gaiak

Zientzian alfabetatzeko

Zientzian alfabetatzeko

Edurne Elizondo
Zientzia, teknologia eta gizartea. Harreman estua dago hiru esparruon artean, eta agerian gelditzen da, nabarmen, uraren inguruko gatazketan. Nafarroan, hainbat daude mahai gainean: adibidez, Itoizko urtegia eta azpiegitura horri lotuta...

Espekulazioaren aurkako errentariak

Espekulazioaren aurkako errentariak

Edurne Elizondo

Bat egiten badugu, eragiteko indar handiagoa izanen dugu". Horixe nabarmendu dute Bartzelonako Maizterren Sindikatuko kideek, Iruñean. Nafarroako hiriburuan aurkeztu dute iazko maiatzean Katalunian sortutako elkarte hori, eta "hagitz larritzat" jo dute etxebizitzaren arloan gertatzen ari dena: "Espekulazioa da nagusi; legeak ez dio inolako mesederik egiten alokairuan bizi denari. Bigarren mailako herritarra da".

Bartzelonako maizterrak hiriz hiri ari dira sortu duten sindikatua aurkezten. Tokian tokiko elkarteak martxan jartzea dute helburu. "Gu laguntzeko prest gara", erran die Lourdes Garcia kideak, Iruñeko aurkezpenean bat egin dutenei. "Beharrak" eraginda jarri dute sindikatua martxan. "Gure eskubideen defentsan eraginkorrago izateko asmoz", erantsi du. "Zenbaitetan, nahikoa da eskaera zehatz bat nola bideratu jakitea; bertze anitzetan, bat egiteak eta anitz izateak emanen digun indarra dugu helburu, denon interesak defendatu ahal izateko".

Bartzelonako egoera "beltz" ikusten dute sindikatuko kideek, eta han gertatzen ari dena "zabaltzen" joanen dela uste dute. "Turistentzat bideratutako etxebizitzak; ezkutuan gertatzen ari diren etxegabetzeak; kontratuak berritzeko zailtasunak... Maizterrak dena du kontra", nabarmendu du sindikatuko kide Enrique Lahozek.

Espainiako Konstituzioa jarri du Lahozek mahai gainean: "Denok dugu gogoan etxebizitza duin eta egoki bat izateko eskubidea jasotzen duela; ez gara oroitzen, ordea, bigarren zatiaz, konstituzioak aipatzen baitu espekulazioaren aurka eginen dutela botere publikoek. Gaur egun, ordea, kontrakoa gertatzen da. Etxebizitza duin bat izateko eskubidea ez da bermatzen, eta sistemak espekulazioaren bidetik jotzen duenaren alde egiten du", nabarmendu du sindikatuko ordezkariak.

2013ko Hiri Alokairuen Legea jarri dute mahai gainean Bartzelonako Maizterren Sindikatuko kideek. "Etxebizitza baten alokairuan bi alde daude; lege horrek, ordea, bietako baten interesak baino ez ditu kontuan hartzen, jabearenak alegia".

"Gure helburua argia da: maizterren eskubideak defendatu nahi ditugu, jabeen gehiegikerien aurrean", berretsi du Garciak. Zehaztu du legeak, bereziki, "jabe handiei" egiten diela mesede; inbertsio funtsen atzean bat egiten dutenei, bertzeak bertze. "Horien atzean, azken finean, bankuak daude". Erantsi du "jabe txikiek" handiek ezarritako "arauak aprobetxatzen" dituztela.

"Jabeek ezarritako arau horiek ekarri dute, adibidez, kontratuak hiru urtekoak izatea, eta berritu ahal izateko dirutza ordaindu behar izatea", azaldu du Garciak. Sindikatuan artatu duten pertsona baten kasua jarri du mahai gainean. "Hiru urte pasatuta, 800 euroko alokairua 900 eurora igo nahi diote. Okerrena da berritzeko 6.000 euro baino gehiagoko bermea eskatzen diotela", salatu du, gogor. Anitzetan kontratuak sinatzeko sei hilabeteko bermea eskatzen dutela erantsi du. "Nork ordaintzen ahal du hori?".

Bartzelonan, alokairuan bizi direnek, batez beste, beren diru sarreren %40-45 erabiltzen dute etxebizitza ordaintzeko. "Gazteen artean, %65. Ez da bidezkoa", nabarmendu du Lourdes Garciak. "Ez genuke kobratzen dugunaren %30 baino gehiago bideratu beharko alokairua ordaintzeko".

