gaiak

Herritarren bozgorailu

Herritarren bozgorailu

Ane Eslava

Argazkien plataforma bat eta ikus-entzunezko edukien atari bat. Garai ezberdinetan eta euskarri ezberdinekin sortutako bi hedabide. Bien helburua, berriz, berbera: herri mugimenduaren bozgorailu izatea. Asmo horri jarraitu diote Ekinklik Argazkiak-ek eta Ahotsa.info-k 2009an eta 2014an sortu zituztenetik, hurrenez hurren; hamar eta bost urteren ostean, horretan dihardute. Bi komunikabideak "aliatu" izan dira hasieratik, eta elkarrekin heldu dira urteurrenera ere: festa batekin ospatu zuten, martxoaren 30ean, Iruñean.

Hutsune bat betetzeko jarri zuten martxan Ekinklik 2009an, Dabid Sanchez kideak gogoratu duenez: "Zenbait kolektibotan elkarlanean aritu ginen lagun batzuek ikusi genuen gizarte mugimenduak egiten zituen gauza asko ez zirela hedabideetan islatzen, eta argazkilari aktibisten kolektibo bat sortzea erabaki genuen". Hala, "hedapenik gabeko borroka txikiei" zabalkundea emateari ekin zioten.

Ahotsa.info-ren sorrera ulertzeko, berriz, 2007ra jauzi egin beharra dago. Urte hartan, Nafarroako hainbat kazetarik Apurtu.org hedabide digitala sortu zuten, "eskubide zibil eta politikoen urraketak salatzeko", baina 2011n, Espainiako Auzitegi Nazionalak webgunea itxi egin zuen. Ondoren, Ateak ireki sortu zuten, aurrekoak utzitako tokia betetzeko, eta hori ere itxi egin zuten. Horren ondotik sortu zen Ahotsa.info.

Ahotsa.info-ko kide izan da hasieratik Miguel Angel Lamas Pitu, eta argi ikusten du beste webguneen itxierek sortutako haserreak ekarri zuela komunikabide berriarentzako "babes olatu bat". Hain zuzen, herritarren laguntzarekin lortu zuten finantzaketaren arazoari aurre egitea: "Finantzaketa kolektibo bidez bildu genuen dirua". Kontatu duenez, hasieratik argi ikusten zuten multimedia formatuko edukien aldeko apustua egin behar zutela. "Hori izan da gure ikurra".

Ahotsa.info-ren orduko lantaldea ez da gaur egungo bera. Garai hartan zeuden kideetako lauk jarraitzen dute orain, eta bi baino ez dira langileak; gainontzekoak boluntarioak dira. "Eta halako baldintzekin normala denez, gorabeherak izan ditugu taldean", onartu du Pituk. Gaur egun, hamar lagunek osatzen dute Ahotsa.info. Antzeko kasua da Ekinklik-ena ere, Sanchezek kontatu duen moduan: "Lau kidek eutsi diogu hasieratik, baina laguntzaile eta kolaboratzaile asko izan ditugu". Eta zehaztu du: haiek ez dira profesionalak, "argazkigintzaren aktibistak" dira.

Urte hauetan, eskura izan dituzten teknologiak baliatuz eta ilusioz, "gauza handiak" egitea lortu dutela adierazi dute Pituk eta Sanchezek. Haien ustez, bi webguneak dira erreferentziazkoak; batik bat Nafarroan, eta Ahotsa.info baita Euskal Herrian zein atzerrian ere. Pituren ustez, haien arrakastaren gakoa da erraz kontsumitzen diren edukiak ekoiztea, eta kalean zerbait gertatzen den aldiro han izatea. Sanchezen irudiko, haiek asmatu dute herri mugimenduarekiko gertutasuna izaten, eta ekintzarik txikienetako irudiak ere jasotzen.

Ekinklik eta Ahotsa.info herri mugimenduen komunikabideak dira. Baina hura aldatu egin da azken urteetan, eta kazetariek aldaketetara moldatu behar izan dute. Gizartearen eta instituzioen arteko "konfrontazio handiko" garaietan sortu zituzten biak, Sanchezek azaldu duen moduan: "Gu hasi ginenean, adibidez, greba orokor asko zeuden, eta borrokak toki handia zuen kalean".

Baina Nafarroako instituzioetara aldaketaren gobernua iritsi zenetik, gizartearen eta instituzioen arteko harremana aldatu egin dela ikusten dute: "Ukapen orokor batetik elkarlanera pasatu gara; pankartek tokia galdu eta proiektu eraldatzaileek bereganatu dute", adierazi du Pituk. Proiektuak, baina, ez dira horren deigarriak ikus-entzunezkoetan, haren ustez. Halere, "kostata" bada ere, uste du lortu dutela garai berrietara egokitzea. Adibide bat jarri du: lehen, kaleko istilu bat grabatuko lukete, eta, orain, berriz, Skolaeren inguruko erreportaje bat egin dute. "Eta onartzen dugu lehenak gehiago saltzen duela, bigarrenak lan handiago eskatu arren". Gainera, Pituk eta haren kideek beste oztopo bati ere egin behar izan diote aurre: zentsuraren mamuari. Mozal legea aplikatzeko mehatxuak egin izan dizkiete. "Halere, oraingoz mehatxu guztiak saihestu ditugu", zehaztu du.

Lagunarekin bat dator Sanchez ere. Haien kasuan, beste zailtasun bat ikusten dute: gaur egun, edonork du argazki kamera bat, eta jende guztia da gai argazki txukunak egiteko. Haiek, baina, badute balio handiko "altxor" bat: azken hamar urteetako artxiboa. "Milaka argazki ditugu, askotarikoak".

Zalantza garaia

Oztopoak oztopo, aurrera jarraitu dute. Horregatik, "poztasunez" ospatu dute bi hedabideen urtemuga; elkarrekin, eta haien komunitatearekin. "Jendea pozik zegoen, bost eta hamar urte ez direlako gutxi, jakinda gaur egun dauden oztopoak", kontatu du Ahotsa.info-ko kideak. "Eta beste hainbeste izan daitezela".

