gaiak

Muskilda herriarena dela berretsi dute

Muskilda herriarena dela berretsi dute

Edurne Elizondo

Muskildako baseliza, herritarrena: horixe aldarrikatu zuen Otsagabiko Udalak, 2012. urtean, auzitara jotzea erabaki zuenean, eta horixe bera aldarrikatu du orain berriz ere, auzia epaitegi batera itzuli denean.

Iruñeko Artzapezpikutzak bere izenean erregistratu zituen Muskildako baseliza, ondoko etxea eta inguruko lurrak 1999. urtean. Erabaki horren kontra egin zuen udalak 2012an, eta, epaiketa egin eta gero, arrazoia eman zion Agoizko epaitegiak, 2017. urtean.

Elizak, baina, ebazpenaren aurkako helegitea aurkeztea erabaki zuen azkenean, eta, ondorioz, egunotan Nafarroako Probintzia Auzitegian ari dira auzia aztertzen, berriz ere. Bi aldeetako abokatuek azken ondorioak aurkeztu eta gero, hain zuzen ere, sententziaren zain geldituko da epaiketa, datorren astean.

XII. mendekoa da Muskildako baseliza. Otsagabiko herritarrentzat toki hagitz preziatua da, zalantzarik gabe. Haiena da eraikina, baina Itzaltzutik eta Ezkarozetik ere joaten dira haraino erromerian. Irailaren 8an ospatzen dute Muskildaren eguna. Baselizaren barruan, hain zuzen, semea besoetan duen Ama Birjinaren tailla gotiko bat dago.

Iruñeko Artzapezpikutzak Espainiako Gobernuak Hipoteka Legean egindako aldaketa bat baliatu zuen ondarea bere izenean jartzeko, 1999an. Zehazki, 1946. urteko legea moldatu zuen PPko Jose Maria Aznarren gobernuak, 1998an. 1946. urteko lege horri esker, hamaika toki immatrikulatu zituen Elizak, eta 1998an moldatu eta gero, gurtzarako lekuak ere bere izenean jartzen hasi zen.

Otsagabian, 2007. urtean jakin zuten Elizak beretzat hartu zuela Muskildako baseliza, prentsan agertu zelako horren berri. Zehazki, Ondarearen Defentsarako Plataformak egindako lanari esker hasi ziren herritarrak errealitateaz jabetzen. Artzapezpikutzako arduradunekin hainbat bilera egin zuten herriko agintariek, konponbide bat negoziatzeko asmoz, baina ez zuten lortu. Ondorioz, auzitara jotzea erabaki zuten, baseliza, ondoko etxea eta inguruko lurrak berreskuratzeko.

Otsagabiko Udalak zehazki 2012. urtean jo zuen auzitara, baina 2014. urteko irailera arte ez zuten epaiketa egin, Agoizko auzitegian. Otsagabiko herritarren abokatu Ana Clara Villanuevak Roldan Jimeno historialariak egindako txostena baliatu zuen epaiketa hartan, bertzeak bertze. Egunotan Nafarroako Probintzia Auzitegian egiten ari diren epaiketan ere parte hartu du Jimenok, eta aurretik errandakoa berretsi du historialariak epailearen aurrean: Muskilda herriarena dela, alegia.

Jimenok baselizari buruz egindako txostenak eraikinaren inguruko agiriak ditu oinarri: "Botere laikotik eta Elizatik baselizara egindako bisiten inguruko agirietan, Muskilda herriarena dela zehazten da; XIX. mendean, halaber, Muskilda mendia eta hango baseliza Otsagabiarenak direla jaso zuten", nabarmendu du Jimenoren lanak, bertzeak bertze.

Muskilda XII. mendekoa da, baina XVII. mendekoak dira baselizan egindako moldaketa nagusiak. Orduan ere, baseliza bereganatu nahi izan zuen Elizak, baina ez zuen lortu: herritarrek erretaulan, ateetan eta abarretan zehaztu zuten lanak Otsagabiak egin zituela. Herriak, alegia.

"Behar dena"

Gerta daiteke oraingo epaiketako sententzia Muskildako baselizari buruzko azkena ez izatea, helegitea aurkezteko aukera izanen baita, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian. Otsagabiko alkate Carmen Rekaldek argi utzi du, hain zuzen ere, herritarrak "behar dena egiteko prest" direla Muskilda beraiena dela argi gera dadin.

Kontrakoa da Iruñeko Artzapezpikutzaren tesia. Elizaren abokatuak epaiketan defendatu du baseliza eraiki eta hornitu izanak berez dakarrela "jabetzaren transferentzia": hau da, jabetza Elizaren esku utzi gabe ez dagoela tokia sagaratzerik.

Bi aldeetako abokatuek beren azken ondorioak aurkeztuko dituzte datorren astean, eta, ondorioz, sententziaren zain geldituko da epaiketa.

Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak arreta handiz erreparatu dio Muskildari buruzko prozesu guztiari. Elkarteko kideek argi dute, halere, Elizak bere izenean erregistratutako eraikinen aferak "konponbide orokor bat" behar duela.

Ez dira gutxi Elizak bere izenean jarritako etxeak, hain zuzen ere: 5.000 immatrikulazio baino gehiago egin ditu herrialdean, Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak abenduan emandako datuen arabera. Espainiako Estatuan 100.000 izan daitezkeela nabarmendu du elkarte horrek.

Otsailean, oraingo Nafarroako Gobernuko agintariekin lehen bilera egin zuten plataformako ordezkariek, eta Maria Txibite presidenteari eskatu zioten "arazoari eusteko". Txibitek erantzun zuen gobernuak "interesa" baduela Elizak egindako immatrikulazioen auzia jorratzeko. Plataformak, bertzeak bertze, immatrikulazioen inguruko datuak lortzen jarraitzeko laguntza eskatu dio gobernuari.

Umoreak lotutako istorioak

Umoreak lotutako istorioak

Edurne Elizondo

Historia maite dutelako egin dute bat Cesar Oroz marrazkilariak eta Mikel Zuza idazleak. Historia maite dutelako, eta iraganeko pasadizoak egungoekin lotzeko trebezia erakutsi dutelako, gainera, beren lanen bitartez. Umorearen bidez uztartu dituzte aspaldikoak eta oraingoak, zehazki: Orozek irudiak baliatu ditu, eta, Zuzak, berriz, hitzak. Elkarrekin aritu dira Civicaneko liburutegian egindako saioan: Nafarroako historiaz eta haiek sortutako istorioez.

"Azkenean eginen dugu zerbait elkarrekin", erran du Mikel Zuzak. Bakoitzak bere aldetik heldu dio, orain arte, historiari, baina hainbat aldiz agertu dira elkarrekin jendaurrean, eta Zuzak argi du gero eta gertuago dela bere hitzak Orozen marrazkiekin lotzeko eguna.

Iruñeko saioan, azken bi urteotan Interneten egindako lanari segida eman dio Zuzak. Cronicas irreales del Reyno de Navarra (Ttarttalo, 2008) izenburuko liburuan jaso zituen benetako datu eta gertaerak abiapuntu hartuta idatzitako bere lehendabiziko istorio asmatuak, baina orri horietakoak baino gehiago jarri ditu sarean, jada, izen bereko blogean.

Jarduera horren bidez, nagusiki Nafarroako historiaren inguruko jakin-mina piztu nahi die Zuzak irakurleei. "Herritar gehienek ezer gutxi dakite Nafarroako historiari buruz, ez dietelako horren berri eman, batez ere". Historiari buruzko liburu zorrotz eta zehatzen egile da Zuza, eta, historialari gisa, hain zuzen, herritarren ezagutzarik ezak "penatzen" duela nabarmendu du. Idazle gisa, berriz, eskertu du historia horren berri bere istorioen bidez emateko duen aukera.

