gaiak

Arazoak gainezka egin du

Arazoak gainezka egin du

Edurne Elizondo

Arazoa ez da Iruñean sortu, baina hiri horretan egin du gainezka egoerak. GITEk antolatutako Zinema eta Emakumeak izenburuko zikloan, zehazki. Gaur amaituko da jaialdia. Asteazkenean Arantxa Etxebarria zuzendari bilbotarraren Carmen y Lola filma eman behar zuten, baina egitarautik at gelditu zen, azkenean. Antolatzaileek egun horretarako antolatua zuten mahai inguruak eragin zuen arazoak eztanda egitea: zuzendariarekin batera, Aniztasunaren Aldeko Emakume Ijito Feministen Elkarteko kideak gonbidatu zituzten, aurretik agerian utzitako desadostasunei eta kritikei buruz eztabaida egiteko. Zuzendariak ez zuen parte hartu nahi izan, ordea. Etxebarria ez da Iruñera etorri, ezta bere filma ere.

Aniztasunaren Aldeko Emakume Ijito Feministen Elkarteko kideak ere hitza hartzeko aukera gabe gelditu dira. "Minduta" direla nabarmendu dute, eta ez dutela uste zinema jaialdiko antolatzaileen tratua "bidezkoa" izan denik. "Haiek deitu gintuzten; guk filmari buruz egindako kritikak ezagutzen zituzten, eta ontzat jo zuten gure iritzia zabaltzea beren jaialdian. Bigarrenez deitu gintuztenean, gure hitzak jada ez zuen deus balio. Guk parte hartzen bagenuen zuzendaria eta ekoiztetxekoak ez zirela joanen erran ziguten. Gonbidapena, beraz, bertan behera utzi zuten".

Ijito feministen elkarteko kide Carmen Fernandezenak dira hitzak. Elkarte horrek kritika egin dio Arantxa Etxebarriaren Carmen y Lola filmari. Bi emakume ijito lesbianaren arteko harremanaren berri ematen du lanak. "Ez gaude istorioaren aurka, ez gaude filmaren aurka, ezta zuzendariaren aurka ere. Etxebarriarekin bilera egin genuen lana zabaltzen hasi aurretik, eta orduan, jada, filmak bultzatzen dituen hainbat estereotipo bazter uzteko eskatu genion, ijitoen aurkako diskurtsoa sustatu bertzerik ez zutelako egiten".

Lanak estereotipoei eutsi diela salatu du Fernandezek. Kritika zorrotzena egin die, halere, Arantxa Etxebarriak filmari buruz egindako hainbat elkarrizketatan errandakoei. Etxebarriaren adierazpenen aurkako artikulu bat ere jaso zuten ijito feministek webgunean: Rebeca Santiago Herediak sinatutako Las gitanas no achantamos la muí izenburukoa. Lan horretan aipatzen da ijito feministek mahai gainean jarri nahi izan duten kritika nagusia: Etxebarriak ukatu izana emakume ijitoek ahots propioa dutela.

Zuzendariak erran du, zehazki, payoek eman behar dutela ijitoen egoeraren berri, haiek egin ezean inork ez duelako eginen. "Payo batek kontatu behar du, ijitoek ez dutelako ahotsik", erran du Etxebarriak elkarrizketa batean. "Haurtzat hartu, eta halaxe tratatu gaitu; Etxebarriaren mezua da emakume ijitoak ez gaudela boteretuta, eta bagaude. Gure borroka eskubide kontu bat da, ez karitatezkoa", erran du Fernandezek.

Carmen y Lola filma Iruñeko jaialditik at gelditu eta gero, gutun baten bidez azaldu du bere iritzia Arantxa Etxebarriak. NAFARROAKO HITZA harekin hitz egiten saiatu da, baina gutun horretan jasotakoaz harago, ez du bertzerik erran nahi izan. Etxebarriak zabaldutako idazkian nabarmendu du ijito feministekin mahai inguruan parte hartzeari ezezkoa eman ziola, eztabaida berekin kontsultatu gabe prestatu zutelako antolatzaileek. Zuzendariaren hitzetan, ijito feministen kolektibotik filmari buruz zabaldutako iritziak "suntsitzaileak eta iraingarriak" izan dira. Errespetua eskatu du Etxebarriak bere filmarentzat. "Patriarkatuaren eta matxismoaren aurka elkarrekin egin behar dugu lan, berdin payoen zein ijitoen munduan", erran du zuzendariak.

"Feminismo 'payoa'"

"Mundu berean bizi gara denak, payoak eta ijitoak. Gure elkartean era askotako emakumeak badira: irakasleak, antropologoak, saltzaileak, ikertzaileak... feministen hitzaldi anitzetara joan gara, eta emakume ijitoak inoiz ez dituzte aipatzen. Feminismo zuri eta payoak ez gaitu ordezkatzen. Guk argi dugu ezin duzula feminista izan arrazakeriaren aurka egiten ez baduzu", erantzun du Carmen Fernandezek.