Aurrera begira haien helburuak zeintzuk diren galdetuta, zalantza da nagusi bi lagunen artean. Hauteskundeei so daude biak, bozen emaitzen arabera Nafarroan gauzak asko alda daitezkeela uste baitute. "Aldaketaren gobernuak jarraitzen badu, eraldaketarako proposamenak zabaltzen jarraituko dugu", adierazi dute. Eskuina nagusituz gero, ordea, "konfrontazio" garai berri bat hasiko dela pentsatzen dute. Eta, hala izanez gero, argi dute zein izango den haien lana: "Kaleko borrokei lehen lerrotik jarraitzea". Herri mugimenduen bozgorailu izateko aurrerantzean ere.

Bide luze baten lehen urratsa

Bide luze baten lehen urratsa

Ane Eslava

Borroka luze baten ostean lortu dute. Amiantoaren biktimek urteak daramatzate eskatzen kendu ditzatela mineral horrekin egindako eraikin, teilatu eta material guztiak, eta, azkenean, Nafarroako Gobernuak pausoa eman du: amiantoa ezabatzeko plan zuzentzailea onartu du. Biktimak pozik daude, halako egitasmo bat onartzen den lehen aldia delako, baina ohartarazi dute hura aurrera ateratzea "zaila" izango dela, eta arazoa "presazkoa" dela.

Amiantoa mineral oso toxikoa da, eta, bere arroka naturaletatik erauziz gero, zuntz mikroskopikoetan desegiteko joera du. Zuntz horietako bakar bat irentsiz gero, birika albeoloetan iltzatuta gera daiteke, eta hasieran ez du sintomarik sortzen, baina, 30 bat urteren ostean, hainbat eritasun eragiten ditu. Pleurako mesotelioma da ohikoena, baina beste batzuk ere badira: minbizia, asbestosia, perikardioa… Gaitz horiek ez dute sendabiderik; gaixoek kimioterapia jasotzen dute, gaixotasunaren kalteak moteltzeko; baina ez dira sendatzen.

AEBetatik ekarri zen amiantoa, XX. mendean, eta erruz erabili zen industrian, inolako babesik gabe. Lantegietara eramaten zituzten kutxek arriskuaz ohartarazteko zigiluak zituzten; baina, kutxak sartzean, zigilu horiek kentzen zituzten. Europako Batasuna 1983an hasi zen amiantoaren erabilera erregulatzen, baina 2005era arte ez zuen guztiz debekatu. Ordurako toki askotan zegoen: eskoletan, lantegietan, etxeetan… Gaur egun, hor jarraitzen du, eta, deskonposatuz gero, edonork arnas dezake.

"Ezkutuko gaitz bat da", laburbildu du Maria Asun Fernandezek. Amiantoak kalte egindakoen artean dago Fernandez, eta Ananar Nafarroako Amiantoaren Biktimen Elkarteko presidentea da. "Oso positibotzat" jo du Nafarroako Gobernuaren egitasmoa, baina arazoak erantzun azkarrak eskatzen dituela adierazi du. "Izan ere, inork ezin du jakin gaur egun jendea kutsatzen ari den edo ez; kaletik paseatzen ari zarela kutsatu zaitezke, eta hemendik 35 urtera minbizia izan".

Nafarroako Gobernuaren dokumentuak aditzera eman du, lehen aldiz, herrialdean dagoen amianto kopurua. Datua kezkatzeko modukoa da: uralita edo zuntz zementuzko 6,37 milioi metro koadro daude, eta kanalizazioetako 566 kilometro. Gainera, oraindik zenbatu ezin den ezkutuko fibrozementua ere badela esan du gobernuak.

Lanean kutsatutako gaixoei dagokienez, 2018an 3.192 pertsona zeuden Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko erregistroan. Horiek Nafarroako Ospitale Guneko Pneumologia zerbitzuko jarraipena dute. Bestalde, kalkulatu dutenez, pleurako mesotelioma kasuen %20 ez dira lanean kutsatutakoak, ingurugiro esposizio bidez kutsatutakoak baizik.

"Oso kopuru larriak dira, eta, orain arte, gainera, ez zieten inolako garrantzirik ematen", nabarmendu du Ananarko presidenteak. Halere, "kontent" dago azkenean datuak eskura izateagatik, asko kostatu zaielako lortzea gobernuak zenbaketa egitea.

Fibrozementuak 30 eta 50 urte arteko bizitza erabilgarria dauka. Horren ostean, zuntzetan desegiteko aukera areagotu egiten da. Beraz, kalkulatu dute instalatuta dauden materialen %65ek izango dutela agortua bizitza erabilgarria 2020rako, eta guztiek, berriz, 2040rako. Hain zuzen ere, Europako Batasuneko irizpen batek agintzen duenez, 2032. urterako EB osoko amianto guztiak kenduta egon beharko luke. Hori dela eta, esku hartzea "urgentziazkoa" dela azpimarratu du Fernandezek: "Egin beharrekoa orain egin dezatela. Ezin dugu 2040ra arte itxaron. Jende gehiegi hil da dagoeneko". Gobernuaren urratsa hauteskundeei begirako estrategia bat ez izatea espero duela esan du Ananarko presidenteak.

Nafarroako Gobenuraren aurreikuspenen arabera, amiantoa kentzeko planak 245 milioi euroren kostua izango du, eta hamabi urte iraungo du. Administrazioko teknikari talde batek diseinatu du plana, eta fibrozementuzko estalkien teledetekzioa eta geolokalizazioa, berriz, Tracasa enpresa publikoaren eta NUPeko Ingeniaritza Departamentuaren ardura izan da. Hornikuntza eta saneamendu mankomunitateei fibrozementuzko kanalizazioen inguruko informazioa eskatu diete, eta, azkenik, Nafarroako Ingurumen Kudeaketa enpresa publikoari eskatu diote txosten bat egin dezala, amiantoa kendu ondoren zabortegian biltzeko aukerak aztertzeko.