Orozekin egindako saioan Karlos II.aren ibilbidea nabarmendu nahi izan du Zuzak, bertzeak bertze. Kontuen Ganbera sortu zuen, adibidez. Erakunde horretarako egindako lan batean, Orozek ere bere zinten protagonista bilakatu zuen Karlos II.a, hain zuzen ere. "Karlos II.ari Gaiztoa erraten zioten; frantziarrentzat izan zen, baina Nafarroan, oraindik ere, horrela deitzen jarraitzeak ez du inolako zentzurik!", erran du Zuzak. Frantziako tronua berreskuratzeko egindako gerretarako erabili zuen nafarren dirua. "Lortu zuen, halere, Nafarroa Europako historian agertzea", erantsi du idazleak.

Katalina eta bertze

Bere ipuinaren bidez, Karlos II.aren borrokarako joera kirolerako zaletasun bilakatu du Zuzak, hain zuzen ere. "Etxean 1974ko Montrealgo Jokoetako poltsa bat genuen; poltsa harekin oroitu, eta bururatu zitzaidan Karlos II.ak antolatu ahal izan zituela lehendabiziko Olinpiar Jokoak, Elon [gaztelaniaz, Monreal]. Intelektual handia izan zen Karlos II.a, gainera, eta hark egin zuen Nafarroako lehendabiziko unibertsitatea sortzeko urratsa, Uxuen".

Benedikto XIII.a Papa Luna ezizenaz ezagututakoa ere eraman du Mikel Zuzak bere ipuinetako orrietara, bai eta Nafarroako Katalina erregina ere. Iruñeko saioan aurkeztutako azken ipuinak, gainera, animalien erabileraren auzia jorratu du, eta istorio horretan Unanuko Alodia bilakatu du idazleak liburuak egiteko baliatzen zituzten txahalen defendatzaile.

Historia zorroztasunez kontatu nahi duten liburuak idazteko egiten duen dokumentazio lana baliatzen du Zuzak bere istorioak osatzeko ere. Artxiboetan aurkitzen duen edozein pasadizo, agiri batean agertzen den edozein bitxikeria edo hainbat mende duen artelan baten atzean dagoen istorioa bihurtzen ditu ipuin baten abiapuntu. "XIII-XV. mendeen inguruko dokumentazio anitz dago; IX eta X. mendeen inguruan, berriz, ezer gutxi dakigu. Dakigun apur hori oinarri hartuta, ez dakidan hori imajinatu egiten dut nire ipuinen bidez", azaldu du idazleak.

Cesar Oroz marrazkilariak ere irudimena du lantresna nagusi; historiari egin nahi izan dio so bere hainbat libururen bidez, eta irudia baliatu du iragana eta oraina lotzeko. Orozek, zehazki, mundu zabalean ezagunak diren lau obra hartu ditu bere marrazkiak osatzeko abiapuntu: Codex Calixtinus (Kalistoren kodexa), Shakespeareren Love's Labour's Lost, Daniel Defoeren The life and strange surprising adventures of Robinson Crusoe, eta Dante Alighieriren Divina Commedia. Lau horiek arrazoi batengatik hautatu ditu Orozek: laurek dutelako Nafarroarekin loturaren bat.

Erromesen lehen gidatzat jotzen dute Codex Calixtinus, eta Nafarroako bideari buruz egiten duen deskribapena bere marrazkiekin eman du irudigileak. "Nafarrei buruz lapurrak, gaiztoak, mozkorrak eta bertze zirela erran zuen egileak". Shakespeareren obran kontrakoa da nafarren inguruko ikuspuntua, ordea: "Obra horretan agertzen den esaldi bat jorratu dut nik, batez ere, lan horretan aipatzen baita Nafarroak mundua txundituko zuela".

Dante Alighieriren obran, bertzalde, infernua, zerua eta linboa ageri dira: "Infernuan, hain justu, nafar bat dago. Ustelkeriagatik bidali dute infernura", Orozek nabarmendu duenez. "Hainbertze mende pasatu eta gero, orduko kontuekin bueltaka jarraitzen dugu!". Dafoek Crusoeri buruz idatzitako testuan, azkenik, Nafarroako ohiko elementu bat agertzen da: "Nafarroatik gurutzatu zituen Pirinioak, eta gure eguraldi txarrari egin behar izan zion aurre". Oroz eroso sentitzen da historia irudi bilakatzen; eguneroko prentsaren mugak gainditzeko aukera ematen dio lan horrek. Akaso, hurrengoan, Zuzarekin elkarlanean eginen du.

Segurtasuna nahi dutelako

Segurtasuna nahi dutelako

Edurne Elizondo

Beran egin zuten, duela astebete, eta Uharten eginen dute, bertze astebete barru: N-121-A errepideko trafikoa etengo dute, Nafarroako Gobernuari eskatzeko neurriak har ditzala; neurriak, zehazki, segurtasuna bermatzeko. Urtea hasi zenetik, lau pertsona hil dira Iruñea eta Irun lotzen dituen bide horretan; 2010etik 2019ra, 31 dira zendutakoak: epe berean Nafarroako errepideetan hildako guztien %9, alegia.

N-121-A errepideak ukitzen dituen herrietako agintariek argi dute arazo nagusia zein den: kamioiak, ibilgailu astunen kopuruak etengabe egin baitu gora 1997. urtean Belateko eta Almandozko tunelak zabaldu zituztenetik. Horregatik nahi dute hautetsiek kamioiek A-15 autobia erabil dezaten. Gaur egun, 11.000 ibilgailu inguru igarotzen dira egunean N-121-A errepidetik; horien laurdenak dira kamioiak. Nafarroako Gobernuak mahai gainean jarri ditu hainbat proposamen, baina, oraingoz, herritarrak ez dira kontent.

Joan den ostiralean Beran egindako protestak ederki islatu zuen zenbaterainokoa den N-121-A errepidearen erabiltzaileen haserrea eta amorrua: 1.500 pertsonak baino gehiagok egin zuten bat, 19:30ean, alkateek deitutako bide mozketan. Ordubetez hartu zuten errepidea, eta manifestazioa egin zuten Segurtasuna, gure lehentasuna lelopean. Baztan-Bidasoko eta inguruko bertze hainbat herritako jendea bildu zen. Denera, 29 udalerrik babestu zuten joan den asteko protesta, eta, gainera, Uhartekoan parte hartzera deitu dute.

Beran, denek zuten buruan bidea itxi zuten toki berean duela egun gutxi gertatutako istripua: 53 urteko Lesakako gizon bat zendu zen han, otsailaren 25ean, kamioi baten kontra jota. Urtarrilaren 11n gertatutako istripuak ere Bortziriak kolpatu zituen: Igantziko 19 urteko gazte bat eta Arantzan etxea zuen 21 urteko Donostiako bertze bat zendu ziren Olaguen, errepide berean. Eta Arantzakoa zen, halaber, otsailaren 6an N-121-A errepidean Irunen jazotako istripuaren ondorioz zendutako gizonezkoa.

2+1eko errepidea

"Segurtasunak kezkatzen nau; egunero egiten dut joan-etorria, eta ez da samurra; kamioi anitz dago, eta beldurra ematen du". Teresa Rojo lesakarrarenak dira hitzak. Iruñean egiten du lan, eta, ondorioz, egunean bitan egiten du errepidean gora eta behera. "Zenbatu izan ditut nirekin gurutzatu diren kamioiak, eta 150 baino gehiago ere izan dira". Kamioi horietako anitzek nazioarteko zama garraiatzen dute, eta horiek dira, nagusiki, udalek errepidetik atera nahi dituztenak.