Etxebizitza publikoak

Etxebizitza publikoak behar dira. Mezu hori nabarmendu nahi izan dute Bartzelonako Maizterren Sindikatuko kideek, Iruñean. Egoera ez da "batere ona" Kataluniako hiri horretan, azaldu dutenez: "%2 baino ez dira". Europako bertze hainbat herritan egoera hagitz bertzelakoa dela gaineratu du Lahozek: "Alemanian, adibidez, etxebizitza publikoak dira %40. Horrek erran nahi du etxebizitza horien alokairu prezioak ez dituela merkatuak kontrolatzen, administrazioak baizik". Bidea hori dela argi dute sindikatuko ordezkariek.

Administrazioarekin, hain zuzen ere, zer egin badela uste dute sindikatuko kideek. Administrazioarekin eta jabeekin batera egon nahi dute maizterrek etxebizitzari buruz erabakitzeko eta negoziatzeko mahaietan. "Eragile izan nahi dugu etxebizitzaren esparruan", zehaztu du Garciak.

Eragile, errentarien alde egiteko. Bide horretan bertzelako neurriak hartzeko aukera ez dute bazter utzi nahi, bertzeak bertze, grebarena. Hau da, alokairua ez ordaintzeko grebarena. "AEBetan eta Italian egin dituzte gisakoak. Bat egitea da halakoetan gakoa. Aukera hor dago". Iruindarrekin bat egitera etorri dira sindikatuko kideak Nafarroara. Sarea zabaltzera.

Ziurgabetasunak harrapatuta

Ziurgabetasunak harrapatuta

Edurne Elizondo
Herri bat direlako sentimendu sakona. Askatasunaren aldeko aldarri ezin isildua. Gauzak aldatzeko gogoa. Eta, hala ere, frustrazioa. Ziurgabetasunak eragindako frustrazioa. Horixe da Tindufeko kanpalekuetan (Aljeria) bizi diren gazteen ...

Bidean bat egiteko

Bidean bat egiteko

Edurne Elizondo
Egiturazko aldaketa proposatzen du feminismoak, eta euskalgintzak ere horixe behar du euskararentzat". Euskal Herriko Bilgune Feministako kide Miren Aranguren Etxarterenak dira hitzak. Gehiago erran zuen, duela astebete, AEK-k antolatut...

Hamaika aukera 11 egunetan

Hamaika aukera 11 egunetan

Eider Goenaga Lizaso

Esteribarren egin zuten, besteak beste, joan den urtarrilean, eta, datorren astelehenean, berriz, hilaren 19an, Lakuntzan eginen dute: Euskaraldia aurkeztuko dute Sakanako herritarren aurrean, lanean hasteko asmoz. Euskaraldiak erronka bat jarri du mahai gainean, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, 11 egunez, Euskal Herri osoan, ahal den herri gehienetan eta ahal den guztietan euskaraz egiteko.

Baina zer gertatzen da euskara nagusi den herrietan? Kezka horrekin, eta euskararen erabileran datu onak dituzten herrietarako, hain zuzen ere, Hamaika egun baino hamaika aldiz gehiago proposamen osagarria landu du Uemak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak.

"Guk beti aldarrikatu dugu udalerri euskaldunek egoera soziolinguistiko berezia dutela, eta horrek politika propioak eskatzen dituela. Oraingo honetan ere, guk ikusten genuen Euskaraldia ezin zela herri guztietan modu berean landu", azaldu du Miren Segurola Uemako koordinatzaileak.

Uemako kide diren herri guztietara bidalia dute proposamen osagarria. Nafarroan hamahiru udalerri dira Uemako kide: Araitz, Arantza, Arbizu, Areso, Basaburua, Baztan, Bera, Etxalar, Etxarri Aranatz, Goizueta, Igantzi, Larraun eta Leitza. Segurolak argitu du herri bakoitzak erabaki behar duela proposamenari eutsi edo ez, eta Ueman ez dauden herrietan ere erabaki dezaketela proposamen horri kasu egitea.

"Hau proposamen bat da, proposamen irekia eta malgua. Herrietako batzordeek ikusi beharko dute nolako indarra duten, noraino irits daitezkeen, honi eusteko modua duten ala ez, guk planteatutako 11 arloak landu edo hautaketa bat egin nahi duten...", azaldu du.