Gaz Kalo Nafarroako Ijitoen Elkarteen Federazioak ere hartu nahi izan du hitza Carmen y Lola filmaren inguruan sortutako eztabaidan. "Gizartea anitza da, eta ijitoak ere bai. Ez gara herri homogeneo bat. Guri buruz hitz egin nahi duenak egin dezala, behintzat, umiltasunez", erran du Ricardo Jimenez presidenteak.

Gaz Kalo federazioko kide da Esmeralda Amador ere. "Min" egin dio Iruñeko zinema jaialdian gertatutakoak. Bereziki salatu nahi izan ditu, halere, ijitoei buruzko estereotipoak. Uste du Etxebarriaren hitzek estereotipo horiek nabarmendu bertzerik ez dituztela egin. "Emakume ijito guztiek gizonek erraten dutenari men egiten diogula saldu dute; nik bi seme-alaba ditut eta bananduta nago. Ikasi dut eta kanpoan egiten dut lan. Estereotipoen bidez ez gaituzte ezagutuko".

Gaz Kalo federazioko kideek bilera eskatu diote GITEri. Jaialdia amaitzeko zain dira egiteko. Eta GITEko kideek, hain zuzen, ohar baten bidez azaldu dute beren jarrera. Erran dute jaialdiaren asmoa dela emakume zuzendarien lana zabaltzea, eta, aldi berean, emakume anitzen errealitate sozialen berri ematea. "Bi asmo horiek bete nahi genituen filma emanez eta eztabaida eginez; lehendik ere ez zetozen bat zuzendaria eta elkarteko kideak, eta, ondorioz, ezinezkoa izan da egitea".

Bat-batekoari aitortza

Bat-batekoari aitortza

Kattalin Barber
Bertsolaritza da Nafarroan ongien gorde den eta azpimarragarriena den errepentismoa". Horrela aitortu du berriki Nafarroako Gobernuak, eta bertsolaritza Kultur Intereseko Ondasun izendatu du, ondare inmaterialaren kategorian. Albiste po...

Espetxea, hurbilago orain

Espetxea, hurbilago orain

Edurne Elizondo

San Roke karrikatik Santa Luzia-Soltxatera eraman zuten Iruñeko kartzela 2012. urtean. Hiri barnetik kanpoko aldera, alegia; Donibane auzotik herritarren begien bistatik at dagoen tokira. Begien bistatik kanpo, bai eta garraio publikoaren ibilbidetik at ere. Orain arte: administrazioak erantzuna eman dio azkenean Salhaketa elkarteak, presoek eta haien senideek behin eta berriz egindako eskaerari, eta taxi zerbitzua jarri du, hirigunea kartzelarekin lotzeko.

Maiatzaren 28tik dago martxan. Zehazki, Nafarroako Gobernuak, Iruñerriko Mankomunitateak eta Teletaxi elkarteak sinatu dute zerbitzua abian jartzeko hitzarmena. Oraingoz, azarora arte egonen da indarrean. Autobus geltokitik ateratzen da zerbitzua, eta zuzenean ailegatzen da espetxera. Itzultzeko bidean, berriz, bidaiariek bi tokitan dute jaisteko aukera: Nafarroa etorbideko 3. zenbakiaren parean, eta Olivako monasterioa kaleko 19. zenbakiaren parean. Bidaiak 0,70 euro balio du; hau da, billabesako bidaiaren prezio bera, txartela erabiliz gero. Taxia telefonoz eskatu behar da, hartu baino hamabost minutu lehenago, gutxienez, eta hiru ordu lehenago, gehienez.

"Hartu dut taxia, eta ez dago gaizki. Eskertzekoa da espetxeko atean hartu ahal izatea autoa, kartzela hiritik urrun baitago". Fran M. presoarenak dira hitzak. Hirugarren graduan dago Iruñeko espetxean, eta, kartzelan lo egiten duenean, 07:00etan ateratzen da biharamunean. Orain arte, hogei minutuko bidea egin behar izaten zuen oinez, Berriozarko billabesa hartu ahal izateko. "Hogei minutu, azkar joanda; okerrena buelta zen, halere, aldapan gora".

Eskertu du, beraz, taxia erabiltzeko aukera. Billabesa hartzen jarraitu behar du, halere, autoak uzten duen tokitik Barañainera joan behar baitu. Han bizi da. Orain arte, bi autobus hartu behar zituen espetxetik etxera ailegatzeko. "Ikastaro bat egiten ari naiz, eta beti egon behar dut erlojuari begira, alde batetik bertzera korrika".

Kartzelan, txanponekin funtzionatzen duen telefono kabina bat dute. Hori erabili behar dute preso direnek taxia eskatzeko. "Bertzela, gure sakelako telefonoa. Atera behar dugunean itzultzen digute. Espetxetik atera, eta orduan deitzen dugu. Izan ere, barruan direnek beti ez dute dirua poltsikoan, eta telefonoz deitzeko aukerarik gabe gelditzen dira anitzetan".