Nafarroako Gobernuak, baina, ez du aukera hori ontzat eman oraingoz, eta N-121-A errepidea 2+1 bideko errepide bilakatzea lehenetsi du. Zehazki, bost zatiko proiektu bat egin du, eta lehendabizikoa uda baino lehen esleitu nahi du, Nafarroako Gobernuko Herri Lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusi Pedro Andres Lopezek iragarri duenez. Lopezen hitzetan, gobernuaren proiektuak zehaztu du bidean zortzi biribilgune egitea, eta horrek ekarriko du kamioilariek, berez, A-15aren aldeko hautua egitea.

Nafarroako Parlamentuak otsailaren 27an onartu zituen 2020rako aurrekontu nagusiak: milioi bat eurokoa da N-121-A errepidea 2+1eko bide bilakatzeko zehaztutako diru saila. Espainiako Sustapen Ministerioak, gainera, hamar milioi euroko diru laguntza onartu zuen obra hori egiteko, abenduan. Denera, 80 milioi euro da aurrekontua.

2+1eko konponbidearen alde egin du Nafarroako Gobernuak, baina Bortzirietako, Baztango, Malerrekako, Ultzamako, Uharteko eta protestekin bat egin duten gainerako herrietako alkateek ez dute uste neurri hori nahikoa denik. Berretsi dute "segurtasunaren alde ezinbertzekoa" dela salgaien nazioarteko garraioa N-121-A errepidetik ateratzea. "Badakigu neurri magikorik ez dela existitzen eta ziur aski bat baino gehiago jarri beharko direla martxan dugun gaitza hutsean uzteko, baina behin eta berriz erranen dugu premiazkoa dela nazioarteko zama garraioa desbideratzea", nabarmendu dute.

Berako bidea oztopatzean lelotzat hartutako esaldia hartu dute helburu nagusi: segurtasuna jo dute lehentasun, alegia. Horregatik, argi utzi dute ez dutela onartuko "interes ekonomikoak" jartzea inguruko bizilagunen segurtasunaren gainetik. Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek auzi horri buruz zer iritzi duen ere jakin nahi dute, eta bilera bat eskatu diote asteon, N-121-A errepideari buruz hitz egin ahal izateko.

ANET da Nafarroako garraio enpresen erakundea, eta elkarteko idazkari nagusi Ignacio Orradrek ez du ontzat jo kamioiak N-121-A errepidetik atera behar izatea. "Hori da kamioientzako bide naturala, eta horren alde egin nahi dugu". Gero eta gehiago dira N-121-A errepidea erabiltzen dutenak, eta horrek, trafikoa zaildu ez ezik, izan du bertze ondoriorik: hamaika gasolindegi ireki dituzte errepide horren bazterretan. Herritarrek eta alkateek argi dute: segurtasuna nahi dute. Hori dute lehentasun.

Presak berriz piztu du herritarren sumina

Presak berriz piztu du herritarren sumina

Uxue Rey Gorraiz

Urteak dira Esako urtegiaren auzia hasi zela, eta ez dirudi, oraindik behintzat, laster konpontzekoa denik. Beste behin, instituzioak, enpresak eta Esako ingurumarietako herritarrak ez datoz bat. Urtegiaren eskuin magalean pitzadura berriak agertu direla salatu dute hainbat plataformak berriki. Azpiegituraren egoerari buruzko azken azterketaren gainean Nafarroako Gobernuak egin duen interpretazioak, ordea, ez du adierazten egoera larritu denik. Dena dela, txostenean hainbat gomendio daude bilduta, segurtasuna ziurtatzeko neurriak areagotu daitezen. Kontraesan horietaz kexu dira herritarrak.

Abenduan aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuak urtegiaren egonkortasunari eta segurtasunari buruzko azken ebaluazioa jasotzen duen txostena. Geoconsult España enpresak egin du ikerketa, joan den legealdiko gobernuak eskatuta. Urtarrilean, Javier Remirez presidenteordeak argitara atera zituen ondorioak. Haren esanetan, txostenak adierazten du Esako urtegiaren eskuin magala "oreka hertsian" dagoela. Gaineratu zuen detektatutako lur mugimenduek ez dutela baldintzatuko urtegia handitzeko proiektua.

Lanekin jarraitzeko, hala ere, beharrezkotzat jo dituzte hainbat segurtasun neurri, eta hala igorri dizkio gobernuak Ebroko Ur Konfederazioari joan den astean Zaragozan egindako bileran. Zehazki, urtegiaren magalaren barrenaldeko drainatze sistema hobetzeko neurriak proposatu dira, baita gainaldea egonkortzeko eta lur-irristatzeak txikiagotzeko beste batzuk ere, batik bat. Konfederazioko arduradunek aditzera eman dute Nafarroako Gobernuaren aholkuak "ebaluatuko" dituztela, eta "arrazoizkotzat" jotzen dituzten neurri horiek ezarriko dituztela.

Ebroko Ur Konfederazioak, baina, kontra egin die herritarrek urtegian agertu diren azken pitzadurei buruz egindako adierazpenei. Konfederazioak esan du aurkitutako pitzadurak "azaleko ezegonkortasun lokal batzuei" dagozkiela "soilik", eta are gehiago, arduradunek adierazi dute ez direla berriak. Pitzadura horiek duela lauzpabost urte agertu zirela diote, 2015tik jakinaren gainean daudela, eta tentuz erreparatu dietela. Lanen aurkako plataformek irmoki ukatu dute hori hala denik.

Gerta daitekeena buruan

Herritarrak eta aspaldi Esako urtegiaren handitze lanen aurka borrokan ari diren hainbat plataforma bereziki sumindu ditu Konfederazioaren eta gobernuaren beraren jarrerak. Urtegiaren egoera "makillatzen" saiatu izana leporatu diete. "Egoera larri honen berri emateko darabilten normaltasun tonuak agerian uzten du, beste behin, haien arduragabekeria", salatu dute Esa gehiago ez, lanak gelditu plataformakoek.

Are gehiago, esan dute pitzadurak ez direla arazoaren muina, "ezegonkortasunaren sintoma" baizik. Azaldu dutenaren arabera, 2013ko euri jasa handiez geroztik ez da hain sakontasun handiko pitzadurarik aurkitu azpiegituran. Gogora ekarri dute orduan 103 etxebizitza desjabetu egin behar izan zituztela egoerak eragin zuen arriskua zela eta.

Urtegia handitzeko proiektua "hondamendia" dela defendatzen segitzen dute bizilagunek. Urteetan, manifestazioak eta protestak ugari izan dira, baina ez dute jarrera aldaketarik antzeman auziaren inguruan. Erabaki guztien atzean "interes politikoak" daudela argudiatu dute hainbatetan, eta "ez entzunarena" egin dietela, "ingurumenarentzat eta bizilagunentzat izan ditzakeen arriskuak aintzat hartu gabe". Handitze lanak amaitzera iritsiko balira, mila milioi tonako ur edukiera izanen luke Esako urtegiak.

Herritarrek beren kezka azaldu dute larrialdi egoera batean zer gerta litekeen imajinatuta. Izan ere, gaur egun, oraindik ere, oso argibide gutxi jaso dituzte urtegitik ura aterako balitz egin behar luketenari buruz. Esan dietenaren arabera, alarma seinale bat adituko litzateke, eta 30 minutu inguru izango lituzkete alde egiteko. Ez dakite nola.