Argi ikusten duten moduan gune euskaldunetan eta gune ez-euskaldunetan lanketa ezberdin egin behar dela, Segurolak dio ez dela gauza bera herri txikia edo handia izan. "Zenbait herritan —batez ere, herri txikietan eta %80-90etik gorako erabilera dutenetan— beste pauso bat eman behar zela ikusten genuen, ez zela nahikoa 11 egunez euskaraz bizitzearekin konformatzea", aipatu du Uemako koordinatzaileak.

Hala, Euskaraldiak testuingurua jarri duela eta Euskal Herri osorako proposamena dela kontuan izanda, Uemak beste lanketa bat planteatu du herri euskaldunetan. Horretarako, 11 arlo identifikatu dituzte: etxea; lantokia; hedabideak; Internet, sareak eta telefonoa; zerbitzuak eta merkataritza; zerbitzu publikoak; kalea; kultura; aisialdia; fakturak, kontratuak; eta Ezina ekinez egina deitutakoa. "Euskaraldiaren egun bakoitzeko arlo bat identifikatu dugu. Eta arlo bakoitzak aukera ematen du hamaika hausnarketa egiteko, hamaika hutsune eta hamaika aukera bilatzeko, eta hamaika proposamen egiteko". Herri bakoitzak erabakiko du arlo bakoitza nola landu; Uemak helburu batzuk eta egiteko batzuk zehaztu ditu, gogoetarako gai batzuk, eta baita jardunerako ideiak ere. "Herriaren ezaugarrien arabera, batzordeetan elkartzen den jende kopuruaren arabera, indarraren arabera, bakoitzak ikusiko du nola landu. Egunean gai bat landu daiteke, azaletik, edo arlo bakarra lantzea erabaki. Azken finean, arlo bakoitzak urte osoko lanketa bat egiteko ere balio dezake".

Aurrera begira

Uemako kide diren herrietako euskara teknikariekin batera landu dute Hamaika aldiz gehiago proposamena. Denak ados zeuden 11 egun euskaraz egitetik harago joan behar zela, eta bilera batean haien ekarpenak jasota identifikatu zituzten 11 arloak. Hortik ateratako proposamen osagarria Euskaraldiarekin eta Topagunearekin kontrastatu eta oniritzia jaso ostean, joan den astean aurkeztu zuten.

Aurrerantzean, euskara teknikariek Hamaika aldiz gehiago abian jartzeko proposamena ekarriko dute Euskaraldia aurkezteko herriz herri egiten ari diren bileretara, eta herriko euskaltzaleek, eragileek eta udalak erabaki beharko dute erronka horri helduko dioten edo ez.

Udalak eta eragileek osatutako batzordeetan aurrera jotzea erabakitzen badute, Uemak lagunduko die bide hori egiten. "Guretzat, noski, garrantzitsua da erabilera ohituretan eragina izatea, baina hori bezain garrantzitsua da zubiak eraikitzea, batzordeak eratzea eta herria aktibatzea", nabarmendu du Miren Segurolak.

Zubi lan horrek 11 egunerako egindakoa gaindituko duelakoan dago Uema.

Plazak hartuko dituzte bardoek

Plazak hartuko dituzte bardoek

Edurne Elizondo
Itzuli dira. Nafarroan dira, berriz ere, Bardoak. Bertsolari hasiberriak trebatzeko asmoz sortu zuen Nafarroako Bertsozale Elkarteak herrialdeko taldekako txapelketa, eta, 2012. urtean lehendabiziko aldiz egin zutenetik, gora baino ez d...

Arazo gero eta gordinagoa

Arazo gero eta gordinagoa

Kattalin Barber

Urteko lehen 24 egunetan hiru harrapaketa izan dira Nafarroan: hiru oinezko hil dituzte beste hainbeste ibilgailuk. Harrapaketa horietako bi Iruñean gertatu dira, eta hirugarrena, berriz, Azagran. Datuekin larriturik, "lehenbailehen" neurriak hartzeko eta oinezkoen pasabideen segurtasuna hobetzeko beharra nabarmendu du Armando Cuenca Iruñeko Udaleko Mugikortasun Iraunkorreko zinegotziak.

"Hausnarketa egin beharra dugu. Hildako gehienak egoki ari ziren kalea gurutzatzen, eta, era berean, kasu gehienetan, gidariak ere ongi ari ziren", azaldu du zinegotziak. Arazoa "sakona" dela eta "ertz asko" dituela esan du. Iruñeko Ezkaba eta Txantrea auzoetan jazo dira azken ezbeharrak. Hilaren 23an, Kanalea kalean, autobus batek aurrean eraman zuen 63 urteko antsoaindar bat, zebra bidea behar bezala gurutzatzen ari zela. Urte hasieran, gainera, Txantrean, 90 urteko gizon bat harrapatu zuen auto batek, beste zebra bide batean, Mendigorria kalean. Azken kasu horretan, baimendutako alkohol tasa laukoiztu zuen gidariak.