Plan zuzentzailean garrantzi handia eman diete amiantoa segurtasunez kentzeko hartu beharreko neurriei, langileen osasuna bermatzeko. Bestalde, herritarrei zuzendutako informazio kanpainak eta talde zein profesionalentzako formakuntza egitea ere proposatu dute.

Ikerketa eta konpentsazioa

Amiantoa kentzea egin beharreko urrats nagusietako bat da, baina ez bakarra; hori uste du Ananarko presidenteak. Horrekin batera, amiantoarekin lotutako gaixotasunen inguruko ikerketa bultzatzea ere ezinbestekoa dela uste du. "Elkartean, baina, ez dugu diru laguntzarik jasotzen ikerketarako, eta Gizarte Segurantzak ez du ezer egin ikerketaren arloan", salatu du. Ananar elkarteko kideak Nafarroako Unibertsitate klinikarekin lanean ari dira, ikerketa batean, baina Fernandezek azpimarratu du "prest dagoen edozeinekin" lan egingo dutela.

Bestalde, kaltetuentzako konpentsazio funts bat sortzea ere eskatzen dute. Dagoeneko lortu dute Espainiako Kongresuak funts baten sorrera onartzea. "Hiru zutabe horiek eskutik helduta egon beharko lukete: amiantoa ezabatzea, ikerketa eta kopentsazioa", azaldu du Ananar elkarteko presidenteak. Eta neurriak hartzen hasteko garaia badela gaineratu du, "berandu baino lehen".

Sari bat, sei hautagai eta hamaika bide

Sari bat, sei hautagai eta hamaika bide

Edurne Elizondo

Kulturaren esparruan nagusietako bat. Halakoa da Nafarroako Gobernuak urtero banatzen duen Vianako Printzea saria. Aurtengoa nori dagokion apirilaren 5ean ezagutaraziko dute, eta maiatzaren 4an eginen dute saria emateko ekitaldia, Vianan.

Epaimahaiak sei hautagairen artean erabaki beharko du norentzat izanen den 2019ko Vianako Printzea saria: Sagrario Aleman, Atena fundazioa, Fernando Hualde, Tomas Yerro, Pamplonesa musika banda eta Amaia Remirez eta Raul de la Fuente dira proposatutako eragileak. Hautagai horiek jorratutako lan esparruak askotarikoak dira: euskalgintzak, zinemak, antzerkiak, literaturak, musikak, etnografiak eta bertze hamaika diziplinak isla dute haien ibilbideetan.

1.
REMIREZ-DE LA FUENTE

Amaia Remirez eta Raul de la Fuente zinemagileak dira, eta azken Goya sarietan nagusitu egin ziren Another Day of Life filmarekin, animaziozko lanen kategorian. Nafarroako Ikus-Entzunezko Klusterrak aurkeztu du haien hautagaitza. Nabarmendu dute Remirezen eta De la Fuenteren obrak agerian uzten duela zinemak errealitatea dokumentatzeko duen gaitasuna.

De la Fuente argazki zuzendaria da, bai eta gidoilaria, zuzendaria eta editorea ere, bertzeak bertze. 2006an estreinatu zuen bere lehen lana: Nomadak TX. 2014an, Goya saria irabazi zuen Minerita filmarekin. Remirez, berriz, gidoilaria eta ekoizlea da, eta De la Fuenteren hainbat film ekoitzi ditu. Harekin batera sortu zuen Kanaki Films etxea, 2009an.

2.
FERNANDO HUALDE

Gutxi dira Fernando Hualdek ukitu ez dituen arloak. 1961. urtean jaio zen, Izaban, eta bere herriko eta eskualdeko kultura eta etnografia zabaltzeko egin du lan, etenik gabe. Nafar Ateneoak proposatu du aurtengo Vianako Printzea saria jasotzeko.

Hogeita hiru liburu idatzi ditu, eta sei dokumental prestatu. Bi mila artikulu baino gehiago argitaratu ditu prentsan, eta hamaika hitzaldi eman ditu. Izabako museo etnografikoaren bultzatzaile izan da, bai eta Burgiko almadiari buruzkoaren sustatzaile ere. Erronkaritik kanpo ere egin du lan, eta herriz herriko zaharren aspaldiko garaiei buruzko ahozko testigantzak jaso ditu, bertzeak bertze.

3.
TOMAS YERRO

Nafar Idazleen Elkarteak proposatu du Tomas Yerro Vianako Printzea saria irabazteko. Nafarroako Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle izan da, bertzeak bertze. Río Arga poesia aldizkaria zuzendu zuen, eta hamaika testu argitaratu ditu Cuadernos de etnografía y etnología de Navarra aldizkarian. Poesia lanak ondu ditu, eta Nafarroako literatura jorratu du, hamaika hedabidetan.

Nafar Ateneoa sortzeko prozesuan parte hartu zuen Tomas Yerrok. Administrazioan ere izan ditu ardurak: Nafarroako Gobernuko Kultur Ekinaldien zerbitzuko buru izan zen 1991tik 1995era; eta Kultura zuzendari nagusi, berriz, 1995etik 1999ra.

4.
SAGRARIO ALEMAN

Euskalgintzaren esparruan eragile nabarmena da Sagrario Aleman, eta Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko hainbat kidek proposatu dute Etxalekukoa Vianako Printzea saria jasotzeko.

1972. urtean hasi zen helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko lanean. Farmazia ikasketek Valentziara eta Madrilera eraman zuten, eta azken hiri horretan ere eman zituen euskara eskolak. Nafarroara itzuli, eta Erriberan aritu zen lehendabizi. Arturo Campion euskaltegitik deia jaso zuen arte. Hain zuzen, 1982. urtetik erretiroa hartu arte IKAren Iruñeko Arturo Campion euskaltegiko arduraduna izan da.