Urtarrilaren 4an egin zuten protesta azkenekoz bizilagunek, urtegiaren segurtasunaren gaineko azken azterketaren emaitzak ezagutu ondotik. Ehunka lagun bildu ziren Zangozan, aldarrikapen bera ahotan: segurtasuna, gardentasuna eta ardura eskatu zituzten, eta lanak gelditzeko, enegarrenez.

Jarrera aldatu dezala galdegin diote Ebroko Ur Konfederazioari, eta Teresa Ribera Espainiako Trantsizio Energetikoko ministroari ailegarazi diote eskaera, berak baitu konfederazioaren gaineko kontrolaren eskumena. Haren ministerioak "uraren kultura berriarekin" duen konpromisoa erakuts dezan eskatu diote, eta beste bide batzuk proposa ditzala egoerari aurre egiteko.

Azpiegitura handitzeko lanak geldiarazteko eskatzen jarraituko dutela defendatu dute plataformek, eta gaineratu dute Madrilera ere joko dutela, beharrezkoa bada.

Ez litzateke lehendabiziko aldia, hain zuzen ere. 2016. urtean, Espainiako Diputatuen Kongresuaren aurrean elkarretaratze bat egin zuten urtegia handitzeko lanen aurkakoek. Orain, eman beharreko hurrengo pauspoak zein diren definitzeko lanean ari dira, eta data bat dute aurreikusita: Esako urtegia helmuga izanen duen martxa bat antolatzen ari dira datorren apirilaren 19rako.

Epaiaren zain, erantzun bila

Epaiaren zain, erantzun bila

Joxerra Senar

Gaur amaituko da Osasuna auziko epaiketa nagusia. Mailu kolpeen ostean, epaiaren zain geratuko dira 11 auzipetuak. Hilabete eta erdi honetan, mahai gainean jarri dira bost urtean bildutako frogak eta akusazioaren eta defentsen estrategiak. Epaimahaiaren esku geratuko da, halaber, mahaigaineratutako galdera nagusiei erantzuna ematea. Irabazteagatik pizgarri gisa dirua ematea legez kanpokoa al da? Osasunako zuzendaritzak dirua partidak erosteko erabili al zuen? Eta hala ez bada, zertan erabili zen dirua?

Ezinbestean, epaiketako protagonista nagusietakoa Angel Bizkai izan da, 24 urtez Osasunako kudeatzaile izan zena. Espainiako Futbol Liga Profesionalak (LFP) behartuta, Bizkaik 2015eko otsailean aitortu zuen Miguel Artxankoren agintaldiko bi denboraldietan (2012-2013 eta 2013-2014) sei partida erosi zirela. Aitorpen haren haritik tiraka egituratu dute akusazioa fiskaltzak eta bi akusazio partikularrek (LFPk eta Osasunak). Bizkaik aitorpen hura zergatik egin zuen susmo ugari piztu baditu ere, kudeatzaile izandakoak epaiketa hasieran ukatu egin zuen inongo presio edo mehatxu larririk jaso izana. "Osasunagatik" egin zuela aipatu zuen. Hitz egiteko borondate hori azkenean ez bide zaio hain garesti aterako: epaiketaren hasieran, fiskalak hamalau urte eta lau hilabeteko espetxe zigorra eskatzen zuen, baina amaieran, jarrera on horregatik, bost urte eta 11 hilabetera jaitsi zion.

Javier Tebas LFPko presidentea da auziko beste protagonistetako bat. Urtarrilaren 30ean deklaratu zuen epaitegian, eta, azaldu zuenez, 2013-2014 denboraldi amaierako zurrumurruen ondorioz, Osasunaren atzetik zebiltzan. Valladolideko presidenteak ohartarazi zion Sisik —une hartan Osasunan, baina hainbat denboralditan Valladoliden jokatutakoa— informazioa pasatu ziela. Detektibeak jarri zituzten zuzendaritzako kideen atzetik, baina pertsonaz erratu ostean, Bizkai izan zuten jomugan, kontuetan irregulartasunak atzeman ostean. Behin auzi judiziala irekita, Sisi izan zuen Tebasek beste jomuga. Egun Japoniako talde batean ari da jokalari gorritxo ohia, eta epaiketan jakinarazi zuen Fermin Otamendi instrukzio epaileak eta Tebasek eskaintza egin ziotela zekiena azal zezan. Sisik esan zuen ez zekiela ezer. Asteon, fiskalak, "gezurrezko lekukotza" ematea leporatu dio Sisiri.

Jokalariaren salaketa larria da, Otamendi epailea kinka larrian utz dezakeelako. Horrek guztiak agerian uzten du zer zailtasun izan dituzten ikerketaren arduradunek egia jakiteko eta, batik bat, frogatzeko. Izan ere, Bizkairen aitorpenaz harago, epaiketari begira bildutako frogek —batik bat Betiseko jokalarien sakelakoen gaineko entzuketek eta kokaguneak— agerian uzten dute Artxankoren zuzendaritzak dirua ordaindu ziela Sevillako talde horretako jokalariei. Auzia da zenbat eta zertarako.

Bizkaik aipatu zuen Osasunak 650.000 euro ordaindu zizkiola Betisi, 2013-2014 denboraldiko azken-aurreko partidan Valladolidi irabaz ziezaion, eta azken partidan Osasunaren aurka gal zezan. Alta, mahai gainean dauden frogen jakitun, auzipetuen defentsek onartu dute 400.000 euro eman zirela, soilik Valladolidi irabaz ziezaion. Aitorpen horren ondorioz, epaimahaiak lehenik eta behin argitu beharko du ea garaipena sustatzeko diru sariak legez kanpokoak ote diren edo ez. Defentsak ahalegindu dira erakusten, halaber, Betisek ez zuela nahita galdu Osasunaren aurkako azken partidan, hori baita akusaziorik larriena —kirol ustelkeria—.

Diruaren mugimenduak

Horretan datza auziaren mamia, Artxankoren agintaldian 2,3 milioi eurotik gora atera zirelako kontuetatik: 900.000 lehen denboraldian eta 1,4 milioi bigarren denboraldian. Bizkairen arabera, diru mugimenduok sei partida erosteko baliatu ziren, eta, ikerlarien arabera, diru mugimenduok bat datoz Bizkaik aitortutako partiden datekin. Haatik, zantzu hori nahikoa al da Osasuna auziko akusazioa frogatzeko?

Erantzunaren zain, gerta liteke auziak hutsune handi bat uztea. Izan ere, partiden erosketa zehatz-mehatz frogatzerik ez badago, orduan non daude desagertutako ia 2,4 milioi euroak? Akusazioek diruaz bidegabe jabetzea leporatu diete Artxankoren zuzendaritzako kideei, baina eurek ukatu egin dute irmo salaketa. Berriro ere froga argirik gabe, fiskaltzak eta LFPk euren eskaeretan alternatiba gisa proposatu dute zuzendaritzako kide ohiei administrazio bidegabearen akusazioa leporatzea: diruaren erabileraren helburua dena delakoa, administrazio desegokia egin zelakoan.

Bi denboraldi horietako diruaren joan-etorrietan beste hainbat delitu egin ziren. 2012-2013 denboraldiko kontuetan 900.000 euro atera zirela justifikatzeko, gezurrezko fakturak izenpetu ziren Cristina Valencia eta Albert Nolla higiezin arloko agenteekin. Ondorengo denboraldian, 1,4 milioi euro atera izana justifikatzeko, Flefield enpresarekin gezurrezko kontratuak eta fakturak izenpetu ziren. Hori guztia"kontuak manipulatzeko" egin zen, fiskalaren arabera.