Fran M.-ren ustez, taxi zerbitzuak batez ere preso direnen senideei eginen die mesede. "Hori da garrantzitsuena. Zerbitzua jarri dute, eta espero dut ez dutela atzera eginen, ez dutela kenduko. Ez da atsegina udan emakumeak seme-alabekin ikustea, eguzkipean, espetxerako aldapa igotzen. Haientzat behar zen zerbitzua, batez ere".

Kontuan hartu gabe

"Hagitz garrantzitsua da taxi zerbitzua martxan jarri izana". Horixe nabarmendu du Salhaketako Libertad Francesek ere, argi eta garbi. Elkarte horrek gogor egin du lan hirigunea eta espetxea lotzeko zerbitzuaren alde. San Rokeko zentroa itxi aurretik ere, egungo azpiegitura proiektu bat bertzerik ez zenean, Salhaketak agerian utzi zituen komunikazioaren arloan zituen gabeziak. Kartzela egin zutenean, ordea, gabezia horiek konpontzeko neurririk ez zuten hartu. "Argi dago ez dutela garraioa kontuan hartu espetxea egiterakoan; autobus batek buelta eman ahal izateko espaziorik ez dute utzi, adibidez", salatu du Francesek.

2012. urtean espetxe berria inauguratu zutenean, Salhaketako kideek modu ofizial batean helarazi zizkioten administrazioari ordura arte agertutako kezkak. Ez elkarte horrek bakarrik. "Bertze hainbat erakunderen babesa jaso genuen, bai eta 1.100 norbanakoren sinadurak ere. Zehazki, hamar elkartek sinatu genuen hirigunea eta kartzela lotzeko garraio zerbitzu baten alde".

Orain arte, Berriozarko edo Orkoiengo billabesak hartzea zen autorik gabe espetxera joateko edo handik ateratzeko aukera bakarra; hau da, gutxienez hogei minutu oinez. Ordu erdi, Orkoiengo billabesaren kasuan. Salhaketako kideek billabesa zerbitzua nahi zuten kartzelaraino, eta hori eskatu dute 2012tik Iruñerriko Mankomunitatearekin eta Iruñeko Udalarekin egin dituzten bileretan. "Garestiegia omen da aukera hori, eta horregatik egin dute taxiaren alde", azaldu du Libertad Francesek. Erantsi du halere Salahaketak billabesa eskatzen jarraituko duela.

Bitartean, elkarteak lehentasuntzat jo du egun martxan dagoen taxi zerbitzuaren berri zabaltzea, herritarrek erabil dezaten. "Ez dugu lortutako hori galdu nahi", erran du abokatuak. Egungo zerbitzuak bi ezaugarri "garrantzitsu" dituela nabarmendu du Francesek, gainera. Batetik, administrazio publikoak bere gain hartu duela zerbitzua eskaintzeko ardura, eta garraio publikoaren txartelaren salneurri berean eman duela; bertzetik, ez duela zerbitzu berezi gisa antolatu. "Hau da, herritar orok erabil dezake; ez da bakarrik presoentzako edo beren senideentzako zerbitzu bat. Hori ontzat jo dugu, bertzela egin izanak bazterketa ekarriko zukeelako", erran du Salhaketako kideak.

Zerbitzua eskertu du elkarteak, baina azaldu du badela zer hobetu ere. Libertad Francesek azaldu du, hain zuzen ere, ordutegiak ez dituela behar guztiak kontuan hartzen. "Autobus geltokitik 21:30ean ateratzen da azken taxia, adibidez; Gizarteratzeko Zentroan 22:00etan sartu behar dutenentzat egokia da ordutegi hori; ez, ordea, 23:00etan sartu behar dutenentzat. Horiek zerbitzurik gabe geldituko dira. Senideen bisita ordu guztiak ere ez ditu hartzen zerbitzuak", azaldu du Francesek. Salhaketako kideek gaizki daudenak konpon ditzaten eskatzen jarraituko dute; billabesa zerbitzua eskatzen ere bai. Lortu bitartean, taxi zerbitzua erabiltzeko eskatu diete herritarrei. Orain hurbilago dago, behintzat, espetxea.

Abiapuntu eta helmuga

Abiapuntu eta helmuga

Kattalin Barber

Iruñeak ez zuen euskaraz idatzitako libururik". Horixe nabarmendu du Roldan Jimeno historialariak. Ez zuen. Baina orain badu. Iruñeko Udalak lehenbiziko aldiz argitaratu du Iruñeko historia euskaraz kontatzen duen liburu bat: Iruñeko historia. Hiriaren ibilbidea historian barna. Euskara da abiapuntu eta helmuga. Jimenok azaldu du lanak balio handia duela, "Iruñeak behar zuelako euskaraz idatzitako liburua".

