre egiteko leku bat, bizitzari eusteko leku bat", esan du Martinezek. Izan ere, haurdunaldian hildako umeen gaia beti izan da "tabu antzekoa" gizartean, "isildu beharrekoa". Taldeek ez dute sendatzen, baina lasaitu eta mina arintzen laguntzen dute. Horixe baita helburua.

Duela gutxi gertatu zitzaion Martinezi. Erabaki asko hartu behar izan zituen umea galdu zuenean. Hilik jaiotako umearen aurpegia ikusi nahi ote zuen, besarkatu edota kulunkatuko ote zuen, adibidez. Hasieran ez zuen nahi. "Bakarrik gorrotoa nuen, haserre nengoen". Iritzia aldatu zuen, ordea, eta semea besotan hartu zuen. Zinez eskertuta dago, eta orain onartzen du esperientzia baliagarria izan zitzaiola dolua gaindituz joateko. "Nire semeari agur esan diot".

Era berean, semea galdu zuenean ospitalean jaso zuen tratu beroaren garrantzia nabarmendu du Martinezek; Besorak, berriz, "gaiaz lasaitasun osoz hitz egitea" gomendatzen du, "psikologikoki mesede handia" egiten duelakoan. Hala egiten dute etxean, eta natural tratatzen dute heriotza. "Julenek badaki bikia zela, eta noizbehinka erritual txikiak egiten ditugu", esan du. Oroitzapenez hitz egin du. Izan ere, ez du hilik jaiotako umearen oroigarririk, baina doluetan oroitzapenak zeharo garrantzitsuak dira. "Bizitza eman nahi duzu, eta bat-batean, heriotza da zuregandik ateratzen dena. Inor ez dago horretarako prestatuta, inork ez luke egon behar".

Profesionalak trebatu

Heriotza perinatal baten ondoren, berebiziko garrantzia du osasun langileek gurasoei ematen dieten arretak. Horregatik, gertatutakoa kontuan hartu behar dute, eta leuntasunez tratatu, gurasoen dolua ahalik eta osasuntsuena izan dadin, dolu konplexua garatu ez dadin eta arreta ahalik eta zuzenena izan dadin. Hori adierazi du Patricia Roncallo psikologoak; babes taldean egonen da laguntzen. "Amek sentimendu asko dituzte momentu horretan, oso une gogorrak dira, eta aukerak eskaini behar zaizkie, bai eta denbora eman ere, zer egin erabakitzeko, lasaitasunez".

Besorak, adibidez, ez zuen semea agurtzeko denborarik izan. "Azkar eraman zuten, eta senarra eta biok ez genuen aukerarik izan besarkada bat emateko". Oraindik ez du ulertzen zergatik ez zioten harekin egoten utzi, eta gogoan ditu ospitalean saihets zitezkeen hainbat gauza. Pozik da, halere, badakielako gaur egun tratua asko aldatu dela. Gainera, jakinarazi du Nafarroako Ospitale Gunean protokoloa lantzen ari direla, jaioberria galdu duten familiak hobeki artatu ahal izateko.

Seme-alabak jaio aurretik, erditzean edo epe laburrean galdu dituzten familiei babesa ematen ariko dira Besora eta Martinez; babesa jasotzen ere bai. Harrigarria dirudien arren, momenturik latzenetan ere ikasi egin du Martinezek: argia dagoela bidearen amaieran. "Prozesu bat da hau; ekaitz baten erdian nago orain, baina badakit hemendik aterako naizela". Ez dagoelako bakarrik. Ez duelako bidea bakarrik egin behar izanen.