Epaiketan, hainbat auzipetuk faltsutze horren errua elkarri bota diote. Halere, bi kontratuok Bizkairen ordenagailuan egin ziren. Hark adierazi zuen beste pertsona batzuek bazutela bere ordenagailuan sartzeko pasahitza. Fiskalak hari egotzi dio errua, baina "zuzendaritzaren aginduetara" zegoela zehaztu du. Epaimahaiak argitu beharko du batzuen eta besteen erantzukizuna.

Zientzia hobea behar baita

Zientzia hobea behar baita

Edurne Elizondo

Gizarte osoari egiten diolako mesede: horregatik aldarrikatu dute, Iruñeko Planetarioan egindako jardunaldian, emakumeek zientzian egon behar dutela. Erakunde horrek antolatu du saioa, Nafarroako Gobernuarekin batera. Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Berrikuntzako zuzendari nagusi Agurtzane Martinez izan da parte hartu duten hizlarietako bat, hain zuzen, eta nabarmendu du, 2018tik, Zientziaren eta Teknologiaren Foru Legeak ere behartzen dituela erakundeak emakumeak zientziaren bidean jartzeko estrategiak bultzatzera. Martinezek ez du zalantzarik: "Gizarteak ezin du emakumeen talentua bazter utzi".

Planetarioan bat egin duten gainerako hizlariek mezu bera nabarmendu dute: emakumerik gabe ez dela zientzia onik, alegia. Hankamotz gelditzen baita emakumeen ikuspuntuak kontuan hartzen ez dituen zientzia; bai eta emakumeentzat ari ez den zientzia ere.

Adibide bat aipatu du Gurutze Perezek, NUPeko Emakumea eta Zientzia Katedrako zuzendariak: " 1,75 garai diren eta 70 kilo pisatzen duten panpinekin egin izan dituzte autoetako segurtasun uhalak probatzeko saioak; ondorioz, istripuetan emakumeak larriago zauritzen ohi dira".

Emakume eta Neskato Zientzialarien Nazioarteko Eguna da otsailaren 11, 2015. urtetik. Aitzakia hori baliatu dute Iruñeko Planetarioko jardunaldia egiteko. Gisa horretako ekinaldiak eta arreta emakumeengan jartzeko egun bat behar direla uste dute parte hartu duten profesionalek. "Zoritxarrez, lan handia dugu egiteko, oraindik ere. Datuak etsigarriak dira".

Horixe erran du Agurtzane Martinezek. Eta mahai gainean jarri ditu datu horietako hainbat: neskatoen %7k baino ez dute uste zientzialari izan daitezkeela; Nafarroan, nesken %9-12 ari dira zientzia eta teknologia batxilergoan; Nafarroako Unibertsitate Publikoan, batez bertze, ikasleen %20 dira ingeniaritzetan ari diren emakumeak.

Azken datu hori zehaztu du Perezek: "Informatikan, %10 ere ez dira, eta antzekoa da egoera telekomunikazioetan eta mekanikan. Ingeniaritza biomedikoan, berriz, ikasleen %70 dira emakumeak. Joera aldatzen da zaintzarekin lotzen delako ingeniaritza hori".

Emakumeen parte hartze eskasa islatzen duten zenbaki hutsez harago doa egungo egoerak behar duen aldaketa; hori uste du ADItech fundazioko proiektuen kudeatzaile Maruxa Aranak. Irabazi asmorik gabeko erakunde pribatu bat da ADItech, eta NUPeko Arrosadiko campusean du egoitza. Aranak nabarmendu du Nazio Batuen Erakundea urratsak egiten ari dela zientzia giza eskubidetzat jotzeko bidean, eta artikuluetako batean jaso duela ezinbertzekoa dela emakumeak zientziara batzea, eta, aldi berean, zientzia emakumeentzat egitea. "Zientziak emakumeon berezitasunak kontuan hartu behar dituela erran du NBEk; hori gertatzen da zientziarentzat gizaki estandarra gizona delako, oraindik ere". Medikuntzaren arloan egoera hori agerian uzten duten adibide anitz badirela erantsi du Gurutze Perezek: "Ikerketa bat egin dute 700 gaixotasunaren inguruan, eta haietako 699tan emakumeek diagnostiko berantiarra jasotzen dute. Osteoporosiaren kasua da salbuespena".

Gazteenekin lanean

Karmele Gomezen lanaren helburua da emakumeek utz diezaiotela zientzian salbuespena izateari. Planetarioa du lantoki, baina ez da zientzialari. Horixe argitu nahi izan du, lehenik eta behin, eta kontatu du planetarioan hasi zenean "lotsatu" egiten zutela Publizitateko bere ikasketek.

Laster utzi zituen lotsa eta beldurrak bazter, eta zientziaz gozatzen hasi zen. "Ematen zuen letretakoa izanda ezin zitzaidala zientzia gustatu. Nerabeak garenean zer ikasi hautatu behar dugu, eta ematen du arlo bat aukeratzeak bertzea bazter uzten duela, halabeharrez. Baina ez da egia", nabarmendu du.

STEM Planeta izeneko programako koordinatzailea da Gomez planetarioan. Haur eta gaztetxoekin aritzen da, zientziarako zaletasuna pizteko asmoz. Saioan aritu diren gainerako profesionalek bezala, Gomezek ere argi du lan handia dagoela egiteko oraindik ere. "Antolatzen ditugun tailerretan izena ematen dutenen artean mutikoak dira nagusi".

Urratsez urrats egin behar da aurrera, Gomezen hitzetan. Gakoetako bat da, haren ustez, egungo haurrentzat erreferente izan daitezkeen emakume zientzialarien berri ematea. Horretan ari da Maria Beunza, hain zuzen. Enpresa ikasketak egin zituen, baina bertze bat du lan arloa: Innovactoras izeneko ekinaldiaren bultzatzaile da. Zientziaren esparruko emakumeen berri emateko bi liburu argitaratu dituzte jada, eta aurten sari bat emanen dute. Lana badela argi du Beunzak ere. Horregatik ari da; ari dira.

Etorkizuna erein nahi duten haziak

Etorkizuna erein nahi duten haziak

Uxue Rey Gorraiz

Mendiko botak oinetan eta aitzurra eskuan, ehunka lagun bildu ziren joan den larunbatean, Ezkaba mendian gora egin eta bertan ezkurrak ereiteko. Landaretza askorik gabeko guneak basoberritzeko deialdi bat egin zuen Basoberri elkarteak Iruñeko Udalaren laguntzaz. Hirurehun boluntario inguru aritu ziren lanean, eta hiru mila ezkur baino gehiago erein zituzten denen artean, gerora haritzak eta arteak haz daitezen.

Hala, Basoberri elkarteko kideek beren aletxoa jarri dute Nafarroan, Espainiako estatuan abian den egitasmoan; ezkurrak ereiteko La gran bellotada ibérica (Ezkurkada iberiar handia) izeneko erronkari heldu diote, hain zuzen. Anbizio handiko helburuak ezarri dira bertatik: epe luzera, estatuan 25 milioi ezkur ereitea dute xede. Oraingoz, hiru milioira iritsi dira. Presarik ez da oraindik hori erdiesteko, baina ari dira pixkanaka: Nafarroan, Faltzesen eta Orba ibarrean ere egin dituzte halako ateraldiak, Ezkabako ereinaldiaren aurretik.

Mikel Baztan Basoberri elkarteko kidea da, eta koordinazio lanetan aritzen da horrelako ekintzak antolatzeko: bai ezkurrak ereiteko, baita aurretik haziak biltzera joateko ere. Joan den larunbateko ekinaldiaren gisakoek helburu anitz dituzte, bere esanetan: "Gure ekosistemak berritzeko balio du, iraungo dutela ziurtatzeko".