Lan akademikoagoa ere egin du eta egiten du, Euskaltzaindiko kide baita 2007. urtetik. Gainera, Principe de Viana, Jakin, Bat, Argia eta Pulunpe aldizkarietan idatzi izan du Alemanek. Euskararen alde egindako lanagatik hainbat sari jaso ditu: Zaldiko Maldikoren Urrezko Lamia, 1987an; Euskalerria Irratiaren Larreko saria, 1996an; eta Noticias Taldearen Ortzadar saria, 2016. urtean, bertzeak bertze.

5.
ATENA FUNDAZIOA

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza eta Gizarte Zientzietako Fakultateak proposatu du Atena fundazioaren hautagaitza. Desgaitasunen bat duten pertsonen alde egiten du lan, artearen bidez, eta autonomia eta bizi kalitatea helburu hartuta. Fundazioa hainbat familiak sortu zuten, 2001. urtean, eta, geroztik, musika eta dantza eskola bultzatu, eta konpainia bat osatu du, bertzeak bertze.

Atenak pertsonen garapen osorako tresna bilakatu du artea. Egindako lana jendaurrean erakusten dute fundazioko kideek, urtero oholtza gainera igotzen baitira prestatutako lanak aurkeztera. Lan horrek Nafarroako Gobernuaren Gazteriaren saria jaso zuen 2013. urtean.

Atena fundazioak aurkeztutako azken ikuskizuna 2018. urtekoa da, eta Mi propio universo du izenburu.

6.
PAMPLONESA

Pamplonesa Iruñeko udal musika-banda garai berezi batean bilakatu da Vianako Printzea saria jasotzeko hautagai: mendeurrena ospatzen duen urtean, alegia. Iruñeko Udalak, Pamplonesaren Lagunen Elkarteak eta Iruñeko Olentzeroren Lagunen Elkarteak proposatu dute.

1919. urteko urriaren 11n jo zuen lehendabiziko aldiz Pamplonesak, eta, geroztik, hiriko ikur bilakatzea lortu du. Sanferminetan karrikak girotzen dituelako ezagutzen dute anitzek, baina besten esparrutik kanpo ere lortu du publiko fidela. Urtean 50 kontzertu baino gehiago ematen ditu. Hezkuntzaren arloan ere egiten du lan, eta, azken urteotan, haurrak musikara hurbiltzeko programa bat garatu du herrialdeko ikastetxeetan. Vicente Egeak zuzentzen du Pamplonesa, 1996. urtetik. Nabarmendu du bandak tradizioa eta bide berriak uztartu dituela.

Lacalleren memoria

Lacalleren memoria

Edurne Elizondo

Urduri eta kontent. Halaxe da Joxe Lacalle, egunotan. Memorias de Lacalle (Txalaparta, 2017) argazki liburua argitaratu zuenean bezain urduri eta kontent. Lan horretan, prentsa argazkilari gisa lan egindako urteetan bildutako irudiak jaso zituen Egunkaria eta Egin hedabideetako langile ohiak. Azken hamarkadetan Nafarroan gertatutakoen kronika egin zuen Lacallek liburuan, bere argazkien bidez, eta kronika horren barruan dago kamera hartu aurretik Lacallek berak sufritutako erasoa: bonba bat jarri zioten Lacalle izeneko bere tabernan. Duela berrogei urte gertatu zen eraso hori, eta, ordukoak gogoratzeko, ekitaldia eginen dute bihar, 19:00etan, Iruñeko Alde Zaharreko Pellejerias zokoan.

Lacallek urtero oroitu du 1979ko martxoaren 27koa, taberna zegoen tokian bertan. "Urtero joan naiz egun horrekin Jarauta karrikaren 22ra. Aurten, berrogei urte betetzen direnez, zerbait berezia egin nahi nuen. Gazteek jakin dezatela hemen zer gertatu zen".

Ez zen lehena izan

Orain Aitzina taberna dena izan zen Lacalle ostatua. Argazkilariaren gurasoek zabaldu zuten, eta Joxe Lacalle ezkondu zenean, 1974. urtean, negozioaren ardura bere gain hartu zuen. Han egindako lagunak nabarmendu ditu; tabernan bizi izandako momentu onak. "Gure taberna izan zen legeztatu zutenean ikurrina jartzen lehena", gogoratu du, harro.

Taberna zegoen eraikin berean zuen Lacallek etxebizitza, 1979an. Emaztearekin eta lau seme-alabekin bizi zen Jarauta kalean. "Zaharrenak bost urte zituen, eta txikienak, berriz, hilabete gutxi". Duela berrogei urtekoa jaso baino lehen, izan ziren bertzelako erasoak Lacalle tabernaren aurka. "Telefonoz deitzen zuten, mehatxu egiteko, adibidez". 1978an, berriz, Kristo Erregeren Gerrillariak joan ziren tabernara. "Emaztea haurdun zegoen. Atea hautsi, eta tabernan sartu ziren, borrekin eta pistolekin".

Egoerak okerrera egin zuen, handik urtebetera. 1979ko martxoaren 27an. Goizez, jende gutxi ibiltzen ohi zen tabernan; denak ezagunak, halere. Horregatik, bi baso ardo edan eta gero komunera sartu zen gizonak atentzioa eman zion Lacalleri. "Kobratu, eta sei pezeta itzuli nizkion; baina barra gainean utzi, eta alde egin zuen, komunetik atera zenean", gogoratu du.

Bonba uztera sartu zen komunera. Lacallek aurkitu zuen, poltsa batean sartuta. "Ireki, eta kableak ikusi nituen". Taberna hustu, eta Poliziari eman zion abisua. "Bost hilabeteko semea sehaskatik atera behar izan nuen korrika". Artezilari batek poltsa hartu zuen, eta lehertu egin zitzaion, ateratzen ari zenean. Lacallek fresko ditu orduko beldurra eta kezka. Accion Nacional Española taldeak aldarrikatu zuen erasoa. Batallon Vasco Español taldeko adar bat zen.