32 adituren ahotsak jaso dituzte liburuan, tartean hainbat historialari eta ikertzailerenak, bai eta kazetaritza, soziologia, pedagogia, filologia eta biologia arloetako zenbait profesionalenak ere. Antzinarotik aro garaikidera arte, Nafarroako hiriburuaren historian ibilbidea egitea proposatzen du lanak; hain zuzen ere, 2016. urtera arte.

Iñaki Azkona Iruñeko Udaleko euskara koordinatzailearekin batera egin ditu Jimenok koordinazio lanak. Liburuaren jatorria azaltzeko, historialariak 2002. eta 2003. urteetara egin du jauzi, udalak eta Nafar Ateneoak urte hartan antolatu baitzituzten hiriko historiaren euskarazko ziklo monografikoak. "Nolabait, historialari euskaldunen topaketak izan ziren, eta, aurrenekoz, Iruñeko historia euskaraz aztertu zen". Jimenok gogoan du oso arrakastatsuak izan zirela, aurreneko aldiz zuzenean euskaraz idatziak zirelako historiako garai ezberdinetan adituak ziren hainbat lagunek aurkezturiko lanak. Halaber, "euskararen erabilera maila akademikoan hartzen ari zen indarraren erakusle" izan ziren.

Horren ondotik, bildutakoa argitaratzeko xedea izan zuten, baina asmo hori, arrazoi ugari direla medio, ez zen gauzatu, eta liburuak ez zuen argia ikusi. Gobernu aldaketa iritsi arte "ez zen posible izan". Hamasei urte ordenagailuetan gorderik igaro ostean, orain Iruñeak badu euskaraz idatzitako bere historiaren liburua. "Gainera, ez da edozein historia liburu", zehaztu du Jimenok. "32 espezialistak idatzi dituzte testuak, eta ikuspegiak askotarikoak dira; liburuak historiaren ikuspegi guztiak edo ia guztiak hartzen ditu barnean".

Hainbat ikerlari eta adituren artikuluen bitartez, jakintza arlo eta ikuspuntu ezberdinak hartu dituzte abiapuntu geografiaren, politikaren, gizartearen, hizkuntzaren eta kulturaren bilakaera aztertzeko; hiriaren historiari errepasoa egiteko.

Orduko txostenak berreskuratu, eguneratu eta hiriaren ikuspegia zabaltzen duten beste hainbat lanekin osatzea izan da aurreneko ahalegina. Iruñeko historia aztertzeaz gain, testuek euskara, literatura, artea eta emakumeen hiria jorratu dituzte. "Hutsuneak osatzeko ahalegina egin dugu hiru urte hauetan; batzuk gazteleraz idatziak dira, baina gehienak euskaraz sortuak dira".

Euskarazko testua izaki, euskararen beraren eta Iruñeko euskaldunen historiari buruzko testuak ditu argitalpenak. Besteak beste, Iruñeko euskarazko literatura eta hiriko euskarari buruzko artikuluak egin dituzte Enrike Diez de Ultzurrun Sagalak, Ekaitz Santaziliak, Irene Lopez-Goñik, Eneko Zuloagak eta Juan Karlos Lopez-Mugartza Iriartek. "Harro gaude egindakoarekin, orain arte ez baita egin honen moduko lan mardulik; garrantzitsua da, bai euskararen ikuspegitik, eta baita 32 ahots jasotzen dituelako ere".

Zuzenean euskaraz sortua izatea eta adituen ikuspegi diziplinartekoa dira liburuaren balioak. Bide horretan, Jimenok uste du liburua "eredu" izan daitekeela Euskal Herriko hiri nagusienen historiak osatzeko. "Euskal Herriko hirien historia egiteko".

Joxemiel Bidadorri eskainia

Joxemiel Bidadorrek parte hartu zuen 2002. eta 2003. urteetako jardunaldietan, eta liburuak haren lan argitaragabea jasotzen du. Bidadorrek Iruñean euskaraz argitaraturiko liburuen historia ikertu zuen preseski bere ponentzian. 2010ean zendu zen historialari eta hizkuntzalari iruindarra, eta hari eskaini diote liburua. "Omenaldi moduko bat egin nahi izan diogu, eta oso hunkigarria izan da bere lana berreskuratzea eta argitaratzea".

Era berean, Jose Maria Jimeno Jurioren testu klasiko bat berreskuratu dute:, hiriak izan dituen izendapenen inguruan hark egindako artikulua, euskarara itzulita. Bilduma osatzen duten eduki nabarmenen artean, halaber, Ana Diez de Ureren Iruñeko emakumeen historia dago, bai eta NUPeko ikerlari diren Emilio Majuelo Gilek, Gemma Pierolak, Nerea Lopez Ibarrolak, Gotzon Garmendia Amutxastegik eta Fernando Mendiolak 1936ko gerraren inguruan Iruñean izan zen errepresioari buruzko testua ere. Iruindarren historiaz, hiriak sortu duen literaturaz, memoria historikoari lotutako gaiez, hiriaren garapen urbanistiko zein demografikoaz eta euskarari buruzko gaiak biltzen ditu liburuak.