"Kalea oso zuzena da, eta sei zebra bide daude jarraian; horietako hainbatek kuxin berlindarrak dituzte, baina ez dira nahikoak. Zebra bide goratuak jarri daitezke", esan du Cuencak. Era berean, aitortu du gidaria edanda zegoela, baina kalea "azkar joateko" egina dagoela. Koska dago adinean: 60 urte baino gehiago zituzten oinezko gehienek. "8-80 hiria beharrezkoa dugu. Helduak zaindu behar ditugu, haiek izaten baitute kalte gehien istripuetan. Edozein heriotza onartezina da". Adin guztietakoentzat segurua den hiria du helburu Cuencak.

Azken urteotan, autoek harrapatuta hildakoen batezbestekoa igotzen ari dela jakinarazi du. Datuek erakusten dute arazoaren neurria: "2016. urtetik, gora egiten ari da istripuen kopurua. Aurretik, batez beste urtean 2,5 pertsona hiltzen ziren autoek harrapatuta. 2016. urtean, berriz, heriotza eragin zuten lau harrapaketa gertatu ziren; 2017an bost izan ziren. Eta hasi berri dugun urtean dagoeneko bi izan ditugu hiriburuan". Krisi ekonomikoaren eraginez, autoen erabilerak behera egin zuen 2009an; urte hartan, hildakorik ez zen izan Iruñean.

Hainbat arrazoi eman ditu Cuencak istripuen igoera azaltzeko. Alde batetik, joera hori dela dio: "Espainia osoan igotzen ari da oinezkoen harrapaketen kopurua, eta, Iruñeak ez badu zerbait desberdina egiten kopuru hori ez igotzeko, normala da horrelakoak jazotzen jarraitzea". Igoera hori azaltzeko arrazoia edo gako nagusia jarduera ekonomikoan dago, zinegotziaren ustez: "Jarduera ekonomikoak gora egiten duen heinean, joan-etorriak areagotzen dira, eta, ondorioz, istripu gehiago gertatzen dira". Arriskuak gora egiten du.

Ez dio erantzukizunik kendu Iruñeko Udalari, halere. "Neurriak hartzen ari dira, argi dago, baina, gure ustez, ez da nahikoa. UPNk bere garaian hartu zituen ia neurri berak hartzen ari da Iruñeko Udala, eta, hortaz, ez badugu beste ezer egiten, istripuak izaten jarraituko dugu. Tristea da, baina hori da espero duguna".

Arreta kaleen diseinuan

Cuencaren arabera, kaleek "abisua" ematen dute. Adibideak jarri ditu: Iruñean badaude kale "arriskutsuak", horietan gertatu baita istripu gehien. Joan den astean emakume bat hil zen Ezkabako Kanalea kalean, eta azken zortzi urteotan zortzi harrapaketa egon dira han —batean biktima hil zen—. "Horrek zerbait esaten digu; argi dago hor neurriak hartu behar zirela".

Neurri eraginkorren alde egin du zinegotziak, eta hiriaren zirkulazio aldaketak aipatu ditu. "Segurtasun neurriak ezinbestekoak dira, baina, horrez gain, uste dugu bestelako esku hartzeak ere oinarrizkoak direla: Hirigunea Atsegin Egiteko Planaz eta Pio XII.aren etorbidean eginen den aldaketez ari naiz". Datuak eman ditu: 2006tik 50 istripu egon dira Pio XII.aren etorbidean. Horietako batean, auto batek hil zuen oinezko bat. "Badakigu esku hartzen badugu istripuak murriztuko direla".

Iruñeko etorbidea berrantolatu nahi du udalak, eta oinezkoei, garraio publikoari eta bizikletei lehentasuna eman, egungo sei errailak murriztuta. Halere, zenbait sektoreren haserrea piztu du planak. "Auto gehiago baldin badago, aukera gehiago egonen dira harrapaketak izateko".

Horregatik, Cuencaren proposamena da hiri espazioan dauden autoen kopurua murriztea, edo, behintzat, abiadura murriztea. "Orain arte egindako neurri guztiekin jarraitu behar dugu, baina, horrez gain, lan ildo argia izan behar dugu: autoen erabilera murriztea".