Ezkurrak ereinda, hariztiak eta artadiak sortu nahi izan dituzte Ezkaban, horiek baitira, adituek diotenez, eremura hobekien moldatuko direnak. "Inguruan dagoen landaretza nolakoa zen aztertzen dugu lehenbizi, arrotzak diren espezieak ekartzeak ez lukeelako inolako zentzurik", azaldu du Mikel Baztanek.

Ezkurretik datozen espezieak "oso esker onekoak" direla aipatu du, gainera, ereindakoan ez baitute lan handirik behar. "Pazientzia eskatzen du, motel hazten baitira, baina merezi dute erabat", esan du.

Urteak beharko dira emaitzaz gozatu ahal izateko, baina harizti eta artadi mardulen gerizpeak izanen dira orduan nagusi orain soildurik dauden Ezkaba mendiko gune horietan. Hala ere, Basoberri elkarteak mehatxuei ere erreparatu die ereitea antolatzeko garaian. Izan ere, baliteke ekosistema horretan bizi diren animaliek jatea ezkur horiek, eta neurriak hartu dituzte bermatzeko hori gertatuta ere arbolak haziko direla: zulo bakoitzeko, hiru ezkur sartu dituzte.

Dena dela, Baztanek argitu du ekosistemak "arbolak baino askoz gehiago" direla, eta zuhaixken eta soroen garrantzia nabarmendu du. "Mosaikoak eratzen saiatzen gara, nolabait, denak direlako inportanteak. Laharrak ere landatzen ditugu, eta elorriak, orkideak…", gehitu du. Izan ere, bioaniztasuna bultzatzea eta babestea da Basoberri elkartearen helburuetako bat.

Hiru urte dira elkartea eratu zela. Ez zen ezerezetik sortu, ordea; izatez, Ezkaba mendian bertan egindako beste jarduera batetik jaio zen taldea ofizialki sortzeko erabakia. "Ezkurrak ereiteko deialdia egin genuen hartan ere, eta ehun bat lagun bildu ginen. Hain harrera ona zuela ikusita, proiektu gehiago aurrera eramateko aukera ona izan zitekeela pentsatu genuen". Garai hartan, Mikel Baztan Iruñeko Udalarentzat ari zen lanean. Taldea sortu denetik, hainbat eta hainbat ateraldi antolatu dituzte Nafarroan, eta sare sozialak baliatuta animatzen dute jendea parte hartzera. "Denbora honetan, elkartea osatu aurretik bakarka edo talde txikitan aritzen zen jende asko ezagutu dugu, eta bat egin dugu, helburu bera genuela ikusirik". Sare bat osatu dute, eta, jarduera bakoitzean parte hartzen dutenen kopurua oso finkoa ez bada ere, eragitea lortzen dute beren xumean.

Datorrenari aurrea

Tamalez, dagoeneko ez dago erlojuari aurrea hartu beharrik klima aldaketak zer eragin izango dituen jakiteko. Inguruko mendietan eta basoetan antzematen hasiak dira lehen ondorioak bederen; batez besteko tenperaturak gora egin izanak, oraindik gutxi izanagatik ere, zabaltzen laguntzen die landareen plaga eta gaixotasunei. Halaxe azaldu du Baztanek: "Pinu beldarrak, esaterako, edonon daude orain. Lehenago ez ziren eremu altuetara iristen". Horrelakoak, gainera, datorrenaren lehen zantzuak baino ez dira, haren ustean.

Ikerlariek argitaratutako aurreikuspenak "benetan beldurgarriak" direla dio, eta zeharo itxuralda daitezkeela Nafarroako basoak. "Kontuak hala jarraitzen badu, pagadiak desagertzeko zorian egon daitezke hemendik hogei edo hogeita hamar urtera, eta gauza bera gertatuko zaie hariztiei, edota mendi altuetako landaretza osoari ere".

Ondorio lazgarri horiek saihesteko lanean jardun beharra nabarmendu du Baztanek. Horretarako, nork bere eguneroko ohiturei erreparatu beharko die, baina Basoberri elkarteak antolatutako jarduerek ere ekarpen handia egiten dute helburu hori erdiesteko bidean. "Haziak ereinda, karbonoa xurgatuko duten landare gehiago edukitzea lortuko dugu". Berotegi efektua murriztuko da horrela, eta klima aldaketa geldiaraziko. Hori da, behintzat, helburu nagusia.

Lagun eta talde

Lagun eta talde

Edurne Elizondo

Etapa berri bat hasteak dakarren ilusioa eta urduritasuna; hurrengo urratsa egiteko gogoa; oholtzara igo eta dena emateko grina. Sentsazio horiek guztiak dira nagusi Skabidean taldeko kideengan egunotan: Izaera izeneko disko berria aurkeztuko dute hilaren 22an, Atarrabiako Totem aretoan. Musika egiten duen lagun talde bat dira, funtsean, berriz jotzen hasteko irrikan.

Skabidean berritu bat igoko da oholtza gainera 22tik aurrera, taldea desegiteko zorian egon eta gero, indarberrituta heldu baita. 2019. urtea funtsezkoa izan da taldeko musikarientzat. Skabidean & The Blackbirds izeneko proiektua sortu zuten kideek, izandako beheraldiari aurre egiteko, hiru emakume abeslari batuz taldera. Esperientzia ezin hobea izan da denentzat, eta kide berriak bere egin ditu Skabideanek, jatorrizko izenari eutsiz.

Skabidean, beraz, 11 kidek osatzen dute orain, eta iaz egindako lanak biziberrituta ekin diote oraingo etapa berriari. "2019. urtea zoragarria izan da. Berrogei kontzertu inguru egin ditugu, eta oso urte polita izan da. Txikitatik guretzat amets izandako oholtzetara igotzea lortu dugu, gainera", azaldu du Niko Leonardok.

Hatortxu Rock jaialdikoa izan da Skabideaneko kideek bereziki gozatu duten oholtza horietako bat. "15 urte genituenean, jaialdira entzule gisa joaten ginen, eta hor jotzeko aukera izatea izugarria izan da guretzat". Gasteizko Txosnetan eta Donostiako Piraten oholtzan ere izan dira, bai eta Valentzian ere, bertzeak bertze, Euskal Herritik kanpo. Atarrabiako Totem aretoan egindako kontzertua ere nabarmendu dute Skabideaneko kideek. "Jendeak pentsatzen du talde txikiok ezin dugula gisa horretako espazio bat hartu, baina guk egin genuen, eta oso ongi atera zitzaigun", erran du Leonardok. "Oso polita izan zen, ezberdina. Gustura aritu ginen denok", erantsi du Claudia Rodriguezek.

Rodriguez da taldera batu diren hiru emakume abeslarietako bat, hain zuzen ere. Osatuta zegoen talde batekin egin dute bat, baina bertze hainbat taldetan egin duten bidea lagungarri izan dutela nabarmendu du Rodriguezek. "Harrera ona egin digute. Oso pozik gaude". Antonio Iriarte taldekideak gaineratu du denen arteko "elkarlana" izan dela, hasieratik, kideen arteko batasunaren giltzarri.

Lan berria prestatzeko prozesuak ere eman die harremana estutzeko aukera. Kaki Arkarazoren estudioan grabatu dituzte diskoa osatzen duten hamahiru kantak. "Hamar egunez egon ginen haren baserrian bizitzen. Oso aberasgarria izan zen denontzat. Presiorik gabe lan egiteko aukera izan genuen, eta gure arteko harremana sendotu genuen; hori izan da garrantzitsuena", kontatu du Leonardok.