Beldurra, ordenari eusteko

Beldurra, ordenari eusteko

Edurne Elizondo

Iaz bete zen mende bat Errusiako iraultzaile sozialistek gobernuaren egoitza zen Neguko Jauregia hartu zutenetik, eta gizateriaren historiak ordura arte inoiz ikusi gabeko antolaketa politiko, sozial eta ekonomiko bati hasiera eman ziotenetik: estatu sozialista, langileen estatua. XX. mendea baldintzatu zuen gertakari historikoa izan zen.

Ordukoak Nafarroara ekarri ditu Josemi Gaston historialariak No estamos para bailes rusos. La 'buena prensa' navarra ante la revolución bolchevique (1917-1923) izenburuko liburuan (Txalaparta, 2018). Nafarroan Errusiako gertakarien berri nola eman eta zabaldu zen jorratu du, zehazki. Mezu nagusia argia da: "Boltxebikeak mehatxu bilakatu zituzten herrialdeko eliteek, eta mehatxu hori erabili zuten, beldurraren bidez, ordenari eutsi ahal izateko".

Emilio Majuelok zuzendutako Historia bildumaren barruan eman du Txalapartak Gastonen azken liburua, eta Majuelok berak egin dio hitzaurrea lankideari. Majuelo lagun izan du egileak aurkezpenean ere. "Gai mamitsua landu du, Errusiako Iraultza izan baita XX. mendeko historiaren elementu nagusia", erran du Majuelok. Nabarmendu eta eskertu du Gastonek begirada atzera bota izana, Errusiako Iraultzaren ingurukoen berri emateko eta orduko gertakariak erabiltzeko moduak ere izan zuelako eragina ordutik aurrera jazo zirenetan. "Eskuin kontserbadoreak beti egin du gauza bera: beldurrarekin jokatu eta erantzun du jendeak karrikak hartu dituenean aldarrikatzeko".

Txalapartako editore Jon Jimenezek ere txalotu du Gastonek denboran atzera egiteko eta Errusiako Iraultzaren ondokoak dagokien testuinguruan jartzeko egin duen ahalegina. "Memoria historikoaren ikuspegia txertatu dio liburuari, 1936ko gertaerak ardatz hartuta, batez ere. Gastonek helburutzat hartu du 1936koa ekarri zuen testuingurua azaltzea, denboran atzera eginez".

Egileak 1917tik 1923ra bitarteko epea landu du, bereziki, No estamos para bailes rusos liburuan, eta, Errusiako Iraultzak Nafarroan izan zuen oihartzuna jorratzeko, oinarri izan du orduko prentsa onak argitaratu zuena. Zehazki, Diario de Navarra eta El Pensamiento Navarro egunkariak landu ditu Gastonek.

"Prentsa katolikoa eta orduko ordenari lotutakoa" da prentsa on deitutako hori. "Kontzeptu hori ez da ordukoa, lehenago sortu zuten, baina Errusiako Iraultzaren garai hartan bere egin zuten esamolde hori kontserbadoreek, boltxebikeen kontra piztu zuten erredentzio gurutzada aurrera eramateko", azaldu du egileak.

"Hainbat kontutan iritzi eta jarrera ezberdinak eta kontrajarriak izan arren, helburu horretan bat egin zuten, argi eta garbi", erantsi du Gastonek, aztertu dituen bi hedabide horiei buruz, eta argi utzi du ezberdintasunak ez zirela azalekoak: "Proiektu politiko, sozial eta ekonomiko kontrajarriak defendatzen zituzten, baina bat egin zuten mamu gorriaren aurkako kanpaina manikeoak bultzatzeko", berretsi du historialariak.

Finean, iraultzaren kontrako diskurtso bat osatzeko bat egin zuten hedabideok eta haien atzean zeuden eliteek.

Gatazka, bai, baina mugatua

"Eliteek Errusiako Iraultzaren aitzakia baliatu zuten kontrairaultza bultzatzeko". Diskurtso hori ez zela berria azaldu du Gastonek, eta 1789. urteko Frantziako prozesu iraultzailearen aurkako kritikak oinarri hartu zituela nabarmendu du. "XIX. mende osoan eguneratzen joan ziren diskurtso hori, Europan piztutako prozesu iraultzaileei erantzuteko". 1917an, Errusiako Iraultzak eztanda egin zuenean, XIX. mendeko diskurtsoak berreskuratu zituzten: "Beldurra eta kontakizun apokaliptikoak mahai gainean jarri zituzten, berriz ere; asmoa argia zen: gizartea menperatzeko prozesuan urrats bat aurrera egitea".