Banaketa modala jo du arazoaren jatorritzat. Garraio mota ezberdinak daude eskura, eta, gizabanakoen beharren arabera, bat edo beste aukeratzen dute mugitzeko. "Kaleek seguruak izan behar dute oinezkoentzat. Autoari espazioa kentzen badiogu, atsegin egiten ari gara, eta, aldi berean, seguruagoa". Kaleen diseinuan erreparatu du Cuencak beste behin. "Gehienetan, istripuak gidariaren hutsegite baten ondorioz gertatzen dira. Horren aurka ezer gutxi egin dezakegu, eta, isunak jartzen ditugun arren, gertatzen dira. Baina kaleen diseinuan bai, eragin dezakegu". Horregatik, haien helburua zero ikuspegia ezartzea da, istripuak zero izan daitezen.

"Ezin dugu ikusi biktima bat ustekabe baten gisan; arrazoi zehatzak ditu: kaleen diseinua. Eta kaleen diseinua aldatzeko, giza baliabideak eta inbertsioak behar ditugu. Horixe eskatzen dugu". Berriki jakinarazi du udalak zebra bideen egoera eta segurtasuna ikuskatuko dituela. Hain zuzen ere, 3.000 zebra bide inguru ikuskatuko dituzte segurtasuna handitu nahian. Ikastetxeetatik gertu daudenetatik hasiko dira. Horrez gain, ehun neurri baino gehiago hartu zituen Iruñeko Udalak iaz oinezkoen segurtasuna hobetze aldera. Argiztapena, zebra bideak goratzea, ikusgarritasuna handitzeko neurriak hartzea eta gisako bestelako neurri batzuk izan dira orain arte hartu direnak.

Zeruko paisaiak margotzen

Zeruko paisaiak margotzen

Edurne Elizondo

Zeruan egin dute bat arteak eta zientziak. Uharteko Arte Garaikideko Zentroak egin du bitartekari lana: aperitifa antolatu zuen larunbatean, giro lasai eta atseginean. 50 pertsona inguruk hartu zuten espazioko beheko solairua, Javier Armentiaren eta Pedro Marco Landaren arteko solasaldia entzuteko. Iruñeko Planetarioko zuzendaria da Armentia; artista, berriz, Marco Landa, eta izarrak hartu ditu ardatz bere azken proiektua garatzeko. Artearen eta zientziaren arteko harremanaz aritu ziren biak Uharten, aperitifa hartzen zuten bitartean.

"Munduari buruzko jakin-min bera dute zientzialariak eta artistak; arteak eta zientziak, bi jarduerok daukate inguratzen gaituena ulertzeko beharra; ezberdina da baten eta bertzearen konpromisoa, baina ez daude uste bezain urrun". Horixe nabarmendu zuen Armentiak. Marco Landaren deia jaso zuen duela hainbat hilabete, artista 1-10 elevado a 10 izenburupean Uharteko Arte Garaikideko Zentroan lantzen ari den proiektuan laguntzeko. "Matematika ikasketak egiten hasi nintzen gaztetan", azaldu zuen Marco Landak, larunbateko ekitaldian. Bazter utzi zituen, baina zientziaren inguruko interesa ez du galdu, halere. Biak uztartzeko aukera eman dio, orain, esku artean duen lanak. Ehun izar inguru hautatu, ikertu, eta haietako 30 margo bilakatu ditu jada. "Paisaia abstraktua" osatu duela zehaztu zuen artistak, solasaldian.

Argazkirik ez

Artistak "eraikitako" paisaiaren garrantzia nabarmendu zuen Uharteko Arte Garaikideko Zentroko arduradun Nerea de Diegok, hain zuzen ere, larunbatean. Izan ere, izarren behaketan eta ikerketan zientziak ere baditu mugak, eta teleskopiorik onenarekin ere ezinezkoa du zientzialariak izarren benetako irudia jasotzea. "Irudia nagusi den egungo munduan, izarrak benetan nolakoak diren erakusten digun argazkirik ez dago. Ez dugu haien irudirik. Eta Pedro Marco Landa irudirik gabeko errealitate hori erabiltzen ari da bere obra osatzeko. Ez du natura erreproduzitzen; Marco Landaren lanek artistak berak eraikitako paisaia bat erakusten digute. Zeruko paisaia eraikitzen dute lanok".