Lacallek, halere, gogoan du, batez ere, auzokideengandik jasotako elkartasuna. Auzolanean konpondu zuten taberna. "Gazteak, gainera, erasoa gertatu eta gero, itxi arte gelditzen ziren nirekin. Gero jakin nuen txandaka aritzen zirela, bakarrik ez uzteko", erran du, hunkituta. Lacallek 1987an utzi zuen taberna, drogak auzoan zuen presentziarekin arduratuta. "Ez nuen hori nahi seme-alabentzat". Kamera hartu zuen, orduan.

Oraindik bukatu ez den ehiza

Oraindik bukatu ez den ehiza

Edurne Elizondo

Patriarkatuak emakume libreari erraten dio sorgin. Inkisizioak hildako andreen memoria gaur egungo emakumeen aurkako indarkeriarekin lotu zuen Silvia Federicik, Iruñean, 2017ko irailean egin zuen hitzaldian. Gaur asmo berarekin ariko da, 18:30ean, hiriburuko Gurutze plazako institutuan. Sorgin ehizaren historiari buruzko topaketa feminista eginen dute lehenengo aldiz, Katakrak eta Traficantes de Sueños liburu dendek bultzatuta. 2017an hasi ziren Federicirekin proiektua mamitzen, eta, gaurtik igandera bitarte, errealitate bilakatuko da azkenean.

"Historia aztertuz eta ulertuz, egunerokotasunaren politizazioan sakondu nahi dugu", hala laburbildu du Katakrakeko kide Nerea Fillatek topaketen helburua. Jardunaldiek bat egin dute Federicik martxan jarritako kanpainarekin, Elizak eta estatuek bultzatutako emakumeen aurkako jazarpen prozesua nazioartean salatzeko. 1535. urtetik 1650. urtera, hirurehun pertsona baino gehiago atxilotu zituzten Euskal Herrian, Katalunian eta Aragoin. Gehienak emakumeak ziren, eta haietako anitz jendaurrean hil zituzten, urkatuta edo bizirik erreta. "Europan, 100.000 emakume hil zituzten sorgin ehizaren ondorioz", erantsi du Fillatek. Eta bertze anitz, gero, Ameriketan. Konkistarako eta kolonizaziorako tresna gisa erabili zuten sorgin ehiza; batez ere, Brasilen, Kolonbian eta Perun.

Egungo sistema heteropatriarkalak ere bere menpe nahi ditu emakumeak. Ez du emakume librerik nahi. Sorgin etiketa jartzen die, ehizan jarraitzeko. "Sorginak ez ziren existitu, baina; sorgin ehiza emakumeen gorputzak diziplinatzeko prozesu handi bat izan zen. Helburua zen emakumeok ez izatea aukerarik bizitza autonomo bat garatzeko. Horretarako, sorginaren irudia sortu zuten, eta iruditeria horri eutsi dio patriarkatuak mendetan", azaldu du Fillatek.

Sorgin ehiza eta egungo emakumeen aurkako indarkeria lotzen dituen soka aztertzeko eginen dute topaketa. Hazi bat erein nahi du, gainera, uzta bildu ahal izateko. "Tokian tokiko taldeak sortu nahi ditugu sorgin ehizaren ondorioz hildako emakumeen memoria lantzeko", erran du Katakrakeko kideak.

Historia feminista

Federiciren hitzaldia izanen da gaurko ekitaldi nagusia, 18:30ean, Gurutze plazako institutuan. Biharko, berriz, egun osoko egitaraua prestatu dute antolatzaileek. Katakrak liburudendan eginen dute, 10:30ean hasita. Amaia Nausia eta Gemma Pierola historialariek eta Nuria Morello antropologoak hartuko dute parte lehen saioan; sorgin ehizari buruzko "historia feminista" egitea hartuko dute helburu. Fillatek agerian utzi du, hain zuzen ere, Nafarroan ere auzi horri buruz egindako lanak gizonek idatzi dituztela, eta ez dutela emakumeen ikuspuntua erakusten. "Hori aldatzeko garaia da".

Arratsaldeko saioan, Federicik, Morellok, Eva Vazquezek eta Alice Markham-Cantorrek hartuko dute hitza. Vazquez Ekuadorko ikerketa taldekoa da; Markham-Cantor, berriz, AEBetakoa. Egungo sorgin ehiza izanen dute ardatz.

Lau adituok txostena aurkeztuko dute, 16:30ean, eta, gero, 18:00etan hasita, mahai ingurua eginen dute. Horretan ariko dira Markham-Cantor, Iraitz Agirre, Lisset Coba (Ekuador) eta Elena Pina (Espainia).

Biharko saioa afari batekin amaituko dute, Katakraken. Igandean, berriz, topaketako parte hartzaileak Zugarramurdira eta Sarara mugituko dira. Sorgin ehizarekin lotutako memoriaren tokiak dira horiek, eta halakotzat aldarrikatu nahi dituzte igandeko bisiten bidez, hain zuzen ere. Fillatek azaldu du bilera bat egitea eskatu dutela Zugarramurdin eta Saran sorgin ehizarekin lotutako espazioak kudeatzen dituzten erakundeetako arduradunekin. Baiezkoa jaso eta gero, egiteko zain daude.

Antolatzaileek kezka dute herriotan ustezko sorginen inguruan zabaltzen duten irudiarekin. "Irudi horren arabera, sorginak emakume zahar, itsusi eta beldurgarriak dira. Gure lana da hori deuseztatzea", erran du. Gizarte osoari dagokio sorgintzat jotako emakumeon memoria gogoratzea eta jorratzea, Fillaten hitzetan. "Haien historia ezkutatu egin da; agerian uzteko garaia da". Eta agerian uzten den horri begirada feministarekin so egiteko beharra erantsi du Katakrakeko kideak.

Horretan ariko dira sorgin ehizaren historiari buruzko lehen topaketa feministan, gaur hasi eta igandera bitartean. Atzoko eta egungo sorgin guztien omenez. Libre izateko duten eskubidea aldarrikatzeko.