Nafarroako orduko gizartea ongi ezagutzen du Gastonek, hainbat lanetan jorratu baititu ordukoak, bai eta lehenagokoak ere. Bat egin du Emilio Majuelok nabarmendu duen ideiarekin: "Mamu gorria astindu zuten, herrialdea komunistaz beteta zegoela errateko; baina ez zen egia, komunistarik ez zen".

XX. mende hasierako errealitatea zein zen azaldu du historialariak: "Gatazka soziala egon bazegoen, batez ere komuneroek lurrari lotuta eragindakoa; baina mugatua zen gatazka horren oihartzuna. Langileek sortutako elkarteak ere egon bazeuden, baina mugatua zen mugimendu horren oihartzuna ere. Mugimendu xumea zen, eta, batez ere, izaera erreformistakoa".

Orduko eliteek eta haientzat lanean ari ziren hedabideek errealitate horren berri bazutela argi du Gastonek; hau da, ezagutzen zutela zegoen gatazka sozialaren neurria mugatua zela, baina, hala eta guztiz ere, "beldurraren bandera astindu" zuten, beren iraultzaren aurkako diskurtsoa osatzeko, eta beren esku zuten sistemaren gaineko kontrola areagotzeko. Diskurtso hori bera baliatu zuten gerora ere, bertzeak bertze, 1936an.

"Burgesiaren beldurra psikosi kolektibo bilakatu zuten, eta, haren bidez, eskubideak mugatzea eta indarkeria erabiltzeko aukera ere justifikatu nahi izan zituzten", berretsi du Gastonek, bere liburuan jasotako tesiari buruz. 300 orrialdeko lana osatu du historialariak, atzera begiratuz, egungoak ere hobeki ulertu ahal izateko.

Pentsatu, botoia sakatu baino lehen

Pentsatu, botoia sakatu baino lehen

Edurne Elizondo
Botoia sakatuz gero, ez dago atzera egiteko aukerarik". Horixe erran du Bego Zestauk, sare sozialen bidez zabaltzen diren zurrumurruei buruz. Zaska sareko kide da Zestau, bertze hamaika norbanakorekin, gizarte talderekin eta erakunderek...

Isildu nahi ez dutenen ahotsa

Isildu nahi ez dutenen ahotsa

Edurne Elizondo

Harrotasun eroaren eguna izan da igandekoa. Lehendabizikoz antolatu dute dibertsitate mentala eta sufrimendu psikosozialeko esperientziak izan dituztenek. Manifestazioa egin zuten, larunbatean; igandean, aldarrikapena bestarekin nahastu zuten, eta kontzertuak eta bazkaria antolatu zituzten. Parte hartzaileen artean izan zen Sergio Saldaña Soto (Iruñea, 1976). Duela bost urte, Tengo trastorno bipolar izenburuko liburua argitaratu zuen; asteon, berriz, Dicen que tengo trastorno bipolar, reflexiones sobre mi locura aurkeztu du. "Ilusioak galdu, eta esperantzak irabazi ditut. Helduagoa naiz orain. Nork berea du kontatzeko, eta nik nire esperientzia ekarri nahi dut eztabaidara".

Dibertsitate mentalari buruzko eztabaidaz ari da Saldaña Soto; zehazkiago erranda, dibertsitate mentala artatzeko moduei eta psikiatriaren ereduei buruzkoaz. Harrotasun eroaren egunaren gisako ekinaldiak erakusten ari dira buruko osasuneko zerbitzuetako erabiltzaileak urratsak egiten ari direla boteretzeko, eta, Saldaña Soto bezala, ahalegina egiten ari direla nork bere bizipena kontatzeko. Ahalegin eta ahalduntze prozesu horren adierazgarri dira, adibidez, Nafarroan lanean ari den Mejorana elkartea, bai eta talde horrek berak bultzatuta sortu duten Nafarroako Giza Eskubideen eta Buruko Osasunaren Plataforma ere.

"Gizarteak, nahi ez badu ere, errateko duguna entzun beharko du. Ez dago atzera bueltarik. Nork berea kontatzen duenean, kontakizun horrek badu balio erantsia", nabarmendu du Saldaña Sotok. 1994. urtean egin zioten diagnostikoa: nahasmendu bipolarra. Duela bost urte argitaratu zuen bere lehendabiziko liburuan, honela azaldu zituen bere helburuak: "Nire bizipenak partekatu nahi izan ditut. Nire esperientziatik abiatuta, nahasmendu bipolarra zer den kontatzeko. Dramatismorik gabe. Ez dugu biktima bilakatu behar. Nire liburua ez da gaitzari buruzko tesia. Nik kontatzen dut nire nahasmendu bipolarra zer den".