"Sormen artistikoaren eta naturaren prozesuen arteko loturak eta harremanak jorratu nahi ditut", azaldu zuen artistak, bere proiektuari buruz, Uharten. Bide horretan urratsak egiteko, zientziak bere esku jarri duen informazioa baliatu du Marco Landak. Bidearen hasieran, halere, uste baino zailtasun gehiago aurkitu zituen, izarren tamainari eta adinari buruzko datuak bilatzerakoan iturri anitz eta hagitz bertzelakoak ziren emaitzak aurkitu zituelako. "Horregatik erabaki nuen Javier Armentiarengana jotzea, laguntza eske".

Planetarioko zuzendariak iturri fidagarrien berri eman zion artistari, eta aurrera egin ahal izan zuen Marco Landak, bere paisaia propioa osatzeko izarren bila. Eta bide horretan, bertzeak bertze, kolorea aurkitu zuen artistak.

"Gauez, argirik gabe, txuri eta beltz ikusten dugu kolorez betetako errealitatea", azaldu zuen Armentiak, arte garaikideko zentroan. Ahaleginduz gero, halere, kolore horietako hainbat igartzeko gai da gizakien begia, zientzialariak erantsi zuenez: "Neguko zeruan, ilunabarrean, Orion konstelazioa ikus daiteke, eta, begiratuz gero, ikus daitezke konstelazio hori osatzen duten izarretako biren koloreak; bat gorria da, eta bertzea, berriz, urdinxka".

Horiak, gorriak eta urdinak dira, bertzeak bertze, Marco Landaren paisaia osatzen duten izarrak. Hori, gorri eta urdin, koloreon ñabardura guztiekin. Izarren inguruan ikertutakoak eraman du Marco Landa izarren koloreen eta tamainen inguruko lanak osatzera, izarrongandik ailegatzen den argiak ematen baitie horri buruzko informazioa zientzialariei. "Pedrok [Marco Landa] egindako lanak, neurri batean, izarrak zer diren galderari erantzuten dio. Izarren historia XIX. mende bukaeran hasi ziren idazten, izarren sailkapenak egiten hasi zirenean. Zerrenda horiek ez zioten, ordura arteko mapek bezala, izarron argiari bakarrik erreparatzen. Hasi ziren argi horren kolorea aztertzen. Prismak erabiltzen zituzten, izar bakoitzaren argiak zenbat urdin eta zenbat gorri zuen jakiteko".

Koloreak izarren tenperaturarekin du lotura: "Zehazki, koloreak datuak ematen dizkigu izarren fotosferari buruz, hor sortzen baita izarron argia". Eta, etxeko kanilan ez bezala, izarraren argia gero eta urdinago izan, gero eta tenperatura handiagoa du.

Tenperatura eta koloreak kontuan hartuta, "izugarri zabala" da izarren aniztasuna. "Aniztasun horretan ordena jartzen saiatu zen, AEBetan, Edward Pickering izeneko astronomoa", gogoratu zuen Armentiak. 1890. urtean, hain zuen ere, beren espektroaren araberako 10.000 izarrek osatutako sailkapena argitaratu zuen. Zerrenda hori osatzeko datuak, halere, zientzialariarentzat lanean aritu zen emakume talde batek jaso zituen. Tartean ziren Williamina Fleming, Antonia Maury, Annie Jump Cannon eta Henrietta Swan Leavitt. Emakumeon lana nabarmendu nahi izan zuen Marco Landak, hain zuzen ere, larunbateko solasaldian. "Egungo astrofisikaren sorrera zor diogu emakumeon lanari", erantsi zuen Armentiak. "Haiek ulertu zuten zeruan ikusten genituen argi puntu horiek bertze hainbat eguzkiren argia zirela, eta bazela sailkatzeko aukera".

Batez ere hidrogenoak osatutako masa handiak dira zeruko izarrak. Puntu bat balira bezala ikusten ditugu, hagitz urrun daudelako. Gasak osatutako masa horiek ez dira kolapsatzen eragiten duten beroari esker. "Bero horrek eragiten du gas masa horiek hedatzea; orekari eusten dioten bitartean jarraitzen dute izarrek bizirik", azaldu zuen zientzialariak. Marco Landak osatutakoak betiko biziko dira, kolorez osatutako paisaia bateko parte direlako jada. Zeruko paisaiaren parte.

Hasi dira bidea egiten

Hasi dira bidea egiten

Edurne Elizondo
Hutsunea betetzen hasi dira. Nafarroako Gobernuak burmuinean kalte hartutako haurrak artatzeko taldea osatu du Nafarroako Ospitale Gunean. Diziplina anitzeko profesionalak batu ditu zerbitzuak; Osasunbideko kideekin batera, gainera, Hez...