Zortzi buru txapel bila

Zortzi buru txapel bila

Ainhoa Larretxea Agirre

Gozatua" eta "oparia". Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalistei finalak zer sentiarazten dien galdetuta, hitz horiek errepikatu dituzte gehien. Gozatua, finalean kantatzea gozatzeko modukoa delako. Oparia, batek baino gehiagok ez zuelako espero finalean kantatzea eta opari gisa jaso dutelako aukera. Bihar jokatuko da finala, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, 17:00etan. Bertan kantatuko dute Eneko Lazkozek, Xabier Terrerosek, Joanes Illarregik, Eneko Fernandezek, Julio Sotok, Xabat Illarregik, Julen Zelaietak eta Xabi Maiak. Alaitz Rekondo eta Fernando Anbustegi ariko dira gai jartzaile.

Txapela irabazteko, erruz egin beharko dute bertsotan zortzi finalistek. Bi fase izanen ditu finalak. Lehen fasean, zortzi bertsolariek kantatuko dute. Binaka, gaia emanda aritu beharko dira zortziko handian, zortxiko txikian eta hamarreko txikian. Banaka, puntua emanda hiru bertso osatu beharko dituzte zortziko txikian eta gaia emanda bi bertso nahi duten neurri eta doinuan. Fase horretan puntuazio onena lortzen duten bi bertsolariak pasatuko dira buruz burukora. Buruz burukoan, binaka gaia emanda puntuka zortzi bertso osatu beharko dituzte, binaka hiru bertso osatu beharko dituzte sei puntuko motzean, eta, azkenik, kartzelako lanean, hiru bertso egin beharko dituzte nahi duten neurri eta doinuan. Lan horietan denetan puntuazio altuena jasotzen duen bertsolaria izanen da irabazle.

Joxema Leitzak jarriko dio txapela. Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariaren hitzetan, Leitzak urte luzez bertsolaritzaren alde egindako lan eskerga aitortu eta eskertu nahi izan dio elkarteak keinu horrekin. Arbizun sortua izanik, Nafarroako txapelketan hainbatetan kantatu du Leitzak. Gainera, bertsolari izateaz gain, epaile eta gai jartzaile ere izan da, eta saio andana ere antolatu du. Sakanako bertso eskolaren sortzaile eta sustatzailea ere bada.

Aurpegi berriak izanen dira aurtengo finalean: Xabat eta Joanes Illarregi anaiak, bata 17 urtekoa, eta bestea 19koa. Lehen aldiz kantatuko dute Anaitasunan. Txapelketa fina eginda ailegatu dira biak finalera. Joanes, kantatutako bi saioak irabazita, indartsu iritsi da. Finalean "gozatzeko helburua" duela adierazi du, nahiz eta bertzelako helbururik ez duen baztertu nahi.

Xabatek ere txapelketa fina egin du; irregularrago ibili da, baina ongi merezita lortu du finalerako txartela. Galtzeko deus eta irabazteko dena dute Illarregi anaiek eta litekeena da sorpresa ematea.

Bertze sei bertsolariak aitzineko finalean arituak izanen dira. Zelaietak hamaikagarren finala du aurtengoa eta bera da denetan beteranoena. Txapelketa fina egin du nahiz eta onartu duen "urduri" ibili dela. Finala "opari" gisa hartu du beratarrak.

Bederatzi finalekin Soto da beteranoetan bigarrena. Lau aldiz irabazi du txapela, eta bera da egungo txapelduna. Aurtengo txapelketan egindako lana "bide xelebre" gisa deskribatu du Sotok. Finalaurreko saioan ideiak josten bereziki asmatu zuen, nahiz eta bi poto ere egin zituen. Hala ere, txapelerako hautagai sendoa da Soto.

Terrerosek eta Lazkozek seina finaletan kantatu dute. Beren finalaurrekoa irabazita igaro dira finalera biak. Terrerosek maila ona erakutsi du txapelketa guztian. Oholtzan "disfrutatu" duela dio, eta finalera begira "ilusioz" dago. Atarrabiako finalaurrekoan kantatu zuen Lazkozek, eta saio borobila egin zuen, hasi eta buka. Akatsik gabe, dotore ibili zen bertsotan. Atarrabian hartutako bidean "segitu" nahi du finalean ere. Orain arteko maila emanez gero, txapelerako hautagi sendoa da etxarriarra.

Emakumerik gabe

Eneko Fernandezek laugarren finala izango du biharkoa. Lesakako finalaurrekoan indartsu ibili zen. Txapelketarako prestatzea kostatu zaion arren, kantatutako bi saioetan inoiz baino gehiago gozatu du, eta finalerako ere helburu bera du: "Gozatzea".

Xabi Maia da azken finalista. Bigarren finala da Elizondoko bertsolariarentzat. "Neure buruarekin bakeak egiteko txapelketa izan da", azaldu du Maiak. Badu finalerako bertze asmorik, halere: publikoarekin duen zorra kitatu nahi du bertsolariak, alegia.

Arratsaldeko bortzetan hasita zortzi buru izango dira txapel bakarraren bila. Azken txapelketetan bezala, ordea, emakumezkorik ez da izanen finalean. "Finaleko argazkiak ez du bere osoan erakusten Nafarroako bertsolaritzaren errealitatea", adierazi du Ander Perez elkarteko ordezkariak. Belaunaldi ezberdinetako bertsolariak izango dira aurtengo finalean; ez da anitz falta emakumeek berriro Anaitasunako plaza hartzeko.

Animalientzat ez baita besta

Animalientzat ez baita besta

Edurne Elizondo

Bertze urrats bat. Iruñe Antitaurinoa kolektiboak aurrera egin nahi du 2017. urtean zezenketen aurka hasitako bidean, eta, hiritarren artean gogoeta pizteko asmoz, erakusketa bat antolatu du, Zezenak izenburupean. Kondestablearen jauregian ikus daiteke, hilaren 21era bitarte.

Hiru egileren lanekin osatu dute erakusketa Iruñe Antitaurinoa taldeko kideek: Aitor Garmendia, Jaime Alekos eta Iago Pradaren argazki eta bideo lanekin, hain zuzen ere. Aitor Garmendia ekintzaile antiespezista bat da, eta Tras Los Muros izeneko proiektuaren arduraduna. Kamera bilakatu du animalien askapenaren aldeko bere lanerako tresna. Hain zuzen ere, 2014ko sanferminetan egindako zezenketen inguruko erreportajea izan zen Garmendiak sinatutako lehendabizikoa.