Autokritika

Oraingo bigarren liburuan, bere buruari egin dio kritika, lehenik eta behin. "Lehendabizikoan erabili nuen umorea, adibidez, bazter utzi dut". Ez da damutu argitaratu izanaz, baina jendaurrean bere esperientzien berri zabaldu izanak "ondorioak" izan dituela aitortu du: "Espero nituen. Ezusteko anitz hartu dut; haietako anitz onak, eta batzuk txarrak". Emaitza, oro har, "ontzat" jo du, dena den: "Liburuak nik uste baino anitzez ere bide luzeagoa egin du. Hamaika aurkezpen eta hitzaldi egin nituen, eta hedabideek ere nik nahi nuen bozgorailua eskaini zidaten", azaldu du egileak.

Dibertsitate mentala dutenen ahotsak entzuteko "beharra" dagoela argi du Saldaña Sotok, eta, horregatik, "txalotu eta eskertu" egin du Mejoranaren gisako elkarteak egiten ari diren lana. Los Perro Verde, Kataluniako ActivaMent eta Asturiasko (Espainia) Hierbabuena ere aipatu ditu.

Dibertsitate mentala dutenen bultzadak "erakundea" du aurrean. Horixe erantsi du. Aspaldiko inertziek psikiatriaren esparruan duten indarra nabarmendu du, batetik, eta, bertzetik, profesionalen eta erabiltzaileen artean sortzen diren "botere harremanak" bazter uzteko zailtasunak badirela. Hala eta guztiz ere, urratsak egiten ari direla uste du, eta egoera, jada, ez dela berak diagnostikoa jaso zueneko garaikoa bezalakoa. "Ezta duela bost urtekoa bezalakoa ere". Nafarroan, Jose Antonio Intxauspe eta Mikel Valverde psikiatrak egiten ari diren urratsak nabarmendu ditu Saldaña Sotok. "Bertze eredu baten alde ari dira, eta haiek erraten dutena estatu osoko erakundeetan ari dira entzuten. Poliki, baina bagoaz aurrera".

Gizarte osoak egin behar du aurrera, idazleak erantsi duenez. Batetik, "ezberdintasunari zor zaion errespetuak" gizarte hobe bat ekarriko duelako; eta, bertzetik, OME Osasunaren Mundu Erakundeak zabaldutako datuen arabera populazioaren laurdenak izanen duelako "sufrimendu mentala". Gaur estigmak ezarritako marraren alde batean dagoena bertzean egon daiteke bihar.

Nork bere buruari ezarritako estigma ere aipatu du Saldaña Sotok. "Argi dut boteretuko nauen ikuspegi batetik egin behar dudala lan, eta, horretarako, bide bat da estigma horren alde erabili izan diren hitzak gure egitea; ero hitza, adibidez". 5 urteko semea du Saldaña Sotok. Hari eskaini dio bigarren liburua. Bere "motorra" dela nabarmendu du. Ezberdina errespetatzen irakatsi nahi dio idazleak semeari. Helburu horrekin lotu du asteon aurkeztutako lana, hain zuzen. Hitz egin nahi du; berea kontatu. Nahi duen aldaketa eragiteko.

Kontakizunak dituen hutsuneak betetzeko

Kontakizunak dituen hutsuneak betetzeko

Edurne Elizondo

Kanpo. Estatuaren indarkeriari buruzko kontakizunetik at gelditzen da migratzaileen kontrakoa. Horixe nabarmendu eta salatu du SOS Arrazakeriak, Iruñean egindako mahai inguru batean. Jeanne-Rolande Dacougna arrazakeriaren aurkako ekintzaile feministak, Oihana Barrios psikologoak eta Josu Chueca historialariak hartu dute hitza ekinaldian.

SOS Arrazakeriako kideek mahai gainean jarritako gogoeta izan dute hiru parte hartzaileek abiapuntu. Gogoeta hori laburbildu dute erakundeko ordezkari Ainara Santakiteriak eta Javier Indurainek: "Migratzaileek bidea hasten duten unetik sufritzen dute indarkeria; Europan, haien kontrako indarkeria egiturazkoa da, eta publikoa: kongresuan onartzen dituzte indarkeria horri bide ematen dioten legeak eta arauak. Indarkeria hori ikusten dugu, egunero, hedabideetan. Zergatik onartzen dugu ? Zergatik ez ditugu indarkeria horren biktimak aipatzen estatuaren indarkeriaren biktimei buruzko kontakizunean?".

SOS Arrazakeriako kideek egindako hausnarketak Europa osoko gizartea interpelatzen du. Baita Euskal Herrikoa ere. "Egia, justizia eta erreparazioa eskatzen ditugunean, migratzaileentzat ere galdegin behar ditugu", berretsi du Indurainek. Bat egin du Josu Chuecak, eta historiatik, memoria historikotik heldu dio erronka horri. 1936ko gerran sortutako kontzentrazio esparruak jorratu ditu Chuecak, bertzeak bertze, eta esparru horiekin lotu ditu, zuzenean, gaur egun migratzaileak ixteko erabiltzen diren CIE atzerritarrentzako zentro itxiak eta CETI etorkinak behin-behinean hartzeko zentroak. "1936ko esparruetan txarrantxa erabiltzen zuten; egungo zentroetan eta mugetan, berriz, kontzertinak. Historiaren haria arantzaduna da", erran du Chuecak.