Hasierako oinarri bera

Claudia Rodriguezek ere kideen arteko harremana sendotu izana nabarmendu du, eta argi du horrek baduela isla oholtza gainean. Hilaren 22an eginen dute disko berria aurkezteko kontzertua, eta entzuleek orduan izanen dute iritzia emateko aukera. "Urduri eta gogoz" dira taldekideak, eta eskertu egin dute iruindarren artean sortutako jakin-mina. Izan ere, hasieran erabaki baino sarrera gehiago jarri dituzte salgai azkenean, jendearen harrera ona ikusita.

Izaera Skabidean taldearen hirugarren diskoa da. Etapa berriko lehena izateak ez du hutsean uzten aurretik egindako lana. Zazpi urteko bidea du taldeak atzean, eta geroztik egindako urrats guztiek lagundu dute oraingo Skabidean osatzen.

Urteotako garapenaren ondorio da oraingo taldea, baina oinarriari eutsi diote kideek, zalantzarik gabe: reggae, ska eta rocksteady estiloak lantzen dituzte. Kide berrien sarrerak eta proiektua berritzeko urratsak izan du eraginik, halere, eta Atarrabian aurkeztuko duten diskoa "askotarikoa" dela erantsi du Leonardok.

Bertze edozer gauzaren gainetik, baina, musika egiten duen lagun talde bat da Skabidean, eta horrek estiloa bezainbertze definitzen du taldearen izaera. "Benetako lagun talde bat da hau", berretsi du Rodriguezek.

Iruñeko Iturrama institutuan bat egin zutenean bilakatu ziren lagun Skabidean taldeko kideak. Orduko garaiak gogoratu, eta herriz herri egindako kontzertuetako pasadizoak ekarri dituzte gogora Leonardok eta Iriartek. "Behin, 03:00etan ari ginen jotzen Oronozen; gurasoak han ziren, gu etxera eramateko zain". Taldeko kideen gurasoek ere sortu dute sare moduko bat. Haien babesa badute musikariek, eta pozik dira haiek ere lagun talde bat osatu dutelako. "Taldearen erdia dira".

Otsailaren 22ko kontzertua egin eta gero, hilaren 29an Madrilen aurkeztuko du taldeak disko berria; martxoaren 7an, Gasteizen; 14an, Donostian; eta 21ean, Bilbon. Bihar, gainera, hitzaldia antolatu dute Katakraken, 17:30ean, autogestioaz eta elkartasunaz.

Mahai gainean da auzigaia

Mahai gainean da auzigaia

Edurne Elizondo

Antolatzaileak ere ezustean hartu ditu Iruñeko kaldereroen bestari buruz egindako mahai inguruak piztu duen jakin-minak. Herritarrek lepo bete dute Kondestablearen jauregiko bigarren solairuko bederatzigarren gela; jende gazteak egin du bat, batez ere, Ricardo Hernandez (Nafarroako ijitoen elkarteen Gaz Kalo Federazioa), Bea Villahizan (SOS Arrazakeria) eta Txekun Lopez Aberasturi (EH 11 Kolore) hizlariek errateko dutena entzutera. Saioaren izenburuak eman die edukiari buruzko lehen pista: Kaldereroak: Iruñeko blackface?

Beltzak irrigarri bilakatzea helburu duen jarduera bat da blackface izenekoa, Afrofeminas komunitateak afrofeminas.com bere webgunean jasotako informazioaren arabera. Ameriketako Estatu Batuetan du jatorria, XIX. mendean. Garai hartan, aktore zuriek aurpegia margotzen zuten antzezlanetan beltzak irudikatzeko, eta hortik dator izena. Iruñeko saioaren antolatzaileek mahai inguruari jarri dioten izenburuak, beraz, azaltzen du solasaldiaren asmoa, eta Hernandezek eman dio galderari lehen erantzuna: "Ijitook ez gara eroso sentitzen kaldereroen bestarekin. Zergatik ez dugu parte hartzen? Ez dugulako gure sentitzen".

Gaz Kaloko kideak onartu du "aspaldi" hasi zela gaiari buruz gogoeta egiten. Bertze ijitoekin hitz egin zuen, lehendabizi; gero, Villahizan, Lopez Aberasturi eta gizarte mugimenduetako bertze hainbat ekintzailerekin. Mahai inguruarekin, azkenean, Hernandezek bere kezkak zabaltzeko urratsa egin du. Batetik, bertze ijito anitzenak ere badirelako, eta, bertzetik, auziaren inguruan gogoeta egitera deitu nahi dituelako herritarrak. Iruñean ez ezik, Lizarran eta Beran ere egiten dute kaldereroen besta, bertzeak bertze.

Hernandezek gogoetarako asmoarekin lotu du besta hori bere testuinguruan jartzeko beharra, eta, testuinguru horretan, bi elementu nagusi nabarmendu ditu mahai inguruan: batetik, ijitoen historia, eta, bertzetik, ijitoen gaur egungo egoera. Bigarren elementu horri buruz, SOS Arrazakeriako Bea Villahizanek esaldi batean laburbildu du kontuan hartu beharreko gako nagusia, hain zuzen: "Gizarte arrazista batean bizi gara".

"Urtean egun batez ijitoen arropa janzten dute payo-ek, baina horren atzean zer dagoen ezagutu gabe". Eta herri bat dago atzean. Hori nabarmendu du Gaz Kalo federazioko kideak: ehunka urtez bazterketa sufritu duen herri bat da, gainera, ijitoena, eta hori ezin da ahaztu herri horren inguruan besta bat antolatzen denean. "Payo-ek ijitoarena egiten dute egun batean, eta gainerakoetan herri hori baztertu egiten dute", erran du Ricardo Hernandezek. "Kultura bat elementu gutxi batzuen bidez adierazten dugunean, gauza bilakatzen dugu", erantsi du Villahizanek.

Hamar milioi pertsona

Horregatik berretsi du Gaz Kaloko kideak ezagutzeko beharra: ijitoen historia eta egun bizi duten egoera ezagutzeko beharra, alegia. Hernandezek Villahizanen hitzak gogoratu ditu: "Arrazista da egungo gizartea, eta ijitoen aurkako jarrera ere badu".

"Ez gara gu eta bertzeak; denak gara gizartearen parte". Gaz Kaloko kideak duela urtebe erran zituen hitzok, Nafarroako Gobernuak Ijito Herriaren Garapenerako Estrategia aurkeztu zuenean. Ijitoek Indian dute jatorria, baina Greziara eta Turkiara ailegatu eta gero bilakatu ziren herri. "Europako gutxiengo etniko gutxituetan zaharrena eta ugariena da ijitoona; hamar milioi pertsona gara", azaldu du Hernandezek. Hamar milioi horietatik bi dira kalderash: ijito talderik handiena da, eta kaldereroen bestaren jatorrian dagoena.

Nafarroara XV. mendean ailegatu ziren ijitoak. Eta, hala eta guztiz ere, gizarteak bertzeen multzoan sartzen ditu oraindik ere, Hernandezek duela urtebete salatu zuenez. Muga hori ez da desagertu. Kaldereroen gisako bestetan gertatzen dena adibide bat bertzerik ez da. EH 11 Kolore elkarteko kide Txekun Lopez Aberasturik nabarmendu du bestaren funtzio nagusia dela "identitate kolektiboa eraikitzea". Hernandezek argi utzi du kaldereroen besta ez dutela propiotzat. "Helburu horretan huts egin du", azaldu du Lopez Aberasturik. Gogoeta eskatu du hark ere.