Geroztik, gizakiz bertzeko animaliek sufritzen duten zapalkuntzari buruz ekintzaile horrek egindako argazkiek nazioarteko hainbat sari jaso dituzte: 2018an, Picture of The Year International saria jaso zuen Hiltegi izenburuko argazki sortagatik; aurten, berriz ere eman diote sari hori, Italian Essere Animali talde antiespezistako ekintzaileen lanari buruz egindako irudi sortagatik.

Aitor Garmendiak Fiesta izenburupean bildutako lanak ekarri ditu Iruñera. Argazki gehienak Iruñeko sanferminetako zezenketetan egindakoak dira. Jaime Alekosek, berriz, Tauromaquia izeneko dokumentala du ikusgai Kondestablearen jauregian. Ordu erdi eskaseko lana da, xehetasun planoan grabatutakoa. Hamabost hiritan egindako hogei zezenketatan baino gehiagotan filmatutako irudiekin osatu du Alekosek dokumentala. Hiru urteko lana dago atzean, hain zuzen ere, eta egunero erakutsiko dute, erakusketak iraun bitartean.

Iago Pradaren Bullfight dokumentalaren inguruko lanek osatzen dute erakusketa. Batetik, zezenketetan egindako argazkiak ekarri ditu Pradak Iruñera; bertzetik, eskultura bat jarri du Kondestablearen jauregian, zezenketetan hildako animalion omenez. Zezenak hiltzeko erabiltzen dituzten tresnak ere jaso ditu Pradak erakusketan. Hilaren 21ean, ekinaldia ixteko, Bullfight dokumentala aurkeztuko du egileak, erakusketaren egoitzan.

Aldaketarako garaia

"Argi dugu ordua dela herritarrek zezenketen inguruko gogoeta egiteko; erakusketaren bidez, bultzada eman nahi diogu hain beharrezkotzat jotzen dugun eztabaida horri", azaldu du Iruñe Antitaurinoa kolektiboko kide Txaro Buñuelek. Erantsi du "animalien aurkako tratu txarrak" daudela sanferminetako besten zati baten oinarrian, eta badela ordua horren zilegitasunari buruz hausnartzeko.

Buñuelek argi du zezenketak antolatzea ez dela zilegi. "Bada garaia dibertitzeko halako moduak bazter uzteko". Zezenketen aurkako kolektiboko kideak gaineratu du gizarteak aurrera egin duela, eta horrek isla izan behar duela bestak ospatzeko moduan ere. "Bazter utzi behar ditugu zezenketak eta halako ekitaldi krudel eta anakronikoak". Erakusketak Zezenak izena du, baina zaldiak ere erabiltzen dituzte zezenketetan. Buñuelek animalioi egiten dietenari so egiteko eskatu die plazara joaten direnei. Zezenketen inguruko eztabaida piztu den bakoitzean, zezenketetara joaten diren Iruñeko peñetako kideek nabarmendu izan dute "besta egitera" joaten direla plazara. Buñuelek argi du hori ez dela aitzakia onargarri bat. "Plazan gertatzen dena ezin da hutsaldu besta egitera joaten zarela erranez", nabarmendu du Iruñe Antitaurinoa taldeko kideak.

2017. urtean martxan jarri zenetik, Iruñe Antitaurinoa kolektiboak hamaika protesta eta ekinaldi antolatu ditu zezenketen aurkako jarrera zabaltzeko asmoz. Buñuelek argi du lehenik eta behin herritarren artean piztu behar dela eztabaida. "Hori lortu eta gero joko dugu erakundeetara", azaldu du.

Eztabaida mahai gainean dela erakusten dute, hain zuzen ere, azken urteotako protesta, manifestazio eta zezenketen aurkako gainerako ekintzek. Gora egin du mobilizazioen kopuruak.

Iruñe Antitaurina taldeko kideek ez ezik, Animalien Askapenerako Fronteak ere esku hartu du auzian, bertzeak bertze. Iazko ekainean, hain zuzen ere, AAFko kideek makina jasotzaile bati su eman zioten Iruñeko Gaseko eskortetan. Suteaz gain, zezenketen kontrako pintaketak egin zituzten, eta zementua eta burdinak sartu zituzten entzierroko hesiak jartzeko zuloetan. "Sanferminetan animaliak erabiltzen dituzten ekitaldiak gelditu nahi ditugu, eta horiekin aberasten diren enpresa eta instituzioei kalte ekonomikoa sortu", erran zuen AAF taldeak, erasoa bere gain hartzen zuela adierazteko oharrean. Abuztuan, gainera, Animalien Askapenerako Fronteak eraso egin zion Iruñeko Zezenzaleen Klubari.

Ez baitira VIPentzako tokiak

Ez baitira VIPentzako tokiak

Edurne Elizondo

Ez da pribilegio bat; ez da VIPentzako gune bat. Behar batek bultzatuta, autoa aparkatzeko gordetako toki bat da. Agerikoa ematen du, baina oraindik ere hori gogoratzeko eta gogorarazteko beharra badela erran du Nafarroako Cocemfe elbarritasun fisikoa eta organikoa duten pertsonen elkarteen federazioko buru Manuel Arellanok. Kanpaina bat jarri berri du martxan erakunde horrek, Iruñeko Udalaren babesarekin, elbarritasuna duten pertsonen eskubideak bete ditzaten.