Historialariak argi eta garbi erran du Europakoa migrazio mugimendu handiekin lotutako historia dela. "Milioika europar mugitu dira toki batetik bertzera". Eragozpenik gabekoak izan ziren mugimendu horiek, urte luzez. "AEBetan, 1920ko hamarkadan hasi ziren migratzaileen sarrerari mugak jartzen". Europan "paradoxa" bat gertatu zela erantsi du Chuecak: "Berlingo harresia eta bloke komunista erori eta gero, egungo gotorleku bilakatu zen Europa".

Hainbat datu aipatu ditu historialariak errealitate horren adierazgarri: Europak 525 milioi biztanle ditu, eta haietako 3,6 milioi dira errefuxiatuak; Turkiak 79,5 milioi biztanle ditu, eta 3,1 milioi errefuxiatu. Libanok, berriz, sei milioi biztanle, eta milioi bat errefuxiatu. Europako Batasunak migrazioa kontrolatzeko ezartzen dituen politiketan Turkiak edo Marokok duten ardura nabarmendu eta salatu du Jeanne-Rolande Dacougnak, hain zuzen ere: "Europak kanpora eraman ditu bere mugak, eta kanpoko muga horiek zaintzen dituztenak migratzaileen aurkako indarkeriaren laguntzaile dira. Migratzaileentzat gero eta zailagoa da Europara ailegatzea".

Migratzaileek sufritzen dute indarkeria; bai eta haien senitartekoek ere. Tarajal auzia jarri du adibide Dacougnak. Nafarroako Parlamentuak gonbidatu arren, bisa ukatuta, ez diete etortzen utzi 2014ko otsailaren 6an Ceutako mugan (Espainia) hildako migratzaileen familiei. "Estatuaren biktima dira, eta beren senitartekoei haien gorputzak identifikatzeko eta lurperatzeko aukera ere ukatzen zaie. Familienganako krudelkeria muturrekoa da", erran du Dacougnak.

Emakumeen aurka

SOS Arrazakeriako kideen hitzak bere egin ditu ekintzaile feministak, eta nabarmendu du migratzaileen aurkako neurriak "legezko" izateak ez duela erran nahi bidezkoak direnik: "Legez onartutako neurriak direnez, ordea, haien bidez ezartzen den indarkeria normalizatu egiten dute, neurri batean".

Estatuaren indarkeriak hamaika aurpegi dituela erantsi du Dacougnak: "Atzerritarren Legea, CIE zentroak, polizien indarkeria...". Indarkeria hori salatzeko, migratzaileek dituzten mugak jarri ditu agerian ekintzaileak: "Salatzea zaila da haientzat, eta salatzen dutenean ere, justizia jasotzeko aukerak hagitz urriak dira. Horrek areagotzen du migratzaileon babesgabetasun sentsazioa. Sistemaren zigorgabetasuna nabarmena da".

Emakumeen aurkako indarkeria bereziki aipatu nahi izan du Dacougnak; batetik, egoera "are zaurgarriagoan" daudelako, eta, bertzetik, salatzen dutenean, sistemak ez duelako sinesten erraten dutena. "Egiturazko zaurgarritasuna ekartzen du horrek guztiak".

Gizarte mugimenduek duten ardura nabarmendu nahi izan du Dacougnak, bertzalde. "Migratzaileak, oraindik ere, ez dira hiritar. Are gutxiago beltzak badira. Beltza bazara, beti kanpotar gisa hartzen zaituzte. Gizarte mugimenduek ere badute zer hobetu horretan, diskurtso arrazistei mesede egiten dietelako batzuetan".

Oihana Barrios psikologoak ere gizarte mugimenduei egin die so, eta nabarmendu du migratzaileekin elkarlanean aritzeko espazioak falta direla, oraindik ere. "Gauzak egiten ditugu, baina haiek falta dira; ez ditugu behar diren loturak sortzen, ez ditugu espazioak eta eztabaidak partekatzen".

Migratzaileen aurkako indarkeria gertutik ezagutu du Barriosek, Torturaren Aurkako Koordinakundeko kide gisa hainbat pertsona artatu baititu. "Indarkeriak utzitako arrastoa sakona da. Hamaika traumak egiten dute bat". Barriosek argi du: "Denen artean egin behar dugu denen giza eskubideen alde".

Aldi baterako habiak

Aldi baterako habiak

Kattalin Barber
Guraso biologikoek haien kargu egiterik ez, eta 158 adingabe bizi dira Nafarroan harrera zentroetan, harrera familia baten premian. Oinarrizko behar guztiak beteak dituzten arren, etxe baten goxotasuna eta familia baten berotasuna falta...