Gogoeta. Hitz hori aipatu du, behin eta berriz, Hernandezek. Argi utzi nahi izan du auzia mahai gainean jartzeko urratsa egin izanak ez duela erran nahi besta bertan behera utzi nahi dutela. Xedea da, nagusiki, ijitoek ere besta hori propio sentitzea. Bertzela ez baita besta. "Miamiko frontoietan toreroen irudiak agertzen dira pilotarien irudien ondoan; Euskal Herriaren inguruko besta egin, eta horrela irudikatu balute, zer sentituko zenukete?", galdetu du Hernandezek.

Gakoa zera da: bertze batek erabakitzen duela herri baten eta kultura baten irudia zein den eta nola azaltzen den. Eta, horrekin batera, erabakitzen duen horrek baztertu egiten dituela ordezkatu nahi dituen herria eta kultura.

Horri buruzko gogoeta bultzatu nahi du Gaz Kalok. Lehen iritziak saioan jaso dituzte elkarteko ijitoek: "Nik maite dut kaldereroen besta; maitasun osoz parte hartzen dut, eta ijitoak deitu nahi ditut bat egitera", erran du entzuleetako batek. Hernandezek erran du, baina, egungo ereduarekin ez direla eroso sentitzen, hasieratik. Iruña taldeko kideek ere parte hartzen dute bestan, eta haietako batek baiezkoa eman dio Hernandezen eskaerari. "Gogoeta eginen dugu". Hori nahi dute Gaz Kalo federazioko ijitoek.

Patinen gainean, aske

Patinen gainean, aske

Edurne Elizondo

Sortu zeneko mamiari eutsi dio roller derbyak, eta askatasun espazio bat izan nahi du kirol horrekin bat egiten duten guztientzat, oraindik ere; gizarteak arau bilakatutako ereduez harago, bazterrean gelditzen den errealitateari ere egin nahi dio so roller derbyak, kirolariak patinen gainean ahalduntzeko.

Ez da ohiko kirol bat, eta, kirolaz harago ere, badu zer erran. Herrialdean, Iruñeko Nafarriors taldea da roller derbyaren espirituaren ordezkari, eta bertze hamalau talderekin batera, Liga antolatu du aurten.

1930eko hamarkadan du jatorria roller derbyak, Ameriketako Estatu Batuetan. Emakumeak aritu dira, batez ere, hasieratik. 40 urtez arrakasta izan zuen, eta txapelketak oso sonatuak izan ziren; haatik, gainbehera izan zuen. Baina errautsetatik biziberritu, eta gora egin du berriz. Euskal Herrira ere ailegatu da, eta ari da bidea egiten.

Arauak argiak dira: irristaketa pista batean jokatzen dute hamar pertsonak; bostek talde bakoitzeko. Talde bereko lau lagun batera jartzen dira hesi bat eginez, kontrako taldeko puntu-egilea (jammer) ez pasatzeko; aldi berean, haien taldeko puntu-egileak aurrera egitea ahalbidetu behar dute. Horretarako, lasterketak, bultzadak, blokeoak eta estrategia dira beharrezkoak. Eta hori guztia gurpil gainean.

Ikusgarria eta erritmo biziko kirola da roller derbya, baina ez die jokalariei mugarik jartzen parte hartzeko. Izan ere, haren oinarri nagusietako bat da edozeinek egiten ahal duela bat kirol horrekin. "Arautik kanpo dauden gorputzez osatutako kirol bat da gurea; pertsona trans eta ez-binarioak aritzen dira, eta emakume edo bolleren gorputz argal edo gizenek ere badute tokia". Maia Ansa Diez de Urerenak dira hitzak. Duela urte eta erdi egin zuen bat Iruñeko Nafarriors taldearekin, eta ez du zalantzarik: "Proiektuak maila pertsonalean eta politikoan asetzen nau".

Autogestioaren alde

Aurten martxan jarri duten Roller Derby Ligan ari diren hamabost taldeetako bat da Nafarriors. ARDE izeneko elkartea sortu dute talde horietako jokalari batzuek, eta autogestioaren alde egin dute Liga antolatzeko. Nafarriors taldeko jokalariek urtarrilaren 25ean izan zuten lehen partida, Insubmises Roller Derby Reus taldearen aurka. Porrot batekin hasi dute sasoia, baina martxoaren 14an izanen dute errebantxarako lehen aukera, Bartzelona Roller Derby taldearen aurkako bigarren norgehiagokan.

Garaipena, halere, ez da Nafarriors taldeko kideen helburu nagusia. Patinen gaineko jokoaren bidez, "taldea indartu, ikasi eta gozatu" nahi dute, batez ere. Ikasteko prozesu horretan, roller derbyaren lehendabiziko urratsak gogoan izateko beharra nabarmendu dute jokalariek. "Roller derbya sortu zenean, emakumeak aritzen ziren, gainerako kirol espazioetan sartzea debekatzen zietelako. Beren lasterketa propioak antolatzen hasi ziren egoera horri aurre egiteko", azaldu du Ansa Diez de Urek. Kirol horren bidez, egunerokoak ezartzen zizkien mugak apurtzen zituzten emakumeok, eta patinen gainean korrika eginez azaleratzen zuten muga horiek eragiten zieten amorrua.

Pistan, nolabait, beren alter ego-a eratzen zuten emakumeek, gurpilen gainean. "Hortik dator roller derby taldeko jokalarion derby name edo ezinena", kontatu du Nafarriors taldeko kideak. Ansa Diez de Urek ere badu berea: patinak janzten dituenean, Gata Tangana bilakatzen da patinatzailea.

Karrikan aurkitutako kartel baten bidez izan zuen jokalariak Nafarriors taldearen berri. "Emakume ausartak behar zituztela jartzen zuen, eta berdin zuela patinatzen jakin edo ez". Ansa Diez de Urek bitan baino ez zituen patinak jantzi, taldearekin bat egin aurretik. "Roller derbyaz deus ere ez nekien. Baina harrera beroa egin zidaten, hasieratik".

Talde izaera horrek duen garrantzia berretsi du Nafarriorseko kideak, eta, horrekin batera, zaintzak taldean duen balioa. "Jokalari berri bat sartzen denean, beteranoetako batek babespean hartzen du, nolabait, prozesuan laguntzeko".

Ezaugarri horiek berezi bilakatzen dute taldea, eta ekartzen dute kideen konpromiso handia. "Taldeko kide izan direnek eta orain garenok lortu dugu dugun guztia; inork ez digu deus oparitu. Horrek eman digu egun dugun indarra eta babesa", nabarmendu du Ansa Diez de Urek.

Gorabeheraz betetako bidea izan da azken bost urteotakoa, baina oinarri sendoa lortu du taldeak jada. Hamahiru jokalarik osatzen dute, baina bertze hainbat pertsona aritzen dira taldea laguntzen, eta, denera, hogei lagun inguruko komunitatea osatzen dute.

Ezkabarten entrenatzen dira Nafarriors taldeko kideak, astean bitan. "Partida baten atarian, gehiago". Nafarriors martxan jarri zuten kideek zailagoa izan zuten hasierako bidea, eta hastapeneko entrenamenduak karrikan egin behar izaten zituzten. Zailtasunak zailtasun, ez zuten etsi, halere.

Ligan ari diren taldeen arteko harremana ere hagitz ona dela azaldu dute jokalariek, eta elkar laguntzen saiatzen direla beti, beharra dutenean. Kanpoan inor ez uztea baita kontua. Taldea osatzea. Gozatzea. Patinen gainean askatasun espazioak sortzea.