Ez da VIPentzako gune bat; behar bat da. Lelo horrekin hasi dute kanpaina. Elbarritasuna dutenentzako Iruñeko 40 aparkalekutan jarri dituzte esaldi hori idatzia duten itsasgarri handiak; gainera, gidarien artean banatu dituzte lelo bera zabaldu nahi duten eskuorriak. Eskuorri horiek jaso dituzte elbarritasuna dutenentzako tokiak behar dituzten hainbat gidarik errandako hitzak: "Niretzat gordetako tokian zuk bost minutu ematen dituzu, baina nik, ondorioz, 30 gehiago behar ditut aparkatzeko", azaldu du Mikel Bidaurrek. Elena Garciak galdera zuzenagoa egin nahi izan die gordetako tokiak baimenik gabe erabiltzen dituztenei: "Nire aparkalekua nahi duzu? Nire ezintasuna ere bai?". Gordetako tokia gaizki erabiltzeak zer ekartzen ahal duen kontatu du, berriz, Irene Aspurzek: "Nire tokian uzten baduzu zure autoa, fisiora joateko aukera galduko dut, eta behar dut".

Kanpaina egiteko beharra ere badela erakutsi dute datuek, Cocemfeko ordezkariek azaldu dutenez. 2017. urtean, adibidez, 405 gidari salatu zituzten Iruñeko udaltzainek, elbarritasuna dutenentzako tokiak erabiltzeagatik, hori egiteko baimenik izan gabe. 2018. urtean, berriz, 383 salaketa jarri zituzten udaltzainek. Berrehun euroko isuna ezarri zieten gidarioi, eta garabiak eraman zien autoa, gainera.

"Arazoa datuek erakusten dutena baino larriagoa da", onartu du Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasunerako zinegotzi Itziar Gomezek. Izan ere, gordetako tokiak baimenik gabe erabiltzen dituzten gidari anitzek isuna jaso gabe alde egitea lortzen dute. "Azken asteotan, sare sozialetan ikusi ditugu baimenik gabe aparkalekuak erabili dituzten autoen argazkiak. Ongi dago sareetan salatzea gertatzen dena, baina herritarrei eskatu nahi diegu udaltzainei deitzeko", eskatu du zinegotziak.

"Bi minutu bakarrik". Cocemfeko buru Manuel Arellanok nabarmendu du "aitzakia" hori erabiltzen dutela baimenik gabe aparkatzen duten gidari gehienek.

Denbora ez da berdin neurtzen, ordea, elbarritasunen batek norbaiten mugikortasunari eragiten dioenean. Horixe azaldu du Jesus Mari Caballerok. Gordetako tokietan aparkatzeko txartela du. "Erosketak egitera joateko, edo fisioterapia jasotzera joateko erabiltzen dut autoa. Tokia gaizki erabiltzen badu norbaitek, ni ezin naiz zain gelditu bide erdian. Buelta eman behar dut, eta bertze toki bat bilatu. Baina joan behar dudan tokitik urrun aurkitzeak ez dit egoera konpontzen", kontatu du.

Cocemfeko kideek argi dute kontua errespetuz jokatzea dela, eta hori nabarmendu nahi izan dute. Gordetako tokiak erabiltzeko eskubidea badutela berretsi, eta hori errespetatzeko eskatu diete gidariei. "Izan dezatela gutxieneko elkartasuna mugitzeko zailtasunak dituztenentzat. Hiriak denentzat izan behar du atsegin".

Txartela dutenen jokabidea

Gordetako tokietan autoa uzteko udalak ematen duen baimena behar da herrialdean. Baimen hori dutenen artean ere ongi jokatzen ez duenik badela onartu dute Cocemfeko kideek, eta salatu egin dute. "Txartelaren jabeak erabili behar du txartela; ezin du bertze inork erabili. Eta txartela duenak jaso badu bere ardurapean dagoen norbaitek elbarritasunen bat duelako, harekin denean baino ezin ditu erabili gordetako tokiak", gogoratu du Manuel Arellanok.

Iruñeko Udalak 126 baimen kendu zituen iaz, txartela behar bezala ez erabiltzeagatik. Kopurua handiagoa izan zen 2017. urtean: 155 kendu zituzten. 2016an, berriz, 275. Txartela gaizki erabiltzen dutenentzat 500 eurokoa da isuna, gainera.

"Guk ez dugu isunen bidea lehenetsi nahi; ez da hori gure asmoa. Jendea kontzientziatu nahi dugu. Kontua da anitzetan horrelako neurriak behar direla jendeak behar den bezala joka dezan", azaldu du Arellanok.

Udalak gordetako tokietatik kanpo, aparkalekua arautua duten guneetan ere uzten ahal dute autoa elbarritasunen bat dutenek, txartela badute. Ez dute ordaindu behar. Kontua da ohiko tokiak gordetakoak baino estuagoak direla, eta, ondorioz, zailtasunak dituzte erabiltzaileek autotik ateratzeko edo berriz sartzeko. "Makuluak edo aulkia erabiltzen duenak ez du tokirik izaten, ondoko autoa hagitz gertu dagoelako", erran du Jesus Mari Caballerok. Gordetako tokiak zabalagoak dira autotik ateratzeko eta sartzeko lanak errazteko asmoz, hain zuzen ere.

"Nahikoa zailtasun badugu berez; ez dezala zailtasun gehiago ekarri bertze gidarien jokabideak", berretsi du Arellanok. Bat egin du Caballerok: "Errespetua eskatzen dugu. Gure eskubidea delako".

Cocemfeko kideek erakunde publikoek duten ardura ere jarri nahi izan dute mahai gainean, erakunde horietako autoek ere erabiltzen dituztelako elbarritasuna dutenentzako tokiak, sare sozialetan hainbat herritarrek zabaldutako argazkiek erakutsi dutenez. "Gu ere bagara kanpaina honen hartzaile, eta badugu zer hobetu", onartu du Itziar Gomez zinegotziak.

"Gizarteak badu zer hobetu, denen eskubideak betetzeko", bukatu du Arellanok.

Ura garbitu ordez, zikindu

Ura garbitu ordez, zikindu

Edurne Elizondo
Tuterako Instrukzio Epaitegi Dekanora ailegatu da auzia: erakunde horren aurrean salatu ditu Nafarroako Fiskaltzak Corellan Alhama ibaira egindako ur zikinen isurketak. Araztegian dago arazoa, batetik, azpiegitura horretako saneamendu s...